«Beti bidean» ikusten du bere burua antzezle eta antzerki zuzendariak; Ortzai sortu zenetik hamar urtera proiektu «umila» dela nabarmendu du, baina «oinarri sendoak» dituena.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Atzerrian bildutako esperientziaren altxorra sorterrian ogibide bihurtzea zuen amets Iker Ortiz de Zarate aktoreak (Gasteiz, 1970). Ilusio horren emaitza Ortzai izan zen, antzerki konpainia eta aktore eskola, hamar urteko ibilbidea egin duen proiektua.
Helburu oso argiarekin bueltatu zinen Gasteizera: kanpoan ikasitakoa hemen praktikan jartzea. Bete duzula uste duzu?
Beti zabiltza bidean. Asko egin dugu, baina asko dago egiteko. Antzerkia, bizitza bezala, proiektua da. Hobetuz zoaz, egiten duzunak hobetzen zaitu, baina beti da hori, saiatzea, etengabe.
Nolakoak izan ziren Ortzai abiatzeko garaiak?
Zirraragarriak. Ez nion beldurrik proiektua hasteari. Beldur nintzen nire jendeak nola hartuko zuen. Amari [Teresa Ibañez aktorea] kontatu behar nionean, uste nuen esango zidala ea zer uste nuen, hemen ez zegoelako halako eskaintza pribaturik. Esan nion, eta oraindik gogoan dut esan zidan gauza bakarra: zerbait egiten bada, ona izan behar du. Bidea latza eta petrala izan da, baina, ahalegin handiz, bide zoriontsua.
Kanpotik ikusita, ez ziren gutxi izan Ortzairen proiektua oso ausarta zela uste zutenak.
Beldurra alde batera utzi behar da; bestela, ez zoaz inora. Beldurra beti dago hor zu gelditzeko, baina jakin behar duzu zeure bidea zein den ikusten. Proiektuaren oinarriak sendoak direla uste dut, baina umila da. Hemen ez dago gauza handirik.
Antzezle, zuzendari, irakasle. Zertan ari zara gusturen?
Antzezle gisa. Aktore sentitzen naiz, antzezteko deia jaso nuenetik. Egia da proiektuak aurrera egin dezan zuzendu edo idatzi behar duzula, eta irakasteak benetako poza eman dit.
Antzerki eskolaren proiektuari garrantzi berezia eman zenion hasieratik. Nola ikusten duzu egindako ibilbidea?
Gero eta gehiago ikasten dut neure ikasleengandik. Prozesu oso aberasgarria da, sakona, grina handiz egiten dudana. Aktore modura hasi nintzen, baina, denborarekin, neure irakasleak maitatzen eta miresten hasi nintzen. Liluratuta geratzen nintzen haiekin, eta hori ere egin nahi nuela konturatu nintzen.
Hamar urteko bidean, zeuretzako irakaspenak ere izan dira?
Egunero ikasten dut zerbait. Aktore baten arazoak nola konpontzen diren, esaterako. Ikasleei laguntza emanez, neuk ere ikasten dut. Banoa etxera, eta pentsatzen dut nola egin dieten aurre dituzten arazoei edo trabei.
Gasteizko kultur sistemari zer eman dio Ortzaik?
Beste leiho txiki bat. Pentsatu nahi dut kalitatezko beste leiho bat eman dugula, kanpoan ikasitakoaren edo ekarri ditugun irakasleen laguntzarekin.
Antzerki konpainiak ere bide oparoa izan du. Aukeratuko zenuke garairen bat?
De profundis oso gauza handia izan da niretzat. Bizitzaren opari bat izan da; ia malkoak ateratzen zaizkit. Gazteegia naiz agian hor goia joko dudala pentsatzeko, baina badakit antzezlan hori benetan garrantzitsua izan dela. Geure ibilbidean Eta orain?garrantzizkoa izan da, halaber.
Klasikoak landu dituzue batez ere, baina Eta orain?lanean gaur-gaurko gai bati ekin zenioten: Euskal Herrian bortizkeriak utzi duen arrastoari.
Atzo komentatzen nuen amarekin hori [Memoriaren Egunaren biharamunean egin zen elkarrizketa]. Entzuten ari ginen horri buruz hitz egiten ari zirela irratian, eta, ez dut harroa izan nahi, baina pentsatu nuen nola hartu genion aurrea egoerari. Orain dela bost urte idatzitako testu bat da.
Antzezlana asko eraman duzue Euskal Herritik kanpora ere.
Euskal Herria ezagutu ala ez, toki guztietan oso ondo ulertu dute. Ez naiz inoiz pertsona ausarta sentitu. Nik banekien jendeak hori ikusi nahi zuela, horri buruz hitz egin nahi zuela, askatasun osoz eta errespetuz. Hasi behar genuen mugak hausten.
Zuk ikusten zenuen behar hori?
Bai, eta hala izan da. Antzezlanaren ondoren beti egiten dugu solasaldi bat, eta eztabaida horretan hasieratik agertu dira oso testigantza gogorrak, iritzi ezberdinak eta pentsatzeko modu ezberdinak. Ideia izan genuenean, jende askok esaten zigun ez zela une egokia, hobe zela itxarotea. Guk esaten genien ezetz, garai egokia norberak nahi duenean iristen dela, isiltasuna hautsita. Toki guztietan ondo hartu dute, gaia benetan unibertsala delako.
Klasikoak eguneratzen lan handia egin duzue. Zer dute antzezlan horiek oraindik ere baliagarri izateko?
Hitzak berak esaten du. Klasikoa da beti esanahi handia izango duena. Ukitzen dituzten gaiak ez dira atzean geratuko, gizateria guztiari dagozkiolako.
Orain dela gutxi itzuli zarete taulara, Candido-rekin. Nolakoa izan da esperientzia?
Maite dut pertsonaia hori, gogo handia nuen egiteko. Voltaire sekulakoa da. Dena dauka: erlijioen fanatismoa, maltzurkeria, kolonizatzaileen gehiegikeriak, hipokrisia, edo nola gizakiak ezberdinak diren tokiaren arabera, baina berdinak mamian. Oso egile aurreratua zen. Orain dela hiru mende pentsatzen zuen lurra zigortzen ari ginela; animaliak eta beste pertsonak nola zigortzen ari ginen salatu zuen.
Gasteizko Antzerki Jaialdiko egitarau ofizialaren barruan egin duzue estreinaldia, azkenean. Kostatu zaizue hori lortzea.
Konpainiak merezi zuen; nirekin lan egiten duten aktoreek merezi zuten. Teresa Ibañezi ere omenaldi txiki bat egin zitzaion. Nik uste dut aukera merezi genuela, eta gero gerokoak, baina egia da harrera ezin hobea izan zela.
Esan izan duzu lehen hamar urte hauek lehen atala ixten dutela, eta bigarren bat irekiko dela hemendik aurrera.
Gustatuko litzaidake hori pentsatzea, baina inoiz ez dakizu zer etorriko den. Hasi nintzenean, uste nuen gogorrenak lehen hiru urteak izango zirela; gero, lehen bostak, eta jarraitzen dugu zintzilik. Egindakoaren poztasuna dugu.
Buruan hamaika proiektu ibiliko dituzu jiraka.
Bizitza ez da nahikoa buruan ditudan antzezlan guztiak egiteko, hori seguru. Gustatuko litzaidake lankideei, ikusleei eta jendeari zoriontasuna ematen segitzea.