HOMOFOBIAREN AURKAKO ZEBRABIDEA BERRIRO MARGOTUKO DUTE, FRANCIS GOGORATUZ

Saretuz-ek antolatu du Francis omentzeko ekitaldia, polizia batek hil eta 36 urtera

Iazko uztailean margotu zuten zebrabidea

Iazko uztailean margotu zuten zebrabidea

1979ko ekainaren 10eko goizaldean polizia batek Vicente Vadillo Francis trabestia hil zuen tiroz, Iztietako dantzaleku batean. Iaz, 35. urteurrena zela eta, Saretuz-ek zein beste hainbat eragilek Iztieta eta Erdigunea lotzen dituen zebrabide bat transexual, lesbiana, gay eta bisexualen eskubideak aldarrikatzen dituen ortzadarraren koloreekin margotu zuten. Orduan sortu zen Homofobiaren Aurkako Zebrabidea. Gainera, plakatxo bat jarri zuten Francis oroituz eta homofobia salatuz eta sexu askatasuna aldarrikatuz.

Urtebetean izan duen higadura dela eta, pintura eskualdia emango diote asteartean. 23:00etan jarri dute zita, zebrabidean. Saretuz, EHGAM eta Gurekin Iztietako Auzo elkartea izango dira bertan, eta Francis gogoratuko dute auzolanean.

zebrabidea francis gogoratuz 8 zebrabidea francis gogoratuz 9 zebrabidea francis gogoratuz 10 zebrabidea francis gogoratuz 1 zebrabidea francis gogoratuz 2 zebrabidea francis gogoratuz 3 zebrabidea francis gogoratuz 4 zebrabidea francis gogoratuz 5 zebrabidea francis gogoratuz 6 zebrabidea francis gogoratuz 7

“Badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutilak”

Aingeru Mayor sexologoa, transexualitate egoeran dagoen neska baten aita eta Chrysallis Euskal Herria Elkarteko lehendakaria: “Haurrari lagunartean jolastea dagokio, eta ez borrokan aritzea”.

Aingeru Mayor2

Udaleko Sexologia Zerbitzuak antolatuta, gaur arratsaldean [ekainak 3] “Zakila duten neskak, bulba duten mutilak. Ulertu, senti zaitzaten gertu” hitzaldia izan da. Hizlari-lanetan Aingeru Mayor aritu da, sexologoa, transexualitate egoeran dagoen neska baten aita eta Chrysallis Euskal Herria Elkarteko lehendakaria.

Badira barrabilak eta zakila duten emakumeak eta baita bulba duten gizonezkoak ere. Ikerketa desberdinen arabera, 15.000 pertsonatik edo 1.500 pertsonatik batek ditu ezaugarri horiek. “Oso txikitatik oso argi daukate neskatila edo mutikoa direla”, eta neskatila sentitzen den haurrak “ez du esaten niri mutila izatea gustatuko litzaidake”, argiki esaten du “ni neska naiz”. “Gurasoek edo jendeak identitate hori ukatzen badiote, edo berataz barre egiten badute, haurrarentzat egoera oso latza da, bera ukatzen ari baitira”. “Bera dena ukatzeko, gainera, bere genitalak seinalatzen dira: ‘Zuk zakila duzu, beraz mutila zara; zuk bulba duzu, beraz neska zara’. Eta horrek eraman dezake haurrak bere genitalak gorrotatzera”. Bera dena izaten ukatzen bazaio “gerta liteke bere burua ezin definitzea, eta jokabidea itxiagoa izatea. Eta haur guztiei bezala lagunartean jolastea dagokio, eta ez borrokan aritzea”.

Gurasoek bizitutako faseak

Aingeru Mayor aitak hitzaldian konpartitu bezala, fase ezberdinetatik igaro zituzten guraso bezala. “Hasieran harritzen gintuen bera neska zela adierazten zuenean. Pentsatzen genuen (pentsatu nahi genuen) haurrak aurrerago bere burua argituko zuela, definitzen joango zela. Beldurra ere sentitu genuen (haurrak etorkizunean sufritu beharko lituzkeenen beldur). Baina berak hasieratik zuen dena argi, hasiera-hasieratik definitu zen, gu ginen definitu behar ginenak”. “Bere arrebaren soinekoak janzten zituen, eta kalera horrela jantzita atera nahi zuen. Guk uzten genion eta inguruko jende baten begiradak, epaiketak, galdera zorrotzak (‘baina nola uzten diozue zuen semeari kalera horrela irtetea?’) jasaten genituen”.

Teoria psikologiko batzuk baieztatzen dute 7-8 urte bete arte ez dela sexu-identitatea finkatzen. Aingeru Mayor sexologoak azaldu du hori ez dela egia, baieztapen horiek ez dutela inongo oinarririk, eta haurren sexu-identitatea hitz egiten hasten direnerako finkatuta dagoela. “Gure haurrak bi urterekin ‘guapo ez, guapa’ esaten zigun argi eta garbi”. “6 urte zituenean, goizetan negar egiten zuen: Janzteko orduan ispiluan begiratu eta kontuan hartzen zuen besteen aurrean ikastetxean, kalean,… zein itxura izango zuen, zer esango zioten besteek. Eta ez zuenean arropa egokia aurkitzen negar egiten zuen”. Egun batean ikastetxean “mutil handiago batek esan zion ‘zu mutila zara zakila daukazulako’ eta orduan nire beste alaba defendatu zion esanez ‘zuk uste baduzu mutila dela bale, baina ez esan berari zer den edo zer ez den, utziozu bakean’. Egun hura guretzat detonantea izan zen”. Izan ere, “gurasook argi posizionatzeko ordua iritsia zela ikusi genuen. Zorionez Chrysallis elkartearekin kontaktuan jarri ginen, eta hori guretzat oso lagungarria izan zen”. Orduan gurasoek haurrari galdetu zioten: “Nahi duzu jendeari esatea argi eta garbi zu neska zarela?”. Haurraren erantzuna ere argia eta garbia izan zen: “Bai, noski”. Gurasoek hala egin zuten, eta “oro har jendearen erantzuna oso positiboa izan zen”. Egoera berrian “gure alaba askoz lasaiago bizitzen hasi zen, besteek bera dena onartzeko borrokatzeari utzi ziolako”. Espero dezagun gauzek bide horretan jarraitzea.

Oharrak

Artikulu hau Mondraberri.com -etik hartua izan da. Ekainaren 5ean argitaratu genuenetik hainbat zuzenketa jaso ditu jatorrizko bertsioak. Berauek inor mindu badute, asko sentitzen dugu hedapenean parte hartu izana.

Sexualitatea eta beldurra

KRITIKA. ZINEMA

It Follows

Zuzendaria: David Robert Mitchell. Herrialdea: AEB.Iraupena: 100 minutu.

Beldurrezko generoaren barruan dauden azpitalde ugariren artean, slasher-ena da emankorrenetakoa. Laburbilduz, halako filmetan gazteak edo nerabeak izan ohi dira protagonistak, eta helduen mundutik aparte samar bizi dira, sexu eta drogekin esperimentatuz. Eta, normalean, talde horrek arazoak izango ditu bateko edo besteko hiltzaile edo psikopatarekin.

Pelikula generiko guztiekin gertatzen den moduan —eta azpigeneroekin arazoa larriagotu ohi da—, slasher-en arazorik handiena da muga hertsiegiak dituela, garapenerako aukera gutxiegi. Hortik etorriko dira izaera errepikakorra eta originaltasun falta. Horregatik, bereziki pozgarria da noizean behin aurkitzea film bat gai dena generoaren konbentzioak iraultzeko.

Hori egin du, hain zuzen, It Follows-ek: bere xumean, beste buelta bat eman dio genero horri, ikasle aurreratu batek eginen lukeen modura. Filmean osagai ezagunak daude: itxuraz gurasorik gabe bizi den gazte taldea eta mehatxuz beteriko gau amaiezinak, esate baterako. Halaber, agertokiak ere nahiko ohikoak dira: auto bat, igerileku bat edo parke bakarti bat. Alde horretatik, berritasun handirik ez: jatorriari errespetu eternala.

Filmaren bertuteak elementu horiek freskotasunez eta modu ireki batez planteatzetik datoz, eta, batez ere, proposatzen dituen nobedadeetatik. Batetik, ez da hiltzaile bakarraren figura: asko dira, batean bildurik, zonbien modura agertuko direnak.

Hala ere, It Follows-ek duen elementu interesgarriena eta neurri batean apurtzaileena sexualitatearen karakterizazioa da. Betidanik beldurrezko filmek harreman estua izan dute sexuarekin —inplizituki ala esplizituki—, eta gazteen ingurukoek are gehiago. Hemen ere sexualitatea ezinbesteko osagaia da, ia-ia istorioaren motorra izateraino.

Baina oraingoan ikuspuntua guztiz diferentea da, dagoeneko sexua ez baita behialako elementu askatzailea, eta ardurarekin, heldutasunarekin eta «kutsatzearekin» zerikusia duen elementu katalizatzailea da. Arrastoa utziko duena. Eta hor sortuko dira garai berrietara egokitutako beldurrak.

«Gorputza pankarta iraunkorra da»

Artearen Historiako ikaslea eta aktibista politikoa da Alcazar. 2013. urtetik, Espainiako Femen taldeko arduraduna da, baina hainbat ikasle mugimendu eta talde politiko eta feministatan ibilia da.

ATZEKOZ AURRERA. LARA ALCAZAR. FEMEN TALDEKO KIDEA

ATZEKOZ AURRERA. LARA ALCAZAR. FEMEN TALDEKO KIDEA

Ukrainatik mundura zabaldutako Femen talde feministako kidea da Lara Alcazar (El Entrego, Espainia, 1992). Iruñean izan da, Katakraken, taldearen ibilbidea eta ideologia zehazten duen manifestua aurkezten. «Hazten jarraitzeko gogoa biltzen du manifestu honek, eta argi dio hemen gaudela, jarraitzeko asmoz».

Biluzik protesta egitea ez da berria, baina, emakume talde batek egiten badu, polemika pizten da.

Gure adierazteko moduagatik sortzen da gaitzespena, ez dugulako atseginak izan nahi gure biluziarekin. Ez dugu kalterik eragiten; kontrakoa, etengabeko desobedientzia da, non mezua argi eta garbi aditzen baita. Inguru horretan aditu nahi ez diren hitzak erabiltzen ditugu, eta sinbolo batzuk hautsi. Nahiz eta gure ekintzak ez diren indarkeriazkoak, askotan mezua oso muturrekoa eta oldarkorra denez, bortitza balitz bezala hartzen da.

Horri sextremismoa deitzen diozue. Nondik dator hitza?

Femen oso oinarrizko ideologiarekin sortu zen, feminismo hitza ia ezagutzen ez zuten emakume ukrainar batzuen eskutik. Sexu turismoaren aurkako erantzun gisa sortu zen, eta ikusi zuten urrats bat gehiago eman behar zutela; atsegina izateak ez zuen funtzionatzen. Konturatu ziren bularra bistan egin zitekeela protesta, baina mezuekin. Izan ere, pankarta bat kentzen ahal dizute, baina zure gorputza ez. Orduan, pankarta iraunkor bat da. Gainera, denak bat egiten gaitu biluziak, eta protesta uniforme egiten du. Emakumearen gorputza irudikatzen du, eta gizon eta emakumeen arteko estigmak deuseztatu.

Nor sentitzen da biluziago?

Protesta jasotzen duena. Guk ez dugu geure burua biluzik ikusten, mezua babeserako ezkutu politikoa delako. Batzuetan eraso egin edo kolpatzen bazaituzte ere, hain seguru zoaz, uste baituzu ezerk ezin dizula minik egin. Indarkeriarik gabeko estrategiaren bidez, bortitza den jendea urduri jar dezakegu.

Femen sortu zenean, bere oinarria ez zirudien sobera feminista. Zer bilakaera izan duzue?

Manifestu honekin, batik bat azken hiru urteetan taldeak izan duen izugarrizko bilakaera eta partekatzea azaleratu nahi dugu. Ez zuten pentsatuko hasieran Ukrainan bakarrik zegoen emakume talde txiki hori ailegatuko zenik gaur egungora: garapen ideologiko eta praktiko honetara, eta hedapen honetara. Mundu osoko herrialdeen artean egina denez, esperientziak partekatu dira eta arazoak batu ditugu. Manifestu honek zalantza asko argituko ditu.

Feminismoak internazionala behar du izan egun?

Eta inersekzionala. Edozein emakumek sor dezake iskanbila bat. Izan ere, gutariko bakoitzak iraultza bat du barnean, eta garrantzitsua da sentimendu hau edozein herrialdetako edozein emakumek izatea. Nazioarteko emakumeak batzeak patriarkatuak inposatutako mugak gainditzea ekar dezake.

Euskal Herriko mugimendu feministarekin harremanik baduzue?

Hemen zaila da, soilik bi aktibista ditugulako. Beraz, ezezaguna zaigu egoera, baina Iruñeko bisitak balio du elkar ezagutzeko.

Feminista musulman taldeek paternalistak zaretela esan dizuete.

Noski. Pertsona horiek erlijiosoak dira, eta haien moralaren aurka egiten ari zara; beraz, gatazka sortzen da. Dena den, islama kritikatzerakoan, erasorik bortitzenak beti gizonek egiten dituzte. Norberak nahi duena pentsa dezake, baina guk ere gure jarrera defendatu nahi dugu. Argi dago ez dugula inoiz emakumeen aurka eginen.

Uler dezakezu kezka hori Mendebaldeak zokoratu duen kulturan?

Nabarmendu nahi dut Tunisian aktibistak ditugula, eta Turkian eta jatorri musulmaneko Europako beste herrialde batzuetan ere bai. Adibidez, salafisten bandera tunisiar batek erre zuen, eta, xariaren aurkako protestan, aktibistetako bat Aliaa Magda Elmahdy egiptoarra zen.

Prostituzioaren aurka egiten duzuela diote hedabide batzuek. Ez da sinpleegia baieztapen hori?

Sexuaren industriako makineria guztiaren aurka egiten dugu. Noski, pornografiaren negozioa erabat arbuiatzen dugu, haien eredua heteronormatiboa izateaz gainera ez delako batere ona emakumearen askapen sexualerako. Bestetik, emakumeen trafikoa dago. Prostituzioari dagokionez, jakin badakigu badirela baldintza batzuekin egiten dutenak, baina ez dira gehiengoa. Bezeroaren eta proxenetaren aurka gaude, eta inondik inora ez gaude emakume horien aurka. Izatekotan, gure kideak dira.

Zer iritzi duzu abortatzeko eskubidearen aldeko borrokari buruz?

Oso ona. Oso atsegingarria izan zen ikustea hainbat aldetik indarra eginez legea gelditu ez ezik Gallardon Gobernutik botatzea lortu genuela. Ezin izan genuen hobeki egin. Baina ezin dugu ahantzi zigortu nahi dutela 16 urtetik beherakoek haien borondatez abortatzeko eskubidea.

Betikoa betikotzen du

Espainiako Gobernuaren Familia Babesteko Plan Integralak gurasoen erantzukidetasuna bultzatu nahi duela dio. Baina mugimendu feministak ohartarazi du proposatzen dituen neurriek amaren esku uzten dutela zaintza berriro ere. Iruditzen zaie familia tradizionala lehenesten duela.

familia

Lehen ikustaldian, aurrerakoia da: kontzeptu aurrerakoiak erabiltzen ditu. Adibidez, aitatasunaren garrantziaz egiten du berba, erantzukidetasunaren ikuspegitik. Baina lerro artean badira arreta deitzen duten kontu batzuk». Mila Amurrio EHUko Soziologia irakasleak uste du Espainiako Gobernuaren Familia Babesteko Plan Integrala «asmo hutsak aurkeztera mugatu» dela hein batean. «Badira neurri interesgarri batzuk, baina gai askotan ez da ezer zehatzik aipatzen. Kanpainak egin behar direla baino ez du esaten». Testuak familiaren garrantzia azpimarratzen du, baina ez du zehazten zer ulertzen duen familia modura. Eta hori garrantzitsua iruditzen zaio. «Zein eredutan oinarritu dira? Gaur egun, familiak askotarikoak dira. Beraz, zeinentzat dira laguntzak?».

Dori Fernandezek badu erantzuna. Berdintasun teknikaria da, eta Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako eragileek sortutako PPIINA taldeko kidea (Jaiotza eta Adopzio Baimen Parekide eta Transferiezinen aldeko Plataforma). Argi dauka zein ereduri begiratu dioten. «Aitak, amak eta bizpahiru seme-alabak osatzen dutenari; aitak etxetik kanpo lan egiten du, eta ama etxean dago umeak zaintzen. Hau da, familia patriarkala. Hori da babestu nahi duten sendi eredua». Baina halakoak gero eta gutxiago direla ekarri du gogora. Espainiako Estatistika Institutuaren datuak eman ditu. «Familien %10 guraso bakarrekoak dira. Normalean, emakumea izaten da, seme-alabekin. Eta lau familiatik bat pertsona bakarrekoak dira. Hau da, etxean bakarrik bizi den eta bere hipoteka edo alokairua ordaintzen duen jendea da».

Planak seme-alabak dituzten familiak ditu jomuga. Izan ere, asmo nagusietako bat jaiotze tasa haztea da, arazo demografikoari aurre egiteko. Fernandezek aitortu du egoera kezkagarria dela. «Belaunaldien arteko ordezkapena bermatzeko, ama izateko adinean dagoen emakume bakoitzak 2,1 ume izan beharko lituzke. Espainian, 1,4 ume da batez bestekoa». Eta Euskal Herrian are apalagoa da zenbatekoa. Baina ume horiek haztea eta zaintzea, berriro ere, andreen gain uzten duela iruditzen zaio Amurriori. Planak dio enpresariak sentsibilizatu egin behar direla erantzukidetasuna lortzeko. «Baina zer gehiago? Badago sentsibilizatzetik harago doan neurri zehatzik?». Gaur egun, legeak aitatasun eta amatasun baimenak jasotzen ditu, baina estatistikek argi uzten dute seme-alaben zaintza amaren gain geratzen dela gehienetan. «Ba al dago neurririk hori aldatzeko?». Amarengan, edo aitita-amamengan. Izan ere, familia zabala deitzen duena goraipatu du planak: familia barruko eta belaunaldien arteko elkartasuna. «Aitita-amamek umeen zaintzan eta heziketan egiten duten lana eskertzen du. Baina haien lana al da hori? Ez zuten horrelakorik egin beharko administrazioak benetako zerbitzu soziohezitzaileak eskainiko balitu».

Fernandezek ez du zalantzarik izan. Berdintasuna, erantzukidetasuna eta kontziliazioa bultzatzeko neurri garrantzitsuena falta du planak: aitatasun eta amatasun baimenak orekatzea. «Betikoa aipatzen dute: telelana, ordutegi malguak eta enparauak. Baina ez du jotzen gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren oinarrira». Haren ustez, enpresariek norbait kontratatu behar dutenean gizonezkoaren alde egingo dute beti. «Ama izan edo ez, enpresariek uste dute andreak arrisku handiko eskulana garela, obulu hankadunak. Nork egingo ditu zaintza lanak? Emakumeek!».

Gaur egungo egoera zein den azaldu du. Umea jaio eta aste bira, aita lanera itzultzen da, eta ama zaintzen geratzen da etxean, «per secula seculorum». Lanaldi murrizketak eta baimenak ere andreek eskatzen dituztela nabarmendu du. Espainiako legediak hamasei asteko amatasun baimena jasotzen du; horietatik sei transferiezinak dira. Aitatasun baimena, berriz, bi astekoa da. 2007ko Espainiako Berdintasun Legeak lau astera luzatzea onartu zuen, baina neurria ez dago indarrean oraindik. Aiten %84k hartzen dute bi asteko baimena. Zazpigarren astetik hamaseigarrenera artekoak aitei eman diezazkiekete amek. Baina aiten %1,72k bakarrik onartzen dute. «Zelan esango du gizon batek lanean umea zaintzeko baimena hartuko duela? Gure gizarte honetan, lana galduko luke». Horregatik uste dute iraupen bereko baimen transferiezinak behar direla halabeharrez.

Konponbide eta eredu

Proposamena landu, eta Espainiako Kongresura eroan zuten. Alderdiek oniritzia eman zioten, baina hitz hutsean geratu zirela salatu du Fernandezek. Hamazortzi asteko baimena proposatu dute. Lehen bi asteak bi gurasoek batera hartuko lituzkete. Gero, beste hamasei aste izango lituzke bakoitzak, batera edo txandaka hartzekoak. Horietatik sei hartzera behartuta leudeke bi gurasoak. Hamazortzigarren astera arte geratzen direnak ere biek izango lituzkete, eta nahi izanez gero hartzekoak lirateke.

Fernandezek dioenez, egungo gizonen eta andreen arteko berdintasunerako garrantzitsua ezik, etorkizuneko belaunaldientzat ere eredugarri izango litzateke neurria. «Umeek ikusten dute amak zaintzen dituela, eta, handitzean ere, alabak amaren ereduari segituko dio». Ostera, aita ere zaintzaz arduratzen dela ikusiz gero neska zein mutilentzat jarraibide bihurtuko dela deritzo.

Amurriok zalantza du planak ama izatera animatuko ote dituen andreak. Haren ustez, Espainiako hauteskundeei begira egindakoa da. Batetik, umeen pobrezia bukatzeko neurriak jasotzen ditu. Bestetik, abortuaren legea dela-eta haserretu zaizkion talde kontserbadoreak «lasaitzeko» erabil dezakeela uste du.

ALICIA IZAL “Genero identitateari egokitu behar zaio gorputza, biak armonian egon daitezen”

Gizona zela esan zioten, baina Alicia emakumea zen eta da. Apaiz gisa El Salvador eta Chiapasen bizi izan zen, harik eta Mexikok bahitu, desagerrarazi eta kanporatu zuen arte. Generoa egokitzeko prozesuaren ondoren, 2013an izen aldaketa onartu zioten.

Alicia Izal

Alicia Izal./ Idoia Zabaleta, Argazki Press

Lizarrako (Nafarroa) Cafe con Letras taberna da Alicia Izalen (Atarrabia, 1959) negozioa; taberna ez ezik, kultura eta sorkuntzarako gunea ere bada. Urtebete darama negozioak martxan, eta kontent da emaitzarekin. «Nire transexualitatea dela-eta hasieran arazoak izanen genituela pentsatu genuen. Baina oso polita izan da tradizionala dela dioten gizarte honek egindako harrera eta erakutsitako maitasuna», esan du. Elkarrizketa bitartean denetariko bezeroak aritu dira sartu-irtenean, eta haiekin duen harremana estua dela antzeman liteke. Izalendako garrantzitsuena zera da: besteek emakume gisa onar dezatela. «Maskulinoa ateratzen zaienean kakazten dute; sastakai txiki bat antzematen dut».

Noiztik zara Alicia sistemarendako?
Ofizialki, 2013ko uztailaren 24tik naiz Alicia.

Baina Alicia zara lehenagotik ere.
Jaio aurretik naiz Alicia. Onartuen dauden azkenengo ikerketen arabera, transexualitatea haurdunaldiaren seigarren astean gertatzen da. Kromosomak garatzen hasten dira, eta baita burmuineko zelulak ere. Normalean, gorputzeko zelula guziak bide berean garatzen dira kromosoma kateen bidez, baina beti daude haustura txikiak. Horri disforia deritzo, baina inondik inora ez du esan nahi tara bat denik. Haurdunaldian denek ditugu kromosoma haustura txikiak, eta, transexualen kasuan, haustura horiek eragin bat izan dezakete: sexu fisikoa modu batera garatzea, eta garuneko sexua, hau da, genero identitatea, beste batera. Ni gizon gorputzarekin jaio nintzen. Baina gorputza aldatzen ahal da, eta genero identitatea ez. Gorputza genero identitatera egokitu behar zaio, biak harmonizatu daitezen eta pertsona askeago eta osoago bizi dadin.

Jaiotzean denak dira haurrak, ez dago banaketarik. Zein momentutan konturatu zinen inposatu zizuten generoa ez zela zurea?
Gizarte honetan, hasiera-hasieratik banatzen gaituzte gizon eta emakume gisa. Nortasun agirietan eta jaiotze agirietan, guzietan, generoa dator; gainera, sexua balitz bezala. Sexua animalia guziek dugu, baina gizakiek genero identitatea ere badugu. Normalean, pertsona transexualetan agerikoa da bizpahiru urterekin; lau, asko jota. Hor hasten da genero disforiaren benetako karakterizazioa. Bi urte nitueneko oroitzapen oso biziak ditut. Gogoan dut komunean sartu eta amaren zapiak janzten nituela. Ile luzea nuela irudikatzen nuen; hori zen nire jolasik gogokoena. Orain dela 53-54 urte, hori seinale erabat femeninoa zen, gizonek ez baitzuten ile luzerik. Nire jolasik gogokoena neska izatera jostatzea zen.

Zer sentitzen du neskatiko batek inguruko guziek mutiko baten gisan tratatzen dutenean?
Ez da erantzuteko erraza. Mundu guzia aurka duela sentitzen du, bere onetik kanpo dagoela, eta ez daki nola eginen duen bizi ahal izateko. Nire gurasoek ez zekiten horri buruz, eta ezin zuten jakin, transexualitatea ez zegoelako gizarteraturik. Neska gisa jantzi edo ile luzea izatera jostatzen zen mutiko bat, asko jota, maritxua izanen litzateke. Eta ez du horrekin deus ikustekorik. Ez da afera sexual bat, baizik eta generoari dagokiona. Gainera, bai gizartea eta bai nire familia oso erlijiosoa zen. Familia oso ezkerrekoa nuen, militantea alor sozial, politiko eta sindikalean, baina, era berean, oso sinestuna. Auzoko neska-mutikoekin mutikoa izan behar nuen, eta futbolean jokatu behar nuen. Egiazki, azaltzeko oso zailak dira egoera horiek, sentimendu horiek: hainbeste min, etsipen, hainbeste gau Jainkoari erreguka biharamunean munduak neska gisa ikus nintzan. Zure feminitatea onartzea agian gauzarik inportanteena da transexualendako, gorputz aldaketa, operazio edo hormonatzeak baino askoz ere garrantzitsuago. Hori gizarteak sentitzen zaren bezala ikustearen arabera egiten da.

Haurra nintzelarik, hori guzia ezinezkoa zen: gizartean gaixotasuna, familian eromena edo erabateko hondamendia, eta erlijioan bekatua. Aukera bakarra neure burua egoera horretan bizitzera derrigortu eta nire aurka borrokatzea zen. Garapen intelektuala oso zaila da egoera horretan: nerabezaroan ez nintzen hazten; zerbaitek biziki estutzen ninduen. Negar egiten nuen titiak hazi beharrean zakila hazten zitzaidalako. Nola liteke? Bizi osoa horrela bizitzea, norberaren aurka, oso-oso zaila da. Edukazio eta fedea nuen, eta aurrera egitea lortu nuen. Gerora oso zoriontsua izan naiz mundu honetan.

Gazte zinelarik, frankismoan bizi zinen. Gaur egun asko aldatu da transexualitatearen afera gizartean?
Dena aldatzen da. Batzuetan arazoa da denak berdin jarraitzeko egiten direla aldaketak. Nafarroako transexualen eskubideei buruzko 12/2009 foru legea itzela da, Espainiako Estatuan eta Europako toki batzuetan eredugarria. Baina gutxienekoa garatu da bakarrik. Osasun alorretik kanpo, ez da deus egin, ez hezkuntzan, ez justizian, ez eskubide zibil batzuetan, ez lan alorrean, ezta diskriminazio positiboan ere. Osasunari dagokionez, UNATI Nafarroako Transexualitate eta Intersexu Unitatea sortu zen. Garrantzitsuena artatze psiko-psikiatrikoa eta endokrinologikoa da; horrek oso ongi funtzionatzen du, eta profesionalek konpromisoa dute. Baina hortik aurrera ez da batere garatu. Osasun alorrak transbertsalagoa beharko luke, hormonatzeak gorputzaren atal askori eragiten baitie, era askotara, gainera. Adibidez, ni orain ahotsaren errehabilitazioa egiten ari naiz. Emakume gorputza dut, eta ahotsa da emakume gisa identifikatzeko dudan arazo bakarra. Ezin dut hogei hilabetez zain egon errehabilitazioa hasteko. Noski, ez dago beste aukerarik, Nafarroan bi foniatra daudelako, baina horrek ere zerikusia du gobernuarekin. Beraz, lege itzela dugu, baina ahanzturaren tiraderan gordea; gainera, giltzarekin ederki itxita dago, badaezpada ere.

Amerikan izan zinen, lehenbizi El Salvadorren. Zergatik joan zinen?
Misiolari bokazioa esaten zitzaion. Egiazki, Seglar misiolari elkartean nintzen. Pertsona laikoa nintzen, baina elkartasunerako eta laguntzeko gogoa nuen. Gaur egun, GKEek egiten dute lan hori, baina orduan ez zeuden hain garaturik eta erroturik. Sentimendu oso euskaldunak eraman ninduen, bizitza partekatzeko gogoak. Neskatila nintzela, militantzia bizi izan nuen; 1970ean, aldaketa bultzada garrantzitsua eta nahiko orokorra izan zen Latinoamerikan. Nikaraguako gerra eta sandinisten garaipena izan zen, eta beste herrialde askotan herritarren erakundeak sortu ziren pobreziaren aurka. Nire gogoen batuketa sinbiotiko bat izan zen, eta iraultzaren amoreagatik bizitzeko hautua egin nuen, zalantzarik gabe.

Han hasi zinen teologia ikasketekin. Apaizen munduan sartu nahi zenuen, baina emakumeek ez dute sarbiderik han.
Urte bat egon nintzen Hondurasko errefuxiatuekin lanean, eta beste bat FMLN Farabundo Marti Nazio Askapenerako Frontea erakundearen menpeko lurretan. Gero herrialdea utzi behar izan nuen; Euskal Herrira itzuli nintzen, eta nire etorkizunari buruz hausnartzen hasi nintzen. Han zoriontsu nintzen; hura bizitzen jarraitu nahi nuen. Hausnarketa prozesuaren ondorioz, apaizgoaren alde egin nuen, herriaren eta herritar txiroen alde egiteko. Apaiza izan nahi nuen, baina modu horretara. Bordak errez. Apaiz izatea ongi iruditzen zitzaidan, sinestuna nintzelako eta joan behar nuen herria izugarri sinestuna zelako, eta horrek lana errazten zuen. Gainera, indigenekin aritu nahi nuen, eta Chiapaseko San Cristobal de las Casas elizbarrutiarekin lan egin nahi nuen, haien oinarriari jarraiki: pobreak dira beren buruak askatu behar dutenak, eta Eliza askapen horren zerbitzura jarri behar da. Premisa horiekin, San Salvadorko UCA Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean teologia ikasten hasi nintzen, eta, lehen maila bukatzean, nire irakasle guziak hil zituzten, Ellakuria eta. Ikasketak Mexiko Hirian egiteko esan zidan nire gotzainak. Zazpi hil egin nituen han, eta gainerakoa, Chiapasen. Parrokia baten buru jarri nintzen, mendian barreiaturik chol etniako 40 herrixka zituen haran batean. Teologia bukatuta, apaiz izendatu ninduten, eta Sabanillako parrokian geratu nintzen; 18.000 biztanle zituen. Mexikoko Gobernuak sobera molestatzen nuela erabaki arte egon nintzen han.

Mugimendu zapatistarekin lotu zintuzten. Egia da?
San Cristobal de las Casas elizbarrutian oso argi genuen aldaketa premiazkoa eta behar-beharrezkoa zela herritar indigenendako, txirotze progresiboa baitzuten. Esan zuten 500 urtez eutsi ziotela mahaian kolpea eman aurretik, eta gobernuari eta armadari gerra deklaratu zieten, haien kulturen pobretzearen erantzule zirelako. Elizbarrutiak ez zuen altxamendu militarra bultzatu, baina bai antolaketa. Pobreen bizitza aupatu dugu; intelektualki haz zitezen lagundu dugu, alfabetizazioarekin, kooperatibekin eta herritar zein herri gisa zituzten eskubideak ikasiz. Mexikoko Gobernuak beti sinatzen ditu eskubide horiek. Bereziki bi gauza defendatzeko altxatu ziren: bizitza eta ama lurra. Lurrari dioten atxikimendua izugarria da. Lurra lantzen dute, bizi dute, harengatik bizi dira. Haiek diote hiltzean lurrak baizik ez dituela hartzen. Giza Eskubideen Gutunean eskubide oinarrizkoenetako bi dira horiek, baina haiendako askoz ere gehiago da. Lurrik gabe ez da bizitzarik. Beraz, sentimendu horren parte baginen, noski, baina horrek ez du esan nahi ni Marcos komandanteordea nintzenik –Gobernuak esan zuen bezala–. Elizbarrutiak ez zuen armen alde egin, baina ulertzen genuen Mexikoko Gobernuaren itxikeriaren eta errepresio basatiaren ondorio logikoa zela.

Horregatik bahitu eta kanporatu zintuen Mexikoko Gobernuak?
Bai. Mexikoko Gobernuak zioen elizbarrutia EZLNren sustatzaile zela, antolatzaile eta abar. Hori, noski, ez zen egia, baina aitzakia horren bidez elizbarrutiko langile oro eragile eta antolatzaile ginen. Marcos komandanteordea hiru lagun zirela esan zuten: bat, komunikatuetan agertzen zena; bestea, barne antolaketaz arduratzen zen jesuita –horrela elizbarrutiarekin lotu zuten–; eta hirugarrenak nire izena zuen. Nazioarteko harremanez arduratzen omen zen, eta, batik bat, ETArekikoez, euskal herritarra izateagatik. [Irriak]. Hori harrigarria zen. Kanpaina ez zen nire aurkakoa; ni ez nintzen ardura handi hori zuen pertsona, eta hiru Marcos horiek ez ziren existitzen. Helburua elizbarrutiaren lana deuseztatzea zen, eta atzerriko lekukoak kanporatzea, Actial, Ocosingo eta halako tokietan egin zuten errepresio basatiari ekiteko, eta horrela askapen gogo oro azkar deuseztatzeko. Gobernuak zioen –eta baliteke egia izatea– Sabanillako bileran erabaki zuela EZLNk gerra deklaratzea. Beraz, Sabanillak ordaindu beharra zuen nahitaez. Apaizaren bahiketa, desagerpena eta kanporaketa zigor oso gogorra zen herriarentzat.

Horren guziaren ondoren itzuli, eta zure gorputza aldatzeko erabakia hartu zenuen.
Latinoamerikan esan ohi da urgenteak ez diola tokirik uzten garrantzitsuari. Niretzat emakume izatea oso garrantzitsua zen, baina urgenteena hurrengo minutua bizitzea zen. Nire transexualitatea hor geratu zen, lotan. El Salvador eta Chiapasen nomada nintzen, nahiz eta etxeren bat izan han edo hemen. Itzultzean sedentarizazio fisikoaren beharra sentitu nuen –espirituala ez, barnean nahiko nomada naiz oraindik ere–. Egoera horrek nire gogoak are indar handiagorekin loratzea ekarri zuen, sumendi bat bezala, barne uhar izugarria. Sentitzen nuena bizi beharra nuen. Ordura arte horren aurka egin nuen, egoerak ez zidan uzten horri heltzea. Nola azalduko nion munduari apaiza eta emakumea nintzela? Azaldu ezinezkoa da hori. Baina zegokidan bizitza bizitzeari uko egin nion, eta momentu horretan ezin zen gelditu. Orain ezin dut ulertu nola bizi izan nintzen nire transexualitatea bizi gabe.

Onartu beharra dut nire bizitzan dena nahiko probidentziala izan dela. Denak zuen bere arrazoia edo ondorio saihestezina. 2011. urte hasieran medikuak hipotiroidismoa nuela esan zidan, eta endokrinologian artatu behar nindutela. Bidenabar, transexualitatearena komentatzeko aholkatu zidan. Txostena egin zuen, eta dena primeran joan zen. Ekainean, UNATIko paziente nintzen. Dena azkar igarotzen da. Niretzat batzuetan motel, baina nire bikotekidearentzat dena oso azkarra zen, berak ere onartu behar zuelako. Ordura arte nire transexualitatea intimitatean bizi genuen, eta orain jendaurrean bizi behar genuen. Baina nik berehala zabaldu behar nuen gogo hori.

Nire lagunek zioten armairutik atera beharrean armairua txikitu egin nuela. Egia esan, generoa egokituz geroztik –ez da sexu aldaketa– oso onartua eta maitatua sentitu naiz. 2012ko ekainean hasi eta 2013ko uztailean bukatu zen tratamendua. Orduan onartu zidaten izen eta ‘sexu’ aldaketa nortasun agirian.

Zure generoa onartzeko beharrezkoa da zure sexua genero horretara egokitzea?
Tratamendua hasi eta bi urtera, ziurtagiri batekin.

Tratamendurik gabe ez lizukete onartuko?
Ez.

Beste eragin bat badu: ofizialki emakumea zara; beraz, gizartean behera egiten duzu, are gehiago transexuala izanda.
Bai. Egiazki piramidean emakumeak gizonen azpian daude; beraz, nire aukerarekin behera egin nuen. Horrek bazterketa handitu dezake. Are, hala sentitu izan naiz feministen artean ere. Emakume taldeen bileraren batean gertatu zait norbaitek emakumeen askapena eskatzea, baina emakume-emakumeena, talde gutxituei eta beste arazoei bere garaian helduko zitzaiela esanez, garrantzitsuena matxismoa bukatzea zelako. Eta bai, egia da. Baina ni emakume bat naiz, emakumeek ere baztertzen duten emakumea. Hori ezin da ahantzi. Edo prostitutak, horiek ere emakumeek baztertzen dituzte, edo elbarriak. Beraz, emakumearen benetako askapenik ez da izanen talderik baztertuenak aintzat hartzen ez badira. Zalantzarik gabe, emakume transexualak gizartearen estratifikaziorik baxuenaren eta marjinatuaren parte gara kasu askotan. Transexual gehienek prostituitu behar izan dute, gorputza aldatzea oso garestia delako. Edo beheren dauden lanak egin.

Lan munduan antzeman duzu bazterketa?
Nire lehengo lanetik bota ninduten. Enpresako ordezkari izanda nagusiari aurre egin niolako bota ninduten, egia da, baina egia da Madrilgo nagusiak ez zuela nire transexualitatea jasaten, nahiz eta hori ez zen haiek emandako arrazoia. Langilerik onenetakoa nintzen; urtero sariak irabazten nituen, eta enpresako bezerorik garrantzitsuenak nire esku zeuden. Nirekin nahi zuten, ez beste inorekin. Kaleratu nindutenean, bezero horiek zuzendaritzarekin bildu ziren prezioa jaisteko, ez baitzien kasu egiten haiek nahi zuten pertsonak. Langile oso ona nintzen, baina nagusiak ez zuen jasaten transexuala izatea eta hari aurre egin izana.

Momentu gogorrak pasatu izan dituzu. Oztopoei aurre egiteko helduleku onak izan dituzu?
Fedea dut, eta beti izan dut indar espiritual bat lagun, bultzatu egin nauena. Baina pertsona oso garrantzitsuak izan ditut inguruan. Orain, armairua lehertzean erabat lagundu nauena nire bikotekidea izan da. Nik sufritu dut gizartearen aurrean ezagutzen ez ninduten bezala azaltzean, baina, era berean, nire genero identitatea gozatzen dut, emakume gisa bizitzea. Niretzako bizitzen jarraitzea gozamena da, emakumea naizelako beti nahi izan dudan moduan. Prozesua gogorra izan da, baina gozatu dut. Baina nire bikotekideak bazterketa, begiradak, komentarioak… sufritu ditu nirekin batera, eta gozatu du niregatik, baina ez da haren aldaketa, ez da haren genero egokitzapena. Gainera, haren herrian bizi gara, ez nirean. Hori beste zailtasun bat da. Baina tira: beti ateratzen da eguzkia. Ez dago betiereko tunelik. Batzuetan luzeak dira, bai, baina bukatzen dira, eta berriz ere argia ikus liteke.