12.000 feminista indarkeria matxistaren aurka Gasteizko kaleetan
/in Araba, Emakumeak, Erasoak, Euskal Herria, Feminismoa, Genero-indarkeria, Harremanetako bortizkeria, Politika /by EditoreaEuskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu du “11 eraso 12 erantzun. Feministok Prest!” manifestazio nazionala. Eraso matxisten 2015eko uda gogorraren ondoren mugimendu feminista indartsu zegoen halako aldarria Arabako hiriburuan zabaltzeko.
Hilotzak ia hozteko astirik ez du izan. Natalie Van Put, 34 urteko emakumea, apirilaren 5ean hil zen ustez senarrak emandako kolpeen ondorioz. Indarkeria matxistaren azken eraila gogoan izan du manifestazioak hasiera-hasieratik. Manifestazio osteko hitz-hartzeetan ere beretzat izan dira lehen hitzak.
Indarkeria matxistaren gertaera lazgarrienetakoa da erailketa. Hala ere, emakumeen aurkako indarkeriak mila aurpegi ditu eta Josebe Iturriozek Euskadi Irratian manifestazioa hasi baino lehenxeago adierazi duenez, “indarkeria zer den azaltzen eta ulertzen lanak ditugu”, eta manifestazio nazionalaren helburuetako bat bazen neurri batean ariketa hori egitea.
Manifestazio garaian egin diren ekintzek indarkeriaren hainbat adar azaldu dizkigute. Suziri bat piztuta, hainbat emakume burua estalita jende oldearen zain zegoen, eta hala zioten: “Gaua eta kalea gureak dira!”.
Artium museoaren parean “beltza”, “moroa”, “sudaka”, “etorkina”, “txinarra” deitu dieten emakumeek irmo adierazi dute harro daudela direnaz eta arrazakeriaren aurkako eta emakumeen arteko batasun eta aniztasunaren aldeko aldarria egin dute.
Kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako jarrera erakusteko Corte Inglés parean geratu da jendetza eta “Feministok Prest!” pegatinak itsatsi dituzte erakusleihoetan.
Bat baino gehiago gogoratuko zen Natalie Van Put emakume hilberriaz hurrengo ekintzan emakumeak “odolez” blai lurrean etzanda ikusitakoan.
Andre Maria Zurira heldu dira 12.000 manifestariak, plaza lepo.
Oholtzatik Natalie Van Put bidartarra gogoratu dute, eta indarkeria matxistak urtez urte hil dituen emakumeak izenez deitu dituzte. Saioan zehar behin baino gehiagotan atera da Natalieren izena eta manifestariek irmo erantzun dute: “Natalie, gogoan zaitugu! Herriak ez du barkatuko!”. Europari harresiak irekitzeko eskatu diote, eta errefuxiatuei ongi-etorria eman zaie. Hala esan du esatariak: “Esaidazu zergatik lur hau ez den nire etxea izango”. Emakume presoak eta Mendebaldeko Sahara ere gogoan izan dituzte. Eta manifestazioan antolatu bezala, oholtza gainetik ere indarkeriaren aurpegi anitzak zerrendatu dituzte: arrazakeriaren aurkako deiadarra; “Eta zu zergatik zara heterosexuala?”; gorputz anitzen aldeko aldarria; “Beldurra aldez aldatuko dugu!”; lan guztien (eremu publikoko eta etxeko) balioestea; erailketen aurkako aldarria; eta beste.
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioak, Iruñean, mugimendu feminista piztu eta gogobete zuen. Ondoren Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herriko kaleetan ibili zen. 2015eko udako eraso matxista andanak are gehiago berotu zuen mugimendua, eta apirilaren 9an, 12.000 feministak indarkeria matxistaren aurkako oihu ozena egin du Gasteizen.
Oihu geldiezina, aho batez
/in Bizkaia, Emakumeak, Erasoak, Euskal Herria, Feminismoa, Genero-indarkeria, Harremanetako bortizkeria, Politika /by EditoreaEuskal Herriko mugimendu feministak indarkeria matxisten aurka antolatutako manifestazioak 12.000 lagun bildu ditu Gasteizen. Emakumeek euren bizitzen protagonista izatea aldarrikatu dute. Bideoa: Mobilizazio eguneko erreportajea (Lara Madinabeitia, BERRIA TB).
«Ez dugu atzera egingo. Geldiezinak gara. Zuen indarkeriek erantzuna jasoko dute!». Andre Maria Zuriaren plazan hasitako oihua ozen zabaldu zen bazter guztietatik. Feministok Prest plataformak deitutako manifestazioak 12.000 pertsona inguru bildu zituen Gasteizko bihotzean, antolatzaileek emandako datuen arabera. «Gora borroka feminista» oihukatzeko bat egin zuten 12.000 ahotsek. Tonu, tinbre eta kolore askotako ahotsak, lelo bera zabalduz: 11 eraso, 12 erantzun.
Indarkeria matxisten aurkako manifestazioak lepo bete zuen Andre Maria Zuriaren plaza. «Egun historiko bat» izango zela iragarri zuen Euskal Herriko mugimendu feministak manifestazioaren aurreko astean, eta aurreikuspenak bete-betean gauzatu ziren. Euskal Herriko bazter guztietatik heldutako jendea bildu zen, baita beste hamaika txokotatik etorritakoak ere. Besteak beste, Madrildik eta Bartzelonatik autobusak heldu ziren, eta Asturiasko banderaren bat edo beste ere ikusi zen manifestazioan.
Natalie Van Puten hilketari egindako erreferentziak etengabekoak izan ziren egun osoan —asteon hil dute Bidarten (Lapurdi)—. Ekitaldi nagusian ekarri zuten gogora. «Zenbat gehiago zenbatu beharko ditugu? Ez gara hiltzen, hiltzen gaituzte», salatu zuen Gladys Giraldo Feministok Prest plataformako kideak. «Ez dira kasu bakanak, eta ez dira burua galdu duten gizonezkoak: indarkeria matxista da». Bidarteko hilketa gogorarazten zuten afixak ere baziren manifestazioan.
Van Putek indarkeria matxistarik «bortitzena» pairatu zuela gaineratu zuen Marina Sagastizabal plataformako kideak. Ordea, zehaztu zuen hori ez dela indarkeria matxista bakarra. 11 eraso, 12 erantzun lelopean atzoko manifestazioak indarkeria horiek guztiak plazarazteko helburua zuen, baita horien gaineko hausnarketa hastekoa ere. Ibilbidean indarkeria horietako hainbat islatu zituzten antolatzaileek.
Horien artean manifestazioan egoterik izan ez zuten emakumezkoek lehentasunezko lekua izan zuten. Batetik, errefuxiatutako emakumeak izan zituzten gogoan, Europako Batasuna hiltzaile, SOS emakume errefuxiatuak lelodun pankartarekin. Bestalde, espetxeetan dauden Euskal Herriko emakume presoak ere presente izan ziren Gasteizko kaleetan, kartelen bitartez. «Kartzelaren egitura patriarkalaren biolentzia gordinari aurre egiten diote», nabarmendu zuen Aitziber Perez de Karkamok. «Zigor bakoitza jasotzen dute, gainera: zigor penala, eta jendartearen zigor morala».
Sistema heteropatriarkalak emakumeari ezarritako moldea gogora ekarri zuten ekitaldian: «Maitasun eredu toxikoen morroi; heterosexuala; sexu objektua, gorputz desiragarriekin; hierarkikoki gizonen osagarria; derrigorrezko ama eta zaintzaile: emazte finak…». Indarkeria matxistak molde horretatik ateratzen direnen aurka jotzen duela salatu zuten, eta horiei aurre egiteko zilegitasuna aldarrikatu. «Bizi nahi dugu, gure bizitzen protagonista izan nahi dugu; horregatik defendatuko gara, eta erantzungo dugu», ohartarazi zuen Sagastizabalek.
Ekitaldiko mezuak, aldarrikapenak, sutsuki txalotu zituzten plazan bildutako 12.000 pertsonek. «Instituzioak, agente politiko zein sozialak, Euskal Herriko jendartea osatzen dugun pertsona oro norabide berean bultzatu behar dugu», eskatu zuen Sagastizabalek.
Pertsona ezberdinen arteko elkarlanaren adibidea izan zen atzoko manifestazioa. Halaber, elkarlan horren adibide txikiagoak ikusteko aukera ere egon zen: Gasteizen te topaketan indarkerien gainean hausnartu zuten emakumezkoen txirikordekin apaindutako pankartak, Gora Gasteiz ekinbidean oihal koloretsuekin jositako beste kartel bat, eskubide sozialen aldekoak…
Kalea eta gaua
«Beldurra izan da gure eguneroko ogia; gure bizitza kontrolatzeko beldurrean hezi gaituzte», nabarmendu zuen Sagastizabalek. «Espazio publikoetatik kanpo nahi gaituzte gaua heldu baino lehen», gaineratu zuen Giraldok. Mugimendu feministaren salaketa hori etengabekoa izan zen Gasteizko kaleetan. Atzoko eguneko ekitaldia horren isla izatea bilatu zuten antolatzaileek.
Goizetik iluntzera arte hamaika ekintza egin zituzten kaleetan. 11:30ean zumba-reggaeton saioarekin hasi zuten eguna dozenaka emakumek, Foru plazan. Horrez gain, indarkeria matxistak salatzeko kaleko arte eskaintza zabala izan zen atzokoan. Besteak beste, Elina Chauvet artistaren Zapatos Rojos(Zapata gorriak) instalazioa egon zen ikusgai Katedral Berriaren aurrean. 2009an Ciudad Juarezen (Mexiko) inauguratu zuen artelana, emakumeen aurkako indarkeria eta justiziaren gaineko hausnarketa gisa. Orduan, 66 zapata gorri ziren, bikoteka kokatuta, falta ziren 33 emakumeren manifestazioa irudikatzeko. Gasteizen, 66 zapata baino gehiago izan ziren.
Aldarrikapen eta hausnarketaz gain, aisialdirako parada egon zen egun osoan: bazkaria eta bazkalosteko ikuskizunak Landatxo kiroldegian; iluntzean, Gasteizko Gaztetxean hasitako kontzertuak… Musika isildu zenean ere, «gora borroka feminista» oihuaren eta danborren burrunbaren oihartzun geldiezinak jarraitu zuen, kalez kale.
Prostitutak ez, haien bezeroak zigortzea erabaki du Frantziak
/in Askatasun sexuala, BERRIA, Berria, Emakumeak, Politika, Prostituzioa /by EditoreaBi urte eta erdiko eztabaidaren ondotik onartu du Prostituzio Sistemaren Kontrako Legea Frantziako Asanblea Nazionalak. 3.750 eurorainoko isunak ezarriko dizkiete bezeroei
Eztabaida eta aldaketa anitzen ondotik, Parisek onartu du azkenean Prostituzio Sistemaren Kontra Borrokatzeko eta Prostituitutako Pertsonak Laguntzeko Legea. Lehendik ere legedi zigortzailea zuen Frantziak sexu lanaren inguruan —prostituzio etxeak debekatuta daude, adibidez—, eta ildo beretik jarraituko du lege berriarekin ere. Ez ditu zuzenean prostitutak zigortuko, ordea. Haien zerbitzuak erabiltzen dituzten bezeroak izanen ditu jomugan: 1.500 eurotik 3.750 eurorainoko isunak ezarriko dizkie «sexua erosteko» delitua egiten atzemanez gero. Orain arte prostitutei «bezero bila aritzea» debekatzen zien delitua kendu eginen dute, horren truke —Nicolas Sarkozyren gobernuak ezarri zuen, 2003an—.
Bi urte eta erdiko eztabaidaren ondotik eta Asanblea Nazionaletik Senatura behin eta berriro joan-etorrian ibili eta gero onartu zuten atzo behin betiko testua, Asanblea Nazionalean. Aldeko 64 boto eta aurkako hamabi izan zituen. 11 diputatu, berriz, abstenitu egin ziren. 577 diputatu ditu berez Asanblea Nazionalak, baina 87 soilik zeuden atzo testua bozkatu zuten mementoan.
Oro har, eskuineko parlamentariak legearen kontra aritu dira, eta ezkerrekoak, berriz, alde —ekologistak izan ezik—. Bezeroak zigortzeko asmoak eragin ditu eztabaidarik handienak. PS Alderdi Sozialistako diputatuen ustez, bezeroak zigortzearen helburua da ardura haiei ematea, prostitutei eman beharrean. Hala azaldu du Marisol Touraine Gizarte Gaietarako eta Osasuneko ministroak: «Gizonei ere badagokie hausnartzea zer egiten duten eta zein den beren jokamoldea». Maud Olivier diputatu sozialistaren erranetan, halaber, lege berriari «esker» prostitutak «biktima» gisa hartuko dituzte, eta ez «gaizkile» modura.
Prostituten eskubideen aldeko elkarte ugarik eta prostitutek berek gogor kritikatu dute neurria, ordea. Izan ere, salatu dutenez, bezeroak zigortuta sexu langileak ere jarriko dituzte arriskuan, eta are ezkutuagoa bilakatuko du beren lana. Jacques Toubon Frantziako Eskubideen Defendatzaileak ere gaitzetsi du bezeroak zigortzeko delitua legean sartu izana. Haren hitzetan, «proxenetismoaren eta emakumeen salerosketaren kontrako borroka» zailduko du neurriak, eta sexu langileak kalteberago eginen ditu sexu bidez kutsatzen diren eritasunekiko.
Baliabideak, zalantzan
Bertze hainbat neurri ere biltzen ditu legeak. Tartean, prostituzioa uzteko laguntza eman nahi die Parisek sexu langileei. Alta, zenbait diputatuk eta elkartek zalantzan jarri dute horretarako aski baliabide izanen ote den. Izan ere, kalkulu ofizialek diote Frantzian 30.000 eta 40.000 pertsona artean ari direla prostituzioan lanean —gehienak, emakumeak—. Horiei laguntzeko ezarri den 4,8 milioi euroko aurrekontua ez litzateke aski horientzat guzientzat.
«Sexua erosteko» delitua egiten duten bezeroak atzemateko baliabideak ere ez daude argi. Legeak ez du aurreikusten horretarako polizia gehiago ezartzea, adibidez.
Sexu berekoen ezkontza legeztatu dute Kolonbian
/in Amerika Latinarra, Askatasun sexuala, Berria, BERRIA, Gayen aurkako legeria, Homosexualitatea, Politika /by EditoreaBOGOTA. Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalak sexu berekoen ezkontza legeztatu du; aldeko sei boto eta aurkako hiru izan ditu ebazpenak. Aurrerantzean epaileek ezingo diote uko egin sexu bereko pertsonak ezkontzeari. Orain bost hilabete sexu bereko bikoteek adoptatu ahal izatea onartu zuen auzitegi horrek.
ITSASO ANDUEZA. EGK-KO LEHENDAKARIA «Gazteok ere ari gara berdintasuna lantzen»
/in Askatasun sexuala, BERRIA, Elkarrizketa, Euskal Herria, Homosexualitatea, Politika, Sexualitatea /by EditoreaEuskadiko Gazteriaren Kontseiluak barne diagnostikoa aurkeztu du. Erakundea osatzen duten gazteek genero berdintasunaren inguruan zer ikuspegi duten jakin nahi izan dute azterketa horren bitartez.
Berdintasun diagnostikoa egin du EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, erakundearen eguneroko jardunean eta gazteen elkartze eta partaidetza sareetan berdintasun plana txertatzeko. Ikerketa bat egin du erakundea osatzen duten gazteen artean. Itsaso Andueza lehendakariak azaldu duenez, «beharrezkoa» zuen horrelako lanketa bat egitea. «Garrantzitsua zen guretzat gazteoi zuzenean eragiten diguten zenbait arlo lantzen ditugun modu berean berdintasuna ere lantzea. Batez ere, gizarteak behar duelako».
Bi zatitan banatu dute diagnostikoa: alde batetik, erakundeko langileen arteko barne analisi bat egin dute, EGKren «kokapena hobetzea» xede duena. Bestetik, kontseilua bera osatzen duten elkarte eta taldeetako hainbat kideekin ikerketa bat egin dute. 16 eta 30 urte arteko 85 gaztek emakumeei eta generoari buruz eta sexu eta afektibitate aniztasunari buruz duten pertzepzioa aztertu dute. «60 bat elkartek osatzen dute EGK, eta askotarikoak dira, bai ideologia aldetik, bai helburu eta jarduera aldetik. Barne analisi bat da, finean; izan ere, elkarte horiek ere erakundearen parte dira», zehaztu du Anduezak.
Nabarmentzekoa da lehen aldiz neurtu dutela lesbiana, gay, transexual eta bisexualen kolektiboaren gaineko ikuspuntua. «Uste dugu zerikusi handia dutela, eta elkarrekin lantzeak baduela zentzurik». Bada, datuek erakutsi dutenez, «ezkutuko homofobia» uste baino handiagoa da. Galdegindako gazteen hamarretik bederatzik uste dute kolektiboarekiko «bereizketa ekintzak» badirela: gazteen %55 bulliyng edota iseken lekuko izan dira, eta %15, eraso fisikoena.
«LGTB kolektiboaren inguruko datu gutxi daude. Guk ikerketa bat proposatu dugu horren gainean, nola landu eta nondik jo erabakitzeko», azaldu du Anduezak. Era berean, kolektibo horren eskubideak bermatuko lituzkeen lege bat onartzeko eskatu dio erakundeak Eusko Legebiltzarrari.
Rolak eta estereotipoak
Galdegindako ia gazte guztiek genero rolak eta estereotipo sexistak oraindik badirela iritzi diote. Horrez gain, hamarretik ia bederatzik uste dute desberdintasunak daudela lan arloan gizonen eta emakumeen artean, eta azken horiek «egoera okerragoan» daudela lanpostu bat aurkitu ahal izateko, enplegua beste erantzukizun mota batzuekin uztartzeko, eta lanean eta bizitza politikoan erantzukizun karguak eskuratu ahal izateko.
Horren harira, emakumeek enpleguan aukera berdintasuna bermatu ahal izateko «ekintza positiboak indartu» egin behar direla uste du erakundeak. «Ekintza positiboak diogunean, esan nahi dugu berdintasuna bermatzen duten neurri guztien balioa nabarmenduko dugula. Berdintasuna denontzat ona dela ikusaraziko dugu, ez bakarrik emakumeentzat, baizik eta guztiontzat», azaldu du Anduezak.
Horretarako, kontzientziazio lana lagungarria bada ere, ez da aski, ikerketak azaldu duenez. Hori dela eta, Anduezak adierazi du proposamen eta neurri zehatzak egingo dizkietela erakunde publikoei: «Kontzientziazioarekin ez da aski. Neurri aktiboak behar dira. Gure ideia da urte amaierarako proposatzea neurri zehatz horiek erakunde publikoei».
Neurriak, halaber, genero indarkeriari aurre egiteko, adibidez. Izan ere, nahiz eta gaur egungo gazteek berdintasunari eta indarkeria matxistari buruzko ezagutzak badituzten, praktikan bestelakoa da egoera, datuek erakusten dutenez. Anduezak gogorarazi du kasu horietan gizartean onartuta dauden diskurtsoak errepikatzeak ez duela esan nahi diskurtso hori barneratuta dagoenik. «Genero indarkeriako kasuetan, deigarriena edo gehien ikusten dena da indarkeriaren erabilera fisikoa. Aldiz, horren azpitik dauden joera eta jarrerak ez dira askorentzat ikusgarriak, eta, ondorioz, ez dira lantzen».
«Espero ziren» emaitzak
Edonola ere, diagnostikoan azaldu diren emaitzak «espero zirela» aitortu du EGK-ko lehendakariak, eta azaldu du horrek erakusten duela «lan asko» dagoela egiteko oraindik ere. Hain zuzen, Anduezak adierazi du EGK-k eta erakundea osatzen duten elkarteek «elkarlanean» landuko dutela gaia. «Eratu genuen urteko plangintza ere aurkeztu genien elkarteei, diagnostikoarekin batera, eta asmoa da lantaldea hilabetean behin-edo deitzea eta elkarrekin antolatzea ekintzak aipatutako erronkei aurre egiteko».
Anduezak adierazi du «garrantzitsua» dela gazteen artean ere berdintasuna lantzea. Izan ere, sarritan haien jarrera «gutxietsi» egiten dela iritzi dio EGK-ko lehendakariak. «’Non daude gazteak?’, galdetzen dute askok sarritan. Gazteok bagaude, eta ari gara hau ere lantzen. Gazte asko ari dira elkarteetan askotariko gaiak lantzen, eta berdintasunarekin ere ari dira. Oso garrantzitsua da ikusaraztea gazteok ere honetan ari garela».
«Nafarroan, familia tradizionalari begira diseinatu izan dira genero politikak»
/in BERRIA, Elkarrizketa, Emakumeak, Euskal Herria, Familia, Feminismoa, Nafarroa, Politika /by EditoreaMERTXE LERANOZ. NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA
UPNren agintaldian galdutako autonomia berreskuratzeko bidean da Berdintasun Institutua. ‘Familia’ azpisailetik aterata, gizarte eragileekiko harremanetan sakondu nahi dute orain.
Genero ikuspegia administrazioaren esparru guztietara zabaltzea, mugimendu feministarekiko harremanak sendotzea eta legeak berdintasun irizpideen arabera moldatzea. «Hori ere aldaketa da», esan zuen Mertxe Leranozek (Iruñea, 1966), Nafarroako Gobernuak berdintasunaren alorrean dituen lan ildoak aurkeztu zituen egunean. Gauza asko egiteke daudela aitortzen duen arren, norabide onean doazela uste du Berdintasunerako Institutuko zuzendariak.
Genero kontuetan, Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat berdintasun lege berria ontzea izanen dela esan izan duzu. Zergatik da hain garrantzitsua?
Orain indarrean dagoen Berdintasun Legea zaharkitua dagoelako erabat. 2002. urtekoa da, eta, ordutik, aldaketa sakonak gertatu dira araudien esparruan, baina baita gizarte barruan ere: sexu jazarpen mota berriak ezagutzen ditugu orain, generoari lotutako kontzeptu berriak… Legea berritu behar da, garaietara egokitzeko. Hori egin aurretik, ordea, beharrezkoa izanen da gaur egungo egoeraren ikerketa bat garatzea, diagnostiko bat, eta horren gainean eraikiko dugu legearen egitura.
Berdintasunerako Institutuak eginen du lan hori?
Bai, baina gustatuko litzaiguke prozesua ahalik eta zabalena eta irekiena izatea: atea zabalik utzi nahi dugu, erakundeek, eragile sozialek eta bestelako elkarteek parte hartzeko aukera izan dezaten. Hori guztia, jakina, ezin dugu egun batetik bestera egin. Irailean hasiko gara, baina luze gabeko helburua da. Segur aski, 2016az gainera, 2017. urtea ere behar izanen dugu lana behar bezala bukatzeko. Ongi egin behar ditugu gauzak.
Diagnostikoa gizarteari, baina baita etxe barruan ere?
Bai, noski. Hori da gure lan ildoetako bat. Finean, gizartearen esparru guztiak ukitzen ditu generoak, eta administrazioaren sail guztietan eduki beharko luke isla: Hezkuntzan, Ekonomian, aurrekontuetan… Dena den, aitortu beharra daukat gobernu berria sartu baino lehenagotik ere abian zirela zenbait lan ildo, administrazio barruan genero ikuspegia txertatzeko. Esate baterako, genero berdintasunerako unitateak sortu ziren departamentu guztietan. Ongi egindako lan hori oinarritzat hartu eta indartu eginen dugu guk, unitate horiei egitura sendoagoa emanez, benetako transbertsaltasuna bermatze aldera.
Eragileen parte hartzea aipatu duzu, baina aurreko gobernuak hartu-eman eskasa izan zuen mugimendu feministarekin. Apurtutako zubiak berreraiki nahi dituzue?
Ehundura soziala sendotzea eta parte hartzea sustatzea da gure helburuetako bat, arlo horretan atzerapauso nabarmenak izan direlako. Azken legealdian, bereziki, galera handiak izan ziren. Galdutako harreman horiek guztiak berreskuratu behar ditugu, funtsezkotzat jotzen baitugu emakumeen elkarteekiko loturak indartzea. Besteak beste, 2012az geroztik eman gabeko diru laguntzak berrezarri ditugu: emakumeen elkarteentzako deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan generoari buruzko mintegiak antolatzeko diru partida, IPES elkarteari dagokiona… Horiez gainera, deialdi berria sortu dugu, LGTB kolektiboa laguntzeko. Eta laguntza ekonomikoez gainera, galdutako komunikazio bideak berregiten ari gara emakumeen elkarteekin.
Nekeza al da UPNk eraitsitakoa berriz altxatzea?
Edozein prozesu geldiarazten baduzu, gero lanak izanen dituzu berriz martxan jartzeko. Zergatik? Bada, ez diozulako gaiari helduko utzi zenuen toki beretik, atzerago joan behar duzu. Eta horixe gertatu da emakumeen aldeko mugimendu sozialarekin: izugarrizko egoera prekarioan egon dira azken urteetan, eta kostatuko zaigu kolaborazio giroa erabat berreskuratzea. Guk garrantzi handia eman diogu horri, eta aurrekontuak dira horren froga nagusia, genero berdintasuna sustatzeko ekintzetara bideratutako dirua %48 handitu delako. Hori esanda, hain zen apala abiapuntua, ezen edozein hobekuntza txikik sekulako aurreraurratsa baitirudi. Horregatik nabarmendu nahi dut asko dugula oraindik hobetzeko. Lehen harria jarri besterik ez dugu egin.
Martxoaren 8an, adierazpen instituzionala onartu zuen legebiltzarrak, baina «mugimendu feministarekiko elkartasuna» aipatzen zuen puntuaren kontra bozkatu zuen PPk. Zer iritzi duzu horri buruz?
Berdintasunaz hitz egitean, erraza da kontsentsua lortzea oinarri-oinarrizkoak diren kontuetan. Genero indarkerian, adibidez. Mundu guztia dago horren kontra, nola ez, eta, kontsentsu zabal horri esker, genero indarkeriaren kontrako legea aho batez onartu zuten parlamentuan. Baina zer gertatzen da oinarri-oinarrizkoa alde batera utzita, erroetara jo nahi dugunean? Bada, hortxe azaleratuko direla desadostasunak. Batzuek ez dute onartu nahi mugimendu feministak hamarkadak daramatzala berdintasuna aldarrikatzen, eta lan duin hori ezinbestekoa izan dela emakumeen eskubideen aldeko borrokan. Eta ez dute halakorik onartu nahi, uste dutelako orain arteko ereduari eta politikei aurpegia garbitzea nahikoa dela arazoa konpontzeko.
Beste eredu bat proposatzen duzue zuek.
Hori da. Indarkeriarena, adibidez, ez da ausaz gertatzen den gauza bat. Arrazoi zehatz batzuk daude erasoen atzean, matxismoa bermatzen duen egitura patriarkal oso bat. Eta, beraz, horri aurre egin nahi badiogu, sakoneko neurriak aplikatu beharko ditugu, berdintasun erreala bermatze aldera.
UPNk eta PPk «familiaren barruko balioen heziketa» aipatzen zuten euren adierazpenean, genero indarkeriari aurre egiteko bide bakar gisa…
Bai, eta oso esanguratsua da, berdintasunari buruzko ikuspegi zehatz bat islatzen duelako. Hemen, familia tradizionalari begira diseinatu izan dira genero politikak, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua bera da horren adibiderik garbiena. Aurreko legealdietan, Nafarroako Familia eta Berdintasun Institutua zen, eta Gizarte Eskubideen Departamentuko zerbitzu bat besterik ez zen, Familia izeneko sailaren barruan. Aurten, berriz, lehen lerroan jarri dugu institutua, eta garai batean zeukan izaera autonomoa itzuli diogu.
Institutuaz gain, zeintzuk dira gobernu berriaren lorpenak genero berdintasunaren alorrean?
Abortatzeko eskubidea bermatzea, adibidez, oso garrantzitsua izan da; baita Emakumeak Artatzeko zentroetan sakoneko aldaketak eragitea ere [Sexu eta Ugalketa Osasuneko zentroak dira orain]. Baina lorpenik garrantzitsuena, niretzat, parte hartzea sustatzea izan da. Herritarrak dira gobernuaren politiketan eragina izan beharko luketenak, eta ikuspuntu hori berreskuratu dugu. Hemendik aurrera, mekanismoak ezarri behar ditugu, herritarren parte hartze hori modu eraginkorrean gauzatu dadin.
Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren bidean, administrazioen rola genero indarkeriaren kontrako kanpainetara mugatu dela uste al duzu?
Hein handi batean, bai. Emakumeen kontrako indarkeria errealitaterik lazgarriena eta ikusgarriena da, baina ez dugu ahaztu behar arazo orokorrago baten parte dela. Izozmendiaren tontorra. Egiturazko desberdintasunean eta diskriminazioan topatuko ditugu genero indarkeriaren erroak; beraz, arreta ondorioetan bakarrik jartzen badugu, nekez konponduko dugu arazoa. Transbertsaltasuna, parte hartzea, prebentzioa, heziketa, informazioa… Horiek dira gure lan ildo nagusiak, eta indarkeria matxistaren kontrako borroka ere hor kokatzen dugu, noski.
Indarkeria matxistaren banalizazio horretan, erantzukizun handia dute hedabideek ere…
Bai. Lehenik eta behin, istripu soilak balira bezala azaltzen dituzte erailketak, hiltzailea edo krimenaren izaera matxista aipatu gabe: «Emakume bat hil da, leihotik behera erorita». Bestalde, emakumeen kontrako indarkeria mota asko existitzen diren arren, bakarra islatzen dute hedabideek. Elkarrizketak egiten dizkidatenean, adibidez, molde berekoak izan ohi dira galdera guztiak: biktimak, salaketa kopurua, estatistikak… Hori guztia aipatu behar da, jakina, errealitate onargaitza eta mingarria delako, baina harago joan beharko genukeela uste dut, eta berdintasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean jarri.
Ez dirudi lan makala…
Izugarri zaila da, eta kostako zaigu joera eta inertzia zaharrak alboratzea, gizarte patriarkal batean bizi garelako. Baina gatazkaren benetako neurria ezagutzeko garaia da. Pernandoren egia botako dut orain: emakumeak gara herritarren erdiak, edo erdiak baino gehixeago. Beraz, diskriminazioa pairatzen dute herritarren erdiek! Zer gertatuko litzateke, bazterketa maila hori beste esparru edo kolektibo batera eramanez gero? Bada, hori barneratzen dugun unean hasiko gara auziaren benetako larritasuna ulertzen.
Bide onean al goaz?
Baietz esanen nuke… Argi dago ez gaudela orain dela hogei urteko egoera berean. Aurrerapausoak eman ditugu hainbat alorretan, eta agerikoa da. Baina aurrera urrats bakoitzaren ondotik, pribilegioak galdu nahi ez dituztenen erreakzio bortitza dator. Hortxe ditugu, esate baterako, sare sozialetan egunero ikus ditzakegun jarrera matxistak, eta abar. Izan ere, berdintasuna orokortzeak zenbait jarrera erradikalizatzea dakar. Hori azpimarratu zuen Nazio Batuen Erakundeak bere azken txostenean: emakumeak, oro har, egoera hobean bizi garela gaur egun, baina zenbait arlotan, ezberdintasunak areagotu egin direla.
Adibidez?
Bada, urrunera joan gabe: Nafarroan, enpleguan, estatistikek diote emakumeen egoera ona dela beste zenbait erkidegorekin alderatuta; baina era berean, gizonen eta emakumeen soldaten arteko arrakala handitu egin da.
Indarkeria homofoboaren biktimentzako protokolo bat eskatu dute Gasteizen
/in Araba, ARGIA, Berria, Erasoak, Euskal Herria, HOMOFOBIA, Homosexualitatea, Politika /by EditoreaHorrez gain, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak zerbitzu sozialen eraldaketa sakona eskatu du.
Gaur goizean Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak pasa den azaroan 21 urteko gazte batek jasan zuen eraso homofoboa salatu du eta ildo horretan, indarkeria homofoboa, lesbofoboa eta transfoboa pairatzen duten biktimentzako protokolo bat eta zerbitzu sozialen eraldaketa sakona eskatu du.
Kolektiboak agerraldian azaldu duenez, iazko azaroan 21 urteko ikasle gazte bat bere etxetik bota zuten, “gay izateagatik”. Bere kasua erakunde ezberdinetan aurkeztu arren, momentu horretan behar zuen laguntza ez zuela jaso azaldu du plataformak.
Erakundez erakunde, laguntza eske
Gaztea “kale gorrian” geratu zen eta auzokide baten laguntzarekin, erakunde desberdinetan eskatu zuen laguntza. Zerbitzu sozialetan hitzordua eskatu baina hilabete itxaron behar izan zuela salatu du plataformak. Gainera, lehenengo elkarrizketa horretan konponbiderik eskaini ez zitzaiola gaineratu du.
Abenduan, Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzura jo zuen erasoa pairatu zuen gazteak. Zerbitzu honek aniztasun sexual eta generoko gaiak lantzen dituen arren, homofobia, lesbofoia eta transfobia kasuen aurrean “protokolorik ez dagoela” salatu du Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak. Ondoren, Larrialdi Sozialerako Udal Zerbitzutik pasa ondoren, berriro ere, bere gizarte langilera bideratu zuten. Gasteizko udaleko politika sozialaz arduratzen den zinegotziarekin kontaktuanere jarri ziren. “Interesa aurkeztu arren, ez da ezer aldatu, eta gaztea bere bizitza aurrera eramateko baliabiderik gabe jarraitzen du, gay izateagatik jasandako eraso matxista baten ondorioz”, zehaztu du plataformak.
Zerbitzu sozialen “eraldaketa sakona”
Egoera honen aurrean, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak gazte honen kasuan inplikatzeko eta behar dituen baliabiadeak martxan jartzeko eskatu dio Gasteizko udalari. Horrez gain, “pasa den azaroaren 5ean onartu zuten deklarazio instituzionalean jasota dagoen bezala protokolo bat sortzeko” eskatu dio.
Azkenik, zerbitzu sozialen “eraldaketa sakona” egin behar dela azaldu dute. “Zerbitzu hauen funtzionamenduen aldaketa sakon bat eskatzen dugu, bere lehenbiziko funtzioa bete dezaten, alegia, pertsonen integrazioa eta bertaratzen diren kolektibo desberdinei laguntza eskaintzea, pobreziaren kriminalizazioa alde batera utziz”.
Gasteizko giza mugimenduen plataforma, Kitzikan, 7menos20, Arabako Emakumeen asanblada, Bilgune Feminista eta Mugarik Gabe kolektiboek osatzen dute Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko plataforma.
Oharra: albiste hau Arabako Aleatik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.
LGTB jendeak bere historia ezagutu behar du
/in Askatasun sexuala, BERRIA, Gay, HOMOFOBIA, Homosexualitatea, Iritzia, Lesbianismoa, Politika /by EditoreaLGTB komunitatekook ezagutzen al dugu gure historia? Hemen dugu adibide argi bat: Sam Smith […]. Bere azken hanka sartzea hauxe izan da: Oscar saria irabazi ondorengo mintzaldian adieraztea bera dela Oscarra irabazi duen lehen gizon gay agerikoa. […] Baina gauzak okerrera egin zuen. Esan ziotenean Howard Ashamek ere (gizonezko gay-a) Oscarra irabazi zuela, Smithek hau erantzun zuen: «Ezagutu egin beharko nuke; elkartzekotan geratu beharko dugu». Ashman hiesaren ondorioz hil zen, 1991n.
Dustin Lance Black gidoilari estatubatuarrari ere —bai, Oskarra irabazi zuen beste gizonezko gay bat— ez zitzaion Smithen mezua gustatu […]. Blackek gauza garrantzitsu bat nabarmendu zuen: «Gure LGTBQ historia ezagutzea garrantzitsua da. Bidea ireki ziguten gizon eta emakume askoren bizkar gainean gabiltza oinez». Funtsezko gogoeta da: LGTB komunitatekoek zorigaitz eta neke asko jasan zuten guk orain ditugun eskubideak eta askatasunak izan ditzagun. Adibidez, Ashman moduko pertsona batentzat abesti-idazle arrakastatsua eta ageriko gay-a izatea nabarmen zailagoa izan zen garai hartan egun baino, are gehiago hiesaren sasoirik mingarrienean. Haren moduko pertsonek erraztu zizkiguten gauzak gero etorriko ginenoi, Smith barne […].
Harrotasun eguneko gertaerak enpresen festa bihurtu dira, eta politika baztertu egin dute. […]. Iraganeko heroiak gogoratu beharra dauzkagu, bi arrazoirengatik: lehenik, egin dezakegun gutxienekoa delako gure eskubide eta askatasunen alde borrokatu zirenak gogoratzea, eta historiaren bidez goratzea bere garaian jazarriak eta baztertuak izan zirenak; bigarrenik, horrek bultzatzen gaituelako edozein zapalkuntza edo aurreiritzi garaitzeko ohiturarekin jarraitzera, kaltetua dena delakoa izanik ere.[…]
Abel Azconak epaileari: “Prozesua errespetatzen dut, baina ‘performance’-aren jarraipena da”
/in ARGIA, Askatasun sexuala, Berria, Erlijioa, Euskal Herria, Gay, Kultura, Nafarroa, Politika /by Editorea“Kristauak iraindu” izana leporatuta deklaratu behar izan du artistak Fermin Otamendi epailearen aurrean. Iruñeko artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak jarri diote salaketa.
Epailearen eta bere abokatuaren galderak erantzun ditu, baina uko egin dio akusazioaren galderak erantzuteari. Azconak adierazi du “pederastiaren kritika” egin nahi izan zuela, erreakzioa eragingo zuelakoan. “Edukazio eta errespetu guztiarekin, baina prozesu juridikoa bera prozesu performatiboa izan da. Epailea eta prozesua errespetatzen ditut, bainaperformancearen jarraipena izan dira. Fundamentalismo erlijiosoa salatzen duen pieza bat egin dut, eta zer da, bada, 2.000 pertsona eraikinaren atearen aurrean errezatzen aritzea, edota nik deklaratzera joan behar izatea baino fundamentalismo argiagorik?”. Gaineratu duenez, ez du inor iraindu nahi izan, eta ziurtatu du adierazpen askatasuna defenditzen eta bere lana egiten jarraituko duela.
Jorge Morales Abel Azconaren abokatuak azaldu duenez, Iruñeko artzapezpikutza prozesutik kanporatzea eskatu dute, “epaiketan modu desegokian agertzeagatik”. Era berean, ziurtatu du kausa artxibatzeko eskatuko dutela; epaileak hori egin ezean, helegitea aurkeztuko dute. Epaileak bost eguneko epea utzi du helegiteak aurkezteko.
Bestalde, José Núñez Abokatu Kristauen Elkarteko abokatuaren arabera, auzia zabaltzea nahi du elkarteak, eta horretarako froga eta deklarazio gehiago eskatuko dituzte. Ez du argitu zabalpen horrekin Iruñeko Udala auzipetzea eskatuko duten ala ez.
Abel Azcona artista nafarrak Desenterrados bilduma jarri zuen ikusgai Iruñeko “Erorien Monumentuan”, oroimen historikoaren inguruan. Hainbat argazkitan ikus zitekeen Azcona ogi pusketa edo ostiekin “Pederastia” hitza idazten, eta obra hark polemika handia sortu zuen. Hainbat kristau taldek erakusketa bertan behera uzteko eskatu zuten, Iruñeko Udalaren aurrean mobilizazioak egin zituzten eta salaketa jarri zioten.