«Proud» ez da harro

Gure hizkuntzak duen berezkotasuna isilarazten den bitartean, besteei «welcome» esaten zaie, «gu bezalakoak zarete», esan nahiko baliete bezala. Baina guri, euskaldunoi, zer eta herri «friendly» garela errepikatzen digutenean, «stupid» aurpegia geratzen zaigu

Garapen ekonomiko eta komertzial konkretua sustatzeko asmotan Bilbo eta Bizkaiko instituzioetako ordezkariak Spainera joan ziren duela gutxi, zer eta to sell gure country. Gure herri eta lurraldeak brand bezala saltzera aspaldi ohitu baginen ere, batzuetan oraindik so hallucinated ikusten ditugu hainbat ekimen. Eleven ikusteko jaioak gara, yes. Center, exhibition, corner, experiencience eta design moduko hitzak txoko zein izkina guztietan erakusten dizkigute, diseinuzko esperientzia zentralak lez.

Ezberdintasunak eta benetakotasunak markatu ohi dute salmenta good baterako bidea. Ingelesezko termino boring eta hain erabiliak oraindik erabiltzen jarraitzea, berriz, estrategia zaharkitua izateaz gain, big konplexuen adierazgarria dirudi. Ingelesak, munduko hizkuntza hegemonikoak, ezberdintasuna beharrean, homogeneizazioa dakar. Ez hori only. Homofiliaz asko ere baduela think dut. Hau da, pertsonek beraien modukoak direnekin erlazioa izateko tendence hutsa. Sare sozialetan oso nabarmena omen da homofiliaren adibidea eta hedapena; zuriek zurien follower izatea nahiago dute, pertsona asiar edo beltzen lagun birtual izan instead. Esan beharrik ez dago, aniztasunari entzungor egiten dion mundu errealean eta birtualean live garela. Teoriko batzuek homofilia berezkoa dugula saldu nahi digute, nola eta hain erabilia den animalien adibideekin. Animaliek ere berdin egiten dutela diote, lumadunek lumadunekin bizi nahi dutela, eta four hankako animalia iletsuek berdin four hankatako animalia iletsuak soilik love dituztela. Txoriek, baina, sare sozialetako marka izan arren, ez dute Interneterako konexiorik. Eta katuek, azokatan saldu aurrean, ez dute inongo feriatan standik jartzen.

Gure hizkuntzak duen berezkotasuna isilarazten den bitartean, besteei welcome esaten zaie, «gu bezalakoak zarete», hello friends, esan nahiko baliete bezala. Meanwhile aldarrikatzen dute lurralde, kultura zein tradizio baten harrotasunak puzten dutela haien salmenta; harrokeria esatea zuzenagoa, of course. Hori dena bagenekien already eta aspaldi. Baina guri, euskaldunoi, zer eta herri friendly garela errepikatzen digutenean, stupid aurpegia geratzen zaigu. Aurten Bilbon antolatuko duten Pride Every Where hori, Bilbo Europride Conference bilkuren egoitza izateko, ez dakit barrena white ala black geratzeko modukoa den. Aukeratu beharko genuke bata zein bestea, homogeneizazioaren mamuak aukera bakarra ematen baitu, make a choice! Bukatu dira erruletak eta loteriak. Dena sold out dago. This way jarraituta, batzuetan nahiago genuke beste place to be batean izan. Baina ez dezagun ahaztu hau dela gure country. Edonork esango du bestela erokeriak jota gaudela jada, please! Hori is not posiblea. Ez dakit my burua ondo explaining ari naizen. Baina euskaldun izateaz proud daude, eta very gainera.

Sridhar Rangayan zinegileak jasoko du Zinegoak 2019ko Ohorezko Saria

Sridhar Rangayan zinegile, ekintzaile eta Bombayko Queer Zinema Jaialdiko zuzendariak jasoko du Zinegoak 2019ko Ohorezko Saria. Horrez gain, Zinegoakek Sari Berezia emango dio Apoyo Positivo gobernuz kanpoko erakundeari. Elkarteak 25 urte bete ditu eta sexu-aniztasuna ikus-entzunezko lanen bitartez lantzen ditu.

Sridhar Rangayan zinegileak zuzentzen du Indian sexu-aniztasuna ardatz duen jaialdi bakarra.

Zinegoakek aurtengo Ohorezko Saria emango dio Sridhar Rangayan (Mandya, Karnataka, India, 1962) zuzendari, ekoizle eta ekintzaileari. Indiako zinegilea “Kashsish” Bombayko Queer Zinema jaialdiko zuzendaria da (Indian sexu-aniztasuna lantzen duen jaialdi bakarra eta Asiako garrantzitsuenetakoa). Rangayan Bilbora etorriko da saria jasotzera. Zinegoakeko inaugurazio ekitaldian izango da, otsailaren 18an, Arriaga Antzokian. Horrez gain, otsailaren 17an Evening Shadowsbere azken lana aurkeztuko du BBK aretoan, doako sarrerarekin.

Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek nabarmendu duen bezala, “Rangayanek hamarkada bi daramatza giza eskubideak eta sexu-aniztasuna lantzen. Bere zineak gai ezberdinei ateak ireki dizkie eta zentsuratutako ahotsen istorioak kontatu ditu”.

2001. urtean Rangayanek Solaris ekoiztetxea sortu zuen Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoarekin batera. Solaris LGTB pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxea da. Kashish jaialdia ere ekoiztetxearen bitartez antolatzen dute. Bombayko queer jaialdiak 10 edizio bete ditu eta mundu mailako erreferentzia bihurtu da.

Sari Berezia Apoyo Positivo elkartearentzat

Bi urterik behin, jaialdiak sari berezi bat eskaintzen die ezaugarri sozial eta militantea duten eta ikus-entzunezkoak lantzen dituzten norbanako, elkarte eta erakundeei. Fernando Diez ekoizlearen eta Ugandako Queer Kampala jaialdiaren ostean, aurtengo Sari Berezia Apoyo Positivo (A+) elkartearentzat izango da. Aurten, elkarteak 25 urte bete ditu.

Gobernuz kanpoko erakunde honek aniztasuna bultzatzen du, hiru esparru nagusitan: osasuna, hezkuntza eta eskubideak. Apoyo Positivok ikus-entzunezko lengoaia gaurkotzea lortu eta belaunaldi berriekin bat egin du. Hainbat gairen artean, GIB edo LGTBfobia landu dituzte.

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

Chrysallis Euskal Herria elkarteak ibilbide berria iragarriko du larunbateko jaian

Antolaketa modua, izena eta irudia aldatuko ditu transexualitate egoeran dauden adin txikiko gurasoen elkarteak. Aldaketon berri emateko jaia antolatu du Donostiako Principal Antzokian, urtarrilaren 26an.

Chrysallis Euskal Herria abian jarri zuteneko argazkia.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zortzi familiak sortu zuten Chrysallis Euskal Herria elkartea. Gaur egun ehun familiek osatzen dute. Elkarteko kideek ibilbide berriaren arrazoiak eman dituzte: “Bazkide diren familien kopuruaren hazkunde handiak, eguneroko lanaren konplexutasunak, eta Euskadi eta Nafarroako berezitasun administratiboek Chrysalliseko lurralde ordezkaritza izaera gainditzera eraman gaitu”.

Elkartearen ibilbide berria larunbateko jaian iragarriko dute. Jairako ez dago sarrerarik salgai, senideen eta gonbidatuen artean antzokia bete baitute. Jaian zientzia, ikuskizun eta kirol munduko pertsona ezagunek eta elkarteko kideek egindako spota aurkeztuko dute. Baita nazioartean eredu izan nahi duen webgunea ere.

Espainiako LGTBI legea «desblokeatzeko» eskatu dute 49 elkartek

Diskriminazio jarrerak zigortzeko aukerak eta transexualen eskubideen berdintzeak eragin du eztabaida handiena Kongresuko taldeen artean

Jesus Estonba, Donostian atzo eginiko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU

Espainiako gobernu aldaketa eta hori ahalbidetu duen gehiengo politikoa baliatu nahi ditu LGBTI kolektiboak. Lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen berdintasun sozialerako lege proposamena zuzenketen fasean dago Kongresuan. Kolektibo horretako 49 elkartek —tartean Euskal Herriko Gehitu—tramitazioa «bizkortzea» nahi dute. Eskaera hori egiteko, prentsaurrekoak eta mobilizazioak egin zituzten atzo Espainiako Estatuaren menpeko herrialdeetako sei hiritan, talde horiek biltzen dituen FELGTB federazioak deituta.

Lege egitasmoa Unidos Podemosek aurkeztu zuen, 2017ko maiatzean, eta, PPren osoko zuzenketa atzera bota ostean, aurrera egin zuen. Dena den, Gehituko kide Jesus Estonbak kritikatu du «talde batzuk» ez direla betetzen ari «hartutako konpromisoak», eta beste batzuen «uzkurkeriak» direla-eta «atzeratzen» ari dela legea onartzea. Hala ere, «baikor» azaldu da, ziur baitago gehiengoaren babesa izango duela. «Bat egite politiko zabal bat lortzeak, gainera, eragin pedagogiko handia izango luke herritarrek gai hauekiko duten iruditerian», azpimarratu du.

Gehituko bozeramaileak jakinarazi duenez, bi atalek sortzen dute eztabaidarik handiena: zigorrak ezartzeko aukerak eta transexualen eskubideekin loturikoak. Lege egitasmoan, besteak beste, iritzi LGTBIfobikoak zigortzea aurreikusten da, eta, «talde batzuen» ustez, horrek «talka» egin dezake adierazpen askatasunarekin. Gehituko Ander Prolek azaldu duenez, «ohikoa» izaten da eztabaida hori «gutxiengo sozialak babesteko legeetan». «Gure ustez, baina, zigortu egin beharko lirateke iritzi eta jarrera horiek».

Lege proiektuan jasotzen diren transexualen eskubideei buruz, berriz, osasun neurriekin loturikoa da punturik gatazkatsuena, Estonbak jakinarazi duenez. LGTBI taldeen aspaldiko eskaera da 16 urtetik gorakoek askatasun osoa izatea erabakiak hartzeko, gurasoen-eta baimenik gabe, gainerako herritarrek bezala. Transexualekin ere, eztabaidan dagoen beste puntu bat da pertsona horiek genero berdintasun politiketan integratzearena.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan badaude LGTBI kolektiboaren eskubide batzuk jasotzen dituzten legeak —baita Espainiako Estatukoak ere—, baina, Gehituko kideen arabera, «oso garrantzitsua» litzateke «estatu mailako lege integral» bat egitea; Estonbak azpimarratu duenez, Kongresuan dagoena bere hartan onartuko balitz, «berrikuntza sakonak» ekarriko lituzke Hego Euskal Herriko legezko esparrura. Besteak beste, familia eremukoak, lan alorrekoak, hezkuntzakoak eta asilo eskaerekin loturikoak.

Harro, ez ‘pride’

Jakin berri dugu EPOAk (European Pride Organisers Association) hurrengo bilera Bilbon egingo duela, 2019ko irailean. Bilbao Bizkaia Pride delakoa antolatzen dutenena izan da ekimena, Europride ospakizuna Bilbora ekartzeko asmoz.

Gauza jakina da Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak bultzatutako Pride ekitaldiak, Bizkaiko Ekainaren 28ko Koordinakundearen laguntzarik ez izateaz gain, haren iritzi eta gogoen kontra antolatzen direla. Ez da horren ezaguna, aldiz, Josu Bergarak, Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzako arduradun zelarik, Koordinakundeari eskaini ziola gerora Pride izango zena antolatzea, behar izango genituen baliabide guztiak ziurtatuta, eta Koordinakundeak ezezko borobila eman ziola, ez baikenuen parte hartu nahi mota horretako inongo asmotan.

Dena ez da erabat negatiboa delako Pride ospakizunetan; hori ere argi daukagu. Orain gutxi arte marjinala izan den giza multzo bati ikusgarritasuna ematen diote, eta, nolabait, berorren botere-adierazpena ere bada. Gainera, badago horri baino erantzuten ez dion jenderik. Aniztasunarekiko begirunea europar proiektu politikoaren ikur bilakatu da, eta Pride-a da errealitate horren ageriko adierazpena. Bere eragina munduan —Europan ere bai— ukaezina da.

Pride-ak duen balioaren aitortze horrekin batera, ezinbestekotzat jotzen dugu horren positiboak ez diren alderdiez ere hausnartzea, hala nola ondo pentsatzea gaur egun Bilbo ote den bilatzen duten errekonozimendua merezi izateko bezain friendly.

Pride-a gaytasunaren gorespen-erakustaldia da. Baina gaytasun oso zehatz baten goraipamena baino ez: gizon heldu (oraindik gazte), zuri, gay, zis eta Schengen hiritartasuna eta ongizate ekonomikoa dituenarena. Pride ospakizunetan parte hartzen duten gehienek betetzen dituzte baldintzok, edo bete nahiko lituzkete. Pride-k ez dio inolako kritikarik egiten kategoria horiek dakartenari; are txarragoa dena, bedeinkatu eta betikotu egiten ditu, kategoriotan sartzen ez direnak kanporatuz. Lagun horiek ikusezin bihurtu, zokoratu egiten ditu, eta babesik gabe utzi, gure gizartea ez baita gauza beste errealitate horiek ikusteko Pride-n distirak itsuturik. Norbait marikoia bada, baina baita ere txiroa, gaixoa, zaharra, etorkina… homo-les-transfobia jasan ez ezik, bere txirotasunean bizitzera zigortuta dago. Horregatik guztiagatik, Pride-kin kritiko garenok diogu ez dela egiatan askatzailea, geure eskubideen salerosketa baizik. Gizarte heteropatriarkalak buldak saltzen dizkigu bere pribilegioez gozatu ahal izan dezagun, erosteko diru nahikoa izanez gero, noski.

Eta Bilbon, nola gaude? Udalaren esanetan, gay-friendly gara. EPOAko Bilboko hautagaitzaren esanetan, «Bilbo lideratzen ari da elkartasun — eta ikusgarritasun— LGTB+ espazioa ardatz atlantikoan». Bilbok eta Bizkaiak milaka euro xahutu dituzte azken urteotako Pride-ak antolatzean eta Europan zeharko hainbat bileratan. Baina, badakizue zenbat gastatu duten azken urteotan LGTB+ adinekoei edo gaixoei artatzeko? Egoitzetan daudenen beharrak ezagutzeko eta bideratzen saiatzeko? LGTB+ etorkinen egoeraren berri izateko? Eta ijitoenaren berri? Homo-les-transfobiaren eragina emaitza akademikoetan zein den jakiteko? Eta txirotasunean? Gorroto-delituen kontra borrokatzeko? Erantzuna erraza da: 0 euro. Benetan, uste duzue esan litekeela Bilbo zerbait lideratzen ari dela lotsaz lehertu gabe?

Ezin ahaztu, gainera, 2010ean onartua izan zen eta indarrean dagoen Bilboko Udalaren espazio publikoaren arautegiko 16. artikuluak debekatzen dituela espazio publikoan izaera intimo eta pertsonaleko adierazpen afektiboak, eta, artikulu hori aplikatuta, udalak eragotzi zuela orain ez asko hainbat gunetan cruising-ean aritzea.

Euskal Herrian usu esan eta entzuten da jaia eta borroka uztartu behar direla. Ados. Betiere jaiak estaltzen ez badu aldarrikapena. Gure ustez, tamalez, oraindik asko dugu aldarrikatzeko gure herrian askatasun afektibo-sexualari dagokionez, eta Pride bezalakoetan, nahiz eta ekitaldi kultural franko egoten diren, ukaezina da jaiak indargabetzen duela aldarrikapen oro, entzunezin bihurtu arte. Antola dezatela, gura izanez gero, gay edo dena delako inauteri, jaialdi… nahi beste, eta jar diezaiotela Pride izena gustuko badute; baina utz dezatela bakean ekainaren 28a, hori erreibindikazio eguna baita.

Amaitzeko, ezkerreko erakundeen jokabideaz ere hausnarketa txikia: ez dute txintik esaten gaiaz. Edo pozarren daude Pride delakoarekin, planteamenduekin erabat ados. Edo beldur dira, kritikarik txikiena ere eginez gero, homofobotzat jo lezaketelako. Azken hori bada kasua, lasai egon daitezke, alde izango gaituzte eta.

Jaime Mendia eta Imanol Alvarez – Bizkaiko EHGAMeko kideak

2018ko irailak 18

Homosexualitatea onartu dute Indian, eta jada 124 estatutan dago despenalizatuta

Bigarren herrialde jendetsueneko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du 1861eko lege bat: «Heldu homosexualek pribatuan sexu harremanak izatea ez da inolako iraina»

DIVYAKANT SOLANKI / EFE

Ia hiru hamarkadako borrokaren ostean, Indiako Auzitegi Goreneko bost epailek homosexualitatea despenalizatzea erabaki zuten atzo, aho batez. «Heldu homosexualek pribatuan harreman sexualak izatea ez da inongo iraina», argudiatu zuen Dipak Misra epaimahaiburuak epaia irakurtzen ari zela. Bigarren herrialderik jendetsuenean (1.324 milioi) erabaki hori hartu izana mugarri izan liteke, Asian baitaude homosexualitatea zigortzen duten estatuetako batzuk —Sri Lanka, Bangladesh eta Pakistan bizilagunak, adibidez—. LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko taldeek pozez hartu dute erabakia, «oinarrizko giza eskubide bat» onartzen duelako. Horiek horrela, epai horrekin magistratuek bertan behera utzi dute kolonialismo garaiko lege bat —1861ekoa, India Erresuma Batuaren kolonia zenekoa—, eta India homosexualitatea despenalizatu duen 124. estatua bilakatu da. Boterean dagoen Indiako Alderdi Popularrak eta Narendra Modi lehen ministroak jakinarazi zuten epaia errespetatuko zutela, erabakia edozein izanda ere.

Zehazki, bost epaileek ebatzi zuten zigor kodeko 377. artikuluak ez duela balio —testu bana idatzi zuten beren arrazoien berri emateko—. Misrak, esaterako, honako argudio hau eman zuen: «377. artikulua arbitrarioa da. LGTB kolektiboko kideek gainerako herritarren eskubide berberak dituzte. Sexu homosexuala zigortzea irrazionala eta defendaezina da». Indu Malhotra epailea, aldiz, aurrerago joan zen: «Historiak barkamena eskatu behar die LGTBI kolektiboko kideei eta haien familiei». Hala, Indiako LGTBI kolektiboak beren eskubideak legezko esparruan finkatzea lortu du. «Oso pozik nago; ez dut hitzik sentitzen dudana deskribatzeko. Orain ez gara kriminalak, baina denbora beharko dugu gauzak errotik aldatzeko», adierazi zuen atzo Debottam Sahak, legea bertan behera uzteko eskatu zuen herritarretako batek.

Izan ere, 1861ean zehaztu zuten zigortu egin behar zirela «gizonekin, emakumeekin edo animaliekin izandako naturaren kontrako haragizko harremanak», Europako moralari jarraituz, eta ez Indiakoari eta eremu hartakoari, garai hartan edozein motatako harreman sexualak onartzen baitzituzten; alde horretatik, askatasun handiagoa zegoen Indian XIX. mendean, eta kolonialismoaren ondorioak ere sumatu dira Indian homosexualitateari buruzko iritzietan. Horretaz mintzatu zen Balachandran Ramiah, 377. artikulua bertan behera uzteko eskaria egin zuen beste herritarretako bat: «Bide handia dugu aurretik. Garrantzitsua izango da lanpostuetan bereizkeriarik ez izatea. Enpresa asko ez dira gai izan diskriminazioa amaitzeko neurriak paperean idazteko, baina orain hori egiteko eskubidea eta gaitasuna izango dute».

ILGA Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Nazioarteko Elkarteak zabaldu duen informazioaren arabera, 2015ean 1.500 pertsona atxilotu zituzten Indian 377. artikulua baliatuta.

71 herrialde

ILGAren arabera, homosexualitatea gutxienez 71 herrialdetan dago kriminalizatuta egun, eta horietako batzuetan gay edo lesbiana izateak heriotza zigorra ekar lezake: Iranen, Saudi Arabian, Yemenen, Sudanen, Somalian eta Nigerian —probintzia batzuetan soilik—, esaterako.

Elkartearen arabera, homosexualen eskubideen aitortza eta babesa onartuta dago Europa ia guztian, AEBetako iparraldeko eta hegoaldeko estatu batzuetan eta Australian. Hala ere, herrialde gehienek ez dute homosexualen eskubideak babesten dituzten legedirik. Adibidez, 72 estatuk onartu dituzte lan munduan diskriminaziorik eza bermatzeko legeak, eta 43k gorroto delituen aurkako legeak dituzte.

Aldiz, kriminalizatuta dago Europa ekialdean, Afrikan —Hegoafrikan, Seychelleetan eta Cabo Verden izan ezik—, Erdialdeko Amerikaren gehienean, Hego Amerikan eta Asian. Horiez guztiez gain, Estatu Islamikoak dituen moduko lege moralak, oinarri erlijiosoak dituztenak, 19 estatutan daude indarrean gaur egun.

Ezkontzeko eskubideari dagokionez, 26 herrialdetan soilik ezkon daitezke, eta beste hainbaten onartzen dituzte batasun zibilak, antzeko eskubideekin.

Sexu eta genero aniztasuna eskolan lantzeko unitate didaktikoa

Iraultzeko prest! unitate didaktikoa argitaratu berri dute, sexu eta genero aniztasuna ikasgelan lantzeko. Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino, maila bakoitzera egokitutako materiala eta ekintzak proposatzen dira. “Jaio aurretik heterosexualak izango garela aurreikusten duen araua zalantzan jartzea” du helburu unitateak, “neska eta mutiletan, femeninoan eta maskulinoan banatzen gaituen eta rol jakinak esleitzen dizkigun heteroarauak guztiongan nola eragiten duen hausnartzea”.

Maiatzaren 17a Homofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz atera du unitate didaktikoa Steilas sindikatuko LGTBI+ lantaldeak.

Gonadun mutilak

Oinarrizko hiztegia du abiapuntu (matxismoa, maskulinitatea, feminitatea, generoa, sexu-genero sistema bitarra…) eta ondoren, hainbat ekintza, artikulu eta ikus-entzunezko proposatzen ditu. Adibidez, ikasle eta irakasleak itxuraldatzea, arropa, osagarriak eta makillajea elkar trukatuz: “Mozorrorik ez –dio unitateak–, gure generoagatik egunerokoan erabiltzeko baimenik ez dugun arropa baizik”. Estereotipoak lantzeko, ipuinak “hankaz gora” jartzera gonbidatzen du, edota arraza/erlijio/genero-identitate/orientazio sexu-afektibo anitza duten hainbat pertsona ezaguni buruz galderak erantzutera (beheko irudian, horietako batzuk).

Heterosexual bat armairutik ateratzen

Enpatia garatzeko, armairutik ateratzen den heterosexualaren ariketa planteatzen du, baita rolen jokoa ere (“zuetako bat gay da; zu sokasaltoa maite duen mutila; zuk lesbiana zarela esan diozu lagun-minari eta klasean zabaldu du…”). Lumafobia, transexualitatea, feminitatea eta abarren inguruan ere hausnartuko dute ikasleek.

Unitate didaktikoa ondorengo loturan deskargatu dezakezu: Iraultzeko prest!

Euskaltzaindiak eta Ortzadar LGBT elkarteak hiru urterako hitzarmena sinatu dute

Euskarari dagozkionetan, Akademiak aholkularitza eskainiko dio elkarteari

LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko manifestazioa, Bilbon. / JORDI ALEMANY

Euskaltzaindiak eta Ortzadar LGBT elkarteak bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten lehen aldiz atzo, Bilbon. Hitzarmena hiru urterako egin da, eta, euskarari dagozkionetan, Akademiak aholkularitza eskainiko dio elkarteari.

Bereziki, hitzarmenaren aurkezpenean azaldu zuten bezala, gradu bukaeran eta Master ikasketetan elkarteak sustatzen dituen deialdietan euskararen erabilera normalizatua eta jasoa ziurtatzeko, eta elkarteak bideratzen duen aldizkari zientifikoan euskarari toki egokia eta duina emateko aholkularitza emango dio Euskaltzaindiak.

Aurreko bi xedapenen ondorioz sortzen den euskararen testu masa eskuratuko dio Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari, eta Akademiak, besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegia elikatzen duen Lexikoaren Behatokia elikatzeko baliatuko du euskarazko testu masa hori.

Era berean, Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari aholkularitza eskainiko dio herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu askatasuna eta giza eskubideak Akademiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan are hobeto islatuta ager daitezen.

Euskaltzaindiak azaldu duenez, errealitate hauek guztiak «ondo gogoan» ditu, eta horiek kontuan hartuz, «erabaki garrantzitsuak» hartu ditu azkenaldian, besteak beste, familia harremanetako gaurko errealitatera moldatu ditu Hiztegiko hainbat definizio; dinastia-kontuetan ere egin dira aldaketak; Espainiako Justizia Ministerioari euskal izendegiarekin malguago jokatzeko eskatu zitzaion eta abar.

Pozik

Andres Urrutia pozik agertu zen sinatutako hitzarmen berriarekin. «Hitzarmen hau euskal gizartearekin eta beren-beregi kolektibo honekin geneukan zor bat kitatzera dator. Euskara gaitu eta erabilera berrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri batean, hitzarmen garrantzitsu hau», aitortu zuen euskaltzainburuak. Bere hitzetan, «Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari, eta LGBT kolektiboa (Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboa) are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du».

Bestalde, Javier García Ortzadar LGBT elkarteko presidentea ere pozarren agertu zen. «Gure elkarteak garrantzia eman nahi die euskaraz egindako ikerketei, eta horretarako Euskaltzaindiarekin bat egitea ezinbestekoa zen guretzat», azaldu zuen.

Halaber, Axier Garate Ortzadar LGBT elkarteko bozeramaileak euskal gizarteak LGBT kolektiboarekin duen konpromiso irmoa gogoratu zuen. «Ostegun honetan homofobiaren aurkako eguna ospatzen dugu, eta hitzarmen hau baliatu nahiko genuke gure gizarteak aniztasun afektiboaren aldeko apustu garbia egin duela erakusteko», esan zuen.

Besteak beste, Ortzadar LGBT elkarteak familia aniztasunaren eta genero berdintasunaren inguruko formakuntza eta ikerkuntza sustatzen ditu, eta gai horien inguruan egiten diren master, doktore tesi eta graduondokoak zabaltzen ahalegintzen da.

«Orain lasai joaten naiz aldageletara»

IÑIGO URIZ / FOKU

Duela lau urte, gestalt terapeuta ikasketak bukatzeko, Teo Vallsek (Bartzelona, 1985) bere trantsizioa grabatzea erabaki zuen. Baina ez zen horretan gelditu, Irene Navascuesek lana dokumental bihurtu baitzuen: De Berta a Teo (Bertatik Teora). Hortik lortutako diruarekin egin zuen Vallsek bularrak kentzeko operazioa. Miran foroak Iruñera gonbidatu du filma aurkeztera.

Gidoirik gabe grabatu zenuten?

Dena lehenbizikoan grabatu zen, eta agertzen garen guztion zatia oso benetakoa eta jatorra da; beraz, ez da politikoki zuzena, emozionalki gizatiarra baizik. Nire ustez, horregatik ukitzen du jendea hainbeste.

Zer esan nahi du ingurukoak zure trantsizio prozesuari buruz solasean jartzeak?

Oso polita izan zen. Maitasun keinua da jendeak hainbeste sakontasun eta intimitate oparitzea, eta ikusi nuen lotura oso handia genuela, gertatutakoaz mintza gintezkeelako, beldurrez, ziurgabetasunez… Oso ezberdin bizi izan genuen.

Ezkutuan dagoen errealitate bat agertzeko balio dezake?

Dudarik gabe, laguntzen du, zenbat eta gehiago ikusi orduan eta gehiago onartzen baita, eta, horrela, errazago egiten dira trantsizio prozesuak, transentzat eta ingurukoentzat. Arrisku handia hartzen duzu biluzten zarenean, baina jarrera adoretsua da, era berean.

Nola bizi izan zenuen trantsizioa kameretatik kanpo?

Teo oso deliberatuta eta ahaldunduta ateratzen da dokumentalean, ilusioz gainezka. Uste dut hortik bizi izan dudala trantsizioa, barne bulkadatik. Neure burua zalantzan jarri dut; nire maskulinitatea hautatu dut, eta nire trantsizioaren protagonista izan naiz. Hori egia da, baina kontraesan eta frustrazio handiak izan ditut. Bidea beti ez da erraza izan, ingurukoek bete-betean babestu nauten arren.

Zein ziren zailtasunak?

Aldagelak, dokumentazioa, hormonak hartzeko zain egotea… Bestalde, identitate politiko bat utzi dut, lesbianarena, eta hori jende eta militantzia galera bat izan da. Maskulinitatea hautatzea ere bidaia bat da: jendeak gizon gisa tratatzea, eta horrek dakarrena. Kontent nago, baina kontraesanak ere izan ditut.

Zaila da ebakuntza gela batean sartzeko erabakia?

Bai, baina nire beldurra ez zen zer gertatuko ote zen; gehiago zen ez zegoela atzera egiterik.

Lau urteren ondoren, prozesu hura ezberdin ikusten duzu?

Orain dela lau urte, behar handia nuen trans gisa agertu eta hori aldarrikatzeko; orain, ez dit hainbesteko minik ematen noizbait femeninoan mintzo bazaizkit. Noski, nire identitatea indartsua da, ez da erraz kolokan jartzen. Ez dut beharrik trans naizela esateko; ezkutatu ere ez dut egiten, eta oso indartsua da ateratzen denean. Ebakuntzaren aurretik, aldagelak tentsiogune ziren; orain, kamiseta ez ezik galtzak ere kentzen ditut, eta dutxa hartu. Hori sekulako konkista izan da. Orain lasai joaten naiz aldageletara.

Transfobia bizi-bizirik dago; berriki Ekaik bere buruaz beste egin du. Zertan egin behar da lan?

Han edo hemen aurkitzen dudan transfobia ezjakintasun hutsa da. Egin daitekeena da ikusgai egin, ikusgai egin eta ikusgai egin. Bide hau hartzen duenak jakin behar du ez diola inori kalterik egiten, eta jendeak ez badu ulertzen, ez badu onartzen edo ez badio laguntzen, ez da zerbait pertsonala. Kontua da haiei gertatzen zaien zerbaiten ispilua zarela. Trans aferak gauza asko mugitzen ditu: generoa, sexualitatea… Horregatik sortzen ditu erantzun horiek: zure baitako zerbait zalantzan jartzen duelako.

Nola zabaldu genero binomioa?

Ez dakit. Generoarena da existitzen den harraparirik handiena. Askotan passing egin behar duzu lasai egoteko, baina kostu handia du, ezkutuan geratzen zarelako. Etsairik handiena da zure tokirik seguruena. Sinetsita nago jende trans gutxiago legokeela generoak ez balira hain zurrunak eta atzerakoiak, eta ez balego maskulinoaren eta femeninoaren arteko botere desoreka handirik. Neure buruari galdetzen diot transexualitatea gizon izateko barne desiratik datorren, edo horretara sarbidea izatetik. Zis gizonek ez dakizue, baina sekulakoa da maskulinitatera igarotzea, bat-batean pribilegioak dituzulako.

Sexu laguntzaile gisa ere aritu zara. Nola hasi zinen?

Egunerokoan, laguntzailea da elbarri den pertsona horren eskuak eta oinak. Zer pasatzen da sexualitatearekin? Galdera horrekin sexu laguntzaile izateko erosotasuna lortu nuen. Oso argi geratzen zen ez nintzela ez maitale eta ez prostituta.

Zergatik da garrantzitsua hori guzia zehaztea?

Horrek mugak jartzea errazten zidan, eta, bestalde, hori da modurik estrategikoena hau eskubide bat izatea nahi badugu. Ni ez nago prostituzioaren kontra, baina hortik banatuta errazagoa da laguntza mota hau diruz laguntzeko eskatzea.

LGTBI kolektiboa, psikiatriako gaietan

Moldaketa bat egin behar izan dute Osakidetzaren lan deialdi publikoko psikiatriako gai zerrendan, patologizatuta ageri baitziren LGTBI kolektiboko kideak. Osasun sistemak akatsa onartu du

LGTBIfobiaren aurkako protesta bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

 

«Ondoeza». Sentimendu hori gailendu zitzaion Sara Olariaga sendagileari —Osakidetzan familia mediku izateko lanpostu bat lortzeko prestatzen ari da— osasun sare publikoaren lan eskaintzaren barruan psikiatriako gai zerrendaren berri izan zuenean. Izan ere, espezialitate horretako hainbat kideren bidez jakin zuen gai zerrendan bazela puntu bat —43. gaia, zehazki— honela izenekoa: «Paziente lesbiana, gay, bisexual eta transexualen tratamendua». Joera homosexualak era argian patologizatzen dituen atal hori barruan duen gai zerrenda otsailaren 7an Osakidetzako zuzendari nagusiak lan eskaintzarako oinarriekin onartutako ebazpenean agertzen da, hain justu. Horregatik erabaki zuen Olariagak abisu ematea: Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen Gehitu elkartera jo zuen, eta EAEko Arartekora ere bai. Gehitu-n, Jesus Estonbak hartu zuen abisua. Hark azaldu duenez, Olariagarena ez zen izan gai horri buruzko ohartarazpen bakarra, eta, gai zerrendako eduki hori «iraingarria» zela iritzita, Osakidetzan protesta egitea erabaki zuten: «Izan ere, halakoak gai zerrenda orotatik kanpo daude 1990eko hamarralditik».

Gehitu-k Eraberean zerbitzuaren bidez egin zuen kexua. Jaurlaritzak sustatutako sare bat da, diskriminazio mota oro saihestea duena helburu. Osakidetzak pazienteak artatzeko propio duen zerbitzura jo zuten, albistearen gaineko kezka erakustera, eta Estonbak adierazi du erantzuna «berehalakoa» izan zela. Kontatu du egun gutxiren buruan Osakidetzako zuzendariak berak telefonoz hots egin ziela: «Barkamena eskatu zuen. Onartu zuen hanka sartze bat izan zela, zenbaitetan inertziekin funtzionatzen dela, eta gai zerrenda hori berrikusteke zegoela». Idatziz ere horixe bera adieraziko ziela agindu zien, eta egun batzuen bueltan jaso zuten eskutitz bat, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak sinatua.

Gehitu-k seinalatutako gai zerrenda du hizpide gutunak, sexu eta genero identitate jakin batzuk patologizatzen dituen puntu hori: «Guztiz desegokia dela ulertzen dugu. Horregatik, kendu egingo dugu, eta aipatutako gai zerrenda zuzenduko dugu», dio gutunak. Idatziak onartu zuen gai zerrendak elementu «diskriminatzaileak eta patologizatzaileak» izan ditzakeela LGTBI kolektiboarentzat. Are gehiago: eskutitzean, Mujikak aitortu zuen gai zerrendan beste akats bat ere atzeman zutela, «berrikusketa» egitean. Zehazki, Haur Psikiatriarako gai zerrendako 21. puntua aipatu zuen. Hau zioen: «Sexu arteko ezberdintasunen eta sexu portaeren psikopatologia. Transexualitate eta transgenero egoerak». Gai hori zerrendatzea ere okerra zela onartu zuten idatzian. Bi puntuak erretiratzeko konpromisoa hartu zuten; alegia, bi gaiak «ezabatu» eta gai zerrenda berrentolatzekoa.

Barkamena eskatzea

Ondoren erantsi zituzten barkamen hitzak: «Era berean, adierazi nahi dizuegu sentitzen dugula sortutako ondoeza, eta erakunde publiko gisa konpromiso sendoa dugula tratu berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako printzipioekin. Esparru guztietan berdintasuna lortzeko oztopo guztiak kentzearen erantzukizuna hartu behar dugu, eta oraingo honetan diskriminazio zuzenaren aurka eta zeharkako diskriminazioaren aurka dugun konpromisoari balioa eman behar diogu». Martxoaren 6koa da zuzenketa gutuna. Estonbak adierazi du kexua egin eta berehala jaso zutela; aurretik, gainera, osasun sistema publikoko arduradunak telefonoz ere hots egin zienez, elkartekoak pozik daude emandako erantzunarekin. «Osakidetzak ongi erantzun du, eta azkar; txalogarria izan da izan haren portaera. Hitz onak baino ez ditugu». Martxoaren 14an argitaratu zuten zuzendutako gai zerrenda.

«Badakit Osakidetzak barkamena eskatu duela, eta haren erantzukizuna onartu duela», adierazi du Olariagak. Baina nabarmendu du garrantzitsua dela halakoetan erne egotea: «Milaka ekintzailek eta LGTBIQ+ taldeek urteak daramatzate salatzen medikuntza hedatu egiten dela gaixotasunekin zerikusirik ez duten bizitzako alorretara». Hain zuzen, heteroarautik irteten diren sexu eta genero identitateak eritasunen zerrendetan sartzen ziren garai batean: portaera okertzat jotzen ziren, tratatu beharrekotzat. Herrialde askotan iraganeko kontuak dira horiek beste hainbatetan zigortuta daude oraindik— , baina lagatako lorratza ez da guztiz desagertu oraindik.

Horregatik eragin du ezinegona akatsak. Olariagak berretsi du «hanka sartze handi bat» dela, eta «iraingarria»izan dela, segur aski presak eta behar adinako arretarik gabe jardun beharrak eragindakoa izan arren. «Bada garaia gure inguruan antzematen ditugun tratu txar edo diskriminazioen kontra altxatzeko eta asaldatzeko». Deitoratu du sexu joerak «diagnostikatzeak» ondorio larriak izan ditzakeela, eta horren kontrako aldarriak ozena izan behar duela: «LGTBIQ+ pertsonek urte ugari daramatzate haiek katalogo batean ez sartzeko eskatzen. Instituzio medikoek ezarritako etiketa edo definizio orotatik kanpo egon nahi dute, eta aske autodeterminatzea nahi dute; autodeterminatzeko eskubidea izan nahi dute, modu horretan bakarrik errespetatuko eta babestuko baita haien pluraltasuna».