Sexu erasoengatik jarritako salaketetan ez du ugaritze «larririk» ikusi Jaurlaritzak

Ertzaintzaren datuak aurkeztu ditu Beltran de Herediak: igoera bat izan bazen ere, biktimek ipinitako salaketak, oro har, %16,7 urritu dira aurten

eraso sexistarik ez

Datuak esku artean hartuta agertu zen atzo Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia. Udan izan diren sexu erasoen inguruan Ertzaintzak egindako lanari buruzko galdera egina zion Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak, eta datuekin erantzun nahi izan zuen. Iragan hilabeteotan eraso klase horien gaineko kezka nabarmena izan bada ere, eta hainbat egoera «zinetan larri» izan direla onartu arren, datuek ez dutela «larritzeko» moduko igoerarik erakusten azaldu zuen sailburuak: urteko lehen sei hilabeteetan sexu erasoei lotutako salaketetan %24ko igoera egon zela aitortu zuen, baina igoera hori abusuetan izan zela nabarmendu zuen, eta sexu eraso larrietan, aldiz, beherakada bat izan zela: 22 gutxiago izan ziren. Eta sexu erasoen arloan, oro har, urte osoari begira, beherako joera nabaria dela azaldu zuen: urteko lehen bederatzi hilabeteetan %16,7 urritu dira biktimek jarritako salaketak. Andreen salaketarik gabe, ertzainen edo beste hirugarren baten ekimenez abiatutako salaketak ere urritu egin dira: %15,8 gutxiago dira. Nolanahi ere, argi utzi zuen gaiari ezin zaiola garrantzirik kendu. «Salaketa bakar bat kezkatzeko motibo da guretzat». Adierazi zuen uda guztietan plangintza landua egiten dutela ertzainek udal ordezkariekin batera jai eremuetan segurtasun neurriak ezartzeko.

Bikotekideek emakumeei egindako erasoei buruzko datuak ere jakinarazi zituen Beltran de Herediak: urteko lehen bederatzi hilabeteetan %3,1 urritu dira andreek genero indarkeriagatik jarritako salaketak. Familia barruko indarkeria kasuetan, ordea, igoera bat izan dela nabarmendu zuen: andreek jarritako salaketak %1 ugaritu dira, eta hirugarrenek jarritakoak, %4,4. Poliziaren esku hartzea kasu horietan zailagoa izaten dela ohartarazi zuen, ezkutuan daudela usu. Nabarmentzeko datuen artean, ofizioz hasitako ikerketen igoera nabarmendu zuen: salaketa mota horiek ugaritu egin dira bai genero indarkerian eta bai sendi barrukoan.

Funtsean, arazoa konpontze aldera gizonen eta emakumeen arteko harremanek «berdinen arteko erlazio»bihurtu behar dutela ohartarazi zuen, eta horretarako lan handia egin behar dela oraino gizartearen arlo guztietan. «Arazoa ez da segurtasun neurriekin bakarrik konponduko».

Feministen esku hartzea

EH Bilduko legebiltzarkide Diana Carolina Urreak alde horretatik emakumeen aldeko politiketan harago egitea ezinbestekoa dela esan zuen: «Estrategia oso bat eskatzen dugu; esaterako, indarkeria matxista jasaten duten andreak ahalduntzeko. Estrategia hori zertan den jakin nahi dugu». Galdetu zuen, era berean, zertan diren erasotzaileen gaineko kontrola areagotzeko neurriak; gainerakoan zama biktimen gain lagatzen dela gogorarazi zuen. Eta baliabide gehiago eskatu zituen. «Eusko Jaurlaritzak berdintasunari ematen dion benetako garrantzia aurki ikusiko dugu, aurrekontuetan ematen zaion tokian; ea zerrendako azken-azkena izateari lagatzen dion».

Urreak goratu egin zuen mugimendu feministak udan festa giroan izan diren sexu erasoak gaitzesteko eta «ikusgarri egiteko» egin dituen ahaleginak. Sailburuak, hala ere, zenbait mezu klaserekin «alarma funsgabeak» sor daitezkeela ohartarazi zuen.

Eraso bat Gasteizen

Genero indarkeriaren gaineko kezka apaldu ezin dela erakusten duten albisteetako atzo helarazi zuten Gasteizko udaltzainek hedabideetara: jakinarazi zuten igande gauean 34 urteko gizonezko bat atxilotu zutela, andrea jotzea leporatuta. Etxera hordituta iritsi eta andreari kolpeka eraso ziola esan zuten. Larrialdi telefonoaren bidez izan zuten udaltzainek emakumearen berri, eta harengana iritsi zirenean azaldu zien gizonak «ohikoak» dituela jokabide horiek. Berehala atxilotu zuten gizonezkoa.

Gazteluetako sexu erasoen auzia berriz irekitzeko eskatu dio sendiak Elizari

Aita santuarekiko «erabateko konfiantza» agertu du biktimaren aitak. Frantziskok berak ikertzea eta dituzten «frogak» ikustea nahi du

Opus Deik Leioan (Bizkaia) duen Gaztelueta ikastetxean ustez 2008an izan ziren sexu erasoen inguruko auzia berriz irekitzeko eskatu diote Eliza katolikoari. Abusua salatu duen gaztearen aitak Frantzisko aita santuari berari egin dio eskaera: «Berak iker dezala nahi dugu, eta ditugun froga guztiak ikus ditzala». Sinetsita dago, hala gertatuz gero, semearen ustezko erasotzailea zigortuko duela Elizak, «haren aurkako nahi beste froga» daudelako. «Erabateko konfiantza» dute aita santuarengan.

Gaztearen familiak Frantziskori jakinarazi zion geratutakoa. Joan diren Gabonetan jaso zuten erantzuna. Aita santuak postal bat bidali zien: elkartasuna adierazi zien, eta esan zien Fedearen Ikasbiderako Kongregazioaren esku ipiniko zuela auzia. Urriaren 12an jakinarazi zion Elizaren erakunde horrek Opus Deiri auzia itxi egin dutela, ez dutelako lortu ustezko abusuak frogatzerik.

Gaztearen aitak gogor salatu du erabakia. Ohartarazi du auzi kanonikoa zuzendu dutenek ustezko erasotzailearekin egin dutela berba, baina sekula ez biktimarekin. Aitortu du Fedearen Ikasbiderako Kongregazioak eskatuta Espainiako Gotzainen Biltzarrak bidalitako bi ordezkarirekin hitz egin zutela, baina «tranpa» egin zietela: «Abokaturik gabe egin genituen adierazpenak dira. Gainera Opus Deiko kide ere badira, beraz, haien esku hartzeak ez du baliorik». Mario Izeta Bilboko Elizbarrutiko gotzainaren aurka ere egin du berba. Dioenez, inoiz ez da eurekin hartu-emanetan jarri, eta «beti egon da ikastetxearen eta erasotzailearen alde».

Getxoko epaitegian jarritako kereilak aurrera jarraitzen du. Biktimari eta ustezko erasotzaileari deklarazioa hartu diete.

 

Jokin Azpiazu: “Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da”

Elkarrizketa hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du

Gizonezko batek feminista dela esatea, tamalez, ezohikoa zaio gizarteko zatirik handienari, oraindik ere. Jokin Azpiazu (Ermua, 1981) aditua eta aritua da horretan, eta Gizonak eta feminismoa. Pribilegiotik inplikaziora hitzaldia eskainiko du, bihar, 19:00etan, Abastos eraikinean.

Jokin Azpiazu

http://ataria.info/

Gizonezkoen gehiengoa pribilegioan eroso al dago oraindik?

Pentsatu egin behar dugu, pribilegioek gaur egun zein forma hartzen duten, zein jokabidetan islatzen diren. Alegia, ezin dugu duela 15 edo 20 urteko zerbait gaur egun baliagarria dela pentsatu. Bide horretan, ziur aski erosotasunarena izan da aldatu den gauzetako bat. Egongo dira, eta badaude, pribilegio egoeretan deseroso dauden gizonak. Baina pribilegio horiek gertatu egiten dira, gu eroso egon edo ez, eta hori da garrantzitsuena. Beraz, oraindik eragiteko beharra dagoela azpimarratu behar da.

Denbora daramazu gizonezkoen eta feminismoaren arteko zubiak aztertzen. Oro har, zein da gizonezkoen harrera, gai horrekiko?

Orain arte, egia esan, oso pozik nago. Lauzpabost urte daramatzat honen inguruan ikertzen eta pentsatzen, eta horretan hasteko motibazio nagusia nire inguruko jendea izan da; lagun asko mugimendu feministetako kide dira, eta beraiek behar handia sentitzen zuten gizonezkook jokatu behar dugun paperaren inguruan hausnartzeko. Solaskide asko izan ditut eta, nire kezkak partekatzeko aukera handia; elkarrizketetatik ateratako hausnarketak dira. Horregatik, harrera oso ona dela uste dut, jende askok uste baitu gai honen inguruan ikuspegi kritiko eta zorrotz bat sortu behar dela.

Berdintasunera bidean, maskulinitatea eraldatu egin behar da ala, besterik gabe, posizio berriak hartu behar ditu?

Botere harremanak irauli behar dira eta, bide horretan, maskulinitateak eraldatu egin beharko dira; baina horrek ezin du helburu bat izan. Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da, eta botere-harreman desorekatuak orekatzea. Egia da gizonezkoon papera maskulinitatearen mito horretan garatu dela eta, hori aldatzeko, nahitaez, maskulinitateak berrikusi behar direla. Horrek ez du esan nahi maskulinitate eredu berriak sortu behar direnik, maskulinitateak berak ez baitu balio espezifikorik kontu honetan. Aldaketak beharrezkoak izanda ere, maskulinitatearekin amaitu egin behar da, nolabait.

Badirudi, oraindik ere, feminista izatea sarri ez dela begi onez ikusten gizartean. Ados zaude?

Bai. Oraintxe bertan, egoera konplikatuan da feminismoa, nire ustez. Euskal Herrian, oso poztekoa da, alde batetik, feminismoak hamarkada luzetan ereindako haziek fruituak eman izana. Emakume gazte asko identifikatzen dira feminismoarekin, tresna garrantzitsutzat dute. Zentzu horretan, esango nuke mugimendu feminista indartuta dagoela.
Baina, era berean, feminismoa oraindik ere hitz deserosoa da, eta leku askotan oso zail suertatzen da aipatzea. Gizonezkooi dagokigunez, geure burua feminista moduan identifikatzea zaila den arren, uste dut eztabaida horietan ez dugula galdu behar, feministak garen edo ez garen erabakitzen. Egin behar duguna praktikak aldatzea da, gure jokabideak. Ez dezagun pentsa, feminismoa kamisetatik edo jakatik zintzilika dezakegun identitate bat dela; feminismoa guretzako erronka bat dela pentsatu behar dugu, emakume feministentzako den neurri berean.

Tolosan, batxilergoko ikasleekin ere ariko zara, Josebe Iturriozekin batera, Hezkidetza plana lantzen. Aipatu dituzun pribilegio horiek albo batera uzteko, jarrera hobea nabaritzen diezu belaunaldi berriei?

Belaunaldi berriekin, belaunaldi zaharrekin bezala, harrapatuta gaude berdintasun formalaren kontu honetan. Izan ere, gaur egun 15, 16 edo 17 urte dituzten gazteena, berdintasunean hezitakoen belaunaldia da, teorian. Baina, hain zuzen, horrexegatik, askotan zaila izaten da beraiei ikusaraztea, ez gaudela berdintasun egoera batean. Patriarkatuak bere kartak jokatu ditu eta, gaur egun, asko azpimarratzen da askatasun indibidualaren ideia; zenbait aukera posible direlako, badirudi berdintasunean bizi garela. Horregatik, egungo gazteek askotan erantzuten dute: «Horrek ez du zerikusirik mutil edo neska izatearekin, hori pertsonaren araberakoa da».

Eta, nola ikusarazten zaie kontrakoa?

Uste dut hezkuntza sisteman gaitasuna galdu dugula, bizi ditugun egoerak desberdintasun sozialen ondorio gisa azaltzeko. Hezkuntza formalean ari diren gazteekin, batzuetan oso zaila suertatzen da matxismoaz hitz egitea, baina baita arrazakeriaz edo klasismoaz hitz egitea ere. Egungo sistemak oso ondo lotu ditu izkina guztiak,Benetton irudi hori emateko eta, lehen ikusezinak ziren gauza batzuk orain oso ikusgarri direnez, badirudi desberdintasunak desagertu egin direla. Baina errealitateak esaten digu ezetz, sexismoa oso arazo larria dela ikastetxeetan, beste zenbait kontu bezala. Beraz, gazteekin norbere ikuspegia eraisten saiatzen gara, eta, ikusarazten, ez garela ari Jon edo Mikel matxistak direla esaten; denok hazi garen sistema patriarkalaz ari garela baizik, eta horrek banatzen dituela pribilegio eta zapalkuntzak.

Etorkizuneko iragarpenak eginez, aldatuko al da gizarte eredu hori?

Uste dut, lehenago aldatuko dela klima Euskal Herrian, kar, kar. Ezin dut eperik jarri, gizarte eraldaketaz hitz egiten ari garenean, ikuspegi askatzaile edo emantzipatzaile batetik hitz egiten ari baikara; hori are motelagoa da. Gizartea bera oso azkar aldatzen ari da eta, zentzu horretan, gizonezkook horren adibide gara, maskulinitatea bizitzeko moduak oso azkar aldatzen ari direlako. Aldiz, botere-harremanak ez dira hain azkar aldatzen ari. Hortaz, bestelako itxura edo kolore batekin, baina gizonezkook botere posizio hegemoniko bat izaten jarraitzen dugu. Gaur egun feminismoan lanean ari diren elkarte, kolektibo, norbanako nahiz erakundeek badakite inbertsio handia egin behar dela, eraldaketa txikiak sortzeko. Inbertsio horiek hezkuntzan, politikan, gizarte mugimenduetan nahiz kalean egin beharko dira, eta ikusiko dugu aldaketak nondik etortzen diren.

Azkuna Zentroak ‘Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan’ ikastaroa eskainiko du

Aurreko edizioan 300 matrikulazio baino gehiago izan zituen

alhhonfiga_20465_1

Urriaren 8tik urtarrilaren 10era “Why Not Judy Chicago?” erakusketa izango da ikusgai (Oskar Martínez)

Bilboko Azkuna Zentroak “Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan” izeneko ikastaroa eskainiko du urriaren 9an eta 10ean, Xabier Arakistain arte komisarioak eta  Lourdes Méndez Artearen Antropologiako katedradunak zuzendaritzapean.

BILBAO. Urriaren 8tik urtarrilaren 10era “Why Not Judy Chicago?” erakusketa  izango da ikusgai zentro bilbotarrean, eta, hori dela eta, aurtengo  ikastaroa arte feministaren aintzindariari eskainiko zaio. Judy  Chicago bera ikastaroan egongo da urriaren 9an.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, ikastaroaren bidez, laguntza  eman nahi da jendarte garaikideetan ekoizpen artistikoaren arloan  gertatzen denari buruzko jakintza kritikoak ezagutzera emateko,  ikuspegi feministetatik abiarazita.

“Jakintza kritiko guztiak bezala, XX. mende erdialdetik eraikitzen  ari den jakintza feminista deserosoa da, ekoizpen artistikoko arloen  mistifikazioa salatzen duelako, arlo horien egitura sexistak agerian  jartzen dituelako, sexuak, etnizitateak, arrazak eta jendarte mailak  haiengan duten eragina aztertzen duelako, artistak sexuko harreman  sozialen bilbean kokatu eta onarpen desberdinen arrazoiak ulertzeko  bidea argitzen duelako, arteari buruz androzentriko eta  etnozentrikoki lerratuak diren kontakizunak -irakaskuntzako maila  guztietan- bortxaz ezartzen direla salatzen duelako, eta ideatikoki  aratz eta garbiak diren ekoizpen artistikoko arlo batzuei buruzko  sinismen faltsuei aurre egiten dielako”, azaldu dute.

Ikastaroak, alde batetik, ikertzaile feministek sexista ez den  jakintza eraikitzen jarraitzeko aurre egin beharreko arazo  historikoak, teorikoak eta politikoak landuko ditu, eta, bestetik,  “arte instituzioaren” alde guztiak zalantzan jartzen dituzten  praktika artistikoak aztertuko ditu, desberdintasun sexualaren  irudikapen nagusien kritika nabarmenduta.

Aurreko edizioan 300 matrikulazio baino gehiago izan zituen  ikastaroa, Azkuna Zentroak kultura eta koproduzio arloan ezagutza  feminista zabaltzeko eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna  lortzeko helburuarekin egiten dituen jardueren artean dago. Izen  ematea egiteko posta elektronikoa bidali behar da  azkunazentroa@azkunazentroa.com helbidera. Sarrera librea izango da  edukiera bete arte.

Nor bere gorputzaren jabe

Euskal Herrira iritsi da Emakumeen Mundu Martxa. Tafallatik sartu da karabana feminista; «harrera beroa» eskertu dute antolatzaileek. Abortatzeko eskubidearen aldeko aldarria egin dute Iruñean

Baratze feminista bat landatu zuten dozenaka lagunek Tafallan, Emakumeen Mundu Martxari harrera egin ostean

Baratze feminista bat landatu zuten dozenaka lagunek Tafallan, Emakumeen Mundu Martxari harrera egin ostean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Kurdistandik martxoaren 6an abiatu zen Emakumeen Mundu Martxa, eta atzo goizean iritsi zen Euskal Herrira. Tafallan (Nafarroa) egin zuen lehen geldiunea, eta bertan izandako harrera «beroa» nabarmendu dute antolatzaileek. Handik Garesera joan ziren, eta, «emozioz betetako» goiz baten ostean, karabana feminista Iruñera iritsi zen arratsaldean. Udaletxeko plazak kolore morea hartu zuen abortatzeko eskubidearen aldeko aldarria egin bitartean, baina betiere festa giroa alde batera utzi gabe, hara bildutako guztiak dantzan jarri baitziren zunbatoiarekin.

«Gu martxan gaude, eta martxan jarraituko dugu gure gorputzen eta gure lurraldeen eskubideen alde, denak aske izan arte. Gure borroka ez dago krisian, eta aurrera goaz. Ez zientziak, ez lege edo arau sozialek, ez erlijioek ez digute eredu bakar bat inposatuko, eta ez digute aginduko zer eta norekin egin behar dugun. Abortu libre eta doakoa hemen eta mundu guztian». Horiek izan ziren Amaia Zufia Bilgune Feministako kidearen hitzak, nor bere gorputzaren jabe izatea ezinbertzekoa dela aldarrikatuz.

Kattalin Miner aktibista feministak argi dauka Iruñeko ekitaldia ezin zela bestelakoa izan. «Berezkoa da Nafarroan abortatzeko eskubidea aldarrikatzea. Badirudi orain bide hobean sartu garela, baina batek daki. Hala ere, Nafarroaz gain, Euskal Herriko mugimendu feministak oso aldarri sendoa izan du abortuarena beti, eta presente eduki behar dugu. Lehen lege erreforma gelditzea lortu genuen, baina oraindik aldaketa asko lortu behar dira».

Nafarroako Gobernuarekin eta bertze hamaika eragilerekin elkarlana sustatzeko beharra ikusten du Minerrek, politika feministak martxan jartzeko «benetako ardura» hartzeko. Kontziente izateko eskatu du, gizartean errotiko aldaketak egin behar direlako, eta ez azalekoak soilik. «Emakumeen Mundu Martxa interlokuziorako aliatu gisa ikustea ezinbestekoa da. Guri entzuteko prest egon behar dute, boterea kudeatzen dutenek aplika ditzaketelako aldaketak».

Hezkuntzarekin ere arduratuta daude antolatzaileak, baina ez txikitako hezkuntzarekin bakarrik; heziketa afektibo-sexuala galdegin dute, baina bizitza osoan emanen dena. Alde horretatik, martxan hainbat ikastetxeren elkarlana lortu dute; esaterako, Tafallako eskolako haurrek parte hartu zuten atzoko baratze sinbolikoan. «Sekulako ongietorria izan dugu Tafallan. Martxa Euskal Herrian sartu berri da, eta ez genuen hain harrera berorik espero. Uste genuen hasiera hotzagoa izango zela, baina ez. Hitz hartzeen ondoren, landaketa bat egin dugu, inauguratu berri duten baratze feminista batean. Denok izan dugu aukera gure landaretxoa jartzeko. Hasieratik oso omenaldi polita izan da», gehitu du Minerrek.

Iruñean ere haritzaren hazia jarri zuten, Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatuko dituen kutxa baten barruan. Herri bakoitzak bere alea jarriko du, emakumeen eskubideen alde. Argi utzi dute borrokak jarraitu eginen duela.

Horrez gain, gaur egun Europa osoan dauden beharrak mahai gainera atera behar dira, antolatzaileen ustez. Izan ere, aldarrikapen aterki berean egon arren, errealitate «oso ezberdinak» daude Europan, bai antolakuntza aldetik, bai beharren aldetik. Hori dela eta, txoko bakoitzean liburuxka bat egonen da, jendeak nahi duena adierazteko eta aldarrikatzeko.

Gaur, adibidez, Leitzan izanen da karabana feminista eguerdian, eta hainbat emakumeren artean ipuin bat idatziko dute liburuan, hilabeteak irauten duen martxa honetan oinarrituta. «Hiru herrialdetako emakume bana izanen dira protagonistak. Bakoitzaren egoerak besteenarekin zerikusirik izan ez arren, nazkatuta, karabana bat hartu eta Kurdistandik Europa zeharkatzen hasiko dira, euren eskubideak errespetatzeko eta parekidetasuna lortzeko bidean», azaldu du Oihana Iraola Leitzako Bilgune Feministako kideak.

Nafarroatik Lapurdira joanen da gaur karabana feminista, eta, astebetez Euskal Herriko txokoetan ibili ondoren, urriaren 4an eginen ditu azken kilometroak. Bilbon izanen da ekitaldi nazionala, arratsaldean, eta handik Galizia aldera abiatuko dira. Emakumeen Mundu Martxa Lisboan amaituko da, urriaren 17an, eta Euskal Herritik hainbat autobus joanen dira hara, asteburu pasa.

Lesbianen eskubideen aldeko alegatua

Stacie Andreek pentsioa jaso zezan Andreek eta Laurel Hesterrek eginiko borroka jaso du Peter Sollettek ‘Freeheld’ filmean

Peter Sollet zuzendaria eta Ellen Page aktorea

Peter Sollet zuzendaria eta Ellen Page aktorea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Filmaren hasierako errotuluak adierazten du: «Istorio hau benetako gertaeretan dago oinarrituta». Hasiera-hasieratik adierazi nahi izan du Peter Sollett (New York, 1976) zinemagile estatubatuarrak Freeheld-en kontatutakoa egiazkoa dela eta bertan agertzen diren pertsonaia nagusiek beren oinordekoak izan dituztela errealitatean. Amaierako irudietan filmaren oinarrian dauden bi pertsonen argazkiak agertzeak berretsi egiten du hori bera.

Borroka baten istorioa da Freeheld. Laurel Hester (Julianne Moore) New Jerseyko polizia da, eta minbizi terminal bat diagnostikatzen diotenean, haren helburu bakarra izango da hiltzen denean bere bikotekide gazteak (Stacie Andree / Ellen Page) pentsioa jasotzea eta partekatzen duten etxearen hipoteka ordaindu ahal izatea. Ezkonduta ez daudenez—2003an gertatu zen kasua, artean sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatu gabe zegoenean—, ukatu egingo diete aukera hori, eta hor hasiko da beren borroka. Lehendabizi ingurukoak —Poliziako lankideak bereziki— kausara gehitzeko, eta, bigarrenik, agintarien gaineko presioa egiteko.

Ellen Pagek benetako Stacie Andree ezagutu zuen filma egin aurretik, eta, atzo adierazi zuenez, hark asko lagundu zien filmaketan: «Zaurgarria, zintzoa eta eskuzabala izan da gurekin. Beti egon da prest laguntzeko, nahiz eta harentzat traumatikoa eta mingarria izan den». Pagek orain dela gutxi adierazi zuen publikoki lesbiana dela, eta filma kolektibo horren «pelikula» bihurtuko den itxaropena agertu zuen.

Moore eta Pagerekin batera, Michael Shannon eta Steve Carrell dira filmeko beste protagonista nagusiak. Carrellek Steven Goldstein gayen eskubideen aldeko elkarteko presidentearen rola jokatzen du filmean, eta istorio dramatikoari umore ukitua ematen dio, etengabe Hester eta Andreeren aldeko alegatuak eginez. «Baina benetako Goldstein askoz urrutiago joaten da!», adierazi zuen Sollettek umorez. Goldsteinek zirikatu egiten zuen Carrell histrionikoagoa izan zedin, eta aktoreak bere burua kontrolatu behar izaten zuen.

Sexismoa desagertuta, denok izango gara askeagoak

June Fernández. (Beldur Barik)

Genero gaietan espezializatzen joan da urteekin June Fernandez gaztea, eta horren inguruko lan asko egin du, dela kazetari moduan edo era aktiboago batetan. Emakunderekin kolaboratzen du, SOS Arrazakeriarekin, eta gainera, Berdinsareak abiatutako Beldur Barik lehiaketan ere topatu dugu, komunikazio arduradun moduan. Feminismoak izan beharko lukeen garrantziaz eta gazteengan oraindik ere, matxismoa gogor errotuta dagoenaren kezkaz mintzatu zaigu bizkaitar gaztea.

beldur barik lehiaketa 2011

Beldur Barik lehiaketaren bigarren edizioa martxan dago dagoeneko.

Ekimen hau Berdinsareak sortua da —Eudel barruan berdintasunaren alde diharduten berdintasun teknikarien koordinazioa eta elkarlana sustatzeko sorturiko sarea. Jakingo duzuen moduan, azaroaren 25a Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta Berdinsareak urtero kanpaina bat bultzatzen zuen gaia lantzeko; gizonen inplikazioa bilatzeko kanpaina burutu zuen urte batetan, bestean gazteriari zuzendutakoa izan zen…

Hain justu konturatu ziren gazteekin lan egitea lehentasun nagusia zela, bi arrazoiengatik. Alde batetik, prebentzioa ezinbestekoa delako, eta bestetik, ditugun datuei erreparatuta, salaketen %36a 30 urte azpikoek ipintzen dituztela ikus baitaiteke. Beraz, prebentzioa bultzatzen dugu baina ahaztu gabe indarkeria sexista errealitate bat dela gazteen artean.

Kezkagarria da, ezta?

Bai noski! Gainera, gazteek indarkeria sexistaren gaineko irudi estereotipatu bat daukatela argi dago; adibide bat ipintzearren, normalean gai honi buruz hitz eginda, emakume nagusi bat etortzen zaie burura, eta indarkeria soilik tratu txar fisikoekin lotzen dute.

Garrantzitsua da gaur eguneko indarkeriak zer–nolakoak diren identifikatzeko gai izatea. Esate baterako, bikotea zure Tuentin sartzen bada norekin hitz egiten duzun ikusteko, edo telefono mezuak kuxkuseatzen badizkizu, horiek kontrol estrategiak dira, eta noski, indarkeria mota bat dela argi eduki behar dugu. Guzti horregatik ikusi zen garrantzitsua zela gazteekin lan egitea.

Funtsezkotzat hartzen zen halaber, gazteak eurak izatea protagonista, helduak balira, ziur aski mezuak ez lukeelako eragin bera izango; modu horretan, beraiek izan daitezela hausnarketa burutzen dutenak eta hori hedatzen dutenak.

Gazteei zuzendutako lehiaketa da, baina zertan datza?

Bi kategoria daude; 12–17 urteko neska–mutilentzat bata eta 18–26 urte artekoentzat bestea. Kategoria bakoitzean aurkeztutako lan onenari 1000 euroko saria emango zaio. Zein da lanik hoberena? Beldur Barik jarrera hoberen transmititzen duena. Hau da, eguneroko bizitzan diskriminazioari eta erasoei aurre egiten dieten nesken jarrera: mugak eta beldurra gainditzen dituztenak, bakarrik gauzak egitera ausartzen direnak, beste neskekin elkartasuna indartzen dutenak… Baita matxismoaren kontra egiten duten mutilen jarrerak. Hoiek espresatzeko edozein formatu erabili daiteke: bai artelanak, musika, dantza, performance, idatziak, bideoak, etab., zein kontzeptuak, proiektuak, egunerokoak… Garrantzitsuena edukia da, transmititzen den mezua.

Baina hori ez da guztia, berritasunekin baitator bigarren edizioa. Esaterako, webgunean zintzilikatuko dira proiektu guztiak, eta herri bozkatzea egingo da, eta boto gehien eskuratzen duenak 300 euro jasoko ditu. Beste berritasun bat, euskal instituzio ezberdinak daudela sartuta —Eusko Jaurlaritza, hiru diputazioak, EHU eta EITB— eta esaterako, EHUn, urrian zehar hiru kanpusetan jarduera ezberdinak, eta azaroan, topaketa batzuk burutuko dira, eztabaida–guneak eta tailerrak antolatuz, besteen artean.

Eta Eudelen udal–sarearen ekimena denez gero, udalerri ezberdinetan ekintzak egin ditzaten nahi dugu, eta tokian tokiko sariak egongo dira… Ez dago beraz, parte ez hartzeko aitzakiarik!

Gauza oso serio baten gainean hausnarketa egiteko modu arin eta erakargarria bilatu gura izan da, ezta?

Bai, izan ere, betiko txapa botatzea zaharkituta dagoela ikusi da. Eskoletan–eta jasotzen dute diskurtso formala, hau da, denok berdinak garela, indarkeria sexista oso larria dela eta abar. Baina sormen eta sorkuntzaren bitartez beste bide batzuetatik joan eta emaitza ezberdinak lor daitezkeela ez dugu zalantzarik.

Matraka taldeko neskak zuzenean.

Matraka taldeko neskak zuzenean. Argazkia: © Beldur Barik.

Esaterako, iazko irabazleetariko bat Olaia Aretxabaleta izan zen, eta berak bertso–rap bat egin zuen, euskaraz eta gaztelaniaz. Mezu argi eta zuzenak sortu zituen (“ama, gaur ez zaitut entzungo egingo dut nahi dudan hori”, “no voy a ser ni un jarrón ni un florero”, edota “eta nahi zaitut nire alboan ze zure besoak ematen didate niri bero, baina ez naiz inoiz sentitu preso”), erakargarriagoak dira eta jende gehiagorengana iristeko aukera ematen dute.

Baina gainera, egunerokoan ditugun grinak, haserrealdi txiki edo hausnarketei aterabidea eman eta jendarteari nola bizi nahi dugun adierazteko modu bat da. Eta bide batez, dirua irabazi daiteke, ezinegon berdinak dituzten pertsonak ezagutu, eta gazteok zeresana daukagula sentitzeko aukera ematen du Beldur Barik egitasmoak.

Iazko sariketa aipatu duzula, bistan da ez zela makala izan parte hartzaileen kopurua…

Lehenengo edizioa izateko, pentsatu baino jende gehiagok hartu zuen parte; 500 pertsona inguru, eta guztira, 100 bat proposamen jaso ziren, imajinatu! Gainera, azpimarragarria da, sare sozialen bitartez horietariko asko kontaktuan daudela, eta gai honen gainean lanean jarraitzen dutela.

Beste irabazleetariko bat Matraka talde feminista izan zen; Gure artean izeneko dokumental bat aurkeztu zuten, baina gainera, oso talde aktiboa da urte guztian zehar, futbol eta rock talde bat daukate… Hauek ere aurten hor daude, dokumentala beste gazte batzuei erakutsi, eta eztabaidak pizten… Oso garrantzitsua da beraien ekarpena.

Indarkeria sexistaren gainean gaur egun informazioa egon badago, baina lehen aipatu duzun bezala, oraindik askok ez dute identifikatzen. Non egon daiteke arazoa?

Niretzako oraino, ez da egin benetako hausnarketa sakonik. Indarkeria gaia erailketa matxistarekin lotuta soilik landu izan dela iruditzen zait. Hala, genero indarkeriaz hitz egiten denean, asko ez dira ohartzen oinarrian indarkeria sistematiko eta estruktural bat dagoenik, eta sufritzen dutenak, emakume izateagatik soilik pairatzen dutela egoera hori. Eta komunikabideetan ere, kazetariek ez dute hori ulertzen eta sarri bestelako azalpenak ematen saiatzen dira, gizona oso estresatua zegoela zorrak zituelako, adibidez.

beldur barik lehiaketa 2011

Argazkia: © Beldur Barik

Nire ustez, erailketak izebergen puntak bakarrik dira. Historian zehar eraiki diren harreman eta botere erlazioak daude oinarrian eta noski, horrek zuzenean eragiten du ditugun maitasun ereduetan. Adibide bat ipintzearren, jeloskorra izatea amodioaren sintomatzat hartzen dute askok; nahiz eta ideia hori pixka bat atzerakoia iruditzen zaigun, gazteen artean dagoen ustea da.

Zure buruari egoera aldatuko ote den galdetuko bazenio, baikorra zarela esango zenuke?

Izan beharko! Halere, berdintasun formal horretan hezi gaituztenez, uste dugu dena lortuta dagoela, eta arazo bat dagoela identifikatzen ez dugun bitartean askoz zailagoa da aurrera egitea. Gazteekin hitz eginda ikusten dut hori, eta ohartzen naiz oraindik lan asko daukagula egiteko.

Askoz errazagoa zen feministen borroka 70ko hamarkadan ulertzera ematea, frankismo garaian eskubiderik ez zutela argi eta garbi ikusten baitzuten. Baina egungo gazteek ez dituzte bazterkeria motak antzematen, zantzuak ez direlako horren bortitzak, noski. Askotan lan mundura sartzerakoan errealitatearekin aurkitzen dira: gizonezko lankideak baino soldata baxuagoa daukatela ikustean, edota haurdun geratzeagatik baztertuak izaten direnean…

Baina baikor begiratzen diot etorkizunari bai. Zergatik? Geroz eta gehiago garelako borroka honetan gaudenak, eta Olaia Aretxabaleta edo Matraka taldeko moduko neskak ezagutzen dituzunean, errelebo bat badatorrela ohartzen zara; hauexek dira beste gazte batzuei errealitatearen berri eman eta bestelako egoera eraikitzen joatearen arduradunak.

Zuk zeuk genero gaietan aditu moduan, esparru ezberdinetako egoera ezagutzen duzu.

Hala da. Askotan ez da ulertzen gizarteko sektore ezberdinei eragiten dien arazoa dela. Har dezagun indarkeria matxista, esaterako. Gizon batzuk matxistak dira eta tratu txarrak eragiten dituzte; baina matxismoa oraindik ere gutxi batzuen gaixotasun moduan ikusten da, eta ez gizarte oso baten gaitz moduan.

Ikastetxe batetako patiora joatea besterik ez dugu egin behar matxismoaz ohartzeko. Han ikusiko ditugu neskak jolastokiko albo batean, toki txiki batetan jolasten; eta mutilak aldiz, futbolean dabiltza ia toki osoa okupatuz. Panpinekin batzuk eta gerretara jolasten besteak…

Toki guztietan dago desberdintasuna eta sexismoa: lanean, harremanetan, familian, gorputzari lotutako presioan… Gainera, edozein gizarte taldeetan emakume izateak bazterkeria faktore bat gehitzen du: emakume etorkina, zaharra, landatarra, homosexuala…

Egun, garai batean horren baloratua egon zen feminismoaren irudi distortsionatu bat dagoela iruditzen zaizu?

Beno, feminismoa beti mesfidantzaz begiratu izan da, baina emakumeen eskubideen aldeko neurriak lortu diren heinean, erresistentzia matxista sendotu egin da. Nik uste dut badagoela guzti honen atzean feminismoa desprestigiatzeko nolabaiteko kanpaina ez–formal bat. Post–matxismo deitzen dugun korronte bat existitzen da, eta hauek berdintasunaren alde daudela esaten dute, ez direla matxistak; oro har, mezuak geroz eta konplexuagoak dira, eta geroz eta makilatuagoak daude. Genero politikei iseka egiten diete, egun gizonak direla baztertuak esaten dute, feminazikontzeptua erabiltzen dute gure kontra egiteko, gizonek ere tratu txarrak pairatzen dituztela azpimarratzen dute eta emakumeek askotan dirua irabazteko edo gizona izorratzeko salaketa faltsuak ipintzen dituztela sinestarazten dute…

https://youtu.be/2gop-5z31xQ

Horregatik, garrantzitsutzat ikusten dut feminismoaren historia berreskuratu eta horren aldeko aldarria egitea, inolako mozorrorik gabe. Eta ezin dugu ahaztu feminismoa oso mugimendu iraultzailea bai, baina betidanik izan dela giza eskubideen aldekoa eta bakezalea. Feminista izateaz arro agertu eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde gaudela esan behar dugu, eta bide batez, askok pentsatzen dutenaren kontra, argi utzi behar dugu emakumeak ez garela gizonezkoak baino gehiago sentitzen.

Azken finean guztion hoberako da, emakumeentzako bai, baina gizonezkoek ere onura bat aterako baitute berdintasun egoera batetara iritsiz gero. Matxismoak, azken finean, muga batzuk ipintzen dizkigu denoi, rol batzuk banatuz eta nahi duguna egiteko oztopo bilakatuz.

Denon eskuetan dago aldaketarako bidea orduan!

Zalantzarik gabe. Beldur Barik lehiaketara bueltatuz, gainera, mutilek ere parte hartzeko aukera daukate, eta Beldur Barik jarreraren gainean hitz egiten dugunean, ezin dugu ahaztu gizonezkoek ere aurreiritzi asko apurtu behar dituztela oraindik. Besteen artean, ezin dituztela euren sentimenduak azaleratu, edo zer den edo zer ez gizonezkoen gauza, homofobiaren itzala ere hor dago…

Sexismoa desagertuta, denok izango gara askeagoak, eta hori argi izan behar dugu.


Parte hartzeko:
jarrera@beldurbarik.org
Epea: 2011ko azaroak 11
Sare Sozialetan: Facebook, Twitter eta Tuentin

MAITASUNA, IKUSI ETA IKASI

JOSEBE EGIA

Zeuk zelan ulertzen duzu pasioa maitasunezko harremanetan? Eutsiezinezko sexualdiekin dago lotuta? Agian, errusiar mendia da: orain zeruan, orain infernuan, baina beti berriz igotzeko prest? Intimitaterik estuena eragin behar dizu, intelektualki zein fisikoki? Ala, beharbada, hori guztia eduki behar du?

Txikitatik edaten dugu (iturriak nonahi daudelako) maitasunak, mereziko badu, ikusgarria izan behar duela. Zoratu egin behar gaitu, goia jotzera eraman, eta, batik bat, min eman behar du, erokeriaraino min; maitasuna maiteminarekin erabat lotuta. Egiten dugu, aukerarik eman gabe, bestelakoa mespretxatu. Bilatzen dugu gure bizitzako amodioa, jarduten dugu fantasia komun hori pertsona zehatzetan iraultzen, pertsonari berari gehiegi erreparatu barik. Denborarekin, dezepzioa, samina etortzen dira. Bihotz puskatuak, ederki izorratuak. Bai, baina beti izango dugu zahartzaroan zer kontatu, behar bezalako maitasun-istorio kartsu bat bizi izan genuelako.

Maitasunak, benetakoak, erraiak kiskali behar ditu. Batzuoi beste batzuoi baino gehiago. Rolak hain daude errotuta eta elikatuta, eta hain ditugu zainei itsatsita, izugarri zaila egiten zaigula gehienoi harreman-ereduak zalantzan jartzea; zeresanik ez aldatzeko saiakera egitea. Teoria argi dugu, aspalditxo hasiak gara jendartean hedatzen, berdintasunezko harremanak gutxik jarriko dituzte kolokan ozenki. Ezkutuan, ordea, gehiegik segitzen dute bihotzez desiratzen bikotekideak zain eta babes dezan, gehiegik uste dute horixe espero dela eurengandik; gehiegirentzat da oraindik fideltasuna maitasun-frogarik handiena, eta gehiegirentzat irainik onartezinena hirugarren bat mirestea, maitatzea, zaintzea edo behatzea ere. Maitasuna, maitalea, besteek ukiezinezko jabetzatzat jotzen dugu. Ez dugu horren garbi esango plazan, baina urrun gaude oraindik bestela bizi eta garatzetik. Helduok, are gutxiago gaztetxoak.

Ikusi eta ikasi; maitale gisa kontrolaren eremuan ari dira hazten gure gazteak, menpekotasunezko harremanetan, non gizonezkoa den legegile-betearazlea eta emakumezkoa agindupekoa, ikerketa ugarik diotenez. Bikote gazte homosexual eta lesbianetan, berriz, auskalo dinamikak… horiek ez dituzte hainbeste ikertzen, estatusa beheraxeago baitute. Erdiragarria egiten zait berdintasunari dagokionez, esparru guztietan, zein gardena den uste orokorra eta zein arrea jardunbide publiko nahiz pribatua.

Genero indarkeriaren aurkako kartelak jarri ditu Zizur Nagusiko Udalak

Herriko sarreretan kokatu dituzte indarkeria sexista gaitzesten duten kartelak. Jon Godan Zizur Nagusiko alkateak nabarmendu du erakundeek ardura dutela genero indarkeria “behin betiko desagerrarazteko”.

Herriko sarreretan Zizur Nagusiko udalak jarri duen karteletako bat. Berria

Herriko sarreretan Zizur Nagusiko udalak jarri duen karteletako bat. Berria

Zizur Nagusiak ez du eraso sexistarik onartzen”, diote ele bitan udalak herriko sarreretan jarritako kartelek. Godanek esan du kartelak bizilagun eta bisitarientzat direla: “Udala eraso horien aurka agertzea ekinbide ikusgarria izan daitekeela uste dugu”. Carme Rubalcaba Berdintasun zinegotziaren aburuz, helburua gizartea gaiarekin sentsibilizatzea da, “bortizkeria sexista oraindik existitzen baita”.

Maiatzeko udal hauteskundeak UPNk irabazi bazituen ere, Jon Godan Gero Baiko hautagaia aukeratu zuten alkate EH Bildu, Zizur Elkarturik eta AS Zizurren botoei esker.

«Ez badirudi ere, neurez oso pertsona lotsatia naiz»

Eduardo Gaviña laudioarra dago Yogurinha Borova pertsonaia bereziaren atzean. Las Fellini taldearekin aritu ondoren, hogei urtetik gora pasatu ditu Yogurinha pertsonaiarekin.

Yogurina Boroba

Yogurina Boroba (Eduardo Gaviña)

Bizitza osoa darama Eduardo Gaviñak (Laudio, Araba, 1969) arte plastikoaren munduan, jairik jai eta tabernaz taberna bere ikuskizuna eskaintzen. Yogurinha Borovarekin egin da ezagun Euskal Herri osoan, eta euskaraz ere egin ditu zenbait abesti.

Garai honetan jende gehienak oporrak ditu, baina zu lanez lepo zabiltza, ezta?

Jendea libre dagoenean izaten dut nik lan gehien normalean. Azken urteetan Bilboko jaiak ez ditut gozatzen, lan eta lan ibiltzen naizelako. Gainera, adinak ere eragina izan dezake. 46 urterekin, dagoeneko ez da erraza. Bada posible, baina…

Yogurinha Borovak 21 urte ditu jada.

Bai, izugarria da. 20 urte trabesti moduan lan egiten… Ni kasualitatez hasi nintzen; ez zen buruan neukan gauza bat. Egia esan, aldatu egin naiz; freskoagoa nintzen lehen, inozenteagoa. Orain profesionaltasun handiagoa daukat. Ez badirudi ere, neurez oso lotsatia naiz, eta, askotan, kostatu egiten zait lan egitea. Horregatik erabaki nuen asko margotzea, eta nolabaiteko maskara bat jartzea. Ahotsean ere falsetto-a erabiltzen dut.

Zein proiektu daukazu oraintxe esku artean?

Bada, musika aldetik ezer ez; azken bi urteetan bi disko atera ditut, eta oso jarraian. Bingo batean sartuta nago, igandero; eta karaoke bat ere egiten dut Kukusoak tabernan; ostiralero, Asier Bilbaoren Key tabernan lanean hasiko naiz… Lan piloa daukat, egia esan, eta oso gustura nago. Irailetik aurrera Afrikan grabatutako saioak emango dituzte ETB2n. Zimbabwe, Botswana eta Namibian egon gara Safari Wazungu reality-a grabatzen; itzela izan da, eta leku asko ezagutu ditut.

Abestu, antzeztu… Zerbait gehiago egitea gustatuko litzaizuke?

Erakusketa polit bat egitea gustatuko litzaidake. Nire lagun mutilen amei buruzko dokumental bat egitea gustatuko litzaidake, gure amak oso garrantzitsuak direlako guretzat; erreferentzia bat.

Gasteizko jaietan izan zara, eta Laudiokoetara eta Bilboko Aste Nagusira ere joango zara…

Bai, bihar lehen aldia izango da Laudioko txosnetan nagoena, kar, kar. Aste Nagusiari dagokionez, Gogorregi txosnan egon nintzen atzo, eta Asier Bilbaorekin ikuskizun bat egin nuen igandean, Pergolan, Asier Bilbao Show. Lan gogorra da, azken finean, eta ezin naiz parrandan atera.

Yogurinhak daraman janzkeraren atzean lan handia dago, ezta?

Bai. Oso gogoko dut sormenaren munduan aritzea eta musika egitea. Nire pertsonaiaren munduko arropa janztea izugarri gustuko dut. Nahiago dut gauzak sortu, agertoki gainean egon baino. Artista plastikoa naiz ni; beti egon naiz mundu horretan sartuta. Bilbo aldean lagun asko dauzkat horretan sartuta daudenak, eta asko laguntzen didate. Nik gutxi gorabehera esaten diet zer nahi dudan; zuzendu egiten dut, baina haiek dira lana egiten dutenak.

Esnekiak gogoko ditut oso ezaguna egin da, eta euskaraz abesten duzun abestietako bat da.

Abesti horrek mundu eder bat ireki dit: euskararen mundua. Kasualitatea izan zen: Patxi Goñi, nire pisukidearen anaia eta Gor diskoetxekoa, nire abestiak entzuten egon zen, eta disko bat ateratzea proposatu zidan. Ni benetan harrituta nengoen. Baldintza bat jarri zidaten, ordea: euskaraz abestea. Primeran hartu nuen proposamena, betidanik nahi izan baitut euskaraz lan egin. Dibertigarria izan behar zuen bideoklipak, eta lan handia izan zen. Bi baserri topatu, behiak… Nik gauza gehiago egin nahi ditut euskaraz; nire ustez, beharrezkoa da euskal munduan trabesti bat egotea.