«Euskal gaysporako kide sentitzen naiz»

New Yorkeko ‘queer’ munduaren jaietako argazkilari ibili da Koitz azken hogei urteotan. Genero estereotipoen inguruko egitasmo batean dabil orain, eta lehen emaitzak Euskal Etxean erakutsi ditu.

Luis Foncillas Etxeberria Koitz

Luis Foncillas Etxeberria ‘Koitz’

Luis Foncillas Etxeberria Koitz Iruñean jaio zen, baina New Yorken aurkitu du bere txokoa. Etxe orratzen hiriko LGTB giroak erretratatzen bi hamarkada eman ditu.

Queer argazkilaritzat definitu izan zaituzte. Eroso zaude definizioarekin?

Prentsan ikusi nuen lehenengo aldian ezeroso sentitu nintzen, nahiz eta New Yorkeko aldizkari gay batean agertu. Orain ez dit axola, ez bada irain gisa erabiltzen. Etiketek ez naute molestatzen: gizona naiz, gay, kazetaria, argazkilaria, euskal herritarra. Hori guztia naiz, eta konplexurik ez izaten saiatzen naiz. Etiketak txarrak dira erasotzeko erabiltzen direnean, edo gauza batera murriztu nahi zaituztenean.

Nafarroatik New Yorkeko gay mundura. Kultur talka handia izan zen zuretzat?

Bai, ikaragarria, baina zentzu guztietan, ez bakarrik gay munduari dagokionez. Ni euskal gaysporako kide sentitzen naiz. Ez dago arrazoi bakarra Euskal Herritik ateratzeko: gay izatea eta eroso ez sentitzea horietako bat da, baina baita zio ekonomikoak ere. Estatubatuarren izaerarekin ohitzea izan da zailena. Hemen konturatu naiz euskal herritarrak oso zuzenak garela: hemen norbaitek galdetzen badizu bere betaurreko berriak gustuko dituzun, ez dute zure iritzia jakin nahi, baizik eta oso gustuko dituzula entzun. Horregatik dut gogoko neure argazkiak lehenbizi Euskal Etxean erakustea, badakidalako euskaldunek egia esango didatela.

Fire Islandeko LGTB komunitateko jai koloretsuak erretratatu dituzu urte luzez. AEBetan gay kontserbadoreak eliteetako kide bihurtu diren honetan, zer leku dago halako erakustaldietarako?

Gayen bizimodua modu normal batean erretratatzea oso garrantzitsua da niretzat. Ez dut nahi erretratatzen ditudanak inork zomorro gisa ikusterik nahi. Fire Islanden aurpegi alaiena erretratatu nahi izan dut: horregatik daude nire argazkiak kolorez eta bizitzaz beteak. Gay batzuk kontserbadoreak dira, eta sistemaren parte. Beste batzuek ez dute arazorik diren bezalakoak agertzeko, eta hori erakutsi nahi dut. Halako lekuetan gayok nahi bezala ager gaitezke, zigorrak eta epai moralak jasotzeari beldurrik izan gabe.

Duela hogei urte pasatxo joan zinen Euskal Herritik. Aldaketarik sumatzen duzu hemen?

Mundu osoan ari dira gauzak aldatzen. Uste dut errazagoa dela gay izatea New Yorken edo Bilbon, Euskal Herriko edo Amerika sakoneko herri txiki batean baino. Baina asko aldatu da giroa azken hamarkadan. Gazteak, gaur, 30 urtekoak baino askoz toleranteagoak dira. Neure ilobetan ikusten dut: Koitz txikia, duela hiru urte 16 zituenean, askoz irekiagoa zen Alvaro iloba adin berean baino. Gero eta gay gehiago armairutik atera izana eta harro agertzea asko laguntzen ari da. Bestalde, familiak onartzen ari dira gure sexualtasuna. Hurbiletik ikusten dutenean, eta euren osaba, arreba edo lehengusua gay edo lesbianak direnean, gauzak asko aldatzen dira, eta kontu pertsonal bihurtzen da.

New Yorkeko Euskal Etxean Brock in a Dresserakusketa izan duzu ikusgai. Generoen kodeen errepresentazioa gainditu nahi izan duzu?

Ez diot inori azaldu nahi nola ulertu behar dituen argazkiak, baina egia da genero nortasuna aztertzea dela gure asmoa, eta, areago, genero estereotipoak zalantzan jartzea. Brock Forsblom da erretratu saileko modeloa, eta soineko bat darama, baina ez dago «emakume jantzita». Ez dut nahi ikusleek jakitea Brock gay den edo ez. Jarraitzen dugu egitasmo horrekin lanean, eta ez dakigu nora eramango gaituen, baina abentura zoragarria izaten ari da.

Gauza bat da New Yorkeko Euskal Etxean zure argazkiak erakustea edo leku txiki kontserbadoreagoetan, ezta?

Nik ez nuke arazorik neure argazkiak edonon erakusteko, Fire Islandeko jaietakoak edo lantzen ari naizen beste gaietakoak: gizon biluziak eta zaurgarritasuna —liluratzen nauten gaiak biak—. Euskal Herrian erakustea gustatuko litzaidake. Doug mutil-lagunak berriz galdetu dit nola doazen Euskal Herrian erakusteko gestioak. Gustuko dut argazkiak egitea, baina ez galerietara joatea lana erakustera edo neure buruari propaganda egitea.

Aitzol Azurtza New Yorkeko Euskal Etxeko presidentearen aurka Euskal Herrian 2013an egin zuten kanpainak ez dizu gogoa kentzen? Kargua utzi behar izan zuen.

Aitzolen kasuak erakutsi zuen hedabide batzuek ez dutela inongo arazorik pertsona baten ospea suntsitzeko eta zabor kazetaritza egiteko. Oso nabarmen eta penagarri geratu ziren. Euskal Etxean berriki Aniztasunaren Asteburua ospatu izanak erakusten du bazkideok, gay izan edo ez, ez garela beldurtu, eta jarraitu dugula lan egiten aniztasuna eta sexu askatasuna ospatzeko.

Sexu erasoengatik jarritako salaketetan ez du ugaritze «larririk» ikusi Jaurlaritzak

Ertzaintzaren datuak aurkeztu ditu Beltran de Herediak: igoera bat izan bazen ere, biktimek ipinitako salaketak, oro har, %16,7 urritu dira aurten

eraso sexistarik ez

Datuak esku artean hartuta agertu zen atzo Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia. Udan izan diren sexu erasoen inguruan Ertzaintzak egindako lanari buruzko galdera egina zion Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak, eta datuekin erantzun nahi izan zuen. Iragan hilabeteotan eraso klase horien gaineko kezka nabarmena izan bada ere, eta hainbat egoera «zinetan larri» izan direla onartu arren, datuek ez dutela «larritzeko» moduko igoerarik erakusten azaldu zuen sailburuak: urteko lehen sei hilabeteetan sexu erasoei lotutako salaketetan %24ko igoera egon zela aitortu zuen, baina igoera hori abusuetan izan zela nabarmendu zuen, eta sexu eraso larrietan, aldiz, beherakada bat izan zela: 22 gutxiago izan ziren. Eta sexu erasoen arloan, oro har, urte osoari begira, beherako joera nabaria dela azaldu zuen: urteko lehen bederatzi hilabeteetan %16,7 urritu dira biktimek jarritako salaketak. Andreen salaketarik gabe, ertzainen edo beste hirugarren baten ekimenez abiatutako salaketak ere urritu egin dira: %15,8 gutxiago dira. Nolanahi ere, argi utzi zuen gaiari ezin zaiola garrantzirik kendu. «Salaketa bakar bat kezkatzeko motibo da guretzat». Adierazi zuen uda guztietan plangintza landua egiten dutela ertzainek udal ordezkariekin batera jai eremuetan segurtasun neurriak ezartzeko.

Bikotekideek emakumeei egindako erasoei buruzko datuak ere jakinarazi zituen Beltran de Herediak: urteko lehen bederatzi hilabeteetan %3,1 urritu dira andreek genero indarkeriagatik jarritako salaketak. Familia barruko indarkeria kasuetan, ordea, igoera bat izan dela nabarmendu zuen: andreek jarritako salaketak %1 ugaritu dira, eta hirugarrenek jarritakoak, %4,4. Poliziaren esku hartzea kasu horietan zailagoa izaten dela ohartarazi zuen, ezkutuan daudela usu. Nabarmentzeko datuen artean, ofizioz hasitako ikerketen igoera nabarmendu zuen: salaketa mota horiek ugaritu egin dira bai genero indarkerian eta bai sendi barrukoan.

Funtsean, arazoa konpontze aldera gizonen eta emakumeen arteko harremanek «berdinen arteko erlazio»bihurtu behar dutela ohartarazi zuen, eta horretarako lan handia egin behar dela oraino gizartearen arlo guztietan. «Arazoa ez da segurtasun neurriekin bakarrik konponduko».

Feministen esku hartzea

EH Bilduko legebiltzarkide Diana Carolina Urreak alde horretatik emakumeen aldeko politiketan harago egitea ezinbestekoa dela esan zuen: «Estrategia oso bat eskatzen dugu; esaterako, indarkeria matxista jasaten duten andreak ahalduntzeko. Estrategia hori zertan den jakin nahi dugu». Galdetu zuen, era berean, zertan diren erasotzaileen gaineko kontrola areagotzeko neurriak; gainerakoan zama biktimen gain lagatzen dela gogorarazi zuen. Eta baliabide gehiago eskatu zituen. «Eusko Jaurlaritzak berdintasunari ematen dion benetako garrantzia aurki ikusiko dugu, aurrekontuetan ematen zaion tokian; ea zerrendako azken-azkena izateari lagatzen dion».

Urreak goratu egin zuen mugimendu feministak udan festa giroan izan diren sexu erasoak gaitzesteko eta «ikusgarri egiteko» egin dituen ahaleginak. Sailburuak, hala ere, zenbait mezu klaserekin «alarma funsgabeak» sor daitezkeela ohartarazi zuen.

Eraso bat Gasteizen

Genero indarkeriaren gaineko kezka apaldu ezin dela erakusten duten albisteetako atzo helarazi zuten Gasteizko udaltzainek hedabideetara: jakinarazi zuten igande gauean 34 urteko gizonezko bat atxilotu zutela, andrea jotzea leporatuta. Etxera hordituta iritsi eta andreari kolpeka eraso ziola esan zuten. Larrialdi telefonoaren bidez izan zuten udaltzainek emakumearen berri, eta harengana iritsi zirenean azaldu zien gizonak «ohikoak» dituela jokabide horiek. Berehala atxilotu zuten gizonezkoa.

Gazteluetako sexu erasoen auzia berriz irekitzeko eskatu dio sendiak Elizari

Aita santuarekiko «erabateko konfiantza» agertu du biktimaren aitak. Frantziskok berak ikertzea eta dituzten «frogak» ikustea nahi du

Opus Deik Leioan (Bizkaia) duen Gaztelueta ikastetxean ustez 2008an izan ziren sexu erasoen inguruko auzia berriz irekitzeko eskatu diote Eliza katolikoari. Abusua salatu duen gaztearen aitak Frantzisko aita santuari berari egin dio eskaera: «Berak iker dezala nahi dugu, eta ditugun froga guztiak ikus ditzala». Sinetsita dago, hala gertatuz gero, semearen ustezko erasotzailea zigortuko duela Elizak, «haren aurkako nahi beste froga» daudelako. «Erabateko konfiantza» dute aita santuarengan.

Gaztearen familiak Frantziskori jakinarazi zion geratutakoa. Joan diren Gabonetan jaso zuten erantzuna. Aita santuak postal bat bidali zien: elkartasuna adierazi zien, eta esan zien Fedearen Ikasbiderako Kongregazioaren esku ipiniko zuela auzia. Urriaren 12an jakinarazi zion Elizaren erakunde horrek Opus Deiri auzia itxi egin dutela, ez dutelako lortu ustezko abusuak frogatzerik.

Gaztearen aitak gogor salatu du erabakia. Ohartarazi du auzi kanonikoa zuzendu dutenek ustezko erasotzailearekin egin dutela berba, baina sekula ez biktimarekin. Aitortu du Fedearen Ikasbiderako Kongregazioak eskatuta Espainiako Gotzainen Biltzarrak bidalitako bi ordezkarirekin hitz egin zutela, baina «tranpa» egin zietela: «Abokaturik gabe egin genituen adierazpenak dira. Gainera Opus Deiko kide ere badira, beraz, haien esku hartzeak ez du baliorik». Mario Izeta Bilboko Elizbarrutiko gotzainaren aurka ere egin du berba. Dioenez, inoiz ez da eurekin hartu-emanetan jarri, eta «beti egon da ikastetxearen eta erasotzailearen alde».

Getxoko epaitegian jarritako kereilak aurrera jarraitzen du. Biktimari eta ustezko erasotzaileari deklarazioa hartu diete.

 

Jokin Azpiazu: “Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da”

Elkarrizketa hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du

Gizonezko batek feminista dela esatea, tamalez, ezohikoa zaio gizarteko zatirik handienari, oraindik ere. Jokin Azpiazu (Ermua, 1981) aditua eta aritua da horretan, eta Gizonak eta feminismoa. Pribilegiotik inplikaziora hitzaldia eskainiko du, bihar, 19:00etan, Abastos eraikinean.

Jokin Azpiazu

http://ataria.info/

Gizonezkoen gehiengoa pribilegioan eroso al dago oraindik?

Pentsatu egin behar dugu, pribilegioek gaur egun zein forma hartzen duten, zein jokabidetan islatzen diren. Alegia, ezin dugu duela 15 edo 20 urteko zerbait gaur egun baliagarria dela pentsatu. Bide horretan, ziur aski erosotasunarena izan da aldatu den gauzetako bat. Egongo dira, eta badaude, pribilegio egoeretan deseroso dauden gizonak. Baina pribilegio horiek gertatu egiten dira, gu eroso egon edo ez, eta hori da garrantzitsuena. Beraz, oraindik eragiteko beharra dagoela azpimarratu behar da.

Denbora daramazu gizonezkoen eta feminismoaren arteko zubiak aztertzen. Oro har, zein da gizonezkoen harrera, gai horrekiko?

Orain arte, egia esan, oso pozik nago. Lauzpabost urte daramatzat honen inguruan ikertzen eta pentsatzen, eta horretan hasteko motibazio nagusia nire inguruko jendea izan da; lagun asko mugimendu feministetako kide dira, eta beraiek behar handia sentitzen zuten gizonezkook jokatu behar dugun paperaren inguruan hausnartzeko. Solaskide asko izan ditut eta, nire kezkak partekatzeko aukera handia; elkarrizketetatik ateratako hausnarketak dira. Horregatik, harrera oso ona dela uste dut, jende askok uste baitu gai honen inguruan ikuspegi kritiko eta zorrotz bat sortu behar dela.

Berdintasunera bidean, maskulinitatea eraldatu egin behar da ala, besterik gabe, posizio berriak hartu behar ditu?

Botere harremanak irauli behar dira eta, bide horretan, maskulinitateak eraldatu egin beharko dira; baina horrek ezin du helburu bat izan. Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da, eta botere-harreman desorekatuak orekatzea. Egia da gizonezkoon papera maskulinitatearen mito horretan garatu dela eta, hori aldatzeko, nahitaez, maskulinitateak berrikusi behar direla. Horrek ez du esan nahi maskulinitate eredu berriak sortu behar direnik, maskulinitateak berak ez baitu balio espezifikorik kontu honetan. Aldaketak beharrezkoak izanda ere, maskulinitatearekin amaitu egin behar da, nolabait.

Badirudi, oraindik ere, feminista izatea sarri ez dela begi onez ikusten gizartean. Ados zaude?

Bai. Oraintxe bertan, egoera konplikatuan da feminismoa, nire ustez. Euskal Herrian, oso poztekoa da, alde batetik, feminismoak hamarkada luzetan ereindako haziek fruituak eman izana. Emakume gazte asko identifikatzen dira feminismoarekin, tresna garrantzitsutzat dute. Zentzu horretan, esango nuke mugimendu feminista indartuta dagoela.
Baina, era berean, feminismoa oraindik ere hitz deserosoa da, eta leku askotan oso zail suertatzen da aipatzea. Gizonezkooi dagokigunez, geure burua feminista moduan identifikatzea zaila den arren, uste dut eztabaida horietan ez dugula galdu behar, feministak garen edo ez garen erabakitzen. Egin behar duguna praktikak aldatzea da, gure jokabideak. Ez dezagun pentsa, feminismoa kamisetatik edo jakatik zintzilika dezakegun identitate bat dela; feminismoa guretzako erronka bat dela pentsatu behar dugu, emakume feministentzako den neurri berean.

Tolosan, batxilergoko ikasleekin ere ariko zara, Josebe Iturriozekin batera, Hezkidetza plana lantzen. Aipatu dituzun pribilegio horiek albo batera uzteko, jarrera hobea nabaritzen diezu belaunaldi berriei?

Belaunaldi berriekin, belaunaldi zaharrekin bezala, harrapatuta gaude berdintasun formalaren kontu honetan. Izan ere, gaur egun 15, 16 edo 17 urte dituzten gazteena, berdintasunean hezitakoen belaunaldia da, teorian. Baina, hain zuzen, horrexegatik, askotan zaila izaten da beraiei ikusaraztea, ez gaudela berdintasun egoera batean. Patriarkatuak bere kartak jokatu ditu eta, gaur egun, asko azpimarratzen da askatasun indibidualaren ideia; zenbait aukera posible direlako, badirudi berdintasunean bizi garela. Horregatik, egungo gazteek askotan erantzuten dute: «Horrek ez du zerikusirik mutil edo neska izatearekin, hori pertsonaren araberakoa da».

Eta, nola ikusarazten zaie kontrakoa?

Uste dut hezkuntza sisteman gaitasuna galdu dugula, bizi ditugun egoerak desberdintasun sozialen ondorio gisa azaltzeko. Hezkuntza formalean ari diren gazteekin, batzuetan oso zaila suertatzen da matxismoaz hitz egitea, baina baita arrazakeriaz edo klasismoaz hitz egitea ere. Egungo sistemak oso ondo lotu ditu izkina guztiak,Benetton irudi hori emateko eta, lehen ikusezinak ziren gauza batzuk orain oso ikusgarri direnez, badirudi desberdintasunak desagertu egin direla. Baina errealitateak esaten digu ezetz, sexismoa oso arazo larria dela ikastetxeetan, beste zenbait kontu bezala. Beraz, gazteekin norbere ikuspegia eraisten saiatzen gara, eta, ikusarazten, ez garela ari Jon edo Mikel matxistak direla esaten; denok hazi garen sistema patriarkalaz ari garela baizik, eta horrek banatzen dituela pribilegio eta zapalkuntzak.

Etorkizuneko iragarpenak eginez, aldatuko al da gizarte eredu hori?

Uste dut, lehenago aldatuko dela klima Euskal Herrian, kar, kar. Ezin dut eperik jarri, gizarte eraldaketaz hitz egiten ari garenean, ikuspegi askatzaile edo emantzipatzaile batetik hitz egiten ari baikara; hori are motelagoa da. Gizartea bera oso azkar aldatzen ari da eta, zentzu horretan, gizonezkook horren adibide gara, maskulinitatea bizitzeko moduak oso azkar aldatzen ari direlako. Aldiz, botere-harremanak ez dira hain azkar aldatzen ari. Hortaz, bestelako itxura edo kolore batekin, baina gizonezkook botere posizio hegemoniko bat izaten jarraitzen dugu. Gaur egun feminismoan lanean ari diren elkarte, kolektibo, norbanako nahiz erakundeek badakite inbertsio handia egin behar dela, eraldaketa txikiak sortzeko. Inbertsio horiek hezkuntzan, politikan, gizarte mugimenduetan nahiz kalean egin beharko dira, eta ikusiko dugu aldaketak nondik etortzen diren.

Frantzisko Aita Santuak Poloniako apezpiku bat kanporatuko du, Familiarentzako Sinodoaren bezperan publikoki gay dela eta lagun mina duela esateagatik

Read more

Azkuna Zentroak ‘Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan’ ikastaroa eskainiko du

Aurreko edizioan 300 matrikulazio baino gehiago izan zituen

alhhonfiga_20465_1

Urriaren 8tik urtarrilaren 10era “Why Not Judy Chicago?” erakusketa izango da ikusgai (Oskar Martínez)

Bilboko Azkuna Zentroak “Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan” izeneko ikastaroa eskainiko du urriaren 9an eta 10ean, Xabier Arakistain arte komisarioak eta  Lourdes Méndez Artearen Antropologiako katedradunak zuzendaritzapean.

BILBAO. Urriaren 8tik urtarrilaren 10era “Why Not Judy Chicago?” erakusketa  izango da ikusgai zentro bilbotarrean, eta, hori dela eta, aurtengo  ikastaroa arte feministaren aintzindariari eskainiko zaio. Judy  Chicago bera ikastaroan egongo da urriaren 9an.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, ikastaroaren bidez, laguntza  eman nahi da jendarte garaikideetan ekoizpen artistikoaren arloan  gertatzen denari buruzko jakintza kritikoak ezagutzera emateko,  ikuspegi feministetatik abiarazita.

“Jakintza kritiko guztiak bezala, XX. mende erdialdetik eraikitzen  ari den jakintza feminista deserosoa da, ekoizpen artistikoko arloen  mistifikazioa salatzen duelako, arlo horien egitura sexistak agerian  jartzen dituelako, sexuak, etnizitateak, arrazak eta jendarte mailak  haiengan duten eragina aztertzen duelako, artistak sexuko harreman  sozialen bilbean kokatu eta onarpen desberdinen arrazoiak ulertzeko  bidea argitzen duelako, arteari buruz androzentriko eta  etnozentrikoki lerratuak diren kontakizunak -irakaskuntzako maila  guztietan- bortxaz ezartzen direla salatzen duelako, eta ideatikoki  aratz eta garbiak diren ekoizpen artistikoko arlo batzuei buruzko  sinismen faltsuei aurre egiten dielako”, azaldu dute.

Ikastaroak, alde batetik, ikertzaile feministek sexista ez den  jakintza eraikitzen jarraitzeko aurre egin beharreko arazo  historikoak, teorikoak eta politikoak landuko ditu, eta, bestetik,  “arte instituzioaren” alde guztiak zalantzan jartzen dituzten  praktika artistikoak aztertuko ditu, desberdintasun sexualaren  irudikapen nagusien kritika nabarmenduta.

Aurreko edizioan 300 matrikulazio baino gehiago izan zituen  ikastaroa, Azkuna Zentroak kultura eta koproduzio arloan ezagutza  feminista zabaltzeko eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna  lortzeko helburuarekin egiten dituen jardueren artean dago. Izen  ematea egiteko posta elektronikoa bidali behar da  azkunazentroa@azkunazentroa.com helbidera. Sarrera librea izango da  edukiera bete arte.

Sexismoa desagertuta, denok izango gara askeagoak

June Fernández. (Beldur Barik)

Genero gaietan espezializatzen joan da urteekin June Fernandez gaztea, eta horren inguruko lan asko egin du, dela kazetari moduan edo era aktiboago batetan. Emakunderekin kolaboratzen du, SOS Arrazakeriarekin, eta gainera, Berdinsareak abiatutako Beldur Barik lehiaketan ere topatu dugu, komunikazio arduradun moduan. Feminismoak izan beharko lukeen garrantziaz eta gazteengan oraindik ere, matxismoa gogor errotuta dagoenaren kezkaz mintzatu zaigu bizkaitar gaztea.

beldur barik lehiaketa 2011

Beldur Barik lehiaketaren bigarren edizioa martxan dago dagoeneko.

Ekimen hau Berdinsareak sortua da —Eudel barruan berdintasunaren alde diharduten berdintasun teknikarien koordinazioa eta elkarlana sustatzeko sorturiko sarea. Jakingo duzuen moduan, azaroaren 25a Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta Berdinsareak urtero kanpaina bat bultzatzen zuen gaia lantzeko; gizonen inplikazioa bilatzeko kanpaina burutu zuen urte batetan, bestean gazteriari zuzendutakoa izan zen…

Hain justu konturatu ziren gazteekin lan egitea lehentasun nagusia zela, bi arrazoiengatik. Alde batetik, prebentzioa ezinbestekoa delako, eta bestetik, ditugun datuei erreparatuta, salaketen %36a 30 urte azpikoek ipintzen dituztela ikus baitaiteke. Beraz, prebentzioa bultzatzen dugu baina ahaztu gabe indarkeria sexista errealitate bat dela gazteen artean.

Kezkagarria da, ezta?

Bai noski! Gainera, gazteek indarkeria sexistaren gaineko irudi estereotipatu bat daukatela argi dago; adibide bat ipintzearren, normalean gai honi buruz hitz eginda, emakume nagusi bat etortzen zaie burura, eta indarkeria soilik tratu txar fisikoekin lotzen dute.

Garrantzitsua da gaur eguneko indarkeriak zer–nolakoak diren identifikatzeko gai izatea. Esate baterako, bikotea zure Tuentin sartzen bada norekin hitz egiten duzun ikusteko, edo telefono mezuak kuxkuseatzen badizkizu, horiek kontrol estrategiak dira, eta noski, indarkeria mota bat dela argi eduki behar dugu. Guzti horregatik ikusi zen garrantzitsua zela gazteekin lan egitea.

Funtsezkotzat hartzen zen halaber, gazteak eurak izatea protagonista, helduak balira, ziur aski mezuak ez lukeelako eragin bera izango; modu horretan, beraiek izan daitezela hausnarketa burutzen dutenak eta hori hedatzen dutenak.

Gazteei zuzendutako lehiaketa da, baina zertan datza?

Bi kategoria daude; 12–17 urteko neska–mutilentzat bata eta 18–26 urte artekoentzat bestea. Kategoria bakoitzean aurkeztutako lan onenari 1000 euroko saria emango zaio. Zein da lanik hoberena? Beldur Barik jarrera hoberen transmititzen duena. Hau da, eguneroko bizitzan diskriminazioari eta erasoei aurre egiten dieten nesken jarrera: mugak eta beldurra gainditzen dituztenak, bakarrik gauzak egitera ausartzen direnak, beste neskekin elkartasuna indartzen dutenak… Baita matxismoaren kontra egiten duten mutilen jarrerak. Hoiek espresatzeko edozein formatu erabili daiteke: bai artelanak, musika, dantza, performance, idatziak, bideoak, etab., zein kontzeptuak, proiektuak, egunerokoak… Garrantzitsuena edukia da, transmititzen den mezua.

Baina hori ez da guztia, berritasunekin baitator bigarren edizioa. Esaterako, webgunean zintzilikatuko dira proiektu guztiak, eta herri bozkatzea egingo da, eta boto gehien eskuratzen duenak 300 euro jasoko ditu. Beste berritasun bat, euskal instituzio ezberdinak daudela sartuta —Eusko Jaurlaritza, hiru diputazioak, EHU eta EITB— eta esaterako, EHUn, urrian zehar hiru kanpusetan jarduera ezberdinak, eta azaroan, topaketa batzuk burutuko dira, eztabaida–guneak eta tailerrak antolatuz, besteen artean.

Eta Eudelen udal–sarearen ekimena denez gero, udalerri ezberdinetan ekintzak egin ditzaten nahi dugu, eta tokian tokiko sariak egongo dira… Ez dago beraz, parte ez hartzeko aitzakiarik!

Gauza oso serio baten gainean hausnarketa egiteko modu arin eta erakargarria bilatu gura izan da, ezta?

Bai, izan ere, betiko txapa botatzea zaharkituta dagoela ikusi da. Eskoletan–eta jasotzen dute diskurtso formala, hau da, denok berdinak garela, indarkeria sexista oso larria dela eta abar. Baina sormen eta sorkuntzaren bitartez beste bide batzuetatik joan eta emaitza ezberdinak lor daitezkeela ez dugu zalantzarik.

Matraka taldeko neskak zuzenean.

Matraka taldeko neskak zuzenean. Argazkia: © Beldur Barik.

Esaterako, iazko irabazleetariko bat Olaia Aretxabaleta izan zen, eta berak bertso–rap bat egin zuen, euskaraz eta gaztelaniaz. Mezu argi eta zuzenak sortu zituen (“ama, gaur ez zaitut entzungo egingo dut nahi dudan hori”, “no voy a ser ni un jarrón ni un florero”, edota “eta nahi zaitut nire alboan ze zure besoak ematen didate niri bero, baina ez naiz inoiz sentitu preso”), erakargarriagoak dira eta jende gehiagorengana iristeko aukera ematen dute.

Baina gainera, egunerokoan ditugun grinak, haserrealdi txiki edo hausnarketei aterabidea eman eta jendarteari nola bizi nahi dugun adierazteko modu bat da. Eta bide batez, dirua irabazi daiteke, ezinegon berdinak dituzten pertsonak ezagutu, eta gazteok zeresana daukagula sentitzeko aukera ematen du Beldur Barik egitasmoak.

Iazko sariketa aipatu duzula, bistan da ez zela makala izan parte hartzaileen kopurua…

Lehenengo edizioa izateko, pentsatu baino jende gehiagok hartu zuen parte; 500 pertsona inguru, eta guztira, 100 bat proposamen jaso ziren, imajinatu! Gainera, azpimarragarria da, sare sozialen bitartez horietariko asko kontaktuan daudela, eta gai honen gainean lanean jarraitzen dutela.

Beste irabazleetariko bat Matraka talde feminista izan zen; Gure artean izeneko dokumental bat aurkeztu zuten, baina gainera, oso talde aktiboa da urte guztian zehar, futbol eta rock talde bat daukate… Hauek ere aurten hor daude, dokumentala beste gazte batzuei erakutsi, eta eztabaidak pizten… Oso garrantzitsua da beraien ekarpena.

Indarkeria sexistaren gainean gaur egun informazioa egon badago, baina lehen aipatu duzun bezala, oraindik askok ez dute identifikatzen. Non egon daiteke arazoa?

Niretzako oraino, ez da egin benetako hausnarketa sakonik. Indarkeria gaia erailketa matxistarekin lotuta soilik landu izan dela iruditzen zait. Hala, genero indarkeriaz hitz egiten denean, asko ez dira ohartzen oinarrian indarkeria sistematiko eta estruktural bat dagoenik, eta sufritzen dutenak, emakume izateagatik soilik pairatzen dutela egoera hori. Eta komunikabideetan ere, kazetariek ez dute hori ulertzen eta sarri bestelako azalpenak ematen saiatzen dira, gizona oso estresatua zegoela zorrak zituelako, adibidez.

beldur barik lehiaketa 2011

Argazkia: © Beldur Barik

Nire ustez, erailketak izebergen puntak bakarrik dira. Historian zehar eraiki diren harreman eta botere erlazioak daude oinarrian eta noski, horrek zuzenean eragiten du ditugun maitasun ereduetan. Adibide bat ipintzearren, jeloskorra izatea amodioaren sintomatzat hartzen dute askok; nahiz eta ideia hori pixka bat atzerakoia iruditzen zaigun, gazteen artean dagoen ustea da.

Zure buruari egoera aldatuko ote den galdetuko bazenio, baikorra zarela esango zenuke?

Izan beharko! Halere, berdintasun formal horretan hezi gaituztenez, uste dugu dena lortuta dagoela, eta arazo bat dagoela identifikatzen ez dugun bitartean askoz zailagoa da aurrera egitea. Gazteekin hitz eginda ikusten dut hori, eta ohartzen naiz oraindik lan asko daukagula egiteko.

Askoz errazagoa zen feministen borroka 70ko hamarkadan ulertzera ematea, frankismo garaian eskubiderik ez zutela argi eta garbi ikusten baitzuten. Baina egungo gazteek ez dituzte bazterkeria motak antzematen, zantzuak ez direlako horren bortitzak, noski. Askotan lan mundura sartzerakoan errealitatearekin aurkitzen dira: gizonezko lankideak baino soldata baxuagoa daukatela ikustean, edota haurdun geratzeagatik baztertuak izaten direnean…

Baina baikor begiratzen diot etorkizunari bai. Zergatik? Geroz eta gehiago garelako borroka honetan gaudenak, eta Olaia Aretxabaleta edo Matraka taldeko moduko neskak ezagutzen dituzunean, errelebo bat badatorrela ohartzen zara; hauexek dira beste gazte batzuei errealitatearen berri eman eta bestelako egoera eraikitzen joatearen arduradunak.

Zuk zeuk genero gaietan aditu moduan, esparru ezberdinetako egoera ezagutzen duzu.

Hala da. Askotan ez da ulertzen gizarteko sektore ezberdinei eragiten dien arazoa dela. Har dezagun indarkeria matxista, esaterako. Gizon batzuk matxistak dira eta tratu txarrak eragiten dituzte; baina matxismoa oraindik ere gutxi batzuen gaixotasun moduan ikusten da, eta ez gizarte oso baten gaitz moduan.

Ikastetxe batetako patiora joatea besterik ez dugu egin behar matxismoaz ohartzeko. Han ikusiko ditugu neskak jolastokiko albo batean, toki txiki batetan jolasten; eta mutilak aldiz, futbolean dabiltza ia toki osoa okupatuz. Panpinekin batzuk eta gerretara jolasten besteak…

Toki guztietan dago desberdintasuna eta sexismoa: lanean, harremanetan, familian, gorputzari lotutako presioan… Gainera, edozein gizarte taldeetan emakume izateak bazterkeria faktore bat gehitzen du: emakume etorkina, zaharra, landatarra, homosexuala…

Egun, garai batean horren baloratua egon zen feminismoaren irudi distortsionatu bat dagoela iruditzen zaizu?

Beno, feminismoa beti mesfidantzaz begiratu izan da, baina emakumeen eskubideen aldeko neurriak lortu diren heinean, erresistentzia matxista sendotu egin da. Nik uste dut badagoela guzti honen atzean feminismoa desprestigiatzeko nolabaiteko kanpaina ez–formal bat. Post–matxismo deitzen dugun korronte bat existitzen da, eta hauek berdintasunaren alde daudela esaten dute, ez direla matxistak; oro har, mezuak geroz eta konplexuagoak dira, eta geroz eta makilatuagoak daude. Genero politikei iseka egiten diete, egun gizonak direla baztertuak esaten dute, feminazikontzeptua erabiltzen dute gure kontra egiteko, gizonek ere tratu txarrak pairatzen dituztela azpimarratzen dute eta emakumeek askotan dirua irabazteko edo gizona izorratzeko salaketa faltsuak ipintzen dituztela sinestarazten dute…

https://youtu.be/2gop-5z31xQ

Horregatik, garrantzitsutzat ikusten dut feminismoaren historia berreskuratu eta horren aldeko aldarria egitea, inolako mozorrorik gabe. Eta ezin dugu ahaztu feminismoa oso mugimendu iraultzailea bai, baina betidanik izan dela giza eskubideen aldekoa eta bakezalea. Feminista izateaz arro agertu eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde gaudela esan behar dugu, eta bide batez, askok pentsatzen dutenaren kontra, argi utzi behar dugu emakumeak ez garela gizonezkoak baino gehiago sentitzen.

Azken finean guztion hoberako da, emakumeentzako bai, baina gizonezkoek ere onura bat aterako baitute berdintasun egoera batetara iritsiz gero. Matxismoak, azken finean, muga batzuk ipintzen dizkigu denoi, rol batzuk banatuz eta nahi duguna egiteko oztopo bilakatuz.

Denon eskuetan dago aldaketarako bidea orduan!

Zalantzarik gabe. Beldur Barik lehiaketara bueltatuz, gainera, mutilek ere parte hartzeko aukera daukate, eta Beldur Barik jarreraren gainean hitz egiten dugunean, ezin dugu ahaztu gizonezkoek ere aurreiritzi asko apurtu behar dituztela oraindik. Besteen artean, ezin dituztela euren sentimenduak azaleratu, edo zer den edo zer ez gizonezkoen gauza, homofobiaren itzala ere hor dago…

Sexismoa desagertuta, denok izango gara askeagoak, eta hori argi izan behar dugu.


Parte hartzeko:
jarrera@beldurbarik.org
Epea: 2011ko azaroak 11
Sare Sozialetan: Facebook, Twitter eta Tuentin

«Eskubideen lege batean administrazioa ezin da bermea izan»

EUGENI RODRIGUEZ. KATALUNIAKO HOMOFOBIAREN BEHATOKIA

Rodriguezek irmo defendatu du Kataluniako homofobiaren aurkako legea: eskubideak bermatzeko, zigorrak ezartzeko eta kolektiboa ahalduntzeko balio duela dio. Dena den, aurkitu diote ahulgunerik.

eugeni rodrigeuez

Eugeni Rodriguez

Iazko urriaren 8an onartu zuen Kataluniako Parlamentuak Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Eskubideen Aldeko eta Homofobiaren Aurkako Legea. Ibilian, testuaren indarguneak eta ahulguneak identifikatu dituzte. «Arrisku hori du lehenak izateak», aitortu du Eugeni Rodriguezek (Hospitalet de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1965), Kataluniako Homofobiaren Behatokiko kideak. Aitzindariak izan ziren Europan. Aurten antzeko egitasmo bat aurkeztu nahi du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean; hango esperientzia ezagutu dute Rodriguezen ahotik.

Zergatik eta zertarako behar zuen Kataluniak legea?

2005ean sexu berekoen ezkontzak onartu ziren Espainian. Baina jendeak ez ditu eskatzen ezkontzagatik dagozkion hamabost opor egunak; ez dira ausartzen. Bi lesbiana euren umea eskolan matrikulatzera doazenean, aitaren eta amaren izena galdetzen diete. Ezkontzeko eskubidearekin ez da dena konpondu. Nik esaten dut etxea teilatutik egiten hasi zirela. Oinarriak falta dira. Eskubide asko dago oraindik bermatzeko. Eta, era berean, guk lege zigortzaile bat nahi genuen. Urte askoan homofobia debaldekoa izan da. Orain erasoen aurkako txertoa behar genuela uste genuen. Eta legea behar dugu LGTBI kolektiboa ahalduntzeko modu bakarra delako. Azkenaldian homosexualitatearen aurkako neurriak hartzen ari dira hainbat estatu: Europan berton, Errusia. Badirudi atzera egiten ari garela. Katalunian herri berri bat sortzeko prozesuan murgilduta gaude, eta argi utzi nahi genuen gure herri berria ez dela homofoboa.

Ezinbestekoa da lege berezi bat homofobiaren aurka egiteko? Beste lege eta baliabideak ez dira nahikoak?

Europako datuak dira: ehun eraso LGTBIfobotik hamasei baino ez dira epaitegietan bukatzen. Zerbaitek huts egiten du. Hasteko, lege honek izenak ipintzen ditu: homofobia, lesbofobia, transfobia, bifobia… Bakoitza zer den definitzen du. Eta hori oso garrantzitsua da fobia horien aurka egiteko, ikusarazi egiten baititu. Adibide bat ipiniko dut. Errusian gertatzen zena kopiatuta, Katalunian Pilla-Pilla izeneko talde homofobo bat izan dugu. Internetez gay diren gizonekin ligatzen zuten, zelai batera eroan, eta, erasoa grabatu ostean, sarean ipintzen zuten. Hemen ez dute inor hil, baina hamar biktima egon dira. Legea onartzearekin bat, desagertu egin da taldea.

Demagun ume batek eskolan ikaskideen irainak sufritzen dituela, LGTBI delako. Zer egin dezake lege horren babespean?

Ez dugu irudikatu beharrik. Izan dugun azken kasua horixe da. Duela hilabete ama batek deitu gintuen 14 urteko semeak azken bi urteetan bullying-a sufritu duelako, Gironako ikastetxe publiko batean. Heziketa fisikoko irakasleak azken lau hiletan eskola zuten aldiro hau esaten ei zion: «Mesedez, ez egin korri maritxu baten moduan». Umeak hamabost kilo galdu ditu bat-batean. Eta astero hamar euro eroan behar ditu eskolara, ikaskideek ez iraintzeko. Gainera, eskolako psikologoak mutilaren aurkako txostenak egin ditu. Lege honen 12. artikuluak hezkuntzaz egiten du berba. Umeen sufrimendua eragotzi behar dela esaten du, baita biktima izan direnak babestu behar direla ere, haien bizitza normaltasunera itzultzeko neurriak hartuta. Ikastetxe horrek legea oso-osoan hautsi du.

Homofobiaren Aurkako Behatokiak salaketa ipini zuen Generalitatean. Neurriak hartu beharko dira. Ume horren sufrimenduaren erreparazioa ere egin beharko litzateke, legeak hala agintzen duelako. Baina gobernuak erantzun digu umea eskolaz aldatuko dela, eta arazoa konponduta dagoela. Horregatik, guk arartekoarengana jo dugu, gobernua estu har dezan. Ikusten ari gara borondate politiko eskasa dagoela legeak dioena dioen moduan betetzeko. Era berean, fiskala deklarazioak hartzen ari da, deliturik egon den ikertzeko.

Beraz, administrazioak ez du legea betetzen?

Convergencia ez zen legearen aurka egon, baina alde ere ez. Onartu zuten, eta listo. Orain ikusten ari gara borondate politiko gutxi duela. Egia da urtebeteko epea dutela legea oso-osoan indarrean sartzeko. Egia da ez dela erraza. Uste dugu hamar bat urte beharko direla testuak jasotzen dituen lan ildo guztiak martxan jartzeko. Izan ere, asko dago egiteko. Adibidez, hezkuntza sisteman txertatu behar dugu. Baina ez ikasgai berezi moduan: «Tori, hemen homosexualitatea». Ez, zeharlerroa izan behar du. Matematika, historia edo bestelakoak ikasterakoan errealitate hori islatu behar da ikasgelan.

Zer aukera duzue administrazioak legea betetzen ez duenean?

Betikoa: arartekoa. Osasun arloko kontuengatik hainbatetan jo dugu harengana. Ez du administrazioa zigortzeko eskumenik, baina errieta egiten dio, zer egin behar duen esaten dio, eta txosten oso interesgarriak egiten ditu. B plana ere badugu. Izan ere, bagenekien Generalitateak hala jokatuko zuela. Beraz, orain tokiko administraziora jotzen hasi gara, haien bidez legea zabaltzeko. Legeak Generalitatearen eta tokiko administrazioen arteko akordioak egiteko modua ematen du, gobernuak legearen eskumen batzuk erakunde horien esku uzteko. Bartzelonako Udalarekin indar berezia egin gura dugu. Batez ere, legea ezagutarazi nahi dugu.

Legearen indarguneetako bat zigorrak edo isunak dira. Zeinen ardura da horiek ezartzea?

Hori da gure hanka sartzeetako bat. Guk nahi genuen horretarako erakunde berezi bat sortzea. Baina Generalitateak berak du ardura hori. Guk ez genuen aurrekaririk, eta itsu-itsuan idatzi genuen legea. Ikasi dugu lezioa: eskubideak bermatzea eta diskriminazioa bukatzea helburu duen lege batean ezin da administrazioa izan bermea. Bere lana aurrekontua eta baliabideak jartzea izango da, baina kontrolak beste baten gain geratu behar du. Ezinbestekoa da zigorrak jartzeaz eta legea betetzen dela baieztatzeaz arduratuko den erakunde independente bat sortzea. Gironako ume horren kasuan ikusi dugu, adibidez, ez duela funtzionatzen. Gaur egun arartekoaren bidez ari gara lanean, egunen batean erakunde hori lortuko dugulakoan.

Arestian esan duzu Gironako umearen amak zuengana jo zuela salaketa jartzera, behatokira. Ez al lukete Generalitatera joan behar? Ez al luke gobernuak horretarako zerbitzu edo baliabide propio bat sortu behar?

Salaketak guk jasotzen ditugu. Legeak arreta zerbitzu integral bat aipatzen du. Jaurlaritzak badu Berdindu izeneko zerbitzua. Oso ondo egituratuta dauka. Lan txukuna egiten dute. Gurean lurraldetasuna ere ez da bermatzen. Bartzelonara jotzen dugu, Generalitatera. Baina Kataluniako beste herri batean biziz gero, zer? Gobernuak bermatu behar du jendeak salaketa jartzeko aukera izango duela. Ikusi behar dugu behatokia nola txertatu dezakegun legearen egituran; agian, akordioren baten bidez.

Munilla: “Familia eta ezkontza desegitea du helburu genero ideologiak”

Gipuzkoako gotzainak ohartarazi du litekeena dela etorkizunean katolikoek “garesti” ordaindu behar izatea “pentsamendu bakarrarekiko ikuspuntu kritikoa”.

GRA249. SAN SEBASTIAN, 20/01/2015.- El obispo de San Sebasti·n, JosÈ Ignacio Munilla, oficia la misa del dÌa de San Sebasti·n, patrÛn de la ciudad, hoy en la BasÌlica de Santa MarÌa. EFE/Javier Etxezarreta.

Jose Ignacio Munilla, Gipuzkoako gotzaina, artxiboko irudi batean. Javier Etxezarreta / EFE

Familia tradizionala goraipatzeko baliatu du Jose Igancio Munilla gotzainak Ama Birjin eguneko sermoia, eta bide batez Mendebaldeak bultzatzen duen “genero ideologia” gaitzetsi du, ohartaraziz “familia eta ezkontza” desegitea duela helburu. “Garrantzitsua da ohartzea politikoki zuzentzat dugunak bat egiten duela genero ideologiarekin, eta horrek familia eta ezkontza desegitea dituela helburu”.

Munillak ohartarazi du, halaber, litekeena dela katolikoek etorkizunean “garesti” ordaindu behar izatea “pentsamendu bakar” horrekiko ikuspuntu kritikoa.