Piknik-nudistatik EHGAM-en Gurutze-bidera

Zuzeu-tik hartuta

Ekintza antiklerikalak II: Piknik-nudistatik EHGAM-en Gurutze-bidera

Erdi Arotik ezagutzen badira ere, Trentoko Eliz-batzarraren ondoren hartu zuten indarra prozesio katolikoek, eta XVI. mendea geroztik Aste Santu guztietan izaten dira gure kaleetan elizkoiek kartsu eta besteok aihergatasunez bizi ditugun ospakizun erlijiosoak, asperraldiz ez bada.

Prozesio ateoei dagokienez, 80ko hamarkadan izan zuten indarra Euskal Herrian, Jon Martinez LarreakEHU-n egindako “Procesiones ateas y otras manifestaciones anticlericales en Euskal Herria durante los 80” lanak agertzen duenez. Bertatik Iruñeko kontuak ezagutu genituen atzo, eta Gasteizekoak hurrengorako utzita, gainontzeko Euskal Herria izango dugu hemen berbagai.

Piknik-nudistatik-EHGAM-en-Gurutze-bidera-220x368

Lehen ekintza antiklerikalak
Antiklerikaltzat har dezakegun lehenengoetako ekintza 1979an jazo zen Deustuko unibertsitatean, Jesuitetan. Tomate Rojo deituriko ikasle talde batek San Canuto ospatu zuen, eta elizkizun bat parodiatu zuten inauterietako tankeran. Deia egunkariaren arabera, ekitaldia, “prozesio baten parodia zen, ikur batzuk zituena eta panpina bat, Errektoretzaren aburuz, `gustu txarrekoa eta sexualitate makurrekoa´. Kandelen argitan, liturgia antzeko bat ospatu zuten, eliz-musikarekin. Errektoretzatik esan zutenez, `guzti horrek erakusten du egileen asmoa unibertsitateari zentsua ematen dion sinesmena laidoztatzea zela´”.

Gertakari hauen harira, makina bat ikasle zigortuak izan ziren eta, grebak eta beste izan ziren arren, berrogei ikasleri ekaineko azterketak egitea debekatu zieten.

Errektoretzak, El Correo egunkarian ikasleen gurasoek edo katolikoek sinatutako gutunek agertzen dutenez, babesa jaso zuen. MTL izeneko batek “eta irain-orde bezala”, unibertsitatean ekitaldi bat antolatzea proposatu zuen; “benetako Bilbori, katolizismoa arnasten duenari, fede erakustaldira batu” zedin luzatu zion deia.

Urte batzuk geroago, 1982an, eta Aita Santua Euskal Herrira zetorrela-eta, koordinadora batek (gay, feminista, ekologista eta antimilitaristez osatutakoa) ekitaldiak antolatu zituen Iruñea, Bilbo eta Donostian -Jainkogabeen jaiko afixa dakargu-. Azken hiri honetako alde zaharrean Bien Bebido izeneko parodia burutu zuten berrehun lagun inguruk, txaranga batekin kalejira egin eta eliz-kantuak abestuz, `Antipapa´ beraiekin zutela. Iruñean meza parodiatu zuten eta pegatina zein afixak jarri; bi gazte atxilotu zituzten horretan zebiltzala.

Gurutze-bidea
Ekitaldi antiklerikalak bizkor hedatu ziren Euskal Herrian zehar, hiri zein herrietan. Bilbon presentzia txikiagoa izan zuten, baina San Canutoz gain eta 1988ko prozesio ateo batetik aparte, EHGAM-ek Gurutze-bidea antolatu zuen 1986an. Asmoa, Joan Paulo II.ak homosexualitatea kondenatu izanari erantzutea, ondorengo aldarrikapenak eginda: sexu-orientazioagatik bereizketarik ez, norberaren gorputzaren autodeterminazio eskubidearen alde eta abortu libre, doan eta mugarik gabeko baten alde.

Gurutze-bidea Santiagoko Katedral parean bukatu zuten eta prozesio ateoen antzekoa izan zen. Bertara bilduak apaizez jantzita zeuden, buruan Aita Santua eta Ronald Reagan zirela, kontserbadoreen ikur bezala. Leloek sexuarekin zuten zerikusia: “Las monjitas también se acuestan juntitas”, adibidez. Urte batzuk geroago, talde berak apostasiaren aldeko ekimena jarri zuen abian.

EHGAM-en-Gurutze-bidetik-piknik-nudistetara-368x232

Ipar Euskal Herriari dagokionez, ez dugu ezagutzen ekintza antiklerikal handirik, baina Elizarekin oso kritiko izan direnen artean da Baionako Patxa mugimendua. Kas alternatibaren ordez Gin-Kas alternatiba proposatu zutenean, kontzertu areto bihurtu nahi izan zuten Baionako Katedrala.

Hiriez gain herriei erreparatuta, Portugaleten, Mendeku elkarteak prozesio ateoa egin zuen 1987an,“Cristianos a los leones” lelopean hauek ere -Iruindarrak bezala-. Apaiz urkatu bat zeramaten gurutzean eta apaiz zein moja mozorroak soinean; herrikideak asaldatu eta errepidea mozten ausartu ziren, poliziari aurre eginez.

Azkoitian, eta gaztetxearen aldeko borrokan, mugimendu garrantzitsu bat garatu zen eta honen baitan ekintza antiklerikalak egin zituzten, Gabonetako Belena eraso, kasu.

Altsasun, 1986ko Eguen Santu egunez, gurutze bat iltzatu zuten elizako atean buruz behera, eta udaletxeko leihoetako kristalak apurtu. Biharamunean, gazte batzuek oihuak bota zituzten prozesio ofizialaren kontra eta… su eman zioten elizako ateari!; okupa bat atxilotu zuten horregatik.

Zalantza barik ekintza gehiago ere izango ziren, baina hauexek dira aztertu dugun EHU-ko lanean ageri diren adibideak.

80ko hamarkada bukatzearekin prozesio ateoak ere desagertzen joan ziren, belaunaldi berri bat gehituta mugimendu sozialek indarra hartu ahala. Aldaketa garaia zetorren eta, egia esatera, ekitaldi antiklerikalak antolatzen zituzten taldeak nahiko informalak ziren, ibilbide laburrekoak.

Atzerago joz
Askoz atzerago eginda, Euskal Herrian aurki daiteke ekitaldi antiklerikal bitxiren bat edo beste, beti ere Martinez Larrearen lanak dioenaren arabera. 1903an Portugaleten, esaterako, istiluak izan ziren katoliko eta antiklerikalen artean, Begoñako Ama Bizkaiko zaindari izendatu zutela-eta; ehunka zauritu eta hildako bat izan zen!

Bukatzeko, bitxiena begitandu zaigun ekintza. 1934an, Bigarren Errepublikaren garaian, Isaac Puentek, Gasteizko katedral berriaren aurrean eta oraindik urbanizatu gabe zegoen eremu batean piknik-nudista egitea proposatu zuen; ondoan Las Ursulinas zegoen, neskato aberatsen ikastetxea.

Konturatuko zinetenez, Aste Santuaren aitzakian orainkarira ekarri ditugun ekintza antiklerikal guztiek ez dute harremanik egun hauekin, baina hauen artean ekintzarik ohikoena izaten da prozesio ateoa.

Francisen oroimenez, Ehgamek zebrabidea pintatu du homofobiaren aurka

zebrabidea2

 

http://errenteriagorria.blogspot.com.es/2014/07/manana-pintaran-en-errenteria-el-paso.html

 

zebrabidea 2014-16

 

Read more

GazteBurdela, inposatutako arauak hausteko topaketa

Euskal Herriko Gazteria Sexu Askapenerako Mugimenduak GazteBurdela topaketa iragarri du datorren martxoaren 24rako, Durangon. Antolatzaileen esanetan, ekimena «hausnarketa sakonetatik eta autokritika zorrotzetik» jaio da, «gay eta lesbiana erakunde erreformistek» historian zehar erabilitako «erakusleiho eta ghettoetatik» kanpo, eta bereziki gazteentzat dago zuzendua.

GazteBurdelak «sexualitate hautuetatik harago» joateko apustua egiten du, «sistemak gure bizimoduan inposatutako bizi eredua» irauliz.

Sexu askapenerako plataformaren esanetan, bizi eredu hori «normatan eraikitako sistema kontrolatzailea da», gure nortasunean txertatutakoa, azken batean, «askatasunez garena izateko aukerak bi patroi zurrunetara mugatuz».

Iraultza modu berriak

Errealitate horri aurre egiteko «borroka eta dinamika moldeak amaigabeak» izan daitezkeela diote Gaztehgam-ekoek, eta horregatik eta horretarako sortu dutela GazteBurdela: «Bi urterik behin bada ere, elkarte, eragile eta mugimenduok norma denak hausteko aukera izan dezagun».

Antolatzaileek Durangora martxoaren 24an gerturatzeko deia egin zuten, «Norma denak hautsiko ditugu!» lelopean. GazteBurdela «mugimenduaren arma» bihurtu nahi dute, «sistema honek debekatzen digun guztia euren muturren aurrean eginez» argitu dute.

 

Sexualitatea, etiketarik gabe

Ehunka herritar atera da Iruñeko karriketara, besta giroan askatasuna aldarrikatzeko eta Opus Deiko Nafarroako Unibertsitateak asteon generoari buruz egin kongresuari erantzuteko.

Atzoko sexu askatasunaren aldeko kalejiraren une bat. Herritar ugarik parte hartu zuen

Atzoko sexu askatasunaren aldeko kalejiraren une bat. Herritar ugarik parte hartu zuen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Aingerutxoak eta deabruak. Apaiz masokistak. Ileordeak eta kolorez betetako mozorroak. Besta giroa eta musika. Dena, sexu askatasunaren aldeko prozesio bitxia egiteko. Generanitza batzordeko kideek deituta, ehunka herritar atera zen atzo Iruñeko karriketara, nork bere gorputzarekin nahi duena egin dezakeela aldarrikatzeko; sexualitateak etiketarik ez duela ozen oihukatzeko; eta, batez ere, asteon Nafarroako hiriburuan Opus Deiko Nafarroako Unibertsitateak generoari buruz egin duen kongresuari erantzuna emateko. Erantzun sendoa, bai eta koloretsua ere.

Nafarroako Unibertsitateko kongresuko lehen jardunaldian, asteazkenean, jendeak aniztasuna ospatu arren ideologia hori ez dela serio hartu behar erran zuen Marguerite Peeters parte-hartzaileak. Belgikako Kulturaniztasunerako Eztabaida Sortzeko Elkarteko ikertzailea da. Emakumeen eta gizonen bokazioak eta nahiak naturalak eta jainkoak emandakoak direla gaineratu zuen.

«Ez nau harritu diskurtso horrek. Teoria eta borroka feministaren bidez lortu dugunaren kontra egin nahi dute». Horixe erran zuen Generanitza batzordeko kide Josune Irigoienek atzo, kalejirari hasiera eman aurretik. Salatu zuen kongresuak agerian utzi duen «diskurtso homofobo eta sexofoboa», eta aniztasunaren aldeko apustua egin zuen. Apustu hori berrestea izan zen atzoko ekimenaren xede nagusia.

12:15ean abiatu zen sexu askatasunaren aldeko kalejira. Herritar anitzen harridura piztu zuen atzoko manifestazioak. Kalejira zabaltzen zuen pankartaren atzean zegoen ortzadar koloreko banderak baten bat nahasi zuen. «Greenpeace taldekoen protesta bat al da?», galdetu zuen adineko gizon batek, kalejira martxan jarri bezain pronto.

Elizaren aurkako leloak

Klinika Unibertsitarioaren paretik pasatu zen kalejira abiatu bezain pronto. Ospitaleko leihoetan, buruan kapela jarrita zeukaten erizainek egiten zioten so manifestazio koloretsuari. Parte-hartzaileek Opus Deiren eta Elizaren aurkako oihuak bota zituzten ibilbide osoan. Pankartetan ageri ziren leloek, halaber, argi utzi zuten parte-hartzaileen aldarrikapena: Gizarte aske eta anitzaren alde eta Opus kanpora irakurtzen ahal zen pankartetan, bertzeak bertze.

Pio XII.aren etorbidetik Navas de Tolosarantz abiatu zen kalejira, eta handik, Gazteluko plazara. Han, ibilbide osoan errepikatutako leloek islatzen zuten mezuari eutsi zioten antolatzaileek, eta Opus Deiren botere politiko eta ekonomikoari, erakunde horren zientzia eta erlijio botereari aurre egiteko beharra azpimarratu zuten. «Feminismoak erakutsi digu sexua, generoa eta sexualitatea eraikuntza sozialak direla; ez dugu inolako etiketarik behar gozamena aldarrikatzeko».

Musikaren hotsak lagunduta hasi, eta modu berean amaitu zen kalejira. Bazkaria egin zuten gero. Hilaren 26ra bitarte, gainera, Jardunaldi Generanitzen eskutik, hainbat hitzaldi eta mintegi izanen da. Bihar, adibidez, trasnfeminismoari buruz ariko da Laura Bugalho, Zabaldin, 19:00etan.

Bikoteen Legea babestu zuten Eusko Legebiltzarreko taldeak saritu ditu EHGAMek; gotzainei, ordea, ‘Trapuzko Espartina’ eman die

Gay eta Lesbianen Egunaren kariaz, EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak ‘Urrezko Hirukia’ eta ‘Trapuzko Espartinak’ banatzen ditu. Gay eta lesbianen eskubideen defensa saritzen du Urrezko Hirukiak; Trapuzko Espartinek, berriz, jarrera homofoboak gaitzesten ditu. Bikoteen Legea babestu zuten Eusko Legebiltzarreko taldentzako izan da aurten saria —EAJ, EA, EB-IU, PSE-EE eta SArentzat—, eta Hego Euskal Herriko lau gotzainentzat gaitzespena.

Boko Bidebarrieta liburutegian egin da Urrezko Hirukiak eta Trapuzko Espartinak banatzeko ekitaldia. Urrezko Hirukia jasotzera Bikoteen Legearen eztabaidan ekimena babestu zuten talde parlamentario guztietako bozeramaileak joan dira; hau da, EAJko Elixabete Piñol, EAko Onintza Lasa, EB-IUko Kontxi Bilbao, PSE-EEko Gemma Zabaleta eta SAko Jone Goirizelaia. Gustura hartu dute bostek saria. EHGAMek esker ona azaldu die guztiei; Bikoteen Legea aurrera ateratzea lortu zutelako ez ezik, gay eta lesbianen eskubideen defentsan elkarrekin ados jartzea lortu zutelako. Jarrera homofoboen gaitzespena irudikatzen duen Trapuzko Espartinak, berriz, Hego Euskal Herriko lau gotzainentzat izan dira, hain zuzen ere, homosexualen berdintasunerako aurrerapausua den Bikoteen Legea onartu zenean, haren aurka agertu zirelako. Gotzainik ez da agertu, noski, Bidebarrietara espartinik jasotzera. Bestalde, gay eta lesbianen mugimenduak antolatuta, manifestazioak izango dira gaur arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, beren eguna ospatu eta aldarrikapenak plazaratzeko. 19:00etan abiatuko dira guztiak; Donostian Bulebarretik, Bilbon Zabalburutik, Iruñean autobus geltokitik eta Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazatik. Ipar Euskal Herrian, joan den larunbatean, Miarritzen, egin zuten gay eta lesbianek jendaurreko agerraldia.