EHGAMek, Bizente Badillo “Francis”en hilketaren 35. urteurrena dela eta, ekainaren 10ean, arratsaldeko 19:30etan, Errenteriako Mikelazulo elkartean “Testigos de un tiempo maldito” dokumentalaren proiekzioa antolatu du

PLAKA FRANCIS francis

«Hondakin sozial baten emaitza da nire obra guztia»

Abel Azkona artistak propioago sentitzen ditu lan autobiografikoak, baina salaketa ekintza artistikoengatik da ezagunagoa. Bideo batean Koran bat jateagatik mehatxuak jaso ditu orain, adibidez.

Abel Azkona

Abel Azkona Argazkia: LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS

Bare mintzo da bere iraganaz Abel Azkona artista iruindarra (Madril, 1988), baina sakona da haren hitzek ageri duten zauria. Haurtzaroko tratu txarrez ari da, prostituta baten seme izateaz, adopzioaz, nerabezaroko suizidio saioez… Eta ezin finagoa da, haren kasuan, artearen eta autobiografiaren muga. Izan ere, zauri hori du sorkuntzaren ardatz nagusietariko bat. Halere, Eating a Koran (Koran bat jaten) lanagatik agertu da egunotan hedabideetan. Liburu sakratua jaten ageri da Azkona bideo pieza horretan, eta mehatxuak jaso ditu horregatik. Dioenez, fundamentalismoa salatzeko asmoa zuen, eta ez da ildo autobiografikotik urruntzen azalpenean. «Opus Deiren edo muturreko islamisten fundamentalismoa ez da nigandik kanpoko zerbait. Halakoen indarragatik ez balitz, eta laguntza handiagoak izan balira, amak abortatu egingo zukeen eta ez zukeen ume abandonatu bat sortuko».

Espero zenuen mehatxurik?

Arte kritikoa da nirea, eta beti izaten du erantzun bat. Mailak eta mailak daude, baina espero nuen zerbait. Pieza egin aurreko eta ondorengoak ere haren parte dira, eta gertatutakoak erakusten du fundamentalismoa erreala dela.

Hainbat erakusketa dituzu orain Malagan, bi hilabeteko bira duzu gero Kolonbian, Miamin ondoren… Eta eskukadaka konta daitezke 2012an egin zenituen performanceak ere. Frenetikoa da zure agenda.

Arte mota honetan bizi ahal izateko etengabe egon behar duzu batetik bestera. Gorputza da lanabesa, eta beharrezkoa da bertan egotea. Saioz saio, gainera, aldatu egiten da pieza bakoitza. Harrera aldatzen da, ingurua, ikusleak… Museoetan eta galerietan egoteaz gainera, saiatzen naiz gune alternatiboetan ere egoten. Hortik nator. Orain zazpi urte kalean hasi nituen lanak, eta nire sorkuntzaren parte bat horra eramaten saiatzen naiz beti.

Nolako da sorkuntza prozesua?

Bi multzotan banatzen ditut nik piezak. Nire prozesu autobiografikoari lotutako lanek osatutakoa da haietariko bat. Izan dudan haurtzaro zailari lotutakoak: abandonua, drogamenpekotasuna, prostituzioa… Nire ama biologikoarekin enpatizatzeko ni neu ere prostituitu egin naiz pieza horietariko batean. Etengabe lantzen dut nire mina. Baina badut nire baitako haserrea kaleratzeko beste ildo bat ere. Garrantzitsua iruditzen zait museoetan eta galerietan eskaintzen didaten espazioa erabiltzea arrazismoaz, sexu nortasunaz eta feminismoaz esateko ditudanak esateko.

Ildo autobiografikoa sentitzen duzu propioen, halere.

Barne zauri hori ikertu eta esploratzeko hasi nintzen ni arte mota honetan. Arte kritikoa ere interesatzen zait, ordea. Kritikatzen ditudanek ukitu dute nire bizitza, eta badut eskubidea haiei buruz zerbait esateko. Eliza katolikoak sexu nortasunaren inguruan duen jarrerak nire inguruko jendeari eta niri neuri kalte egiten badigu, eta nik hori kritikatzeko nire gorputza badaukat, kritikatu egingo dut. Eta orain, gainera, espazio publikoetara eraman dezaket salaketa hori. Mc Donalds jomuga duen ekintza bat prestatzen nabil orain, Malagako CAC Arte Garaikideko Zentrorako.

Eta ekintza hori nola lotzen duzu zure biografiarekin?

Umeak produktu bihurtzen dituzte. Happy meal menuetan oparitzen dituzten jostailuekin, adibidez, hori egiten dute. Eta umea produktu bilakatzearena badago lotuta nire esperientziarekin. Aipatu ditudan bi ildoak uztartuta daude. Hondakin sozial baten emaitza da nire obra. Ni neu hondakin sozial bat naiz, gauzak ongi egin ez direlako jaio den jostailu apurtu bat. Badut eskubidea, beraz, salaketa artea egiteko.

Mina eragiten diozu zeure buruari maiz. Zaurian gatza botatzea, zauria kontrolatzeko bide bat da, beraz?

Bai. Nire lana ez da antzeztutakoa, nik benetan esploratzen dut barruan dudana, eta gaizki pasatzen dut. Negar egiten dut, antsietate arazoak izaten ditut, mina… Kanporatu egiten ditut nire barne min horiek, ikusleak errealitatea ezagut dezan. Baina ez soilik horretarako. Egoista ere bada egiten dudana, normalean jendeari ez baitzaio ikusten duena ederregia iruditzen. Niretzat egiten dut lan hau. Nerabezaroan egin ditut suizidio saioak, zauri hori nire bizitzaren parte zenik ez onartzeagatik, baina nire bizitzaren parte oso garrantzitsua da. Ez dut ahaztu behar, eta ez dut abandonatu behar. Presente izan behar dut, eta hartatik abiatuta eraiki behar dut. Orain etengabe esploratzen dut min hori, eta horrek ematen dit egonkortasuna. Mina nik gobernatzea.

Ikusgarritasunak piezen mezua oztopatuko duen kezkarik ez duzu?

Inbidia handia diot Esther Ferrer artistari. Asko egin dezake berak oso gutxirekin. Ni ere saiatu naiz, baina ezin dut. Hemendik 50 urtera, agian ahal izango dut, baina, oraingoz, ezinezkoa zait. Askatu beharreko gauza asko ditudala sentitzen dut. Horregatik dira nire lanak hain muturrekoak.

Bertakoa zara, eta Iruñean egin duzu lan maiz. Zer erlazio duzu hiriarekin?

Hiri feudal bat da, zaharkitua eta ultrakontserbadorea. Oso interesgarria da arte mota hau egiteko. Saltxitxak egiteko txerri haragia behar dela esan ohi dut, eta hemen haragi asko dago. Kalera atera eta istilu bat eragiteko aukera dago beti, eta poliziak atxilotu egin nau. Jendea eskandalizatzen bada, ez da haiei urrunekoa zaien konturen bat lantzen duzulako, baizik eta oso gertuko zerbait ukitu duzulako. Gai kritikoren bat lantzen dudanean eskandalizatu badira, izan da gai hori etxean dutelako.