Abenduak1. EKINTZA=BIZITZA
Ehgam berramesten eta KOSA hausnarketa zikloa
Euskal Herriko sexu askapen mugimendua ernarazi zuen hazi hartatik dagoeneko 45 urte igaro dira. 1976ko azaroan, gure aitzindariak Durangon elkartu ziren, ondoren Ehgam izango zen hura amesteko.
Hilabete batzuk geroago, eta legaltasun ezatik, Ehgam sortu zuten. Jakina zen gure desirek, praktikek eta adierazpenek bitarteko baliotsu bihurtzen zituztela gure sexualitate eta gorputzak sozialki ezarritakoa iraultzeko. Tabuek, aurreiritziek eta rolek ordea sistematikoki zapaltzen dute halakorik gerta ez dadin. Ehgamek hasieratik izan du jomugan azken hauek errotik akabatzea, patologizatuak, estigmatizatuak, prekarizatuak, gutxietsiak eta, ondorioz, baztertuak diren sexualitate eta gorputzak askatze bidean jartzeko, hain zuzen ere.
Horregatik, Ehgamek, EHko sexu askapenerako lehen erakundea izanik, hamarkadak daramatza instituzio mediko, politiko, erlijioso, ekonomiko eta sozialek logika zisheterosexistatik jardun ez dezaten borrokan. Hamarkada hauetan, arautik kanpo egotea, oztopoz eta itzalez betetako jolas makabro bat izan da. Jolas makabroa non bizirik irauteko eta aitortuak izateko eskubidea gure pankarta eta aldarrikapen guztien oinarri izan den.
Ehgamek, gainera, sexualitatearen esparrutik harago, eskubide zibil eta politiko guztien alde antolatu du beti bere borroka; ikuspegi intersekzionaletik eta solidariotik aritu da, alboz albo langabezian zeuden langileekin, enpresa-batzordeekin, ikasleekin, emakumeen batzarrekin, euskaltzaleekin, auzo-elkarteekin, objektore zein intsumisoekin eta gainerako herri mugimenduekin.
Ezagun da, halaber, duela 45 urte sozialki arriskutsuak ginela lege-egiturentzat. Dena den, historiak erakutsi digu benetan arriskutsu den hori egitura sozial zisheteropatriarkala dela; gaur egun ere indarrean den egitura soziala: Francis Vadillo, Sònia Rescalvo, Lyssa Da Silva edota Samuel Luizen bizitzekin amaitu duen egitura soziala; disidente asko kartzelara eraman duen egitura soziala; sexu-langileak, GIBarekin bizi direnak eta pertsona transak estigmatizatzen dituena, lesbianak ikusezin bihurtzen dituena eta, jakina, gure izateko, bizitzeko eta antolatzeko moduak, sistematikoki ikuspegi sexista, binarista, moralista eta sexofobotik seinalatzen dituena.
Gaurkoan, 45 urte geroago, ziurgabetasun eta prekarietate sozialaren, oinarrizko eskubide urraketen eta gorroto-diskurtsoen zein eskuin faxistaren gorakadaren giroan, historikoki Ehgamen eskuz esku pasatu den lekukoa hartzera gatoz.
Egungo testuingurua, a priori, oso bestelakoa da duela hamarkada batzutakoarekin konparatzen badugu, baina paradoxikoki antzekotasun asko izan baditu. Izan ere, indarkeriak, bere alderdi, gradu eta maila guztietan, pertsona disidenteon bizitzak kaltetzen eta suntsitzen jarraitzen du. Gainera, indarkeria hori, COVID-19aren pandemiak areagotu egin du, eta, era berean, askatasun faltsuarekin eta progresismoarekin makillatu dute.
Horregatik guztiagatik, Ehgamek puntu eta koma bat idazten du gaur bere historian, eta ziklo berri bat irekitzen du. Aro berri honetan gure ekintza politikoak gure aurrekoen printzipio emantzipatzaile eta eraldatzaile berdinei heldu nahi die.
Hau dela eta, Ehgam berrirudikatzen, berpentsatzen, berformulatzen, berrarmatzen, berreratzen eta berramesten laguntzeko prozesu gisa, KOSA (Koronabirus Osteko Sexu Askapena) hausnarketa zikloa aurkezten dizuegu.
Hiru helburu nagusi izango ditu zikloak:
- Euskal Herriko sexu askapen mugimenduaren beharrei oso lotuta dauden gaiak mahai gainean jartzea.
- Pertsona eta subjektibitate disidente sexu-generiko guztiei, antolatuta zein antolatuta ez daudenei, gure ekintza politikoarekin bat egiteko deia egitea.
- Proiektu honetara bilduko diren pertsonekin Ehgamen ibilbide berria berpentsatzea.
KOSA hausnarketa zikloa urriaren 27tik azaroaren 13ra izango da. Logika deszentralizatzaile eta lokaletik abiatuta, hainbat herritan hasiko da, azaroaren 6an, egun osoko egitarauarekin, Bilboko “Karmela” espazio autogestionatuan jarraituko du. Bertan, mahai-inguruez gain, eta ekitaldi aglutinatzaile gisa, Ehgamek bere une bersortzailea izango du. Eta azaroaren 13an Izarran itxiko da zikloa.
Prentsa-oharra deskargatzeko hemen.
Versión en castellano de la nota de prensa, aqui.
Mariburuari ekin bazterrean 2021 – Ehgam Nafarroak antolatzen ditu jardunadiak irailaren 25ean
09:00-09:15 Akreditazioa Marikondestablen
09:20an aurkezpena.
09:30-11:45 Feminismo Inklusiboa.
Hizlariak: MIRIAM SOLÁ GARCÍA eta DIEGO MARCHANTE
11:45-13:15 Marikak munduan barna
Hizlariak: IBAI FRESNEDO eta ORGULLO VALLEKANO.
BAZKARIA.
17:00-19:30. Kankaneoa: gozamenerako estrategiak.
Hizlariak: JOSAN LANGARITA eta IRA HYBRIS
Noticias de Navarra: ‘Maripensando 2021’, jornada LGTBI+ este sábado en Pamplona – Diario de Noticias de Navarra