Ekhi Erremundegi Beloki
LGTB mugimenduak zahartzaroari buruzko gogoeta abiatu du. Bakardadearen beldurra, «hautazko familia», bizitegiak, hiesa… Dituzten kezketatik abiatuta, lan egin nahi dute gizartearen eta botere publikoen sentsibilizazioan, tabuak gainditu eta konponbide konkretuak proposatzeko.
Alain. 85 urte. Birgaitze zentro batean egon da denbora batez, etxean erori ondotik. 85 urterekin, bakarrik bizi da, alokairuan ordaintzen duen etxebizitza batean. Ez familiarik, ez lagunik; astean behin etxera heltzen zaion laguntzailea soilik; baina zangoen gainean altxatu eta salbatzeko inor ez. Pentsa daiteke bakarrik bizi diren adineko jende anitzen kasua dela. Baina, hilabete batzuk lehenago, karitatezko elkarte batek hots egin zion tarteka bisitatzera joatea proposatzeko. Ezetz erantzun zien Alainek; tarteka dei zezatela. Ezezko horren arrazoia azaldu du Francis Carrierek: «Ikusi bezain laster ulertu nuen homosexuala dela, eta, berehala, nire bikotea zain nuela erran nion, nihaur ere banaizela ulertaraziz. Geroztik, behin baino gehiagotan egon naiz berekin, eta erregularki bere etxera joan nadin onartu du». Grey Pride kolektiboaren sortzaile eta bultzatzaile nagusia da Carriere. «Galdera da: zergatik ukatu zien bisitatzeko aukera boluntarioei, eta niri gomita egin? Erantzuna argia da, niretzat: beldurra. Bere historia ulertuko ez luketen pertsonak bere intimitatera sartzen uzteko beldurra; defendatzeko gaitasunik gabe, bere kontra jar litekeen jende bati atea irekitzeko beldurra. Beldurragatik, autobazterketa eta bakardadea dira aterabide bakarra».
Helburu horrekin sortu dute Grey Pride kolektiboa. LGTBengan zahartzaroak sor ditzakeen kezkei erantzun eta zinezko aterabideen xerka hasteko. Frantziako elkarte andana sartu dira kolektiboan, baita Les Bascos ere, Ipar Euskal Herriko LGTB elkartea. Oraingoz, proiektua lantzen ari dira, ekintza konkretuak prestatzen hasi aitzin.
Bakartzearen kontra borrokatzen den Frantziako elkarte bateko kide izan da urteetan Carrier. Horrela ezagutu zuen Alain; horrela etorri zitzaion «zerbait» egin behar zen ideia. «Homosexualen zahartzaroa ez da aipatzen den gai bat; LGTB mugimenduak ere ez du gogoetarik horren inguruan, edo arras gutxi. Atzerrian badira ekintzak hainbat herritan, baina Frantzian, deus ez». Beste herrietan zer egiten den begiratu eta egin lezaketenaz gogoetan hasi ziren, Grey Pride kolektiboa sortu zutenean.
Baina ba ote da desberdintasunik adineko heterosexualen eta homosexualen artean? Cyril Do Vale Les Bascos elkarteko kideak argi du baietz. Laguntzaile soziala da, Elbarrituen Departamenduko Etxean. «Zaharren sexualitatea —elbarrituena bezala, funtsean—, tabu bat da, eta homosexualitatea sexualitatearen ikuspegitik aipatzen da gehienetan. Ondorioz, homosexualen zahartzaroa ez da aipatzen». Do Valeren hitzetan, homosexualitatea bera gai «berria» da; orain dela gutxi hasi dira botere publikoak horri buruz lanketa bat izaten. Eta Frantzian ezkontza eskubidea zabaltzeak ekarri dituen gatazkak ikusi besterik ez dago sortzen dituen zailtasunez ohartzeko. Iritzi berekoa da Carrier. Zahar etxeetan eta bestelako egituretan sexualitatea ez dela aipatzen dio hark ere, eta, beraz, ez dela kontuan hartzen. «Sexualitatea gordetzea norbere bizia gordetzea da, norbere historia gordetzea: norekin bizi izan garen, zer harreman izan dugun…». Gehienak «armairura» itzultzen direla dio, eta berriro atera ez: «Isiltasunera itzultzen dira». Grey Pride kolektiboa sortzearekin batera ireki duten webgunean, adinekoen lekukotasunak biltzen saiatu dira. Gogora ekarri du Suitzako gizon baten lekukotasuna: «Hiru aukera dituzu: heterosexuala bilakatu, zeure buruaz beste egin, edo borrokatu; baina, adinaren ahultasunarekin, zaila da borrokatzea».
Gogoeta orokorra
Barne lanketa abiatua dute Les Bascos elkartean ere. Aurtengo ikasturtetik aitzina izanen duten lan ildo nagusietako bat izanen da. Vieillir sans tabou (taburik gabe zahartu) erakusketa atxiki zuten Baionako Txalaparta egoitzan, eta elkarteko kideen artean ere galdeketa bat zabaldu dute, gaiaren inguruan «tenperatura» hartzeko. Erantzunak argiak dira: zahartzaroa kezka iturri da Ipar Euskal Herriko LGTB mugimenduko kide anitzentzat.
Galdetegiari egindako erantzunen arabera, beren zahartzeak bezala (%46,5) ingurukoen zahartzeak ere anitz kezkatzen ditu (%60,8). «Familia batean gurasoak zaintzeko tenorea heltzen denean, seme-alaba homosexualarengana joko da anitzetan», Do Valeren hitzetan. «Denek dakigu homosexualak sentiberagoak garela», dio, ironiaz; izan ere, anitzek familiarik osatu ez dutenez «libreago» daudela pentsatzen dela azaldu du.
Baina, familiarik osatu ez dutenentzat, norbere zahartzaroa ere kezka iturri da. Lehen galdera da: «Nor arduratuko da nitaz?». «Homosexualen kasuan mahai gaineratzen diren galderetako bat da ea nor den erantzule legitimo, pertsona batek bere gaitasunak galtzen dituenean. Epaile bat anai-arreben, lehengusuen eta abarren bila has daiteke, baina haiekin harremana galdua badu, haiek al dira pertsona horren bizitzari buruzko erabakiak hartzeko egokienak? Ez ote da zabaltzen ahal familia eta hurbilekoen kontzeptu hori? Anai-arrebekin harremana moztua badugu, baina bizitza guztia pertsona berarekin pasatu badugu… Non da familia? Homosexualitatearen gaia aipatzean, ezinbestean familiaren oinarria mugitzen dugu. Zer da familia? Zer da lagun sarea? Nola osatzen da? Eta guk nola bukatu nahi dugu gure bizia? Gure familiarekin bukatu nahi dugu, ala gure lagun sarearekin?».
Hego Euskal Herrian, bai Gehituk eta bai EHGAMek barne gogoetak egin izan dituzte, baina sekula gaiari heldu gabe. «Orain dela urte batzuk, barne batzorde bat osatu genuen, baina geroztik ez da askorik aurreratu. Lanketa ideologikoa izan zen bereziki, elkartearen jarrera finkatzeko», azaldu du Joxean Zapiain Gehituko kideak. Haien ustez, administrazioaren ardura da sor daitezkeen arazoei konponbidea ematea, eta, beraz, haiei bideratu diete aldarrikapena. Hala ere, onartu du ez dela bereziki «gehien» lantzen duten gaia. EHGAMen ere elkarrizketa «informalak» dituztela esplikatu du Imanol Alvarezek; nahiz eta kezka egon, onartu du oraindik ez diotela gaiari heldu. Grey Pride kolektiboak azaleratutako arazo berak ikusi dituzte Bai Alvarezek eta bai Zapiainek: bakartzea, autobaztertzea, formakuntza falta, eta abar.
Bilbokoa da egitasmo ezagun bakarra. Aldarte lesbianen kolektiboak bultzatuta sortu dute Zaharrok elkartea, baina beste taldeetako jendeak ere parte hartzen du. Horien artean da Jose Ignacio Sanchez, EHGAMeko kidea. «Madrilera egin genuen bidaia batean, 26D taldea ezagutu genuen, Madrilen bertan adineko gay eta lesbianei harrera egiteko egoitza bat sortzeko asmoarekin ari zena. Guk ere Euskal Herrian zerbait egin behar genuela erabaki genuen». Zaharrok talde «independentea» dela dio, nahiz eta Aldarteri oso lotua egon. Gaur egun gogoeta prozesu batean daudela azaldu du. «Azkenaldian, bospasei adineko behintzat hurbildu zaizkigu, sekula armairutik atera ez direnak. Zer funtzio izan behar dugu, horiei laguntzea? Ala kalera irten behar dugu pankartekin, adinekoentzat baliabideak eskatzera? Gogoeta prozesu hori aurrera eramaten ari gara». Uste dute heldu den urtarrilean prest edukiko dutela proiektua.
Madrilgo 26D taldea bezala, Grey Pride kolektiboa ere bizitegi partekatuaren ideia lantzen hasi da. «Gaur egun, badira iniziatiba andana bat etxebizitza partekatuari buruz. Osasun Ministerioa horiek zerrendatzeko lan bat egiten ari da, eta LGTB mugimenduan ere lan horretan hasi gara, ikusteko ba ote dugun zerbait berritzailea aurkitzeko modurik arlo horretan, gure kideen arteko anitzek duten eskaera bat baita. Helburua ez da soilik homosexualentzat diren egiturak sortzea, homosexualak errespetatuko dituen publiko zabalarentzako egiturak baizik», azaldu du Philippe Casenave gizarte langile eta Les Bascoseko kideak. «Bi lan ditugu aurrean. Batetik, gure publikoarentzat espezifikoak diren elementuak argitzea. Baina landuko dugun gai anitz baliagarriak dira jendarte guziarentzat».
Prestakuntza
Emakume bikote bati gertatutakoa dakarte Grey Priden webgunean. Biak alzheimerrak joak ziren, eta erizain bat etortzen zitzaien etxera laguntzera. Bietako bat erizainarekin ligatu nahian hasi zen, behin eta berriz, erizainak alde egitea erabaki arte. Do Valek argi du egoera hori saihets litekeela. «Erizain emazte bat formatua izanen da agure zahar baten lizunkeriak entzun eta gibelapena hartzeko, baina, emazte bat hasten bazaio, anitzetan ez du jakinen nola erreakzionatu». Gizarte langileen eta erizainen formakuntza dute jomugan. «Gai horretan engaiatuak diren elkarteek parte har dezakete profesionalekin sentsibilizazio lana eginez», esan du Casenavek.
Transexualitatearen inguruan nola erreakzionatu jakiteko ere trebakuntza beharko litzatekeela uste dute Les Bascoseko kideek. «Transexualitatea ez da eritasun bat, baina sor ditzakeen sufrimenduak araberan tratatu behar dira. Era berean, ez da orokortu behar: badira biziki ongi bizi diren transexualak ere, arazorik ez dutenak. Erizain batentzat hasieran bitxia izanen da, baina berak ere jakin behar du egoera guztietarik izan dezakeela, eta bakoitzaren aitzinean nola erreakzionatu. Lehen egitekoa da bakoitzak ditugun irudikapenak deseraikitzea; familiaren, sexualitatearen, eta homosexualitatearen gure irudi propioak eraiki behar ditugu», nabarmendu du Cyril Do Valek.
Hiesaren gaiari begira ere sentsibilizazio beharra ikusten dute. «Aurten betetzen dira hogei urte triterapia hasi zela. Hiesarekin zahartzen ahalko zirela erran zitzaien lehen belaunaldia da. Hilko zirela uste zutenean, bizi proiektuak egiten hasi behar izan zuten», gogoratu du Casenavek. Tratamendua biziki gogorra da, gorputzean eragin handia duena. «Baina bereziki lantzekoa da zer eragin izan duen pertsonaren bizian, lan arloan, harremanetan… Badakigu hiesa dutenak, gaur egun oraindik, aski bakartuak direla, beren lana gal dezaketela… Baina bereziki, nola zahartuko diren da kezka nagusia. Nehork ezin dezake irudika nola zahartzen den hiesarekin, nehor ez delako oraindik hiesarekin zahartu».