Pornografia denean sexu hezitzaile nagusia

Gutxi eta era okerrean. Oro har, hala irakasten zaie haur eta gazteei sexualitatea, ikastetxean eta ikastetxetik kanpo. Helduok sexualitateaz dugun ikuspegi murritzak badu zerikusirik, baita geure beldurrek eta begirada okerrak umeen sexualitate naturalean duen eraginak ere. Artikulu honetan hizpide ditugu asko dakitela uste arren, ikasleek eremu honetan oraindik duten ezjakintasun maila –norbere gorputzaren ezezagutza barne–, generoaren arau zurrunek nola markatzen duten batzuek eta besteek sexualitatea bizitzeko dituzten moduak eta rolak, identitate sexual eta gorputz anitzak onartzearen garrantzia, gazte askorentzat sexu hezitzaile nagusi den pornografiarekin nola jokatu, berriki Nafarroako Skolae programak sortutako zalaparta…

Funtsean, eskolan eta eskolatik harago noiztik, zenbat eta nola landu beharko litzateke sexualitatea? Erantzunaren bila, sexu heziketan buru-belarri aritzen diren hiru sexologo elkartu ditugu mahaiaren bueltan: argazkian, ezker-eskuin, Mikel Oribe Galdona, Olatz Berastegi Loiola eta Nahia Rojo Bustinduy.

Sexualitatea eskolan nola lantzen den aztertu aurretik, galdera: helduok nola ulertzen dugu sexualitatea eta horren arabera zer transmititzen diegu haurrei?
Nahia Rojo: Bakoitzak gure motxila daukagu, jaso dugun sexu heziketaren araberakoa, eta ongi dago orain heldutan berau birpentsatzea. Zein sexu heziketa jaso dut nik eta nolakoa helarazi nahi diet nire txikiei? Izan ere, norberak jaso duen sexu heziketa transmititzetik harago, uste dut askok ahalegina egiten dugula garai bateko tabuei eta motxilari aurre egiteko.
Mikel Oribe: Zoritxarrez, gaur egun heldu gehienek, batez ere gizonek, sexualitatea bere osotasunean ulertu beharrean (emakume edo gizon izatearen kualitate horretan), praktika jakin batean zentratzen dute, koitoan, eta ondorioz transmitituko duten heziketa ere horren inguruan izango da. Hau da, itxarongo dute seme-alabek koitoaz arduratzeko moduko adina izan arte, hitz egingo diete kondoiaz, hiesaz… Baina sexualitatea harago doa, sexualitatea da nola bizi zaren emakume izate horretan, gizon izate horretan, eta nola jartzen zaren harremanetan horren ondorioz zure buruarekin eta gainerakoekin. Beraz, jaiotzetik hil arte esparru guztietan landu daitekeen zerbait da. Horregatik da hain inportantea sexologoek eta adituek helduei formakuntza ematea, ikuspegia zabaldu eta paradigma aldatu dezaten; baina momentuz heziketa egiten da ikastetxeetan ikasleentzat, eta aldiz ezer gutxi irakasleei eta gurasoei bideratuta.

Koitora murriztutako ikuspegi horretan eragina izango du egungo gizarte hipersexualizatuak…
Olatz Berastegi: Hain juxtu pornografiak gure heziketan duen eraginaz aritu ziren atzo telebistan. Ikastetxeetan ikusten dugu: haurrek, euren gorputzaren sentsazioetara iritsi baino lehen, jada badakite ustez zer gustatu behar zaien. Iruditzen zaigu gure gurasoak baino modernoagoak garela, haientzat sexua tabua zelako, baina gaur egun markatuta daukagu harremanek nolakoak izan behar duten: koitoa dela nagusi, gustatu behar zaigula sexu orala… Arriskutsua da.
M. Oribe: Bai, eta orokorrean zakila dugunok gure sexualitatea zakilera eramaten dugu, pornoaren eraginez, eta alua dutenek ez dute beren alua ezagutzen, jasotzen dituzten mezuak ezagutza horren kontrakoak direlako. Olatzek dioen moduan, ez da gorputza hezten (emozioen, sentsazioen… heziketa ez da egiten), ez diegu aukerarik ematen umeei euren gorputza aztertzeko eta zein sentsazio dituzten deskubritzeko, eta gero pornoak irakasten die zer pentsatu eta zer egin behar duten. Nerabezarora iristen dira, zakila dutenak zakila masturbatuz gainerako gorputz atalak ahaztuta, eta alua dutenak pentsatuz euren gozamena dela besteak emango diona baino ez.
N. Rojo: Azken finean, pornoa gizonei zuzenduta dago gehienetan eta ikuspegi matxista du. Hipersexualizazioaz ari garenean berdin, zeintzuk gaude hipersexualizatuta? Emakumeak. Eta zein motatako emakumeak? Hipersexualizatzen den ereduak kanpoan uzten ditu aniztasun funtzionala dutenak, adinez nagusiak direnak… Eta kontraesanak ere badira, Facebookek titiburuak zentsuratzea, adibidez.
O. Berastegi: Hala da, esparru bat eta eredu bat da hipersexualizatuta dagoena, eta hori erotikan ikusten da, arropan eta abar zeini dagoen erotika bideratuta, pornoa mutilentzat delako eta neskei eskatzen zaiena delako desiragarri egotea bestearentzat.

Egin dezagun salto ikastetxeetara. Oro har, zenbat eta nola lantzen da sexualitatea Euskal Herriko eskoletan?
M. Oribe: Printzipioz, konpetentzia bezala eskola guztiek adin guztietan sartu behar dute curriculumean transbertsalki. Baina hori da paperak dioena eta gero dago hori egiteko irakasleek daukaten gaitasuna, zer ulertzen duten sexualitatea esanda, edota hasieran aipaturiko norberaren motxila, tabu eta beldurrak. Orokorrean zer egiten den? Gehienek ezer ez, eta borondate ona duten irakasleek sexualitatea esplizituki lantzen dute ikasgelan. Eskola askok, gero eta gehiagok, kanpoko sexologoak eramaten dituzte geletara, horretan aritzen gara gu, eta nagusiki ikasleei bideraturiko sexu heziketa egiten dugu, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edota Batxilergoan. Urtean lau eta hamar ordu artean izan ohi da ikasleekin egiten duguna, eta batzuetan saio bakarrean kontzentratzen da: urte osoan lau orduko saio bat ikasleekin eta kito. Ez da nahikoa. Irakasleei eta gurasoei are formakuntza urriagoa ematen diegu eta nire ustez lehenengo gurasoak, gero irakasleak eta gero ikasleak dira formakuntza gehien jaso beharko luketenak, egunerokoan gurasoak daudelako eta gurasoek ez badute txipa aldatzen, gelan irakatsitakoa esaldi bakar batekin pikutara bidal dezakete. Niri gertatu izan zait. Behin, DBHko ikasleei azaldu nien sexu harremana modu ugaritara uler daitekeela, bestearen adostasunarekin gorputzaren bidez gozamena lortzeko helburuz besarkatzea ere izan daitekeela sexu harremanaren parte. Ikasle horietako baten amak hurrengo egunean hala esan zidan: “Aizu, semeak ez du ongi ulertu zer diren sexu harremanak, besarkatzea sexu harremana dela esan dit eta azaldu behar izan diot ez dela hala”.
O. Berastegi: Ados nago, gurasoak formatu behar dira. Eskolan egiten den lanketaren inguruan, sexologoon figura aldarrikatu nahi dut. Alegia, sexologia transbertsala izatea ongi dago, baina beste konpetentziak diren bezala, eta ezin gara hor geratu, badago nahikoa eduki ikasgai gisa propio lantzeko, espezialista batek emanda. Horrek ez du esan nahi irakasleak formatzea beharrezkoa ez denik, euren jarrera ere inportantea delako. Aldiz, normalean ikastetxeetara eramaten gaituzte sexologia ematera abiapuntu hartuta prebentzioa, eta gaur egun hainbatetan abiapuntu hartuta indarkeria matxistaren prebentzioa. Eta ez, berezko entitatea du sexologiak, ez da landu behar beste zerbait konpontzeko, ikuspegi integral batetik baizik.
N. Rojo: Sexu heziketak leku gutxi du eskolan. Lau-hamar ordu urtean ez da aski, eta ez da aski institutuan lantzen hastea, ez eta Lehen Hezkuntzan hastea ere. Txiki-txikitatik hasi beharko ginateke, Haur Hezkuntzatik. Ikasleek eurek erantzun diote zure galderari: Espainiako Estatuan manifestazioa egin zuten duela gutxi, sexu heziketa ikasgai bat izan dadila aldarrikatuz. Eta familiekin landu beharreko gaia da, sarri familiek beldurrak dituztelako eta sexualitatea praktika jakin batekin baino ez dutenez lotzen uste dutelako Haur Hezkuntzako gelan sartuko zarela umeari horri buruz hitz egitera. Horren isla da familientzako formakuntzak ematen ditugunean gehienbat nerabeen gurasoak etortzen zaizkigula, adin horrekin lotzen dutelako sexualitatea lehenengoz eta jakin nahi dute kondoiei buruz seme-alabekin noiz eta nola hitz egin. Kurioski, txikitatik hezten ditugu sexualitatean jakin gabe hori egiten ari garela: umearekin telebista ikusten ari garenean eta eszena gure ustez harentzat ezegokia agertzen denean, sarri katez aldatzen dugu, azalpenik eman gabe. Hor guraso bezala nolabait sexu heziketa egiten ari gara, baina gero gure seme-alaben eskolan sexualitateari buruzko formakuntza planteatzen dutenean ez goaz, gure haurrak horretarako oraindik txikiak direlakoan. Eta gero beharbada berandu izango da…

Izan ere, jaiotzen garen unetik dugu sexua eta sexualitatea.
O. Berastegi: Norbere gorputzaren ezagutza eta norbere gorputza bizitzeko moduak, besteekiko harremanak… txiki-txikitatik landu daitezke. Iaz, ikastetxe batean 5 urteko mutil bat eta neska bat elkarrekin jolasten hasi ziren, alua eta zakila ukitzen, eta sekulako iskanbila izan genuen. Zorionez hezitzaileak ongi bideratu zuen kontua, gurasoak bildu eta denon artean eztabaidatu genuen gertaturikoa, baina mutilaren gurasoek kasik uste zuten bortxatzaile bat zutela semea! Abiapuntua gaur egun da indarkeria eta prebentzioa, ez tratu onak eta harreman osasuntsuak, eta ondorioz ikuspegi hori gailentzen da.
M. Oribe: Horrelakoak ugariak dira. Gurean, 5 urteko neskak eta mutilak elkarren gorputzak marraztera jolastu zuten tenperekin eta neskaren gurasoen erreakzioa izugarria izan zen, bortxatzaile bat hezten ari zirela esan zieten mutilaren gurasoei. Haiekin bildu, hitz egin, eta ikuspegia aldatu zuten. Arazoa da gurasoen begiradarekin epaitzen dugula umeen sexualitatea, eta horrek ez du ez hanka ez bururik. Haien gorputzak deskubritzen ari dira, norberarena eta bestearena, era natural eta eder batean, eta helduok dena kakazten dugu, beraien sozializazio naturala trabatzen dugu, eta traumatizatu ere egin ditzakegu, errepikatzen badiegu haientzat jolasa baino ez dena zerbait itsusia eta txarra dela.
N. Rojo: Gurasoen beldurrek eta erreakzioek ere oztopatzen dute maiz sexualitatea eskolan lantzea. Hezitzaileek esaten digute, “badakit umeen arteko jolasak direla, baina emazkidazu argudioak, gurasoak datozenean azaldu diezaiedan umeen jakin-min sexuala naturala dela”.

Hain juxtu, sexua eta hezkidetza oinarri dituen Skolae programak hautsak harrotu ditu Nafarroan, hainbat alderdi politikok hauspotuta. Zein indargune eta hutsune ikusten dizkiozue planari?
M. Oribe: Amorru handia sortzen dit gaiak, berdin duelako Skolaek zer esaten duen, hori ez da arazoa, arazoa da fatxa batzuk daudela ez dutenak sexualitatea landu nahi, edozein eratara dela ere, beraz egiten duzuna egiten duzula kritikatuko dute, pentsatzen dutelako eskoletan ez dela sexualitatea eman behar.
N. Rojo: Guztiz ados. Genero ideologia inposatzeaz mintzatu dira kontrakoak eta gai honi lotuta jaso dituen mehatxuengatik Hezkuntza kontseilariari bizkartzaina jarri behar izan diote, ikaragarria da. Hedabide askok egoera aprobetxatu dute manipulatzeko, titular deigarriak ateratzeko eta jendea aurka jartzeko, baina pentsatu nahi dut ez dela Nafarroaren gehiengoa eta oso gutxi direla kontra daudenak, oso eskuindarrak. Indargune eta hutsuneez galdetzen duzu, baina halako erasoa jasan du planak, uste baitut guri dagokigula nabarmentzea zeinen positiboa den, eta adibide batzuk jarriko ditut: 0-20 adina hartzen du programak eta aurrerapauso handia da, aipatu dugunez txikitatik landu behar delako; komunitate guztiari zuzentzen zaio eta hori ere esan dugu, inportantea dela ikasle, hezitzaile eta familiak integratzea; bereziki gainera aitengan jartzen da begirada, eta hori eskertzekoa da, askotan bizi izan dugulako formakuntzak antolatu eta emakumeak baino ez etortzea, eta gizon bakanen bat etorriz gero gainera hura goraipatzen dugu eta eskerrak ematen dizkiogu; adimen emozionala jorratzen du planak, harreman osasuntsuak lantze aldera…
O. Berastegi: Interesgarria da baita ere Skolaek sexologia jorratzen duela berdintasunean oinarritutako harremanak landuz, elkarren arteko sinergiak bultzatuz. Hori esanda, eztabaida honen guztiaren atzean funtsean asmo politikoak daude, gurutzada politikoa, ikastetxe kontserbadore eta erlijiosoetan ere aritu izan garelako, eta zer lantzen ari zaren azaltzen diezunean, normalean gurasoek ongi hartzen dute.

Sexualitatea ez dela koitoa, diozue, esparru zabala dela. Zer da sexualitatea lantzea eta zein aspektu jorratu beharko lirateke?
M. Oribe: Funtsean gorputza, gorputzean errotuta baitago sexualitatea. Adibidez, haur eskoletan zergatik ez daude umeak biluzik? Noiz hasiko dira gorputza ukitzen? Emozioak ere oinarrizkoak dira, baina gure hezkuntza sistemaren piramidea alderantziz eraiki dugu: Lehen Hezkuntzan aljebra ematen ari zara eta unibertsitatea bukatu ostean adimen emozionalei buruzko graduondoa egiten duzu. Zergatik ez hasi lantzen gorputza, emozioak, sentimenduak, harremanak… eta hazi ahala, logikari gero eta leku handiagoa egin? Laburrean, sexu heziketa da gaur egiten ez duguna egitea: etxetik jada gorputza hezi, esan zer gustatu zaizun eta zer ez, ezagutu zure alua (guztiz ikusezin bihurtu dugu-eta), kontatu nola sentiarazi zaituen halakok, nola uste duzun bestea sentiarazten duzula era batera edo bestera harremanak garatzen dituzunean… Baina egiten ez denez, eta ez dagoenez horretara bideratutako ikasgairik, sexologoak gara egun batean ikastetxean lur hartzen duten parakaidistak, adabakiak jartzen saiatzen garen parakaidistak.
N. Rojo: Hiztegiak dio sexualitatea dela sexu bakoitzaren ezaugarri anatomiko eta fisiologikoak. Eta batzuentzat hori da sexualitatea lantzea, ezaugarri anatomikoak lantzea, ugalketa… eta horregatik da garrantzitsua gure papera, urrunago iritsi ahal izateko. Horrez gain, “sexualitatea lantzea” beharrean “sexualitateak lantzea” esan beharko genuke, pertsona bezainbeste sexualitate daudelako. Aniztasunetik hitz egin behar dugu sexualitateez, gorputzez, harremanez… eta aniztasuna dago genitaletatik hasita. Aluak anitzak dira eta hori errepikatu behar dugu txikitatik nagusiak diren arte. Badago jendea aluko barruko ezpainak simetrikoak izateko ebakuntza estetikoak egiten dituena, edo txikitzen dituena, edo uzkia zuritzen duena… Eta ez naiz ez-dakit-zein herrialdez ari, Euskal Herrian ere egiten dira halakoak. Lehengo hariari helduz, eredua pornografia bada eta bertan ateratzen diren gorputz eta aluak baldin badira gazteek dituzten ereduak, hainbatek hori kopiatu nahiko du. Eta nire gogoeta da: edertasun kanonak esango balu ederra dela gizonek barrabil bakarra edukitzea, zenbatek kenduko lukete barrabila?
O. Berastegi: Aniztasuna dela-eta, neska eta mutil izateko moduak ere anitzak dira, eta hori txikitatik landu beharreko gaia da. Haurrak sentitu daitezela euren gorputzarekin bat, identitate sendoa dutela.

Praktikan gorputzen, identitate sexualen… aniztasun hori guztia, nola lantzen duzue?
M. Oribe: Bada, adibidez, sexu identitatea ikasleari berari galdetuta.

Eta gaia tabua izanik, erantzuten dute ikasleek, gela guztiaren aurrean?
M. Oribe: Sortu duzun konfiantza giroaren arabera. Ohiko irakasleari ziurrenik ez diote esango, baina guri beharbada bai. Batzuk zabaltzen dira gela guztiaren aurrean, beste batzuk taldetxotan (sarri neskak neskekin, mutilak mutilekin), bestetan bakarka… Eta haiekin konektatzeko zu ere sartu behar zara jokoan, zuk ere erantzun behar dituzu galderak, zintzotasunez; denok dugun hauskortasun hori ikusi behar dizute, emozioak kontatzeko prest zaudela. Funtsean da entzutea eta haiekin hitz egitea, haien emozioez, haien sentimenduez, zer diren galdetzea… Gakoa delako bizipenetatik aritzea, ez diskurtso soiletik. Gelan sartu eta teoria ematen hasten bazara, “hau eta hau existitzen dira, bakoitzaren ezaugarriak hauek dira eta beraz, zu halako zara”, ez duzu aliantzarik ez sinergiarik ez ezer lortzen. Sexu identitatea (burmuinean duguna) eta generoa (sexu kulturala, nolabait) ezberdindu behar ditugu eta bakoitzak bere identitate sexuala era anitzean uler dezake. Gela batean gertatu berri zait: bere sexu identitatea mutilezkoa dela adierazi dit ikasle batek, baina arauekin ez dator bat, eta bere burua genero fluidotzat aldarrikatzen du. Diskurtsotik ari banaiz gauza bat esango diot, baina berak bizi duen moduan espresatzen uzten badiot, aukera ematen diot den bezalakoa izateko. Nahia Rojok dioen moduan, pertsona eta nortasun adina sexualitate baitaude, eta ez ditugu ikastaroak egiten sexualitate sanoa edo egokia irakasteko, sexualitateen arteko sinergiak aztertzeko baizik, ez dago finkoa den ezer. Errepikakorra naiz, baina gakoa galdetzea da: nor zara? Zer nahi duzu bizitza honetan? Zer sentitzen duzu? Nolako harremanak izan nahi dituzu? Eta galdetu behar da gorputzetik, nahiz eta sexologo gizonontzat zailagoa den, gizon hezitzaileok ez baititugu ikasleak ukitzen, bestela interpretazio okerretarako bidea laburra da eta iskanbila sor daiteke.
O. Berastegi: Ikasleei hitza ematea da gakoa, bai. Adibidez, galdetzearekin bakarrik ea nola dakiten pertsona bat neska ala mutila den, estereotipoak lantzeko aukera aproposa izango dugu. Norbere biografia ere landu ohi dugu, txikitatik nola aldatu garen ikusteko, neure baitan zeinen anitza naizen. Ikasgelak berak ematen dizu edukia, taldeak anitzak baitira, eta gizarteak eskatzen dizunaren eta zure baitako aniztasunaren artean dagoen borroka azaleratzen da.
N. Rojo: Lankideari gertatu zitzaion, gelan umeetako bati besoa falta zitzaiola eta protesia eramaten zuela. Bada, ohiko moduan aniztasuna landu zuten sexu ikastaroan, eta ikastaroaren ostean ume horrek protesia kendu zuen, denon aurrean, lehen aldiz. Ba al dute zerikusia sexu heziketak eta haur horrek urrats hori emateak, beste haurrei esateak besoa falta zaiola? Jakina baietz, honen guztiaren atzean norberaren onarpena dagoelako, nolakoa den norbera, bere ezaugarriekin.
O. Berastegi: Gure gorputza onartzea ere inportantea baita. Gogoan dut ikasle bat etorri zitzaidanean, ikaskideak potolo deitu ziolako kexuka. Eta bai, potoloa zen, ez nion esan potoloa ez zenik, potoloa izatea ez dela txarra baizik. Altuak, txikiak, gizenak, argalak… gara, hori da aniztasuna, eta ezaugarriak baino ez dira.
M. Oribe: Ama bati entzun nion bere alabari esaten neska gizena zela eta beraz barrukoa zaindu behar zuela, norbaitek barrukoa ikus zezan eta zen bezala maite zezan. Amari esan nion barrukoa zaintzea ongi dagoela, baina loditasuna ere erakargarria izan daitekeela, publizitatearen eraginez beharbada publiko gutxiago izango duela, baina jende ugarirentzat izango dela desiragarria. Begira historian zehar nola aldatu den edertasunaren kanona. Irakatsi behar dieguna da denok garela erakargarri eta desiragarriak, ez mundu guztiarentzat, baina bai batzuentzat. Sarri helduok errespetuaren izenean esaten diegu ez deitzeko inori potolo, eta orduan are gehiago ari gara azpimarratzen ezaugarri hori negatiboa dela, gizena den neska-mutilaren aurrean.
O. Berastegi: Badirudi gainera pertsona bat lodia denean hori baino ez dela, lodia. Eta ezaugarri bat gehiago da, ez besterik. Norberak lortu behar du gure osotasunaren ezaugarri bat gehiago izatea, eta ez ezaugarri bakarra.
N. Rojo: Eta normalean neskak dira gorputzarekiko kezka handiena dutenak.

Alua ezkutatu eta ezkutatu, hori da txikitatik etengabe jasotzen duten mezua. Ikasleei ispilutxo bat hartu eta norbere alua begiratzeko eskatzen zaienean, batzuk larritu egiten dira, ez dute nahi, ezezagutza eta baita nazka ere badute hainbatetan.

Beharbada tabu eta presio gehiago dagoelako emakumeen gorputzaren eta sexualitatearen gainean? Bereziki neskekin landu beharreko gaia da gorputza, desira, plazera…?
M. Oribe: Lehen aipatu dugu: mutilak hipergenitalizatuta hazten dira, mutil guztiek ez dute zakilik baina zakila dutenek hor fokalizatzen dute euren sexualitatea, eta neskekin kontrakoa, euren gorputzetatik alua desagertu dela dirudi. 5 urterekin zakila ukitzen duen semeari apenas esango diote zerbait, baina alaba baldin bada aluarekin jolasean ari dena edo panpina hanka tartean sartzen duena, segituan esango diote hori ez egiteko. Hazi ahala ere, hankak zabalik esertzen bada, hankak ixteko aginduko diote berehala. LHn eta DBHn, testu-liburuetan ere desagertu egin da klitoria, helburua ugalketa ematea den aitzakiarekin. Txanela da Euskal Herrian klitoria aipatzen duen bakarra. Alua ezkutatu eta ezkutatu, hori da etengabe jasotzen duten mezua. Nik DBHn neskei esaten diet ispilutxo bat hartu eta norbere alua begiratzeko, eta batzuk larritu egiten dira, ez dute nahi, ezezagutza eta baita nazka ere badute hainbatetan. Ondorioz, neska-mutil nerabeak elkartzen badira harreman sexual hetero bat izateko, eta mutilak urteak baldin badaramatza kanpaia jotzen eta neskak ez baditu apenas bere genitalak ezagutzen, zeinen nahia gailenduko da?
O. Berastegi: Hori da, batek badakielako zerk ematen dion gozamena, eta besteak ez. DBHn neskek galdetu izan didate ea noiz egin behar duten txortan edo nola zurrupatzen den zakil bat, eta nik erantzun diet ea euren klitoria ukitu duten noizbait, titiburuak eta ipurdia igurtzi… eta denak lotsagorrituta eta ezezkoan. Ari zarete galdezka txortan nola egin eta ez duzue zuen burua inoiz masturbatu? Baginako fluxua zer den ere ez daki askok; 15-16 urteko neska batek esan zidan likido txuri bat ateratzen zitzaiola eta kezkatuta zegoela, hiltzen ari ote zen. Pentsa zein gutxi ezagutzen ditugun gure genitalak, eta mutil batek zein ongi dakien nola funtzionatzen duen bere zakilak.
N. Rojo: Bitxia da, Haur Hezkuntzan neska ia guztiek igurzten baitute euren klitoria, mutilek baino gehiago egiten dute eta mutilak baino lehenago hasi ohi dira horretan. Sarri eskuarekin egiten dute eta ez dugu beldurrik izan behar: testuinguru erotikorik ez du ume horrek, baina masturbazio bat da, plazera sentitzen du eta orgasmoak izan ditzake. Zergatik dira neskak txikitan gehien masturbatu direnak eta nerabezaroan alderantziz? Eta gainera masturbatzen den emakumezko nerabea maiz zergatik sentitzen da gaizki hori egiteagatik? Zer gertatu da bidean? Umeen joera naturala zapaldu egiten dugu helduok. Eta beldurrik ere ez dugu izan behar gauzei bere izenez deitzeko: klitoria klitoria da, ez da kanpaitxoa; alua, bagina, masturbazioa… ez dira saihestu beharreko hitzak.

Ezjakintasuna orokorra da?
O. Berastegi: Gauzak ez dira asko aldatu, gutxi dakigu gure gorputzaz. Gazteek kontzeptu asko dakizkite (cunnilingusaz hitz egiten dizute, esaten dizute demisexualak edo pansexualak direla…) eta uste dute asko dakitela, baina gero funtsezkoena ez dakite, beren azalaz, gorputzaz eta gustatzen zaienaz gutxi dakite.
N. Rojo: Badago behin eta berriz errepikatzen den galdera bat: “Nola egiten dute bi neskek?”. Eta galdera hori egin diezazukete LHn, DBHn eta baita goi mailako gradua ikasten ari direnek ere! Lehengo egunean karrerakideek galdetu zioten ikaskide lesbianari. Lagun honek oso kezkatuta kontatu zidan gertatu zitzaiona, unibertsitatean diren horiek halako galderak egitea. Mito hori ez da aldatzen.
M. Oribe: DBHn mutilak kapaz dira makina bat webgune porno izendatzeko, baina eskatzen diezu elkar besarkatzeko eta ez dakite, urduri jartzen dira eta jo egiten diote elkarri. Oso oinarrizkoak diren gauzetan oso ezjakinak dira.
N. Rojo: Laburbilduz, esango nuke nerabeek uste dutela asko dakitela, eta ez dakite. Eta Lehen Hezkuntzakoek uste dute ezer ez dakitela, sarketaz agian ez dakitelako, baina uste baino gehiago dakite, haiekin hitz egin daitekeelako emozioez, sentsazioez eta abar.
M. Oribe: Zenbat eta umeago izan, orduan eta errazagoa da sexu heziketa egitea, eta gurasoek uste dute zenbat eta umeago izan, orduan eta gutxiago behar dutela sexu heziketa, baina ez da hala.

Aipatu dugu maiz pornografia dela gazteen sexu hezitzaile nagusia. Ikasgelan landu beharko al litzateke pornoa?
M. Oribe: Ikastetxeetan zentsuratuta dituzte halako webguneak, eta hori ere sexu heziketa da, debeku bidezko heziketa, baina gero etxean sartuko dira webgune horietan. Errealitate horren aurrean bestaldera begiratzea baino egokiagoa da horri buruz eztabaidatzea, baina gai tabua da ikastetxeetan. Nola lagunduko diezu ikusten duten horri filtroak jartzen, ezin bada horretaz hitz egin? Eta gurasoek beti oso ume ikusten dituzte seme-alabak, uste dute ez dutela pornorik ikusten, eta ez da egia.
O. Berastegi: Normalean gurasoek oso ume ikusten dute semea, eta alabari min emango dioten beldur dira. Kalera aterako den alabari norbaitek esaten al dio, “eskua sartzen badizute esaiozu non eta nola”? Alabak ahaldundu beharrean, beldurrean hezten ditugu, eta ondorioz sexu harremanak gaizki biziko dituzte. Gazteei gelan planteatu ohi diet: irudikatu parrandan atera eta ligatu duzuela, zeintzuk sentituko zarete gaizki hurrengo egunean, besteari gehiegi ukitzen utzi diozuela eta halakoak pentsatuz? Mutiletatik inork ez du eskua altxatzen, nesken gehiengoak bai. “Zer pentsatuko dute nitaz?”, galdetu ohi diote neskek euren buruari.
N. Rojo: 8-9 urteko haurrek mugikorra dute gaur egun eta pornografia oso eskuragarri dago. Ezin badugu gainditu, landu dezagun. Eta lantzeak ez du zertan esan nahi gelan pornografia ikusten jarriko garenik, baina gaiaz eztabaidatu daiteke, irudiak kritikoki aztertzen lagundu, askotan ezer zalantzan jarri gabe sinesten dituztelako gauzak. Gu sar gaitezke gelan, aluak bost zulo dituela esan, eta batek baino gehiagok sinetsi egingo digu, kritikotasun maila txikia dutelako eta guk boterea dugula uste dutelako. Pornoan ikusten duten guztia sinesten badute, txarto goaz. Batez ere sexuari buruz duten informazio iturri bakarra hori bada.
M. Oribe: Guraso batzuk larritzen dira pornoa esplizitua delako, baina badira pornoa baino suntsitzaileagoak diren edukiak, hain esplizituak ez izan arren. Garai bateko Super Pop eta estilo horretako aldizkarietan adibidez, neskei bideratutako edukietan ikusten duzu sumisioa goraipatzen dela, “zure bikotekidea nola mantendu” gisako testen bidez. Hori bai dela arriskutsua. Musikarekin berdin gertatzen da, reggaetona matxista dela diogu, hainbat letra oso esplizituak direlako, baina Amaralek “Sin ti no soy nada” (zu gabe ez naiz ezer) kantatzea baino gauza deuseztatzaileagorik? Pornoan azken finean gakoa da adieraztea fikzioa dela, aktoreak direla, gidoi bat dutela, trikimailuak daudela… Hori ahazten bazaigu disoziazio bat ematen delako: ez dut nire gorputza ezagutzen eta uste dut fikzio hori dela errealitatea.

Eredu interesgarririk ba al da beste herrialdeetan?
N. Rojo: Hainbat herrialdetan, Frantziako Estatuan bertan, gutxienez ikasgaia da sexualitatea, eta hori bada zerbait, nahiz eta egia den ikasgaiari eskaintzen zaion ordu kopurua eskasa dela. Norvegiako telebista publikoak saio bat eskaini dio sexu hezkuntzari; proiektu interesgarria iruditzen zait. Finlandian, txiki-txikitatik jasotzen dute sexu heziketa eta igerileku publikoetan dutxak ez daude sexuaren arabera bananduta; urrats inportantea da, biluztasuna natural bizi ahal izateko.
O. Berastegi: Kanadan ere esango nuke txikitatik dutela sexu heziketa ikasgai moduan, eta hain juxtu Kanada eta Belgika dira Sexologia karrera duten bakarrak.
M. Oribe: Hemen graduondoa da Sexologia, eta inongo asmorik ez dago hori aldatzeko. Genero ikasketei lotutako karrera bat aterako dute orain Espainiako Estatuan, baina generoa gure diziplinak barnebiltzen du, sexologiak, eta sexologia karrera bihurtu beharrean sotoan dute baztertuta.

MAHAIKIDEAK:

Olatz Berastegi Loiola

1975ean Lizarraga-Ergoienan jaioa. Sexologoa, soziologoa eta psikoterapeuta da, terapia humanistan, korporalean eta sistemikoan formatua. 2008an Harremanak elkartea sortu zuen eta elkarteak udal eta ikastetxeekin dituen egitasmoak koordinatzen ditu, egitasmo horietan hezitzaile ere badabil eta Harremanak zentroan psikoterapeuta eta sexologo gisa aritzen da haur, nerabe, heldu eta familiekin. Kolaboratzaile aritu da hainbat hedabidetan (Guaixe aldizkaria, Ilargipean eta Zebrabidea irratsaioak).

Mikel Oribe Galdona

1978an Bilbon jaioa. Sexologoa da, tratu txarretan eta genero indarkerian unibertsitate aditua, eta sexu aniztasunaren alde lan egiten duen Bizigay elkarteko presidentea da 2003tik. Sexologia klinikako prestatzailea ere bada Biko Arloak kabinete sexologikoan, eta Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskola sortu zuen 2007an. Geroztik, kooperatiba elkarte horretako zuzendaria da. EAEko 62 ikastetxetan ikastaroak antolatzen eskarmentua du eta Prest-Gara sexu heziketa eta berdintasun programan ere aritzen da, irakasleak trebatzen.

Nahia Rojo Bustinduy

1982an Ermuan jaioa, Psikologian lizentziatua da, masterra du Sexologian eta goi mailako ikasketak berdintasunean, hezkidetzan eta terapia sexologikoan. Desirak Sexologia eta Generoa enpresaren koordinatzailea eta fundatzaileetako bat da. Sexu askatasunaren eta aniztasunaren aldeko Guztiok elkarteko lehendakaria eta Berdindu Eskolak eta Gustora zerbitzuetako arduraduna ere bada. Gaiari lotutako ikastaroak ematen ditu ikastetxeetan eta emakume taldeetan. Terapia psikologikoa eta sexologikoa eskaintzen du eta hainbat argitalpen eta hitzalditan parte hartu du.

«Orain lasai joaten naiz aldageletara»

IÑIGO URIZ / FOKU

Duela lau urte, gestalt terapeuta ikasketak bukatzeko, Teo Vallsek (Bartzelona, 1985) bere trantsizioa grabatzea erabaki zuen. Baina ez zen horretan gelditu, Irene Navascuesek lana dokumental bihurtu baitzuen: De Berta a Teo (Bertatik Teora). Hortik lortutako diruarekin egin zuen Vallsek bularrak kentzeko operazioa. Miran foroak Iruñera gonbidatu du filma aurkeztera.

Gidoirik gabe grabatu zenuten?

Dena lehenbizikoan grabatu zen, eta agertzen garen guztion zatia oso benetakoa eta jatorra da; beraz, ez da politikoki zuzena, emozionalki gizatiarra baizik. Nire ustez, horregatik ukitzen du jendea hainbeste.

Zer esan nahi du ingurukoak zure trantsizio prozesuari buruz solasean jartzeak?

Oso polita izan zen. Maitasun keinua da jendeak hainbeste sakontasun eta intimitate oparitzea, eta ikusi nuen lotura oso handia genuela, gertatutakoaz mintza gintezkeelako, beldurrez, ziurgabetasunez… Oso ezberdin bizi izan genuen.

Ezkutuan dagoen errealitate bat agertzeko balio dezake?

Dudarik gabe, laguntzen du, zenbat eta gehiago ikusi orduan eta gehiago onartzen baita, eta, horrela, errazago egiten dira trantsizio prozesuak, transentzat eta ingurukoentzat. Arrisku handia hartzen duzu biluzten zarenean, baina jarrera adoretsua da, era berean.

Nola bizi izan zenuen trantsizioa kameretatik kanpo?

Teo oso deliberatuta eta ahaldunduta ateratzen da dokumentalean, ilusioz gainezka. Uste dut hortik bizi izan dudala trantsizioa, barne bulkadatik. Neure burua zalantzan jarri dut; nire maskulinitatea hautatu dut, eta nire trantsizioaren protagonista izan naiz. Hori egia da, baina kontraesan eta frustrazio handiak izan ditut. Bidea beti ez da erraza izan, ingurukoek bete-betean babestu nauten arren.

Zein ziren zailtasunak?

Aldagelak, dokumentazioa, hormonak hartzeko zain egotea… Bestalde, identitate politiko bat utzi dut, lesbianarena, eta hori jende eta militantzia galera bat izan da. Maskulinitatea hautatzea ere bidaia bat da: jendeak gizon gisa tratatzea, eta horrek dakarrena. Kontent nago, baina kontraesanak ere izan ditut.

Zaila da ebakuntza gela batean sartzeko erabakia?

Bai, baina nire beldurra ez zen zer gertatuko ote zen; gehiago zen ez zegoela atzera egiterik.

Lau urteren ondoren, prozesu hura ezberdin ikusten duzu?

Orain dela lau urte, behar handia nuen trans gisa agertu eta hori aldarrikatzeko; orain, ez dit hainbesteko minik ematen noizbait femeninoan mintzo bazaizkit. Noski, nire identitatea indartsua da, ez da erraz kolokan jartzen. Ez dut beharrik trans naizela esateko; ezkutatu ere ez dut egiten, eta oso indartsua da ateratzen denean. Ebakuntzaren aurretik, aldagelak tentsiogune ziren; orain, kamiseta ez ezik galtzak ere kentzen ditut, eta dutxa hartu. Hori sekulako konkista izan da. Orain lasai joaten naiz aldageletara.

Transfobia bizi-bizirik dago; berriki Ekaik bere buruaz beste egin du. Zertan egin behar da lan?

Han edo hemen aurkitzen dudan transfobia ezjakintasun hutsa da. Egin daitekeena da ikusgai egin, ikusgai egin eta ikusgai egin. Bide hau hartzen duenak jakin behar du ez diola inori kalterik egiten, eta jendeak ez badu ulertzen, ez badu onartzen edo ez badio laguntzen, ez da zerbait pertsonala. Kontua da haiei gertatzen zaien zerbaiten ispilua zarela. Trans aferak gauza asko mugitzen ditu: generoa, sexualitatea… Horregatik sortzen ditu erantzun horiek: zure baitako zerbait zalantzan jartzen duelako.

Nola zabaldu genero binomioa?

Ez dakit. Generoarena da existitzen den harraparirik handiena. Askotan passing egin behar duzu lasai egoteko, baina kostu handia du, ezkutuan geratzen zarelako. Etsairik handiena da zure tokirik seguruena. Sinetsita nago jende trans gutxiago legokeela generoak ez balira hain zurrunak eta atzerakoiak, eta ez balego maskulinoaren eta femeninoaren arteko botere desoreka handirik. Neure buruari galdetzen diot transexualitatea gizon izateko barne desiratik datorren, edo horretara sarbidea izatetik. Zis gizonek ez dakizue, baina sekulakoa da maskulinitatera igarotzea, bat-batean pribilegioak dituzulako.

Sexu laguntzaile gisa ere aritu zara. Nola hasi zinen?

Egunerokoan, laguntzailea da elbarri den pertsona horren eskuak eta oinak. Zer pasatzen da sexualitatearekin? Galdera horrekin sexu laguntzaile izateko erosotasuna lortu nuen. Oso argi geratzen zen ez nintzela ez maitale eta ez prostituta.

Zergatik da garrantzitsua hori guzia zehaztea?

Horrek mugak jartzea errazten zidan, eta, bestalde, hori da modurik estrategikoena hau eskubide bat izatea nahi badugu. Ni ez nago prostituzioaren kontra, baina hortik banatuta errazagoa da laguntza mota hau diruz laguntzeko eskatzea.

«Traidoretzat gaituzte meskitan LGTBI jendea defendatzeagatik»

Musulmanen LGTBIfobia Koranaren eta beste idazki batzuen manipulazioaren eraginez sortu dela uste du Zahedek; musulmanen aniztasuna aldarrikatzen du berak sortutako meskitatik, Frantzian.

LUDOVIC-MOHAMED ZAHED. IMAMA

Frantzian bizi da umetatik Ludovic-Mohamed Zahed (Aljer, Aljeria, 1977). Musulmana da, eta gaya; Frantziako lehen meskita inklusiboaren sortzaile ere bada. Madrilen izan da WorldPridek gonbidatua, LGTBI komunitate musulmanari buruz hitz egiten. Zuzen-zuzen bota zuen lehen esaldia: «Islamak bakea esan nahi du, eta aniztasunaren errespetua». Bere lagun Daniel Ahmed ikertzaile musulmanak datuak jarri zituen: «75 herrialdek kondenatzen dute homosexualitatea: horietatik 26 dira gehiengo musulmana dutenak».

Zure meskitaren helbidea ez da publikoa. Erasoen beldur zarete?

Noski. Eraso erradikalen helburu bilaka gintezke, Charlie Hebdo-ren kontra egin zutena bezala. Etorri nahi duten fededunak lagunen edo ezagunen bidez izaten dute gure berri.

2012an, meskita inklusiboa ireki zenuen urtean, sexu bereko pertsonen ezkontzak onartu zituzten Frantzian. Manifestazio izugarriak egin zituzten erabakia salatzeko. Uste duzu Frantzian beste edonon baino homofobo gehiago daudela?

Frantziak oso progresistatzat dauka bere burua, baina, berez, halako kontserbadurismo bat du, ez dena espresuki erlijiosoa, kulturala baizik. Denok utzi gintuen harrituta La Manif Pour Tousek, sexu bereko pertsonen ezkontzaren kontra jardun zen kolektibo nagusiak, horren tradizionala den Frantzia horrek, horren kontserbadoreak. Bagenekien bazela, baina muturreko indar antolatu gisa agertu zen. Haientzat integrazioaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako borroka galtzea bezala izan zen, eta haserrea erakutsi zuten.

Zure diskurtsoetan, islamaren erreforma aldarrikatzen duzu. Nola egin nahiko zenuke?

Latinoamerikan apaiz gorriek egin zutenetik ikasi beharko genuke. Kristautasuna pobreen zerbitzura jarri zuten, ahaztuen zerbitzura, eta errealitate horretara egokitu zuten. Eta gero, klase baxuko jendearen laguntzaz hierarkien kontra borrokatu ziren.

Nola erabiltzen dituzu Korana eta beste idazki batzuk doktrina musulmana bestela formulatzeko?

Adibidez, Koranean, Sodoma eta Gomorraz aritzeko soilik hitz egiten da sodomiaz. Garai hartan, praktika hori bortxaketaren sinonimoa zen. Ez zen, beraz, bi gizonen arteko borondatezko praktika sexuala. Ez zen maitasuna. Ordea, sunan, islamaren bigarren iturri teologikoan, zeina Mahomaren gertaeretan oinarrituta idatzia dagoen, bi edo hiru narrazio daude homosexualen kontrako hilketak onartzen dituztenak, eta jendeak hori sinistu nahi du; testu horiei heltzen die. Narrazio horiek profetak berak gaitzetsi zituen, Koranaren kontrakoak direlako batzuetan. Mahomak esan zigun Alak perfektuak egin gintuela, aingeruak berak baino perfektuago.

Alferrikakoa dirudi erlijio bat aldatzen saiatzeak. Ez da hobe bazterrera uztea?

Lobby gayaren parte batek uste genuen erlijioak desagertuko zirela; halako batean, fededunak galduko zituztela. Baina oker geunden. Gero, ulertu genuen diskurtso homofobiko asko eta asko lider erlijiosoengandik datozela. Horregatik, konturatu ginen ezinbestekoa zela sinismenak aldatzea.

Zure meskitara musulman heterosexualak ere joaten al dira?

Bai, guregana etortzen dira esatera predikatzen dugun islam inklusibo horren parte izan nahi dutela. Musulman askok erlijioa utzi genuen irailaren 11ko atentatuak gertatu zirenean, erradikalen esku zegoela ohartu ginenean. Era berean, horrek esnarazi gintuen, eta ohartu ginen beste islam bat sortu nahi genuela.

Zure lagun Daniel Ahmedek esaten duenaren arabera, moral viktoriar ingelesaren eraginez iritsi ziren Ekialdera lege homofobikoak?

Bai, neurri batean horrela izan zen. Haiek kendu zituzten gure historia liburuetatik XVI. mendeko imam homosexual bat bezalako pertsonak, edota poesia homoerotikoa. Deskolonizazioarekin batera nortasun berriak eraiki behar izan genituen. Eta Mendebaldeak utzitako homofobiaren ikuspuntutik sortu genituen. Orain traidoretzat gaituzte meskitan LGTBIQ+ jendea defendatzeagatik.

Europako gizartea aldatu egingo da errefuxiatuak iristean, asko musulmanak. Beldur zara ez ote den indartuko imam LGTBIfobikoen jarrera?

Astelehenean, Madrilgo Lavapies auzoan izan nintzen errezatzen, taberna feministaren parean dagoen meskitan. Elkarrekin bizi dira lasai asko. Eta hori da Europan hamarkadak daramatzagulako tolerantzia sexuala lantzen. Heziketari esker, lortu da, neurri handi batean. Errefuxiatuek heziketa ezberdina izan dute, eta erronka bat da niretzat haiei beste islam bat azaltzea eta erakustea.

Uste duzu Frantzian elkarbizitza bultzatuko duela Emmanuel Macron presidente izendatu berriak?

Ideia interesgarri batzuk baditu. Adibidez, halal janariari zergak jartzea. Diru hori erabiliko litzateke Frantzian jaiotako imamak hezteko, musulman frantziarrak izateko beren modua sor dezaten. Lider erlijiosoen kontrola oso garrantzitsua da. Gehienak Saudi Arabian, Aljerian eta Turkian hezi dituzte, non erakusten dieten emakumeak eta gizonak ez direla berdinak, eta homosexualek hil egin behar dutela.

Gay zinela esan zenuenean, islama utzi zenuen, eta gero federa itzuli zinen. Bi errealitateak nola bizi jakiteko erantzunak aurkitu zenituen?

Duela hamar urte gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten nuen, eta neure buruari esaten nion: «ni pertsona ona naiz», ez perbertitu bat. Nire denbora ematen nuen besteei laguntzen, nire esku zegoen guztia egiten siatzen nintzen, baina nire baitan kontraesanek jarraitu zuten. 30 urte behar izan nituen ulertzeko gay eta musulman izanda ere, berdin-berdin jarraitzen dudala pertsona ona izaten. Hortik aurrera, tradizio islamiko inklusiboak ezagutu nituen. Irakurketa batzuen arabera, lehen musulmanak, profeta bera, inklusiboak ziren, ez ziren homofoboak. Ezusteko zoragarria izan zen niretzat, eta pentsatu nuen: «zergatik ez dut hori eskolan ikasi?». Erakutsi ziguten gauza bakarra izan zen emakumeak gu baino gutxiago zirela, eta homosexualak hil beharra zegoela, mundua hobetzeko. Baina hori ez dator koranetik, ez horixe; geroago sortutako asmakizuna da. Ulertzen hasi nintzen egiazkoa izan nintekeela berriro ere, benetakoa jainkoarekin. Eskizofrenian erori gabe.

«Imajinatzeko gaitasun hori berreskuratu behar da»

IMANOL ALVAREZ ETA EKAITZ HERRERO
EHGAM EUSKAL HERRIKO GAY-LES ASKAPEN MUGIMENDUA

Imanol Alvarez Ehgam Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduaren sortzaileetako bat da. Berrogeigarrenez, ekainaren 28ko manifestazioan parte hartu zuen bere hirian, Bilbon, eta harrigarria izan zela adierazi digu. Batez beste 1.500 lagun inguru biltzen omen dira; asteazkenean, ordea, 4.000tik hurbil izan ziren. «Moyua plazako abiapuntura heldu eta jada ikusten zen aurreko urteetan baino askoz jende gehiago zegoela. Asko gaztetxoak, gainera. Pozteko modukoa da hori».

Bertze aldean, gero eta eraso homofobo gehiago daude. Mikrohomofobia ere bada, mikromatxismoa dagoen bezala. «Ezin da esan gizartea homofoboa denik kontzienteki, baina badaude sektore batzuk ideologikoki homofoboak direnak. Uste dut konturatzen hasiak direla gero eta gutxiago direla. Legeak aurrera doaz, gero eta erakunde gehiago agertzen da kolektiboaren alde, eta amorratuta daude. Hortik sortzen dira erasoak: batzuk hitzezkoak, besteak HazteOir bezalako talde antolatuenak, eta fisikoak ere bai. Gasteizen gertatu zen duela gutxi».

Alvarezek dio balitekeela akzio-erreakzio efektua gertatu eta gazteek ikusi izana aurre egin behar dietela eraso horiei. Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, 2015ean baino bi aldiz salaketa gehiago jaso zituzten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan arraza, genero eta identitate sexualarengatik izandako erasoekin lotuta. Horrek ez du erran nahi kasuak hainbertze goititu direnik, gehiago salatzen da eta horregatik gehiago azaltzen da arazoa, baina, Ehgamen sortzaileak ohartarazi duenez, aunitzek ez dute salatzen oraindik, beldurragatik sarri, bai jendarteari bai poliziari.

Filosofia eta antropologia

Ekaitz Herrerok 30 urte ditu. Ikasle Abertzaleak mugimenduan ibili zen urte luzez. Hura utzi gabe, 2010 inguruan, Ehgam-en sartu zen eta gero bertako gazte taldean, Gaztehgam-en. Ondotik, sexualitatea eta ekintza politikoa elkartuz, Kitzikan gazte antolakundearen sortzaileetakoa izan zen. Oraintxe «impasse» egoeran dagoela aitortu digu, hausnartzen.

Filosofia eta antropologia maite ditu, eta sexu askapeneko mugimenduan duten pisuaz ohartarazi gaitu. «Adibidez, jendartearen eraikuntza munduan eta historian beste modu batekoa izan da. Bestelako sustraiak dituzten herri batzuetan oraindik ikusten da. Brasil eta Txina inguruko hainbat kolektibitate edo naziotan ez da existitzen generoa bezala ezagutzen dugun hori, edo beste itxura bat hartzen du. Maitasuna bera Asian ez da ulertzen hemen bezala. Indian eta Pakistanen ez dute ulertzen beste pertsona batenganako maitasun posesibo edo erromantiko hori».

Bere ustez, etorkizuna eraikitzeko komenigarria da horri guztiari begiratzea eta hainbat gauza berreskuratzea iraganetik, «gure kasuan eliza kristauak eta bestek desitxuratu edo desagerrarazi dituztenak».

Heteropatriarkatuak hitz potoloa, abstraktua eman dezake, baina, Getxon bizi den gaztearen iritziz, hagitz gauza zehatza da. «Jendartearen eraikuntza heterosexualitatean bertan hasten da, ez bakarrik orientazio edo praktika bezala, baizik eta erregimen politiko bezala. Heterosexualitateak antolatzen ditu giza arlo guztiak, kontzienteak eta inkontzienteak».

Jaiak ez dezala muina estali

Harrotasunaren Egunean gertatzen den «merkantilizazio lotsagabea» gaitzetsi du Alvarezek. «Ondo dago ekitaldi ludikoak eta kulturalak antolatzea. Guk ere egiten ditugu. Baina halako muntaiak prestatzen direnean, batez ere hiri handietan, aurten Madrilen bezala, muina estaltzen da. Jaia eta negozioa dira gelditzen direnak».

Ez da ahantzi behar ekainaren 28a aldarrikapen eguna dela. Data horretan, 1969an, gay, lesbiana eta transexual batzuek, New Yorken, poliziari aurre egin zioten, erasotzen zituelako nazka-nazka eginda. «Aldarrikapen hori oraindik ere oso inportantea da».

Bilbon talde txiki ugari dago LGBTIQ+ kolektiboan. «Denok batera egon beharrean, taifa erresumetan gaude, baina zorionez, manifestazioa eta manifestua elkarrekin egiten ditugu. Kostatzen da adostea, baina lortzen dugu».

LGBTIQ+ baino nahiago du Herrerok “disidente sexuala” izendapena erabiltzea. Ehgameko beteranoarekin bat dator erratean «irla txiki pila bat daudela ozeano handi batean». Konturatzen da «horrela ez dela posible aurrerapausoak ematea». Defendatu duenez, mugimenduak bateratua eta artikulatua izan behar du. «Ehgamek iraultzailetzat du bere burua eta ez du lan egiten soilik legedia baten alde, baizik eta batez ere jendarte iraultza baten alde. Aldarrikapen guztiz berritzaileak egin zituen bere garairako eta imajinatzeko gaitasun hori, benetan beldurrik gabe gurea dena aldarrikatze hori berreskuratu behar da».

Lehenbiziko manifestazioa

Justu duela 40 urte, azaroaren 25ean, manifestaziora deitu zuen Ehgamek Bilbon bertze kolektibo batzuekin batera homosexual izatearen susmo hutsa zigortzen zuen legearen aurka. Antolatzaileen artean zen Imanol Alvarez. «Oso arrakastatsua izan zen: 4.000 lagun inguru batu ginen. Poliziak jipoitu gintuen, baina handik gutxira lege hura aldatzea lortu genuen. Hurrengo urtean, 1978an, manifestazioa egin genuen ekainaren 28an, eta esango nuke publikoki lehen aldiz erabili genuela ‘harrotasun’ hitza».

Bi lagunek sortu zuten mugimendua. «Martxan ikusi zuenean kideak utzi egin zuen. Ni gustura nengoen, nire ume kuttuna zen, eta segitu egin nuen, orain arte. Tentaldi asko izan ditut uzteko, eta egin dudana izan da azeleragailua hainbeste ez zapaltzea eta gauza batzuei ezetz esatea».

Hasieran, ez zekiten nola antolatu. Franco hil berria zen. «Bileratxoak egiten hasi ginen. Kanpotik informazioa lortzen saiatzen ginen: Kataluniatik, Londresetik, Ipar Amerikatik… Zaila zen Internetik gabeko munduan. Aldizkariak eskuratzen genituen frantsesez edo ingelesez eta katalanekin harremanetan geunden».

Korronteak eraman zituela dio. «Oraindik gauzak nola egin ez genekiela, Euskal Herrian izugarrizko aldaketa gertatu zen. Gogo bizia zuen jendeak aldaketa politikoak egiteko, mugitzeko, eta halako batean gu ere alderdien mahaietara deitzen gintuzten. Alderdi pila zeuden, gehienak txiki-txikiak. Esaten genien ‘gu ez gara alderdia, elkartetxo bat gara’. Baina joaten ginen eta hala hasi ginen nola antolatu ikasten».

Beti izan dira asanblearioak. Hasieran nahiko bilera informalak egiten zituzten, kafe zaharretan, ez zuten-eta lokalik. Noizbehinka, bilera serioago edo handiago bat egin behar bazuten, norbaiti eskatzen zioten lokala. Bitxia da lehen asanblada inportantea, jendaurreko aurkezpena, Bilboko frantziskotarren lokalean izan zela. Ez hori bakarrik, lehen gutuna prentsara bidali zutenean, atera zuen bakarra “Anaitasuna” frantziskotarren aldizkaria izan zen. Lehen elkarrizketa ere bertan egin zieten.

Txoko Landan lokalean eman zituzten hogei urte baino gehiago. «Orain, klandestinitatean geundenean bezala, kafetegietan biltzen gara».

Euskal Herrian errotua

Euskal Herrian errotutako mugimendua da Ehgam. Hortik izena. Bizkaikoaren ondotik Gipuzkoan osatu zen taldea eta aurrera segitzen du. Arabakoa egin, desegin, egin… Hala ibili da eta orain ofizialki ez dago Ehgamik bertan, nahiz eta harremana izan bertako jendearekin eta batzuetan gauzak egin.

Nafarroan nahiko talde indartsua egon izan da urteetan, gehienbat emakumez osatua. Hori berezia izan da, mugimendua irekia izan arren, batez ere gizonak ibili izan direlako. Azkenean Nafarroako taldea desegin eta Katalingorri osatu zen. Ipar Euskal Herrian ere egon ziren hasieran, baina gazte ugarik Parisera edo Bordelera lanera alde egin behar izan zuen, tartean Ehgamekoek. Orain Les Bascos kolektiboa indartsu dabil.

Pentsatu gabe irentsi

24 bat urterekin hasi zen Ekaitz Herrero mutilekin. «Niretzat berria zen eta neure burua ulertu nahian informazioa bilatu nuen. Ehgam-era jo nuen». Orduan gazte gehiago zegoen mugimenduan. «Sentitzen dut horrela esatea, baina uste dut gaur egun gazteak ez daudela neke-lan askotarako. Tamalez, beste gauza batzuetan pentsatzen ari direla iruditzen zait».

Dioenez, jada ez dagoela deus lortzerik sentitzen du aunitzek. «Mugimenduak ere badu erantzukizunik hautemate horretan. Ezjakintasun handia dago eta gauza asko irensten ditugu pentsatu gabe».

Ehgam-ek sare herritar batek bezala funtzionatzen du. «Badaude pertsona batzuk hasieratik dena eman dutenak, garai oso gogorretan gainera, hau aurrera ateratzeko eta gaur ditugun askatasun mugatu eta kontrolatu hauetaz gozatzeko. Uste dut gazteok baino hobeto baloratzen dutela zelako neketsua izan den eskubide eta askatasun hauek eskuratzea. Halere, ez dago ezer galdua. Historia ziklikoa da eta lantzen baldin bada mugimenduak esateko eta irabazteko asko izango du».

 

«Hori gay-a da, baina oso jatorra da»

Imanol Alvarezek baieztatu du legeak inportanteak direla, baina jendartea aunitzez gehiago. Legearen arloan gauza asko lortuta daude, baina oraindik bada zer aldatu. Adibidez, Estatu espainoleko Immigrazio Legean badago zereginik etorkin batzuek errefuxiatu estatusa eskatzen dutelako beren herrian gay, lesbiana edo transexuala izateagatik jazarriak direlako, baina ia ezinezkoa da onartzea. «Erabiltzen dituzten aitzakiak nahiko zentzugabeak dira. Gay edo lesbiana direla demostratzeko eskatzen diete. Nola demostra daiteke? Batzuetan jatorrizko herrietako egunkariak erakutsi dituzte nola eraso zieten azaltzeko eta, halere, ez dituzte onartu».

Orain dela gutxi Nafarroan lege interesgarria egin dela deritzo. «Halako lege integral bat behar da, ez bakarrik zigortzeko, baizik eta hezkuntzan zerbait egitea, diskriminazioa ekiditea eta transexualitatea patologiatzat ez hartzea posible egiteko. Nafarroan egina dago, eta EAEn ere egin beharko litzateke».

Jendarteari dagokionez, «mikrohomofobia asko dago. Ez bakarrik lehenengo iraina beti ‘marikoia’ delako. Ohartu gabe, norbaitek esaten du ‘hori gay-a da, baina oso jatorra da’. Lan handia dago egiteko jendeak benetan normaltasunez ikus gaitzan, besteak beste, hezkuntzan (zentzu zabalean, ez soilik eskolan) eta komunikazioan. Fobiak beldurra esan nahi du. Nola galdu beldurra? Ezagutuz». M. I.

«Intersexualitatea tabu itzela da, gaixotasun gisa aurkeztua izan delako»

«Gizon ala emakume. Hortik kanpo gelditzen den guztia, gaitz edo anormaltasun bat da», uste du Cira Lopez antropologoak. Intersexualak ez baztertzeko, gizartea osoki aldatu behar delakoan da.

Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

LGTBI akronimoan, I letra da guztien artean ezezagunena. Intersexual hitzari egiten dio erreferentzia, baina jende askok ez daki zer den ere. Horren inguruan hitzaldia eskaini zuen Cira Lopez antropologoak (Sevilla, Espainia, 1975), Iruñeko Udalak gonbidatuta.

Zer da intersexualitatea?

Egoera biologiko bat da. Pertsona intersexualen gorputza ez da gure sistema bimorfikoaren arauetara moldatzen, sexuari dagokionez. Zer esan nahi du horrek? Bada, sexualitatea bi multzotan sailkatzen duen sistema honetatik kanpo daudela pertsona intersexualak. Jaiotzean, ez datoz bat ezartzen zaien ezein sexurekin, ez gizonezkoa, ez emakumezkoa.

Halakoetan, medikuek haur jaioberrien sexua eta generoa aukeratzera behartzen dituzte gurasoak…

Bai, hori da prozedura. Eta aukeraketa horrek bestelako ondorioak dakartza: ebakuntza, hormonatzea… Eta zergatik? Gure sistemaren barruan, ezin zarelako gizonezkoa edo emakumezkoa ez den beste ezer izan. Eta zure genitalak ez badatoz bat eredu horietako batekin ere, nahasmendu edo patologia bat duzula ondorioztatuko dute. Horrekin ez dut esan nahi nahasmenduak, anomaliak eta patologiak existitzen ez direnik, baina zaku berean sartzen dituzte gaixo dauden pertsonak eta gaitzik gabekoak. Berrogei tipologia baino gehiago sartzen dituzte intersexualitatearen barruan. Hortaz, pertsona osasuntsu asko pasarazi dituzte sexu eta genero egokitze prozesu horretatik.

Zeintzuk izan daitezke ume intersexualei ebakuntza eta hormona bidezko tratamendua ematearen ondorioak?

Jaiotzean eginiko sexu egokitzapenak ez dira ebakuntza soilak; jarraipena egin behar zaie gaztaroan eta helduaroan, eta, askotan, bizi osorako tratamendu farmakologikoa eskatzen du horrek. Finean, pertsona baten sexua moldatzea da, bere baimenik gabe. Eta horrek kalte izugarria eragiten ahal dio. Medikuek edo gurasoek aukeratzen dituzte jaioberriaren sexua eta generoa, eta hautu hori bat etor daiteke pertsona horren berezko sexualitatearekin, ala ez. Hautua zuzena bada, primeran, baina haur hori hazi, eta, nerabezaroan, beste genero eta sexu identitate batekin identifikatzen bada? Kaltea egina dago jada, eta horrek gaitz eta nahasmendu ugari eragiten ahal dizkio. Edonola ere, erabakiak ez luke egon behar medikuaren edo gurasoen esku, pertsona intersexualen esku baizik. Hori da gakoa: itxoin, pertsona horrek erabakitzeko gaitasuna eta adina izan arte, eta, gero, hark hautatuko du jarraitu beharreko bidea.

LGTBI kolektiboaren barruan ere, errealitate ezezagunena da intersexualitatearena. Tabua al da oraindik?

Tabu itzela da, lehen aipatu ditudan arrazoiengatik: patologizatu egin da. Gaixotasun gisa ikusia izan da, historikoki. Eta pertsona intersexualak patologien zakuan sartuta, ezin izan dute haien sexu eta genero identitatea horren arabera garatu. Nola identifikatuko duzu zeure burua gaixotasun gisa aurkezten dizuten zerbaitekin? Ezinezkoa da. Horregatik, intersexualitatearen aldeko aldarrikapena oso berandu heldu da. Nazioarteko LGTB mugimendu sozialen borrokari esker sortu zen, patologizazioaren aurkako erreakzio gisa. Baina LGTBI siglen bukaerako I hori oso gauza berria da, eta, tamalez, ez da ongi errotutako mugimendua, inondik inora. Kontzeptua bera oso berria da, eta jendeak topikoetara edo hitz arkaikoetara jo izan du, intersexualitateaz hitz egiteko.

Hermafrodita hitzaz ari zara, ezta?

Besteak beste, bai.

Zeintzuk dira gizarteak eman beharreko pausoak, errealitate hori aldatzen hasteko?

Gizartea bera aldatu beharko dugu lehenbizi, goitik behera. Oinarri-oinarrizko kontzeptuak berrikusi behar ditugu. Ezin ditugu haur txikiak hezi bi sexu daudela esanez, eta, gero, helduak direnean, hori ukatu eta beste gauza bat esan. Absurdoa da. Bigarren Hezkuntzako institutu batzuetan, biologia irakasleak dio bi sexu daudela, gizona eta emakumea; eta gizarte gaietako irakasleak, berriz, kontrakoa esaten die ikasleei. Ba al du zentzurik horrek? Gure nerabeek kontraesanezko diskurtsoak entzuten dituzte etengabe, gaizki ari garelako auzia jorratzen. Ez diogu arazoari errotik heldu oraindik.

Eta nondik hasiko zinateke?

Jendearen mentalitatea aldatzen hasteko, ezinbestekoa da hezkuntza, baina, horrez gainera, badira era askotako neurriak ere; besteak beste, jazarpenari eta gorroto delituei aurre egiteko protokoloak eta zigorrak; kode zibilaren erreforma, gurasoek askatasun handiagoa izan dezaten haurrak mutiko ala neskato gisa erregistratzeko garaian… Edozer! Kode Zibilarena, adibidez, garrantzitsua da. Espainian, legez, gurasoek 72 ordu dituzte haurrak gizonezko edo emakumezko gisa erregistratzeko. Oharkabean pasatzen zaizkigu gauza asko, gure gizartea aspalditik dagoelako horrela egituratuta.

XABI SANCHEZ GORONAETA. SEXUA ERDIGUNEAN JARRITA “Sexuan arreta jartzea gorputzera itzultzea da”

ruñeak badu LGTBQI politikak garatu ahal izateko bulegoa. Kattalingorriko kideak gogor ibili dira lanean azken hilabete hauetan, ikasturte berriarekin batera bulegoko baliabide guztiak martxan jarri ahal izateko. Ekimena ez dator komunitate zehatz bati zerbitzu asistentziala ematera bakarrik, gizarte osoari egin nahi dio ekarpena: erreferentzia sexologiko berri bat izan nahi du pertsona guztientzat.

xabi-sanchez-goronaeta

XABI SANCHEZ GORONAETA. SEXUA ERDIGUNEAN JARRITA

Sexua ala generoa, non jarri arreta?
Argi dago eraldaketa sozialean urratsak emateko bietan lan egin behar dela. Halere, uste dut azken urteetan denbora gehiago eskaini diogula generoaren auziari sexuari baino. Hamaika teoria garatu dugu horren inguruan eta asko aldendu gara sexutik. Generoa sexu soziala da, gertatzen dena da genero izena eman diogula, baina funtsean sexutik eratortzen da. Nire ustez, sexutik aldentzean “gorputzak” eskaintzen duen osotasunetik urruntzen gara, baita norbanakoen artean ematen den elkartzetik (enkontrutik) ere.

Sexutik aldentzean, zer ahazten dugu?
Norbanakoak elkartzean ematen diren aukerak, berezitasunak eta aldagaiak. Sortzen ditugun harremanetan, arreta jartzen dugunean, konturatzen gara generoaren eta botere harremanen inguruko teorizazio guztiak ez direla nahikoa enkontrua bera ulertzeko. Sexua bizitzea pertsonen arteko erlazio moduak zentrora ekartzea da: azken batean, hainbeste teoriaren artean, nola demontre egiten dugu zuk eta biok elkarren arteko harremana gauzatzeko? Badakigu subordinazio egoerak bizi gaituela, baina ez dakigu nola harremana egin elkarrekin.

Gure inguruan, zein da esparru honetan ikusten duzun beharrik handiena?
Euskal Herria oso herri bizia eta bitxia izan da beti. Dena dela, edozein herrialdetan dagoen bezainbesteko aniztasuna dago hemen, ez gara bereziki ezberdinak zentzu horretan. Alabaina, egia da Euskal Herrian korronte politiko handien eragina nabarmena izan dela; esate baterako, feminismoak potentzial izugarria dauka. Baina berriz ere diot, buruan eta teorizazioan gehiegi aritu gara eta gorputzaren ingurukoak ahaztu ditugu gehiegitan. Sinistuta nago gorputzaren inguruko ezagutzak eta jabetzeak potentzial politiko handia izan dezakeela, eta gurean horretaz jabetzea askapen prozesuetarako erabakigarria izan daitekeela.

LGTBQI kolektiboak eta feminismoak bat egiten duten une hori; zein da?
Nire ustetan gehiago elkartu beharko lirateke; iturburu errepresibo berbera konpartitzen dute, heteropatriarkatua, hain zuzen. Halere, oso bilakaera ezberdina izan dute. Emakumeen borroka batetik, homosexualitatearena bestetik eta transexualitatearena azkenik. Ordena honetan garatu dira aldarrikapenak, neurri batean itxarote-zerrendak eta hierarkiak izan badirelako.

Eskua emanda aritu beharko lirateke, beraz?
Jakina. Eta ez dut kritika modura esaten, azken batean, jendea gauzen alde mobilizatzen denean mugitzen dira gauzak, eta emakumeen aldeko borrokak jende asko mugiarazi du. Halere emakume/gizon kategoriak aldarrikatzea politikoki baliagarria izan badaiteke ere, nire ustez intersekzionalitateaz hitz egiten hasi behar gara. Aliantza horrek, beraz, horretan egin dezake indarra: nola egin dezakegun denborarekin binarismoa gainditzeko eta bestelako identitateak aldarrikatzeko.

LGTBQI, gero eta gehiago luzatzen den terminoa…
Ulergarria da guztiz. Pentsa, pertsonen baitan ordena guztietako maskulinoek eta femeninoek bat egiten dute: sozialek, kulturalek, endokrinoek, biologikoek… Horiek guztiek norbanako intersexualak garela adierazten digute, eta horrek ez du zerikusirik genitalitatearekin. Zentzu horretan, LGTBQI mugimendua kluster bat da. Akronimo horrek identitateaz eta orientazioaz hitz egiten digu: denborarekin adieraziz joan gara zer ari garen aldarrikatzen, eta aniztasun horri guztiari buruz hitz egiten dugu norbera nahi duen lekuan koka dadin.

Zein izan da Iruñean ireki berri duzuen bulegoaren ibilbidea?
Oso luzea izan da. Duela hamasei urte hasi ginen honen aldeko lanean Iruñean. Dena hasi zen EHGAMen geundenean LGTB zerbitzu baten beharraren inguruko eztabaida egin ondoren, Gomik eta biok Amsterdamera egin genuen bidaia batekin. Bagenekien han mugimendu asko ematen ari zirela. Egin kontu, udal igerilekuak igandeetan homosexualentzat irekitzen zituzten, elkargune bat izan zezaten, eta horrekin guztiz liluratu ginen. Handik etorri eta Kattalingorri bulegoa ireki genuen Iruñeko alde zaharrean. Hamasei urte pasatu dira eta oraingo honetan bulegoa martxan jartzeko lagundu diguten arte ez dugu izan inolako babes instituzionalik.

Honetan guztian, instituzioek zertan lagundu dezakete?
Bada, hasteko, publikoa dena esanahi berriz betetzen. Alor publikoa jendearen alorra da, ez gehiago eta ez gutxiago ere. Zentzu horretan udal baliabideak, hau da, jendearen baliabideak, LGTBQI komunitatearen esku uztea publikotasunari beste dimentsio bat gehitzea da. Pertsona horiek guztiak instituzioen zerbitzurik eta arretarik gabe egon dira, eta hori ez da zuzena. Edozein kasutan, ez da zerbitzu asistentzial bat bakarrik izango, gizarte osoari begirako kanpainak egin nahi ditugu. Erreferentzia sexologiko berria izan nahi dugu Iruñeko herritarrentzat.

Identitatea eta orientazioa

“Askotan gertatzen da identitatea eta orientazioa nahasten direla. Nire baitan elementu maskulinoak eta femeninoak aurkitzen ditut, ordena guztietako maskulino eta femeninoak, kontua da horiek nola bizi ditudan. Emakume femeninoa izateak –nolabait esatearren– ez zaitu heterosexual bihurtzen ezinbestean, eta alderantziz, gizon oso maskulinoak ezagutu ditut orientazio homosexuala dutenak”.

BENAT GACHEN LES BASCOS ELKARTEKO PRESIDENTEA: «Larrialdi egoeran ez, larritasuna arazo sozialetan dago»

Duela hamar urte sortu zen Les Bascos, Ipar Euskal Herrian LGTBen aldeko borrokan ari den elkartea. Larunbatean zuten ospakizun jaia Baionan, Elkarteen Etxean. Hori aitzakia harturik, sexu aukeren berdintasuna nola eta zertan den aztertzeko tartetxo bat hartu dugu historia irakasle honekin.

A Baiona le 17-04-2013.Conf de presse des "Bascos" (Be–at Gachen) sur le projet de mariage pour tous.

Zertan gaude sexu aukeren bazterketari dagokionez egun?

Ezkontza legeak erakutsi bezala, lege mailan gauzak aldatu dira, mentalitate mailan beste bat da egoera. Lan ikaragarria dugu egiteko horretan, pazientziaz, jendearekin hartu-emanean. Baionan ezkon gaitezke bi mutil, kalean eskua emanda ibili edota musuka aritu… Komunikabideek homosexualitatearen gaia konponduta egongo balitz bezala aurkezten dute eta errealitatea bestelakoa da. Alde sozialean ere badago zer egin, egoera ekonomiko zaila bizi duten gay eta lesbianak badirelako.

Beste aldarrikapen batzuk dituzten elkarteekin batera ikusten dugu maiz Les Bascos; hor zineten, adibidez, Ailleten aurkako martxan martxoaren 8an. Zer dela-eta hori?

Diskriminazio guztien aurka altxatzen dugu ahotsa; herritarrak gara, beste herritarrekin bizi garenak, eta gure borrokak haienarekin egin behar du bat, dela elkartasun arazoa, dela ilun aroaren aurkako borroka, dela diskriminazio arazoa sexismoagatik edota elbarritasunagatik… Egun, adibidez, etorkinen gaia jarri nahi dut mahai gainean; jarrera humanista da gurea. Ez gara alde horretatik arras LGBT mugimendu bat, nahiz eta gure partaideen %90 hala izan. Berdintasun balioek batzen gaituzte, ez sexu-aukerak. Azken hau oso garrantzitsua iruditzen zait indar populista batzuk kolektibo ezberdinok elkarren aurka jarri nahian dabiltzan garai hauetan. Horrexegatik sartu gara batzuk ezbaian jartzen duten laikotasunaren defentsan, sinetsita gaudelako balio horretan oinarrituta eraikiko dela elkarbizitza etorkizunean.

Duela bi urte ireki zenuten Txalaparta lokala Baionan. Zer nolako harrera izan du?

Dimentsio asko ditu lokalak: kulturala batetik, erakusketak, eztabaidak, egiten direlako; bizikidetzarena bestetik, topaleku bat delako; azkenik, zerbitzu soziala ere bada. Orientazio lana egiten dugu eta atakan daudenak beste egitura batzuetara bideratzen: sindikatuetara, ospitalera, abokatuarenera… Iaz egoera kezkagarriko 70 dosier kudeatu genituen. Gero eta gehiago daude. Ez dira denak zentzu hertsian LGTB dinamikak; hortik ere ondorioztatzen da diskriminazio egoera orokorki hartuz jarduteko premia.

Zein dira zuen esperientzia horretatik bazterketaren aurrean kolektiborik ahulenak?

Bi polo bereizten dira argi, batetik gazteak, bestetik adinekoak. Baditugu klandestinitatetik ateraz beren sexu-hautua onartu zutenak eta zahartu ahala atzera egin dutenak, zahar etxeak-eta ez daudelako dimentsio horretarako prestatuta. Hor benetako lana dago egiteko. Bestetik gazteak ditugu; hezkuntza sistema mamuta baita. Borondatea badago, kontzientzia ere bai, baina hortik gauzak egitera beti egoten da tarte handia. Gazteekin beraiekin ikastetxez ikastetxe lan egitea litzateke interesgarria; esperientzia batzuk burutu ditugu jada. Lizeoko ikasleekin talde bat osatu nahian gabiltza, uste baitugu ikasleek eurek hitza hartzeak beste eragin bat duela.

Zer bilakaera izan du klase politikoak LGTB eskaerekiko?

Hauteskunde guztietan mahai inguruak antolatzen ditugu, hautagaiak gure aldarrikapenekin sentsibiliza daitezen. Geuk aurre egin behar diogun errealitatetik lekutan bizi dira maiz ordezkari politikoak. Baionako alkateari, adibidez, hautagai zenean, diskriminazioaren aurkako batzordea sortzeko eskatu genion eta axuant bat izendatzeko. Hitzeman zuen eta bete du. Hemengo diputatuekin ere harremana dugu.

Larunbatean egin zenuten Baionako elkarteen egoitzan urteurreneko ospakizun jaia. Zer darabilzue orain esku artean?

Harrotasun martxa ekainaren 18an izango da, «eginarazi diezaiegun atzera beldurrei, aurrera eskubideei» ardatz duela. Beldurra aipatzean Estatu frantsesaren egoeraz ari gara, denaren beldur baita uneotan, eta bere baitan ixten ari da, atzera doa; eskubideek aurrera egin behar dutela esatean, berriz, ezkontza-lege mediatikotik harago doala kontua azpimarratu nahi dugu. Hor datoz presidentetza hauteskundeak 2017an eta ate guztiak, baita irekitzeko prest ez daudenak ere, jo beharko ditugu, tartean, Michel Alliot Marierena. Ez gaitu inoiz hartu nahi izan. Larrialdi egoerarik ez, arazo sozialei aterabidea aurkitzeko larritasuna dago, eta gurea horietako bat da.

Hona irakaslearentzako etxeko lana: aipatu azken hamar urteotan mugarri izandako hiru une.

Lehena, ezbairik gabe, elkartearen sorrera bera, mendi ibili hutsak ziren haiek berdintasunaren aldeko ibilaldi bihurtzen hasi baitziren pixkanaka. Bigarrena, nola ez, guztientzako ezkontza arautu zuen legea, eztabaida hark gure elkartea ezagutaraztea ahalbidetu baitzuen eta hari izaera militantea behin betiko ematea. Hirugarrena, duela bi urte Baionan Txalaparta lokala irekitzea izan zen, urrats horrekin elkarteari izaera soziala eman genion.

Les Bascos larrugorrian: 204 partaide, bi heren gizon

Batzuetan lortzen horren nekeza dena konplexurik gabe egin digu Beñat Gachenek: elkartea biluzi. Uneotan 204 kide direla dio, baina egunerokotasunean 40 bat dabiltzala, «leku guztietan bezala». Azterketa soziologikoa egiteko eskatuta, hagin zorrotzez heldu dio ogi gogorrari: gehienak 50 urtetik gorakoak dira; bi heren gizonezkoak, herena andreak. Egoitza Baionan dute; aurrekontua 60.000 eurokoa, nagusiki Txalaparta lokalaren zerbitzuetan joaten dena. Diru-laguntzek gastuen %18 estaltzen dute.

Hedapen geografikoaz galdetu diogunean zintzo erantzun digu: «Baditugu partaideak barnealdean, baina elkartea ez dago han errotua. Adar bat behar genuke sortu». Barnealdeko ekitaldietan, «normala den eran», jende gutxiago batzen da eta zio bat ere eman digu: «Eragozpena izaten du hainbatek gela nabarmenen batera etortzeko». Nerabeen etxea edo CPAM bezalako egitura zabalagoekin lan egitea ikusten du giltzarri Gachenek hor aurrera egiteko.G. M. Z.

ITSASO ANDUEZA. EGK-KO LEHENDAKARIA «Gazteok ere ari gara berdintasuna lantzen»

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak barne diagnostikoa aurkeztu du. Erakundea osatzen duten gazteek genero berdintasunaren inguruan zer ikuspegi duten jakin nahi izan dute azterketa horren bitartez.

ITSASO ANDUEZA EGK-KO LEHENDAKARIA

Argazkia: JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Berdintasun diagnostikoa egin du EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, erakundearen eguneroko jardunean eta gazteen elkartze eta partaidetza sareetan berdintasun plana txertatzeko. Ikerketa bat egin du erakundea osatzen duten gazteen artean. Itsaso Andueza lehendakariak azaldu duenez, «beharrezkoa» zuen horrelako lanketa bat egitea. «Garrantzitsua zen guretzat gazteoi zuzenean eragiten diguten zenbait arlo lantzen ditugun modu berean berdintasuna ere lantzea. Batez ere, gizarteak behar duelako».

Bi zatitan banatu dute diagnostikoa: alde batetik, erakundeko langileen arteko barne analisi bat egin dute, EGKren «kokapena hobetzea» xede duena. Bestetik, kontseilua bera osatzen duten elkarte eta taldeetako hainbat kideekin ikerketa bat egin dute. 16 eta 30 urte arteko 85 gaztek emakumeei eta generoari buruz eta sexu eta afektibitate aniztasunari buruz duten pertzepzioa aztertu dute. «60 bat elkartek osatzen dute EGK, eta askotarikoak dira, bai ideologia aldetik, bai helburu eta jarduera aldetik. Barne analisi bat da, finean; izan ere, elkarte horiek ere erakundearen parte dira», zehaztu du Anduezak.

Nabarmentzekoa da lehen aldiz neurtu dutela lesbiana, gay, transexual eta bisexualen kolektiboaren gaineko ikuspuntua. «Uste dugu zerikusi handia dutela, eta elkarrekin lantzeak baduela zentzurik». Bada, datuek erakutsi dutenez, «ezkutuko homofobia» uste baino handiagoa da. Galdegindako gazteen hamarretik bederatzik uste dute kolektiboarekiko «bereizketa ekintzak» badirela: gazteen %55 bulliyng edota iseken lekuko izan dira, eta %15, eraso fisikoena.

«LGTB kolektiboaren inguruko datu gutxi daude. Guk ikerketa bat proposatu dugu horren gainean, nola landu eta nondik jo erabakitzeko», azaldu du Anduezak. Era berean, kolektibo horren eskubideak bermatuko lituzkeen lege bat onartzeko eskatu dio erakundeak Eusko Legebiltzarrari.

Rolak eta estereotipoak

Galdegindako ia gazte guztiek genero rolak eta estereotipo sexistak oraindik badirela iritzi diote. Horrez gain, hamarretik ia bederatzik uste dute desberdintasunak daudela lan arloan gizonen eta emakumeen artean, eta azken horiek «egoera okerragoan» daudela lanpostu bat aurkitu ahal izateko, enplegua beste erantzukizun mota batzuekin uztartzeko, eta lanean eta bizitza politikoan erantzukizun karguak eskuratu ahal izateko.

Horren harira, emakumeek enpleguan aukera berdintasuna bermatu ahal izateko «ekintza positiboak indartu» egin behar direla uste du erakundeak. «Ekintza positiboak diogunean, esan nahi dugu berdintasuna bermatzen duten neurri guztien balioa nabarmenduko dugula. Berdintasuna denontzat ona dela ikusaraziko dugu, ez bakarrik emakumeentzat, baizik eta guztiontzat», azaldu du Anduezak.

Horretarako, kontzientziazio lana lagungarria bada ere, ez da aski, ikerketak azaldu duenez. Hori dela eta, Anduezak adierazi du proposamen eta neurri zehatzak egingo dizkietela erakunde publikoei: «Kontzientziazioarekin ez da aski. Neurri aktiboak behar dira. Gure ideia da urte amaierarako proposatzea neurri zehatz horiek erakunde publikoei».

Neurriak, halaber, genero indarkeriari aurre egiteko, adibidez. Izan ere, nahiz eta gaur egungo gazteek berdintasunari eta indarkeria matxistari buruzko ezagutzak badituzten, praktikan bestelakoa da egoera, datuek erakusten dutenez. Anduezak gogorarazi du kasu horietan gizartean onartuta dauden diskurtsoak errepikatzeak ez duela esan nahi diskurtso hori barneratuta dagoenik. «Genero indarkeriako kasuetan, deigarriena edo gehien ikusten dena da indarkeriaren erabilera fisikoa. Aldiz, horren azpitik dauden joera eta jarrerak ez dira askorentzat ikusgarriak, eta, ondorioz, ez dira lantzen».

«Espero ziren» emaitzak

Edonola ere, diagnostikoan azaldu diren emaitzak «espero zirela» aitortu du EGK-ko lehendakariak, eta azaldu du horrek erakusten duela «lan asko» dagoela egiteko oraindik ere. Hain zuzen, Anduezak adierazi du EGK-k eta erakundea osatzen duten elkarteek «elkarlanean» landuko dutela gaia. «Eratu genuen urteko plangintza ere aurkeztu genien elkarteei, diagnostikoarekin batera, eta asmoa da lantaldea hilabetean behin-edo deitzea eta elkarrekin antolatzea ekintzak aipatutako erronkei aurre egiteko».

Anduezak adierazi du «garrantzitsua» dela gazteen artean ere berdintasuna lantzea. Izan ere, sarritan haien jarrera «gutxietsi» egiten dela iritzi dio EGK-ko lehendakariak. «’Non daude gazteak?’, galdetzen dute askok sarritan. Gazteok bagaude, eta ari gara hau ere lantzen. Gazte asko ari dira elkarteetan askotariko gaiak lantzen, eta berdintasunarekin ere ari dira. Oso garrantzitsua da ikusaraztea gazteok ere honetan ari garela».

«Nafarroan, familia tradizionalari begira diseinatu izan dira genero politikak»

MERTXE LERANOZ. NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA

UPNren agintaldian galdutako autonomia berreskuratzeko bidean da Berdintasun Institutua. ‘Familia’ azpisailetik aterata, gizarte eragileekiko harremanetan sakondu nahi dute orain.

MERTXE LERANOZ. NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA

MERTXE LERANOZ

Genero ikuspegia administrazioaren esparru guztietara zabaltzea, mugimendu feministarekiko harremanak sendotzea eta legeak berdintasun irizpideen arabera moldatzea. «Hori ere aldaketa da», esan zuen Mertxe Leranozek (Iruñea, 1966), Nafarroako Gobernuak berdintasunaren alorrean dituen lan ildoak aurkeztu zituen egunean. Gauza asko egiteke daudela aitortzen duen arren, norabide onean doazela uste du Berdintasunerako Institutuko zuzendariak.

Genero kontuetan, Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat berdintasun lege berria ontzea izanen dela esan izan duzu. Zergatik da hain garrantzitsua?

Orain indarrean dagoen Berdintasun Legea zaharkitua dagoelako erabat. 2002. urtekoa da, eta, ordutik, aldaketa sakonak gertatu dira araudien esparruan, baina baita gizarte barruan ere: sexu jazarpen mota berriak ezagutzen ditugu orain, generoari lotutako kontzeptu berriak… Legea berritu behar da, garaietara egokitzeko. Hori egin aurretik, ordea, beharrezkoa izanen da gaur egungo egoeraren ikerketa bat garatzea, diagnostiko bat, eta horren gainean eraikiko dugu legearen egitura.

Berdintasunerako Institutuak eginen du lan hori?

Bai, baina gustatuko litzaiguke prozesua ahalik eta zabalena eta irekiena izatea: atea zabalik utzi nahi dugu, erakundeek, eragile sozialek eta bestelako elkarteek parte hartzeko aukera izan dezaten. Hori guztia, jakina, ezin dugu egun batetik bestera egin. Irailean hasiko gara, baina luze gabeko helburua da. Segur aski, 2016az gainera, 2017. urtea ere behar izanen dugu lana behar bezala bukatzeko. Ongi egin behar ditugu gauzak.

Diagnostikoa gizarteari, baina baita etxe barruan ere?

Bai, noski. Hori da gure lan ildoetako bat. Finean, gizartearen esparru guztiak ukitzen ditu generoak, eta administrazioaren sail guztietan eduki beharko luke isla: Hezkuntzan, Ekonomian, aurrekontuetan… Dena den, aitortu beharra daukat gobernu berria sartu baino lehenagotik ere abian zirela zenbait lan ildo, administrazio barruan genero ikuspegia txertatzeko. Esate baterako, genero berdintasunerako unitateak sortu ziren departamentu guztietan. Ongi egindako lan hori oinarritzat hartu eta indartu eginen dugu guk, unitate horiei egitura sendoagoa emanez, benetako transbertsaltasuna bermatze aldera.

Eragileen parte hartzea aipatu duzu, baina aurreko gobernuak hartu-eman eskasa izan zuen mugimendu feministarekin. Apurtutako zubiak berreraiki nahi dituzue?

Ehundura soziala sendotzea eta parte hartzea sustatzea da gure helburuetako bat, arlo horretan atzerapauso nabarmenak izan direlako. Azken legealdian, bereziki, galera handiak izan ziren. Galdutako harreman horiek guztiak berreskuratu behar ditugu, funtsezkotzat jotzen baitugu emakumeen elkarteekiko loturak indartzea. Besteak beste, 2012az geroztik eman gabeko diru laguntzak berrezarri ditugu: emakumeen elkarteentzako deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan generoari buruzko mintegiak antolatzeko diru partida, IPES elkarteari dagokiona… Horiez gainera, deialdi berria sortu dugu, LGTB kolektiboa laguntzeko. Eta laguntza ekonomikoez gainera, galdutako komunikazio bideak berregiten ari gara emakumeen elkarteekin.

Nekeza al da UPNk eraitsitakoa berriz altxatzea?

Edozein prozesu geldiarazten baduzu, gero lanak izanen dituzu berriz martxan jartzeko. Zergatik? Bada, ez diozulako gaiari helduko utzi zenuen toki beretik, atzerago joan behar duzu. Eta horixe gertatu da emakumeen aldeko mugimendu sozialarekin: izugarrizko egoera prekarioan egon dira azken urteetan, eta kostatuko zaigu kolaborazio giroa erabat berreskuratzea. Guk garrantzi handia eman diogu horri, eta aurrekontuak dira horren froga nagusia, genero berdintasuna sustatzeko ekintzetara bideratutako dirua %48 handitu delako. Hori esanda, hain zen apala abiapuntua, ezen edozein hobekuntza txikik sekulako aurreraurratsa baitirudi. Horregatik nabarmendu nahi dut asko dugula oraindik hobetzeko. Lehen harria jarri besterik ez dugu egin.

Martxoaren 8an, adierazpen instituzionala onartu zuen legebiltzarrak, baina «mugimendu feministarekiko elkartasuna» aipatzen zuen puntuaren kontra bozkatu zuen PPk. Zer iritzi duzu horri buruz?

Berdintasunaz hitz egitean, erraza da kontsentsua lortzea oinarri-oinarrizkoak diren kontuetan. Genero indarkerian, adibidez. Mundu guztia dago horren kontra, nola ez, eta, kontsentsu zabal horri esker, genero indarkeriaren kontrako legea aho batez onartu zuten parlamentuan. Baina zer gertatzen da oinarri-oinarrizkoa alde batera utzita, erroetara jo nahi dugunean? Bada, hortxe azaleratuko direla desadostasunak. Batzuek ez dute onartu nahi mugimendu feministak hamarkadak daramatzala berdintasuna aldarrikatzen, eta lan duin hori ezinbestekoa izan dela emakumeen eskubideen aldeko borrokan. Eta ez dute halakorik onartu nahi, uste dutelako orain arteko ereduari eta politikei aurpegia garbitzea nahikoa dela arazoa konpontzeko.

Beste eredu bat proposatzen duzue zuek.

Hori da. Indarkeriarena, adibidez, ez da ausaz gertatzen den gauza bat. Arrazoi zehatz batzuk daude erasoen atzean, matxismoa bermatzen duen egitura patriarkal oso bat. Eta, beraz, horri aurre egin nahi badiogu, sakoneko neurriak aplikatu beharko ditugu, berdintasun erreala bermatze aldera.

UPNk eta PPk «familiaren barruko balioen heziketa» aipatzen zuten euren adierazpenean, genero indarkeriari aurre egiteko bide bakar gisa…

Bai, eta oso esanguratsua da, berdintasunari buruzko ikuspegi zehatz bat islatzen duelako. Hemen, familia tradizionalari begira diseinatu izan dira genero politikak, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua bera da horren adibiderik garbiena. Aurreko legealdietan, Nafarroako Familia eta Berdintasun Institutua zen, eta Gizarte Eskubideen Departamentuko zerbitzu bat besterik ez zen, Familia izeneko sailaren barruan. Aurten, berriz, lehen lerroan jarri dugu institutua, eta garai batean zeukan izaera autonomoa itzuli diogu.

Institutuaz gain, zeintzuk dira gobernu berriaren lorpenak genero berdintasunaren alorrean?

Abortatzeko eskubidea bermatzea, adibidez, oso garrantzitsua izan da; baita Emakumeak Artatzeko zentroetan sakoneko aldaketak eragitea ere [Sexu eta Ugalketa Osasuneko zentroak dira orain]. Baina lorpenik garrantzitsuena, niretzat, parte hartzea sustatzea izan da. Herritarrak dira gobernuaren politiketan eragina izan beharko luketenak, eta ikuspuntu hori berreskuratu dugu. Hemendik aurrera, mekanismoak ezarri behar ditugu, herritarren parte hartze hori modu eraginkorrean gauzatu dadin.

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren bidean, administrazioen rola genero indarkeriaren kontrako kanpainetara mugatu dela uste al duzu?

Hein handi batean, bai. Emakumeen kontrako indarkeria errealitaterik lazgarriena eta ikusgarriena da, baina ez dugu ahaztu behar arazo orokorrago baten parte dela. Izozmendiaren tontorra. Egiturazko desberdintasunean eta diskriminazioan topatuko ditugu genero indarkeriaren erroak; beraz, arreta ondorioetan bakarrik jartzen badugu, nekez konponduko dugu arazoa. Transbertsaltasuna, parte hartzea, prebentzioa, heziketa, informazioa… Horiek dira gure lan ildo nagusiak, eta indarkeria matxistaren kontrako borroka ere hor kokatzen dugu, noski.

Indarkeria matxistaren banalizazio horretan, erantzukizun handia dute hedabideek ere…

Bai. Lehenik eta behin, istripu soilak balira bezala azaltzen dituzte erailketak, hiltzailea edo krimenaren izaera matxista aipatu gabe: «Emakume bat hil da, leihotik behera erorita». Bestalde, emakumeen kontrako indarkeria mota asko existitzen diren arren, bakarra islatzen dute hedabideek. Elkarrizketak egiten dizkidatenean, adibidez, molde berekoak izan ohi dira galdera guztiak: biktimak, salaketa kopurua, estatistikak… Hori guztia aipatu behar da, jakina, errealitate onargaitza eta mingarria delako, baina harago joan beharko genukeela uste dut, eta berdintasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean jarri.

Ez dirudi lan makala…

Izugarri zaila da, eta kostako zaigu joera eta inertzia zaharrak alboratzea, gizarte patriarkal batean bizi garelako. Baina gatazkaren benetako neurria ezagutzeko garaia da. Pernandoren egia botako dut orain: emakumeak gara herritarren erdiak, edo erdiak baino gehixeago. Beraz, diskriminazioa pairatzen dute herritarren erdiek! Zer gertatuko litzateke, bazterketa maila hori beste esparru edo kolektibo batera eramanez gero? Bada, hori barneratzen dugun unean hasiko gara auziaren benetako larritasuna ulertzen.

Bide onean al goaz?

Baietz esanen nuke… Argi dago ez gaudela orain dela hogei urteko egoera berean. Aurrerapausoak eman ditugu hainbat alorretan, eta agerikoa da. Baina aurrera urrats bakoitzaren ondotik, pribilegioak galdu nahi ez dituztenen erreakzio bortitza dator. Hortxe ditugu, esate baterako, sare sozialetan egunero ikus ditzakegun jarrera matxistak, eta abar. Izan ere, berdintasuna orokortzeak zenbait jarrera erradikalizatzea dakar. Hori azpimarratu zuen Nazio Batuen Erakundeak bere azken txostenean: emakumeak, oro har, egoera hobean bizi garela gaur egun, baina zenbait arlotan, ezberdintasunak areagotu egin direla.

Adibidez?

Bada, urrunera joan gabe: Nafarroan, enpleguan, estatistikek diote emakumeen egoera ona dela beste zenbait erkidegorekin alderatuta; baina era berean, gizonen eta emakumeen soldaten arteko arrakala handitu egin da.

NICOLAS LEPORT-LETEXIER. BETIEREKO INDULJENTZIAKO SERORA: “LGBT komunitatearen historia transmititu behar dugu”

Plazer handia hartzen du Nicolas Leport-Letexierrek, serora jantzia soinean, heteronormatibitatea zalantzan jartzen. Betiereko induljentziako serora izateko botoak eman zituen 2007an, LGBT komunitatearen historia transmititzeko engaiamendu militantea hartuz. 1979an San Frantziskon sortu mugimenduak 1.300 bat serora ditu gaur egun. Lau urtero egiten duten konklabea dute irailean Berlinen.

“Mozorroak erakartzen du eta diskurtso politikoarekin jendea ustekabean atzematen dugu. 35 urte eta gero, heteronorma eta patriarkatua galdekatzen eta inarrosten segitzen dugu”.

“Mozorroak erakartzen du eta diskurtso politikoarekin jendea ustekabean atzematen dugu. 35 urte eta gero, heteronorma eta patriarkatua galdekatzen eta inarrosten segitzen dugu”.

Erakartzen zintuzten.

Nire homosexualitatea onartu nuen garai horretan. LGBT komunitateak eraman borrokak deskubritzen hasi nintzen eta sekulako irakaspenak jaso nituen. Serorak bikainak iruditzen zitzaizkidan arren, ekintzen formak jenatzen ninduen, muturrekoegiak iduritzen zitzaizkidan. Berez ontsa ikasiriko mutil bat naizelako, kontsentsuan dagoena. Lagun baten suizidioa elektrotxokea izan zen eta aisetasunetik ateratzeko erabakia hartu nuen. 2006an hasi nuen prozesua eta urte bat berantago serora nintzen.

Agnostikoa da mugimendua.

Pobrea, agnostikoa eta barregarria; horra nolakoa den gurea. Erabat serioa eta aldi berean erabat zernahi da gurea. Ahalkea eta errua alde batera utzi eta bizipoza aldarrikatzen gabiltza.

Lehenak 1979ko Pazko astelehenez agertu ziren San Frantziskoko Castro gay eta lesbianen auzoan, metraileta arrosa faltsuak esku artean.

“Jainkoaren maitasuna eskuratzeko hil ezazu homosexual bat” errepikatzen zebilen Anita Bryant-en garai betean ginen, eskuin gogor kristaua arkaz zebilen. Testuinguru horri buruzko kritika zen. Aldi berean, LGBT komunitatearen barneko kritika ere bazen. Castro clone-n garaia zen eta ultragizonkeria matxista heteronormatu hori kritikatu nahi izan zuten. Heterozentrismoaren aurka zebiltzan Radical Faeries taldekoak ziren hamar ekintzailetarik zazpi.

Sekulako oihartzuna ukan zuen ekintzak.

Bai, lagun arteko txiste eroxka izan behar zuenak sekulako oihartzuna ukan zuen. Zulo bat betetzen zutela ohartu ziren berehala. Konturatu ziren seroraz janztearekin, andana batek betebehar espiritual bat gomendio uzten ziotela.

Hortik urte batera agertu zen hiesa.

Bai, oraindik hiesa deitzen ez zen gaitz beltz hori agertu zen. Laster erreakzionatu zuten; militante sutsuak izanki, sekulako komunikazio kanpainak eta eriei banatzeko diru bilketak hasi zituzten.

Seroraren itxurak indar handiagoa hartu zukeen.

Argi eta garbi. Elizak ez zituen hiesaz hildakoak ehorzten, “gayen minbiziaz” hilak zirelako. Drama ikaragarriak ziren, trauma handiak. San Frantziskoko gayen %70 zen hamar urtez hil! Sekulako hekatonbea, isilean gertaturikoa. Ronald Reaganek ez zuen behin ere bere kargualdian hiesa hitza ahoskatu. Kristauek zioten haien bekatuen ondorioa zutela, medikuek ez zuten deus proposatzeko eta politikarien iritziz, homosexualak, drogazaleak eta prostitutak ziren hunkiak eta horiek gabe pasa zitekeen jendartea. Serorei mutil lagunaren ehorzketa sinbolikoa egitea ala hil aitzin sinbolikoki ezkonaraztea galdatuz hurbiltzen zitzaizkien anitz.

Hamarkada izugarri beltza.

Horri guztiari izu-ikara giroa gehitu behar zaio. Ez genekien zer zen, ez eta nola atzematen zen. Doi bat emantzipazio eta askatasun lortu orduko, horra hor zorigaitza… Ez gara ohartzen zein heinetakoa izan zen traumatismoa. Homosexualen eskubideen aldeko borrokaren oinarrian dagoen grina bizipen horietan dugu kausitzen. Oso bortitza izan zen eta nonbait, oso aberatsa ere bai. Arrazoi pertsonalengatik, serora batzuk San Frantziskotik joan ziren eta komentuak sortu zituzten iristen ziren hirietan. Medikuntza-ikerkuntzan erien parte hartzea bultzatuko zuen borroka horrek ere. LGBT komunitateak eta batez ere Act Up taldeak zuen hori inposatu, urgentzian.

Hiesak aitzina segitzen du.

Garaian, Mendebaldeko gizon txuri pribilegiatuak ziren ezaxolakeria handienean hiltzen; horregatik zen azkenean erantzun bat eman. Izurriak segitzen du Afrikan, ezaxolakerian halaber. Hemen, etorkinak, ingurugiro ez pribilegiatuko gazteak eta emakume transexualak dira gehienik hunkiak; ez dira erakargarriak, ez da hiesa anitz aipatzen. Horregatik diot LGBT komunitatearen historia transmititu behar dugula, bai belaunaldi zaharraren onerako, baita gazteenaren onerako ere. Jakin dezagun ezaxolakeria handienean, gay belaunaldi oso bat hil zuela hiesak.

Zertan da jendarte heteronormatuari talka egitearen xedea?

Eragina testuinguruaren araberakoa da. Frantzia gisako herrietan, nazi eta katoliko integristez aparte, gayen partetik ditugu erreakzio bortitzenak, diote karikaturan garela eta guztiok ez garela lumadunak. Gay eta lesbiana horien umore eskasa kritikatzen segitzen dugu. Parisen inoiz ez gara bakarrik ateratzen, arriskutsua delako, San Frantziskon berriz ia instituzio bat gara. Baserri munduan berriz, horrelakorik izan litekeela ere ez dute imajinatzen. Usu ikuspen ezak baldintzatzen du tolerantzia, onartua izateko heteronormatua izan behar da baserri munduan. Bizi guztian subertsioaren bandera izatearen gogorik ez ukaitea ulertzen dut… Baina seroron betebeharra hori da. Mozorroak erakartzen du eta diskurtso politikoarekin jendea ustekabean atzematen dugu. Beraz bai, 35 urte eta gero, heteronorma eta patriarkatua galdekatzen eta inarrosten segitzen dugu.

Geneseko gailurrak markaturik

“Mugimendu altermundialistan nenbilen buru-belarri. Geneseko G-8aren gailurrean, Carlo Giulianiren erailketak izugarri inarrosi ninduen eta ohartu nintzen ez nintzela ideientzat hiltzeko prest. Nonbaitik ere, garai horretan Betiereko Induljentziako Serorak geroz eta gehiago gurutzatzen nituen manifestazioetan. Haienak funtzionatzen zuela ohartzen nintzen”.