Plazera, borrokarako bidea

LGTBI kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko beharra gogorarazi dute milaka lagunek, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Les Bascosek etzi egingo du askapen ibilaldia, Miarritzen

Manifestazio jendetsuenak Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin zituzten atzo. Irudietan, Donostiakoa eta Iruñekoa. JUAN CARLOS RUIZ – IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRES

Plazera, borrokatzeko arma gisa. Hori aldarrikatu zuten atzo LGTBI Kolektiboaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako hainbat manifestaziotan. «Gure haserrea ez da nahikoa trans, bollo, marika eta gainontzeko disidenteen kontrako indarkeria eteteko: oraingo honetan, plazera aukeratzen dugu», irakurri zuten Gasteizko mobilizazioaren amaieran. Hamaika modutara lortutako plazera dela gaineratu zuten: heteropatriarkatuaren aurkako desobedientzia ekintzetan sentitutakoa, arautik ateratzen diren gorputzek ematen dutena…

Jendetza bildu zuten Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatutako manifestazioek. Askotariko mezuak zabaldu ziren bertan. Ordea, guztietan ideia bat nabarmendu zen: borrokari eusteko beharra. Donostiako manifestazioan irakurritako adierazpena argia izan zen. «Heteroarautik kanpoko harremanak ditugunok estigmatizatuta gaude oraindik, eskubide asko falta zaizkigu, eta isilarazi egiten gaituzte». LGTBI kolektiboko kideak, egunero, «bigarren mailako hiritar» gisa sentiarazten dituztela nabarmendu zuten. «Mundu honek marrazten duen errealitatea heterosexuala da, eta guk egunero egin behar dugu borroka onar gaitzaten». Hori dela eta, ekainaren 28a borroka eguna dela gogorarazi zuten: «Ikusgarritasunaren alde egiteko eguna».

Iruñeko manifestazioan, gogora ekarri zuten «borroka historiko baten ondorioz izugarrizko aldaketa soziala» gertatu dela. Ildo horretan, Nafarroako LGTBI+ Berdintasunerako Legea nabarmendu dute. Dena den, bide luzea geratzen dela gogorarazi zuten. «Eredu tradizionaletik dator jasaten dugun indarkeria, hein handian egitura zisheteropatriarkalak inposatzen baititu». Horrekin hausteko eredu berrien sorrera aldarrikatu zituzten.

Borroka horretan administrazioek ere ardura dutela hausnartu du Les Bascos elkarteak. Areago, borroka «gizarte osoari» dagokiola nabarmendu du. LGTBI elkarteak gizarte osoa «aitzinarazi» nahi du, eta, horretarako, «udal mailako erabakiak» eskatu dituzte. Les Bascosek «askapen ibilaldira» joateko deia luzatu du, larunbatean, Miarritzen.

Adierazpen ofizialak

Herri mugimenduak borrokarako deia egiten zuen bitartean, Hego Euskal Herriko administrazio nagusiek adierazpenak onartu zituzten LGTBI kolektiboaren eskubideen alde. Berdindu zerbitzuaren bitartez egindako aurrerapenak gogorarazi zituen Eusko Jaurlaritzak; edonola ere, oraindik ere diskriminazioa dagoela nabarmendu zuen. Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusiek ere adierazpen bana onartu zuten, baztertze egoerak gainditzearen aldeko aldarrikapenekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, giza eskubideak babestearen alde egin zuen. Horrez gain, administrazio publikoen egoitzetan ortzadar koloreko banderak jarri zituzten. Hala egin zuten Eusko Legebiltzarrak eta Iruñeko Udalak, besteak beste.

Administrazioek ez ezik, beste eragile batzuek ere ekitaldi bereziak egin zituzten LGTBI egunean; ELA sindikatuak, adibidez, hitzaldi sorta bat antolatu zuen atzo goizean.

Protokoloa erasoen aurka

Gasteizko Transbollomarika Sareak gorroto erasoen aurreko protokoloa abiarazi du. Triptikoetan jaso dituzte eman beharreko pausoak, baita nora jo ere, laguntza bila. Sejo Carrascosa Sareko kideak gogorarazi du azken asteetan zenbait eraso gertatu direla. Hiru salaketa daudela azaldu du, eta Poliziaren jokabidea salatu du. «Polizia ez da behar beste egiten ari, erasoak ez direlako gelditu; ez dakigu trebetasun faltagatik den, edota asmo txarragatik».

Protokoloari buruzko informazioa hirira zabaldu nahi dute. Egun salatzen ez diren erasoen berri izan nahi du Sareak. «LGTBI kolektiboko kideok sufritzen dugun egoeraren mapa erreala sortu nahi dugu». Hala, kolektibo horietako kideen aurkako fobia egon badagoela gogorarazi du Carrascosak. Lorpenak egon direla argitu du, baita gaineratu ere erasoak eta bazterkeria dagoela ahulen direnen aurka: gazteak, migratzaileak, pobreak…

Administrazioei lan handiagoa eskatu diete, halaber. «Hutsune handia dago administrazioen partetik jendea ahaldundu dadin, eta eraso baten aurrean egin dezakeena jakiteko». Ildo horretan, egun jakinetan adierazpenak egiteari utzi, eta adierazpen horietan esaten dutena betetzeko eskatu diete.

Lanean izandako eraso homofobo bat epaitu dute

Langile batek jasandako eraso homofobo bat epaitu zuten atzo Bilbon

 

BILBO. Langile batek jasandako eraso homofobo bat epaitu zuten atzo Bilbon. LAB sindikatuak protesta egin zuen epaitegien aurrean; azaldu zuenez, langileak ezin izan zuen lanera joan erasoagatik, eta, itzuli zenean, kaleratu egin zuten. «Bi aldiz zapaldu» zutela salatu zuen sindikatuak.

Gorroto jarreren kontra

Sexu adierazpenen eta genero identitateen askatasunaren alde ekitaldiak izango dira gaur Euskal Herriko hamaika txokotan. Helburua, hauxe: LGTBI kolektiboaren kontrako gorroto diskurtsoak gaitzetsi eta aniztasuna ospatzea.

 

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira manifestazioak gaur, sexu adierazpen eta genero identitate askatasunaren aldeko eragileek deituta. LGTBI kolektiboak jasaten dituen erasoak salatzeko ekitaldiak izango dira, baina baita sexu aniztasunaren aldeko borrokan egin diren urratsak ospatzeko mobilizazioak ere.

«Sistema heteropatriarkal baten aurka borrokatzen ari gara, botere ardatzen bitartez indarkeria sortzen duela ahaztu gabe», adierazi du Bizkaiko E28 koordinakundeak. Sistema horretatik kanpoko sexu adierazpenen eta genero identitateen kontrako jarrerek elkarbizitza eragozten dutela salatu dute, aurten ere askotariko «indarkeria eta gorroto erasoak» izan baitira jarrera horien ondorioz. Aniztasunaren aurkako diskurtsoak «gorroto delituen hitzaurre eta oinarri ideologiko» dira, koordinakundearen esanetan.

Mobilizaziorako deialdiak

Iruñean, Gasteizen Bilbon eta Donostian manifestazioak izango dira gaur arratsaldean, eta larunbaterako egin dute mobilizaziorako deia Baionan.

Iruñean, 19:00etan abiatuko da manifestazioa, autobus geltoki zaharretik. Memoria historikoari begirako ekitaldia izango da 18:30etan, geltokian bertan, frankismo garaian harreman homosexualentzako babesleku izan zela nabarmentzeko. Geltokiaren memoria «duintzeko» plaka bat jarriko du E28 plataformak.

Gasteizen, kalejira egingo dute 19:00etan, eta ordubete beranduago irtengo da manifestazioa Andre Maria Zuriaren plazatik, Heteropatriarkatua desobeditu. Plazerez blaitu lelopean.

«Harrotasunez beteriko gorputz, bizitza eta larrua jotzeko modu intsumisoak» aldarrikatuko dituzte Donostian. Bulebarretik irtengo da manifestazioa, 19:30ean. Aniztasun sexuala edonon! izango da leloa.

Ordu bererako egin dute deia Bilbon. Moyua Plazatik hasita, manifestazioak hiriko erdigunea zeharkatuko du. Ez da adierazpen askatasuna. Gorrotoa baino ez da mezua aukeratu dute.

Bilbao Bizkaia Pridek desfile batekin aldarrikatu du sexu eta genero aniztasuna

Bilbao Bizkaia Pridek desfile batekin aldarrikatu du sexu eta genero aniztasuna

 

BILBO. «Maitatzeko edo izateko moduak ezin du diskriminaziorako arrazoi izan, inolaz ere». Ekainaren 28aren atarian, LGBT+ komunitatearen harrotasun egunak antolatu ditu Bilboko Udalak astebururako: Bilbao Bizkaia Pride izenburupean, desfile koloretsua egin zuten atzo Ibaizabalen barrena.

Bizkaiko E28 Koordinakundearen manifestua, Nazioarteko Sexu Askapenerako Egunaren inguruan

Gaur, ekainaren 28, kaleak hartu ditugu borrokan jarraitzeko asmoz. Borrokaz, militantziaz eta

biziraupenez betetako urte asko oroitzen ditugu. Bidea ireki ziguten pertsona miresgarriak

dakartzagu gogora, dagoeneko ez daudenak eta gure alboan borrokan dirautenak. Gaur,

gugatik eta gure etorkizunagatik, gure identitateengatik eta aske bizitzeko eskubidearengatik

egiten dugu borroka. Eta, noski, gaur sistema cisheteropatriarkal baten aurka egiten dugu

borroka, ezin baitugu ahaztu sistema horrek indarkeria sortzen duela botere ardatzen bitartez,

bai kolektiboan bertan eta baita honen kanpoan ere.

Aurten, beste urte batzuetan bezala, gorroto diskurtsoak eta indarkeria mota ezberdinak jasan

behar izan ditugu urruneko herrialdeetan eta baita gure kaleetan ere. LGTB askapenaren

eguna jasan ditugun eraso guztiak gogoratzeko eguna da, pertsona bat erasotzen dutenean

kolektibo osoa erasotzen dutela argi uzteko eguna, alegia.

Autobus transfoboak gure kaleak igaro nahian izan ditugu, trans pertsonek hormona hornidura

falta jasan behar izan dute, osasun sisteman dagoen informazio eta kontzientzia falta agerian

utziz. Jaso ditugun eraso LGTF+fobiko kopurua inoiz baina altuagoa da, eta gizarte inklusibo eta

indarkeria cisheternormatiborik gabeko baten alde borrokan jarraitzen dugu.

Gorroto diskurtsoen hazkundea kolektiboarenganako eta cisheteroarauaren

disidenteenganako eraso zuzen bezala bizi dugu. Benetan uste dugu diskurtso hauek

icebergaren punta direla, eta egitura cisexista, heterosexista eta binaristaren oinarri direla;

aurreiritzietan eta estereotipoetan oinarrituta arautik ateratzen garen guztiak baztertu eta

ikusezin egiten dituela. Diskurtso hauek dauzkaten ondorioen analisi kritiko bat egin nahi dugu,

irmo mantentzen baitugu diskurtso hauek direla orientazio sexual eta genero identitateen

aurkako gorroto delituen hitzaurre eta oinarri ideologiko. Horregatik mantentzen dugu

burujabetzak eta antolatzeak berebiziko garrantzia duela, bakarrik horrela ahal izango

dugulako gorrotoaren diskurtsoaren aurka erantzun. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela

eztabaida bat irekitzea LGTB+ Legedi Integral baten proiektuaren harira, bai Euskal Herrian eta

baita espainiar estatuan ere.

Gure ikuspuntua gure inguruan kokatzen dugun bitartean, militantzia internazionalista bat

egiteko beharra ere badugu. Hemendik gure energia eta amorrua bidali nahi dizkiegu munduan

ikusten ditugun injustizia guztiak jasaten dituztenei. Higuiren kasua gogora ekarri nahi dugu,

Chechenyan euren identitateagatik torturatuak eta erailak izaten ari diren gizon gay eta

bisexualak oroitu nahi ditugu, eta ezin ditugu ahaztu etengabe erailak diren emakume trans-
ak, bereziki razializatuak. LGTG+ etorkinen babes politikoaren eskakizunaren aurrean

konpromezurik erakusten ez duten gobernu europarrak ere aipatu behar ditugu, ezin baita

onartu, esate baterako, Erresuma Batuko kasua, non ez dagoen inolako akziorik zenbait

intersekziok zapaltzen dituzten pertsonak babesteko momentuan.

Hilketa eta eraso hauen atzean cisheteropatriarkatua dagoela azpimarratu nahi dugu, sistema

hau presente baitago gizarte eta kultura guztietan.

Momentu hau aprobetxatu nahi dugu autokritika egiteko. Zapalkuntza guztiak konektatuta

daude marko pertsonal eta politiko batean. Horregatik eskatu nahi dizuegu gurekin esfortzu

bat egin ezazuela: Hausnartu eta ikusi zer espazio okupatzen duzuen botere ardatz ezberdinen

artean. Etengabe ikusten dugu gure borrokak berak beste gutxiengo batzuk zapaltzen dituela.

Arrazismoa, kapazitismoa, serofobia, transmisoginia, transfobia, misoginia, bifobia, lumafobia

eta gorputzaren aniztasunaren errepresentazio falta oso presente daude gure eguneroko

diskurtsoan. Kontziente izan behar dugu zer nolako mina egiten dugun sistema horien barruan

gaudenean.

Ekainaren 28a borroka eguna da, bai. Baina ospakizun eguna ere bada, gure buruak ospatzeko

eguna, hain zuzen ere. Ospa dezagun harrotasunaren eguna gure existentzia, ikusgarritasuna

eta gure errealitateak aldarrikatzeko eguna bezala.

Merkantilizaziorik gabeko ospakizun bat nahi dugu, zeinetan aniztasuna goza dezakegun

inolako helburu kapitalistarik gabe. Neoliberalismoak marko kapitalistaren barruan egokia

denaren irudia indartzen du; moldatu eta sistema cisheteropatriarkalaren kategoria

normatiboetan banatzen gaitu. Normalizazioaren ikuspegi honek marko honetatik at dauden

pertsonen aurka egiten du; kolektiboaren parte bat onartu eta ikusgarri egiten du, beste bat

baztertzen eta ikusezin egiten duen bitartean.

LGTB+fobiarik gabeko Bilbo bat nahi dugu, eta horretarako ezin dugu zikinkeria guztia ortzadar

koloreko alfonbra baten azpian ezkutatu gure irudia garbitzeko eta mapan agertzeko. Ez dugu

Bilbao friendly baten beharrik, gure borroka eta eskubideekin konprometituko den Bilbo bat

behar dugu.

Borroka eta ospa dezagun gure aniztasuna eta elkartasunagatik, gure indibidualtasunagatik eta

gure kolektibitateagatik. Egin dezagun barre, egin dezagun dantza, egin dezagun oihu, egin

dezagun negar eta goza dezagun espazio honetaz, gure espazioaz, batak besteaz ikasteko eta

elkarrekin hazteko espazio seguru batez.

GURE ESKUBIDEAK ETA EXISTENTZIA DEFENDA DITZAGUN!

E28 KOORDINAKUNDEA.

LGTBI KOMUNITATEAREN EGUNA “Gorroto” diskurtsoen aurka, kalera aterako dira ekainaren 28an

Manifestaziora deitu du Bizkaiko E28 koordinakundeak datorren asteazkenerako, LGTBI komunitatearen egunean. Borrokaren “merkantilizazioaren” aurka agertu dira.

Iazko manifestazioa, Bilbon. / Marisol Ramirez, Argazki Press

LGTBIfobia eta gorroto diskurtsoen aurka borrokatzeko eta komunitatearen eguna ospatzeko mobilizatuko da Bizkaiko E28 koordinakundea, No es libertad de expresióngorrotoa baino ez da lelopean. “Sistema heteropatriarkal baten aurka borrokatzen gara, botere ardatzen bitartez indarkeria sortzen duela ahaztu gabe”, esan dute koordinakundeko kideek.

Horrela, aurten ere askotariko “indarkeria eta gorrotoa” jasan dutela salatu dute. “Autobus transfoboak, trans pertsonentzako hormona hornidura falta eta markak hautsi dituzten erasoak jasan ditugu”. Ildo horretan, Txetxeniako kasua nabarmendu dute: “Torturatu eta erailtzen ari diren gizon gay eta bisexualak gogoan ditugu”. Europako gobernuen “interes” falta ere aipatu dute, “LGTB+ etorkinen babes eskaerak erantzuterakoan”.

Diskurtso horiek sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurkako “gorroto delituen hitzaurre eta oinarri ideologiko” direla uste dute. Horregatik, “LGTB+ legedi integral” baten proiektua erdiesteko eztabaida zabaltzeko beharra dago, haien iritziz.

“Merkantilizaziorik” gabe

E28 koordinakundeak “merkantilizaziorik” gabeko ospakizuna nahi du, aniztasuna ospa daitekeen helburu “kapitalistarik” gabea. “LGTB+fobiarik gabeko Bilbo nahi dugu, eta, horretarako, ezin dugu zikinkeria ezkutatu ortzadar koloreko alfonbra baten azpian, gure irudia garbitu eta mapan agertzeko. Ez dugu Bilbo friendly bat nahi; gure borroka eta eskubideekin konprometitzen den Bilbo bat behar dugu”.

Ekainaren 28a “borroka” eguna dela adierazi dute, baina ospakizuna ere bai. “Ospa dezagun Harrotasunaren Eguna gure existentzia, ikusgarritasuna, errealitateak eta harremanak aldarrikatzeko eguna gisa, geldiarazi nahi gaituen sistema baten pean zutik jarraitzeko egun gisa”. Manifestazioa 19:30ean abiatuko da, Bilboko Plaza Eliptikotik.

Mutil gazteentzat «zailagoa» da beste gizonei gay direla esatea

Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat egin du ikastetxeetan; haren arabera, nerabeek, oro har, «onartzen» dituzte afektibitate eta sexu dibertsitatea

Mobilizazioak egin zituen atzo LGTBI mugimenduak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, mutil gazteentzat neskentzat baino «zailagoa» da gay direla esatea beren lagun gizonei. Uste dute baztertu egingo dituztela, edo barregarri utziko. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko zortzi ikastetxetako 129 ikaslek parte hartu dute ikerketan, denak 14 eta 16 urte bitartekoak. Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak eta Lucia Torrealdai Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak aurkeztu zituzten ondorioak, atzo, LGTBIfobiaren Aurkako Egunean.

Jaurlaritzaren ikerketaren arabera, nerabeek, oro har, «onartzen» dute afektibitate eta sexu aniztasuna, baita familia eta genero aniztasuna ere, baina oraindik badaude «fobia sotilagoak», hautematen zailagoak direnak. Adibidez, azterketan parte hartu duten LGTBI nerabeek adierazi dute «arbuiatze» motaren bat jasan izan dutela.

Erreferente falta

Torrealdaik ohartarazi duenez, badira estereotipo batzuk LGTBI pertsonen aurkako jarrerak sustatzen dituztenak. Transexualei buruzko ideia kontraesankorrak: bitxiak direla, eta, aldi berean, ausartak. Intersexualitatea, berriz, ia ez da «ezagutzen», eta ez dago «aurreiritzirik».

Ikerketaren beste ondorio batek erakusten duenez, nerabeek hedabideetan ez dute erreferentziazko pertsonarik LGTBI kolektiboen ikuspegi «osoa» emango dienik. Zehazki, emakume lesbianak dira «ikusezinenak».

Halere, Torrealdairen esanetan, aurreiritzi, gaitzespen jarrera edo jokabide lotsagabe gutxiago ageri dira, genero rolak eta heteroaraua gero eta gehiago jartzen direlako zalantzan. «Esparru horretan, nerabe askok dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko jarrera, eta gai dira rolen banaketa tradizionala zalantzan jartzeko».

Prebentziorako, berriz, Torrealdaik dio ez dela nahikoa ikastetxeetako lana. «Gizartearen inplikazioa behar da, komunikabideena, eta, nola ez, familiena».

Dokumentazio gunea

Jaurlaritzak eta LGTBI elkarteek dokumentazio gune bat sortu dute Interneten, «mugimenduaren historia antolatzeko, gordetzeko eta ikusarazteko». Aldarte, EHGAM, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok taldeen edukiak kontsulta daitezke, eta, laster, Hegoak, Pikara Magazine eta Maite Albiz emakumeen dokumentazio gunearenak ere bai. Jaurlaritzaren arabera, «konpromisoa hartu behar da LGTBI kolektiboaren diskriminazioaren aurka».

EAEko Arartekoak ere konpromiso «irmoa» erakutsi du pertsona «guztien» berdintasunarekin eta duintasunarekin, eta elkartasuna eskatu die erakundeei eta euskal gizarte osoari. Gainera, pertsona guztiek familia bat osatu ahal izatea eskatu du.

Sindikatuek ere heldu diote gaiari. Steilasek material didaktikoa sortu du ikastetxeetarako eta euskaltegietarako, LGTBI kolektibokoen irudi «positiboa» zabaltzeko. Interneten eskuragarri ipini dituzte. LAB, berriz, bere kideak prestatzen ari da homofobia kasuetan lantokietan nola jokatu jakiteko. Sindikatu horretan duela bi urte hasi ziren «bazterkeria eta jazarpenaren» aurkako gida eta protokoloa lantzen. Elkarretaratze bat ere egin zuten atzo, Donostian, «lantokietan ere sexu askatasuna» aldarrikatzeko.

Urtero bezala, LGTBI mugimenduak mobilizazioak egin zituen han-hemen, eta, bereziki, elkartasuna adierazi zieten Txetxeniako LGTBI mugimenduko kideei, jasaten ari diren jazarpenagatik. Iruñean, «elkar musukatzeko ekitaldia» egin zuten.

Chrysallis EHk ikus-entzunezko material didaktikoa aurkeztuko du astearte honetan

DONOSTIAKO GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIAN

Cartel de la campaña de Chrysallis Euskal Herria.

 

Chrysallis Euskal Herria elkarteak “Zakila duten neskak, bulba  duten mutilak: aniztasunaren adierazpen bat” ikus-entzunezko material  didaktikoa lehenbiziko aldiz aurkeztuko du astearte honetan,  apirilaren 4an, Donostiako XV. Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan.

DONOSTIA. Elkarteak jakinarazi duenez, aurre estreinaldia “Transexualitatea  adin txikikoen artean” saioaren baitan egingo da, arratsaldeko  19:00etan, Victoria Eugenia antzokian, “Just a normal person” film  suediarraren proiekzioaren ostean. Jarraian, gaiaren inguruko  solasaldian izango dira Izaro Antxia Gehitu elkarteko transexualitate  arloko arduraduna eta Aingeru Mayor sexologo eta Chrysallis Euskal  Herria taldeko presidentea.

Chrysallis Euskal Herriak euskaraz eta gaztelaniaz egindako zortzi  minutuko ikus-entzunezko muntaia “nazioartean aitzindaria da, haurren  transexualitatea ikasgeletan lantzeko egin den lehendabiziko  ikus-entzunezko materiala baita”.

“Zakila duten neskak, bulba duten mutilak: aniztasunaren  adierazpen bat” auurki jarriko da eskuragarri Internet bidez,  dagoeneko zortzi hizkuntzatan dauden “Neskak eta mutilak, identitatea  eta gorputza” fitxa didaktikoekin egin zen bezala.