Maitasun lesbikoari guraizeak

Cartoon Network kateak ‘Steven Universe’ saioko eszena bat zentsuratu du Erresuma Batuan

Perla eta Kuartzo Arrosa Steven Universe saioko pertsonaiak, zentsuratu duten eszenan

Perla eta Kuartzo Arrosa Steven Universe saioko pertsonaiak, zentsuratu duten eszenan. BERRIA

Azkeneko egunetan zer esana eman du Cartoon Network kateak Erresuma Batuan Steven Universe animaziozko saioko eszena batean egin duen zentsura. Editatze lan originala eta britainiarra argitaratu ditu PinkNews-ek, lesbiana, gay, transexual eta bisexualen berriak argitaratzen dituen webak, zentsura agerian utziz. Bigarren denboraldiko bederatzigarren atalean, What can I do for you? abestia kantatzen ari direnean elkarrekin dantzan hasten dira Pearl eta Rose Quartz pertsonaiak (Perla eta Kuartzo Arrosa). Emakumezkoak biak. Hala ageri dira jatorrizko lanean. Erresuma Batuan ez dute halakorik ikusi, orduantxe Greg gaztearen irudiak sartu baitituzte.

Erresuma Batuko Cartoon Network-ek salaketari erantzun dio ohar baten bidez, zentsura justifikatuz: «Ameriketako Estatu Batuetan, legeek exijitzen dute saio bakoitzak sailkapen bat izatea. Kasu honetan, 12 urtetik beherakoentzat gomendatzen ez den saioa da». Eta kateak gaineratu du: «Ziurtatu behar dugu emititzen dugun guztia haurrentzat egokia dela, ordutegia bat ala bestea izan». Erresuma Batuan editatutako bertsioa «erosoagoa» da haurrentzat eta haien gurasoentzat, katearen iritziz.

Halakoetan maiz gertatu ohi den moduan, zentsuratzen den edukiak oihartzun handiagoa hartzen du, eta lan originala Internet bidez berehala zabaldu da —Youtuben ikus daiteke—.

Iratxe Fresneda Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Saileko irakaslea kritiko mintzatu da katearen erantzunarekin. «Cartoon Network UK-ek ‘onargarriak’ diren edukiez hitz egiten duenean zertaz ari da? Gizarteari bizkarra emateaz ari da batez ere, hau da, identitate, maitasun eta sexu harreman desberdinak existitzen direla ukatzen ahalegintzen da bere erabakiarekin, haurrak aitzakiatzat erabiliz». Telebista katearen erabaki eta jokamoldea «arriskutsua» iruditzen zaio irakasleari. «Are gehiago, haurren sexu hezkuntza osasuntsuaren kontra egiten du. Oso atzerakoia da».

Ez da lehen aldia Steven Universe saioaren eszena bat zentsuratzen dutena —aurrekoetan, antzeko arrazoiengatik—. 2013. urtean estreinatu zutenetik saioak zale ugari lortu ditu. Animaziozko saio gehienek ukitzen ez dituzten gaietan barneratzen da, tarteka. Protagonista mutiko bat da, eta hiru emakume borrokalarik zaintzen dute. Emakumezko pertsonaiek superbotereak dituzte, trametan funtsezko rolekin.

Gaur egun jarrera homofobikoak ez dira desagertu ikus-entzunezkoen sektorean. Fresnedaren arabera, homofobia ez da soilik azaleratzen estereotipo negatiboak «esplizituki» ikusgarri egiten direnean. «Homofobia LGTB kolektiboak ikusgarritasunik gabe uzten direnean areagotu egiten da, existituko ez balira bezala uzten baitira».