Ondarroako herritarrek Ekai gazte transexuala agurtu dute

Chrysallis EH elkarteak deituta, Ondarroako herritarrek «gero arte» esan diote Ekairi, aste honetan hilik aurkitu zuten 16 urteko gazte transexuala. Ehunka lagun batu dira ‘Ekai maite zaitugu’ zioen pankarta baten aurrean, 15 minutuz, Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ abestiak soilik hautsi duen isiltasun batek lagunduta.

Ehunka lagun batu dira Ondarroan Ekai gazte transexualari azken agurra emateko. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Ehunka herritarrek «maite zaitugu» esan nahi izan diote azken aldiz Ekai transexual ondarrutarrari, ostegunean hilik aurkitu zuten 16 urteko gaztea. Chrysallis EH elkarteak deituta, Ondarroako herritarrek gaztea agurtu dute, larunbat arratsaldean egin den elkarretaratzean.

15 minututan luzatu da elkarretaratzea, isiltasunean. ‘Ekai maite zaitugu’ zioen pankarta bat eta kandelaz osatutako bihotzak osatzen zuten elkarretaratzearen lehen lerroa. Une hunkigarriena Ekairen gurasoak zerbait aurreratu direnean iritsi da, bozgoragailuetatik Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ abestia entzungai zegoen bitartean.

Senide eta lagunei babesa erakustearekin batera, «aurrera begira lanean jarraitzeko beharra» azpimarratu du Ondarroako Udalak. «Azken egun zail hauetan, euren bihotz onez lanean aritu diren herritar eta elkarteei bere esker ona adierazi die udalak, eta bereziki transfobiaren kontra eta gorputz eta identitate aniztasunaren alde lanean ari direnen jarrera txalotu».

Zentzu horretan, Ekairen heriotza «alperrik izan ez dadin» Ondarroako Udalak «aurrerantzean ere bere esku dagoen guztia» egingo duela nabarmen du. «Maite zaitugu», errepikatu du Udalak.

«Ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatu nahi du Zinegoak jaialdiak

Sexu, identitate eta genero aniztasuna lantzen duten jaialdietan erreferente bilakatzen ari da Zinegoak eta, aurten, «ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatuz abiatuko du 2018ko edizioa. Otsailaren 19tik martxoaren 4ra bitartean burutuko da jaialdia eta Emilie Jouvet zinemagile frantsesak jasoko du Ohorezko Saria.

ATARIKOAK

Zinegoak abiatu aurretik, otsailaren 14an hasita «3, 2, 1… Zinegoak!» ekitaldi sorta ere antolatu dute. Besteak beste, Guggenheim museoan edota Bilborocken izango dira ekintzak.

 

Zinegoak-eko lantaldeak atzo aurkeztu zituen prentsaurrekoan XV. edizioak ekarriko dituen nobedade eta proposamenak. Sexu, identitate eta genero aniztasuna lantzen dituen zinema jaialdi bilbotarra bere alorrean erreferente bilakatzen ari da eta aurtengo edizioa otsailaren 19an hasi eta martxoaren 4an amaituko da.

Prentsaren aurrean azaldu zutenez, programazioaren alderik indartsuena lehenengo astekoa izango da, egun horietan emango baitira lehiaketan parte hartuko duten filmen lehen paseak eta bigarren astean, aldiz, film emanaldien errepikapenak eta jarduera osagarriek hartuko dute nagusitasuna. Guztira, 135 emanaldi eta jarduera inguru izango dira.

Zinegoak-eko zuzendari Pau Guillenek azaldu zuenaren arabera, edizio honetan «ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatzea izango dute xede: «Gure ideia nagusia da ezberdintasunek norbanako egiten gaituztela, eta maitatzeko moduak, gure identitatea adierazteko moduak eta gure sexualitateaz gozatzeko moduak ezin dutela mugatuta egon arau sozial edo estetikoengatik».

Aldarrikapen hori jaialdiaren hastapenetik presente egon dela ere baieztatu zuen Guillenek eta kartelaren ilustrazioa edota emango diren lanak hautatzeko orduan irizpide hori ere kontuan hartu dutela zehaztu zuen. Baita Ohorezko Saria Emilie Jouvet-i ematea erabakitzeko unean ere. Izan ere, zinemagile frantsesak intimitatea eta gorputza borrokarako eta militantziarako tresna bihurtu ditu, zinemaren eta argazkigintzaren bidez. «Artista konprometitua eta ausarta da, gai unibertsalekiko joera du, eta borroka itzela egin du Iraultza Frantsesaren ondorioz sortutako 1789ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala bertan behera uzteko eta horren ordez Queer Iraultzaren ondorioz sortutako ‘Ezberdintasun Aberasgarriak ditugun Herritar guztien Aldarrikapen Unibertsala’ ezartzeko», nabarmendu zuten Zinegoaketik saria Jouveti emango ziotela iragarri zutenean.

Estreinaldiak

Programazioaren alorrean estatu espainolaren mailako hogeita bi estreinaldi izango direla nabarmendu zuten eta, horrez gain, Europa mailako hiru eta mundu mailako bi ere izango direla goraipatu zuten: “Nove de Novembro”, Lazaro Louzaoren lehen lana, galegoz filmatu den lehen LGTB pelikula; eta “Enfemme”, Alba Barbe i Serra zuzendariaren lana, crossdressing munduaz jarduten dena.

Film horien berri ematera etorriko dira Bilbora hogei gonbidatutik gora, eta, «horrela, publikoak aukera izango du sortzaileekin zuzen-zuzenean hartu-emana izateko».

Horrez gainera, jaialdiaren ohiko atalak ere izango dira: film laburren arloa garatuko du Begiradak atalak, Narratiba Berriak izen berriarekin abiatuko da Off atala eta Argitutako Klasiko Ezkutuen zikloa ere izango da. Bilgunen, bere aldetik, bi gai nagusi landuko dira: memoria historikoa –Federico Garcia Lorcaren erailketaren inguruan ariko dira– eta pinkwashing izeneko kontzeptuaren inguruko eztabaida. Amaitzeko Zinegoak-etik eskerrak eman zizkieten Zinegoak Hedapenean parte hartu duten udalerri guztiei. «Gero eta interes handiagoa dago zinema eta kultura hirigune handietatik kanpo eramateko. Aurten Euskal Herriko 40 udalerritara helduko da Zinegoak, 50 proiekziorekin», nabarmendu zuen Oneka Alvarez Zinegoak Hedapeneko koordinatzaileak.

Zinegoak abiatu aurretik, otsailaren 14tik aurrera “3, 2, 1… Zinegoak!” ekitaldi sorta izango da zenbait erakunderekin elkarlanean: Guggenheim museoa, Pikara Magazine, Sare Lesbianista, BBK Aretoa eta abar. Azken horretan, Emilie Jouveten “Aria” lana proiektatuko da.

Sarah Spatzek eta Juanita Urbinak jasandako eguneroko bazterkeria

Transexualitatearen inguruko jardunaldiak aitzakia hartuta, beraien egunerokoa hurbilarazteko prestu agertu ziren. Biolentzia, marjinazio eta mespretxua behin eta berriz topatu dituzte, bai Brasilen eta bai Nikaraguan, baina gure gizartean ere bai. Generoa deseirakitzea onarpenaren aurreneko pausoa delakoan daude.

Aske bizi zarete?», galdetu nien, eta Sarah Spatz brasildarrak honakoa erantzun zuen: «Nire heriotza erabaki dezaket; beraz, bai». Ez da edonolako erantzuna, bizitza islatzen duen horietarikoa da. «Komunera joate hutsa tortura moduko bat da guretzat», onartu zuen Juanita Urbinak. Begiraden lekuko dira, begirada soil horiek direlarik jaso ditzaketen mespretxuzko jarrera leunenak.

Ez da erraza oraindik ere bulbarik gabe jaio diren emakume edo zakilik gabe jaio diren gizonen egunerokoa. Heteronormetatik at egote horrek gizartetik apartatzera eramaten ditu, pentsa genezakeen mugak gainditzeraino; hilketak, kasu.

Transexualitatearekin lotutako hilketek mundu osoan dute lekua, baina hor bada nabarmentzen den herrialde bat: Brasil. Mundu guztian hiltzen dituzten transexualen erdiak hiltzen dituzte Latinoamerikako LGTBI+ elkarte handiena duen herrialdean. Sanba erritmo eta kolore biziekin apainduriko herrialdeak ez du oraindik barneratu emakume guztiek ez dutela zertan bulbarik izan edo alderantziz.

Bertakoa da Sarah Spatz, estatu espainolean asilo egoeran dagoen transexuala. Brasiletik Europarantz egin zuen ihes, lehendabizi Portugalera zehazki. Brasil Portugalen kolonia ohia izanik, harreman estuan jarraitzen dute, eta hamar urterako baimendua zeukan Portugalen egotea. Amaitu zitzaion arte. «Orduan, herrialdetik irtetera ‘gonbidatu’ ninduten, beraiek bota aurretik. Vigora igotzea erabaki nuen, bizikletan», azaltzen du brasildarrak, normaltasun osoz. «Nire bizitzako abentura onena izan zen udara hartan egin nuena», dio algaraka, egoera gogorretan ere umorea ezinbestekoa dela gogoraraziz.

Vigora iritsi arte. Hainbestetan errepikatu duten tratu bidegabearen adibidea azaleratzen saiatu da. Poliziaren identifikazio eskaria jasoaz batera, NAN edo pasaportea erakutsi, eta migrantea izateaz gain, zurekin bat ez datorren generokoa zalera azaldu beharra. Nahikoa komisariara eramateko. «Jangela sozialetik irtetean gertatu zitzaidan», gaineratu du Spatzek. Eta hor hasten da buruhaustea komisarian: nork erregistratu? «Bertan zegoen emakume batek uko egin zion, berak ez zuela gizon bat erregistratuko esanaz». Biolentziak lagundu zion mespretxuzko jarrerari, eta herrialde “aurrerakoia” izan arren, transexualitatearen kasuan atzerakoiak garela ziurtatu zuen. «Desberdintasun bakarra da disimulatua dela, baina okerragoa izan daiteke honako jarrera hau», ohartarazi du brasildarrak.

Dena den, ulertzen du jendearen harridura-begirada jasotzea eta freskagarri marka baten adibidera jo du: «Gorri eta zuria den lata txuri-urdinez ikusiz gero, denok harrituko ginateke; bada, horrelako zerbait da, eta ulertu nezake». Baina puntu horretaraino, ez gehiago.

 

Biolentzia

Begirada arrotz batetik biolentziara igaro daitekeelako. Ondo dakite Urbinak eta Spatzek. Biek jasan dute indarkeria, nahiz eta nikaraguarrak azaltzen duen inoiz ez duela bere bizitza arriskuan ikusi, «Sarahk legez, baina gogoratzen dut nola gizonek gerrikoa kendu, beraien eskuan batu eta gerrikoaren belarria zintzilikatuta, kolpe galanta besterik ez nuela sentitzen».

«Astebetez koman egon nintzen», jarraitu du brasildarrak. Bere urtebetetzean pasatu zen guztia, 2005eko martxoan. «Erosketak egitera irten nintzen, eliza ebanjeliko baten inguruan aurkitzen zen supermerkatura, eta bertatik pasatzean, elizatik irten zirenen oihuak jasan behar izan nituen. Bat-batean niregana zentozen eta korrika hasi nintzen, hankan tiro bat jaso nuen arte. Lurrera erori eta jipoi galanta jaso nuen». Nabari zaio urduritasun ttantta bat: hortzik gabe geratu zen, buru barruan odol-batua eduki zuen eta, ondorioz, ebakuntza arriskutsu bat egin behar izan zioten garunera zabal ez zedin, saihets-hezurrak apurtu zizkioten eta beste zenbait lesio. «Bizkarrezurra guztiz zuzen ipintzea lortu nuenerako, hiru hilabete igaro ziren». Atera kontuak. Gainera, azaleratu nahi izan zuen, lurrean botata zegoela, zauriturik, orduak pasatu zirela azkenean poliziaren kotxe batek ospitalera eraman zuen arte, «paretik igarotzen ziren bizilagunek muzin egin ostean».

2016an 144 transexual hil zituzten Brasilen, eta LGBTI+ komunitateko 343 hilketa erregistratu ziren, hau da, hilketa bat 28 orduko. Eta 2017ko martxora bitartean 77 hilketa jaso ziren genero diskriminazioagatik.

Nikaraguara begira jarri gara orduan, alderatze aldera. Juanita Urbinak aitortu du, gaur-gaurkoz –azaroaren 30era bitartean– 48 transexual hil zituztela eta 58k biziraun zutela. Hau da, gutxienez 106 transexualek jasan zuten indarkeria. Gutxienez, zifra horiek salaturiko kasuei dagozkielako eta asko eta asko salatu gabe geratzen direlako.

Spatzek berak ere ez zuen salatu. Batetik, jende andana izanik, ezin izan zuelako inor identifikatu eta, bestetik, identifikatuz gero ere komisarian ohartarazi zioten prozedura horren bitartez salatuak bere informazio guztia eskuratuko lukeela, eta beraz arriskua areagotuko litzatekeela. Horiek horrela, aukera bakarra Brasiletik ihes egitea zela ikusi zuen. Eta orain, asilo egoeraren aurreneko fasea amaitzear aurkitzen da.

Hiru hilabete besterik ez ditu bere kabuz alokairu bat aurkitzeko, orain arte CEARen (Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea) babespean egon baita Madrilen bizitzen: «Aurreneko fasean, egokitzapen prozedura denez, Batzordeak laguntzen dizu, zure egoera berdinean, hau da, errefuxiatu legez, dauden pertsonekin bizitzen –beraiek esandako lekuan–, baina jada iraungi da epea eta nire kabuz bizitzen hasi behar naiz». Gipuzkoa gogoko du, Gehitu (+tu) plataformak hasieratik eskainitako laguntzarengatik –identitate sexualagatiko edozein motatako diskriminazioagatik aholkularitza eskaintzen dute–, baina ez dauka lan kontraturik eta hori barik Barne Ministerioak ez dio Madriletik mugitzea baimentzen. «Madrilen geratuz gero urtebetez ekonomikoki laguntzen naute», argitu du.

Marjinazioa

Marjinatze egoera oro jasaten dute ohiko egunerokoan eta situazio deseroso horiek apurtzen joateko izen sozialaren onarpenaren giltzarria plazaratu dute, edozein prozesutarako baliagarri suertatzen baita: hezkuntza arloan hasi, lanerako edota kaleko edozein jardueratarako.

«Transexualen gehiengoa analfabetoa da –zehaztu du Urbinak–, Lehen Hezkuntza bukatzeko eskubiderik ere ez daukagu». «Hezkuntzarako eskubidea ukatzen zaigu aparientzia hutsagatik, zeren eta ikastetxe publiko batera gizon jantzita joan behar duzu zure nortasun agirian Juan Carlos izena ipintzen duelako, eta ez Juanita».

Hezkuntza eta lan egiteko eskubide hutsa denok daukagula esan ohi da askotan, harrotasunez. Baina Urbina Nikaraguako kasua aztertzen dabil Gizarte Lanen ikasketaren azken kurtsoa bukatzeko zorian dagoela: «Genero adierazpen nabarmena izatea biolentzia pizten duen aurreneko bidea da, argi eta garbi. Eta hezkuntza sistemaren argumentazioak kristautasunaren morala du oinarri, erakundeen lege edo eskolako estatutuak defendatu beharrean».

«Egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi da gehiengoa, eta portzentaje handienak apaindegietan lan egiten du, baina menpekotasunean». Nikaraguako paisaiaren deskribapena egiten hasi da Urbina. Adierazi duenez, desberdintasun ugari daude bizilekuaren arabera. Esaterako, ez da berdina Nagaroten –bere bizitokian– emakume trans izatea edo hiriburuan; edota, iparraldean edo herrialdeko Karibe kostaldean: «Trans izateaz gain beltza, txiroa edota indigena izateagatik diskriminatzen dute Karibe kostaldean; iparraldean, txiroa, nekazaria edo hizkera ezberdina edukitzeagatik. Bazterkeria anizkoitza dago».

«2017an osasun arloko profesionalek identitate arazoak ditugun pertsona bezala hartzen gaituzte, guk geuk zer nahi dugun ez dakigula argumentatuz», kontatzen du. Beldurgarria dela baieztatzen du, eta lan nekeza, psikologikoki, autobusean albokoa zutitzen dela erreparatzea zu ondoan eseri izateagatik. «15 urterekin takoiekin korrika egiten ikasi nuen, jipoietatik ihes egiteko». Azaldu du, edo azaltzeko beharra igarri zaio, hamabost urtean itxura «femeninoagoa» –nahiz eta ez zaion terminoa gustatzen– erabili izan duela, konturatu zen arte emakume sentitzeko ez zela beharrezkoa gizarteak eskatzen duen estereotipoen barnean egotea –«titi handiak edukitzea, bikaintasunez jantzita egotea, eta abar»–.

Jasan duten guztia jasateagatik emakume indartsutzat hartzen dute beraien burua. Gizartearen parte direla aldarrikatzen dute, eta nahiz eta urteak joan urteak etorri ezkutatuak izan diren, «indartu egin gara, jende asko gara eta jada zaildu egin zaie hain handia den populazioa gutxiestea».

 

Komunitatea

Dena den, eta trans izaera harrotasunez eraman arren, etiketen aurkako diskurtso eraikia dute, bai Spatzek eta bai Urbinak. Biak bat datoz esatean gizartean integratzea izan behar dela LGBTI+ komunitatearen premisa eta ez etiketen bitartez ghettoak sortzea. Horrez gain, komunitatean bertan pribilegiodunak eta baztertuak daude Sarah Spatzen eta Juanita Urbinaren esanetan, eta gaineratu dute transexualak direla jazarpen gehien sufritzen dutenak.

LGBTI+ eskubideak garatzeko formaziorako beharrizan bat dagoela iritzi dio Urbinak, komunitatean bertan «lumafobia» moduko jarrera bat dagoela gaineratuz, betiere Nikaraguako kontuez ari dela argitu nahian. «Gay komunitateak pribilegio gehiago ditu lana lortzeko garaian, edo diru laguntzak jasotzerakoan. Erakunde publikoetan ere ez da arraroa homosexualak ikustea baina ez zaitzatela emetua ikusi. Bestetik, oso gutxitan ikusten ditugu lesbianak eta, are gutxiago, emakume transexualak».

Spatzek zehazten du berak Madrilen Colegas erakundean parte hartzen duela, egitaraua osatzen, «eta egitarau horiek LGBTI+ populazioarentzat bakarrik izan ez daitezen saiatzen naiz, gure borrokaren masa kritikoa gizartea bere osotasunean izateko. Gu bakarrik borrokatzen bagara, ez daukagu hainbesteko botererik gizartean eragina izateko». Urbinak bide beretik ekin dio bere diskurtsoari. Aktibismoa erresistentziatik sortzen dela nabarmentzen du, eta Nikaraguan hori eraikitzeko lehendabizi hezi egin behar direla. «Eta emakume zer den izatearen estereotipo madarikaturik gabe, nire ustez emakume izatea ez baita %100ean bikain ikustea eta emakume izateagatik gizarteak agindutako mandatuak egitea».

«Nik ez dut nahi jendeak hartzea emakume jaio den emakume bat moduan, emakume transexuala naiz eta kitto», askatu da Spatz. Komunitatean zisgenero diren emakumeen aldetik baztertua sentitzen dela aitortu du, «ulertzen baitute emakume biologikoaren estetika izan behar dugula». «Ez dute emakume trans moduan ikusgarritasunik nahi eta modu honetako jarrerak ere, bere horretan, baztertzaileak dira, transexualak gutxiesten baitituzte».

Etiketak gora, etiketak behera, zaila da kategoriarik gabeko pertsona bat aurkitzea gaurko munduan. Baina Sarah Spatzen aburuz gizartearen etorkizuna «oso androgenoa» izango da. «Berdintasuna edota oreka egon dadin gizartean, ezberdintasunak hautsi behar dira; kategoriei muzin egin eta LGBTIQIA bezalako gehiegizko siglak borratu egin behar direla uste dut».

«Ni trans feminista naiz –La Corriente-ko aktibista da–, autokritika izugarria egin dut, bilakaera prozesuan bakoitzaren bizipenak erabat aldatzen dira. Inork ez luke esango biok garenik trans emakumeak. Sarah argi eta garbi ikusten da, baina ni ikusten naute eta…». Juanita Urbina 11 urte zituela hasi zen emakume bezala janzten, hamabost urte igarota, ordea, ohartu zen ez zela beharrezkoa itxura femeninoegia izatea emakume izateko. «Sarah ikustean jendeak egiten duen irakurketa da emakume jantzita dagoen gizon bat dela, eta nire kasuan, aldiz, gizon bat naizela», kexatu da.

«Generoa gizartearen eraikuntza bat da», defendatu du brasildarrak. «Noski, zergatik dago kategoria bat jartzearen beharrizan hori?», galdetu du segidan nikaraguarrak. «Atzeraka goazen sentsazioa daukat, eta amaierarik gabeko bide honetatik irteteko giltzarria genero identitatea bera deseraikitzea da. Ulertu behar dugu, bai edo bai, guztiok pertsonak garela eta bakoitzak sentitzen duena edo egiten duena pertsonala dela eta guztiz errespetagarria dela». Brasildarrak ohartarazten du askotan kalean paseatzerakoan betaurrekoak kentzen dituela, «jendearen epai-aurpegia ez ikusteko», eta umoreari iskin egin gabe jakinarazi du ikusmen arazo potoloa duela, eta gaitz erdi, horrela ez baitu «jendearen espresioa aguantatu beharrik».

Gobernua eta borroka

«Egunen batean lortzen badugu barnean eta egunero daramagun generoaren polizia deuseztatzea eta gure burua aldarrikatzea, orduan lortuko dugu mugimendu anizkoitz, parekatu eta indartsurik eratzea». Hori uste du Urbinak, eta gizartean onarpen bat jasotzeko mandatuei kasu egin behar badiegu, kili-kolo jarraituko dugula. Hala, errepikatu du, mugimendu sozial bat izan behar direla, edonolako biolentziaren aurka dagoena.

Horrenbestez, Nikaraguako egoerari kritika gogorra egin dio, bai gobernuari eta bai genero dibertsitateen komunitateari. Hain sentimendu kontrajarriak dituenez, engainutzat jo ditu aipatu komunitateak: «Ez da existitzen LGBTI+ mugimendurik, ideia utopiko bat da, elkarte trans, gay, lesbiana eta abarrek beraien interesen alde lan egiten dute, indibidualki eta afera zehatzetan». Berak lesbianen antolakuntzan dihardu lanean, eta konturatu da, bertan, pertsonalki interesatzen ez zaien gaietan jendeak uko egiten diola aldarrikapenari, «familia onarpenaren borrokan, esaterako».

Indibidualtasunaren afera horrek ate ugari itxi dielakoan dago Urbina; informazioa bai baina borondate gutxi dagoela uste du. Gainera, lan egiten saiatzen dabiltzanak Gobernuaren menpe daude: «Ekainaren 28ko mobilizazioan, adibidez, ezin izan genuen exijitzen hitza erabili gobernuari zuzenduriko afixa batean, eta zer erabili behar dugu orduan?».

Gobernuak ate guztiak itxi dizkiela kexu da, «mehatxu moduan ikusten gaituzte, eskubideen alde borrokatzea mehatxutzat ikusten dute eta azken urteetan martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko martxak blokeatu dituzte, hau da, emakumeen eskubideen aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako mugimenduak».

 

LGBTI+ Komunitatearen egoera Latinoamerikan

Nikaraguako eta Brasileko egoera latzak bertatik bertara ezagutzeko parada eman ziguten Sarah Spatzek eta Juanita Urbinak, Donostiara egin zuten bisitan. Baina ze egoeratan daude LGBTI+ komunitateak Latinoamerikan?

Spatzek eta Urbinak diotenez, izaeraren arabera ezberdintasunak daude. Hau da, homosexualen eta transexualen eskubideen artean alde nabarmena dago. Oro har, pauso asko eman dituzte batez ere homosexualen arteko ezkontzak baimentzeari dagokionez. Urbinak berak, Nikaraguako ahotsa izanik, jakinarazi zuen 2008ra arte gay edo lesbiana izateagatik epaituak zirela, kode prozesaleko 204. artikulua deuseztatu zen arte. «Baina, era berean, osasun zerbitzuan trans pertsonek tratu berdina merezi genuela zioen 2009ko ebazpen ministerialak, eta osasun zentroek, aldiz, ez dute aplikatzen».

Latinoamerikako krokis labur bat egiteko asmoarekin –herrialde bakoitza mundu bat baita, are gehiago Karibeko uharteak kontuan hartuz gero–, Argentina eta Kolonbia dira legez eskubideak gehien babesten dituzten herrialdeak. Argentinan, esaterako, genero berekoen ezkontzak eta adopzioak 2010etik baimenduak daude, eta bizikidetza lotura 2015etik. Gobernu kolonbiarrak, aldiz, urte batzuk geroago baimendu zituen, 2013an eta 2015ean hurrenez hurren, nahiz eta bizikidetza lotura 2007tik onartzen zuen. Horretan, Uruguai eta Brasil ere bat datoz.

Transexualen kasuan, izen eta genero aldaketak onartzen dituzte, epaitegietako baimen edo ebakuntzaren beharrik izan gabe. Erabaki berdinak hartu dira Bolivian eta Ekuadorren. Halere, genero berekoen ezkontzak eta adopzioak debekatzen dituzte, Txile eta Peruren antzera.

Brasilen eta Txilen, ordea, nortasun agirian izen eta genero aldaketa egiteko, nahitaezkotzat jotzen dute aurretik ebakuntza egitea, eta epaitegietako baimena eskuratzea ere funtsezkoa da, Perun eta Uruguain legez.

Hego Amerikari dagokionez, Paraguai eta Venezuela dira transexualen inguruko eskubideak zehazten ez dituzten herrialde bakarrak. Modu berean, LGBTI+ komunitatearen aldeko babes bakarra genero bereko pertsonen arteko sexu harremanak legalizatzean dago. Ez dute gehiago baimentzen, nahiz eta bazterketa jarduera oro debekatzen duten.

Nola ez, Amerika erdialde zein hegoalde guztian baimenduta daude sexu berekoen arteko harremanak, nahiz eta nabari den erdialdeko herrialdeetan eskubide gutxiago dituztela oraindik ere. Izan ere, Costa Rica, Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua eta Panaman ez daude onartuta ezkontzak, ezta adopzioen eskakizunak ere. Eta gehienez, transexualek izena aldatu dezakete, Panaman salbu, nortasun agiriko generoa aldatzeko ebakuntza beharrezkoa den arren.

Karibeko uharte batzuetan, baina, penalizatuta daude oraindik ere genero berekoen arteko harremanak. Horiek dira Trinidad eta Tobago, Jamaika, Granada, Dominika, Barbados eta Antigua eta Barbuda. Eta zeresanik ez gainerako eskubideez, zeinak oso herrialde gutxitan dauden onartuta.

SEXUA ZAHARTZAROAN, TABUA GAINDITZEKO GARAIA IRITSI DA

Sexualitatea bizitza osoan zehar mantentzen dugun zerbait bada ere, badirudi nerabe, gazte eta helduen kontua besterik ez dela, haurrak eta adinekoak kanpoan utziz. Haurrak euren gorputza aztertzen hasten direla onartzen dugu, eta zahartzaroan zer?

Sexua zahartzaroan, tabua gainditzeko garaia iritsi da

Sexua eta zahartzaroa uztarrezinak diren bi kontzeptu direla dirudi, gizarteak estali eta isilarazten duen zerbait, naturala den arren tabu modukoa bilakatu dena. Ez da gehiegi hitz egiten gai honetaz, eta horregatik, Bartzelonako Unibertsitateak ikerketa egin nahi izan du horri buruz. Pauso bat harago joz, adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonen jarrera aztertu dute, baita haiek zaintzen dituzten profesionalena ere. Izan ere, egoitzetan bizi diren pertsona asko mendekotasun egoeran daudenez, batzuetan ez dira errespetatzen hartzen dituzten erabakiak. Aipatuko dugun ikerketan Estatu espainoleko 13 erkidegotako 153 zentrotako 2.229 profesionalek hartu dute parte, eta adinekoek sexualitatea ahalik eta askatasun handienarekin bizi ahal izan dezaten gaia normalizatzea eta zabaltzea du xede.

Ikertzaileek lortu dituzten emaitzen arabera, adierazpen sexualak biltzen dituzten egoerak ohikoak dira egoitzetan, batzuk besteak baino anitzagoak. Musuak eta laztanak, zein gizonezkoen masturbazioa askotan gertatzen diren bitartean (%21,67), gay eta lesbianen arteko harremanak ez dira hain ohikoak (%2,77 eta %2,16). Arruntagoak dira langileei egindako ukituak (%12,38) edota exhibizionismoa (%13,53).

Langileek horrelako egoerekin topo egiten dutenean nola jokatzen duten azaldu zuten. Ohikoena jarrera sexualak mugatzea bada ere, jokabide egokia zein litzatekeen galdetzen zaienean irizten diote egokiagoa dela babesa eskaintzea eta toleranteak izatea. Hau da, profesionalek badakite zer egin behar duten, baina euren lanpostuetan ez dute ikusten bide onetik jotzen denik. Desberdintasun hau ikusten da, batez ere, desegokiak diren jarrerak sumatzen dituztenean (exhibizionismoa, ukituak), bestearen azalean jartzea ez delako hain erraza.

Profesionalek ezartzen dituzten mugak are handiagoak dira dementzia tartean dagoenean, batez ere bikote batean bietako batek besterik ez duenean gaitz hori, biek dutenean baino; baimendu gabeko harremanak bezala ikusten dituzte zenbaitetan.

Adineko pertsonen eskubideak babesteko zenbait neurri hartzen badira ere, ikertzaileek uste dute hobetzeko asko dagoela. Adibidez, egoitzen %76k aniztasun sexuala onartzen badu ere, %22k soilik onartzen diete euren logeletan harreman sexualak izateko eskubidea.

Amaitzeko, ikertzaileek gogoeta bat proposatu nahi dute aurrerantzean zentroetan adinekoen sexualitatearen gaia hobeto kudeatu dezaten. Eskubide sexualak onartzea eta beraien erabakiak errespetatzea gomendatzen diete, pertsonak babestuz, behar duten askatasuna emanez, euren ongizatea osoa izan dadin.

«Imajinatzeko gaitasun hori berreskuratu behar da»

IMANOL ALVAREZ ETA EKAITZ HERRERO
EHGAM EUSKAL HERRIKO GAY-LES ASKAPEN MUGIMENDUA

Imanol Alvarez Ehgam Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduaren sortzaileetako bat da. Berrogeigarrenez, ekainaren 28ko manifestazioan parte hartu zuen bere hirian, Bilbon, eta harrigarria izan zela adierazi digu. Batez beste 1.500 lagun inguru biltzen omen dira; asteazkenean, ordea, 4.000tik hurbil izan ziren. «Moyua plazako abiapuntura heldu eta jada ikusten zen aurreko urteetan baino askoz jende gehiago zegoela. Asko gaztetxoak, gainera. Pozteko modukoa da hori».

Bertze aldean, gero eta eraso homofobo gehiago daude. Mikrohomofobia ere bada, mikromatxismoa dagoen bezala. «Ezin da esan gizartea homofoboa denik kontzienteki, baina badaude sektore batzuk ideologikoki homofoboak direnak. Uste dut konturatzen hasiak direla gero eta gutxiago direla. Legeak aurrera doaz, gero eta erakunde gehiago agertzen da kolektiboaren alde, eta amorratuta daude. Hortik sortzen dira erasoak: batzuk hitzezkoak, besteak HazteOir bezalako talde antolatuenak, eta fisikoak ere bai. Gasteizen gertatu zen duela gutxi».

Alvarezek dio balitekeela akzio-erreakzio efektua gertatu eta gazteek ikusi izana aurre egin behar dietela eraso horiei. Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, 2015ean baino bi aldiz salaketa gehiago jaso zituzten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan arraza, genero eta identitate sexualarengatik izandako erasoekin lotuta. Horrek ez du erran nahi kasuak hainbertze goititu direnik, gehiago salatzen da eta horregatik gehiago azaltzen da arazoa, baina, Ehgamen sortzaileak ohartarazi duenez, aunitzek ez dute salatzen oraindik, beldurragatik sarri, bai jendarteari bai poliziari.

Filosofia eta antropologia

Ekaitz Herrerok 30 urte ditu. Ikasle Abertzaleak mugimenduan ibili zen urte luzez. Hura utzi gabe, 2010 inguruan, Ehgam-en sartu zen eta gero bertako gazte taldean, Gaztehgam-en. Ondotik, sexualitatea eta ekintza politikoa elkartuz, Kitzikan gazte antolakundearen sortzaileetakoa izan zen. Oraintxe «impasse» egoeran dagoela aitortu digu, hausnartzen.

Filosofia eta antropologia maite ditu, eta sexu askapeneko mugimenduan duten pisuaz ohartarazi gaitu. «Adibidez, jendartearen eraikuntza munduan eta historian beste modu batekoa izan da. Bestelako sustraiak dituzten herri batzuetan oraindik ikusten da. Brasil eta Txina inguruko hainbat kolektibitate edo naziotan ez da existitzen generoa bezala ezagutzen dugun hori, edo beste itxura bat hartzen du. Maitasuna bera Asian ez da ulertzen hemen bezala. Indian eta Pakistanen ez dute ulertzen beste pertsona batenganako maitasun posesibo edo erromantiko hori».

Bere ustez, etorkizuna eraikitzeko komenigarria da horri guztiari begiratzea eta hainbat gauza berreskuratzea iraganetik, «gure kasuan eliza kristauak eta bestek desitxuratu edo desagerrarazi dituztenak».

Heteropatriarkatuak hitz potoloa, abstraktua eman dezake, baina, Getxon bizi den gaztearen iritziz, hagitz gauza zehatza da. «Jendartearen eraikuntza heterosexualitatean bertan hasten da, ez bakarrik orientazio edo praktika bezala, baizik eta erregimen politiko bezala. Heterosexualitateak antolatzen ditu giza arlo guztiak, kontzienteak eta inkontzienteak».

Jaiak ez dezala muina estali

Harrotasunaren Egunean gertatzen den «merkantilizazio lotsagabea» gaitzetsi du Alvarezek. «Ondo dago ekitaldi ludikoak eta kulturalak antolatzea. Guk ere egiten ditugu. Baina halako muntaiak prestatzen direnean, batez ere hiri handietan, aurten Madrilen bezala, muina estaltzen da. Jaia eta negozioa dira gelditzen direnak».

Ez da ahantzi behar ekainaren 28a aldarrikapen eguna dela. Data horretan, 1969an, gay, lesbiana eta transexual batzuek, New Yorken, poliziari aurre egin zioten, erasotzen zituelako nazka-nazka eginda. «Aldarrikapen hori oraindik ere oso inportantea da».

Bilbon talde txiki ugari dago LGBTIQ+ kolektiboan. «Denok batera egon beharrean, taifa erresumetan gaude, baina zorionez, manifestazioa eta manifestua elkarrekin egiten ditugu. Kostatzen da adostea, baina lortzen dugu».

LGBTIQ+ baino nahiago du Herrerok “disidente sexuala” izendapena erabiltzea. Ehgameko beteranoarekin bat dator erratean «irla txiki pila bat daudela ozeano handi batean». Konturatzen da «horrela ez dela posible aurrerapausoak ematea». Defendatu duenez, mugimenduak bateratua eta artikulatua izan behar du. «Ehgamek iraultzailetzat du bere burua eta ez du lan egiten soilik legedia baten alde, baizik eta batez ere jendarte iraultza baten alde. Aldarrikapen guztiz berritzaileak egin zituen bere garairako eta imajinatzeko gaitasun hori, benetan beldurrik gabe gurea dena aldarrikatze hori berreskuratu behar da».

Lehenbiziko manifestazioa

Justu duela 40 urte, azaroaren 25ean, manifestaziora deitu zuen Ehgamek Bilbon bertze kolektibo batzuekin batera homosexual izatearen susmo hutsa zigortzen zuen legearen aurka. Antolatzaileen artean zen Imanol Alvarez. «Oso arrakastatsua izan zen: 4.000 lagun inguru batu ginen. Poliziak jipoitu gintuen, baina handik gutxira lege hura aldatzea lortu genuen. Hurrengo urtean, 1978an, manifestazioa egin genuen ekainaren 28an, eta esango nuke publikoki lehen aldiz erabili genuela ‘harrotasun’ hitza».

Bi lagunek sortu zuten mugimendua. «Martxan ikusi zuenean kideak utzi egin zuen. Ni gustura nengoen, nire ume kuttuna zen, eta segitu egin nuen, orain arte. Tentaldi asko izan ditut uzteko, eta egin dudana izan da azeleragailua hainbeste ez zapaltzea eta gauza batzuei ezetz esatea».

Hasieran, ez zekiten nola antolatu. Franco hil berria zen. «Bileratxoak egiten hasi ginen. Kanpotik informazioa lortzen saiatzen ginen: Kataluniatik, Londresetik, Ipar Amerikatik… Zaila zen Internetik gabeko munduan. Aldizkariak eskuratzen genituen frantsesez edo ingelesez eta katalanekin harremanetan geunden».

Korronteak eraman zituela dio. «Oraindik gauzak nola egin ez genekiela, Euskal Herrian izugarrizko aldaketa gertatu zen. Gogo bizia zuen jendeak aldaketa politikoak egiteko, mugitzeko, eta halako batean gu ere alderdien mahaietara deitzen gintuzten. Alderdi pila zeuden, gehienak txiki-txikiak. Esaten genien ‘gu ez gara alderdia, elkartetxo bat gara’. Baina joaten ginen eta hala hasi ginen nola antolatu ikasten».

Beti izan dira asanblearioak. Hasieran nahiko bilera informalak egiten zituzten, kafe zaharretan, ez zuten-eta lokalik. Noizbehinka, bilera serioago edo handiago bat egin behar bazuten, norbaiti eskatzen zioten lokala. Bitxia da lehen asanblada inportantea, jendaurreko aurkezpena, Bilboko frantziskotarren lokalean izan zela. Ez hori bakarrik, lehen gutuna prentsara bidali zutenean, atera zuen bakarra “Anaitasuna” frantziskotarren aldizkaria izan zen. Lehen elkarrizketa ere bertan egin zieten.

Txoko Landan lokalean eman zituzten hogei urte baino gehiago. «Orain, klandestinitatean geundenean bezala, kafetegietan biltzen gara».

Euskal Herrian errotua

Euskal Herrian errotutako mugimendua da Ehgam. Hortik izena. Bizkaikoaren ondotik Gipuzkoan osatu zen taldea eta aurrera segitzen du. Arabakoa egin, desegin, egin… Hala ibili da eta orain ofizialki ez dago Ehgamik bertan, nahiz eta harremana izan bertako jendearekin eta batzuetan gauzak egin.

Nafarroan nahiko talde indartsua egon izan da urteetan, gehienbat emakumez osatua. Hori berezia izan da, mugimendua irekia izan arren, batez ere gizonak ibili izan direlako. Azkenean Nafarroako taldea desegin eta Katalingorri osatu zen. Ipar Euskal Herrian ere egon ziren hasieran, baina gazte ugarik Parisera edo Bordelera lanera alde egin behar izan zuen, tartean Ehgamekoek. Orain Les Bascos kolektiboa indartsu dabil.

Pentsatu gabe irentsi

24 bat urterekin hasi zen Ekaitz Herrero mutilekin. «Niretzat berria zen eta neure burua ulertu nahian informazioa bilatu nuen. Ehgam-era jo nuen». Orduan gazte gehiago zegoen mugimenduan. «Sentitzen dut horrela esatea, baina uste dut gaur egun gazteak ez daudela neke-lan askotarako. Tamalez, beste gauza batzuetan pentsatzen ari direla iruditzen zait».

Dioenez, jada ez dagoela deus lortzerik sentitzen du aunitzek. «Mugimenduak ere badu erantzukizunik hautemate horretan. Ezjakintasun handia dago eta gauza asko irensten ditugu pentsatu gabe».

Ehgam-ek sare herritar batek bezala funtzionatzen du. «Badaude pertsona batzuk hasieratik dena eman dutenak, garai oso gogorretan gainera, hau aurrera ateratzeko eta gaur ditugun askatasun mugatu eta kontrolatu hauetaz gozatzeko. Uste dut gazteok baino hobeto baloratzen dutela zelako neketsua izan den eskubide eta askatasun hauek eskuratzea. Halere, ez dago ezer galdua. Historia ziklikoa da eta lantzen baldin bada mugimenduak esateko eta irabazteko asko izango du».

 

«Hori gay-a da, baina oso jatorra da»

Imanol Alvarezek baieztatu du legeak inportanteak direla, baina jendartea aunitzez gehiago. Legearen arloan gauza asko lortuta daude, baina oraindik bada zer aldatu. Adibidez, Estatu espainoleko Immigrazio Legean badago zereginik etorkin batzuek errefuxiatu estatusa eskatzen dutelako beren herrian gay, lesbiana edo transexuala izateagatik jazarriak direlako, baina ia ezinezkoa da onartzea. «Erabiltzen dituzten aitzakiak nahiko zentzugabeak dira. Gay edo lesbiana direla demostratzeko eskatzen diete. Nola demostra daiteke? Batzuetan jatorrizko herrietako egunkariak erakutsi dituzte nola eraso zieten azaltzeko eta, halere, ez dituzte onartu».

Orain dela gutxi Nafarroan lege interesgarria egin dela deritzo. «Halako lege integral bat behar da, ez bakarrik zigortzeko, baizik eta hezkuntzan zerbait egitea, diskriminazioa ekiditea eta transexualitatea patologiatzat ez hartzea posible egiteko. Nafarroan egina dago, eta EAEn ere egin beharko litzateke».

Jendarteari dagokionez, «mikrohomofobia asko dago. Ez bakarrik lehenengo iraina beti ‘marikoia’ delako. Ohartu gabe, norbaitek esaten du ‘hori gay-a da, baina oso jatorra da’. Lan handia dago egiteko jendeak benetan normaltasunez ikus gaitzan, besteak beste, hezkuntzan (zentzu zabalean, ez soilik eskolan) eta komunikazioan. Fobiak beldurra esan nahi du. Nola galdu beldurra? Ezagutuz». M. I.

Irungo taberna batean gertatzen ari diren jazarpen homofoboak salatu dituzte

Eskina Mosku tabernako jabeak zein langileek irainak eta mehatxuak jasaten dituzte egunero. Salaketak jarri dituzte, baina egoera ez da aldatu. Gehituk «urgentziazko neurriak» eskatu ditu hauek babesteko.

2014-05-17, Donostia. Homofobiaren kontrako elkarretaratzea. Irudian, homofobiarekin lotutako egunkarietako artikuluak zintzilikatuta. 17-05-2014, Donostia. Concentración con motivo del día contra la homofobia. En la imagen, articulos periodísticos relacionados con la homofobia colgados en un tenderete.

Irungo Eskina Mosku tabernako langileek egunero jasaten dituzten «jazarpen homofobo errepikakorrak» salatu ditu Gehitu elkarteak. Azaldu duenez, egoera ez da berria, azken urteetan jazotzen ari dena baizik.

Duela hiru urte hartu zuen tabernako ardura Pablo Campok eta, aurreko jabeak bezala, irainak, mehatxuak eta jazarpenak pairatzen ditu bere orientazio sexualagatik; beste hainbeste gertatzen zaie langileei. Gertaera onartezinok kalean zein tabernan gertatzen dira, eta salatu egin ditu hainbatetan Campok, baina ez du egoera aldatzea lortu, Gehituk GARAri kontatu dionez. Elkarteak hain zuzen oharra plazaratu zuen atzo, «pertsona hauen segurtasuna bermatuko duten urgentziazko neurriak» eskatzeko.

Burnizko barrarekin ere mehatxatu dituzte, beldurtzeko, kikiltzeko asmoz. «Azkenean sarrera ukatzeko eskubidea indarrean jarri behar izan dute tabernan, baina horrek ere ez du egoera aldatzea lortu», diote Gehitutik.

LGTB komunitatearen eskubideak defendatzen dituen elkarteari deigarria egiten zaio, eta irmoki salatzen du, dagoen zigorgabetasuna. «Izugarria da zein inpunitaterekin egin daitezkeen irainak eta mehatxuak», kexatzen da. Gogorarazi duenez, gainera, ez da kasu ezohiko bat, eta orain gutxi Bilbon bi emakumek taberna batean jasan zuten bazterkeria gogora ekarri du. «Ez baita gertaera isolatu bat, azken hilabeteetan izan diren ezaugarri antzekoko eta benetan kezkagarriak diren gertaeren artean beste kapitulu bat baizik», dio oharrean.

Era berean, «pertsona hauek neurri baliagarrien ezak eraginda egunerokotasunean pairatzen duten normaltasun eta segurtasun eza» salatu du. Antza, Irungo Udalak bi kamera jarriko ditu inguruetan, segurtasuna bermatzen saiatzeko.

H(ETEROAR)AU (A) EZ DA GURE BAKEA. PLAZEREZ DESOBEDITU

EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA

Familia nuklearrik? Ez, eskerrik asko. Gero eta gehiago gara patriarkatuaren oinarria den familia nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua ezbaian jarriz, heteroaraua plazerez desobeditzeko hautua egiten dugunak: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamiakoak dituztenak, ama izatea erabakitzen dugun lesbiana bikoteak, sexu langileak, transexualak, praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez ditugunak, ama ez izatea erabakitzen dugunak, praktika sexualen kategorizazioari ihes egiteko hautua egiten dugunak, lagun taldeak, eta abar.

2016/06/28

Hortaz, sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saialdi erabatekoa izan dadin jarraitzen dugu. Ez ditugulako praktika lesbikoak arauaren barnean sartu nahi, araua bera deslegitimatu, praktika aniztasuna errealitate bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela aldarrikatzen jarraituko dugu.

Monogamia, familia eredu patriarkala, estigma zein maitasun erromantikoaren bitartez emakumeon sexualitatearen eta gorputzen kontrola susta-tzen duen heteroarauaren aurrean gero eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo kokatzen garenon ahotsa. Sexualitate hegemonikoaren edozein arau-hauste bidean aurrera jarraitzeko ezinbestekoa dugu: patriarkatuak sortu dituen kategoria hertsiak eta mugatuak gailendu, eta aniztasuna oinarri duen jendarte baten beharra gero eta ageriagoa da. Zentzu horretan, jendarte feminista baten alde lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu, eta honetan herritar orok badugu zer egina.

H(eteroar)au (a) ez dela gure bakea diogu. Heteroarauaren haitzean arrakalen ugaritzearen aurrean, erresistentziak eta indarkeria ere areagotzen doaz: kaleko erasoak, edota Espainiako Gobernu ultraeskuindarrak krisiaren aitzakiapean-edo egindako erreforma eta bultzatutako neurriak ere. Artean, Familia Plana, zeinetan gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu dituen; osasungintzan transen sexu operazioetan egindako murrizketak, lesbianei zuzendutako lagunduriko ugalketa teknologien zerbitzu publikoetan izandako murrizketak, hezkuntzan Lomce legearen bitartez egiten  ari den ideologizazio eskuindarra, balio diskriminatzaile eta erreakzionarioen sustapena, abortuaren lege organikoan eginiko aldaketa (16-17 urte arteko emakumeek gurasoen baimena behar izatea)… Horrek guztiak familia patriarkal nuklearraren indartzea du ondorio, baita sexualitatea plazeraren kudeaketa gisa ulertu beharrean erreprodukziorako bitarteko gisa denaren ulermenean sakontzea ere, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, ez gara nazkatuko adierazteaz, H(eteroar)AU (a) EZ DA GURE BAKEA eta plazerez desobeditzen jarraituko dugu muxu, begirada, koxka, masaje, mimo, laztan bakoitzean. Ekainaren 28a borroka eguna dugu, beraz, egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.

«I’M ORLANDO, BUT I’M NOT GAY»

AITZIBER PZ. KARKAMO

Orlandoko gertaerek astindua eman dio Mendebaldeko ikuspuntutik mundu deitzen diogun errealitateari. Sarraskiaren egileak marikoiak gorroto zituela jakin zen arren, Texasko gobernadoreorde ultrakatolikoak erailketak justifikatu bazituen ere, hildakoei azken agurra emateko behar duten tanatorioetan ultraeskuindar homofoboak bildu baziren ere, triskantzaren arrazoi zehatzak ahaztuz, bortizkeriarik gabeko mundua aldarrikatzen duten mezu inozo bezain hutsez bete dira sare sozialak eta I’m Orlando leloaren ordez, I’m lesbian, trans and gay hitzak iritsiko zain egon naiz.

AEBetako diskotekan jazotakoak kutsu berezia duelako eta ez delako soilik Frantzia eta Belgika kolpatu dituen fanatismoaren beste eraso bat; izateko, desiratzeko eta maitatzeko era jakin baten aurkako erasoa baizik, gure Mendebaldeko mundu aske eta garatu honetan ere sarri babesa duen fanatismo baten ondorio, hain barneratua dugun kultura judeokristauaren seinale. Ohikoa ez bada ere, gure inguruko hainbat instituziok aurrea hartuz, azkar atera dute ostadar bandera udaletxeetako balkoietara, eraso armatuaren oinarri ideologikoa agerian utziz. Ekainaren 28a gertu dugunean, egun honen zergatiari buruz urtero errepikatzen diren galdera antzuen aurrean, erantzuna Orlandon dago. Eta Errusian, Mexikon, Kenyan, Sirian edo gurean.

Ekainaren 28an plazerez desobeditzera dei egin du Bilgune Feministak

Familia nuklearraren nagusitasuna ezbaian jarriz, «heteroaraua plazerez desobeditzeko» hautua babesten du Bilgune Feministak ekainaren 28ko «borroka egunaren» atarian. Parte hartzera animatu du.

0623_eh_pride

Sexualitateari eta plazerari dimentsio politikoa emateko saialdi erabatekoa izan dadin lanean jarraitzen du Euskal Herriko Bilgune Feministak. Ez dituzt e «praktika lesbikoak arauaren barnean sartu» nahi, baizik eta araua bera deslegitimatu. Praktika-aniztasuna errealitate bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela aldarrikatzen dute.

«Gero eta gehiago gara patriarkatuaren oinarria den famili a nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua ezbaian jarriz, heteroara ua plazerez desobeditzeko hautua egiten du gunak: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamikoak dituztenak…». Era berean, agertzen dutenez, gero eta ageriagoa da aniztasuna oinarri duen jendarte baten premia. Eta bide horretan jendarte feminista baten alde lanean segitzeko beharra ikusten dute. «Honetan herritar orok badugu zer egina».

«Heteroaraua ez da gure bakea» diote, eta haitz honen arrakalen ugaritzearen aitzinean erresistentziak eta indarkeria areagotzen doazela ohartarazten dute. Hor kokatu dituzte kaleko erasoak eta «Espainiako Gobernu ultraeskuindarrak krisiaren aitzakiapean egindako erreformak eta bultzatutako neurriak»; gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazoak dituzte nen multzoan sartu ditue n Familia Plana eta osasunean transexualen operazioetan egindako murrizketak kasu. «Honek familia patriarkal nuklearraren indartzea eta sexualitatea plazeraren kudeaketa gisa ulertu beharrean erreprodukziorako bitarteko gisa ulertzean sakontzea ditu ondorio, besteak beste».

Bilgune Feministak plazerez desobeditzen segituko du «musu, begirada, koska, masaje, mimo eta laztan bakoitzean», eta ekainaren 28ko «borroka egunean» parte hartzera deitu du.

BilbaoPride, una ola positiva a la altura de la ciudad

BilbaoPride es una iniciativa para celebrar la diversidad y la visibilidad del colectivo de Lesbianas, Gays, Bisexuales y Transexuales (LGTB). Ha nacido en Bilbo gracias al esfuerzo de mucha gente. Se ha creado la comisión HarroBi, en la que participan Bilbao Bizkaia Be Friendly, Ortzadar GLBT, Bilbao Historiko, “Blue magazine” y personas de distintos ámbitos.

Combinando la visión social y comprometida con otra de tipo lúdico-cultural, presenta un potente programa de cuatro días, desde hoy hasta el domingo, con una gran variedad de artistas, animación, ruta gastronómica, decoración callejera, conferencias, exposiciones… y un evento único que aspira a convertirse en icono: un desfile en la ría con varias embarcaciones que reunirá todos los colores del arco iris. Quieren celebrar un Pride a la altura de la ciudad, y lograr que Bilbo esté a la altura de esta ola positiva que muestra que «el derecho a ser felices siempre será una forma de reivindicar».GARA

BENAT GACHEN LES BASCOS ELKARTEKO PRESIDENTEA: «Larrialdi egoeran ez, larritasuna arazo sozialetan dago»

Duela hamar urte sortu zen Les Bascos, Ipar Euskal Herrian LGTBen aldeko borrokan ari den elkartea. Larunbatean zuten ospakizun jaia Baionan, Elkarteen Etxean. Hori aitzakia harturik, sexu aukeren berdintasuna nola eta zertan den aztertzeko tartetxo bat hartu dugu historia irakasle honekin.

A Baiona le 17-04-2013.Conf de presse des "Bascos" (Be–at Gachen) sur le projet de mariage pour tous.

Zertan gaude sexu aukeren bazterketari dagokionez egun?

Ezkontza legeak erakutsi bezala, lege mailan gauzak aldatu dira, mentalitate mailan beste bat da egoera. Lan ikaragarria dugu egiteko horretan, pazientziaz, jendearekin hartu-emanean. Baionan ezkon gaitezke bi mutil, kalean eskua emanda ibili edota musuka aritu… Komunikabideek homosexualitatearen gaia konponduta egongo balitz bezala aurkezten dute eta errealitatea bestelakoa da. Alde sozialean ere badago zer egin, egoera ekonomiko zaila bizi duten gay eta lesbianak badirelako.

Beste aldarrikapen batzuk dituzten elkarteekin batera ikusten dugu maiz Les Bascos; hor zineten, adibidez, Ailleten aurkako martxan martxoaren 8an. Zer dela-eta hori?

Diskriminazio guztien aurka altxatzen dugu ahotsa; herritarrak gara, beste herritarrekin bizi garenak, eta gure borrokak haienarekin egin behar du bat, dela elkartasun arazoa, dela ilun aroaren aurkako borroka, dela diskriminazio arazoa sexismoagatik edota elbarritasunagatik… Egun, adibidez, etorkinen gaia jarri nahi dut mahai gainean; jarrera humanista da gurea. Ez gara alde horretatik arras LGBT mugimendu bat, nahiz eta gure partaideen %90 hala izan. Berdintasun balioek batzen gaituzte, ez sexu-aukerak. Azken hau oso garrantzitsua iruditzen zait indar populista batzuk kolektibo ezberdinok elkarren aurka jarri nahian dabiltzan garai hauetan. Horrexegatik sartu gara batzuk ezbaian jartzen duten laikotasunaren defentsan, sinetsita gaudelako balio horretan oinarrituta eraikiko dela elkarbizitza etorkizunean.

Duela bi urte ireki zenuten Txalaparta lokala Baionan. Zer nolako harrera izan du?

Dimentsio asko ditu lokalak: kulturala batetik, erakusketak, eztabaidak, egiten direlako; bizikidetzarena bestetik, topaleku bat delako; azkenik, zerbitzu soziala ere bada. Orientazio lana egiten dugu eta atakan daudenak beste egitura batzuetara bideratzen: sindikatuetara, ospitalera, abokatuarenera… Iaz egoera kezkagarriko 70 dosier kudeatu genituen. Gero eta gehiago daude. Ez dira denak zentzu hertsian LGTB dinamikak; hortik ere ondorioztatzen da diskriminazio egoera orokorki hartuz jarduteko premia.

Zein dira zuen esperientzia horretatik bazterketaren aurrean kolektiborik ahulenak?

Bi polo bereizten dira argi, batetik gazteak, bestetik adinekoak. Baditugu klandestinitatetik ateraz beren sexu-hautua onartu zutenak eta zahartu ahala atzera egin dutenak, zahar etxeak-eta ez daudelako dimentsio horretarako prestatuta. Hor benetako lana dago egiteko. Bestetik gazteak ditugu; hezkuntza sistema mamuta baita. Borondatea badago, kontzientzia ere bai, baina hortik gauzak egitera beti egoten da tarte handia. Gazteekin beraiekin ikastetxez ikastetxe lan egitea litzateke interesgarria; esperientzia batzuk burutu ditugu jada. Lizeoko ikasleekin talde bat osatu nahian gabiltza, uste baitugu ikasleek eurek hitza hartzeak beste eragin bat duela.

Zer bilakaera izan du klase politikoak LGTB eskaerekiko?

Hauteskunde guztietan mahai inguruak antolatzen ditugu, hautagaiak gure aldarrikapenekin sentsibiliza daitezen. Geuk aurre egin behar diogun errealitatetik lekutan bizi dira maiz ordezkari politikoak. Baionako alkateari, adibidez, hautagai zenean, diskriminazioaren aurkako batzordea sortzeko eskatu genion eta axuant bat izendatzeko. Hitzeman zuen eta bete du. Hemengo diputatuekin ere harremana dugu.

Larunbatean egin zenuten Baionako elkarteen egoitzan urteurreneko ospakizun jaia. Zer darabilzue orain esku artean?

Harrotasun martxa ekainaren 18an izango da, «eginarazi diezaiegun atzera beldurrei, aurrera eskubideei» ardatz duela. Beldurra aipatzean Estatu frantsesaren egoeraz ari gara, denaren beldur baita uneotan, eta bere baitan ixten ari da, atzera doa; eskubideek aurrera egin behar dutela esatean, berriz, ezkontza-lege mediatikotik harago doala kontua azpimarratu nahi dugu. Hor datoz presidentetza hauteskundeak 2017an eta ate guztiak, baita irekitzeko prest ez daudenak ere, jo beharko ditugu, tartean, Michel Alliot Marierena. Ez gaitu inoiz hartu nahi izan. Larrialdi egoerarik ez, arazo sozialei aterabidea aurkitzeko larritasuna dago, eta gurea horietako bat da.

Hona irakaslearentzako etxeko lana: aipatu azken hamar urteotan mugarri izandako hiru une.

Lehena, ezbairik gabe, elkartearen sorrera bera, mendi ibili hutsak ziren haiek berdintasunaren aldeko ibilaldi bihurtzen hasi baitziren pixkanaka. Bigarrena, nola ez, guztientzako ezkontza arautu zuen legea, eztabaida hark gure elkartea ezagutaraztea ahalbidetu baitzuen eta hari izaera militantea behin betiko ematea. Hirugarrena, duela bi urte Baionan Txalaparta lokala irekitzea izan zen, urrats horrekin elkarteari izaera soziala eman genion.

Les Bascos larrugorrian: 204 partaide, bi heren gizon

Batzuetan lortzen horren nekeza dena konplexurik gabe egin digu Beñat Gachenek: elkartea biluzi. Uneotan 204 kide direla dio, baina egunerokotasunean 40 bat dabiltzala, «leku guztietan bezala». Azterketa soziologikoa egiteko eskatuta, hagin zorrotzez heldu dio ogi gogorrari: gehienak 50 urtetik gorakoak dira; bi heren gizonezkoak, herena andreak. Egoitza Baionan dute; aurrekontua 60.000 eurokoa, nagusiki Txalaparta lokalaren zerbitzuetan joaten dena. Diru-laguntzek gastuen %18 estaltzen dute.

Hedapen geografikoaz galdetu diogunean zintzo erantzun digu: «Baditugu partaideak barnealdean, baina elkartea ez dago han errotua. Adar bat behar genuke sortu». Barnealdeko ekitaldietan, «normala den eran», jende gutxiago batzen da eta zio bat ere eman digu: «Eragozpena izaten du hainbatek gela nabarmenen batera etortzeko». Nerabeen etxea edo CPAM bezalako egitura zabalagoekin lan egitea ikusten du giltzarri Gachenek hor aurrera egiteko.G. M. Z.