Pier Paolo Pasoliniren hilketa estatu krimen bat izan zen». Horrekin konbentzituta dago David Grieco idazle eta zinemagilea (Erroma, 1951). 10 urte zituenean ezagutu zuen Pasolini: «Harentzat lagun bat nintzen, seme bat, lankide bat». La macchinazione filma zuzendu du aurten Griecok, eta izen bereko liburua idatzi. Gaur duela 41 urte hil zuten haren laguna, Erromatik 35 kilometrora, Ostian (Italia). Bertsio ofizialak esan zuen Giuseppe Pino Pelosi maitaleak hil zuela, eztabaida baten ostean, gauez. Bertsio ofiziala hasieratik jarri zen zalantzan. Bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten Pelosiri, baina 2005ean aitortu zuen hark ez zuela Pasolini hil. Auzia iaz artxibatu bazuten ere, Italian Pasoliniren hilketa ez da ahanzturan gelditu. Otsailean, 10.795 herritarrek sinatutako eskaera iritsi zen Italiako Diputatuen Ganberara, Pasoliniren hilketa ikertzeko. Stefano Maccioni abokatuak urteetan dihardu auzia ikertzen. Eta Griecoren arabera, urtarrilean edo otsailean has daiteke lanean hilketaren ikerketa zabaltzeaz arduratuko den ganberako batzordea.
Batzorde hori lanean hasi aurretik argitaratu dute La macchinazione filma DVD formatuan —Italian, urriaren 18an—. Massimo Ranieri aktorea saritu dute —Pasoliniren rolagatik— Annecyko jaialdian (Frantzia) eta Montrealen (Quebec), eta pelikula Ganteko (Flandria) jaialdiko Sail Ofizialerako hautatu dute. «Espero dezagun laster Euskal Herrira iristea, baina film independenteekin pazientzia pixka bat behar da; ingelesezkoak ez badira, are handiagoa», esan du Marina Marzotto zintaren ekoizleak.
Arrazoi askorengatik erabaki zuen Griecok filma egitea. «41 urteren ostean, ezin nuen jasan entzutea Pasolini homosexuala zelako eta bizitza arriskutsua zeramalako hil zela». 2014an, Abel Ferrarak Pasolini filma zuzendu zuen; aurretik, gidoia idazteko eskatu zioten Griecori. «Ferrararentzat Pasolini sexu fantasia bat baino ez zela konturatu nintzen. Zineman geldituko zen epitafioa onartezina iruditzen zitzaidan, eta horrek eraman ninduen La macchinazione egitera», dio Pasolini zenaren lagunak.
Pasoliniren bizitzako azkeneko hiru hilabeteak kontatzen ditu pelikulak. Idazten ageri da, Petrolio liburua. «Liburuan Eugenio Cefisen [ENI Italiako Petrolio Enpresa Nazionaleko presidentea] inguruan ari zen, eta Cefis jotzen zuen Enrico Mattei politikariaren hilketaren erruduntzat». P2 logia masonikoaren buruetako bat zen Cefis. «Haiek dira Pasoliniren heriotzaren erantzuleak», dio Griecok.
Petrolio liburua amaitu gabe argitaratu zuten, Pasolini hil eta gero. Pasarteak falta zituen. Pasarte garrantzitsuena lapurtu egin zutela diote han eta hemen. Martin Lopez-Vega Pasoliniren olerkien —gaztelaniarako— itzultzaile eta Iowako Unibertsitateko (AEB) irakasleak azaldu duenez, duela sei urte liburuaren pasarte galdu bat azaldu zen: «Baina bai bitxia, atala aurkitu zuena Silvio Berlusconiren alderdiko senatari bat izan zen. Senatari hori zigortu egin dute, mafiarekin dituen harremanengatik. Esperanza Aguirrek Gürtel auzia berak deskubritu zuela esatea bezala da». Botere ekonomiko eta politikoko pertsona esanguratsuekin batera, 1981ean aurkitutako P2 logia masonikoaren zerrenda batean ageri da Berlusconi. Tartean ziren bankariak, militarrak, kazetariak eta Argentinako ministroak. 1982ko Banku Ambrosianoaren eskandaluak azaleratu zituen P2ren tramak; logiak estatuaren maila nagusietan sartzen zituen kideak, eta mafiako Roberto Calvik logiako buru Licio Gellirekin zituen harremanak.
Griecoren ustez, Italia ustelkeriaz beteta zegoela deskubritu zuen Pasolinik: «Deskubritu zuen faxismoa ez zegoela hilda. Deskubritu zuen P2 logia estatu kolpe bat ematen ari zela tankeak erabili beharrik gabe. Eta deskubritu zuen, halaber, CIAk terrorismoa antolatu zuela Italiak. Horregatik desagerrarazi zuten».
Valeria Camporesi zinemaren historian irakaslea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Haren ustez, artista eta intelektual «ezerosoa» izan zen Pasolini. «Haren asmoa zen ikertzea eta erretratatzea gazte baztertuen egoera, eta sare kriminalek gazte horiek bazterkerian nola lotuak zituzten ere azaleratu nahi zuen. Horregatik, sare horiek mugitu egin ziren zinemagilea hiltzeko». Beste ikuspegi bat ere eman du hilketaz: «Pasolini homosexuala zen, eta Italiako gizartearen aurreiritzi intolerantea erabili zuten ezkutatzeko hark modernitateaz zuen proiektu politiko eta sozial erradikala». Lopez-Vegak ere nabarmendu du Pasolini «ezerosoa» zela ia mundu guztiarentzat: «Haren obrek galdera ezeroso asko egiten zituen, gizartea eta gizaki bakoitza jarrera hartzera eramaten zituen gai funtsezkoetan. Pasoliniren heriotzarekin, jende askok zama kendu zuen gainetik». Iowako Unibertsitateko irakaslearen ustez, garrantzitsuagoa da galdetzea zergatik hil zuten, zeintzuk hil zuten baino. «Hilotza hor dago, bizitzan planteatu zituen galdera berberekin, baina hain dira ezerosoak, inork ez baitie irtenbiderik eman nahi».
Griecoren arabera, hilketaren egile material eta intelektualetako batzuk bizirik daude gaur egun. «DNA probek diote hiltzailea ez zela bakarra izan, asko baizik». Etsitzeko asmorik ez du Pasolini zenaren lagunak: «Inoiz ez da berandu historiaren hain orrialde ilun batean argia jartzeko. Bereziki, gazteentzat da garrantzitsua; zer gertatu zen jakiteko eskubidea dute».
Pasoliniren heriotzaren inguruko konspirazioez asko hitz egiteak «nekatu» egiten du Camporesi, eta nahiago luke haren filmak, liburuak eta baztertuei buruz esaten zituenak aztertuko balira. «Berriro haren heriotzaz hitz egiteak estali egin dezake esan eta egin zuen guztia. Galaraz dezake hausnartzea gizartea nola eraikita dagoen», gaineratu du zinemaren historiako irakasleak.
Bizitza osoan haize kontra
Bizitza, obra eta heriotza, hirurak bat. Pasolini (Bolonia, Italia, 1922) ikasle garaitan hasi zen idazten, amaren hizkuntzan: friuleraz —Friuli-Venezia Giulia eskualdean hitz egiten duten erretorromanieraren dialektoa—. II. Mundu Gerran partisano ibili zen. Italiako Alderdi Komunistan sartu zen, 1948an. Ikastetxe batean irakasle lanetan ari zen orduan. 1949an, salaketa anonimo baten eraginez —gaztetxoekin limurkeriatan zebilela zioena—, ikastetxetik bota zuten. Alderdi Komunistak ez zuen babestu. Eta alderditik ere bota egin zuten. Erromara joan zen orduan bizitzera. Han idatzi zuen bere ordu arteko bizilekuaren —Friuli eskualdea— testigantza Il sogno de una cosa liburuan. Euskarara itzuli zuen Josu Zabaletak, Gauza baten ametsa izenburuarekin (Alberdania, 1998).
Liburuan, Zabaletak modu honetan definitu zuen Pasolini: «XX. mendeko intelektual librearen eredu handietako bat da; bera izan zen ideologien krisia lehenengo sumatu zuenetakoa, eta berak salatu zuen, orobat, heresia orok integrismo edo ortodoxia bihurtzeko joera duela bukaerarako». Itzultzaileak egun dio Pasolinik landu zituen gai asko «puri-purian» daudela gaur egun ere. «Aitzindaria izan zen gauza askotan. Haren ekarpenik handiena, berriz, pentsamendu kritikoa izatea zen».
Il sogno de una cosa-ren ostean, Erromako proletario mailarik apalenean bizi zirenak erretratatu zituen hurrengo bi eleberrietan. Saiakerak, olerki liburuak, filmak, antzezlanak, artikuluak. Haize kontra, bizitzan eta sormenean. «Forma-berritzea nabarmendu behar da», dio Zabaletak.
Lopez-Vegak XX. mendeko olerkari handienen artean dagoela uste du: «Gizarte garaikideaz bertsoan pentsatzen duen intelektuala da, eta gaitasun lirikoarekin egiten du hori. Hau da, jorratzen denari buruzko esanahi ilunak azaleratzen dituen irudiak sortzen ditu».
Pasoliniren zinema, bestalde, «oso pertsonala» dela uste du Camporesik: «Zinema konprometitua da. Baina ez hori bakarrik, garaiko zinema modernoaren erakusgarri da. Bat-batean, ikusi zen zinemak ez zituela istorioak kontatu behar bakarrik, eta kultur adierazpenaren erabilera libreago bat egin zitekeela. Zinema poesia eta hausnarketarako tresna gisa erabili zuen». 1961ean egin zuen debuta zinemagile gisa, Accattone filmarekin. Kritikak ezustean hartu zuen lan neorrealista hori. 1964an ere harrera beroa izan zuen Il Vangelo secondo Matteo pelikulak. 1970eko hamarkadan bizitzaren trilogia izenekoa pantailaratu zuen: Il Decameron, I racconti di Canterbury eta Il fiore delle Mille e una notte. Hil zutenean, Salò o le 120 giornate di Sodoma ari zen amaitzen. Sadeko markesaren lana askatasunez eta gordinki egokitzen ari zen. Heriotzaren trilogia behar zuenaren lehen lana izan zen hura. Parisko jaialdian estreinatu zuten, zuzendaria hil eta hogei egunetara.
Pasolini beste zinemagile batzuentzat ere izan da inspirazio. Camporesiren iritziz, haren eragina 1990eko hamarkadan hasi zen. Nanni Morettiren Caro diario filmeko (1993) eszena bat oroitu du: «Pertsonaia protagonista Vespa batean doa Ostiara, Pasoliniren omenez eraikitako oroitarri abandonatura. Pasoliniren ahalegin politikoaren eta etikoaren garrantzia suma daiteke film horretan. Adierazgarria iruditzen zait eszena hori».
Lopez-Vegak uste du miretsi bai baina Pasolini ez dela «santifikatu» behar. «Bere kontraesanekin hartu behar da aintzat. Kontuan hartzekoa da Pasolinik garaiko mugimendu feministak mespretxatu zituela. Carla Lonzi [idazle eta arte kritikari feminista] bere egunerokoetan kexu zen zinemagilearen alde matxistarekin». Iowako Unibertsitateko irakasleak uste du ez zirela gutxi Pasoliniren «ahuleziak»: «Galdera guztiak egiten zituen, nahiz eta aurretik batzuetan bazekien erantzuna ez zitzaiola gustatuko». Antzera mintzo da Zabaleta ere: «Pasoliniren galderak beti ari dira galdezka, betiko eta betirako galderak dira, eta, horregatik, haren obrek ez dute indarrik galduko». Itzultzaile euskalduna Erroman bizi zen Pasolini artikulu polemikoak idazten zebilenean. «Pasoliniren iritzian, intelektualak bere esku zituen baliabide guztiak erabili behar zituen, salatu behar zirenak salatzeko ez ezik, bultzatu behar zirenak bultzatzeko».
La macchinazione filmeko egileak dionaren bidetik, Zabaletaren iritziz, boteretsuei «traba» egiten zielako hil zuten. Ikusteko dago 2017an hilketa trabarik gabe ikertuko duten ala auzia filmetako salaketetan geldituko den.