«Euskal gaysporako kide sentitzen naiz»
New Yorkeko ‘queer’ munduaren jaietako argazkilari ibili da Koitz azken hogei urteotan. Genero estereotipoen inguruko egitasmo batean dabil orain, eta lehen emaitzak Euskal Etxean erakutsi ditu.
Luis Foncillas Etxeberria Koitz Iruñean jaio zen, baina New Yorken aurkitu du bere txokoa. Etxe orratzen hiriko LGTB giroak erretratatzen bi hamarkada eman ditu.
Queer argazkilaritzat definitu izan zaituzte. Eroso zaude definizioarekin?
Prentsan ikusi nuen lehenengo aldian ezeroso sentitu nintzen, nahiz eta New Yorkeko aldizkari gay batean agertu. Orain ez dit axola, ez bada irain gisa erabiltzen. Etiketek ez naute molestatzen: gizona naiz, gay, kazetaria, argazkilaria, euskal herritarra. Hori guztia naiz, eta konplexurik ez izaten saiatzen naiz. Etiketak txarrak dira erasotzeko erabiltzen direnean, edo gauza batera murriztu nahi zaituztenean.
Nafarroatik New Yorkeko gay mundura. Kultur talka handia izan zen zuretzat?
Bai, ikaragarria, baina zentzu guztietan, ez bakarrik gay munduari dagokionez. Ni euskal gaysporako kide sentitzen naiz. Ez dago arrazoi bakarra Euskal Herritik ateratzeko: gay izatea eta eroso ez sentitzea horietako bat da, baina baita zio ekonomikoak ere. Estatubatuarren izaerarekin ohitzea izan da zailena. Hemen konturatu naiz euskal herritarrak oso zuzenak garela: hemen norbaitek galdetzen badizu bere betaurreko berriak gustuko dituzun, ez dute zure iritzia jakin nahi, baizik eta oso gustuko dituzula entzun. Horregatik dut gogoko neure argazkiak lehenbizi Euskal Etxean erakustea, badakidalako euskaldunek egia esango didatela.
Fire Islandeko LGTB komunitateko jai koloretsuak erretratatu dituzu urte luzez. AEBetan gay kontserbadoreak eliteetako kide bihurtu diren honetan, zer leku dago halako erakustaldietarako?
Gayen bizimodua modu normal batean erretratatzea oso garrantzitsua da niretzat. Ez dut nahi erretratatzen ditudanak inork zomorro gisa ikusterik nahi. Fire Islanden aurpegi alaiena erretratatu nahi izan dut: horregatik daude nire argazkiak kolorez eta bizitzaz beteak. Gay batzuk kontserbadoreak dira, eta sistemaren parte. Beste batzuek ez dute arazorik diren bezalakoak agertzeko, eta hori erakutsi nahi dut. Halako lekuetan gayok nahi bezala ager gaitezke, zigorrak eta epai moralak jasotzeari beldurrik izan gabe.
Duela hogei urte pasatxo joan zinen Euskal Herritik. Aldaketarik sumatzen duzu hemen?
Mundu osoan ari dira gauzak aldatzen. Uste dut errazagoa dela gay izatea New Yorken edo Bilbon, Euskal Herriko edo Amerika sakoneko herri txiki batean baino. Baina asko aldatu da giroa azken hamarkadan. Gazteak, gaur, 30 urtekoak baino askoz toleranteagoak dira. Neure ilobetan ikusten dut: Koitz txikia, duela hiru urte 16 zituenean, askoz irekiagoa zen Alvaro iloba adin berean baino. Gero eta gay gehiago armairutik atera izana eta harro agertzea asko laguntzen ari da. Bestalde, familiak onartzen ari dira gure sexualtasuna. Hurbiletik ikusten dutenean, eta euren osaba, arreba edo lehengusua gay edo lesbianak direnean, gauzak asko aldatzen dira, eta kontu pertsonal bihurtzen da.
New Yorkeko Euskal Etxean Brock in a Dresserakusketa izan duzu ikusgai. Generoen kodeen errepresentazioa gainditu nahi izan duzu?
Ez diot inori azaldu nahi nola ulertu behar dituen argazkiak, baina egia da genero nortasuna aztertzea dela gure asmoa, eta, areago, genero estereotipoak zalantzan jartzea. Brock Forsblom da erretratu saileko modeloa, eta soineko bat darama, baina ez dago «emakume jantzita». Ez dut nahi ikusleek jakitea Brock gay den edo ez. Jarraitzen dugu egitasmo horrekin lanean, eta ez dakigu nora eramango gaituen, baina abentura zoragarria izaten ari da.
Gauza bat da New Yorkeko Euskal Etxean zure argazkiak erakustea edo leku txiki kontserbadoreagoetan, ezta?
Nik ez nuke arazorik neure argazkiak edonon erakusteko, Fire Islandeko jaietakoak edo lantzen ari naizen beste gaietakoak: gizon biluziak eta zaurgarritasuna —liluratzen nauten gaiak biak—. Euskal Herrian erakustea gustatuko litzaidake. Doug mutil-lagunak berriz galdetu dit nola doazen Euskal Herrian erakusteko gestioak. Gustuko dut argazkiak egitea, baina ez galerietara joatea lana erakustera edo neure buruari propaganda egitea.
Aitzol Azurtza New Yorkeko Euskal Etxeko presidentearen aurka Euskal Herrian 2013an egin zuten kanpainak ez dizu gogoa kentzen? Kargua utzi behar izan zuen.
Aitzolen kasuak erakutsi zuen hedabide batzuek ez dutela inongo arazorik pertsona baten ospea suntsitzeko eta zabor kazetaritza egiteko. Oso nabarmen eta penagarri geratu ziren. Euskal Etxean berriki Aniztasunaren Asteburua ospatu izanak erakusten du bazkideok, gay izan edo ez, ez garela beldurtu, eta jarraitu dugula lan egiten aniztasuna eta sexu askatasuna ospatzeko.