Pornografia denean sexu hezitzaile nagusia
Gutxi eta era okerrean. Oro har, hala irakasten zaie haur eta gazteei sexualitatea, ikastetxean eta ikastetxetik kanpo. Helduok sexualitateaz dugun ikuspegi murritzak badu zerikusirik, baita geure beldurrek eta begirada okerrak umeen sexualitate naturalean duen eraginak ere. Artikulu honetan hizpide ditugu asko dakitela uste arren, ikasleek eremu honetan oraindik duten ezjakintasun maila –norbere gorputzaren ezezagutza barne–, generoaren arau zurrunek nola markatzen duten batzuek eta besteek sexualitatea bizitzeko dituzten moduak eta rolak, identitate sexual eta gorputz anitzak onartzearen garrantzia, gazte askorentzat sexu hezitzaile nagusi den pornografiarekin nola jokatu, berriki Nafarroako Skolae programak sortutako zalaparta…
Sexualitatea eskolan nola lantzen den aztertu aurretik, galdera: helduok nola ulertzen dugu sexualitatea eta horren arabera zer transmititzen diegu haurrei?
Nahia Rojo: Bakoitzak gure motxila daukagu, jaso dugun sexu heziketaren araberakoa, eta ongi dago orain heldutan berau birpentsatzea. Zein sexu heziketa jaso dut nik eta nolakoa helarazi nahi diet nire txikiei? Izan ere, norberak jaso duen sexu heziketa transmititzetik harago, uste dut askok ahalegina egiten dugula garai bateko tabuei eta motxilari aurre egiteko.
Mikel Oribe: Zoritxarrez, gaur egun heldu gehienek, batez ere gizonek, sexualitatea bere osotasunean ulertu beharrean (emakume edo gizon izatearen kualitate horretan), praktika jakin batean zentratzen dute, koitoan, eta ondorioz transmitituko duten heziketa ere horren inguruan izango da. Hau da, itxarongo dute seme-alabek koitoaz arduratzeko moduko adina izan arte, hitz egingo diete kondoiaz, hiesaz… Baina sexualitatea harago doa, sexualitatea da nola bizi zaren emakume izate horretan, gizon izate horretan, eta nola jartzen zaren harremanetan horren ondorioz zure buruarekin eta gainerakoekin. Beraz, jaiotzetik hil arte esparru guztietan landu daitekeen zerbait da. Horregatik da hain inportantea sexologoek eta adituek helduei formakuntza ematea, ikuspegia zabaldu eta paradigma aldatu dezaten; baina momentuz heziketa egiten da ikastetxeetan ikasleentzat, eta aldiz ezer gutxi irakasleei eta gurasoei bideratuta.
Koitora murriztutako ikuspegi horretan eragina izango du egungo gizarte hipersexualizatuak…
Olatz Berastegi: Hain juxtu pornografiak gure heziketan duen eraginaz aritu ziren atzo telebistan. Ikastetxeetan ikusten dugu: haurrek, euren gorputzaren sentsazioetara iritsi baino lehen, jada badakite ustez zer gustatu behar zaien. Iruditzen zaigu gure gurasoak baino modernoagoak garela, haientzat sexua tabua zelako, baina gaur egun markatuta daukagu harremanek nolakoak izan behar duten: koitoa dela nagusi, gustatu behar zaigula sexu orala… Arriskutsua da.
M. Oribe: Bai, eta orokorrean zakila dugunok gure sexualitatea zakilera eramaten dugu, pornoaren eraginez, eta alua dutenek ez dute beren alua ezagutzen, jasotzen dituzten mezuak ezagutza horren kontrakoak direlako. Olatzek dioen moduan, ez da gorputza hezten (emozioen, sentsazioen… heziketa ez da egiten), ez diegu aukerarik ematen umeei euren gorputza aztertzeko eta zein sentsazio dituzten deskubritzeko, eta gero pornoak irakasten die zer pentsatu eta zer egin behar duten. Nerabezarora iristen dira, zakila dutenak zakila masturbatuz gainerako gorputz atalak ahaztuta, eta alua dutenak pentsatuz euren gozamena dela besteak emango diona baino ez.
N. Rojo: Azken finean, pornoa gizonei zuzenduta dago gehienetan eta ikuspegi matxista du. Hipersexualizazioaz ari garenean berdin, zeintzuk gaude hipersexualizatuta? Emakumeak. Eta zein motatako emakumeak? Hipersexualizatzen den ereduak kanpoan uzten ditu aniztasun funtzionala dutenak, adinez nagusiak direnak… Eta kontraesanak ere badira, Facebookek titiburuak zentsuratzea, adibidez.
O. Berastegi: Hala da, esparru bat eta eredu bat da hipersexualizatuta dagoena, eta hori erotikan ikusten da, arropan eta abar zeini dagoen erotika bideratuta, pornoa mutilentzat delako eta neskei eskatzen zaiena delako desiragarri egotea bestearentzat.
Egin dezagun salto ikastetxeetara. Oro har, zenbat eta nola lantzen da sexualitatea Euskal Herriko eskoletan?
M. Oribe: Printzipioz, konpetentzia bezala eskola guztiek adin guztietan sartu behar dute curriculumean transbertsalki. Baina hori da paperak dioena eta gero dago hori egiteko irakasleek daukaten gaitasuna, zer ulertzen duten sexualitatea esanda, edota hasieran aipaturiko norberaren motxila, tabu eta beldurrak. Orokorrean zer egiten den? Gehienek ezer ez, eta borondate ona duten irakasleek sexualitatea esplizituki lantzen dute ikasgelan. Eskola askok, gero eta gehiagok, kanpoko sexologoak eramaten dituzte geletara, horretan aritzen gara gu, eta nagusiki ikasleei bideraturiko sexu heziketa egiten dugu, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edota Batxilergoan. Urtean lau eta hamar ordu artean izan ohi da ikasleekin egiten duguna, eta batzuetan saio bakarrean kontzentratzen da: urte osoan lau orduko saio bat ikasleekin eta kito. Ez da nahikoa. Irakasleei eta gurasoei are formakuntza urriagoa ematen diegu eta nire ustez lehenengo gurasoak, gero irakasleak eta gero ikasleak dira formakuntza gehien jaso beharko luketenak, egunerokoan gurasoak daudelako eta gurasoek ez badute txipa aldatzen, gelan irakatsitakoa esaldi bakar batekin pikutara bidal dezakete. Niri gertatu izan zait. Behin, DBHko ikasleei azaldu nien sexu harremana modu ugaritara uler daitekeela, bestearen adostasunarekin gorputzaren bidez gozamena lortzeko helburuz besarkatzea ere izan daitekeela sexu harremanaren parte. Ikasle horietako baten amak hurrengo egunean hala esan zidan: “Aizu, semeak ez du ongi ulertu zer diren sexu harremanak, besarkatzea sexu harremana dela esan dit eta azaldu behar izan diot ez dela hala”.
O. Berastegi: Ados nago, gurasoak formatu behar dira. Eskolan egiten den lanketaren inguruan, sexologoon figura aldarrikatu nahi dut. Alegia, sexologia transbertsala izatea ongi dago, baina beste konpetentziak diren bezala, eta ezin gara hor geratu, badago nahikoa eduki ikasgai gisa propio lantzeko, espezialista batek emanda. Horrek ez du esan nahi irakasleak formatzea beharrezkoa ez denik, euren jarrera ere inportantea delako. Aldiz, normalean ikastetxeetara eramaten gaituzte sexologia ematera abiapuntu hartuta prebentzioa, eta gaur egun hainbatetan abiapuntu hartuta indarkeria matxistaren prebentzioa. Eta ez, berezko entitatea du sexologiak, ez da landu behar beste zerbait konpontzeko, ikuspegi integral batetik baizik.
N. Rojo: Sexu heziketak leku gutxi du eskolan. Lau-hamar ordu urtean ez da aski, eta ez da aski institutuan lantzen hastea, ez eta Lehen Hezkuntzan hastea ere. Txiki-txikitatik hasi beharko ginateke, Haur Hezkuntzatik. Ikasleek eurek erantzun diote zure galderari: Espainiako Estatuan manifestazioa egin zuten duela gutxi, sexu heziketa ikasgai bat izan dadila aldarrikatuz. Eta familiekin landu beharreko gaia da, sarri familiek beldurrak dituztelako eta sexualitatea praktika jakin batekin baino ez dutenez lotzen uste dutelako Haur Hezkuntzako gelan sartuko zarela umeari horri buruz hitz egitera. Horren isla da familientzako formakuntzak ematen ditugunean gehienbat nerabeen gurasoak etortzen zaizkigula, adin horrekin lotzen dutelako sexualitatea lehenengoz eta jakin nahi dute kondoiei buruz seme-alabekin noiz eta nola hitz egin. Kurioski, txikitatik hezten ditugu sexualitatean jakin gabe hori egiten ari garela: umearekin telebista ikusten ari garenean eta eszena gure ustez harentzat ezegokia agertzen denean, sarri katez aldatzen dugu, azalpenik eman gabe. Hor guraso bezala nolabait sexu heziketa egiten ari gara, baina gero gure seme-alaben eskolan sexualitateari buruzko formakuntza planteatzen dutenean ez goaz, gure haurrak horretarako oraindik txikiak direlakoan. Eta gero beharbada berandu izango da…
Izan ere, jaiotzen garen unetik dugu sexua eta sexualitatea.
O. Berastegi: Norbere gorputzaren ezagutza eta norbere gorputza bizitzeko moduak, besteekiko harremanak… txiki-txikitatik landu daitezke. Iaz, ikastetxe batean 5 urteko mutil bat eta neska bat elkarrekin jolasten hasi ziren, alua eta zakila ukitzen, eta sekulako iskanbila izan genuen. Zorionez hezitzaileak ongi bideratu zuen kontua, gurasoak bildu eta denon artean eztabaidatu genuen gertaturikoa, baina mutilaren gurasoek kasik uste zuten bortxatzaile bat zutela semea! Abiapuntua gaur egun da indarkeria eta prebentzioa, ez tratu onak eta harreman osasuntsuak, eta ondorioz ikuspegi hori gailentzen da.
M. Oribe: Horrelakoak ugariak dira. Gurean, 5 urteko neskak eta mutilak elkarren gorputzak marraztera jolastu zuten tenperekin eta neskaren gurasoen erreakzioa izugarria izan zen, bortxatzaile bat hezten ari zirela esan zieten mutilaren gurasoei. Haiekin bildu, hitz egin, eta ikuspegia aldatu zuten. Arazoa da gurasoen begiradarekin epaitzen dugula umeen sexualitatea, eta horrek ez du ez hanka ez bururik. Haien gorputzak deskubritzen ari dira, norberarena eta bestearena, era natural eta eder batean, eta helduok dena kakazten dugu, beraien sozializazio naturala trabatzen dugu, eta traumatizatu ere egin ditzakegu, errepikatzen badiegu haientzat jolasa baino ez dena zerbait itsusia eta txarra dela.
N. Rojo: Gurasoen beldurrek eta erreakzioek ere oztopatzen dute maiz sexualitatea eskolan lantzea. Hezitzaileek esaten digute, “badakit umeen arteko jolasak direla, baina emazkidazu argudioak, gurasoak datozenean azaldu diezaiedan umeen jakin-min sexuala naturala dela”.
Hain juxtu, sexua eta hezkidetza oinarri dituen Skolae programak hautsak harrotu ditu Nafarroan, hainbat alderdi politikok hauspotuta. Zein indargune eta hutsune ikusten dizkiozue planari?
M. Oribe: Amorru handia sortzen dit gaiak, berdin duelako Skolaek zer esaten duen, hori ez da arazoa, arazoa da fatxa batzuk daudela ez dutenak sexualitatea landu nahi, edozein eratara dela ere, beraz egiten duzuna egiten duzula kritikatuko dute, pentsatzen dutelako eskoletan ez dela sexualitatea eman behar.
N. Rojo: Guztiz ados. Genero ideologia inposatzeaz mintzatu dira kontrakoak eta gai honi lotuta jaso dituen mehatxuengatik Hezkuntza kontseilariari bizkartzaina jarri behar izan diote, ikaragarria da. Hedabide askok egoera aprobetxatu dute manipulatzeko, titular deigarriak ateratzeko eta jendea aurka jartzeko, baina pentsatu nahi dut ez dela Nafarroaren gehiengoa eta oso gutxi direla kontra daudenak, oso eskuindarrak. Indargune eta hutsuneez galdetzen duzu, baina halako erasoa jasan du planak, uste baitut guri dagokigula nabarmentzea zeinen positiboa den, eta adibide batzuk jarriko ditut: 0-20 adina hartzen du programak eta aurrerapauso handia da, aipatu dugunez txikitatik landu behar delako; komunitate guztiari zuzentzen zaio eta hori ere esan dugu, inportantea dela ikasle, hezitzaile eta familiak integratzea; bereziki gainera aitengan jartzen da begirada, eta hori eskertzekoa da, askotan bizi izan dugulako formakuntzak antolatu eta emakumeak baino ez etortzea, eta gizon bakanen bat etorriz gero gainera hura goraipatzen dugu eta eskerrak ematen dizkiogu; adimen emozionala jorratzen du planak, harreman osasuntsuak lantze aldera…
O. Berastegi: Interesgarria da baita ere Skolaek sexologia jorratzen duela berdintasunean oinarritutako harremanak landuz, elkarren arteko sinergiak bultzatuz. Hori esanda, eztabaida honen guztiaren atzean funtsean asmo politikoak daude, gurutzada politikoa, ikastetxe kontserbadore eta erlijiosoetan ere aritu izan garelako, eta zer lantzen ari zaren azaltzen diezunean, normalean gurasoek ongi hartzen dute.
Sexualitatea ez dela koitoa, diozue, esparru zabala dela. Zer da sexualitatea lantzea eta zein aspektu jorratu beharko lirateke?
M. Oribe: Funtsean gorputza, gorputzean errotuta baitago sexualitatea. Adibidez, haur eskoletan zergatik ez daude umeak biluzik? Noiz hasiko dira gorputza ukitzen? Emozioak ere oinarrizkoak dira, baina gure hezkuntza sistemaren piramidea alderantziz eraiki dugu: Lehen Hezkuntzan aljebra ematen ari zara eta unibertsitatea bukatu ostean adimen emozionalei buruzko graduondoa egiten duzu. Zergatik ez hasi lantzen gorputza, emozioak, sentimenduak, harremanak… eta hazi ahala, logikari gero eta leku handiagoa egin? Laburrean, sexu heziketa da gaur egiten ez duguna egitea: etxetik jada gorputza hezi, esan zer gustatu zaizun eta zer ez, ezagutu zure alua (guztiz ikusezin bihurtu dugu-eta), kontatu nola sentiarazi zaituen halakok, nola uste duzun bestea sentiarazten duzula era batera edo bestera harremanak garatzen dituzunean… Baina egiten ez denez, eta ez dagoenez horretara bideratutako ikasgairik, sexologoak gara egun batean ikastetxean lur hartzen duten parakaidistak, adabakiak jartzen saiatzen garen parakaidistak.
N. Rojo: Hiztegiak dio sexualitatea dela sexu bakoitzaren ezaugarri anatomiko eta fisiologikoak. Eta batzuentzat hori da sexualitatea lantzea, ezaugarri anatomikoak lantzea, ugalketa… eta horregatik da garrantzitsua gure papera, urrunago iritsi ahal izateko. Horrez gain, “sexualitatea lantzea” beharrean “sexualitateak lantzea” esan beharko genuke, pertsona bezainbeste sexualitate daudelako. Aniztasunetik hitz egin behar dugu sexualitateez, gorputzez, harremanez… eta aniztasuna dago genitaletatik hasita. Aluak anitzak dira eta hori errepikatu behar dugu txikitatik nagusiak diren arte. Badago jendea aluko barruko ezpainak simetrikoak izateko ebakuntza estetikoak egiten dituena, edo txikitzen dituena, edo uzkia zuritzen duena… Eta ez naiz ez-dakit-zein herrialdez ari, Euskal Herrian ere egiten dira halakoak. Lehengo hariari helduz, eredua pornografia bada eta bertan ateratzen diren gorputz eta aluak baldin badira gazteek dituzten ereduak, hainbatek hori kopiatu nahiko du. Eta nire gogoeta da: edertasun kanonak esango balu ederra dela gizonek barrabil bakarra edukitzea, zenbatek kenduko lukete barrabila?
O. Berastegi: Aniztasuna dela-eta, neska eta mutil izateko moduak ere anitzak dira, eta hori txikitatik landu beharreko gaia da. Haurrak sentitu daitezela euren gorputzarekin bat, identitate sendoa dutela.
Praktikan gorputzen, identitate sexualen… aniztasun hori guztia, nola lantzen duzue?
M. Oribe: Bada, adibidez, sexu identitatea ikasleari berari galdetuta.
Eta gaia tabua izanik, erantzuten dute ikasleek, gela guztiaren aurrean?
M. Oribe: Sortu duzun konfiantza giroaren arabera. Ohiko irakasleari ziurrenik ez diote esango, baina guri beharbada bai. Batzuk zabaltzen dira gela guztiaren aurrean, beste batzuk taldetxotan (sarri neskak neskekin, mutilak mutilekin), bestetan bakarka… Eta haiekin konektatzeko zu ere sartu behar zara jokoan, zuk ere erantzun behar dituzu galderak, zintzotasunez; denok dugun hauskortasun hori ikusi behar dizute, emozioak kontatzeko prest zaudela. Funtsean da entzutea eta haiekin hitz egitea, haien emozioez, haien sentimenduez, zer diren galdetzea… Gakoa delako bizipenetatik aritzea, ez diskurtso soiletik. Gelan sartu eta teoria ematen hasten bazara, “hau eta hau existitzen dira, bakoitzaren ezaugarriak hauek dira eta beraz, zu halako zara”, ez duzu aliantzarik ez sinergiarik ez ezer lortzen. Sexu identitatea (burmuinean duguna) eta generoa (sexu kulturala, nolabait) ezberdindu behar ditugu eta bakoitzak bere identitate sexuala era anitzean uler dezake. Gela batean gertatu berri zait: bere sexu identitatea mutilezkoa dela adierazi dit ikasle batek, baina arauekin ez dator bat, eta bere burua genero fluidotzat aldarrikatzen du. Diskurtsotik ari banaiz gauza bat esango diot, baina berak bizi duen moduan espresatzen uzten badiot, aukera ematen diot den bezalakoa izateko. Nahia Rojok dioen moduan, pertsona eta nortasun adina sexualitate baitaude, eta ez ditugu ikastaroak egiten sexualitate sanoa edo egokia irakasteko, sexualitateen arteko sinergiak aztertzeko baizik, ez dago finkoa den ezer. Errepikakorra naiz, baina gakoa galdetzea da: nor zara? Zer nahi duzu bizitza honetan? Zer sentitzen duzu? Nolako harremanak izan nahi dituzu? Eta galdetu behar da gorputzetik, nahiz eta sexologo gizonontzat zailagoa den, gizon hezitzaileok ez baititugu ikasleak ukitzen, bestela interpretazio okerretarako bidea laburra da eta iskanbila sor daiteke.
O. Berastegi: Ikasleei hitza ematea da gakoa, bai. Adibidez, galdetzearekin bakarrik ea nola dakiten pertsona bat neska ala mutila den, estereotipoak lantzeko aukera aproposa izango dugu. Norbere biografia ere landu ohi dugu, txikitatik nola aldatu garen ikusteko, neure baitan zeinen anitza naizen. Ikasgelak berak ematen dizu edukia, taldeak anitzak baitira, eta gizarteak eskatzen dizunaren eta zure baitako aniztasunaren artean dagoen borroka azaleratzen da.
N. Rojo: Lankideari gertatu zitzaion, gelan umeetako bati besoa falta zitzaiola eta protesia eramaten zuela. Bada, ohiko moduan aniztasuna landu zuten sexu ikastaroan, eta ikastaroaren ostean ume horrek protesia kendu zuen, denon aurrean, lehen aldiz. Ba al dute zerikusia sexu heziketak eta haur horrek urrats hori emateak, beste haurrei esateak besoa falta zaiola? Jakina baietz, honen guztiaren atzean norberaren onarpena dagoelako, nolakoa den norbera, bere ezaugarriekin.
O. Berastegi: Gure gorputza onartzea ere inportantea baita. Gogoan dut ikasle bat etorri zitzaidanean, ikaskideak potolo deitu ziolako kexuka. Eta bai, potoloa zen, ez nion esan potoloa ez zenik, potoloa izatea ez dela txarra baizik. Altuak, txikiak, gizenak, argalak… gara, hori da aniztasuna, eta ezaugarriak baino ez dira.
M. Oribe: Ama bati entzun nion bere alabari esaten neska gizena zela eta beraz barrukoa zaindu behar zuela, norbaitek barrukoa ikus zezan eta zen bezala maite zezan. Amari esan nion barrukoa zaintzea ongi dagoela, baina loditasuna ere erakargarria izan daitekeela, publizitatearen eraginez beharbada publiko gutxiago izango duela, baina jende ugarirentzat izango dela desiragarria. Begira historian zehar nola aldatu den edertasunaren kanona. Irakatsi behar dieguna da denok garela erakargarri eta desiragarriak, ez mundu guztiarentzat, baina bai batzuentzat. Sarri helduok errespetuaren izenean esaten diegu ez deitzeko inori potolo, eta orduan are gehiago ari gara azpimarratzen ezaugarri hori negatiboa dela, gizena den neska-mutilaren aurrean.
O. Berastegi: Badirudi gainera pertsona bat lodia denean hori baino ez dela, lodia. Eta ezaugarri bat gehiago da, ez besterik. Norberak lortu behar du gure osotasunaren ezaugarri bat gehiago izatea, eta ez ezaugarri bakarra.
N. Rojo: Eta normalean neskak dira gorputzarekiko kezka handiena dutenak.
Beharbada tabu eta presio gehiago dagoelako emakumeen gorputzaren eta sexualitatearen gainean? Bereziki neskekin landu beharreko gaia da gorputza, desira, plazera…?
M. Oribe: Lehen aipatu dugu: mutilak hipergenitalizatuta hazten dira, mutil guztiek ez dute zakilik baina zakila dutenek hor fokalizatzen dute euren sexualitatea, eta neskekin kontrakoa, euren gorputzetatik alua desagertu dela dirudi. 5 urterekin zakila ukitzen duen semeari apenas esango diote zerbait, baina alaba baldin bada aluarekin jolasean ari dena edo panpina hanka tartean sartzen duena, segituan esango diote hori ez egiteko. Hazi ahala ere, hankak zabalik esertzen bada, hankak ixteko aginduko diote berehala. LHn eta DBHn, testu-liburuetan ere desagertu egin da klitoria, helburua ugalketa ematea den aitzakiarekin. Txanela da Euskal Herrian klitoria aipatzen duen bakarra. Alua ezkutatu eta ezkutatu, hori da etengabe jasotzen duten mezua. Nik DBHn neskei esaten diet ispilutxo bat hartu eta norbere alua begiratzeko, eta batzuk larritu egiten dira, ez dute nahi, ezezagutza eta baita nazka ere badute hainbatetan. Ondorioz, neska-mutil nerabeak elkartzen badira harreman sexual hetero bat izateko, eta mutilak urteak baldin badaramatza kanpaia jotzen eta neskak ez baditu apenas bere genitalak ezagutzen, zeinen nahia gailenduko da?
O. Berastegi: Hori da, batek badakielako zerk ematen dion gozamena, eta besteak ez. DBHn neskek galdetu izan didate ea noiz egin behar duten txortan edo nola zurrupatzen den zakil bat, eta nik erantzun diet ea euren klitoria ukitu duten noizbait, titiburuak eta ipurdia igurtzi… eta denak lotsagorrituta eta ezezkoan. Ari zarete galdezka txortan nola egin eta ez duzue zuen burua inoiz masturbatu? Baginako fluxua zer den ere ez daki askok; 15-16 urteko neska batek esan zidan likido txuri bat ateratzen zitzaiola eta kezkatuta zegoela, hiltzen ari ote zen. Pentsa zein gutxi ezagutzen ditugun gure genitalak, eta mutil batek zein ongi dakien nola funtzionatzen duen bere zakilak.
N. Rojo: Bitxia da, Haur Hezkuntzan neska ia guztiek igurzten baitute euren klitoria, mutilek baino gehiago egiten dute eta mutilak baino lehenago hasi ohi dira horretan. Sarri eskuarekin egiten dute eta ez dugu beldurrik izan behar: testuinguru erotikorik ez du ume horrek, baina masturbazio bat da, plazera sentitzen du eta orgasmoak izan ditzake. Zergatik dira neskak txikitan gehien masturbatu direnak eta nerabezaroan alderantziz? Eta gainera masturbatzen den emakumezko nerabea maiz zergatik sentitzen da gaizki hori egiteagatik? Zer gertatu da bidean? Umeen joera naturala zapaldu egiten dugu helduok. Eta beldurrik ere ez dugu izan behar gauzei bere izenez deitzeko: klitoria klitoria da, ez da kanpaitxoa; alua, bagina, masturbazioa… ez dira saihestu beharreko hitzak.
Ezjakintasuna orokorra da?
O. Berastegi: Gauzak ez dira asko aldatu, gutxi dakigu gure gorputzaz. Gazteek kontzeptu asko dakizkite (cunnilingusaz hitz egiten dizute, esaten dizute demisexualak edo pansexualak direla…) eta uste dute asko dakitela, baina gero funtsezkoena ez dakite, beren azalaz, gorputzaz eta gustatzen zaienaz gutxi dakite.
N. Rojo: Badago behin eta berriz errepikatzen den galdera bat: “Nola egiten dute bi neskek?”. Eta galdera hori egin diezazukete LHn, DBHn eta baita goi mailako gradua ikasten ari direnek ere! Lehengo egunean karrerakideek galdetu zioten ikaskide lesbianari. Lagun honek oso kezkatuta kontatu zidan gertatu zitzaiona, unibertsitatean diren horiek halako galderak egitea. Mito hori ez da aldatzen.
M. Oribe: DBHn mutilak kapaz dira makina bat webgune porno izendatzeko, baina eskatzen diezu elkar besarkatzeko eta ez dakite, urduri jartzen dira eta jo egiten diote elkarri. Oso oinarrizkoak diren gauzetan oso ezjakinak dira.
N. Rojo: Laburbilduz, esango nuke nerabeek uste dutela asko dakitela, eta ez dakite. Eta Lehen Hezkuntzakoek uste dute ezer ez dakitela, sarketaz agian ez dakitelako, baina uste baino gehiago dakite, haiekin hitz egin daitekeelako emozioez, sentsazioez eta abar.
M. Oribe: Zenbat eta umeago izan, orduan eta errazagoa da sexu heziketa egitea, eta gurasoek uste dute zenbat eta umeago izan, orduan eta gutxiago behar dutela sexu heziketa, baina ez da hala.
Aipatu dugu maiz pornografia dela gazteen sexu hezitzaile nagusia. Ikasgelan landu beharko al litzateke pornoa?
M. Oribe: Ikastetxeetan zentsuratuta dituzte halako webguneak, eta hori ere sexu heziketa da, debeku bidezko heziketa, baina gero etxean sartuko dira webgune horietan. Errealitate horren aurrean bestaldera begiratzea baino egokiagoa da horri buruz eztabaidatzea, baina gai tabua da ikastetxeetan. Nola lagunduko diezu ikusten duten horri filtroak jartzen, ezin bada horretaz hitz egin? Eta gurasoek beti oso ume ikusten dituzte seme-alabak, uste dute ez dutela pornorik ikusten, eta ez da egia.
O. Berastegi: Normalean gurasoek oso ume ikusten dute semea, eta alabari min emango dioten beldur dira. Kalera aterako den alabari norbaitek esaten al dio, “eskua sartzen badizute esaiozu non eta nola”? Alabak ahaldundu beharrean, beldurrean hezten ditugu, eta ondorioz sexu harremanak gaizki biziko dituzte. Gazteei gelan planteatu ohi diet: irudikatu parrandan atera eta ligatu duzuela, zeintzuk sentituko zarete gaizki hurrengo egunean, besteari gehiegi ukitzen utzi diozuela eta halakoak pentsatuz? Mutiletatik inork ez du eskua altxatzen, nesken gehiengoak bai. “Zer pentsatuko dute nitaz?”, galdetu ohi diote neskek euren buruari.
N. Rojo: 8-9 urteko haurrek mugikorra dute gaur egun eta pornografia oso eskuragarri dago. Ezin badugu gainditu, landu dezagun. Eta lantzeak ez du zertan esan nahi gelan pornografia ikusten jarriko garenik, baina gaiaz eztabaidatu daiteke, irudiak kritikoki aztertzen lagundu, askotan ezer zalantzan jarri gabe sinesten dituztelako gauzak. Gu sar gaitezke gelan, aluak bost zulo dituela esan, eta batek baino gehiagok sinetsi egingo digu, kritikotasun maila txikia dutelako eta guk boterea dugula uste dutelako. Pornoan ikusten duten guztia sinesten badute, txarto goaz. Batez ere sexuari buruz duten informazio iturri bakarra hori bada.
M. Oribe: Guraso batzuk larritzen dira pornoa esplizitua delako, baina badira pornoa baino suntsitzaileagoak diren edukiak, hain esplizituak ez izan arren. Garai bateko Super Pop eta estilo horretako aldizkarietan adibidez, neskei bideratutako edukietan ikusten duzu sumisioa goraipatzen dela, “zure bikotekidea nola mantendu” gisako testen bidez. Hori bai dela arriskutsua. Musikarekin berdin gertatzen da, reggaetona matxista dela diogu, hainbat letra oso esplizituak direlako, baina Amaralek “Sin ti no soy nada” (zu gabe ez naiz ezer) kantatzea baino gauza deuseztatzaileagorik? Pornoan azken finean gakoa da adieraztea fikzioa dela, aktoreak direla, gidoi bat dutela, trikimailuak daudela… Hori ahazten bazaigu disoziazio bat ematen delako: ez dut nire gorputza ezagutzen eta uste dut fikzio hori dela errealitatea.
Eredu interesgarririk ba al da beste herrialdeetan?
N. Rojo: Hainbat herrialdetan, Frantziako Estatuan bertan, gutxienez ikasgaia da sexualitatea, eta hori bada zerbait, nahiz eta egia den ikasgaiari eskaintzen zaion ordu kopurua eskasa dela. Norvegiako telebista publikoak saio bat eskaini dio sexu hezkuntzari; proiektu interesgarria iruditzen zait. Finlandian, txiki-txikitatik jasotzen dute sexu heziketa eta igerileku publikoetan dutxak ez daude sexuaren arabera bananduta; urrats inportantea da, biluztasuna natural bizi ahal izateko.
O. Berastegi: Kanadan ere esango nuke txikitatik dutela sexu heziketa ikasgai moduan, eta hain juxtu Kanada eta Belgika dira Sexologia karrera duten bakarrak.
M. Oribe: Hemen graduondoa da Sexologia, eta inongo asmorik ez dago hori aldatzeko. Genero ikasketei lotutako karrera bat aterako dute orain Espainiako Estatuan, baina generoa gure diziplinak barnebiltzen du, sexologiak, eta sexologia karrera bihurtu beharrean sotoan dute baztertuta.
MAHAIKIDEAK:
Olatz Berastegi Loiola
1975ean Lizarraga-Ergoienan jaioa. Sexologoa, soziologoa eta psikoterapeuta da, terapia humanistan, korporalean eta sistemikoan formatua. 2008an Harremanak elkartea sortu zuen eta elkarteak udal eta ikastetxeekin dituen egitasmoak koordinatzen ditu, egitasmo horietan hezitzaile ere badabil eta Harremanak zentroan psikoterapeuta eta sexologo gisa aritzen da haur, nerabe, heldu eta familiekin. Kolaboratzaile aritu da hainbat hedabidetan (Guaixe aldizkaria, Ilargipean eta Zebrabidea irratsaioak).
Mikel Oribe Galdona
1978an Bilbon jaioa. Sexologoa da, tratu txarretan eta genero indarkerian unibertsitate aditua, eta sexu aniztasunaren alde lan egiten duen Bizigay elkarteko presidentea da 2003tik. Sexologia klinikako prestatzailea ere bada Biko Arloak kabinete sexologikoan, eta Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskola sortu zuen 2007an. Geroztik, kooperatiba elkarte horretako zuzendaria da. EAEko 62 ikastetxetan ikastaroak antolatzen eskarmentua du eta Prest-Gara sexu heziketa eta berdintasun programan ere aritzen da, irakasleak trebatzen.
Nahia Rojo Bustinduy
1982an Ermuan jaioa, Psikologian lizentziatua da, masterra du Sexologian eta goi mailako ikasketak berdintasunean, hezkidetzan eta terapia sexologikoan. Desirak Sexologia eta Generoa enpresaren koordinatzailea eta fundatzaileetako bat da. Sexu askatasunaren eta aniztasunaren aldeko Guztiok elkarteko lehendakaria eta Berdindu Eskolak eta Gustora zerbitzuetako arduraduna ere bada. Gaiari lotutako ikastaroak ematen ditu ikastetxeetan eta emakume taldeetan. Terapia psikologikoa eta sexologikoa eskaintzen du eta hainbat argitalpen eta hitzalditan parte hartu du.