4 urteko transexual bati izena aldatzea baimendu diote, Gipuzkoan

Aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena.

Tolosako lehen auzialdiko eta instrukzioko 3. zenbakiko epaitegiak izena aldatzea baimendu dio Gipuzkoako lau urteko transexual bati. Hala, aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena, hain zuzen ere, Gasteizko epaitegi batek beste eskari bat onartu zuen 2013an.

Chyrsarlis Euskal Herria haur transexualen guraso elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, Tolosako epaitegiak izena aldatzea baimendu dio lau urteko haur bati, 2013an adin txikiko arabar bati izena aldatzea baimendu zion Arabako epaitegi baten ildoa jarraituz.

“Luciaren gurasoek gizon izena jarri zioten haren sexu organoei erreparatuta, baina hitz egiten hasi zen momentutik garbi utzi zuen emakumea dela”, azaldu du.

Iturri horiek gaineratu dutenez, 2015eko urriaren 28az geroztik Lucia izena ageri da haren dokumentazioan.

Elkartearen esanetan, “auzitegiek adin txikiko 30 transexual ingururi izena aldatzeko baimena eman diote estatu espainiarrean, baina ez dago irizpide bateraturik eta erabakia epaile bakoitzaren esku gelditzen da”.

ikusi berria

Transexualitate egoeran dagoen 4 urteko ume baten izen aldaketa onartu dute

Tolosako Instrukzioko 3. Epaitegiak aintzat hartu du adingabearen familiaren eskaria. 2013an Gasteizko epaitegi batek berdin ebatzi zuen

Katalunian suizidatutako gazte transexuala omendu zuten abenduan

Katalunian suizidatutako gazte transexuala omendu zuten abenduan. J.C.R. / ARP

Luciaren izena eta haren sena bat datoz Erregistro Zibilean, 2015eko urriaren 28tik geroztik. Egun hartan, Tolosako Instruzioko 3. Epaitegiak (Gipuzkoa) izen aldaketa aitortu zion adingabe transexualari, haren familiak galdeginda. 4 urte ditu haurrak. Epaileak «bidezko arrazoia» antzeman du gurasoen eskaeraren atzean; «erregistroaren datuak haurraren errealitate sozialera egokitzeko beharra» ikusi du.

Epaileak frogatutzat jo du Luciaren «sexu morfologikoa» ez zetorrela bat bere «genero nortasunarekin». Egoera hori egiaztatu zuten gurasoek, txosten bidez: Luciak «genero disforia» du diagnostikatua. Halaber, neskatoaren klasekide baten lekukotasuna aintzat hartu zuen; eskolan zein herrian denek Lucia deitzen dutela azaldu zuen umeak.

Chrysallis Euskal Herriko adingabe transexualen familien elkarteak eman du albistearen berri. Gipuzkoan ildo horretan ematen den lehen ebazpena dela argitu du, eta 2013an Araban beste bat izan zela oroitarazi du. Dena den, salatu dute ez dagoela irizpide bakarra kasu horien gainean ebazterakoan: «Espainiako Estatuan izena aldatzearen aldeko 30 auto inguru daude, baina erabakia epaile bakoitzaren esku geratzen da». Hots, Luciaren eskaera beste epaile batek hartu izan balu emaitza bestelakoa izan zitekeela azaldu du Chrysallisek.

Hori dela eta, transexualitate egoeran dauden adingabeen egoera aintzat hartu eta araudia aldatzea galdegin du elkarteak. Izena aldatu ez ezik, Erregistro Zibilean ageri den sexua ere aldatzeko aukera izan dezaten.