Irungo taberna batean gertatzen ari diren jazarpen homofoboak salatu dituzte

Eskina Mosku tabernako jabeak zein langileek irainak eta mehatxuak jasaten dituzte egunero. Salaketak jarri dituzte, baina egoera ez da aldatu. Gehituk «urgentziazko neurriak» eskatu ditu hauek babesteko.

2014-05-17, Donostia. Homofobiaren kontrako elkarretaratzea. Irudian, homofobiarekin lotutako egunkarietako artikuluak zintzilikatuta. 17-05-2014, Donostia. Concentración con motivo del día contra la homofobia. En la imagen, articulos periodísticos relacionados con la homofobia colgados en un tenderete.

Irungo Eskina Mosku tabernako langileek egunero jasaten dituzten «jazarpen homofobo errepikakorrak» salatu ditu Gehitu elkarteak. Azaldu duenez, egoera ez da berria, azken urteetan jazotzen ari dena baizik.

Duela hiru urte hartu zuen tabernako ardura Pablo Campok eta, aurreko jabeak bezala, irainak, mehatxuak eta jazarpenak pairatzen ditu bere orientazio sexualagatik; beste hainbeste gertatzen zaie langileei. Gertaera onartezinok kalean zein tabernan gertatzen dira, eta salatu egin ditu hainbatetan Campok, baina ez du egoera aldatzea lortu, Gehituk GARAri kontatu dionez. Elkarteak hain zuzen oharra plazaratu zuen atzo, «pertsona hauen segurtasuna bermatuko duten urgentziazko neurriak» eskatzeko.

Burnizko barrarekin ere mehatxatu dituzte, beldurtzeko, kikiltzeko asmoz. «Azkenean sarrera ukatzeko eskubidea indarrean jarri behar izan dute tabernan, baina horrek ere ez du egoera aldatzea lortu», diote Gehitutik.

LGTB komunitatearen eskubideak defendatzen dituen elkarteari deigarria egiten zaio, eta irmoki salatzen du, dagoen zigorgabetasuna. «Izugarria da zein inpunitaterekin egin daitezkeen irainak eta mehatxuak», kexatzen da. Gogorarazi duenez, gainera, ez da kasu ezohiko bat, eta orain gutxi Bilbon bi emakumek taberna batean jasan zuten bazterkeria gogora ekarri du. «Ez baita gertaera isolatu bat, azken hilabeteetan izan diren ezaugarri antzekoko eta benetan kezkagarriak diren gertaeren artean beste kapitulu bat baizik», dio oharrean.

Era berean, «pertsona hauek neurri baliagarrien ezak eraginda egunerokotasunean pairatzen duten normaltasun eta segurtasun eza» salatu du. Antza, Irungo Udalak bi kamera jarriko ditu inguruetan, segurtasuna bermatzen saiatzeko.

Bilbon izandako eraso lesbofoboa salatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

BILBO. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak joan den larunbatean Bilbon izandako eraso lesbofoboa salatu du. Gizon batek bi emakume jo zituen elkarri musu ematen ari zirelako, EGK-k azaldu duenez. «Guztiz onartezina» dela adierazi dute; erasoen lekuko izan daitezkeenei dei egin diete ez daitezen isildu eta halakoen kontra jardun dezaten.

Bigarren eraso lesbofobo aste berean Bilbon

Baserri tabernan gertatukoaren aurkako elkarretaratezea eta ordu gutxi geroago, Bilboko Iturribide kalean gizon batek erosotu du neska bat, haren neska-lagunarekin musukatzen ari zelako

 

BERRIA MEDIOETAN:

“Munduak ez gaitu aldatuko; guk aldatuko dugu mundua”

niño con tutu

Kalean jolasean ari zirela, ezezagun bat joan zitzaien Jen Anderson eta haren semeari. Semeak gona janztea “oker” zegoela esan zien, eta argazkiak egin zizkien. Amak mezu bat idatzi zuen sarean, eta birala egin da. Mezua, euskarara itzulita, albiste barruan.

Orain egun gutxi, kalean jolasean ari ziren Jen Anderson eta haren semea. Kolore biziko gona bat zeraman jantzita mutilak, beste askotan bezala. Gizon bat hurbildu, argazkiak egin, eta mutilek gonak janztea “oker” zegoela esan zien. Andersonek gertatutakoa salatzeko mezu bat idatzi zuen sare sozialetan, eta birala egin da mezua. 62.000 aldiz partekatu dute, eta dozenaka hedabidetan argitaratu.

tweet niño con tutu

Mezua, osorik, euskarara itzulita:

“Kamioiekin jolas egitea gustatzen zaio hiru urte eta erdiko nire semeari. Puzzleak egitea. Aranak jatea. Eta gustatzen zaio kolore biziko tutuak janztea. Galdetuz gero, esango luke gonak janzteak polit eta ausart sentiarazten duela. Galdetuz gero, esango luke ez dela araurik mutilek eta neskek jantzi dezaketenaren inguruan.

Elizara joan da nire semea tutua jantzita. Dendara joan da tutua jantzita. Trenean ibili da tutua jantzita, eta jolastu da tutua jantzita. Gure inguruan arazorik ez du sortzen horrek. Egin izan dizkigute galderak asmo onez, eta erantzun izan ditugu. Ederra da. Ederra ZEN, atzo arte.

Atzo, parkean ginela, ezezagun bat etorri zitzaigun. Galdetu zigun semeak zergatik zeraman gona jantzita. Ez genuen gizona ezagutzen, baina denbora zeraman guri begira.

“Jakin-minez galdetu dut”, esan zigun gizonak. “Zergatik eman diozu semeari horretarako baimena?”.

Ez zuen jakin-minez galdetu. Ez zuen erantzunik nahi. Semea —nire baimenarekin— egiten ari zena oker zegoela gogorarazi nahi zigun.

“Amak ez lizuke horretarako baimenik eman beharko”. Semeari hitz egin zion: “Mutila zara. Ama txarra da zure amatxo. Haurren aurkako abusua da hori”.

Argazkiak egin zizkigun, halakorik ez egiteko esan banion ere. Mehatxu egin zidan: “Orain jende guztiak jakingo du. Ikusiko duzu”.

Poliziari deitu nion. Etorri, deklarazioa hartu, eta semearen gona goraipatu zuten. Semea beldurrez dago oraindik: “Gaur ere etorriko al da gizon gaiztoa? Esango al ditu hitz itsusiak nire gonari buruz? Argazki gehiago egingo al dizkit?”.

Ezin diot ezer ziurrik esan. Baina bada esan dezakedan zerbait: ez naute izutuko. Ez naute ahulduko. Ezezagun amorratuek ez dute esango nire semeak zer jantzi dezakeen.

Maite dudala jakin dezan nago ni hemen.

Jende guztiak agian ez du maiteko, baina nik bai. Kalean oihu egingo dut semea maite dudala jakin dezaten.

Oihu egingo dut, kalean lasai ibiltzeko eskubidea duela defendatzeko, berak nahi duena jantzita.

Eta erakutsiko diot semeari zein den pertsona moduan duen balioa. Eta babestuko ditut haren erabakiak. Bost axola besteek zer dioten, bost axola nor saiatzen den hura gelditzen, eta zenbat alditan.

Gure familiak lelo bat du:

Elkar maite dugu. Atseginak gara. Burugogorrak gara. Ederrak gara, eta ausartak.

Badakigu nor garen. Ezezagun amorratuek ez dute deus aldatuko. Munduak ez gaitu aldatuko; guk aldatuko dugu mundua”.

Legezkoa da gizon homosexualek odola ematea

PARIS. Indarrean da Frantziako Gobernuak gizon homosexualei odola emateko bidea irekitzen dien baimena. Orain arte galarazia zuten, eta orain ere kritika ugari eragin dituen eran zabaldu diete horretarako modua: ziurtatu behar dute hamabi hilabetean ez dutela sexu erlaziorik izan.

Futbolak eta jai giroak maskulinitate eredu tradizionalak sustatzen dituzte

Gazteek genero eredu zaharrei eusten dietela berretsi du Emakundek saritutako ikerketa batek. Kontzientzia kritikoa garatzeko, kontzientzia feministaren garrantzia nabarmendu dute

Ikerketaren arabera, futbola «maskulinitate heterosexista sustatzeko eremu pribilegiatua» da. Irudian, jarraitzaileak harmailan, futbol partida bat ikusten

Ikerketaren arabera, futbola «maskulinitate heterosexista sustatzeko eremu pribilegiatua» da. Irudian, jarraitzaileak harmailan, futbol partida bat ikusten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Futbolak, jaiek eta zenbait aisialdi eremuk maskulinitate eredu tradizionalak sustatzen dituzte. Ondorio horretara heldu da Emakundek saritu duen ikerlan bat. «Horrek ez du esan nahi kirola egiten duten neska-mutilek ideia horri eutsiko diotenik, baina egia da futbolean hala gertatzen dela», zehaztu du Mari Luz Esteban antropologoak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen genero harremanak aztertu dituen ikerlanaren koordinatzaileak.

EHUko Antropologia saileko bost ikerlari feministak egin dute ikerketa. 15 eta 30 urte arteko 102 gazte elkarrizketatu dituzte, baita euren testuinguruan behatu ere. Horren bitartez jasotako informazioa hiru ardatzetan sailkatu dute: jarraipena duten genero rol tradizionalak eta estereotipoak; genero eredu berri eta zaharren artean antzemandako gatazkak; eta betiko ereduekin gertatutako hausturak.

Kirola, oro har, eta futbola bereziki, «maskulinitate heterosexista sustatzeko era pribilegiatua» dela azaldu du Estebanek. Jone Miren Hernandez ikerlariak gaineratu du ezaugarri hori ez dagoela, berez, futbolari atxikia: «Interesgarria ez da futbola bere hartan, baizik eta kirol horrek dakarren guztia, bere inguruan eraikitzen dena». Alde horretatik, Hernandezek azaldu du kirola sozializazio eremu garrantzitsua dela, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteentzat ere «presentzia handia» duela.

Bestetik, «parranda» ere eredu tradizionalen sustatzaile gisa kokatu du ikerketak. «Dibertimendu eta sedukziorako balio duen eremua da neska eta mutilentzat, baina, aldi berean, beste dimentsio bat du gizonezkoen arteko sozializaziorako», azaldu du Estebanek. Dimentsio horretan, maskulinitate eredu tradizionalak indartzen direla erantsi du.

Era berean, mutilek jaiari egozten dioten «kontrolik eza» nabarmendu dute ikerketan. Kontrol falta hori drogen kontsumoarekin lotu dute gazteek —alkohola zein bestelako gaiak—. Ikerketak ondorioztatu du testuinguru horretan «maskulinitate eredu tradizionalagoa» agertu ohi dela. Egoera horiek gizon gazte gehienetan gertatzen direla gaineratu dute, baita kontzientzia feminista garatua zutela esana dutenen artean ere.

Jokabide horiek argudiatzeko arrazoibide «naturalizatzaileak» baliatu dituzte ikerketan parte hartu duten gazteek. Hau da, haien ustez, sexu bakoitzak berezkoak, naturalak, dituen grinak islatzen dira jai giroan. Dena den, eremu hori ez dago behar beste ikertua, Estebanen arabera. Edonola ere, «desberdintasunaren ikasketa naturalizatzailean» kirolak eta aisialdiak zeresan handia dutela berretsi du.

Jai eremuaz gain, lokaletan oinarritutako aisialdi eredua ere urratzeko moduko ikergaia dela iradoki du Estebanek. Hain zuzen ere, eredu hori berritzailea den edota elkarte gastronomikoetatik «oinordetzan jaso» duten galdetu diote ikerlariek beren buruari. Lokal askotan neskak eta mutilak badaude ere, aisialdi eremu horiek maskulinizatuta daudela hausnartu dute.

Genero ereduetan arrakala

Genero eredu berri eta zaharren artean antzemandako gatazkak ere jorratu ditu ikerlanak. Horien artean, «erreferentetzat» jo dituzte Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) alardeak. Bidasoa eskualdeko gazteek duela hogei urteko argudioak «errepikatu» dituztela azaldu dute antropologoek; transmisio horretan familiaren eta lagun taldearen eragina handia izan dela hausnartu dute. Bestalde, alarde parekidearen aldekoen artean beste jokabide batzuk antzeman dituzte, gizarte mugimendu edota «figura feminista» batek kontzientzia kritikoa piztu dielako.

Beste maila batean, ikerketan ikusi dute genero harreman ereduen arteko gatazkek indar berezia izan ohi dutela bizitzaren «trantsizio uneetan»: lan ibilbideari lotutako erabakiei aurre egitean, bikote harremanak hastean, eta, azkenik, seme-alaba bat izatean. Aldi horietan, amatasunaren, etxeko lanen banaketaren, aisialdiaren eta beste hainbat gairen inguruko gatazkak areagotu ohi direla nabarmendu dute.

Ikerketa lanak antzeman du ereduen arteko gatazka bestelako alorretara heldu dela. Indarkeria matxistari edota sexualitateari dagokionez, aldaketak sumatu dituzte gazteen diskurtsoan. Edonola ere, gaineratu dute aldaketok horretara mugatzen direla: teoriara. Horrez gain, gazteek ziurgabetasunarekin eta alor ezkor eta gatazkatsuekin lotzen dituzte aipatu gai horiek.

Gizonen eta emakumeen arteko harremanetan genero rol tradizionalekin apurtzen duten eredu berriak antzeman dituzte ikerketan. Nagusiki, bi modutan gertatzen dela xehatu du Hernandezek: batetik, ezkontzea eta haurrak izatea dakartzan eredu tradizionala hautsiz; eta bestetik, genero rol maskulino eta femeninoen arteko muga gaindituz —afektuzko jokabideen eta kirolaren bidez, lan munduan, ikasketetan…—. Halaber, Hernandezek beste ezaugarri bat gehitu du: eredu berriak urratzen dituzten pertsonek kontrol sozial agerikoa duten eremuak baliatzen dituzte: gorputzaren irudiarekin esperimentatu, erresistentzia agertu…

Hausketarako hiru eragile

Genero harreman tradizionalekin hausten duten eredu berrien inguruan, galdera bati heldu dio Emakundek saritutako ikerketak: zein faktorek eragiten dute desberdintasunaren inguruan iritzi kritikoagoa izatea? Emaitzak ikusita, zenbait faktore eman dituzte: ideologia feminista izatea, ingurutik jasotako erreferentziak, eta sozializazio espazioetan izandako parte hartzea.

Kontzientzia feministaren garrantzia nabarmendu dute, baina beste eragileen garrantzia ere gogoratu dute. Erreferentzien artean, familian, lagun taldean edota hezkuntza munduan jasotakoak nabarmendu dituzte. «Normalean emakumeak izan ohi dira», zehaztu du Estebanek. Sozializazio espazio zehatzei dagokionez, bi modutan susta daiteke iritzi kritikoa agertzea: eredu tradizionalak sustatzen duten espazioetatik urrunduz, edo jokabide irekia ahalbidetzen duten eremuetan parte hartuz. Azken horien artean abesbatzak aipatu dituzte.

Sexu askatasunaren alde manifestazio jendetsuak Euskal Herrian

LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Egunak Euskal Herriko hiri nagusiak koloreztatu ditu ekainaren 28an. Borrokarako, sexu askatasuna aldarrikatzeko eta aniztasuna ospatzeko egunean ortzadarra izan da protagonista.

LGTB Harrotasunaren egunez manifestazioa Bilbon

LGTB Harrotasunaren egunez manifestazioa Bilbon. (Argazkia: @EcuadorEtxea)

Hego Euskal Herriko hiriburuetan barrena manifestazio jendetsuak izan dira. Arratsalderako zegoen egina deialdia lau hiriburuetan eta ehunka lagun bildu ditu gay harrotasunaren eta aniztasunaren aldarrikapenaren egunak. LGTBfobiaren aurkako aldarriak nagusitu dira eta errefuxiatuekiko elkartasuna adierazi dute manifestariek. Bilbon, esaterako, Harrotasunak ez du mugariklelopean egin dute. Eredu tradizionaletik kanpo dauden errealitate ugariak aldarrikatu dituzte.

bilbo 2016-ecuador etxea

“Sexu askatasuna posible izateko, pertsonen duintasuna errespetatu behar da”

Urtero ohi duenez, EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak Urrezko Hirukia sariak banatu ditu gaur Bilboko Kafe Antzokian.

urrezko hirukia 2016

Iker Ortiz de Zarate, Imanol Alvarez, Javier Liñera eta Jon Koldo Vazquez

ker Ortiz de Zarate, Javier Liñera eta Jon Koldo Vazquez aktoreek jaso dute, euren ibilbide profesionalean LGTBI komunitatearen helburuekin bat datozen gaiak jorratzeagatik.

Bilbo Hiria irratiko koordinatzaile Ane Zabalak Imanol Alvarez EHGAMeko kidearekin eta Vazquez sarituarekin hitz egin du.

Aldarria, harro eta ozen

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko asmoz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Arratsaldean izango dira deialdi nagusiak: 19:30ean eta 20:00etan.

Hilaren 18an Miarritzen antolatu zuten manifestazioa

Hilaren 18an Miarritzen antolatu zuten manifestazioa. BOB EDME

Ozen entzungo da gaur, urtero legez, Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen aldarria kalean. Aurreko egunetan antolatu diren ekitaldiez gain, hainbat mobilizazio eta bestelako egitasmo egingo dituzte gaur.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzte manifestazioak. 19:30ean hasiko dira Bilboko —Moiua plazatik— eta Donostiako deialdiak —Bulebarretik—. Bizkaiko Ekainak 28 Koordinakundeak antolatu du Bizkaiko martxa, Harrotasunak ez du mugarik lelopean, errefuxiatuen afera mahai gainean jarriz. Izan ere, «guztientzako gizarte justuagoa» nahi dutela aldarrikatu zuten prentsaurrekoan, sexu aniztasuna eta genero nortasuna kontuan hartu gabe. Gogora ekarri zuten Europara iritsi nahi duen errefuxiatu uholdea, eta ikusarazi haietako askok «disidentzia sexualaren estigmari» aurre egin behar diotela.

Gipuzkoakoa EHGAMek, Bilgune Feministak, Medeak-ek eta Kitzikan-ek antolatu dute. Gasteizkoa, bestalde, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da, 20:00etan. Ordu berean hasiko da Iruñeko manifestazioa ere, autobus geltoki zaharretik, E28 plataformak antolatuta.

Ez dira deialdiak antolatu dituzten elkarte bakarrak. Gehituk, esaterako, hainbat ekitaldi antolatu ditu Donostiako Gros auzoko Katalunia plazan. Haurren txokoarekin hasiko dute, 17:00etan, eta musika bideoak jarriko dituzte 19:00etan. Ordu erdi geroago, manifestua irakurriko dute, eta 19:45ean koloretako puxikak askatuko dituzte, Orlandoko (AEB) sarraskiaren biktimen omenez. Musikak hartuko du lekua gero, batukadarekin.

LAB sindikatuak ohar bat plazaratu du, lantokietako sexu askatasunaren eta aniztasunaren aldeko neurriak aurkezteko. 11:00etan Bilboko Arriaga plazan biltzeko deia egin dute.

Lapurdin, ohi bezala, orain dela bi larunbat antolatu zuen mobilizazioa Les Bascos elkarteak. Herritar andana bildu ziren Miarritzeko karriketan.

Heteroarauaren ihesean

Errefuxiatuen eta, bereziki, haien artean sexu disidenteen eskubideak aldarrikatu dituzte LGTBI komunitatearen eguneko manifestazioetan

Ehunka lagun elkartu ziren manifestazioetan. Irudian, Iruñekoa

Ehunka lagun elkartu ziren manifestazioetan. Irudian, Iruñekoa. IÑIGO URIZ / ARP

«Harrotasuna» eta «lotsa» uztartu dituzte ehunka lagunek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira, manifestazioak egin zituzten atzo, Harrotasunak ez du mugarik lelopean. «Europako hiritarrok azken boladan ez dugu harro egoteko moduko arrazoirik. Badugu, ordea, zertaz lotsatu», ohartarazi zuten manifestazio bukaeran irakurritako agirian. Izan ere, Europara asilo eske etorri diren milaka errefuxiatuak izan dituzte gogoan aurtengo mobilizazioetan. «Berdintasunezko gizarte zuzenagoa nahi dugu guztiontzat, gure desioak, sexu praktikak edo genero identitatea kontuan hartu barik. Oihukatu nahi dugu halako mundu berririk ez dela izango laguntza eta abegikortasuna eskatzen diguten pertsona horiek ere barnean hartuko ez baditu».

Errefuxiatu horien artean dauden gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualak ikusaraztea izan zen atzoko mobilizazioen berezitasuna. «Euren etxea utzi eta gurean etxe berria eraikitzeko dauzkaten arrazoi askoren artean, euretako askorentzat inportanteenetako bat izan daiteke disidente sexualak izatea. Gerrak, ihesaldiak, errefuxiatu guneetan sartu eta pilatzeak eragindako arazoei gehitu behar diete disidente sexualaren estigma».

Europan ere ez dute lortzen erasoak desagertzerik. Atzoko egunaren harira argitaratutako adierazpenean, EAEko arartekoak azpimarratu zuen lege aitortza beti ez dela berme: «Orlandoko zorigaiztoko gertakariak agerian jarri du, gainera, talde horren kontrako gorroto delituek arriskutsuak direla oraindik ere, baita LGBTIen eskubideak legez aitortuta dauden gizarte batzuetan ere». Testu berean eman du datua: «Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak 2012an egin zuen azterlanak agerian utzi du Europan ere LGBTI pertsonak indarkeriaren eta gorrotoaren beldur direla, lautik batek pairatu baititu indarkeria fisikoa edo mehatxuak bere sexu joeragatik edo genero identitateagatik azken bost urteotan». Hego Euskal Herrian, esate baterako, %3,3 hazi dira aurten LGTBI komunitatearen aurkako erasoak.

Lan munduan ere, okerrera

«Krisia hasi zenetik ugaritu egin direla nabaritu dugu», ohartarazi zuen Urtzi Ostolozaga LABeko kideak, atzo goizean sindikatuak Bilbon egin zuten elkarretaratzean. «Lantokietan beldurra eta lehiakortasuna ugaritu egin dira. Murrizketek eta lan erreformak egonezina sortu dute», azaldu zuen. «Ezberdinarekiko gorrotoa oinarri duen eskuin muturreko diskurtsoarekin» lotu du. Haren esanetan, «langile klasea zatitzea» da helburua.

LABek sexu askatasunaren aurkako erasoei aurre egiteko tresna bi sortu ditu azken urteetan: 2014an gida bat aurkeztu zuen; iaz, lantokietan prebentziorako eta erasoei erantzuteko protokolo bat. Ostolozagak aitortu zuen protokoloa ez dela eurek nahi besteko ezaguna, baina iruditzen zaio fruituak eman dituela. Horretan sakontzeko, irailetik aurrera prestakuntza saioak eskainiko dituzte. Gainontzeko sindikatuekin elkarlanean aritzeko premiaz ere ohartarazi zuen.