Mariburuari ekin bazterrean 2021 – Ehgam Nafarroak antolatzen ditu jardunadiak irailaren 25ean

Planik irailaren 25ean?
MARIBURUARI EKIN BAZTERREAN 2021. 
  • Ikusi  hemen goizeko jardunaldia
  • Ikusi hemen  arratsaldeko jardunaldia
Egitaraua.

09:00-09:15 Akreditazioa Marikondestablen

09:20an aurkezpena.
09:30-11:45 Feminismo Inklusiboa.
Hizlariak: MIRIAM SOLÁ GARCÍA eta DIEGO MARCHANTE
11:45-13:15 Marikak munduan barna
Hizlariak: IBAI FRESNEDO eta ORGULLO VALLEKANO.

BAZKARIA.

17:00-19:30. Kankaneoa: gozamenerako estrategiak.
Hizlariak: JOSAN LANGARITA eta IRA HYBRIS

Noticias de Navarra: ‘Maripensando 2021’, jornada LGTBI+ este sábado en Pamplona – Diario de Noticias de Navarra

EHGAM Nafarroak “Mariburuari ekin bazterrean” ihardunaldia antolatzen du, urriren 3an, Iruñeko Kondestable Jauregian

TOKIA BETETA
Tokia baieztatu ez bazaituzte, jarraitu streaming bidez.
👉 https://tinyurl.com/MariPensando 👈

Transfobiaren aurka protesta egin dute Gasteizen, baina autobusa ez da agertu

Dozenaka lagunek bat egin zuten protesta bilkurarekin. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

GASTEIZ. Dozenaka pertsonak transfobiaren kontrako aldarria entzunarazi zuten atzo Gasteizen. Hazte Oir elkartearen autobusa Eusko Legebiltzarrera iritsiko zela zabaldu zuten goizean sare sozialetan, eta arbuioa adierazteko bilkurara deitu zuten mugimendu feministak eta LTGBI kolektiboak. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk bat egin zuten protestarekin. Autobus transfoboa, baina, ez zen agertu.

Koloretako harresia Iruñerrian, autobus transfoboaren kontra

Protesta artean heldu da Hazte Oir elkartearen autobusa Nafarroara. Lelo eta ikur transfobo guztiak kentzera behartu ditu Iruñeko Udalak. Protestan ari ziren gazteetako bat harrapatu du autobusak

Argiago ezin da esan: «Ez zarete ongi etorriak». Eta ozenago ere, nekez. Iruñeak erantzun irmoa eman zion atzo Hazte Oir erakunde ultrakatolikoaren autobus transfoboari, eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko aldarri bihurtu zuen eskuin muturraren paseo propagandistikoa izan behar zuena.

Alde batetik, herritarren eta eragile sozialen presioak izugarri zaildu zuen Hazte Oirren egitekoa. Bestetik, Nafarroako erakundeek ere ez zioten bidea erraztu: Iruñeko Udalak autobuseko errotulazio oro kentzera behartu zuen elkarte ultrakatolikoa, hiriburura sartu ahal izateko ezinbesteko baldintza gisa; eta Nafarroako Gobernuak eta legebiltzarrak, bestalde, adierazpen bana argitaratu zuten, kanpaina transfoboaren aurka. Espainiako Gobernuko ordezkaritza izan zen eskuin muturrari oxigeno pixka bat eman zion erakunde bakarra, autobusari zirkulatzeko baimena emanda.

Nafarroara sartu ziren unetik beretik, argi zegoen ikuskizuna lortu nahi zutela Hazte Oir taldekoek. Haur transexualen aurkako mezua epaitegietan kamustuta, biktimaren rola bete nahi izan zuen elkarteko presidente Ignacio Artsuagak, «adierazpen askatasuna» aldarrikatuta. Baina karta hori ere ezin izan zuen berak nahi bezala jokatu. 12:00etan Nafarroako Legebiltzarrera joatekoa zen Artsuaga, manifestu bat erregistratzera, baina, Iruñean protestak antolatu zituztela jakinda, ordubete lehenago egin zuen hitzordua kazetariekin, Zuastiko gasolindegian. Autobusetik jaitsita, ordea, elkarretaratze batekin egin zuen topo. Han ziren, besteak beste, E28 plataformako, Bilgune Feministako eta LAB sindikatuko kideak, Transfobia ez, Ez zarete ongi etorriak eta Nafarroa: aniztasun lurraldea zioten pankartekin, besteak beste.

Diskurtsoa lasai eman ezinik, alde egitea erabaki zuten Hazte Oirreko kideek. Guardia Zibila arduratu zen, bultzaka, autobus laranjari bidea irekitzeaz, eta han ziren manifestari eta kazetari batzuk atxiki egin zituzten, identifikatzeko. Segizio transfoboa, baina, ez zen urrunera iritsi: gasolindegi batetik, hurrengora. Hiper Eroski merkataritzagunera, hain zuzen. Han geldiarazi zuen autobusa Iruñeko Udaltzaingoak, hirian ibiltzeko baimena behar zuela argudiatuta. Eta baimen hori eskuratu ahal izateko, autobuseko lelo eta ikur guztiak kendu behar izan zituzten Artsuaga eta bere bi laguntzaileek.

Errealismo magikoko eleberri batetik edota landismoko pelikula zahar batetik aterata zirudien eszenak: elkarte ultrakatolikoko bi buruzagiak, oparitarako paper laranja esku batean eta zeloa bestean, hanka puntetan, euren leloak estali nahi eta ezin. «Arazo logistikoak ditugu», aitortu zien Artsuagak kazetariei. Goiko aldeko hitzak estaltzera iristen ez zirenez, eskailera bat eskatu zieten ondoko tailerreko langileei, baina ez zieten utzi. Azkenean, Eroskiren hipermerkatura sartu behar izan zuen Hazte Oirreko kide batek, eskailera bat erosteko. Protestak eta oihuak baino ozenago entzuten ziren jendearen barreak, eskuin muturreko militanteak mezu transfoboak oparitarako paper pusketekin estaltzen saiatzen ziren bitartean.

Arazo logistikoak konponduta, ia ordubeteko atzerapenarekin sartu zen Hazte Oirren autobusa Iruñean. Ordurako, dozenaka lagun zain ziren Sarasate pasealekuan, Nafarroako Legebiltzarraren aurrean. LGTBI kolektibo, ikasle elkarte eta bestelako gizarte eragileez gainera, han ziren Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra eta PSNko ordezkariak ere, protestan. Herritar ugarik arrautzak jaurti zizkioten autobusari, eta leihoak ukabilez jotzen hasi ziren, «Hazte Oir, kanpora!» oihukatzen zuten bitartean. Tentsioak goia jo zuen une hartan: manifestariak atzean utzi nahian, azeleragailua sakatu zuen autobus gidariak, eta emakume bat harrapatu zuen. Espaloian etzanda gelditu zen gaztea, baina autobusak ez zuen gelditzeko imintziorik ere egin. Gerora, anbulantzia batek eraman zuen osasun etxera. Zauriak zituen oin batean eta aurpegian.

Giroa ikusita, amore eman behar izan zuten ultrakatolikoek: manifestu transfoboa parlamentuan aurkeztu beharrean, Nafarroako Gobernuko erregistrora eraman zuten. Epikotasuna eta drama nahi zituen Hazte Oirrek, baina propagandarik gabe gelditu zen orduan ere, kameretatik urrun, isilean sartu eta atera baitzen Artsuaga. Atzeko atetik.

Iruñetik aterata, autobusa Gasteizera zihoala zabaldu zen sare sozialetan, eta elkarretaratzea antolatu zuten Andra Mari Zuriaren plazan. Iluntzean, ordea, autobusaren arrastorik ere ez zegoen Gasteizen. LGTBI mugimenduaren arabera, Madrilera itzultzea erabaki zuen Hazte Oirrek.

“Hazte Oir kanpora” entzunaraziz geratu dute Iruñean haur transexualen aurkako autobusa

Gizon bat Hazte Oirren autobuseko mezuak estaltzen, protesta artean. / Iñigo Uriz, Argazki Press

Parlamentura joan nahi zuten elkarteko kideek autobusean, han oharra uzteko, baina ez dira iritsi. Udaltzaingoak geldiarazi du aurrena autobusa, harik eta logotipoak eta leloak estali arte. Parean jarri zaion jendea jo du autobusak. Gutxienez pertsona bat zaurituta dago, eta anbulantzian eraman dute. Iruñetik irten ostean, Gasteiz aldera abiatu da ibilgailua. Zuzeneko kontaketa egin du Ion Orzaiz kazetariak. Bideoa albiste barruan.


Iritsi da Iruñera Hazte Oir taldearen autobusa. Zuastiko ordaintokian adierazpenak egin dituzte, eta hiriburura abiatu da autobusa, baina Udaltzaingoak geldiarazi egin du. Esan diete logotipoak estali ezean ezin direla hiriburuan sartu. Ignacio Arsuaga elkarteko presidenteak esan du debekuak debeku legebiltzarrera joango direla. Gainera, salatu du ez dagoela adierazpen askatasunik: “Gure logoa estaltzera behartu gaituzte. Iruñean ez dago askatasunik”. (Bideoa: Argazki Press)

Logoak estalita, parlamentura abiatu dira. Han, baina, transfobiaren kontrako protestan elkartuta zeuden hainbat lagun, eta aurre egin diete. “Hazte Oir kanpora!” oihuak egin dizkiete, besteak beste, eta arrautzak ere bota dizkiete. Handik alde egin behar izan dute, baina bidean, parean jarri zaien jendea jo du autobusak. Neska bati hanka ere zapaldu dio.

Bitartean, Arsuagak manifestua utzi du Nafarroako Gobernuko erregistroan.

Protesta artean hartu dute autobusa Zuastin ere E28, LAB eta Bilgune Feministako kideek. “Ez, ez, ez, transfobiarik ez” eta “faxistak!” oihu egin diete besteak beste, eta “ez zarete ongi etorriak” esan diete.

Joseba Asiron alkateak esan du adi egongo direla autobusak ez ditzan mezu transfoboak erakutsi. Izan ere, gogora ekarri duenez, halaxe dio araudiak. Gainera, gaitzetsi egin du “oso sentibera den gizartearen zati baten kontra” kanpaina egitea. Nafarroako Gobernuak arbuiatu egin du elkartearen jarrera eta autobusarekin egiten ari diren kanpaina. Guztientzako giza eskubideen errespetua nahi duela azpimarratu du gobernuak, “baita transexualentzat ere”.

Iruñean martxoaren 3an egindako manifestazioan jakinarazi zioten elkarteari autobusa ez dela ongi etorria izango. Hala ere, Ignacio Arsuaga elkarteko presidenteak dio Nafarroako hiriburuko askok azaldu dietela babesa.

Madrilen eta Bartzelonan ez zioten sartzen utzi autobusari. Baina elkarteak ibilgailu gehiago prestatu ditu. Chrysallisek haren kontrako salaketa jarrita dauka.

Transfobiaren mamua salatu dute herritarrek Iruñean

“Nafarroa, lur anitza. Transfobiarik ez!” zioen Iruñean larunbat arratsaldean egindako manifestazio alai eta jendetsuak.

http://www.argia.eus/albistea/transfobiaren-mamua-salatu-dute-herritarrek-irunean

Hotza zen arratsaldea eta euria ari zuen manifestazioaren lehen urratsetan. Berehala atertu zuen, ordea, eta ostadarra ere agertu zen zeruan, manifestazioan ziren kolore bereko banderak lagunduz. Transexualitatearen aldeko ikur handi batek ireki zuen Ekainak 28 plataformak deitutako manifestazioa. Hazte Oir muturreko elkarte katolikoa Iruñera etortzearen aurka agertu ziren bildutakoak eta sostengu osoa adierazi zioten Chrysallis elkarteari.

Ehunka lagun abiatu ziren Autobus Geltoki Zaharretik. Merindadeetako plazatik barrena, Karlos III. Etorbidea zeharkatu zuten eta Iruñeko Udaletxera abiatu ziren. Bidean jende ugari bildu zen manifestaziora eta amaierarako 1500-2000 lagun bildu ziren Udal plazan. Bertan egin zen ekitaldia, Udaletxeko ateak parez pare zabalik zirela.

LGTB mugimendua biltzen duen Kattalinguneko kide Erika Salvatierrak esan zuenez, gorrotoaren, transfobiaren eta arbuioaren mamua ez da Nafarroara pasatuko. Nafarroa anitza dela azpimarratu zuen, ezberdintasunak defendatzen dituela eta “gorrotoak ez duela lekurik lurralde honetan”. Gizarteak inongo arazorik gabe onartzen duela transexualitatea, hainbat lorpen eskuratu direla eta horietan ezin dela atzera egin.

Aznarez eta Asiron ere manifestazioan

Nafarroako Legebiltzarreko lehendakari Ainhoa Aznarez eta Iruñeko Alkate Joseba Asiron ere manifestazioan izan ziren. Antolatzaileek eskertu egin zuten Nafarroako erakunde nagusienetatik eskainitako babesa. Bertsolariak eta abeslariak ere izan ziren ekitaldiaren amaieran eta jendeak gogotik txalotu zituen. Gobernua sostengatzen duten lau alderdietako hainbat politikari ere ikusi ziren manifestazioan.

Poztasun sentipena zabala zen manifestazioaren amaieran, bai Iruñeko herritarrek  transexualitateari erakutsitako sostenguagatik, bai gorrotoaren autobusak Crysallisen kanpaina indartu besterik ez duelako egin eta bai halako eguraldi txarrarekin ere bildutako jendearengatik ere.

Transfobiak atertu du

Hazte Oir talde ultrakatolikoaren gorroto mezuaren aurka eta Chrysallis elkarteak haur transexualen alde egindako kanpainaren alde, ehunka lagunek aniztasuna aldarrikatu dute.

Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iruñeko Udaletxe plaza mukuru dago. Hotz egiten du. Euria egin duenez, asko busti egin dira, baina animoak bero daude. Transexualitatearen aldeko bandera erraldoia udaletxe aurrean dago, ilunabarrari kolorea emanez. Denen gogoan, berriz, Hazte Oir erakunde ultrakatolikoak zabaldu nahi izan duen gorroto mezua dago. Ustez, bihar hel daiteke autobusa Iruñera. «Transfobiaren eta gorrotoaren mamua dabil Nafarroan, baina argi dugu ez dugula gorrotorik nahi», esan du antolatzaileetako batek. Amaieran, bizi nahiari abesten dion kanta jo du nerabe batek, eta, ondoren, lagun bati bultza egin dio, mikrofono aurrean jartzeko. «17 urteko trans mutiko bat naiz. Urte guztiotan gizarteak bilakaera handia izan du, eta, horregatik, oso kontentu nago gainerakoak bezala ikusten gaituzuelako. Mila esker». Plaza guztia txaloka eta oihuka jarri denez, hunkituta nabaritu zaio. Transfobiak atertu du.

Halaxe amaitu da Iruñean E28 kolektiboak deitutako manifestazioa. «Ozen eta argi esan nahi dugu Nafarroak ezezko irmoa ematen diola transfobiari. Ez dugu utziko ezein autobus transfobo gure lurraldean sartzen, askotarikoak baikara», esan du Erika Salvatierra Kattalinguneko kideak. Nahiz eta Hazte Oir elkarteak desberdintasunarekiko ezinikusia azaldu, Euskal Herriko Chrysallis elkarteak aurretik egindako kanpaina «indartu» egin duela uste du Xabi Sanchez E28 kolektiboko ordezkariak. Zakila duten neskak eta alua duten mutilak badaudela ikusarazi nahi izan dio gizarteari Chrysallisek, eta, Sanchezen aburuz, orain kanpainak bigarren bultzada jaso du: «Ez dugu inoren aurka jo nahi, eta, berez, fabore bat egin digute. Kanpainak jasotako babesa inoiz baino handiagoa izan da».

Euripean hasi da manifestazioa, eta ahoan bilorik gabe hitz egin du Patxi Sanzek: «Hazte Oir-eko lotsagabe hauen aurka etorri naiz, talde sektarioa baitira». Funtsezkotzat jo du edonork sexua aukeratu ahal izateko askatasuna izatea. Txalotu egin du Chrysallisen mezu irmoa, «ezkutatuta zegoen errealitate bat» kalera atera duelako. «Denok gogoan ditugu armairutik ateratzen ziren gay-ak lau katu zireneko garaia, baina hura ez zen errealitatea. Kanpaina honek erakutsi du jende asko dagoela ezkutuan».

Ana Fernandezi «aniztasunarekiko errespetu falta» iruditu zaio talde ultrakatolikoaren ekinaldia. «Batez ere desberdinak diren haurrei min handia egin diezaiekete. Errespeta ditzatela. Norberak nahi duen bezalakoa izateko eskubidea du». Fernandezek aniztasunarekiko errespetua eskatu du. Patricia Esparzaren irudiko, berriz, ulergaitzak dira hainbat jarrera: «Onartezina da gaur egun jende batek horrelako pentsamendua izatea, norberak nahi duen bezalakoa izateko eskubidea ukatzen baitute».

«Ez da patologia bat»

Manifestazioa aurrerantz doa, giro alaian. Euria egiteari utzi dio, eta Karlos III.aren etorbidetik igarotzean erosketak egiten ari diren herritarrek apur bat harrituta begiratzen diote protestari. Aurrera egin ahala, geroz eta jende gehiago elkartu da, eta 2.000 pertsona inguru mobilizatu da. Ez, ez, ez, transfobiarik ez, eta Hemen dago trans erresistentzia dira gehien errepikatutako oihuak. Manifestazioan ordezkari politikoak daude. Tartean, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea. EH Bildu, Geroa Bai eta Ahal Dugu-ko ordezkariak ere ikus daitezke.

Udaletxe aurrean, E28 kolektiboak transfobiaren aurkako mezua zabaldu du: «Gizarteak arazorik gabe onartzen ditu transexualak. Horregatik uste dugu iraganean bizi direnen azken astinaldiak direla eraso hauek. Transexualitatea ez da patologia bat, eta genitalek ez dute erabakitzen inoren generoa».

Chrysallisek jasotako babesa eskertu du. «Diren bezalakoak izanda, entzuteko, errespetatzeko eta maitatzeko gaitasuna duen ingurune batean hezi nahi ditugu. Barre egin dezatela eta euren izaera zabal dezatela duten aukera guztiekin. Bizi daitezela, izan daitezela. Horretarako euren familiak euren alboan izatea erabaki dugu, eta zuen eskua zabalik egotea beharko dugu, gure haurren bizitza jokoan dago eta».

Nafarroako Plataforma E28J-k manifestaziora deitzen du Transfobiaren aurka

 

BERRIA MEDIOETAN:

Nafarroako Parlamentuak babesa eman dio Chrysallisen kanpainari

Transexualen eskubideak babestu eta aitortu ditu adierazpen instituzional batean, batik bat, adingabe transexualenak.

zentsuratu-duten-irudia-chrysalliseh

Chrysallis elkartearen kartela. / Chrysallis elkartea (@ChrysallisEH)

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak aurkeztutako adierazpen instituzionala aho batez onartu du Nafarroako Parlamentuak transexualen eskubideen alde. Hiru puntu zituen eskaerak. Lehenengoan, batik bat, adingabe transexualen eskubideak babestu dituzte, eta bigarrengoan babesa adierazi diote Chrysallis elkarteak haur transexualen errealitatea ezagutarazteko egin duen kanpainari. Azken puntuan konpromisoa adierazi du parlamentuak sexu eta genero aniztasuna errespetatua izan dadin. Bigarren puntuan PP abstenitu egin da.

Chrysallisek hainbat kartel jarri ditu azken egunetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak leloarekin. Gaur amaitu da kanpaina, hain zuzen.

Euskal jatorria duen pertsona anonimo batek emandako dirua baliatu du Chrysallisek horretarako. Kanpainak oihartzun handia izan du bai kalean baita sare sozialetan ere. Joan den astean hainbat eraso izan ziren kartel horien kontra Iruñean eta Gasteizen. Hasiera batean, Facebookek ere zentsuratu egin zuen kartela. Gero, ordea, gaztelerazko bertsioa baimendu zuen, baina ez euskarazkoa.