Euskaltzaindiak eta Ortzadar LGBT elkarteak hiru urterako hitzarmena sinatu dute

Euskarari dagozkionetan, Akademiak aholkularitza eskainiko dio elkarteari

LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko manifestazioa, Bilbon. / JORDI ALEMANY

Euskaltzaindiak eta Ortzadar LGBT elkarteak bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten lehen aldiz atzo, Bilbon. Hitzarmena hiru urterako egin da, eta, euskarari dagozkionetan, Akademiak aholkularitza eskainiko dio elkarteari.

Bereziki, hitzarmenaren aurkezpenean azaldu zuten bezala, gradu bukaeran eta Master ikasketetan elkarteak sustatzen dituen deialdietan euskararen erabilera normalizatua eta jasoa ziurtatzeko, eta elkarteak bideratzen duen aldizkari zientifikoan euskarari toki egokia eta duina emateko aholkularitza emango dio Euskaltzaindiak.

Aurreko bi xedapenen ondorioz sortzen den euskararen testu masa eskuratuko dio Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari, eta Akademiak, besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegia elikatzen duen Lexikoaren Behatokia elikatzeko baliatuko du euskarazko testu masa hori.

Era berean, Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari aholkularitza eskainiko dio herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu askatasuna eta giza eskubideak Akademiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan are hobeto islatuta ager daitezen.

Euskaltzaindiak azaldu duenez, errealitate hauek guztiak «ondo gogoan» ditu, eta horiek kontuan hartuz, «erabaki garrantzitsuak» hartu ditu azkenaldian, besteak beste, familia harremanetako gaurko errealitatera moldatu ditu Hiztegiko hainbat definizio; dinastia-kontuetan ere egin dira aldaketak; Espainiako Justizia Ministerioari euskal izendegiarekin malguago jokatzeko eskatu zitzaion eta abar.

Pozik

Andres Urrutia pozik agertu zen sinatutako hitzarmen berriarekin. «Hitzarmen hau euskal gizartearekin eta beren-beregi kolektibo honekin geneukan zor bat kitatzera dator. Euskara gaitu eta erabilera berrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri batean, hitzarmen garrantzitsu hau», aitortu zuen euskaltzainburuak. Bere hitzetan, «Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari, eta LGBT kolektiboa (Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboa) are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du».

Bestalde, Javier García Ortzadar LGBT elkarteko presidentea ere pozarren agertu zen. «Gure elkarteak garrantzia eman nahi die euskaraz egindako ikerketei, eta horretarako Euskaltzaindiarekin bat egitea ezinbestekoa zen guretzat», azaldu zuen.

Halaber, Axier Garate Ortzadar LGBT elkarteko bozeramaileak euskal gizarteak LGBT kolektiboarekin duen konpromiso irmoa gogoratu zuen. «Ostegun honetan homofobiaren aurkako eguna ospatzen dugu, eta hitzarmen hau baliatu nahiko genuke gure gizarteak aniztasun afektiboaren aldeko apustu garbia egin duela erakusteko», esan zuen.

Besteak beste, Ortzadar LGBT elkarteak familia aniztasunaren eta genero berdintasunaren inguruko formakuntza eta ikerkuntza sustatzen ditu, eta gai horien inguruan egiten diren master, doktore tesi eta graduondokoak zabaltzen ahalegintzen da.