Francisco Letamendia ORTZI zendu da. GUGAN BEGO

Apirilak 6, Asexualitatearen Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna

Asexualitatearen nazioarteko egunean, aldarrikatu nahi dugu asexualitatea ez dela ez fase bat, ez moda bat ezta zentzugabeko aldarri bat ere.
Kataluniako Asexualen Elkarteak iaz argitaratutako manifestuaren hitzok ekarri nahi ditugu gaurkoan:
“Sistema kapitalista, patriarkal eta heteronormatibotik kanpo dagoen sexualitate eta afektuez hitz egin nahi dugu. Sistema horrek ez baitigu uzten erabakitzen gure gorputzaz eta gure desiraz. Zalantzan jartzen dugu sexua betebehar bat den sistema hau, non harremanak gorputzen kontsumoaren bidez egituratzen diren: lanerako kontsumitzen dira gorputzak, erreprodukziorako, besteen desirak asetzeko. Geure desiraren jabe izan nahi dugu, eta afektuak beste modu batean antolatu nahi ditugu, familia nuklearraren esparrutik harantzago zabaldu nahi ditugu zaintzak, baita baliabideak pribatizatu eta jendarte indibidualistak sortu nahi dituzten harreman-sistemetatik harantzago ere.
Derrigorrezko sexualitatearen aurka egiten dugu, mendeetan zehar gure gorputzaren eta desiraren gaineko autonomia galtzea eragin baitu. Zapalkuntza- eta jabetza-egiturak mantendu dituen amatonormatibitatearen aurka borrokatu nahi dugu. Sexualitate normatibotik harantzago dagoen desira aldarrikatzen dugu, hipersexualizaziotik eta desira normatibotik harantzago dauden gorputzak. Bizitza sostengatu nahi dugu desira normatiboaren esferatik harantzago, kapitalismotik harantzago.”
Martxoak 31, Trans ikusgasrritasunaren Nazioarteko Eguna

Trans Ikusgarritasunaren Egunean gure amorrua kalera aterako dugu, gure gorputz eta bizitzek urte luzez pairatutako lege-hauste sistematikoak eta tratu diskriminatzaileak salatzeko. Gure zistema neoliberalek oraindik ere praktika patologizatzaileak mantentzen dituzte: ikusi besterik ez dago Osakidetzako Gurutzetako Genero Identitate Unitatean (GIU) ematen den egoera lotsagarria edota bitartasunetik haratago dauden gorputz eta bizitzen errekonozimendurik eza. GIUk urte luzez urratu ditu Estatuko Trans Legea (2023) zein bi lege autonomikoak (2019 eta 2024 urteetakoak). Gainera, bitartasunetik haratago kokatzen garen gorputzek bitartasuna performatu behar dugu gure bizitzak onartuak izan daitezen. Zistemak estuki sartu nahi gaitu eraikitako molde itogarrietan.
Horren aurrean, hemen gaude eta ez gara ezkutatzen. Gure gorputz eta esperientziak boteregune eta arrakala dira. Gure existentzia erresistentzia politikoa da. Gure gorputzak ospatzeko eskubidea, gure identitateak askatasunez eta agentziaz bizitzeko eskubidea eta gure komunitatean gozatzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu. Bizirik gaude eta bizitza sortzen jarraituko dugu.







