Homofobia eta transfobiaren aurkako “agente aktibo” gisa aurkeztu da Bilboko Udala

bandera

Gizakien dibertsitatearen eta askatasunaren errespetuarekin “konpremetituta” dagoela azaldu du gaur Bilboko Udalak, eta “hartu beharreko neurriak har daitezela” eskatu du, dela legegintzakoak, dela administratiboak dela bestelakoak, “sexu orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako tratu diskriminatzailea debekatzeko eta ezabatzeko Admnistrazioaren maila guztietan”.

Gaur bezalako egun batean, 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik atera zuen. Horregatik ospatzen da harrezkero maiatzaren 17ro Homofobia eta Transfobiaren aurkako eguna. Eta hori dela eta, Bilboko Udalak, alderdi politiko guztiek sinatutako adierazpenean, pertsona lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen aurkako “indarkeria eta diskrimizazio forma guztiak” gaitzetsi ditu. “Udal hau eskaintzen dugu eskubide horien urraketaren aurkako agente aktibo gisa eta pertsona horien benetako berdintasuna gure udalerriko eremu guztietan sustatzen duen eragile gisa”. Hala nola, herritarrei dei egin die Udalak “lan proaktiboa” garatzera homo-lesbofobia eta transfobiaren aurkako borrokan.

Udala “bereziki kezkatuta” agertu da homosexualitatea eta transexualitatea “oraindik ere kriminalizatuta daudelako zenbait herrialdetan. “Gainera, krimenek ez dutelako inolako zigorrik jasotzen”. Alde horretatik, Europar Batasunean integratuta dauden edo berarekin lotura estua duten herrialde batzuetan gertatutako “inboluzioa” kontutan hartuta, NBEri eta EBri eskatu die Udalak “arin eta inpartzialtasunez” joka dezatela, eta “urraketen egileak behartu ditzatela eragindakoaren ardura hartzera eta auzitegian agertzera”.

Zazpi puntuko adierazpenean Udalak, besteak beste, bi eskakizun gehiago plazaratu ditu. Batetik, asilo politikoari dagokiona, eta “Administrazio guztiei” zuzendua: “Asilo politikorako onar daitekeen arrazoi bezala identitatearen aitortza onar dezatela, berme guztiekin”. Bestetik, Munduko Osasun erakundeari zuzendurikoa. Transexualitatea buru-gaixotasuntzat hartzen duten ‘genero-disforia’ eta ‘genero-identtarean nahsmenduak’ kategoriak ezaba ditzala eskatzeko.

Bizkaiko E28ko Koordinakundearen kritikak Udalari

Bilboko Udalak bultzatu duen ‘Bilbao gay-friendly’ egitasmoa positiboki hartu duen arren Bizkaiko E28ko Koordinakundeak, Udaleko turismo arloak egindako kanpainaren “aniztasun ezak” kezkatzen du. “Urte askotan zehar pertsona disidente sexualek gainditu behar izan ditugun handicapik handiena ikusezintasuna izan da; edo beste era batean esanda, soilik estereotipo erreduktore eta iraingarrien bidez ikusi izana. Horrek ezkutatzen gintuen eta ahultzen gintuen. Gizartearen aurrerapen handiena gure aniztasun osoan nabaritu gaituztenean gertatu da. Gure aniztasuna gure armarik handiena da, eta hau gure banderetan adierazten dugun ideia nagusia da. Estereotipo bakarrera txikiagotzen gaituztenean, gure taldearen parte handiena kanpoan uzten dutenean, uniformatu egiten gaituzte, banatzen gaituzte, ahultzen gaituzte. Gaur honetaz kontziente izan behar dugu, gure gorputz guztiekin, gure desio guztiekin, gure bizi-historia guztiekin ikus gaitzaten. Azken finean, gure kolore guztiekin”.

Hori dela eta, Ekainaren 28ko Koordinakundeak dei egin die erakundeei “guztiok batera benetako Bilbo eta Bizkaia gay-friendly, les-friendly, trans-friendly, inter-friendly… eraikitzeko”.

Gaur, hilak 17, les-homo-trans-bi-inter-fobiaren aurkako kalejira antolatu dute Arriaga plazan, 19:00etan hasita.

[2016-05-17] Bilbo eta Euskal Herria homofobiarik gabeko lurraldeak izan daitezen

[2016-05-17] LGTBIQ begiradak

[2016-05-17] Lantokietan aukera sexuala askatasun osoz biziko dugu

Ekainaren 28ko Koordinakundearen komunikatua maiatzaren 17aren harira, Nazioarteko Homofobiaren aurkako eguna

Maiatzaren 17aren bezperan, les-homo-trans-bi-inter-fobiaren aurkako Nazioarteko eguna den honetan,  Bizkaiko E28ko Koordinakundea osatzen ditugun taldeek gure elkartasuna helarazi nahi diegu, lehenengo eta behin, bortizkeria hau jasaten duten pertsona guztiei. Azken egun hauetan Madrilen  gertatutako hainbat erasoren berri izan dugu, Bartzelonako mutil gay baten heriotzako arduradunak libre geratu dira, Marokon bi mutil gay atxilotu dituzte erasotuak izan ondoren, eliza katolikoa azkenaldian transexualen aurka agertu da modu berezian… eta hau ez da salbuespena, pertsona askoren egunerokoa baizik. Zenbat eta askatasun espazio gehiago konkistatzen ditugun, hainbat eta handiagoa da batzuek gure existentzia hutsaren kontra adierazten duten gorrotoa. Hau homofobia sozialaren isla da, eta baita ibiltzeke geratzen zaigun bidearena ere.

Bortizkeria hauek guztiak, gehien bat gure ingurunean gertatzen direnean,  gogor salatu behar ditugu. Gure ustez, funtsezkoa da erasoak, diskriminazioa edo-eta euren orientazio sexualagatik edo genero-identitateagatik bortizkeria jasaten duten pertsonentzako tratu egokia bermatzen duen protokoloa garatzea. Erne egon behar dugu bortizkeria homofoboaren edozein kasu antzemateko, eta haren kontra azkar eta gogor erreakzionatzeko gai izan. Horregatik, eraso homoforen bat jasan duzuen guztiei, edo norbaitek jasan duela dakizuen guztiei, eskatu nahi dizuegu isil ez zaitezten eta sala dezazuen. Homofobia erakustea da haren aurka borroka eraginkorra egin ahal izateko era bakarra. Eta bide honetan zuen aldean izango gaituzue beti.

Erakunde publikoek Bilbo eta Euskal Herria homofobiarik gabeko lurraldeak izan daitezen biziki lan egin behar dutela uste dugu. Gu beti egongo gara haien aldean lan honetan. Adibide eran, Bizkaiko Foru Aldundiak urteak daramatza homofobiaren aurkako egunean kanpainak egiten, zeinetan Koordinakundeak ere parte hartu duen. Bilboko Udalak, bere aldetik, azken urte honetan “Bilbao gay-friendly” ekitaldia bultzatu du. Udalaren gu guztiontzako Bilbo libreagoa eraikitzearen aldeko interes berri hau positiboki hartzen dugun arren, Udaleko turismo arloak egindako kanpainaren aniztasun ezak kezkatzen gaitu. Urte askotan zehar pertsona disidente sexualek gainditu behar izan ditugun handicapik handiena ikusezintasuna izan da; edo beste era batean esanda, soilik estereotipo erreduktore eta iraingarrien bidez ikusi izana. Horrek ezkutatzen gintuen eta ahultzen gintuen. Gizartearen aurrerapen handiena gure aniztasun osoan nabaritu gaituztenean gertatu da. Gure aniztasuna gure armarik handiena da, eta hau gure banderetan adierazten dugun ideia nagusia da. Estereotipo bakarrera txikiagotzen gaituztenean, gure taldearen parte handiena kanpoan uzten dutenean, uniformatu egiten gaituzte, banatzen gaituzte, ahultzen gaituzte. Gaur honetaz kontziente izan behar dugu, gure gorputz guztiekin, gure desio guztiekin, gure bizi-historia guztiekin ikus gaitzaten. Azken finean, gure kolore guztiekin.

Hau dela eta, gaur eta hemen Ekainaren 28ko Koordinakundetik dei egin nahi diegu erakunde horiei, guztiok batera benetako Bilbo eta Bizkaia gay-friendly, les-friendly, trans-friendly, inter-friendly… eraikitzeko: gizarte askotariko eta guztiontzakoa, inor kanpoan uzten ez duena. Lortzen dugun eguna iritsiko da, eta egun horretan benetan erakutsi ahal izango dugu harro gure hiria. Ordura arte, guztiok elkarrekin borrokatu beharko dugu gogor.

 

Bilbon, 2016.eko maiatzaren 16an

Bizkaiko Ekainaren 28ko koordinakundea

(Aldarte, Bizigay, Ehgam, Guztiok, Hegoak, Liga LGTB, Ortzadar, Zaharrok)

%89

SEXUA ALDATZEKO EBAKUNTZEN ALDE DAUDEN GAZTEAK

Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Egunaren harira, Gazteriaren Euskal Behatokiak 2016ko Gazteriaren Txosteneko datu batzuk eman ditu: gazteen %89 sexu aldaketarako ebakuntzen alde daude; %83 ziren 2008an. Sexu bereko ezkontzen alde %91 daude.

Eraso homofoboak salatu zituen arbitroak futbola utzi du

“Ezin dut gehiago”. Halaxe mintzatu da Jesús Tomillero arbitro andaluziarra. Futbol partidu batean eraso homofoboak publikoki salatu eta bi hilabete pasa ez direnean, futbola utzi behar izan du, beste norgehiagoka batean berriz ere irainak eta barreak jasan ostean eta Andaluziako Futbol Federazioaren aldetik “baztertuta” sentitu ostean.

Jesús Tomillero

Oraingo honetan, penalti bat adierazi eta oihuka hasi zitzaizkion harmailetatik: “Hori da telebistan agertzen den marikoia, gola ipurditik sartuko duzu, marikoi zikina!”. Tomillerorentzat, dena den, “publiko guztia barrez ikustea” izan zen gogorrena, “horrek eman zidan min gehien”. Gertatutakoa eta gero, eta eraso homofoboak salatu zituenetik Andaluziako Futbol Federazioak izan duen jarrera ikusita –erasoak publiko ez egiteko presioak izan zituen eta hedabideetan agertzen jarraituz gero zigortuko zutela esan zioten–, futbola behin-behinean uztea erabaki du Tomillerok. Homosexuala dela onartu duen Espainiako Estatuko lehenengo arbitroa da bera.

Martxoan hasi zen dena

Martxoaren 26an, kadeteen arteko partidu batean, “nazkatu arte jango dituzu zakilak” bezalako irainak entzun behar izan zituen eta komisarian salatzea erabaki zuen. “Gehiagotan gertatu zait, baina beldurragatik ez dut salaketarik jarri. Aski da. Ez dut gehiago halakorik onartuko”, adierazi zuen orduan. Jarrera hauek inpune ez uztea eta bide batez futbol kategoria guztietan ematen den homofobia bistaratzea zuen helburu.

Babes mezu asko jaso ditu ordutik, baina nonbait, kontrako erasoek irabazi dute partida, oraingoz.

Indarkeria homofoboaren biktimentzako protokolo bat eskatu dute Gasteizen

Horrez gain, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak zerbitzu sozialen eraldaketa sakona eskatu du.

Rueda de prensa ofrecida en Gasteiz

Homofobiaren aurkako protokoloa eskatu dute. (Argazkia: Arabako Alea)

Gaur goizean Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak pasa den azaroan 21 urteko gazte batek jasan zuen eraso homofoboa salatu du eta ildo horretan, indarkeria homofoboa, lesbofoboa eta transfoboa pairatzen duten biktimentzako protokolo bat eta zerbitzu sozialen eraldaketa sakona eskatu du.

Kolektiboak agerraldian azaldu duenez, iazko azaroan 21 urteko ikasle gazte bat bere etxetik bota zuten, “gay izateagatik”. Bere kasua erakunde ezberdinetan aurkeztu arren, momentu horretan behar zuen laguntza ez zuela jaso azaldu du plataformak.

Erakundez erakunde, laguntza eske

Gaztea “kale gorrian” geratu zen eta  auzokide baten laguntzarekin, erakunde desberdinetan eskatu zuen laguntza. Zerbitzu sozialetan hitzordua eskatu baina hilabete itxaron behar izan zuela salatu du plataformak. Gainera, lehenengo elkarrizketa horretan konponbiderik eskaini ez zitzaiola gaineratu du.

Abenduan, Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzura jo zuen erasoa pairatu zuen gazteak.  Zerbitzu honek aniztasun sexual eta generoko gaiak lantzen dituen arren, homofobia, lesbofoia eta transfobia kasuen aurrean “protokolorik ez dagoela” salatu du Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak. Ondoren, Larrialdi Sozialerako Udal Zerbitzutik pasa ondoren, berriro ere, bere gizarte langilera bideratu zuten. Gasteizko udaleko politika sozialaz arduratzen den zinegotziarekin kontaktuanere  jarri ziren. “Interesa aurkeztu arren, ez da ezer aldatu, eta gaztea bere bizitza aurrera eramateko baliabiderik gabe jarraitzen du, gay izateagatik jasandako eraso matxista baten ondorioz”, zehaztu du plataformak.

Zerbitzu sozialen “eraldaketa sakona”

Egoera honen aurrean, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak gazte honen kasuan inplikatzeko eta behar dituen baliabiadeak martxan jartzeko eskatu dio Gasteizko udalari. Horrez gain, “pasa den azaroaren 5ean onartu zuten deklarazio instituzionalean jasota dagoen bezala protokolo bat sortzeko” eskatu dio.

Azkenik, zerbitzu sozialen “eraldaketa sakona” egin behar dela azaldu dute. “Zerbitzu hauen funtzionamenduen aldaketa sakon bat eskatzen dugu, bere lehenbiziko funtzioa bete dezaten,  alegia, pertsonen integrazioa eta bertaratzen diren kolektibo desberdinei laguntza eskaintzea, pobreziaren kriminalizazioa alde batera utziz”.

Gasteizko giza mugimenduen plataforma, Kitzikan, 7menos20, Arabako Emakumeen asanblada, Bilgune Feminista eta Mugarik Gabe kolektiboek osatzen dute Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko plataforma.

Oharra: albiste hau Arabako Aleatik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.

Homosexuala izateagatik, kale gorrian

21 urteko gazte bat etxetik bota du aitak Gasteizen. Gizarte zerbitzuetan laguntza eskatu arren, ez diote irtenbiderik eman.

LGTBI komunitatea babesteko protokoloa ezartzeko eskatu diote Gasteizko Udalari

LGTBI komunitatea babesteko protokoloa ezartzeko eskatu diote Gasteizko Udalari. / Argazki Press

Hainbat elkartek eman dute gaztearen egoeraren berri. Azaldu dutenez, gizarte langile ugarirekin izan da gaztea aitak etxetik egotzi eta gero, baina oraingoz ez diote aterabiderik eskaini. Udalak azaldu du gizarte zerbitzuak lanean ari direla irtenbide baten bila.

Eskubide Sozialen Gasteizko Plataformak, Arabako Emakumeen Batzordeak, Bilgune Feministak, Mugarik Gabek eta 7menos20 eta Kitzikan elkarteek udalari eskatu diote martxan jar dezala gay, lesbiana eta transexualen eskubideen alde azaroan iragarritako protokoloa.

LGTB jendeak bere historia ezagutu behar du

LGTB komunitatekook ezagutzen al dugu gure historia? Hemen dugu adibide argi bat: Sam Smith […]. Bere azken hanka sartzea hauxe izan da: Oscar saria irabazi ondorengo mintzaldian adieraztea bera dela Oscarra irabazi duen lehen gizon gay agerikoa. […] Baina gauzak okerrera egin zuen. Esan ziotenean Howard Ashamek ere (gizonezko gay-a) Oscarra irabazi zuela, Smithek hau erantzun zuen: «Ezagutu egin beharko nuke; elkartzekotan geratu beharko dugu». Ashman hiesaren ondorioz hil zen, 1991n.

Dustin Lance Black gidoilari estatubatuarrari ere —bai, Oskarra irabazi zuen beste gizonezko gay bat— ez zitzaion Smithen mezua gustatu […]. Blackek gauza garrantzitsu bat nabarmendu zuen: «Gure LGTBQ historia ezagutzea garrantzitsua da. Bidea ireki ziguten gizon eta emakume askoren bizkar gainean gabiltza oinez». Funtsezko gogoeta da: LGTB komunitatekoek zorigaitz eta neke asko jasan zuten guk orain ditugun eskubideak eta askatasunak izan ditzagun. Adibidez, Ashman moduko pertsona batentzat abesti-idazle arrakastatsua eta ageriko gay-a izatea nabarmen zailagoa izan zen garai hartan egun baino, are gehiago hiesaren sasoirik mingarrienean. Haren moduko pertsonek erraztu zizkiguten gauzak gero etorriko ginenoi, Smith barne […].

Harrotasun eguneko gertaerak enpresen festa bihurtu dira, eta politika baztertu egin dute. […]. Iraganeko heroiak gogoratu beharra dauzkagu, bi arrazoirengatik: lehenik, egin dezakegun gutxienekoa delako gure eskubide eta askatasunen alde borrokatu zirenak gogoratzea, eta historiaren bidez goratzea bere garaian jazarriak eta baztertuak izan zirenak; bigarrenik, horrek bultzatzen gaituelako edozein zapalkuntza edo aurreiritzi garaitzeko ohiturarekin jarraitzera, kaltetua dena delakoa izanik ere.[…]

Amelia Barquin Lopez: “Genero-identitatea askatasunez erabakitzen utzi behar zaie umeei”

Sendi Getxoko familietan euskara sustatzeko proiektuko kideek gonbidatuta, joan den martitzenean, otsailak 23, “Generoa eta hezkuntza” izenburuko berbaldia eskaini zuen Amelia Barquin Lopezek, Algortako Zabala ikastetxean. Aita-amei eta hezitzaileei begirako ekimena izan zen. Barquin gasteiztarra filosofian doktorea da, eta irakaslea, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean.

Amelia Barquin Lopez

Besteak beste, komunikabideek laguntzen dute generoaren gaineko mezu okerrak zabaltzen (argazkia: Hiruka.eus).

Zer da generoa? Zeinek eraikitzen du?

Feminismoak ekarri zuen oso emankorra izan den bereizketa hori; sexu-genero sistema batean bizi garela diote. Ezaugarri biologikoekin lotzen da sexua. Kontuak horrela, jaiotzen garenean medikuak esaten du, gure gorputzaren ezaugarriak ikusita, arrak edo emeak garen; nahiz eta batzuetan horren argi ez dagoen. Generoa da sexu horrekin lotuta dauden funtzioak eta ezaugarriak; ez dira biologikoak, baizik eta gizarteak aspalditik eraiki duen zerbait. Horren arabera, mutilak indartsuak izango dira, eta bizitza publikoa egokituko zaie; nesken lana, ordea, pribatuagoa izango da.

Neskak eta mutilak berdin hezten ditugu gaur egun familian?

Gurasook eta familiok kontzientzia gutxi daukagu gai horren inguruan. Esaterako, ohikoa izaten da ondokoa entzutea aita-amen ahoetan: “nik berdin tratatzen ditut, ez dut ulertzen alaba eta semea zelan atera zaizkidan horren ezberdinak. Mutila futbolzalea da, eta neska, oso pinpirina, baina nik berdin tratatzen ditut”.

Batzuetan, ez gara gai distantzia apurtxo bat hartu eta ikusteko jaio diren momentutik zein desberdin tratatu ditugun. Oraindik neska gutxi ateratzen da ospitaletik jaio berriak direla, belarrietako zulorik gabe; emakumeei jartzen diegun lehenengo marka da, inor ez dadin nahastu. Erosten dizkiegun arropak, gelaren dekorazioa… beste adibide batzuk dira. Horretaz gain, gizarteak ekoizten dituen produktu gehienek transmititzen dute mezu hori: bi genero ezberdin daudela, eta zakila daukanari bat, eta alua daukanari beste bat dagokiola, alegia.

Zelan jokatzen dugu eskolan?

Eskolari egokitu zaio hezkidetzaren enkargua. Nire ustez, aurrerapauso batzuk eman dira: neska eta mutilak elkarrekin daude geletan, hainbat jarduera egiten dituzte batera. Baina badaude erronka batzuk oraindik. Adibidez, esparruen banaketak oso binarista izaten jarraitzen du: patioak futbol-zelaiak izaten dira batzuetan; mutilek erabiltzen dute zati handiena.

Zeintzuk dira gure zalantzak, zailtasunak eta erronkak?

Batez ere, gure umeak bideetatik ateratzen direnean, kezkatzen gara gurasook; espero ez diren gauzak egiten dituztenean: “ni prest nago dena errespetatzeko, baina semeak esaten badit gonarekin joan nahi duela eskolara…”. Kezka sortzen da orduan; batetik, aita edo ama horrek binarismo horretatik ateratzea gaizki ikusten duelako; eta beste batzuetan, beldur garelako bere jokabidearen aurrean zelan erantzungo duten inguruko pertsonek.

Zelako harrera izatea espero duzue?

Lehenik eta behin konturatu beharko ginateke zelako genero-presioa egiten ari garen gure seme-alabengan, ilobengan, ikasleengan… Eskolan zein etxean, askatasunerako zirrikituak be­har dituzte umeek, generoari dagokionez, euren buruak eraiki ahal izateko. Bestalde, hezi behar ditugu haurrak besteak errespeta ditzaten.

[Elkarrizketa hau Kepa Ugarte Martiarenak egin du Uribe Kostako Hiruka.eus webgunerako eta CC-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu ARGIAn]

«Homosexualitatea zurien kontua dela diote»

Afrikako hogei herrialdetan egindako zazpi hilabeteko bidaian, orientazio sexualagatik zigortu dituzten pertsonak ezagutu ditu Serenak; liburu batean kontatu ditu haien istorioak.

Marc Serena

Marc Serenak (Manresa, Herrialde Katalanak, 1983) ez du ulertzen nola zigortu daitekeen maitasuna: «Nola kondenatu daiteke norbait maitasunaren moduko gauza polit batengatik?». 2011. eta 2012. urteetan Afrikako hogei herrialdetan egon zen, eta han bildutako istorioekin ¡Esto no es africano! (Hau ez da afrikarra) liburua idatzi zuen. Bilbon izan da egunotan, Zinebi zinema festibalaren harira. Liburua aurkeztu du, eta baita liburuaren kapitulu batean oinarrituta dagoen dokumentala ere: Tchindas.

¡Esto no es africano! da liburuaren izenburua. Badauka bere esanahia, ezta?

Afrikako kontinentean gehien errepikatzen diren ideietako bati egiten dio erreferentzia, tamalez: izateko eta maitatzeko modu batzuk ez dira afrikartzat jotzen. Esaterako, esaten dute homosexualitatea ez dela Afrikako kontua, ez eta izaera modu batzuk ere. Zurien gauza direla uste dute, eta ez dituzte onartzen. Gezur hori behin eta berriz erabiliz, gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualei jazartzen zaizkie, eta zapaldu egiten dituzte.

Nork ezartzen ditu ideia horiek ?

Homofobia hori atzerriko interesek sustatzen dute. Homofobia, berez, ez da Afrikako arazoa. Amerikako Estatu Batuetako muturreko eskuindarrak euren elizak hedatzen dabiltza Afrikako kontinente osoan. Diru mordoa xahutzen dute euren ideiak inposatzeko. Bestalde, oraindik zenbait herrialdetan jatorri kolonialeko legeak daude indarrean, eta homosexualitatea kartzelarekin edo heriotzarekin zigortzen dute.

Zenbait herrialdetan uste dute homosexualitatea deabruak hartuta daudenen kontua dela.

Jende askok uste du homosexualitatea gaixotasun bat dela, deabrukeria. Mauritania eta Senegalen jendea aztiengana joaten da, sendatzeko asmoz. Halere, islamak eta katolizismo atzerakoiak ordezkatu dituzte Afrikako erlijio tradizionalak. Eta horien jarrera are bortitzagoa da. Errepresio handia dago: eskoletan, elizetan, epaileen artean, komunikabideetan… homofobiaren aurkako biolentzia justifikatu egiten da. Afrikak 54 herrialde ditu, eta horietatik 36tan homosexualitatea txarto ikusita dago, eta zigortu egiten da. Eta beste herrialde batzuetan, legerik egon ez arren, sekulako homofobia dago. Eta fobia hori elikatzeko, gezur mordoa esaten da.

Afrikako leku batzuetan, albinoei ere jazartzen zaizkie.

Albino gay bat ezagutu nuen, eta, hark zioenez, gay izatea txarragoa da albino izatea baino. Albinoa izateagatik Poliziak defenditu egingo zuela zioen, baina, aldiz, homosexuala izateagatik Poliziak atxilotu egingo zuela. Albinoa zarela begien bistakoa da; homosexuala zarela, aldiz, ez. Zure sexualitatea ezkutatuz gero, oharkabean pasa zaitezke.

Halere, hirietatik herrixketara aldea egongo da, ezta?

Bai, baita eremuen arabera ere. Tanzanian, adibidez, talde etniko batzuk daude non emakumeak elkarrekin ezkontzen diren. Are gehiago, emakume bat emakume batekin baino gehiagorekin ezkon daiteke, eta hiltzerakoan batera ehorzten dituzte. Modu tradizionalean egiten dute, betidanik.

Liburua idatzi ostean, Tchindas dokumentala egin duzu, Pablo Garcia Perez de Lararekin batera.

Dokumentala Cabo Verde herrialdeko San Vicente izeneko uharte txiki batean dago filmatua. Tchinda Andrade transexualaren istorioa kontatzen du. Herrialde horretan oso ezaguna eta maitatua da. Ez hori bakarrik, hango gay eta transexualei modu adiskidetsu eta maitakor batean Tchindasdeitzen zaie, haren omenez. Cabo Verdeko egoerak ez du zerikusirik Afrikako beste herrialde guztiekin. Oasi txiki bat da, homosexualitatearen aurrean tolerantzia handia dago.

Sexu askatasunaren aldeko Afrikako borroka irudikatzen duten erakusketa

Amnesty International Euskadi erakundeak eta Zinegoak jaialdiak antolatutako ekimenaren xedea «herritarrak sexu, afektu eta familia aniztasunaren aurrean sentsibilizatzea» da

zinegoak--575x323

Afrikako bost lurraldetan sexualitatea askatasunez bizitzeko borrokan dabiltza. Hau erakutsiko duen argazki erakusketa bat izango da ikusgai gaurtik Bilboko kaleetan, hain zuzen ere. Amnesty International Euskadi erakundeak eta Zinegoak jaialdiak antolatu dute erakusketa. Hauek, Bilbao Historiko Elkartearen eta Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Merkatarien Elkartearen laguntza ere izan dute.

Erakusketaren inaugurazioarekin hasiko dira Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinemaldiak antolatutako ekintzak. Jarduera horien asmoa da «herritarrak sexu, afektu eta familia aniztasunaren aurrean sentsibilizatzea», bere arduradunek adierazi dutenez.

Erakusketaren izenburua ‘Maitatzea ez da delitua’ da. Formatu handiko 27 irudiz osatuta dago, eta Alde Zaharreko eta San Frantziskoko 27 taberna, jatetxe eta saltokitan egongo dira ikusgai. «Lortu nahi dugun helburua da jendeak bere egunerokotasunean argazkiekin topo egin dezala eta argazkiok hausnarketarako deia izan daitezela; guztiok sexualitatea askatasun osoz bizitzeko dugun eskubidearen inguruko hausnarketa», azaldu du Aimar Rubio Amnesty International erakundeko aniztasun taldeko kideak.

Argazkiak Kenia, Hegoafrika, Kamerun, Zanbia eta Ugandan hartuak dira. Hauen bidez, aurpegia jarri nahi diete euren bizitza arriskuan jarriz, libre maitatzeko eskubidea defendatzeko borrokan dihardutenei. Gainera, omenaldi berezia da, «maitatzea ez dela delitua defendatzeagatik bizitza galdu duten Noxolo Nogwaza eta Jean-Claude Roger Mbedéri».

«Erakusketaren bitartez, errealitate gordinak ekarri nahi ditugu gogora, modu positiboan. Esaterako, homosexualitateak munduko 80 herrialdetan ilegala izaten jarraitzen duela, edo lau eta hamar urte arteko kartzela zigorra ekar dezakeela. Afganistan, Pakistan, Saudi Arabia edo Iranen, besteak beste, heriotza zigorra jasotzeko arriskua dute homosexualek», azaldu du.