Zinegoak jaialdiak 140 jarduera baino gehiago bilduko ditu aurten
Hilaren 18an abiatuko da, eta sexu aniztasunarekin lotutako gaiak izango ditu ardatz
Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdi Nazioartekoa otsailaren 18tik martxoaren 3ra egingo dute aurten, Lumaz harrogoiburupean. “Norberak bere identitatea modu naturalean adieraztea nahi dugu”, azaldu du Pau Guillen jaialdiko zuzendariak gaur, aurtengo programazioa aurkezteko, Bilbon egin duten ekitaldian. Orotara, 25 film luze izango dira 16. Zinegoak jaialdiaren Sail Ofizialean; eta, azaldu dutenez, hiru mailatan banatuko dituzte aurten lanak: Fik, Dok eta Krak. “Fik atalean fikzio filmak bilduko ditugu; eta, Dok atalean, berriz, dokumentalak”. Guillenek azaldu duenez, Krak saila izango da berrikuntza nagusia. “Off Zinegoak izeneko sailaren lekukoa hartuko du, eta lanik apurtzaileenak erakutsiko dira bertan”. Hortik izena: Krak. Bilborock, Golem zinemetan eta Bilbo Arten izango dira aurtengo jaialdiaren egoitza nagusiak.
Film luzeez gain, film laburrak ere erakutsiko dira jaialdian: orotara, nazioarteko 47 izango dira ikusgai. Euskal Herrian ekoitzitako lanak Erroak izeneko atalean erakutsiko dituzte.
Aurtengo ohorezko saria Sridhar Rangayan (Mandya, Karnataka, India, 1962) zuzendari, ekoizle eta ekintzaileari emango dio Zinegoak-ek. Kashsish izeneko zinema jaialdi queer-eko zuzendaria da Rangayan. Bombayn egiten da, eta hura da Indian sexu aniztasuna lantzen duen jaialdi bakarra. 10 urte beteko ditu aurten, eta mundu mailan erreferentea da dagoeneko.