Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak 13. edizioaren egitaraua aurkeztu du. Zinema erakusketa otsailaren 22tik 29ra izango den arren, hilaren 16tik sexu eta familia aniztasunekin lotutako ekintzak izango dira Bilbon. Jaialdiaren arduradunek aurkezpenean azaldu dutenez, zinema aretoetatik atera eta audientzia zabalagora heltzeko asmoa dute.
«Ez dugu nahi Zinegoak LGTB publikoarentzat soilik zuzendutako festibala izatea, baizik eta zine ona gustuko duen publiko zabalera iristea; kultura tresnarik onena baita jendarte guztia sentsibilizatzeko», azaldu du Pau Guillen zuzendariak.
Helburu hori lortu nahian, erakusketak, kontzertuak, mahai-inguruak, antzerkiak eta zine ugariz betetako egitaraua izango da. Datorren asteartean Alde Zaharreko kaleetan argazki erakusketa bat inauguratuko da, LGTB kolektiboaren ekintzaileek Afrikan bizi duten egoera azaleratuz. Amnesty International erakundeak Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearen lankidetzarekin antolatua, formatu handiko 27 argazki jarriko dituzte ikusgai, «eta hiriaren bihotzetik barra-barra zabalduko dira elkarteetako erakusleihoetan».
Beste nobedade bat izango da edizio honetan. Jaialdiaren aurreko asteburuan ere antolatu direla ekintzak, sexu aniztasunaz hausnarketa egiteko esparru berriak irekitzeko asmoz. Datorren ostegunean, Euskadiko LGTB Mugimenduaren Lehen Dokumentazio Artxiboa aurkeztuko da Euskal Museoan. Gay, lesbiana, transexual eta bisexualentzako Euskadiko arreta zerbitzuaren eta LGTB kolektiboa ordezkatzen duten elkarteen elkarlanarekin sortua. Ddokumentu, argitalpen eta multimedia fitxategien bilduma da, eta gaiaren inguruko lehen dokumentazio zentro birtuala osatuko du.
Otsailaren 19an (ostirala), ‘Hacia una primavera rosa’ sailaren azken dokumentala estreinatuko da Docken. Mario de la Torre zuzendariaren proiektua da, eta munduko hainbat tokitako sexu eta afektu aniztasuna aztertzen du. Biharamunean, hilaren 20an, trans nortasunaren eta transfeminismoaren bilgunea sortuko da Bilborock aretoan, Pikara Magazine eta Zinegoaken eskutik. Gainera, hilaren 21ean, eta ondoren etorriko den zinema astearen aperitifa moduan, Rose Trocheren ‘Go Fish’ filmaren emanaldia izango da Bilborocken.
Zinemaz beteriko astea
Zinegoak jaialdiaren helburu nagusia zinema ona eskaini eta aretoak adin eta mota guztietako jendez betetzea da. Horretarako, 13. edizioak zazpigarren artearen lan sorta bikaina eta areto komertzialetara helduko ez diren lanak bildu ditu programan.
Lehiaketa otsailaren 22an hasiko da Arriaga antzokian izango den inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan, Rose Trocheri Ohorezko Saria emateaz gain, ‘Closet Monster’ filma ikusteko aukera izango da. Fantasia eta errealitate gordinezko kontakizuna da, Torontoko azken festibalean nabarmendu eta kanadar ekoizpenaren saria jaso zuena.
Atal Ofizialean, non 12 fikziozko film luze eta zortzi dokumental lehiatuko diren, honako lanbak eskainiko dira. Besteak beste, ‘Desde allá’, Veneziako Mostran Urrezko Lehoia eskuratu zuena; ‘Lo e Lei’, Marguerita Buy aktore italiarrarekin; edo ‘Yes, we fuck’ dokumentala, aniztasun, sexualitate eta funtzionalitateaz, hitz horien definiziorik zabalena hartuz.
Transmex eta off zinegoak
Gainera, edizio honek sexu eta afektu aniztasuna hainbat ikuspuntutik jorratzen duten lanak izango ditu. Adibidez, TransMex atalak, hainbeste kontraste dituen Mexikoko jendarteko transexualitatearen ikuspegia eskainiko du. OFF Zinegoak atalean, aldiz, zinemarik esperimentalena aurkeztuko da; biak BilbaoArten eta doan izango dira.
Beste alde batetik, Begiradak film laburren atal ofiziala ere izango da Baina aurten ez da betiko sailkapena egingo -gay, lesbiko edo trans-, baizik eta gaia eta jatorriaren arabera.
Halaber, Sarean espazioa, Histeriako Karpinteria edo Fnac izango dira Bilgune atalaren topagune; zinema emanaldiak eta bolo-bolo dabiltzan gaien eztabaidarako guneak bilduko dituen formatua. La Fundicion aretoan ‘Klasiko Ezkutu Argituak’ izango ditugu, doan. Besteak beste, Gordon Douglasen ‘El detective’, Frank Sinatra protagonista duena; eta Robert Aldrichen ‘El asesinato de la hermana George’ emango dituena. Horrez gain, BBK Aretoan ‘La Gata sobre el Tejado de Zinc’ proiektatuko da.
Bukatzeko, epaimahai ofizialaren buru Karim Aïnouz zinemagile brasildarra izango da. Bere azken film luzea, ‘Praia do futuro”, FAS zine klubean proiektatuko da hilaren 23an. Tatiana Lo Iacono eta Maialen Belokirekin batera, otsailaren 28ko amaiera galan jakinaraziko den sarituen zerrenda erabakitzeko arduraduna izango da Aïnouz.
Amaiera ekitaldi horretan, Ventura Ponsen ‘El virus de la por’ filma ikusteko aukera izango da. Hurrengo egunean, saritutako filmak proiektatu ostean, Zinegoak Hedapena hasiko da. Euskadi osora jaialdian proiektatutako lanen hautaketa bat zabalduko dituen programa. Berdinduri esker, EAEko 30 udalerrik hartuko dute parte.