«Intersexualitatea tabu itzela da, gaixotasun gisa aurkeztua izan delako»

«Gizon ala emakume. Hortik kanpo gelditzen den guztia, gaitz edo anormaltasun bat da», uste du Cira Lopez antropologoak. Intersexualak ez baztertzeko, gizartea osoki aldatu behar delakoan da.

Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

LGTBI akronimoan, I letra da guztien artean ezezagunena. Intersexual hitzari egiten dio erreferentzia, baina jende askok ez daki zer den ere. Horren inguruan hitzaldia eskaini zuen Cira Lopez antropologoak (Sevilla, Espainia, 1975), Iruñeko Udalak gonbidatuta.

Zer da intersexualitatea?

Egoera biologiko bat da. Pertsona intersexualen gorputza ez da gure sistema bimorfikoaren arauetara moldatzen, sexuari dagokionez. Zer esan nahi du horrek? Bada, sexualitatea bi multzotan sailkatzen duen sistema honetatik kanpo daudela pertsona intersexualak. Jaiotzean, ez datoz bat ezartzen zaien ezein sexurekin, ez gizonezkoa, ez emakumezkoa.

Halakoetan, medikuek haur jaioberrien sexua eta generoa aukeratzera behartzen dituzte gurasoak…

Bai, hori da prozedura. Eta aukeraketa horrek bestelako ondorioak dakartza: ebakuntza, hormonatzea… Eta zergatik? Gure sistemaren barruan, ezin zarelako gizonezkoa edo emakumezkoa ez den beste ezer izan. Eta zure genitalak ez badatoz bat eredu horietako batekin ere, nahasmendu edo patologia bat duzula ondorioztatuko dute. Horrekin ez dut esan nahi nahasmenduak, anomaliak eta patologiak existitzen ez direnik, baina zaku berean sartzen dituzte gaixo dauden pertsonak eta gaitzik gabekoak. Berrogei tipologia baino gehiago sartzen dituzte intersexualitatearen barruan. Hortaz, pertsona osasuntsu asko pasarazi dituzte sexu eta genero egokitze prozesu horretatik.

Zeintzuk izan daitezke ume intersexualei ebakuntza eta hormona bidezko tratamendua ematearen ondorioak?

Jaiotzean eginiko sexu egokitzapenak ez dira ebakuntza soilak; jarraipena egin behar zaie gaztaroan eta helduaroan, eta, askotan, bizi osorako tratamendu farmakologikoa eskatzen du horrek. Finean, pertsona baten sexua moldatzea da, bere baimenik gabe. Eta horrek kalte izugarria eragiten ahal dio. Medikuek edo gurasoek aukeratzen dituzte jaioberriaren sexua eta generoa, eta hautu hori bat etor daiteke pertsona horren berezko sexualitatearekin, ala ez. Hautua zuzena bada, primeran, baina haur hori hazi, eta, nerabezaroan, beste genero eta sexu identitate batekin identifikatzen bada? Kaltea egina dago jada, eta horrek gaitz eta nahasmendu ugari eragiten ahal dizkio. Edonola ere, erabakiak ez luke egon behar medikuaren edo gurasoen esku, pertsona intersexualen esku baizik. Hori da gakoa: itxoin, pertsona horrek erabakitzeko gaitasuna eta adina izan arte, eta, gero, hark hautatuko du jarraitu beharreko bidea.

LGTBI kolektiboaren barruan ere, errealitate ezezagunena da intersexualitatearena. Tabua al da oraindik?

Tabu itzela da, lehen aipatu ditudan arrazoiengatik: patologizatu egin da. Gaixotasun gisa ikusia izan da, historikoki. Eta pertsona intersexualak patologien zakuan sartuta, ezin izan dute haien sexu eta genero identitatea horren arabera garatu. Nola identifikatuko duzu zeure burua gaixotasun gisa aurkezten dizuten zerbaitekin? Ezinezkoa da. Horregatik, intersexualitatearen aldeko aldarrikapena oso berandu heldu da. Nazioarteko LGTB mugimendu sozialen borrokari esker sortu zen, patologizazioaren aurkako erreakzio gisa. Baina LGTBI siglen bukaerako I hori oso gauza berria da, eta, tamalez, ez da ongi errotutako mugimendua, inondik inora. Kontzeptua bera oso berria da, eta jendeak topikoetara edo hitz arkaikoetara jo izan du, intersexualitateaz hitz egiteko.

Hermafrodita hitzaz ari zara, ezta?

Besteak beste, bai.

Zeintzuk dira gizarteak eman beharreko pausoak, errealitate hori aldatzen hasteko?

Gizartea bera aldatu beharko dugu lehenbizi, goitik behera. Oinarri-oinarrizko kontzeptuak berrikusi behar ditugu. Ezin ditugu haur txikiak hezi bi sexu daudela esanez, eta, gero, helduak direnean, hori ukatu eta beste gauza bat esan. Absurdoa da. Bigarren Hezkuntzako institutu batzuetan, biologia irakasleak dio bi sexu daudela, gizona eta emakumea; eta gizarte gaietako irakasleak, berriz, kontrakoa esaten die ikasleei. Ba al du zentzurik horrek? Gure nerabeek kontraesanezko diskurtsoak entzuten dituzte etengabe, gaizki ari garelako auzia jorratzen. Ez diogu arazoari errotik heldu oraindik.

Eta nondik hasiko zinateke?

Jendearen mentalitatea aldatzen hasteko, ezinbestekoa da hezkuntza, baina, horrez gainera, badira era askotako neurriak ere; besteak beste, jazarpenari eta gorroto delituei aurre egiteko protokoloak eta zigorrak; kode zibilaren erreforma, gurasoek askatasun handiagoa izan dezaten haurrak mutiko ala neskato gisa erregistratzeko garaian… Edozer! Kode Zibilarena, adibidez, garrantzitsua da. Espainian, legez, gurasoek 72 ordu dituzte haurrak gizonezko edo emakumezko gisa erregistratzeko. Oharkabean pasatzen zaizkigu gauza asko, gure gizartea aspalditik dagoelako horrela egituratuta.

Nafarroako Parlamentuak babesa eman dio Chrysallisen kanpainari

Transexualen eskubideak babestu eta aitortu ditu adierazpen instituzional batean, batik bat, adingabe transexualenak.

zentsuratu-duten-irudia-chrysalliseh

Chrysallis elkartearen kartela. / Chrysallis elkartea (@ChrysallisEH)

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak aurkeztutako adierazpen instituzionala aho batez onartu du Nafarroako Parlamentuak transexualen eskubideen alde. Hiru puntu zituen eskaerak. Lehenengoan, batik bat, adingabe transexualen eskubideak babestu dituzte, eta bigarrengoan babesa adierazi diote Chrysallis elkarteak haur transexualen errealitatea ezagutarazteko egin duen kanpainari. Azken puntuan konpromisoa adierazi du parlamentuak sexu eta genero aniztasuna errespetatua izan dadin. Bigarren puntuan PP abstenitu egin da.

Chrysallisek hainbat kartel jarri ditu azken egunetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak leloarekin. Gaur amaitu da kanpaina, hain zuzen.

Euskal jatorria duen pertsona anonimo batek emandako dirua baliatu du Chrysallisek horretarako. Kanpainak oihartzun handia izan du bai kalean baita sare sozialetan ere. Joan den astean hainbat eraso izan ziren kartel horien kontra Iruñean eta Gasteizen. Hasiera batean, Facebookek ere zentsuratu egin zuen kartela. Gero, ordea, gaztelerazko bertsioa baimendu zuen, baina ez euskarazkoa.

Haurtzaroan identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen %41 saiatu da bere buruaz beste egiten

Haur transexualen errealitatea ikusgarri egiteko kanpaina jarri du abian Chrysallis Euskal Herria taldeak. Facebook sare sozialak zentsuratu egin du elkarteak erabilitako irudia.

zentsuratu-duten-irudia-chrysalliseh

Chrysallis-en iritziz, pertsona transexualen bizi-kalitatea eta zoriontasuna gizartearen onarpenaren menpe dago. Izan ere, identitatea ukatu zaienen suizidio saiakera-tasa %41ekoa dela azaldu du elkarteak; aldiz, onarpena jaso duten pertsona transexualen bizi eta zoriontasun kalitate adierazleak gainontzeko biztanleriarenaren antzekoak dira.

Gizartearen onarpenak duen garrantziaz jabetuta, haur transexualen errealitatea ezagutarazteko kanpaina jarri du abian elkarteak, Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak lelopean. Horretarako, kartelak jarri dituzte EAEko eta Nafarroako hiriburuetako metro eta autobus geltokietan. Bestalde, elkarteak salatu du Facebook sare sozialak zentsuratu egin duela kanpainan erabili duten irudia. Aldi berean argazki hori ahalik eta gehien zabaltzeko eskatu du, transexualitatea ikusgarri egitearen garrantzia azpimarratuz.

Haurra bere burua izendatzeko gai denean ezagutu daiteke bere identitatea, eta ikerketen arabera, hori bi urte inguru dituenean gertatzen da. Jaiotzean genitalen arabera esleitu zaion sexua ez badator bat pertsona horrek sentitzen duenarekin, transexualitate egoera dagoela esaten da.

Egoera horretan dagoen mutil edo neska batek behar duena bere ingurukoen onarpen eta maitasuna dela azaldu du Chrysallis-ek, eta horretarako hezkuntza zein osasun arloko langile eta gizarte osoaren laguntza beharrezkoa dela gaineratu du.

Lokal bat okupatu dute Bilbon emakume lesbiana, transexual eta feministen topagunea sortzeko

Artikulu hau topatu.infok argitaratu du

errekalde_okupazio_feminista_2015_uztaila_laneguna

“Ezinbestekoa ikusten dugu inolako zapalkuntzan oinarritutako topagunea sortzea”, azaldu dute okupazioa gauzatu dutenek. Pentsamendu kolektiboa ardatz, borroka eta bizi espazio ez partriarkala sortu nahi dute bertan, eta, dituzten behar eta desirei erantzunez, espazioa emakumeentzat soilik izatea erabaki dute. “Bilbon ez dago borroka feminista garatzeko espazio autogestionatu eta autonomorik”, azaldu dute.

Sare feminista ehuntzeaz gain, zaintza eta babesa berreraiki eta emakumeentzat segurtasun espazio bat sortu nahi dute: “Etxe hau, bertako pertsonak subjektu politiko bilakatzeko espazioa izateaz gain, auzoko eta inguruetako emakumeak feminismoaren bueltan biltzeko tresna izatea nahi dugu”.

Auzolanean lokala txukuntzeko lehen hitzordua jarri dute dagoeneko: uztailak 11.

 errekalde_okupazio_feminista_2015_uztaila_1-300x225errekalde_okupazio_feminista_2015_uztaila_2-300x225