Gazteluetako sexu erasoen auzia berriz irekitzeko eskatu dio sendiak Elizari

Aita santuarekiko «erabateko konfiantza» agertu du biktimaren aitak. Frantziskok berak ikertzea eta dituzten «frogak» ikustea nahi du

Opus Deik Leioan (Bizkaia) duen Gaztelueta ikastetxean ustez 2008an izan ziren sexu erasoen inguruko auzia berriz irekitzeko eskatu diote Eliza katolikoari. Abusua salatu duen gaztearen aitak Frantzisko aita santuari berari egin dio eskaera: «Berak iker dezala nahi dugu, eta ditugun froga guztiak ikus ditzala». Sinetsita dago, hala gertatuz gero, semearen ustezko erasotzailea zigortuko duela Elizak, «haren aurkako nahi beste froga» daudelako. «Erabateko konfiantza» dute aita santuarengan.

Gaztearen familiak Frantziskori jakinarazi zion geratutakoa. Joan diren Gabonetan jaso zuten erantzuna. Aita santuak postal bat bidali zien: elkartasuna adierazi zien, eta esan zien Fedearen Ikasbiderako Kongregazioaren esku ipiniko zuela auzia. Urriaren 12an jakinarazi zion Elizaren erakunde horrek Opus Deiri auzia itxi egin dutela, ez dutelako lortu ustezko abusuak frogatzerik.

Gaztearen aitak gogor salatu du erabakia. Ohartarazi du auzi kanonikoa zuzendu dutenek ustezko erasotzailearekin egin dutela berba, baina sekula ez biktimarekin. Aitortu du Fedearen Ikasbiderako Kongregazioak eskatuta Espainiako Gotzainen Biltzarrak bidalitako bi ordezkarirekin hitz egin zutela, baina «tranpa» egin zietela: «Abokaturik gabe egin genituen adierazpenak dira. Gainera Opus Deiko kide ere badira, beraz, haien esku hartzeak ez du baliorik». Mario Izeta Bilboko Elizbarrutiko gotzainaren aurka ere egin du berba. Dioenez, inoiz ez da eurekin hartu-emanetan jarri, eta «beti egon da ikastetxearen eta erasotzailearen alde».

Getxoko epaitegian jarritako kereilak aurrera jarraitzen du. Biktimari eta ustezko erasotzaileari deklarazioa hartu diete.