Konta niezazueke…

Konta niezazueke orain gutxi Bilboko Udalak hartu duela erabaki polemiko bat: Egirleta mendatearen ingurumarian gizonezkoen arteko ligea (cruisinga) debekatzea. Ziur aski urtetan hartu duen deliberorik surrealistena da, esperpentotik asko daukana. Izan ere, ezina baita non eta mendian mutiletan ibiltzea, edo zirriak edota txortan egitea bera ere debekatzea. Debekatzea akaso bai, baina eragoztea ez. Esan gabe doa: frankismoak lortu ez zuena ez dute orain lortuko PPk (proposamena aurkeztu zuena) eta PNVk (aldeko botoa eman zuen alderdi bakarra).

Konta niezazueke azken boladan antza gehitzen ari direla eraso homofoboak, zeintzuk hipokresiaz salatzen baitituzten arestian aipaturiko debekuak gauzatzen dituztenek eurek. Hipokresiaz diot, zeren holako galarazteekin pertsonon askatasuna murrizteaz gain, gizarteari helarazten dioten mezua baita sexu berekoen arteko harremanak ez direla zilegi eta, nolabait, hainbati justifikazioa ematen baitiote iseka egiteko edota fisikoki erasotzeko ere.

Konta niezazueke nola politikari batzuek euren homosexualitatea modu partidistan erabiltzen duten solidario eta moderno itxura eman gura izateko, gero jokamolde xenofobo eta arrazista izaten badute ere. EAEn azkenaldian ezagutu dugu armairutik publikoki irtetea sinpatia politikoak eragiteko erabili duenik; are gehiago, irudi publikoa leundu nahian, bere ezkontza ere erabiltzeko gauza izan denik ere izan da.

Konta niezazueke, beste arlo batera salto eginez, nola askotxotan, gero eta gehiagotan tamalez, etsita sentitzen naizen euskaldunok euskarari benetan zer estimu txikia diogun ikusirik, behin folklorekerietatik irtenda behintzat. Adibidez –eta adibidea baino ez da– Aitor Mazo zendutakoan profesiokideek egin zioten omenaldian ia dena izan zen erdara hutsean. Mingarria suertatu zitzaidan noren eta Carlos Paneraren ahotsetan (Aitor antzerkigintzan hasi eta euskara hutsezko antzerkia egiteko sortu zen Maskaradako zuzendaria) laudoriozko hitzak erdara hutsez entzun behar izatea, edota Aitorren lankide eta lagun min Asier Ormazarenak… Ene aburuz, duintasuna erakutsi zuen bakarra haren alaba Nerea izan zen, aitari gutun hunkigarria irakurri baitzion euskara hutsez.

Ene! Oraindik zertaz idatzi ebatzi gabe amaitu zait espazioa!

 

Aurreiritziak eranzten

nudismoa

Pertsona askok itaundu izan diote Jesus Iglesiasi zergatik praktikatzen duen nudismoa. Gurago du galderari buelta eman. “Zergatik behar dugu arropa eguzkia hartzeko, paseatzeko edo hondartzan airea hartzeko?”. Iglesias Euskal Naturisten Elkarteko kidea da. Luzaroan antolatu izan ditu era guztietako ekintzak, baina krisi ekonomikoak eragina izan du elkartean ere. “Jendeak oporrekin edo aisialdiarekin lotzen du, askotan, nudismoa, eta, krisiarekin, bazkide kopurua ere jaitsi egin da”.*

Duela hiru urte, martxak antolatzeari eta mobilizatzeari utzi zioten, baina, elkartea “bizirik” mantentzeaz gain, Bilboko Udalarekin lortutako hitzarmenak bere horretan dirau: nudistek ordutegi bat dute Artxandako kiroldegian igerilekua erabiltzeko. Duela bederatzi urte, beste egitasmo bat jarri zuen martxan elkarteak, eta hondartzaz kanpoko beste espazio publiko batzuetara zabaldu gura izan zituzten gune nudistak. Hainbat eremutako kidek hartu zuten parte ekimenean. Tartean, Gorrondoatxako tabernak, ondoko aparkalekuko izozkien postuak, Larrabideko atseden etxeak, Sumendi elkarteko atseden etxeak eta Ehgam Bizkaiko lokalak. Egun, ordea, hondartzetatik kanpo, ez dago horrelako gunerik Bizkaian.

Nudismoa zer den zehaztea ez da erraza. “Nudistak bezainbeste definizio daude nudismoarentzat. Batzuentzat, hondartzan larrugorritan jarri eta eguzkia hartzea edo paseatzea da. Beste batzuentzat, naturarekin bat egin eta elementuekin kontaktuan jartzea”. Hala ere, argi utzi du arropak eranzte hutsa ez dela nudismoa. “Edonor biluz daiteke, baina hori ez da zertan nudismoa izan. Hego Amerikan, dantzari nudistak terminoa erabiltzen dute strip-tease dantzarientzat. Probokazioa dago hor, estetika bat bilatzen du. Hori, nudismoaren kontrakoa da”.

Elkarteak, 1997an sortu zenez geroztik, helburu izan du biluztasunaren inguruan dauden aurreiritzi eta tabuak ezabatzea, bai eta bere onurak nabarmentzea ere. “Nudismoa norbera eta besteak errespetatzea da. Lagungarria eta beharrezkoa da, gainera, pertsonen garapen osorako”.

Horregatik iruditu zaio bidegabekoa Espainiako Auzitegi Gorenaren jarrera, duela bi hilabete emandako epaiak bermatu baitu espazio publikoetan nudismoa debekatzen duen Bartzelonako udal-ordenantza. Kexu agertu da Iglesias. “Epai horrekin, udalek euren irizpide eta neurrira arau dezakete nudismoa”.

Iglesiasen esanetan, arazoa da Auzitegi Gorenak ukatu egiten duela nudismoa ideologia bat dela. “Espainiako Auzitegi Gorenak onartuko balu nudismoa ideologia bat dela, orduan udalek ezingo lukete arautu, Espainiako Konstituzioak ideologia askatasuna bermatu egiten duelako”. Iglesiasek ezin du ulertu Auzitegi Gorenaren ukazio hori. “Begi bistakoa den zerbait ari dira ukatzen, eta, horrela, nudismoaren aurkako zapalketa onartuko dute lege bidez”. Hala ere, Estrasburgok 2014an emandako epai baten arabera, nudismoa adierazpen askatasunaren parte da. Hori da Europako Auzitegiak biluztasunari buruz historian eman duen epai bakarra.

Getxoko debekuak

Iglesias beldur da Auzitegi Gorenak emandako epaiaren atzetik etor daitekeenaz. Izan ere, ez dago urrunera joan beharrik aurrekariak aurkitzeko. 2001ean, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak dekretu berri bat atera zuen, zeinak udalerriko hondartzetan eta landetan nudismoa debekatzen baitzuen. Isunak 25.000 pezetatan (150 euro) ezarri zituen.”Aixerrotako zelaietan ere ezin zitekeen askaria jan bainu jantzi hutsean. Astakeria zen, nudismoa guztiz legezkoa delako”.

Hori gauzatu ahal izateko, 1955. urteko araudi batez baliatu zen Zarraoa, epaileek erabakitzen baitzuten garai hartan zer zen morala eta zer ez, eta horren arabera zigortzen baitzituzten eskandalu publikoari lotutako delituak. “Araudi zahar horren arabera, gizonek gorputz osoko bainujantzia eraman behar zuten, eta emakumeek gorputz osokoa gehi gonatxo bat. Noski, hori albo batera utzi zuen”.

Elkarteak Mertxe Agundez Arartekoarengana jo zuen, eta, behin egoera aztertuta, Agundezek dekretua erretiratzeko eskatu zion Zarraoari. “Epelak esan zituen gure aurka. Arartekoarekin ere ez zegoen ados. Esaten zuen Agundez gure alde zegoela hasiera hasieratik”. Urtebete beranduago, 2002an, dekretua atzera bota eta ordenantza bat aurkeztu zuen Zarraoak, hura udalean eztabaidatu zedin. Ordenantza berriak zehaztu egiten zuen Gorrondoatxa eta Barinatxa hondartzetako zein gunetan baimenduko zen nudismoa. “Oposizio guztiak bozkatu zuen kontra, baita orduko hartan udaleko gobernuan zegoen Eusko Alkartasunak ere, eta proposamena ez zen aurrera atera”. EAJko zinegotziek bakarrik eman zuten aldeko botoa.

Hain zuzen ere, Barinatxako hondartzan antolatu izan du Euskal Naturisten Elkarteak ospetsu egin den Sopelako lasterketa nudista. 1999an sortu zuen lehiaketa Patxi Rosek, eta, ordutik hona, hamar ediziotan hartu du elkarteak lasterketa antolatzeko ardura. Egun, Patxi Ros da arduraduna.

Sopela eta Getxo artean dago Barinatxa. Hondartzaren alde bakoitza udalerri bakoitzari dagokio, eta 752 metroko luzera du. Urre koloreko hondar finez estalia, hainbat kirol jarduera egiten dira han: boleibola, hondartza futbola, parapentea, windsurfa, eskalada… Hala ere, surfa da arrakastatsuena, jende kopuruari dagokionez. Uda garaian, bainuaren denboraldia zabalduta, hondartzainez gain sorosleak ere izaten dira. Komunak eta dutxak daude, eta guztira 1.100 aparkaleku kotxeak bertan lagatzeko.

Getxok badu, gainera, ohitura naturista duen beste hondartza bat: Gorrondoatxa. Galeako muturretik ekialdera jota ailegatu daiteke bertara. Ikuspegi paregabea osatzen duten itsaslabarrez inguratuta, hondar, harri eta belarrezko geruzek estaltzen dute hondartza. Itsaslabarren goitik antzeman dakieke udaro itsasora murgiltzen diren surflari koadrillei. Gorrondoatxa inguruan ere ehunka aparkaleku daude kotxez doazen bisitarientzat, eta sorosle eta hondartzainak izaten dira bainu denboraldian.

Barrika, nudismoaren ikur

Barrika estuki lotuta dago Bizkaiko mugimendu naturistarekin. Uribe Kostako udalerriko hiru hondartzak nudistak dira, eta horietako bat, Muriola, lurraldeko aitzindarietako bat izan zen. Hiruretan txikiena da Muriola, eta Gorlizko badiaren barruan dago kokatua; tradizio naturistarik handiena duena da. “Hemen gertu ibili naizen hondartzen artean, Muriolakoa da tradizio handiena duena. Jende asko joaten da bertara nudismoa praktikatzera”, dio Iglesiasek. Kotxez joateko zailtasun handiagoa du, bertan ez baitago aparkalekurik egokituta.

Barrikako hondartza nagusia, herriaren izen bera duena, 100 metroko altuera duen itsaslabarraren magalean dago, itsaso zabalera begira. Bertara ailegatu ahal izateko, 302 mailako harrizko eskaileratik jaitsi beharra dago, beherantz amildu ahala bihurrituz doana. Harrizko hesi batek alde bitan banatzen du hondartza; lehen hondartza erdia ez da guztiz nudista, baina bai bigarrena. Nahiz eta neguan geruza harritsu batek hondartza estali, udaran hondar asko metatzen da, itsasoaren eraginez. Ez da soroslerik izaten, baina bada kotxeak uzteko lekua.

Barrika eta Sopela artean dago hirugarrena, zirkuluerdi itxurakoa: Meñakotz. Bainujantziekin eta biluzik ibiltzen den jendea egoten da bertan. Meñakotzen ez dago ez dutxarik, ez komunik. Ezta soroslerik ere. Harrizkoa da.

Ea udalerriko itsasbazterrean dago ezkutatuta Lapatz. Harriz betetako hondartza naturista txiki horretara ailegatzeko, bihurgunez betetako bidexkan behera jarraitu beharra dago, Natxitua auzotik itsasora bidean. Hamar kilometro ekialderago, Lekeitiora bidean, beste hondartza naturista bat dago Ispasterren: Ogella hondartza. Korronteen eraginez, urtean zehar asko aldatzen da bere itxura, sarri harriz beteta egon arren hondarrezko guneak ere sortzen direlako. Aise ailegatu daiteke Ogellara kotxez. Ehun bat leku daude kotxeak uzteko. Dutxarik ez izan arren, erabiltzaileek komun bat dute eskura. Bi sorosle egoten dira zainketa beharretan.

Hondartza denboraldi orokorrari dagokionez, ekainaren 1ean hasi zen lanean Bizkaiko Foru Aldundiaren Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua. Irailaren 30era arte egingo dute lan.

152 sorosle hondartzetan

Salbamendu eta sorospenerako giza taldea uretako 152 sorosle tituludunek osatuko dute. Egunero, guztira 87 sorosle arituko dira lanean: zazpi La Arenan, bi Areetan, bost Ereagan, lau Arrigunagan, hiru Gorrondoatxan, bost Barinatxan, zazpi Arrieta-Atxabiribilen, bi Muriolan, lau Plentzian, sei Gorlizen, bi Armintzan, zazpi Bakion, bi Aritzatxun, bi Laidatxun, hiru San Antonion, bi Toñan, sei Laidan, lau Lagan, bi Ean, bi Ogellan, hiru Isuntzan, bost Karraspion, eta bi Arrigorrin.

Bestalde, Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, eguneratu egin du hondartzei buruzko informazioa denbora errealean eskaintzen duen web orria, bai mahai gaineko bertsioan, bai smartphone-etakoan. Azaldu du erabiltzaileek informazioa errazago aurkitu ahal izango dutela smartphone-etarako webgune berriaren diseinuari esker.

Bortxatu zutela erran zuen gizonezkoak kendu egin du salaketa

Samuel Vuelta Simon prokuradoreak azaldu duenez, onartua izan zen bi gizonen arteko sexu harremana, ez “inposatua”. Lagunei ezkutatzeko asmoz erran zuen mutilak bortxatu zutela.

Sexu erasoak

Baionako bestetako eraso sexitak salatzeko egindako elkaretaratzea, atzo. / Maddi Ane Txoperena Iribarren

Asteazken gauean bortxatu zutela kontatu zion Poliziari 18 urteko mutil batek, eta atzo ezeztatu egin zuen salatutakoa. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak BERRIAri erran dionez, hain zuzen, ustezko erasotzaileak ez zuen behartu felazio bat egitera: bi gizonek adostuta egin zuten.

Lagunei ez zien aitortu nahi izan bertze gizon batekin sexu harremana izan zuela, ordea, eta horregatik kontatu zien bortxatu zutela. Horregatik jarri zuen salaketa, eta ostiralean kendu egin zuen, prokuradoreak azaldu duenez.

Ikerketak aitzina segitzen du, eta, gertakaria gezurra balitz, salaketa faltsua egitea leporatzen ahal diote 18 urteko mutilari.

«Sexualizatuta gaude eremu publiko orotan»

ATZEKOZ AURRERA. NAGORE ITURRIOZ. MEDEAK TALDE TRANSFEMINISTAKO AKTIBISTA

Euskal Herriko lehen postporno jardunaldiak egiten ari dira atzotik Donostian. Sexualitatearen eredu hegemonikoen aurkako borroka politikoa egiteko zimenduak finkatuko dituzte bihar arte, solasean.

NAGORE ITURRIOZ

NAGORE ITURRIOZ

Gora eta behera, hara eta hona ibili da egunotan Medeak talde transfeministako aktibista Nagore Iturrioz (Ordizia, Gipuzkoa, 1979); atseden hartzeko astirik gabe kasik. Buru-belarri ari da Euskal Herriko aurreneko postporno topaketen prestaketan, eta aireportura joan-etorrian igaro du astea: «Pixka bat erotuta». Atzerritik datozen hizlariei harrera egin —maletak galdu dizkiete zenbaitzuei— eta jardunaldiei azkeneko ukituak eman berritan mintzatu da BERRIArekin, gogoeta feministez zipriztindutako solasaldi pausatuan. Medeak-en izenean hitz egin du.

Euskal Herriko lehenbiziko postporno jardunaldiak. Beldurrak, aurreiritziak eta tradizioak apurka-apurka hausten ari diren seinale?

Seinale baino gehiago, nolabait gogoaren isla dira topaketok. Medeak-en aspaldi hasi ginen horrelakoetan lan egiten, eta Euskal Herria sexualizatzen; txantxetan esan ohi dugu euskal gatazka sexualitatearekiko jarrerarekin eduki dugula hemen. Badaude tabu moduan geratu diren gauzak, eta garrantzi handia dutenak politikoki. Agian bada unea, lasaiago gaudela, horri heltzeko? Baliteke. Baina, jendea prest delako ez, burugogor jarri garelako egin dugu.

Lizun eta zikin leloa aukeratu duzue. Euskal herritarrek, ordea, garbi eta lotsatien ospea omen dute…

Iruditzen zaigu badela garaia postpornografiak esan nahi duena jendeari helarazteko; ez da horrenbeste sexual herria iritsi denik. Egia da aurreiritzi franko daudela, eta izuak ere bai: bortizkeriaz hitz egingo bagenu zalantzarik gabe etorriko liratekeenen aurpegietan horixe igarri dugu: «Jo egingo gaituzte?» edota «Txortan egin beharra dago?» galdetu digute. Postpornoaren ikuspegi politikoa Euskal Herrira gerturatzea da jomuga. Jendea ausarta izan behar da, baina, bai, beldurrez dira.

Tabu lehen, plazer gozagarri orain. Zergatik kostatu da ikusaraztea?

Bidea egiten ari da apurka-apurka, baina sistemak —erlijioak, erruak, medioak…— irabazi egin digu nolabait. Postpornoaren bidez joera hori iraultzea eta geure gorputzez jabetzea da asmoa: sexualitatea kudeatzen dugun neurrian, askeago gara.

Zer-nolako inguruak irabazi ditu?

Sexualizatuta gaude eremu publiko orotan. Iruñeko sanferminetan lizunkeriak eta ukituak pairatzen dituzten andreen kasuak, adibidez, normaltzat dauzkagu. Kalean egoera sexual batean agertzeak, ostera, lotsa ematen digu. Kontraesana da.

Porno tradizionala iraultzen duen mugimendutzat duzue postpornoa. Politikoki zer eragin dauka?

Estatuak sortu dituen andre kikildu horietatik aldentzen gaitu, besteak beste. Txortan egitea oso garrantzitsua da, osasunarentzat eta buruarentzat. Guk, alabaina, testuinguru jakin batean txertatzen dugu postpornoa, aldarrikapen politiko batekin. Alde batetik, pornografia izan da urteetan sexualitatearen pedagogia bakarra. Sexu esplizitua ikusteko aukera bakanena izan da, eta gehiengoak hortik ikasi du: gorputz normatiboak, pertsona zurien arteko harreman heterosexualak…

Eta horrek bazterketa dakar…

Erabatekoa. Sexualitatearen eredurik ez dutelakoan, asko eta asko geratzen dira bazterrean. Noizbait kudeatzen da dibertsitate funtzionala dutenen sexualitatea? Ikusezina eta estigmatizatua da. Gainera, sexualitatea ulertzeko modua estatuaren heteroarauaren menpekoa da.

Postporno propioa edukiko luke balizko euskal estatu feministak?

Sexu eredu ireki bat, behintzat, bai. Do it your self (Egin ezazu zuk zeuk) filosofiarekin bat dator postpornoa; hori du premisa. Estatuak ez du disidentziatik ezer sortuko; geuk sortu behar ditugu eredu errealak. Eta nahi dugun pornoa existitzen ez bada, beste bat egin beharko dugu denok irudika gaitzan. Feminismoaren ikuspegi anitz eta bateratzailea aintzat hartuta, betiere.

Eta posible al da euskaraz egitea?

Guztia da posible; baita Euskal Herrian ere. Gehiegi sinistu dugu sexualitaterik ez dugula, eta politikoki oso zorrotzak izan gara. Argi eta garbi eduki dugu egin beharrekoa, baina desioa, plazera eta gorputzarekin loturiko kontuak ahaztu zaizkigu. Horrek ez du esan nahi euskaraz egin ahal ez denik. Horretan gabiltza; egin daitekeela soilik ez, egin behar dela sinesten dugu. Edozein iraultza egiteko, bizipoza behar da, eta, hortaz, postpornoak ere euskararen biziberritzean lagun dezake.

Bizikleten piezekin egindako jostailu sexualak, sokak eta pintzak. Lantegi bateko tresnak dirudite…

Normalean bizitzen ez dugun emozio aldaketa bat sortzen du postpornoak gorputzean, baina sarri ez du minik eragiten; sexualitateaz gozatzeko erremintak erabiltzen jakitean datza. Beldurra ezjakintasunetik dator; tabuak tabu, korapiloekin eta immobilizatuz goza daiteke.

Azken egunean ere festa bat egingo duzue. Lantegietan trebatutakoa praktikan jartzeko asmorik?

Baliabideak jarriko ditugu, baina ez dugu inor derrigortuko txortan egitera, ez eta biluztera ere. Feminismoak ez du ezertara behartzen.

«Hezkuntza erabili beharko genuke jendarteko arazoak konpontzeko, ez rolak errepikatzeko»

NAGORE LARRAZABALETA IBAI FRESNEDO

HEZKIDETZA HEZKUNTZAN

Udako Euskal Unibertsitatean jardun dira hezkidetzaz. Izan ere, garbi daukate jendartea eraldatzekotan sustraietara joan beharra dagoela. Eta sustrai horietako asko. eskolaren bueltan errotzen dira

2015-07-14. Eibar. Ibai Fresnedo eta Nagore Larrazabal, UEUn "Hezkidetza hezkuntan: aldaketa sozialaren tresna" ikastaroa eman dute.  14-07-2015. Eibar. Ibai Fresnedo y Nagore Larrazabal han impartido el curso "Hezkidetza hezkuntzan: aldaketa sozialerako tresna" en la UEU.

Eibar. Ibai Fresnedo eta Nagore Larrazabal, UEUn “Hezkidetza hezkuntan: aldaketa sozialaren tresna” ikastaroa eman dute.

Betaurreko moreak jantzita etorri zaizkigu Nagore Larrazabal eta Ibai Fresnedo, Udako Euskal Unibertsitatean ikastaroa eman berri: “Hezkidetza hezkuntzan: aldaketa sozialerako tresna”. Egia esan, behin betaurreko moreak jantzita, zaila da eranztea. Inguruari begiratzeko modu jakina dakarte; esaten dugunak eta egiten dugunak zein norabide duen aztertzeko ariketa kontzientea. Zertan ari naiz? Arrastaka dakargun eredu matxista indartzen edo eraisten?

Jendartea bestelako zutoinen gainean eraikitzekotan, beharrezkoa da denok betaurreko moreak janztea, bereziki hezkuntza komunitatearen bueltan dabiltzanek. Etorkizuna hezkuntzan dagoelako.

Etorkizuna hezkuntzan dagoela, aldaketa sozialerako tresna hezkuntza dela, parekidetasunak sustraiak hezkuntzan behar dituela… esan esaten da, baina serio hartzen al da?

Ibai Fresnedo: Hezkuntzan etengabe dauden murrizketak hor daude, eta horiek badute eragina. Ez genituzke ahaztu behar. Baina hezkidetza modan jarri den gaia denez, badirudi nolabaiteko bultzada eman behar zaiola erakundeetatik. Gure esperientzia pertsonaletik ikusten duguna da erakundeek beren gain hartzen dituztela historikoki mugimendu sozialarenak izan diren borrokak; planak edota egitasmo zehatzak jartzen dituzte martxan, baina, hortik aurrera, ez dago jarraikortasunik eta oso azalean geratzen da guztia. Partxe modukoak jartzen dira eta kito. Eskolan benetako eredu hezkidetzaile bat txertatzeak eskatzen du, lehenik eta behin, hezkuntza sistema osoa goitik behera aztertzea, metodologiak, zein planteamendu filosofiko eta etiko egiten diren… eta hori oraindik ez da modu erradikal eta integral batean eman. Paperean jasotzen da egin beharko litzatekeena, baina falta da hori guztia praktikara eramatea, benetan horrekin bustitzea.

Nagore Larrazabal: Horrez gain, hezkuntzaren ikuspuntu zabala izan behar da kontuan, hezkuntza ez baita ikastetxeetara mugatzen. Komunitateko partaide guztiak gara hezkuntza eragileak eta denok subjektu aktibo bihurtu behar dugu jendartearen benetako aldaketa bultzatzeko: irakasleak, ikasleak, gurasoak, jangelako langileak, autobusekoak, garbitzaileak eta herriko eragile zein norbanakoak.

Izan ere, eskolaren bizkar karga dezente jartzen ari da azken urteotan.

I.F.: Hezkuntza sistemak daukan eredu androzentrikoak dakarrena da eskola bera instituzio bezala subjektutzat hartzen duela, baina ikasleak ez. Jendartean antzeko zerbait gertatzen da gizon eta emakumeekin; emakumeen eskubideak lortu nahi ditugu baina oraindik subjektua gizonezkoa da. Oso zaila da aldaketa ematea subjektua ez bada erdigunean jartzen eta bere nahiak, desioak eta beharrak ez badira aintzat hartzen. Hezkuntza sisteman horrela gertatzen da haurra bera ez delako erdigunean jartzen eta bere parte hartzea ez delako sustatzen. Nolabait egitura goitik dator; mandatuak, arauak, eginbeharrak…

Gure proposamena bestelakoa da; hezkuntza sisteman horizontaltasuna txertatu beharko genuke. Eta badakigu zaila dela, gobernu batek ezin dituelako kontrolatu egitura horizontaletan oinarritzen diren ikastetxe atomizatu horiek guztiak. Jakitun gara eguneroko praktikarako errazagoa dela homogeneizatzea. Eta hor sortzen da talka; hezkuntza sistema goitik behera deseraiki egin behar da eta berriz zerotik hasi.

Hezkidetza irakasgai potoloa da, baina pauso txikiekin eman daiteke, ezta?

N.L.: Hezkuntzak jendartean dauzkagun arazoak gainditzeko eta jendartea bera eraldatzeko tresna bat izan beharko luke, eta ez behin eta berriz jendartean nagusitzen diren baloreak erreproduzitzera mugatzen den sistema bat; konformismoa, indibidualismoa, lehiakortasuna… Azken finean, botere-egituren mesedetara egongo diren pertsonak heztera bideratuta dago. Hezkidetza bada gauza horiei guztiei buelta emateko modua eta zeharka txertatu behar da egunerokoan; jarreretan, edukietan eta funtzionatzeko moduetan.

Nola susta dezakegu hezkidetza egunerokoan? Emaguzue adibide bat.

N.L.: Adibiderik onenak norberaren jarrerak aztertzean aurkitzen ditugu. Izan ere, gu ere bagara sozializazio agenteak eta, kontrako ahaleginik egin ezean, egun egonkortuta dagoen eredu sexista birsortzeko joera hartzen dugu. Adibidez, neskak eta mutilak agurtzeko ditugun moduak ezberdinak izaten dira maiz; neskengana zuzentzerakoan “kaixo polita” esatekoa, itxura fisikoari edota janzkerari erreferentzia eginez. Aldiz, mutilei beste gako batzuetan egiten diegu agurra, eskua zabaldu eta “eman bostekoa” esanez, esate baterako.

Neskekin eta mutilekin izaten ditugun jarrerak ezberdinak izaten dira maiz, eta horien bidez mezu eta balio ezberdinak transmititzen ditugu, genero rol eta estereotipoak indartuz. Pertsonak bere osotasunean era askean eta modu integralean garatzeko aukerak eskaini behar ditugu, eta horretarako ezinbestekoa da genero estereotipoak edota etiketatzeko joerak gure praktiketatik kanpo uztea.

I.F.: Horri curriculum ezkutua deitzen diogu. Badakigu badagoela curriculum formal bat, curriculum erreal bat –bestea aplikatzen denean izaten den benetako emaitza– eta, horrez gain, curriculum ezkutua ere badagoela. Jendartearen parte garen guztiok hain errotuta ditugun balio androzentrista, matxista eta heteropatriarkal horiek modu inkontziente batean transmititzen ditugula. Inkontzienteak diren neurrian ezin dira identifikatu eta zuzendu. Gainera, jarrera horiek gero eta leunagoak eta ezkutuagoak dira.

Esaten duzuenez, jaio orduko transmititzen zaizkie neska-mutikoei rol jakinak. Norbaitek esajeratutzat joko du hori.

N.L.: Jaio orduko, dituen genitalen arabera, gauza asko transmititzen zaizkio haur bati; besteak beste, neska edo mutila nola izan. Harremantzerako moduetan esate baterako, hitz egiteko erabiltzen dugun tonua edota tratatzen ditugun gaiak desberdinak izaten dira; neskei suabeago eta gozoago hitz egiten diegu, eta, mutilei, ozenago. Bestalde, haurrei egiten zaizkien opariak hor daude; zer oparitzen zaie neskei eta zer mutilei? Arropa berdinak erosten dizkiegu? Errieta egiterakoan berdin egiten diegu neska eta mutilei? Eskolaz kanpoko zein jardueratan apuntatzen ditugu neskak eta zeinetan mutilak? Nor joan ohi da judora eta nor pianoa jotzera? Haiengan jartzen ditugun itxaropenak, espero ditugunak, berdinak ote dira?

Beraiekin nola erlazionatzen garen behatzea besterik ez dago transmititzen ditugun detaile eta estimulatzen ditugun jarrera ezberdinez ohartzeko. Espektatiba ezberdin horiek presente daude sozializazio prozesu guztiaren zehar, genero estereotipoak indartuz eta iraunaraziz . Izan ere, zenbat gauza egiten ditugu ezberdin neskek eta mutilek? Abiapuntu horretatik ezberdintasunak naturalizatzen dira eta ahaztu egiten dugu batzuetan, egiten dugunak egiten gaituela.

Eta eskola ere sistema horren parte da.

I.F.: Adibide bat jarriko dut. Eskolan, Haur Hezkuntzan, komun berdina erabiltzen dute neskek eta mutilek, eta elkarrekin gainera. Lehen Hezkuntzan banatu egiten dira neskak eta mutilak. Horren atzean zein intentzio egon daiteke? Ba segur aski desira heterosexuala eraikitzen laguntzea. Neskak eta mutilak banandu, bata bestearen begietatik ezkutatu eta jakin mina piztu. Estrategia bat da? Gure ustez bai. Dena egituratuta dago jendarte eredu zehatz bat bat-batean ager dadin. Eta agertzen da bat-batean, baina ez besterik gabe, nolabait programatuta dago.

2015-07-14. Eibar. Ibai Fresnedo eta Nagore Larrazabal, UEUn "Hezkidetza hezkuntan: aldaketa sozialaren tresna" ikastaroa eman dute.  14-07-2015. Eibar. Ibai Fresnedo y Nagore Larrazabal han impartido el curso "Hezkidetza hezkuntzan: aldaketa sozialerako tresna" en la UEU.

Betaurreko moreak jantzi behar omen dira. Nola egiten da hori?

N.L.: Betaurreko moreak janztea norberak egin beharreko ariketa kontzientea da. Ariketa horretan dena zalantzan jarri behar da; norberaren jokaera, desioak, nahiak… eta hortik deseraikitzen hasi. Norberak izan duen sozializazio prozesua ere aztertu behar da. Betaurreko moreak janztea ezin da azalean geratzen den ariketa bat izatera mugatu, modu kritiko batean prozesu pertsonal bati ekiteko gonbidapena delako.

I.F.: Behin betaurreko moreak jantzita, ezin dira erantzi gainera. Egunerokoan gauzak begiratzeko modua aldatzea da gakoa eta oso lotuta dago norberak erabiltzen duen komunikazio motarekin, gorputz adierazpenarekin, harremanak eraikitzeko moduarekin, etengabe atxikitzen dizkiguten genero rolak berrikusi eta aldatzearekin… Baina ez dago formula magikorik. Gai hau oso lotuta dago jendartearen garapenarekin eta oso zaila da formula magiko karratu eta itxiak aplikatzea. Etengabeko esperimentazioa da.

N.L.: Eta esperimentazio horretan nekatu ere egin gaitezke. Baina ez dugu ahaztu behar aldaketa hauek ez direla epe motzekoak, emaitzak pixkanaka ikusiko ditugula eta luzera begira etorriko direla. Pentsa zenbat urte daramatzan lanean feminismoak hezkidetzaren aldarria egiten. Aldaketak apurka egiten dira. Hezkuntza komunitateko kide garenok oso garbi izan behar dugu etengabe gure jarrerak berrikusi behar ditugula, zuzendu daitezkeenak zuzendu eta esku hartze berriak programatu. Etengabeko prozesua da.

Jendartean hain hedatuta dagoen «berdintasun faltsuaren» ideia ere hor dago. Zuek gaztetxoekin lanean ari zarete. Zer ikusten duzue?

N.L.: Ikasleek oso ondo dakite zein den diskurtso zuzena, zer den politikoki zuzena eta zer den esan behar dutena. Aniztasuna, eskubide berdinak… balore horiek zeintzuk diren badakite, baina, praktikan, beren harremantzeko moduak ikusten dituzunean nabarmenak dira genero rol eta botere harremanak. Egia da aldaketa batzuk ematen ari direla, haurren artean aniztasun handiagoa ikus daiteke, baina ezin da joera hori orokortu.

I.F.: Aniztasun gehiago egon badago, baina jendarte bezala oraindik kostatu egiten zaigu aniztasun hori ikusaraztea, kudeatzea eta balioa ematea.

Gaztetxoek rolak errepikatzen dituztela diozue. Indarkeria matxista kasuetan maiz oso gazteak izaten dira protagonista. Zer ari gara gaizki egiten?

N.L.: Gauza asko egiten ditugu ondo, baina zaila da, patriarkatua hain da kapaza testuinguru berrietara egokitzeko eta zirrikitu berriak aurkituz bizirauteko… Merkatu logiken laguntzarekin eta oso modu sotilean gainera…

I.F.: Globalizazioaren ondorioz mundu osoan gertatzen ari den fenomenoa hor dago. Industria kultural guztiek sekulako pisua hartu dute mundu mailan: gaur egun hemen AEBetan entzuten duten musika berdina entzuten dugu; film berdinak ikusten ditugu; berdin janzten gara… balio asko globalizatu egin dira. Eta industria kultural handi horiek harremantzeko eredu jakinak bultzatzen dituzte, janzteko modu jakinak, bizitzeko erak… eta askatasunaren kontzeptu faltsu baten eskutik hipersexualizazio fenomeno bat etorri da. Zabaltzen diren rolak, mezuak eta kanonak oso markatuak dira. Norabide batzuetan aurrera egin dugu, baina beste batzuetan ez. Areago, eredu zenbait indartu egin dira, eta ez da parekidetasunaren mesedetan izan.

Hezkidetza hain garrantzitsua izanik, eraiki nahi dugun jendartearen zutoin izanik, nola ez dauka presentzia handiagoa Irakasle-eskoletan?

N.L.: Irakasle-eskoletan gai zentrala izan beharko luke aspalditik. Askotan irakaslearen sentsibilitatearen esku geratzen da gaiaren lanketa eta pertsona horien lanaren aitortza egiten dudan arren, ezer gutxi lor dezakegu ez bada zeharka lantzen den gai bat. Ez delako soilik irakasgai bat, baizik eta ikuspegi bat.

I.F.: Orokorrean lan mundu osoan txertatuta egon beharko luke, oraindik indarrean baitago lan banaketa sexual oso garbia. Badira gizonezkoentzat lanbideak eta emakumezkoentzat lanbideak. Txikitandik transmititzen diren gauzak dira. Baina egia da haurraren garapenarekin lotuta dauden alorretan hezkidetzak presentzia erabatekoa izan beharko lukeela. Eta, noski, Irakasle-eskoletan.

Nolakoa da nahi duzuen eskola eredua?

N.L.: Denontzako eskola. Bene-benetan denontzat. Horrek inplikatzen dituenarekin.

I.F.: Sexuaren araberako estereotipoak eta rolak ezabatzen lagunduko duena; harreman parekideak sustatuko dituena; ikasle bakoitzari erabat garatzeko aukera eskainiko diona; curriculumean emakumeen ekarpena jasoko duena; ikasleen autonomia indartuko duena, bai arlo pribatuan bai publikoan; orientazio ez sexista eskainiko duena; genero indarkeria eta sexismoa sorburu duten indarkeria mota guztien prebentzioan lan egingo duena eta mikromatxismoei arreta berezia eskainiko diena. Hori da helmuga eta bidean serio abiatu beharra dago.

Eraso homofoboari erantzuna

Gazte batek jasandako eraso homofoboa salatu zuten atzo Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan, Transbollomari Plataformak deiturik. Beren gorputzak, sexualitatea eta bizitzak «transfobiaz, lesbofobiaz eta homofobiaz aske» ikusi nahi dituztela aldarrikatu zuten. Ostegunean gertatu zen erasoa, hilaren 16an, Gasteizko Txagorritxu auzoan: gazte batek salatu zuen mutil batekin musukatu ostean bi gizonek mehatxu egin ziotela. Egun bat lehenago, beste eraso lesbofobo bat salatu zuen txosnen batzordeak Barakaldon (Bizkaia): bi emakumek irainak eta isekak pairatu zituzten festa giroan. Etzi, beste mobilizazio bat egingo dute Gasteizko autobus geltoki berrian, 19:00etan, Etxegorri auzo elkarteak deituta.

‘Mariposa’-k irabazi du Sebastiane Latino saria

ZINEMA. Marco Berger zinemagile argentinarrarenMariposa filmak Sebastiane Latino saria jasoko du, eta Donostiako Zinemaldiaren aurtengo ekitaldiko Zabaltegi sailean emango dute. Sariak lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako film luze bat aintzatesten du, iragan urtean estreinatuen artean.

Marco Bergerren Mariposa filmeko irudi bat. BERRIA

Marco Bergerren Mariposa filmeko irudi bat. BERRIA

Bi neskek jasotako eraso sexista salatu dute Barakaldon

Txosna Batzordeak elkartasuna adierazi dio bikoteari.

Barakaldoko Txosna Batzordeak salatu duenez, asteazken gauean bikoteak irainak jasan behar izan zituen. Erasoa salatzeko, txosnak 30 minutuz ixtea erabaki zuen batzordeak.

Sexu erasorik gabeko jaien alde egin du batzordeak.

Denuncian una agresión sexista a una pareja de mujeres

NAIZ|18/07/2015

Según ha relatado la comisión en un comunicado, en las inmediaciones del recinto festivo dos jóvenes fueron insultadas y vejadas durante la noche del pasado miércoles, motivo por el que este viernes se tomó la decisión de dejar de servir y apagar las luces de las txosnas durante 30 minutos.

La comisión de txosnas ha querido además mostrar su compromiso en favor de un «recinto y unas fiestas libres de agresiones sexuales o sexistas».

Lokal bat okupatu dute Bilbon emakume lesbiana, transexual eta feministen topagunea sortzeko

Artikulu hau topatu.infok argitaratu du

errekalde_okupazio_feminista_2015_uztaila_laneguna

“Ezinbestekoa ikusten dugu inolako zapalkuntzan oinarritutako topagunea sortzea”, azaldu dute okupazioa gauzatu dutenek. Pentsamendu kolektiboa ardatz, borroka eta bizi espazio ez partriarkala sortu nahi dute bertan, eta, dituzten behar eta desirei erantzunez, espazioa emakumeentzat soilik izatea erabaki dute. “Bilbon ez dago borroka feminista garatzeko espazio autogestionatu eta autonomorik”, azaldu dute.

Sare feminista ehuntzeaz gain, zaintza eta babesa berreraiki eta emakumeentzat segurtasun espazio bat sortu nahi dute: “Etxe hau, bertako pertsonak subjektu politiko bilakatzeko espazioa izateaz gain, auzoko eta inguruetako emakumeak feminismoaren bueltan biltzeko tresna izatea nahi dugu”.

Auzolanean lokala txukuntzeko lehen hitzordua jarri dute dagoeneko: uztailak 11.

 errekalde_okupazio_feminista_2015_uztaila_1-300x225errekalde_okupazio_feminista_2015_uztaila_2-300x225