LGTBI KOMUNITATEAREN EGUNA “Gorroto” diskurtsoen aurka, kalera aterako dira ekainaren 28an

Manifestaziora deitu du Bizkaiko E28 koordinakundeak datorren asteazkenerako, LGTBI komunitatearen egunean. Borrokaren “merkantilizazioaren” aurka agertu dira.

Iazko manifestazioa, Bilbon. / Marisol Ramirez, Argazki Press

LGTBIfobia eta gorroto diskurtsoen aurka borrokatzeko eta komunitatearen eguna ospatzeko mobilizatuko da Bizkaiko E28 koordinakundea, No es libertad de expresióngorrotoa baino ez da lelopean. “Sistema heteropatriarkal baten aurka borrokatzen gara, botere ardatzen bitartez indarkeria sortzen duela ahaztu gabe”, esan dute koordinakundeko kideek.

Horrela, aurten ere askotariko “indarkeria eta gorrotoa” jasan dutela salatu dute. “Autobus transfoboak, trans pertsonentzako hormona hornidura falta eta markak hautsi dituzten erasoak jasan ditugu”. Ildo horretan, Txetxeniako kasua nabarmendu dute: “Torturatu eta erailtzen ari diren gizon gay eta bisexualak gogoan ditugu”. Europako gobernuen “interes” falta ere aipatu dute, “LGTB+ etorkinen babes eskaerak erantzuterakoan”.

Diskurtso horiek sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurkako “gorroto delituen hitzaurre eta oinarri ideologiko” direla uste dute. Horregatik, “LGTB+ legedi integral” baten proiektua erdiesteko eztabaida zabaltzeko beharra dago, haien iritziz.

“Merkantilizaziorik” gabe

E28 koordinakundeak “merkantilizaziorik” gabeko ospakizuna nahi du, aniztasuna ospa daitekeen helburu “kapitalistarik” gabea. “LGTB+fobiarik gabeko Bilbo nahi dugu, eta, horretarako, ezin dugu zikinkeria ezkutatu ortzadar koloreko alfonbra baten azpian, gure irudia garbitu eta mapan agertzeko. Ez dugu Bilbo friendly bat nahi; gure borroka eta eskubideekin konprometitzen den Bilbo bat behar dugu”.

Ekainaren 28a “borroka” eguna dela adierazi dute, baina ospakizuna ere bai. “Ospa dezagun Harrotasunaren Eguna gure existentzia, ikusgarritasuna, errealitateak eta harremanak aldarrikatzeko eguna gisa, geldiarazi nahi gaituen sistema baten pean zutik jarraitzeko egun gisa”. Manifestazioa 19:30ean abiatuko da, Bilboko Plaza Eliptikotik.