Luma izatearen harrotasuna
Bakoitzak nahi duen modukoa izatea eta horrela adieraztea, nahi duen eran eta nahi duen tokian. Horra aurtengo Zinegoak jaialdiaren aldarrikapen nagusia, genero adierazpen librearen defentsa. Urtero bezala, zinema eta kulturaren bidez, eta gizartea eraldatzeko eta bere aniztasuna azaleratzeko asmoz, hitzaldiak, dokumentalak, pelikulak eta antzerkia biltzen dituen jaialdia antolatu du Zinegoak Elkarteak, otsailaren 18tik martxoaren 3ra bitarte, Bilbon. Identitatearen, jatorriaren, sexualitatearen eta gorputzen gainetik, izakiaren “izateko harrotasuna” aldarrikatuko du jaialdiak.
Lumaz harro lelopean, “luma izatearen harrotasunaren” defentsan jarriko du arreta aurtengo Bilboko Gay-lesbi-trans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak. “Harrigarria da zelan, egun, LGTBI kolektiboaren barruan ere, luma izatea alderdi negatibo bezala jasotzen den. Lumafobia handitzen ari dela antzematen ari gara azkenaldian, bai kolektibo barruan eta baita gizartean ere. Jendarteak sexu-aniztasuna geroz eta gehiago onartzen duen bitartean, dena ondo dago, antzematen ez zaizun bitartean bezalako esaldiak entzuten ditugu oraindik”, uste du Paul Guillen jaialdiko zuzendariak.
Hain zuzen ere, konbentzionalismo horiek ahaztu eta norbanakoa libre eta gustura bizi-tzearen aldeko mezu horri helduta, Cassandro el Exótico borrokalari mexikarraren erretratu bat erabili dute hamaseigarren edizioko kartelaren irudi bezala. Cassandro (Saul Armendariz jatorrizko izenez) mundu mailako txapelduna izan da hirutan, borroka librean (UWA), eta esparru horretan bere sexu orientazioa lau haizetara zabaldu duen aitzindarietako bat izan da Mexikon. Borrokalari honen bizitza eta nortasuna gertuagotik ezagutzeko aukera izango da Marie Losier zuzendariaren Cassandro el Exótico lanaren proiekzioarekin, dokumentalen sail ofizialaren barruan. Horrez gain, sail ofizialerako konfirmatu duten beste lanetako bat Bertrand Mandico zuzendariaren Les garçons sauvages abentura filma da, Cahiers du cinema aldizkariak 2018. urteko pelikularik onena izendatu ondoren.
Sarien berri ere eman du Zinegoakek. Ohorezko saria Sridhar Rangayan (Mandya, India, 1962) zinema zuzendari, ekoizle eta ekintzaileak jasoko du. Ashsish izeneko queer zinema jaialdiko zuzendaria da Rangayan. Bombay hirian egiten da, duela hamar urtetik, eta sexu aniztasuna lantzen duen Indiako jaialdi bakarra da, mundu mailako erreferentea. Jaialdiko Sari Berezia, aldiz, Apoyo Positivo gobernuz kanpoko erakundeak jasoko du. Bi urterik behin banatzen du sari hau Zinegoakek, konpromiso sozial eta militantea erakusten duten eta ikus-entzunezkoak lantzen dituzten norbanako, elkarte eta erakundeen artean.
Euskal ekoizpenak Zinegoak zinemaldiko film laburren sail ofizialean euskara hutsean egindako bi lan lehiatuko dira: Telmo Esnalen Han izanik hona naiz eta Deiane Morenoren Alde erantzia. Lehiaketatik kanpo bada ere, euskarazko beste bi lan aurkituko ditugu aurtengo edizioan: Jon Urrazaren Astelehena eta Raquel Garcia Leonen Hilabetean behin? filmak.
Euskaraz ez, baina Euskal Herrian egindako ekoizpenen artean daude Pablo Allenderen Ático B, Iñigo Sanchoren Sugar. Baby. Reno, Jose A. Cortes Amunarrizen Prendas delicadas, David Ontorioaren Tacto, transexualitatea nerabezaro garaian lantzen duen Ekhiñe Etxeberriaren Mikele dokumentala, Enrique Reyren Visibles eta Gasteizko LGTBI mugimenduaren 25. urteurrenaren harira egindako Bide zuzena, ibilbide okerrak dokumentala, Hala Bideok zuzendua.
Ezohiko aukera Astelehena film laburra aurkeztuko du aurten Jon Urraza aktore eta zuzendari bizkaitarrak jaialdian, lehiaketatik kanpo. Urrazak ez du lehen esperientzia Zinegoak jaialdian: 2013an Morritson eta Gartzia film luzearekin aurkeztu zen jaialdian eta aurretik ere, epaimahaikide bezala parte hartu izan du. Ikusle moduan, sarritan izan da jaialdian. “Komedia eta drama bikainak ikusi ditut Zinegoaken”, kontatu du. “Istorio bereziz, pelikula onez eta interpretazio bikainez goza-tzeko aukera gal lezake zinezale askok, zinemaldi honetan LGTBIko militanteei bakarrik zuzendutako bigarren mailako film arraroak jarriko dituztela aurreiritzita. Ozen eta argi esan beharra dago, uste ezin okerragoa da hori”.
Zinema aretoetan eta telebistan nekez aurki daitezkeen “film paregabeak” ikusteko aukera nabarmendu nahi izan du Urrazak: “Ez zinemetan ezplataforma legal edo ilegaletan ere. Zinegoak jaialdiak mainstream filmetan agertzen ez diren pertsonaia eta istorioez gozatzeko aukera ematen du, baina batez ere, pelikula onak ikusteko aukera”, azpimarratu du zuzendari bizkaitarrak.
Argentina, New York, Guatemala edota Errumaniako zinema jaialdietatik igaro ondoren, gurera ekarriko du Urrazak Astelehena. Haurra adoptatzekotan dagoen bikote baten istorioa du ardatz: Anitak eta Betik ume bat adoptatu nahi dute eta horretarako exijitzen dieten elkarrizketa prozesua gainditu behar dute. Hura nola egin adostu behar dute eta Anitak umea zenbat maiteko duen adierazi nahi du soilik. “Giza harremanetan oinarritutako film labur korala da, astelehen batean zehar kontatzen dena”, dio zuzendariak. Mike Leigh zinegile britainiarraren sorkuntza metodoa jarraitu du horretarako. “Aktoreen zuzendaritzan oinarritu dut prozesu guztia: filmaren istorioa entseguetan sortu eta garatu dugu, zuzendaria eta aktoreak elkarlanean, pertsonaiak, harremanak, gatazkak… Sortutako elementuetatik argumentua egituratzen joan naiz”, azaldu du Urrazak. Diru-laguntzarik gabe egindako lana da Astelehena, EHUko Arte Ederren eta Komunikazio Fakultateek utzitako baliabideekin landua.