Ostiak bakarrik batzuentzat

Iñaki Petxarroman

Mezuak utzi dituzte Azkonaren erakusketan

Mezuak utzi dituzte Azkonaren erakusketan. IDOIA ZABALETA / ARP

Abel Azkona artistaren aurka salaketa jarri du Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak, «profanazioagatik». Artistak pederastia hitza ostia sakratuekin idatzi izanak «sinestun kristauen sentikortasuna» mintzen duela uste dute. Estimatzekoa litzateke sentsibilitate bera azaldu bazuten aurreko asteburuan Espainiako eta Nafarroako hainbat elizatan Francisco Franco diktadore faxista omentzeko egindako mezen harira, esate baterako, «terrorismoaren gorazarreagatik» salaketak jarriz. Edota hainbat apaizek haurren kontra egindako sexu erasoen aurka orain bezain tinko eta sentikor aritu baziren. Baina, noski, ezin da denean egon.

Iruñeko Udalari ere ez zaio gustatu artistaren lana, eta iraintzat har daitekeen zati hori erretiratzeko eskatu dio. Abokatu kristauena baino jarrera ulergaitzagoa da udalarena, zer alderdik sostengatzen duten kontuan hartuta.

Izan ere, bitxia da arte sorkuntzari eta adierazpen askatasunari zer modu ezberdinez erreparatzen dion oraindik ere Francoren kume den gizarte honek. Oso ongi ulertzen du Frantziako edo Danimarkako aldizkariek Mahoma profetarekin txisteak egitea, baina erasoa —edo iraina— iruditzen zaio Kristoren gorputza adierazten duten ostiekin performanceak egitea. Garbi dago: diktadorea hil eta 40 urtera, ostiak batzuentzat bakarrik dira oraindik.