Feminismoaren inguruko atari bat sortu dute: ‘Klitto!’

Interneten, albiste laburrak, jardunaldiak, elkarrizketak, erreportajeak eta iritziak argitaratuko dituzte. Hasi dira aurreneko edukiak plazaratzen

Irati Urkiola, Malen Aldalur eta Ana Iruretagoiena, Klitto! atari digitaleko koordinatzaileak

Irati Urkiola, Malen Aldalur eta Ana Iruretagoiena, Klitto! atari digitaleko koordinatzaileak. BERRIA

Feminismoaren inguruko aldizkari digital euskalduna. Modu horretan definitu dute proiektua hiru sortzaile eta koordinatzaileek: Malen Aldalurrek, Irati Urkiolak eta Ana Iruretagoienak. Feminismoari lotutako edukiak euskaraz argitaratuko dituzte Klitto! atari digitalean (www.klitto.com).

Hiru kazetariek feminismoaren inguruan euskaraz arituko den gune espezializatu baten falta «nabaria» sumatu dute. «Euskal Herriko mugimendu feministek erdarazko hedabideak dituzte erreferente nagusi, eta gabezia horri aurre egiteko asmoz sortu dugu Klitto!». Atzo argitaratu zituzten lehen edukiak.

Euskal Herriko mugimendu feminista «indartsua» dela iruditzen zaie, «berritzailea», eta gero eta zabalkuntza eta eragin handiagokoa. «Espazio mediatikoak bereganatzen ari da, pixkanaka». Hedabide tradizionaletan, «lekutxo bat» eskaintzen diote mugimendu feministari. Gainera, kolektibo feminista gehienek badute euren atari digitala edota aktiboak dira sare sozialetan. Testuinguru horretan, feminismoa euskaraz plazaratzeko helburua azaldu dute hiru kazetariek.

Klitto! atari digitalaren oinarri, bide eta helburua feminismoa da. «Betaurreko moreak» ipinita interpretatu eta landuko dituzte albisteak. Halaber, feminismoari ikusgarritasun eta irisgarritasun handiagoa emateko asmoa adierazi dute.

Ahalegin horretan, albiste laburrez gain, jardunaldien berri ere emango dute, elkarrizketak eta erreportajeak egingo dituzte, eta kolaboratzaileen iritziak argitaratuko dituzte. Kolaboratzaile sarea ehuntzen ari dira, eta, oraingoz, Kattalin Miner, Josebe Iturrioz, Danele Sarriugarte eta Ane Labaka ariko dira kolaboratzen. Astean behin gutxienez kolaborazio bat izango da. Gainontzeko edukiei dagokienez, astean gutxienez bi berri izango dira. Koordinatzaileek nabarmendu dute kolaboratzaileek «askatasunez» parte hartuko dutela. «Bideo blogen bat ere irits daiteke».

Proiektua autofinantzatua izango da, oraingoz. Etorkizunari begira, diru laguntza publikoak lortzeko aukera aztertuko dute.

Atariaren izena Leire Palacios kazetari eta BERRIAko zutabegileak proposatu zien. Hain zuzen ere, Ekografiak ataleko testu batean erabili zuen Palaciosek «eta klitto!» esamoldea, klitoria eta kitto-rekin uztartuz.

Euskal Herrian bada feministentzat erreferentziazko atari digital bat, gaztelaniazkoa: Pikara Magazine. 2010eko azaroan sortu zuten June Fernandezek, Maite Asensiok, Lucia Martinezek eta Itziar Abadek.