Bidalketak

Abel Azconak epaileari: “Prozesua errespetatzen dut, baina ‘performance’-aren jarraipena da”

“Kristauak iraindu” izana leporatuta deklaratu behar izan du artistak Fermin Otamendi epailearen aurrean. Iruñeko artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak jarri diote salaketa.

pederastia-abel azkona

Epailearen eta bere abokatuaren galderak erantzun ditu, baina uko egin dio akusazioaren galderak erantzuteari.  Azconak adierazi du “pederastiaren kritika” egin nahi izan zuela, erreakzioa eragingo zuelakoan. “Edukazio eta errespetu guztiarekin, baina prozesu juridikoa bera prozesu performatiboa izan da. Epailea eta prozesua errespetatzen ditut, bainaperformancearen jarraipena izan dira. Fundamentalismo erlijiosoa salatzen duen pieza bat egin dut, eta zer da, bada, 2.000 pertsona eraikinaren atearen aurrean errezatzen aritzea, edota nik deklaratzera joan behar izatea baino fundamentalismo argiagorik?”. Gaineratu duenez, ez du inor iraindu nahi izan, eta ziurtatu du adierazpen askatasuna defenditzen eta bere lana egiten jarraituko duela.

Jorge Morales Abel Azconaren abokatuak azaldu duenez, Iruñeko artzapezpikutza prozesutik kanporatzea eskatu dute, “epaiketan modu desegokian agertzeagatik”. Era berean, ziurtatu du kausa artxibatzeko eskatuko dutela; epaileak hori egin ezean, helegitea aurkeztuko dute. Epaileak bost eguneko epea utzi du helegiteak aurkezteko.

Bestalde, José Núñez Abokatu Kristauen Elkarteko abokatuaren arabera, auzia zabaltzea nahi du elkarteak, eta horretarako froga eta deklarazio gehiago eskatuko dituzte. Ez du argitu zabalpen horrekin Iruñeko Udala auzipetzea eskatuko duten ala ez.

Abel Azcona artista nafarrak Desenterrados bilduma jarri zuen ikusgai Iruñeko “Erorien Monumentuan”, oroimen historikoaren inguruan. Hainbat argazkitan ikus zitekeen Azcona ogi pusketa edo ostiekin “Pederastia” hitza idazten, eta obra hark polemika handia sortu zuen. Hainbat kristau taldek erakusketa bertan behera uzteko eskatu zuten, Iruñeko Udalaren aurrean mobilizazioak egin zituzten eta salaketa jarri zioten.

Azkonaren aldeko elkarretaratzea egingo dute etzi

ARTEA. Abel Azkonak Nafarroako Lurralde Auzitegian deklaratuko du ostegunean, epaileak tramiterako onartu baitu artistaren kontra Abokatu Kristauen Elkarteak jarritako kereila. Horren harira, elkarretaratzera deitu dute, Fundamentalismorik ez lelopean, epaitegian bertan.

Abel Azkona

Abel Azkona deklaratzera deitu du epaile batek otsailaren 25erako

Ostia sagaratu batzuekin ‘Pederasta’ hitza idatzi zuen artistak Iruñean eginiko erakusketa batean. Erakusketa horren harira ikertuko du auzitegiak. 09:30ean joan beharko du deklaratzera, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

Abel Azkona 2

Abel Azkona artista. Idoia Zabaleta / Argazki Press

Abel Azkona artistak Iruñean egindako erakusketan deliturik egin ote zuen aztertuko du Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiak. Izan ere, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak egindakoa tramiterako onartu zuen epaitegiak, eta sortzaileak profanazio deliturik eta erlijio sentimenduen aurkako deliturik egin ote duen aztertuko dute orain.

Sagaratutako 242 ostia erabilita, Pederasta hitza idatzi zuen, eta lana Desenterrados erakusketan jarri du (Lurpetik ateratakoak), Iruñeko Serapio Esparza plazan. Piezak hainbat elkarte katolikoren haserrea piztu zuen, eta hortik heldu da helegitea.

Iruñeko eta Madrilgo hainbat mezatan bildutako ostiekin egindako lana zen, eta erakusketak “erlijio sentimenduen aurkako delitua” egiten zuen jakiteko, txostena bidali zion Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak fiskalari.

Azkonaren lana gaitzesteko, bilkurak egin zituzten, eta artistaren lanak sortutako erreakzioaren kontra ere egin zuten mobilizazio bat.

Abel Azkona artistak profanazio deliturik egin zuen ikertuko du Iruñeko epaitegiak

ARTEA. Abel Azkona artistak Iruñean egindako erakusketan deliturik egin ote zuen aztertuko du Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiak. Izan ere, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak egindakoa tramiterako onartu du epaitegiak, eta sortzaileak profanazio deliturik eta erlijio sentimenduen aurkako deliturik egin ote duen aztertuko dute orain. Ostia kontsakratuekin osatutako pieza batek hainbat elkarte katolikoren haserrea piztu zuen, eta hortik heldu da helegitea.

ARTEA, MARRA GORRIEN MENPEKO

Abel Azkonaren azken erakusketak berriro azaleratu du soka luzeko eztabaida bat: non amaitzen da artistaren askatasuna, eta non hasten zilegi ez denaren eremua? Lausoak dira marra gorriak, eta ez da erraza izaten zehaztea. Hori ikusirik, gizartearen kontzientzia kritikoa galdegiten du askok.

Marra gorriak, Antoni Tapiesen L'esperit Català artelanean. Nafarroako Unibertsitateko Museoan da egun

Marra gorriak, Antoni Tapiesen L’esperit Català artelanean. Nafarroako Unibertsitateko Museoan da egun. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Iazko maiatzaren 29a. Paris. Orsay museoan sartu da Deborah de Robertis artista luxenburgotarra. Igaro ditu pasabide eta galeriak, eta, azkenean, heldu da Munduaren jatorria artelan ospetsua dagoen aretora. Alu bat erakusten du Gustave Courbeten obrak, parez pare. Urre koloreko soineko bat jantzita, koadroaren markoa imitatuz, pinturaren aldamenera gerturatu da De Robertis. Haren parean makurtu, lurrean jarri, eta hankak zabaldu ditu. Bi eskuez eusten die aluaren ezpainei, aurrean direnei erakutsiz.

Ezustean harrapatu ditu performanceak ingurukoak. Txaloz erantzun diote batzuek ekintzari, baina segundorik galdu gabe hurbildu zaizkio artistari museoko langileak. Tentuz jokatu dute indarrik ez erabiltzeko; bada formula eraginkorragorik: zutik geratu dira artistaren parean, geldi, ikusleek ikus ez dezaten.

Emakume bat alua erakusten, alua erakusten duen artelan baten aurrean. Zilegi da bata—are, miretsia—; estalia da bestea. Zerk baldintzatzen du bata eta bestearen posizioa? Zer muga igaro du batak, eta zein gorde besteak? Nork erabaki du muga hori?

De Robertisenak bezala, Abel Azkonaren azken erakusketak ere mahai gainean jarri ditu galdera horietako asko. Ostiak erabilizpederastia hitza osatu izanak asaldatu ditu Iruñeko sektorerik erreakzionarioenak. Protesta, mehatxu eta mezekin erantzun diote muturreko katolikoek artelanari. Eta eztabaida piztu da: ba al dago arte sormenarentzako mugarik? Ba al da marra gorririk? Haizea Barcenilla arte kritikariak erantzun dio galderari. «Arteak baditu mugak, badirelako artea diren eta ez diren gauzak. Baina uste dut muga horiek aldakorrak direla, eta hala behar dutela. Artearen jokoetako bat da horiekin jolastea». Hortik aurrera, «beste gauza bat da gai batzuk nola lantzen diren, edota gai horiek mintzen ote duten gizartea edo gizartearen atal bat. Baina arteak askotan egin du hori, ez da lehen aldia, eta uste dut arte interesgarri asko izan dela politikoki ez-zuzena».

Arteari, hain zuzen ere, sarri aitortu zaio mugak gainditu eta gauzak zalantzan jartzeko dohaina. Probokaziorako gaitasuna balio erantsitzat jo zaio artista askori. Gaur, ordea, «geroz eta artista gehiago saiatzen dira eskandalua saihesten», Barcenillaren ustez. Mugak ongi zaintzen dituztenak, alegia. «Ez dira oso probokatzaileak», dio. Baina badira probokazioa norbere burua saltzeko erabiltzen dutenak ere. Eta, Barcenillak dioenez, «probokazio hutsak ere ez du balio».

Ignazio Aiestaran filosofoarentzat, edonola, «barregarria» da gaur egun, «gure jendarte neoliberalean, artelana transgresorea dela entzutea». Dioenez, «merkatuaren hegemoniak» bultzatzen duen gizartean «artista sortzailearen lana ikuskizunaren jendartean fetix bat baino ez da». Horregatik dio, argi eta garbi, «mugarik gabeko askatasuna ilusio bat besterik ez dela».

Valentin Vallhonrat Nafarroako Unibertsitateko Museoko zuzendaritza artistikoko kideak ez du uste «transgresioak beti izan behar duenik artistaren ezaugarria». Era berean, zaila egiten zaio artearen mugez modu orokorrean hitz egitea; dioenez, «ez dagoelako termino absoluturik. Testuinguru eta baldintzek zehazten dituzte mugak».

Artean dena posiblea delako sinesmenak, izan ere, sarri egin du talka politikoki zuzenaren marra gorri gorabeheratsuekin. Askotarikoak izan daitezke artelan baten kontrako jarrerak pizteko arrazoiak. Legalitatearenak, batetik. Baina baita sinesmenetan edo ideologian oinarritutakoak ere. Eta horiek jarrera unibertsalak ez direnez, batentzat zilegi dena jasanezina izan daiteke bestearentzat. Zentsura eta askatasuna, talka betean.

Aiestaranek, ordea, ez du eztabaida hala planteatu nahi izaten: «Erronka gaizki mahai gaineratua izan da. Auzi nagusia ez da zentsura bai ala ez, edo askatasuna bai ala ez». Dioenez, «kultura orok bere muga eta jomugak dauzka, baina gizarte birrindu batean bizi garenez, dilema faltsu batean sartuak izan gara: ‘Zer nahiago duzu, Estatuaren zentsura ala merkatuaren askatasuna?’ Nik, ez bata, ez bestea».

Mugak egon badaude

Sorkuntza askearen eta etikaren arteko zurrunbilo korapilatsuan, zaila izaten da muga bat eta bakarra zehaztea. Baina hirurak bat datoz egon badaudela. Eta, alde horretatik, mugatua agertzen da sarri mugagabetzat aurkezten den adierazpen askatasuna.

Vallhonraten iritziz, «adierazpen askatasuna kausa eta ondorioen legearen menpe dago. Askatasunak bai, baina baita ardurak ere». Ardura horien artean, ordea, badago autozentsuran erortzeko arriskua, artistak bere burua isiltzekoa. Baina horrek ez du gehiegi kezkatzen Opuseko unibertsitateko museoko arduraduna: «Sortzaileak, benetan sortzaile bada, aurre egin behar die sorkuntza prozesuaren ziurgabetasunei. Dogmatismoa, autozentsura, autokontrola… ziurgabetasun horren parte dira. Sortzaileak arriskuak eta ondorioak onartu behar ditu».

Halere, arrisku eta ondorioen inguruko eztabaida ez da, Barcenillaren ustez, artistari soilik dagokion kontua. Gizartearen paperaz mintzo da. «Interesgarria da aztertzea noiz erabaki dezakeen gizarte batek modu bateratu batean artelan bat ez erakustea, elkarbizitzari min egingo diolako». Eta gehitu du: «Interesgarriena ez da zeintzuk diren marra gorriak, baizik eta nola egin marra horien inguruan eztabaidatzeko. Nik ez nuke marrarik jarriko aldez aurretik. Hobe da erakustea, eta erakutsitako horren gainean eztabaidatzea».

«Kulturan dena ez da zilegi edo onesgarri», ordea, Aiestaranentzat. «Arrazakeriaz edo xenofobiaz jositako umore grafikoa edo emakumeen aurkako indarkeria estaltzen duen ikus-entzunezko publizitate eta zinematografia higuingarriak dira». Baina, dioenez, «kasu horietan, estatua eta merkatua heldu baino lehenago, bertze gauza bat beharrezkoa da, galdu dugun adierazpen bat: kritika kulturala». Gizartearen, komunitatearen ahuleziaz mintzo da Aiestaran, «kultura estatu eta enpresen eskuetan utzi» izanaz. «Komunitate kulturala desagertua dugu, kasik hila». Eta epaitu du, sendo: «Ze arte eta ze ostia! Ikuskizun gutxiago, ostia bedeinkatu eta profanatu gutxiago, eta denon artean gehiago hausnartu eta adierazi zer egin gure haragiarekin, gure gorputzekin».

ABEL AZKONA. ARTISTA:«Argi gelditu da Iruñea ez dela hiri arrunt bat; hau Mordor da»

Kirioak dantzan jarri dizkie Azkonak katoliko hertsiei ‘Amen’ artelanarekin. Umorez hartu du «erreakzio neurrigabea», baina min eman dio protestek erakusketaren mezua urardotu izanak.

Abel Azkona 2

Euria ari du Serapio Esparza plazan. Dozena bat pertsona daude erorien monumentuaren aitzinean, zain, aretoa noiz irekiko. Aitzinean, lau udaltzain, eraikina zaintzen. 18:00etan, aretoa zabaldu dute, eta Abel Azkonaren (Madril, 1988) Desenterrados erakusketara sartu dira bisitariak. Gazte batek areto osoa zeharkatu du pauso luzeak emanez, artelanei jaramonik egin gabe, eta belauniko jarri da ostia sagaratuez osaturiko Amen obraren aurrean. Ostiarik ez dago jada —norbaitek lapurtu zituen astelehenean—, baina gazteak errezoka segitzen du, erakusketari eta errealitateari bizkarra emanda. Orduantxe heldu da Azkona. Eszena ikusita, irribarre meharra irristatu zaio ezpain ertzetik.

Nola ikusten duzu azken egunotako polemika guztia?

Saiatzen naiz egoera naturaltasunez hartzen: probokazio puntu bat duen erakusketa da hau, noski, baina nire lana beti izan da horrelakoa. Probokazioa erabiltzen dut, jendearengan erreakzio bat eragiteko. Batzuetan, erreakzio hori zentzuzkoa da; beste batzuetan, irrazionala; eta kasu bakan batzuetan, erabat neurrigabea. Subjektiboa da. Nik ez diot inori esanen nolakoa izan behar duen bere erreakzioak, adierazpen askatasunean sinesten dudalako. Fedea, etika, arau moralak… Hori guztia eztabaidagarria da, subjektiboa. Eta arteak horixe egin behar du: zirikatu. Arte garaikideak kritikoa, soziala eta politikoa izan behar du.

Asteartean jende andana bildu zen erakusketaren atarian arrosarioa errezatzeko; atzo, Iruñeko gotzainak «erreparazio meza» egin zuen katedralean…

Eta gero esanen dute ni naizela performanceak egiten dituena! Baina tira, gure gizarte arkaikoaren isla da. Batzuek ez dute konfiantza oso handirik euren fedean, antza, eta eraso pertsonal baten gisara hartzen dute edozein kritika edo probokazio. Dena den, nago protesta hauen guztien atzean sektore jakin batzuk daudela, fundamentalista eta fanatiko hauei burua berotzen.

Zeintzuk?

Bada, Opus Dei eta enparauak, alde batetik; eta eskuin politikoa, bestetik. Ez dute oraindik digeritu Iruñean eta Nafarroan gertatutako aldaketa politikoa, eta aitzakia baten bila zebiltzan, iskanbila sortzeko. Gainera, erakusketan garrantzi handirik ez duen obra bat hartu dute oinarri gisa. Izan ere, Amen pieza ez da bereziki indartsua; oso lan sinplea da, oinarrizkoa, erraza. Ez da erakusketan dagoen probokatzaileena, inondik inora. Horregatik uste dut aitzakia hutsa izan dela, udalaren kontra jotzeko. Min ematen diena, egiazki, aldaketa politikoa da.

Gainera, erakusketaren ardatz nagusia memoria historikoa da, eta ez pederastia…

Horrek ematen dit amorru handiena. Azaleratu beharreko kontua da memoria historikoarena, justizia eta ordaina eskatzen duten familia horiena… Eta lau integristak urardotu egin dute proiektu honen asmo nagusia.

Batzuen ustez, zuk zeuk ere bilatu duzu doako publizitate hori.

Hori esaten duenak ez du nire ibilbide artistikoa ezagutzen, urteak baitaramatzat halako lanak egiten. Publizitaterik ez dut behar. Ez dut harroputza izan nahi, baina Iruñeko erakusketa bukatu ostean, New Yorkera joanen naiz beste lan batzuk ikusgai paratzera; eta gerora ere, baditut hogei bat erakusketa antolatuta, 2017ra arte. Nire karrerak ez du honen beharrik, benetan. Hau anekdota hutsa da. Baina gure gizartean errotuta dagoen fundamentalismo erlijiosoa agerian uzteko balio badu, ongi etorria izan dadila.

Baina ezin duzu ukatu egoera honek min eman dizula: protestak, zentsura…

Eta ez hori bakarrik. Zenbait artelan puskatu dizkidate, eta heriotza mehatxu serioak jaso ditut. Gaur bertan, gizon bat etorri da nitaz galdezka. Atea itxita ikusita, ondoko institutura sartu da, eta tiro bat botako zidala esan die han ziren irakasleei. Udaltzainei abisua eman diegu, eta segurtasun neurriak zorroztu dituzte.

Ohituta al zaude halakoetara?

Ez. Behin, Koran bat irentsi nuen performance batean, eta heriotza mehatxuak jaso nituen, baina, horrez gainera, inoiz ez dut halakorik bizi izan. Istilu hauek nire sorterrian piztu izanak penatzen nau. Argi dago hau ez dela hiri normal bat; hau Mordor da.

Kereilarik jaso al duzu?

Oraingoz, bi jarri dizkidate, baina beste bi ere bidean omen dira. Horietako bat, Espainiako Gobernuarena. Dena den, abokatuarekin hitz egin dut, eta ez dut uste arazo handirik izanen dudanik. Ez dut deliturik egin: apaiz batek ostia sagaratu bat ematen dizunean, ez dizu esaten ahotik edo ipurtzulotik sartu behar duzun. Nik patrikan gorde nuen haren aurrean, eta ez zidan ezer esan. Dena den, honengatik kartzelara joan behar badut, pozik joanen naiz.

Nolakoa izan da Iruñeko Udalaren jarrera?

Akasgabea. Borobila.

Baina alkateak esan zuen ez zuela Amen lanaren berri, eta ulertzen zuela haserrea…

Normala da. Integristen presioek behartuta esan zuen, eta, gainera, egia da: alkateak ez du zertan nire lanen berri izan. Horretarako daude erakusketaren komisarioa eta Kultura zinegotzia. Oro har, erabateko babesa adierazi didate, eta oso pozik nago haien jarrera irekiarekin. Inork ez dezala polemika faltsurik asmatu aldaketaren aldeko alderdiak zigortzeko.

Abel Azconaren erakusketak aurrera jarraitzen du, bere obra batzuk “desagertu” ondoren

Iruñeko Udalak artistarekin adostu du erakusketa irekita mantentzea baina desagertutako obra berrezarri gabe.

pederastia-abel azkona

Azaroaren 20tik Iruñeko “Erorien Monumentuan” ikusgai dago Abel Azcona artista nafarrarenDesenterrados bilduma, oroimen historikoaren inguruan. Bertako obra batek baina sektore ultra-katolikoen erreakzioa ekarri du. Hainbat argazkitan ikus zitekeen Azcona ogi pusketa edo ostiekin “Pederastia” hitza idazten.

Sexu abusuen eta pederastiaren itzala Eliza Katolikoaren oso gainean egon da azken urteetan. 2014an Vatikanoak lehen aldiz azalpenak eman behar izan zituen publikoki Nazio Batuen Erakundean. Honekondorioztatu zuen Elizak ez duela nahikoa egin erakunde barruan adin txikikoen sexu-gehiegikeriekin amaitzeko.

Frankismoan Elizak haurren kontra izandako jazarpena azaltzen duten hainbat testigantza ere argitaratu da azkenaldian. Kataluniako TV3 telebista katean, esaterako, Els internats de la por  (Beldurraren barnetegiak) estreinatu zuten joan den maiatzean. Barnetegi horietan elizgizonek haurrei egiten zizkieten basakeriak agerian uzten ditu dokumentalak.

Erakusketaren kontrako erasoak

Azconaren obra Franco hil zela 40 urte bete direnean jarri dute, Emilio Mola eta José Sanjurjo militar golpistak lurperatuta dauden toki berean. Egileak berak azaldu duenez, ostia horiek elizkizunetan jauna hartzeko itxura eginez eskuratu omen zituen:

tweet abel azcona 1

Erakusketaren kontrako eraso fisikoak eta artistaren kontrako mezuak etengabeak izan dira egunotan. Hainbat elkarte erradikalek kereila jarri dute ostiak “profanatzeagatik”. Bestalde, pintaketak azaldu dira Iruñean barrena eta katolikoek bilkura eta errezo harrigarriak egin dituzte eraikin barruan; zenbaitentzat ez dago argi obrari loturiko “performancea” ote den hori guztia. Sare sozialetan ere oihartzun handia izan du gaiak:

tweet abel azcona 2 tweet abel azcona 3

tweet abel azcona 5 tweet abel azcona 6

Joseba Asiron Iruñeko alkateak asteartean esan zuen “adierazpen askatasunaren aldeko konpromiso ukaezina” duela baina hitzartutako erakusketan ez zela ageri pederastiarekin loturiko edukirik eta aitortu zuen “sentsibilitate batzuentzat iraingarri” izan zitekeela obra zehatz hori.

Asteartean ostien argazkiak zekartzan pieza “desagertu” egin zen. Udalak eta artistak erakusketarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, baina desagertutako pieza berrezarri gabe.