«Bizitza ez da nahikoa izango buruan dudan guztia egiteko»

IKER ORTIZ DE ZARATE. ORTZAI ANTZERKI KONPAINIA ETA ESKOLAKO ZUZENDARIA

«Beti bidean» ikusten du bere burua antzezle eta antzerki zuzendariak; Ortzai sortu zenetik hamar urtera proiektu «umila» dela nabarmendu du, baina «oinarri sendoak» dituena.

iker ortiz de zarate-ortzai antzerki laborategia

Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Atzerrian bildutako esperientziaren altxorra sorterrian ogibide bihurtzea zuen amets Iker Ortiz de Zarate aktoreak (Gasteiz, 1970). Ilusio horren emaitza Ortzai izan zen, antzerki konpainia eta aktore eskola, hamar urteko ibilbidea egin duen proiektua.

Helburu oso argiarekin bueltatu zinen Gasteizera: kanpoan ikasitakoa hemen praktikan jartzea. Bete duzula uste duzu?

Beti zabiltza bidean. Asko egin dugu, baina asko dago egiteko. Antzerkia, bizitza bezala, proiektua da. Hobetuz zoaz, egiten duzunak hobetzen zaitu, baina beti da hori, saiatzea, etengabe.

Nolakoak izan ziren Ortzai abiatzeko garaiak?

Zirraragarriak. Ez nion beldurrik proiektua hasteari. Beldur nintzen nire jendeak nola hartuko zuen. Amari [Teresa Ibañez aktorea] kontatu behar nionean, uste nuen esango zidala ea zer uste nuen, hemen ez zegoelako halako eskaintza pribaturik. Esan nion, eta oraindik gogoan dut esan zidan gauza bakarra: zerbait egiten bada, ona izan behar du. Bidea latza eta petrala izan da, baina, ahalegin handiz, bide zoriontsua.

Kanpotik ikusita, ez ziren gutxi izan Ortzairen proiektua oso ausarta zela uste zutenak.

Beldurra alde batera utzi behar da; bestela, ez zoaz inora. Beldurra beti dago hor zu gelditzeko, baina jakin behar duzu zeure bidea zein den ikusten. Proiektuaren oinarriak sendoak direla uste dut, baina umila da. Hemen ez dago gauza handirik.

Antzezle, zuzendari, irakasle. Zertan ari zara gusturen?

Antzezle gisa. Aktore sentitzen naiz, antzezteko deia jaso nuenetik. Egia da proiektuak aurrera egin dezan zuzendu edo idatzi behar duzula, eta irakasteak benetako poza eman dit.

Antzerki eskolaren proiektuari garrantzi berezia eman zenion hasieratik. Nola ikusten duzu egindako ibilbidea?

Gero eta gehiago ikasten dut neure ikasleengandik. Prozesu oso aberasgarria da, sakona, grina handiz egiten dudana. Aktore modura hasi nintzen, baina, denborarekin, neure irakasleak maitatzen eta miresten hasi nintzen. Liluratuta geratzen nintzen haiekin, eta hori ere egin nahi nuela konturatu nintzen.

Hamar urteko bidean, zeuretzako irakaspenak ere izan dira?

Egunero ikasten dut zerbait. Aktore baten arazoak nola konpontzen diren, esaterako. Ikasleei laguntza emanez, neuk ere ikasten dut. Banoa etxera, eta pentsatzen dut nola egin dieten aurre dituzten arazoei edo trabei.

Gasteizko kultur sistemari zer eman dio Ortzaik?

Beste leiho txiki bat. Pentsatu nahi dut kalitatezko beste leiho bat eman dugula, kanpoan ikasitakoaren edo ekarri ditugun irakasleen laguntzarekin.

Antzerki konpainiak ere bide oparoa izan du. Aukeratuko zenuke garairen bat?

De profundis oso gauza handia izan da niretzat. Bizitzaren opari bat izan da; ia malkoak ateratzen zaizkit. Gazteegia naiz agian hor goia joko dudala pentsatzeko, baina badakit antzezlan hori benetan garrantzitsua izan dela. Geure ibilbidean Eta orain?garrantzizkoa izan da, halaber.

Klasikoak landu dituzue batez ere, baina Eta orain?lanean gaur-gaurko gai bati ekin zenioten: Euskal Herrian bortizkeriak utzi duen arrastoari.

Atzo komentatzen nuen amarekin hori [Memoriaren Egunaren biharamunean egin zen elkarrizketa]. Entzuten ari ginen horri buruz hitz egiten ari zirela irratian, eta, ez dut harroa izan nahi, baina pentsatu nuen nola hartu genion aurrea egoerari. Orain dela bost urte idatzitako testu bat da.

Antzezlana asko eraman duzue Euskal Herritik kanpora ere.

Euskal Herria ezagutu ala ez, toki guztietan oso ondo ulertu dute. Ez naiz inoiz pertsona ausarta sentitu. Nik banekien jendeak hori ikusi nahi zuela, horri buruz hitz egin nahi zuela, askatasun osoz eta errespetuz. Hasi behar genuen mugak hausten.

Zuk ikusten zenuen behar hori?

Bai, eta hala izan da. Antzezlanaren ondoren beti egiten dugu solasaldi bat, eta eztabaida horretan hasieratik agertu dira oso testigantza gogorrak, iritzi ezberdinak eta pentsatzeko modu ezberdinak. Ideia izan genuenean, jende askok esaten zigun ez zela une egokia, hobe zela itxarotea. Guk esaten genien ezetz, garai egokia norberak nahi duenean iristen dela, isiltasuna hautsita. Toki guztietan ondo hartu dute, gaia benetan unibertsala delako.

Klasikoak eguneratzen lan handia egin duzue. Zer dute antzezlan horiek oraindik ere baliagarri izateko?

Hitzak berak esaten du. Klasikoa da beti esanahi handia izango duena. Ukitzen dituzten gaiak ez dira atzean geratuko, gizateria guztiari dagozkiolako.

Orain dela gutxi itzuli zarete taulara, Candido-rekin. Nolakoa izan da esperientzia?

Maite dut pertsonaia hori, gogo handia nuen egiteko. Voltaire sekulakoa da. Dena dauka: erlijioen fanatismoa, maltzurkeria, kolonizatzaileen gehiegikeriak, hipokrisia, edo nola gizakiak ezberdinak diren tokiaren arabera, baina berdinak mamian. Oso egile aurreratua zen. Orain dela hiru mende pentsatzen zuen lurra zigortzen ari ginela; animaliak eta beste pertsonak nola zigortzen ari ginen salatu zuen.

Gasteizko Antzerki Jaialdiko egitarau ofizialaren barruan egin duzue estreinaldia, azkenean. Kostatu zaizue hori lortzea.

Konpainiak merezi zuen; nirekin lan egiten duten aktoreek merezi zuten. Teresa Ibañezi ere omenaldi txiki bat egin zitzaion. Nik uste dut aukera merezi genuela, eta gero gerokoak, baina egia da harrera ezin hobea izan zela.

Esan izan duzu lehen hamar urte hauek lehen atala ixten dutela, eta bigarren bat irekiko dela hemendik aurrera.

Gustatuko litzaidake hori pentsatzea, baina inoiz ez dakizu zer etorriko den. Hasi nintzenean, uste nuen gogorrenak lehen hiru urteak izango zirela; gero, lehen bostak, eta jarraitzen dugu zintzilik. Egindakoaren poztasuna dugu.

Buruan hamaika proiektu ibiliko dituzu jiraka.

Bizitza ez da nahikoa buruan ditudan antzezlan guztiak egiteko, hori seguru. Gustatuko litzaidake lankideei, ikusleei eta jendeari zoriontasuna ematen segitzea.

Transexualek dokumentazioa edukiko dute erregistroan aldaketa egin aurretik

BILBO. Hormonak hartzen hasten direnetik erregistroan dokumentuak aldatu arte, ia bi urteko tartea pasatu behar izaten dute transexualek. Bitarte horretarako, behin-behineko dokumentazioa emango die Jaurlaritzak. Hartara, ez dute esplikazioak ematen aritu beharko beren nortasun agiriagatik. «Pauso handitzat» jo dute erabakia.

Euskadiko transexualek beraien sexu-identitateari dagokion NANa izango dute

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenaren arabera, Euskadiko transexualek, prozesua hasten duten une beretik, beraien sexu-identitatearekin bat datorren dokumentiazio administratiboa erabili ahal izango dute

Sarai Montes, José Luis Madrazo y Ares Piñeiro, durante la rueda de prensa de ayer en Bilbao

Sarai Montes, José Luis Madrazo y Ares Piñeiro, durante la rueda de prensa de ayer en Bilbao

BERRIA MEDIOETAN:

 

 

«Emakume lesbianak ikusezin egin dituzte»

Chiapasko emakume lesbianen borrokaren inguruko ‘Esas, ellas, nosotras’ dokumentala aurkeztu du Gutierrezek Euskal Herrian, Yolanda Garciarekin batera. «Memoria historikoa» du ardatz lanak.

Yolanda Garcia eta Marla Gutierrez Mexikoko dokumentalgileak, Bilbon

Yolanda Garcia eta Marla Gutierrez Mexikoko dokumentalgileak, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

K‘inal Antzetik erakundeak sortu du Esas, ellas, nosotras dokumentala (Horiek, haiek, gu). Chiapasko (Mexiko) emakume indigenekin lan egiten duten emakume mexikar lesbianen inguruko lana da. Marla Gutierrez (Mexiko Hiria, 1974) da egileetako bat, eta Euskal Herrian izan da dokumentala erakusten.

Dokumentala lesbianen memoria historikoa berreskuratzeko ariketa bat da, Chiapasko emakume lesbianek egina; kolektiboak 1980ko hamarkadatik egindako erresistentzia jaso du. Nolakoa izan da etengabeko borroka hori?

Dokumentalarekin, memoria historikoaren bidez, emakumeek mugimendu sozialetan izan duten parte hartzea erakutsi nahi izan dugu. 1980ko hamarkadan San Cristobal de las Casasen [Chiapas] bizi ziren emakume lesbianak egiten ari zirena jaso nahi genuen: sindikalismoan, emakume indigenen borrokan eta abortuaren despenalizazioan.

Chiapasko emakume lesbianak erresistentzia borroka guztietan egon dira: nekazari indigenen mugimenduan, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrakoan, zapatista zibilean… Mugimendu horietan desagertu diren emakume lesbianen egiazko erregistrorik ez dagoela diozue.

Erresistentzia mugimenduetan beti egin da ikusezin emakume lesbianen parte hartzea. Dokumentalak ikusarazi nahi du emakume lesbianak borroka horietan guztietan egon direla. Badaude emakume desagertuen estatistikak, baina emakume moduan soilik izendatzen dituzte. Ez da aipatzen desagertuen artean emakume lesbianak daudenik. Emakume lesbianak ikusezin egin dituzte. Emakume desagertuen estatistikak daude, eta kito, lesbianak zehaztu gabe.

Beharrezkoa da emakume horiek lesbianak direla esatea?

Hain zuzen.

Lesbiana izatea jarrera politikoa da, beraz?

Bai.

«Emakume lesbianak ikaragarriak gara». Dokumentaleko hitzak dira. Hori ozenki aldarrikatzea garrantzitsua dela uste duzu, ezta?

Esaera bat da, hau esatea bezala: «Ez dira gelditzen, borrokalariak dira, indar handia dute, etengabe ari dira gauzak aldarrikatzen».

Emakume «eroak» zaretela diozue. Pixka bat eroa izatea ezinbestekoa da nahi dena lortzeko?

Eroa, markatutako bideari ez jarraitzearen zentzuan. Hau da, heteronormatibitatearen bidetik atera, konbentzioei ihes egin, eta txikitatik egin behar duzula uste duten hori ez egin. Horrekin guztiarekin apurtu, eta zu zeu izaten saiatzea da gakoa.

Baina dokumentalean emakume batek dio lesbianak ez direla ausartzen hala direla esatera. Beldurra eta segurtasunik eza dira horretarako arrazoiak.

Oraindik bazterkeria eta indarkeria handia dago. Mexiko Hirian bakarrik da posible gay eta lesbianak eskutik helduta egotea leku publikoetan, eta horregatik kartzelatuak ez izatea. Chiapasen eta halako estatuetan gaia lantzea falta da oraindik, gay eta lesbianek kalean libreki pasea dezaten.

Filma Chiapasko emakume lesbianek egin duzue. Ez duzue beldurrik izan horretarako?

Bai, beti dago beldur hori. Baina une koiunturala da kalera ateratzeko, ikusezintasuna amaitzeko eta bakoitza den modukoa izateko. Uste dut gizarteak aldatzen ari direla, eta bada garaia nor zaren, zein maite duzun eta zer gustatzen zaizun esateko. Eta baita askatasunik handienarekin egiteko ere.

Ba al dago alderik Euskal Herriko lesbianen borrokaren eta Chiapaskoenaren artean?

Uste dugu paralelismo asko daudela. Euskal Herriko emakume lesbianen kolektiboekin izan gara, eta, gure iritziz, garrantzitsua da memoria historikoa berreskuratzea. Euskal Herrian ere gogoeta asko falta da, eta aurrez egindakoa sistematizatzea. Espazio batzuk irabazi badira, aurretik emakume batzuk eskubide horien alde borrokan aritu zirelako irabazi dira. Uste dugu hori gogoratzeak beste ikuspegi bat ematen duela. Egungo gazte lesbianak eta gayak beste espazio batzuetan daude: ziberespazioan, nork bere burua nola irudikatu lantzen…

Ezberdintasunak baino gehiago dira paralelismo horiek?

Europan edo AEBetan, transgeneroaz eta halako gaiez ari dira hitz egiten. Mexikon, beste gauza batzuk aldarrikatzen ari gara: besteak beste, kalean eskutik helduta ibiltzea ekintza moralgabea ez izatea nahi dugu; eta komunitate indigenetan, lesbianak ikusaraztea, haiek onartuak izatea eta lesbiana izateagatik komunitatetik ez kanporatzea eskatzen dugu.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gutxiengoa izango gara gero ere. Garrantzitsua da hausnarketarako espazioak eraikitzea; baina, aldaketa gauzatu dadin, gizarteko eragile guztiek aldatu behar dute.

Abenduaren 8ko eraso homofoboa gaitzetsi du Bilboko Udalak

Udaleko Bozeramaileen Batzordeak arbuioa adierazi du eraso homofoboaren aurrean, eta ohartarazi ez dela aurten gertatutako aurrenekoa. Halaber, babesa azaldu dio biktimari.

2015-12-12. Bilbo. Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea. 12-12-2015. Bilbao. Concentración contra una agresión homófoba.

Arriagan hilaren 12an eginiko elkarretaratzea. Monika del Valle / Argazki Press

Gisa honetako erasoak eguneroko bazterketa testuinguru zabalago batean kokatzen dira”, udalak azaldu duenez: “Homo-lesbo-transfobia giza eskubideen urraketa onartezina da”. “Askatasunaren eta berdintasunaren aurkakoak” izateaz gain, udalak azpimarratu du erasoak “gizartearen elkarbizitzaren muinean dauden balio eta printzipio demoktratikoen aurkako mehatxu bat” direla.

Kitzikan elkarteak deituta, elkarretaratzea egin zuten larunbatean Arriaga plazan.

ARTEA, MARRA GORRIEN MENPEKO

Abel Azkonaren azken erakusketak berriro azaleratu du soka luzeko eztabaida bat: non amaitzen da artistaren askatasuna, eta non hasten zilegi ez denaren eremua? Lausoak dira marra gorriak, eta ez da erraza izaten zehaztea. Hori ikusirik, gizartearen kontzientzia kritikoa galdegiten du askok.

Marra gorriak, Antoni Tapiesen L'esperit Català artelanean. Nafarroako Unibertsitateko Museoan da egun

Marra gorriak, Antoni Tapiesen L’esperit Català artelanean. Nafarroako Unibertsitateko Museoan da egun. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Iazko maiatzaren 29a. Paris. Orsay museoan sartu da Deborah de Robertis artista luxenburgotarra. Igaro ditu pasabide eta galeriak, eta, azkenean, heldu da Munduaren jatorria artelan ospetsua dagoen aretora. Alu bat erakusten du Gustave Courbeten obrak, parez pare. Urre koloreko soineko bat jantzita, koadroaren markoa imitatuz, pinturaren aldamenera gerturatu da De Robertis. Haren parean makurtu, lurrean jarri, eta hankak zabaldu ditu. Bi eskuez eusten die aluaren ezpainei, aurrean direnei erakutsiz.

Ezustean harrapatu ditu performanceak ingurukoak. Txaloz erantzun diote batzuek ekintzari, baina segundorik galdu gabe hurbildu zaizkio artistari museoko langileak. Tentuz jokatu dute indarrik ez erabiltzeko; bada formula eraginkorragorik: zutik geratu dira artistaren parean, geldi, ikusleek ikus ez dezaten.

Emakume bat alua erakusten, alua erakusten duen artelan baten aurrean. Zilegi da bata—are, miretsia—; estalia da bestea. Zerk baldintzatzen du bata eta bestearen posizioa? Zer muga igaro du batak, eta zein gorde besteak? Nork erabaki du muga hori?

De Robertisenak bezala, Abel Azkonaren azken erakusketak ere mahai gainean jarri ditu galdera horietako asko. Ostiak erabilizpederastia hitza osatu izanak asaldatu ditu Iruñeko sektorerik erreakzionarioenak. Protesta, mehatxu eta mezekin erantzun diote muturreko katolikoek artelanari. Eta eztabaida piztu da: ba al dago arte sormenarentzako mugarik? Ba al da marra gorririk? Haizea Barcenilla arte kritikariak erantzun dio galderari. «Arteak baditu mugak, badirelako artea diren eta ez diren gauzak. Baina uste dut muga horiek aldakorrak direla, eta hala behar dutela. Artearen jokoetako bat da horiekin jolastea». Hortik aurrera, «beste gauza bat da gai batzuk nola lantzen diren, edota gai horiek mintzen ote duten gizartea edo gizartearen atal bat. Baina arteak askotan egin du hori, ez da lehen aldia, eta uste dut arte interesgarri asko izan dela politikoki ez-zuzena».

Arteari, hain zuzen ere, sarri aitortu zaio mugak gainditu eta gauzak zalantzan jartzeko dohaina. Probokaziorako gaitasuna balio erantsitzat jo zaio artista askori. Gaur, ordea, «geroz eta artista gehiago saiatzen dira eskandalua saihesten», Barcenillaren ustez. Mugak ongi zaintzen dituztenak, alegia. «Ez dira oso probokatzaileak», dio. Baina badira probokazioa norbere burua saltzeko erabiltzen dutenak ere. Eta, Barcenillak dioenez, «probokazio hutsak ere ez du balio».

Ignazio Aiestaran filosofoarentzat, edonola, «barregarria» da gaur egun, «gure jendarte neoliberalean, artelana transgresorea dela entzutea». Dioenez, «merkatuaren hegemoniak» bultzatzen duen gizartean «artista sortzailearen lana ikuskizunaren jendartean fetix bat baino ez da». Horregatik dio, argi eta garbi, «mugarik gabeko askatasuna ilusio bat besterik ez dela».

Valentin Vallhonrat Nafarroako Unibertsitateko Museoko zuzendaritza artistikoko kideak ez du uste «transgresioak beti izan behar duenik artistaren ezaugarria». Era berean, zaila egiten zaio artearen mugez modu orokorrean hitz egitea; dioenez, «ez dagoelako termino absoluturik. Testuinguru eta baldintzek zehazten dituzte mugak».

Artean dena posiblea delako sinesmenak, izan ere, sarri egin du talka politikoki zuzenaren marra gorri gorabeheratsuekin. Askotarikoak izan daitezke artelan baten kontrako jarrerak pizteko arrazoiak. Legalitatearenak, batetik. Baina baita sinesmenetan edo ideologian oinarritutakoak ere. Eta horiek jarrera unibertsalak ez direnez, batentzat zilegi dena jasanezina izan daiteke bestearentzat. Zentsura eta askatasuna, talka betean.

Aiestaranek, ordea, ez du eztabaida hala planteatu nahi izaten: «Erronka gaizki mahai gaineratua izan da. Auzi nagusia ez da zentsura bai ala ez, edo askatasuna bai ala ez». Dioenez, «kultura orok bere muga eta jomugak dauzka, baina gizarte birrindu batean bizi garenez, dilema faltsu batean sartuak izan gara: ‘Zer nahiago duzu, Estatuaren zentsura ala merkatuaren askatasuna?’ Nik, ez bata, ez bestea».

Mugak egon badaude

Sorkuntza askearen eta etikaren arteko zurrunbilo korapilatsuan, zaila izaten da muga bat eta bakarra zehaztea. Baina hirurak bat datoz egon badaudela. Eta, alde horretatik, mugatua agertzen da sarri mugagabetzat aurkezten den adierazpen askatasuna.

Vallhonraten iritziz, «adierazpen askatasuna kausa eta ondorioen legearen menpe dago. Askatasunak bai, baina baita ardurak ere». Ardura horien artean, ordea, badago autozentsuran erortzeko arriskua, artistak bere burua isiltzekoa. Baina horrek ez du gehiegi kezkatzen Opuseko unibertsitateko museoko arduraduna: «Sortzaileak, benetan sortzaile bada, aurre egin behar die sorkuntza prozesuaren ziurgabetasunei. Dogmatismoa, autozentsura, autokontrola… ziurgabetasun horren parte dira. Sortzaileak arriskuak eta ondorioak onartu behar ditu».

Halere, arrisku eta ondorioen inguruko eztabaida ez da, Barcenillaren ustez, artistari soilik dagokion kontua. Gizartearen paperaz mintzo da. «Interesgarria da aztertzea noiz erabaki dezakeen gizarte batek modu bateratu batean artelan bat ez erakustea, elkarbizitzari min egingo diolako». Eta gehitu du: «Interesgarriena ez da zeintzuk diren marra gorriak, baizik eta nola egin marra horien inguruan eztabaidatzeko. Nik ez nuke marrarik jarriko aldez aurretik. Hobe da erakustea, eta erakutsitako horren gainean eztabaidatzea».

«Kulturan dena ez da zilegi edo onesgarri», ordea, Aiestaranentzat. «Arrazakeriaz edo xenofobiaz jositako umore grafikoa edo emakumeen aurkako indarkeria estaltzen duen ikus-entzunezko publizitate eta zinematografia higuingarriak dira». Baina, dioenez, «kasu horietan, estatua eta merkatua heldu baino lehenago, bertze gauza bat beharrezkoa da, galdu dugun adierazpen bat: kritika kulturala». Gizartearen, komunitatearen ahuleziaz mintzo da Aiestaran, «kultura estatu eta enpresen eskuetan utzi» izanaz. «Komunitate kulturala desagertua dugu, kasik hila». Eta epaitu du, sendo: «Ze arte eta ze ostia! Ikuskizun gutxiago, ostia bedeinkatu eta profanatu gutxiago, eta denon artean gehiago hausnartu eta adierazi zer egin gure haragiarekin, gure gorputzekin».

Eraso homofobo bat izan zen asteartean Bilbon

EH Bilduk eman du gertatutakoaren berri, eta elkarretaratzera deitu du.

2015-11-27, Iruñea. Homofobiaren aurkako elkarretaratzea. 27-11-2015, Pamplona. Concentración contra la homofobia.

Iruñean eraso homofobo baten kontra eginiko elkarretaratze bat./ Idoia Zabaleta, Argazki Press

Koalizio subiranistak nabarmendu du erasoak “LGTB kolektiboaren kontrako gorroto jarrerak daudela erakusten” duela, eta protestarako deia luzatu du. Halaber, erasoa gaitzetsi, eta larri zauritutako gazteari elkartasuna helarazi dio.

“Horrelako jarrera eta erasoak salatuak, epaituak eta zigortuak izan behar dira. Zoritxarrez, gehiegitan gertatzen dira eta ez dira eraso fisikoak soilik. Hitzezko erasoak ere sarri gertatzen dira”, esan du Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak: “Guk hiri anitzaren aldeko apustua egiten dugu; anitza arlo kulturalean, anitza jendearen jatorrian eta anitza, baita ere, arlo sexualean”.

Kitzikan elkarteak larunbat eguerdirako deitu du elkarretaratzera, Arriagan plazan. Gainera, Bozeramaileen Batzordeak adierazpen baten bitartez erasoa salatzea eskatuko dute EH Bilduk eta Udalberrik.

Denuncian un ataque homófobo a un joven en un bar de Bilbo

EH Bildu ha denunciado un ataque homófobo a un joven en Bilbo que, según la asociación Kitzikan, fue golpeado en un bar de la capital vizcaina el martes.

EH Bildu ha denunciado que un joven fue objeto de un ataque homófobo este pasado martes en Bilbo. Según la asociación Kitzikan, fue golpeado en un bar.

La coalición ha expresado su solidaridad con el agredido y ha indicado que esta agresión evidencia que «aún hoy existen imposiciones y actitudes que reflejan el odio hacia el colectivo LGTB». Por ello, según ha indicado, van a seguir trabajando «en la igualdad y la tolerancia».

El concejal Bruno Zubizarreta ha hecho un llamamiento a la ciudadanía para que se adhiera a la concentración que se celebrará el sábado a las 12.00 en la plaza Arriaga organizada por la Kitzikan para denunciar dicho ataque homófobo.

Asimismo, EH Bildu y Udalberri van a solicitar que la Junta de Portavoces del Ayuntamiento realice una condena expresa.

Kitzikan Bilbok elkarretaratzera deitzen du, abenduaren 12an Arriagan,12etan, eraso homofoben aurka

Mutil bat eraso homofoboa jaso zuen iragan den asteartean, hilak 8, Bilboko anbienteko taberna batean

EHGAMek ere elkarretaratzera deitzen du

 

homofoboak kontuz gurekin

 

PRENTSAN:

2015-12-12. Bilbo. Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea. 12-12-2015. Bilbao. Concentración contra una agresión homófoba.

2015-12-12. Bilbo. Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea.

Fanatismoaren kontrako protesta egin dute Iruñean

Ehunka lagun bildu dira udalari babesa agertzeko. Antolatzaileen ustez, memoriaren auzia oztopatzea da integristen asmoa.

2015-12-01, Iruñea. Fundamentalismo eta fanatismo erlijiosoaren kontrako manifestazioa.  01-12-2015, Pamplona. Manifestación contra el fundamentalismo y el fanatismo religioso.

Manifestazio burua. Iñigo Uriz / Argazki Press

Abel Azkona artistak ostia sagaratu batzuekin pederastiahitza idatzi zuela-eta, haren Desenterrados erakusketak polemika eragin zuen iragan astean. Erakusketa iketzeko eskatu zioten fiskalari, eta ehunka kristau elkartu zen erakusketan bertan, errezatu eta Azkonaren lana gaitzesteko. Halaaber, Gazteluko plazan bilkura egin zuten 200 sinestun inguruk.

Protesta horien harira, “fundamentalismoaren kontrako martxa” egin dute Iruñean. Udaletxeko plazan amaitu da, eta bertan irakurri dute oharra. Carlos Otxoa (Memoriaren Autobusa): “Interes politikoa dago fundamentalisten atzean. Frankismora itzuli nahi dute”. Azkonaren erakusketaren aurkako elkarretaratzean, “Asiron, exekuzioa” oihukatu zuten, eta horiek gogoan izan ditu Otxoak: “Alkatearen exekuzioa eskatzen duten horiek ez dute inoiz demokrazian sinetsi”.

Asmo politikoa ikusi du Otxoak Azkonaren erakusketaren aurkako protestetan: “Aldaketa galgatu nahi dute, eta horren kontra ari gara protestan”.