Gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu ditu Madrilek

Familia plana onartu du Espainiako Gobernuak. Abortuak saihesteko, ikasketak ez oztopatzeko bekak eskainiko dizkie haurdun gazteei. Pentsioak igo nahi dizkie ame

Hauteskunde kanpainan onartu du Espainiako Gobernuak familia plana

Hauteskunde kanpainan onartu du Espainiako Gobernuak familia plana. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Familia Babesteko Plan Integrala onartu zuen atzo Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Berritzailea baino gehiago—225 neurrien hiru laurden martxan daude jada—, ideologikoa da egitasmoa, familia eredu tradizionala indartzea baitu helburu; Alfonso Alonso Osasun eta Gizarte Gaietako ministroak berak onartu du PPren boto-emaileekiko «konpromisoa» bete dutela. Hala, familia aniztasuna «arazoak» dituzten sendien multzoan txertatu du gobernuak. «Beharrizan bereziak dituzten familien» atalean sartu ditu gay, lesbiana eta transexualen sendiak, etorkinenak, preso dauden edo egon diren amak, eta gaixotasun larriak dauzkaten pertsonak zein adinekoak dituztenak.

Zirriborroa lantzen ari zirela jada zeresana sortu zuen puntu horrek: LGTB elkarteak kexu agertu ziren, ez zirelako planean ageri. Azkenean, laguntza behar dutenen multzoan sartu ditu gobernuak. «Espainian kopuruz gehiengoa den ereduaren beharrizan diferenteak edo gehigarriak dituzten kolektiboak» dira, ministroaren arabera; 58 neurri bideratu ditu haientzat.

Edonola ere, sendi horietatik kanpo jarri du gobernuak planaren fokua. Familiaren inguruan PPk agertu izan dituen kezkak bildu baititu egitasmoak: biztanleriaren zahartzea, jaiotza tasa baxua eta amatasunaren «babesa». Ildo horretan, «harrituta» mintzatu da Alonso, emakumeek «berandu» dituztelako beren lehen haurrak —31 urtean dago batez bestekoa Espainian—. Ume gehiago nahi ditu ministroak, eta horretarako, amatasuna «babesteko beharra» ikusten du.

Haurdunentzako laguntzak aurreikusten ditu planak, «egoera zaurgarrian» daudenentzat batik bat. Ildo horretan, arreta berezia eskainiko die adingabeei eta gazteei: beka sistema bat abiatu nahi du gobernuak, «amatasuna ez dadin oztopo izan ikasketekin jarraitzeko», Alonsok adierazi duenez —autonomia erkidegoek dute beken gaineko eskumena, halere—. Abortuak saihesteko politika hori indartuko du gobernuak orain, abortuaren erreformaren porrotaren ondoren: PPren erkidego gobernu batzuek onartu dituzte amatasuna babesteko legeak azken urteotan.

Era berean, amen pentsioak handitzeko asmoa ere agertu du Espainiako Gobernuak: bi seme-alaba izan dituzten andreen pentsioa %5 igoko litzakete, hiru izan dituztenena %10, eta lau ume edo gehiago izan dituztenena %15. Alonsok gogoratu du emakumeen pentsioak gizonenak baino %30 txikiagoak direla, neurri batean, seme-alabak zaintzeko lanaldia murrizten dutelako amek. «Berdintasunaren aldeko neurria da, emakumea ama gisara aitortzekoa, eta gizartearen iraunkortasunarekiko konpromisoa». Toledoko Itunaren barruan negoziatu beharko du neurria.

Oposizioaren kritikak eragin ditu familia planak. Batetik, hauteskunde kanpainan onartu dutelako; bestetik, berrikuntzarik ez dakarrelako, ezta dirurik ere: 5.526 milioi euroko aurrekontua jarri dio gobernuak, baina ez du zehaztu zein sailetik aterako den.

Hilaren 21ean sexu heziketari buruzko saio bat hasiko da ETB1en

Jon Gomez Garaik zuzendu eta aurkeztuko du ‘Sexsua’. Bi hilabetez, ostegun gauetan emango dute programa berria (23:30)

Jon Gomez Garai

Jon Gomez Garaik sortu du Sexsua saioaren ideia. EITB

Modu natural eta entretenigarri batean sexu heziketaz aritzeko saioa egingo du ETBk datorren astetik aurrera euskarazko katean. Ostegunetan, Ur handitan saioa amaitutakoan, Sexsua ikusi ahalko da, bi hilabetez. ETBren 32 urteko historian sexuari eskainitako saio bakarra eman dute: Lorena Berdunek ETB2n gidatutako Me lo dices o me lo cuentas, 2002-2003ko denboraldian.

Jon Gomez Garai kazetariak sortu du proiektuaren ideia. Hura izango da aurkezlea eta zuzendaria: «Aspaldian nenbilen gazteentzat saio dibertigarri eta aldi berean hezigarri bat egin behar zela pentsatuz. Sexu hezkuntza gai erakargarria da. Horretatik asko dugu ikasteko, gure sexu harremanak erabat matxistak direlako», esan du kazetariak. Desirak taldeko sexologoekin jarri zen harremanetan gaiak lantzeko, eta harrera «ezin hobea» jaso zuen. Zirriborro ekoizpen etxearen lan teknikoarekin ari da saioa egiten.

Aste bakoitzean sexu hezkuntzari lotutako gai bat jorratuko dute: estreinako saioan, zoru pelbikoaz ariko dira; bigarren saioan, fantasia eta orientazio sexualen arteko gorabeherak ekarriko ditu; hirugarrenean, industria pornografikoak gizartean duen eragina aztertuko dute; laugarren saioak antisorgailuak izango ditu hizpide; bosgarrenean, drogek harremanetan dituzten eraginak aztertuko dituzte, eta alkohola pizgarria ala depresorea den galdetuko dute; seigarren saioan sexu hezkuntza ikastetxeetan eta unibertsitatean nola lantzen den aztertuko dute. Horretarako, Bigarren Hezkuntzako gela bat eta Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolako beste bat bisitatuko ditu aurkezleak.

Saio bakoitzean, sexologo eta mediku batek argituko ditu zalantzak. Gainera, beste hainbat atal izango dira: pertsonaia ezagunekin elkarrizketak, herritarrak proban jarriko dituzten ariketak, kale inkestak eta bitxikeriak. «Atalak aurkezpenik gabe joango dira, erritmo arinarekin».

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Osasun sailen babesa du saioak, eta Gomezek egunotan Lakuan proposatuko du ikastetxeetan saioa gazteei ematea.

EITBren webgunean tarte berezitua izango du programak,Eitb.eus/sexsua helbidean, eduki osagarriekin; adibidez, aktore pornografiko gay baten eta emagin baten elkarrizketak, osorik.

Ikusle gazteez gain, helduak ere erakarri nahi ditu Gomezek.

Emakumeok prostata dugu eta eiakulatzen dugu

diana-pornoterrorista-ecuador-etxea

Diana J. Torres Bilboko aurkezpenean.

Diana J. Torres (Madrid, 1981) da Coño potens. Manual sobre su poder, su próstata y sus fluidos(Alu ahaltsua. Bere botere, bere prostata eta bere isurkariei buruzko eskuliburua) liburuaren egilea.MagnaFranse-renak dira ilustrazioak eta Txalapartak argitaratu du (hemen Gasteizko aurkezpenaren bideoa). Bertan, zortzi urteko ikerketaren ostean, “Porno-terrorista”k emakumeen prostataz eta bere isurtzeko gaitasunaz dihardu. Itziar Abadek Pikara Magazinerako elkarrizketatu du eta hemen euskarara ekarri dugu.

G Puntuaren ordez prostata hitza erabiltzearen aldekoa zara.

Antzina, semena generorik gabeko likido bat zenean, hori zen erabiltzen zen hitza eta ebatsi egin ziguten; berreskuratzea aldarrikatzen dut. Prostata hitza grekozko parastátês-etik dator, eta “laguntzen duena” esan nahi du, ez besterik. Baita ere gustatzen zait horrela deitzea binarismoaren aurka altxatzeko. Generoak kontu biologikotan oinarritzen direla saldu digute. Aldiz, gizon baten eta emakume baten gorputzak irekitzen badituzu, ohartzen zara ezberdintasunak oso gutxi direna. Biek dute prostata eta praktikoki berberak dira. Gurea zerbait txikiagoa izan ohi da, testosterona mailen arabera. Patriarkatuaren dominazioari eusteko arrazoiak erori egiten dira. Ez dago ezer queer-agorik gorputzen errealitatea baino.

Zergatik ez deitu G Puntua, ezagunena den moduan?

Hitz hori 80ko hamarkadan sortu zen, Amerikako Estatu Batuetan. Emakume ez-zuzenen sendabide moduan aurkeztu zen, horrela azkenean baginako orgasmo bat izan ahalko zuten, plazer egokia alegia. Horrela, emakumeen sexualitatean klitoriak duen protagonismoa alboratu zuen, eta feministek bi hamarkada zeramatzaten klitoriaren protagonismoa aldarrikatzen. G Puntuaz diharduen lehen liburuak, “G Puntua eta giza sexualitateari buruzko beste aurkikuntza berri batzuek”, arrazoia ematen zion falokraziari. Herrialde hartan sexualitateaz ziharduen liburu salduena izan zen; misterioen erantzunak saltzea gehiago nahastuz, hori kapitalismoaren dinamiketako bat da. Liburu zentzudunagoa izango zatekeen, kontatu balu 1950ean Gräfenberg ginekologo alemaniarrak ezin izan zuena: bere idatzietan, esaten zuen emakumeek isuritako likidoak ez duela zerikusirik gernuarekin eta prostatak ehun “homologo” edo “analogoak” dituela gizon eta emakumeetan. Gainera ziurtatzen zuen bi sexuetan, bere kokapen, neurri eta dimentsio eta gaixotasunak ia berak direla.

Beste kexarik?

Baita ere hozkia ematen dit bere inguruko enigmak, Bermudako Hirukia bailitzan, eta eufemismoak. G Puntua deritzo, Gräfenberg jaunaren ohorez. Pentsatu izango zuten, metafora bat erabili ezean, emakumeok ez genuela ulertuko zer zen. Nola ez garen batere teknikoak… G Puntua ez erabiltzeko beste arrazoi bat da gure aluaren kolonizazioa. Gizonezkoen abizenez kargatuta daramagu: Falopio, Skene, Bartolino, Gräfenberg… horregatik guztiagatik, ezin dut eraman feministek hala deitzea!

Esan izan duzunaren arabera, Antzinaroan emakumeen prostata errekonozitua zegoen. Nork erauzi zigun ideologikoki?

Patriarkatuak eta katolikotasunak, gure testuinguruan. Katolikotasunari ez zitzaizkion komeni emakume urtarrak, boterea zutelako. Plazera pertsegitzen hasi zirenean, gure gorputzetik hasi ziren. Likido bihurtzea oso lotua dago baita ere pentsamenduaren malgutasunarekin, kategoriak ezegonkorrak diren ideiarekin, eta askoz dibertigarriagoak direla zurrun edo lehor izatea baino. Kapitalismoa ere arduratu zen gu lehortzeaz. Pertsona talde bat saiatzen denean soilik zoriontsu izaten, kapitalismo osoa eraisten da, zeren, nor izango da zoriontsu egunean hamar ordu lan egin, urtean 15 egun opor eduki eta hipoteka bat ordainduz? kultura honetan ez digute burmuina bakarrik lehortu, gorputz osoa baizik, eta alua bereziki.

Medikuntzak betidanik emandako tratu txarren aurrean mendekua eskatzen duzu. Nola?

Lehenengo, galduriko denbora berreskuratuz eta gure prostata berriz ezagutuz. Nola? Ongi bero zaudenean, larru-jotzearen erdian, gelditu, bizkarra hormaren kontra duzula makurtu, bi behatzak sartu eta estutu pubisaren kontra. Hor erraboiltxo baten moduko gauza bat aurkituko duzu, alboetara joaten dena. Hori da zure prostata. Goizetan kasu egiozu: “Kaixo, badakit hor zaudela, bazarela”. Gure buruko mapan birkokatu behar dugu. Beste mendeku bat da hainbeste denboran isildutako jakintza zabaltzea. Proposatzen dut sexuaz eta gorputzaz hitz egitea maite ditugun eta maite gaituzten pertsonekin, sarri huskeriez mintzo baikara. Azkenik, zientziaz ez fio izateaz proposatzen dut, batez ere minik ez badugu, eta norberak bere gorputza bere kasa ezagutzea.

Baduzu trukurik?

Erremolatxarekin jakin dezakegu isuri duguna ez dela gernua. Erremolatxak gernua tindatzen du, baina ez gorputzeko beste likidorik. Bi erremolatxa gordin jaten badituzu, olio txorrotaz, erabat more egingo duzu pixa, baina ikusiko duzu eiakulatutako likidoa ez dagoela tindatuta. Barrura eiakulatzen duzuna bazara ere froga egin dezakezu. Jaso larrua jo edo masturbatu osteko gernua eta ikusiko duzu ez duela kolorerik. Hamar minuturen ostean agertuko da more kolorea.

Zure vendetta-k bere horretan ahalduntzea eta autodefentsa feminista dira.

Erremintak dira geu izan gaitezen gure gorputzen jabe, baina baita ere gorputz hauek jasaten duten indarkeria ginekologikoa garaitzeko. Indarkeria delako emakume gazte batek, gernuari eusteko inongo arazorik ez duenak, ginekologoari bere “pixa-erreka” azaldu, eta konpontzeko, ebakuntza-gelara eraman eta prostata erauztea; indarkeria direlako emakumeek pilatzen dituzten traumak euren bikotekideek uzten dutenean isurtzeagatik eta indarkeria direlako gure prostaten ikusezintasunak eragiten dituzten osasun arazoak; indarkeria delako Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiak prostata definitzeko modua [ugaztun harren organoa dela dio honek].

Zer esango zenieke euren eiakulazioak erru, beldur edo lotsaz bizi dituzten emakumeei?

Alda dezatela maitalez, ez daitezela inola ere medikuarengana joan, gertukoengana jotzeko eta feminismo prosex-a ezagutzeko. Gainera, egin ditzatela azaldutako esperimentuak, oso beharrezkoak direlako gorputzari bere nortasun eiakulatzailea aitortzeko eta buruaren eta prostataren arteko lotura berreskuratzeko.

Nolakoak dira emakumeen eiakulazioari buruz ematen dituzun tailerrak?

Lehenik dakidan guztia kontatzen dut motzean, prostataren irudiak erakutsiz, ikusteko non dauden euretatik eiakulatzen dugun zuloak, eta frogatuz nola zanpatzen duen zientziak gure gorputza; esaterako, erakusten dut anatomia irudi bat zeinetan juxtu falta diren patriarkatuarentzako sorginkeriak diren bi organoak: klitoria eta prostata. Ondoren dator tailerretako zati interesgarriena: galderak eta jakintzaren trukea. Alde praktikoa oso gutxitan egin dut.

Zure performanceak ikusita, praktika irudikatzen nuen.

Bizitza ez da eszenarioa, eszenarioak asko ahalduntzen du. Granadan tailer praktiko oso polita egin genuen. Latex eskularruak, toallak eta lubrifikatzailea ekartzeko eskatu nuen. Arlo teorikoaren ondoren 15 emakume inguru geratu ginen larrua jotzen kafetegi bateko sotoan (tailer praktikoak larrua jotzen jartzea dira). Esan nien prostata bilatu eta kitzikatzeko likido pixka bat atera zedin, eta lortzen ez bazuten lagunduko niela nik. Denak isuri ziren. Batzuek bazekiten nola egin, beste batzuek elkarri lagundu zioten lortzeko. Tailer praktikorik onena Nantesko emakume okupen etxe batean izan zen. 30 emakume zeuden eta entsalada ontzi erraldoi bat bete zuten isuriekin. Nik tailerretik alde egin nuen, ezin nuen egoera horrekin!

Ezezagunekin larrua jotzea ez balitz hain konplikatua gizarte honetan, tailer praktikoak askoz errazago irtengo lirateke. Granadako tailer zoragarri hartan pare bat neska euren mutil lagunekin zeuden, erabat izututa alde egin nahi zutenak. Gero emozionatzen hasi ziren eta jokoan sartzea erabaki zuten. Haietako batek bukatu zuen bere txurriak alutik botatako haren katilukada bat edaten.

Beraz tailerrak mistoak dira.

Kontu honek ere zailtzen du antolaketa, batez ere feministekin. Mistoak badira zaindu behar da ez dadin babosorik sartu, nahiz marikita eta inuzente itxura eduki, ondoren denei esku sartzen saiatuko dena. Nahiz eta hori neska batek ere egin dezakeen…

Errietarik egin dizute koltxoiak bustitzeagatik?

Egun batean oso anarkopunka zen tipo baten etxetik korrika irten behar izan nuen. Horman Che edo Bakuninen afixa zuen, ez dut oroitzen ongi zein, eta viscolatex koltxoia, hileka ordaintzen diren horietakoa. Idiskoa oso erasokorra jarri zen, ohean pixa egin niola salatu ninduen, arropa kanpora bota eta esan zidan: “Hoa hemendik, urdea”. Beste batean neska batekin gertatu zitzaidan. Txorrota aurpegira erori zitzaion eta paniko krisian sartu zen, HIESa erantsi niola uste izan zuelako. Pija hutsa.

Esperientzia itsusi pare bat baino ez. Zortea izan duzu.

Inorekin oheratu baino lehen ongi botatzen diot begia eta aztertzen dut bere ingurua, mugitzeko modua, hitz egitekoa. Badirudi “devenir perra”, porno-terrorismo eta pospornoarekin edonorekin oheratzen garela, baina bai zera, nahiko selektiboak gara. Ez dut batere gogorik normatiboak ez diren praktikak ditudalako esperientzia txarrik izateko. Niretzat prosex izatea ez da mugitzen den ororekin larrua jotzea, baizik eta presente izatea oheratzen garenen zainketak, gertutasun ideologiko, politiko, gorputzeko eta emozionalak. Prosexak direla esango dute futbolera doazen matxirulo denek, egunero emakume batekin larrua jotzearekin amesten dutelako, baina horrek ez du zerikusirik nik ematen diodan adiera feministarekin.

Nola egin duzu Coño potens? Liburutegian sartuta ez zaitut irudikatzen…

Ez, ez; software librearen eta infranetaren zalea naiz, bertan aurkitzen duzu nahi duzun oro, giltzurrun batetik hasita artikulu zientifikoetara. Liburu hau batez ere internetez eginiko ikerketa baten emaitza da, eta orain arte eman ditudan 200dik gora tailerretan agertutako duda eta informazioarena. Sayak Valenciak, nire lagun akademiko bakarrak, webgune zoragarria ezagutarazi zidan, artikuluak doan jaisteko.

Hemendik aurrera zer?

Ingelesa taxuz jakin ezean, nire liburua ez zatekeen posible izango. Horregatik, artikuluak itzultzera jarriko naiz eta pixkanaka yeswecum.org -era igotzen, jakintza kolektiboa partekatzeko sortu dudan webgunera. Liburu hau idatzi dut baita ere adar ezberdinetako pertsonen kolaborazioa bilatu eta horrela jakintza sarea sortzeko. Liburua Espainia, Italia eta Mexikoko biretan aurkeztu ondoren, Cancunera joango naiz oporretara testuak itzultzera, amaka batean mojitoarekin etzatera. Merezia dut (kar-kar-kar).

Prostata

Skene Glandula eta ondoren G Puntua izenez ezagutu da, emakumeen glandula parauretralak aztertu zituzten bi medikuren omenez. Emakumeen prostatak gizonezkoaren antzeko ezaugarriak diru. Emakumeetan baginarekiko modu paraleloan doa eta uretran txertatua dago. Horregatik, kitzikatzean hazi egiten denean, pixa egiteko gogoaren sentsazioak sortzen ditu. Historikoki badenik ukatu izanaren ondorioz, uste izaten da eiakulatutakoan emakumeek jariatzen duten likidoa pixa dela. Kanporantz eiakulatzen duten eta putzu handi xamarrak sortzen dituzten emakumeak baztertu ohi dituzte euren sexu bikoteek. Ondorioz, azkenerako lotsa eta errua sentitzen dute.

Prostataren neurria bi eta bost zentimetro artekoa izan ohi da lasai dagoenean (ez da inondik ere G ‘puntua’) eta beteta dagoenean bere neurria hirukoiztu ere egin daiteke. Kitzikatzean sortu eta gorde egiten du likidoa, plazer handiko uneetan edo orgasmoan askatzen duena. Emakume denek eiakulatzen dute. Edo kanporantz, horretarakoxe diren zuloen bidez, edo maskurirantz. Kasu horretan, eiakulazio likidoa gernuarekin batera kanporatzen da.

LGTB sendiak “arazotsu” jo ditu Espainiako Gobernuaren familia planak

Amatasuna “babestea” du helburu nagusietako bat, eta nerabeek abortatzea saihesteko neurriak aurreikusten ditu. Ministro Kontseiluak gaur eman du planaren berri; ume bakoitzeko gehiago kobratuko lukete. Amen pentsioak handitzeko asmoa ere agertu du gobernuak.

GRA240 MADRID 14/5/2015 La vicepresidenta del Gobierno español, Soraya Sáenz de Santamaría, durante la rueda de prensa que ha ofrecido hoy junto a los ministros de Cultura, Ignacio Wert, (izq), y de Sanidad, Servicios Sociales e Igualdad, Alfonso Alonso, (dch), tras la reunión del Consejo de Ministros celebrada hoy en Madrid. EFE/Emilio Naranjo

Wert, Saenz de Santamaria eta Alonso, gaurko ministro kontseiluaren bileraren ondoren. / Emilio Naranjo, Efe

Familia Babesteko Plan Integrala onartu du gaur Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Familia eredu tradizionala indartzea du xede, eta, beraz, familia aniztasuna “arazoak” dituzten sendien multzoan txertatu du gobernuak. “Beharrizan bereziak dituzten familien” atalean sartu ditu gay, lesbiana eta transexualen sendiak, etorkinenak, preso dauden edo egon diren amak, eta gaixotasun larriak dauzkaten pertsonak eta adinekoak dituztenak.

Jaiotza tasa apalarekin ere kezkatuta agertu da gobernua: amatasuna “babesteko” neurriak aurreikusi ditu planean. Haurdun geratzen diren adingabe eta gazteentzako laguntzak jarriko dituzte martxan, abortatzea eragozteko; hezkuntza prozesuarekin jarrai dezaten, beka sistema bat abiatzea aipatu du Alfonso Alonso Osasun eta Gizarte Gaietako ministroak, baina autonomia erkidegoek dute eskumen hori.

Era berean, amen pentsioak handitzeko asmoa agertu du gobernuak: ume bakoitzeko gehiago kobratuko lukete andreek. Toledoko Itunaren barruan negoziatu beharko du puntu hori.

Hezkuntza sexualaz, ETB1eko ‘Sexsua’ saio berrian

Ostegun gauetan izango da ikusgai Eusko Jaurlaritzaren babesa duen saioa. Aurrenekoan zoru pelbikoaren inguruko bitxikeriak batuko dituzte

jon-gomez-garai-etb_29581_1

Jon Gomezek sortu eta zuzendu du saioa, eta aurkezlea ere bera da.

‘SexSua’ saio berria estreinatuko du ETB1ek maiatzaren 21ean, Jon Gomezen gidaritzapean. Astero, bi hilabetez, hezkuntza sexualari lotutako gai bat jorratuko du. Helburua argia da: modu natural, entretenigarri eta hezitzailean hezkuntza sexuala hobetzen laguntzea. Eusko Jaurlaritzaren babesa duen saioa ostegunero izango da ikusgai, 23:30ean.

Lehenengo saioak zoru pelbikoaren inguruko bitxikeriak batuko ditu (emakumeen organorik garrantzitsuenetarikoa izan arren, nahiko ezezaguna da). Bigarrenak fantasia eta orientazio sexualen artekoak ekarriko ditu (homosexuala al da sexu bereko pertsona batekin fantasia bat duena?). Hirugarrenean ohiko industria pornografikoak geure gizartean duen eraginaz ariko dira (neurria al da dena?).

Laugarren saioak antisorgailuak izango ditu hizpide (zein da eraginkorrena? Ondo erabiltzen ba al dakigu?). Bosgarrenak drogek geure organismo edo harremanetan dituzten eraginak aztertuko ditu (alkohola pizgarria ala depresorea al da?). Seigarren saioa berezia izango da, hezkuntza sexuala geure hezkuntzan nola lantzen den aztertu eta hausnarketara bideratzeko asmoa du. Horretarako, Lehen Hekuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta EHUko Magisteritzako gela bana bisitatuko ditu aurkezleak.

Gainera, saio bakoitzean geure zalantzak sexologo eta mediku batek argitzeaz gain, beste hainbat atalez egongo da osatuta programa bakoitzaren hezurdura: ospetsuei elkarrizketa bereziak, herritarrak proban jarriko dituzten ariketak (jakingo ote dute kaletik harrapatutakoek geure arbelean alu bat marrazten?), kale inkestak (txinatar bolek benetan zertarako balio duten badakigu?), bitxikeriak, gazteen zalantzak… Jon Gomez Garai gazteak sortu, aurkeztu eta zuzendutako saioa da ‘SexSua’, Zirriborro ekoizpen etxearen talde teknikoarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Osasun sailen babesarekin.

«Botikengatik baino lehenago izango dira albisteak txertoagatik»

Iraupen luzeko lasterkarien jardunarekin parekatzen du zientzialarien lana, latza baita bidea, eta urruna helmuga; GIBaren aurka, ordea, gero eta ideia «irudimentsuagoak» badirela dio.

JOSE ALCAMI. GIB BIRUSAREN IKERTZAILEA

JOSE ALCAMI. GIB BIRUSAREN IKERTZAILEA

«Gure atzetik datorren ikertzaile belaunaldia aukerarik gabe geratzen ari da». Jose Alcami ikertzaileak (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1957) “Karlos III.a institutuko barne medikuntzako espezialista, izen garrantzitsua GIBaren arloan” atzo Donostian Seisida Espainiako erakundeak hiesaren gainean egiten ari diren kongresua baliatu zuen, krisiaren harira, zientziara bideratutako inbertsioak erruz murriztu direla salatzeko. «Ikaragarria da gertatzen ari dena». Azalpen eta argibiderik gehienak, hala ere, GIBaren inguruan harilkatu zituen, hura behin betiko desagerrarazteko bidean ikertzaileek beren laborategietan egiten dituzten ahaleginez; arrakastak izan zituen ahotan, eta bide erratuak. «Ordu asko sartzen ditugu, eta urriak dira arrakastak; baina lan ederra da, interesatzen zaizkigun galderen inguruan ari gara».

Ezin da hiesa sendatu oraindik. Zein ezaugarri ditu GIB birusak? Zerk zailtzen du sendabidea?

Izurri berri bat da. Orain dela gizaldi bat inguru heldu zen birusa gizakietara, txinpantzeetatik; sei bat hamarkada egin zituen birusak Afrikako hainbat eremutan, dagoeneko gizakien artean, baina ez zen ezagun egin 1981. urtera arte; hain zuzen ere, 1983an deskribatu zuten lehenengoz. Bide laburra da, berez; bai infekzioak gure espeziean egin duena, bai eta horren gainean dugun ezagutza zientifikoarena ere. Hala ere, hiesak izan zuen eraginagatik, egun ondoen ezagutzen dugun birusa da. Eta kontua da infektatzeko, organismoan irauteko eta gure immunitate erantzunari ihes egiteko mekanismo berriak dituela. Gripe bat dugunean, esate baterako, gure gorputzak aurki jartzen ditu martxan hainbat arma; antigorputzak dira, birusa suntsitzeko zelulak. Baina GIBak, eboluzionatu ahala, babeserako hainbat ezkutu garatu ditu, eta guk, misilak botata ere, ezin dugu jo.

Hermetikoa dela esan daiteke?

Bai, egitura hermetikoa du, eta gaitasuna du, gainera, zelulak infektatu eta ezkutatuta geratzeko; lo balego bezala geratzen da usu, latente, eta gure zelulek adinako “30, 40, 50 urteko” iraupena izan dezake organismoan.

Lortu da tratamendua duten eri askoren birusa ia atzemanezina egitea haien organismoetan, eta, era horretan, gainera, birusa ez transmititzea. Lorpen handia da. Zein aurrera urrats gehiago espero dira datozen urteetan?

Bi erronka daude: txertoa lortzea eta eritasuna sendatzea. Eta sendatu diodanean esan nahi dut, gaixoei, botikak lagata ere, ez litzaiekeela berriro esnatuko ezkutatua duten birus hori. Guztiz desagerraraztea lortzen ez bada ere, eraman nahi dugu maila oso-oso apal batera, neurri batera zeinean gure immunitate sistema gai izango litzatekeen aurre egiteko. Arazo zailei egin behar zaie aurre, baina bada jendea ideia berriak dakartzana, irudimentsuak.

Esate baterako?

Bada jendea onartzen duena oso zaila dela antigorputz onak sorraraziko dituen txerto bat lortzea. Orduan zer ari dira egiten? Bada, antigorputz horiek sortu, eta gaixoari jartzea proposatzen ari dira: babesteko. Tximuetan ari dira ikertzen, eta ikusten dute sei urterako babesa ematen dietela antigorputz horiek animaliei. Ez da txerto bat; ez da organismoa bera misilak sortzen dituena, baina misilak eman egiten zaizkio. Era horretako ideia irudimentsu asko ateratzen ari dira azkenaldian. Ideia arras bereziak dira, orain arte sekulan ere pentsatu gabeak, eta horietatik edozein unetan pitz daiteke txinpartaren bat.

2007an, leuzemia bat tratatzeko bizkarrezur muineko transplante bat izan eta gero, eta ezaugarri genetiko jakin bateko zelula amak jasota, osatu egin zen gizon bat; desagertu egin zitzaion GIBa. Berlinen izan zen, eta oihartzun handi samarra izan zuen. Kasu bakarra da munduan. Zer erakusten du?

Erakusten du, zenbait gene “birusak biderkatzeko behar dituen horiexek” zelulan blokeatzeko estrategia egokia izan daitekeela sendabidea lortzeko. Nolabait ere, jomuga da birusa sutarako egurrik gabe lagatzea, eta, ondorioz, biderkatzeko gaitasunik gabe uztea. Terapia genikoak usu iruditu zaizkigu zientzia fikzioa, baina jende asko ari da lanean alor horretan ere, ikuspegi berritzaileekin. Oraindik ere, laborategietako hodiekin; oraindik ere, animaliekin. Baina bi-hiru urtean ikerketak hasiko dira pertsonekin; ikusi beharko da zer dakarten.

Birusa guztiz desagerraraztea oso zaila dela aintzat hartuta, ahalik eta maila txikienera eramateko xedean zein ikerketa lerro ari dira gailentzen egun? Zertan ari zarete lanean?

Birusaren maila mila bider murriztea lortuko duen sendagai bat lortzea da asmoa, eta, era horretan, gaixoak bost urte batere botikarik hartu gabe egiten baditu ere, birusa ez agertzea. Bost urte pasatu eta berriro agertzen dela? Bada berriz tratatu beharko litzateke. Baina asko aldatuko luke horrek egoera. Nik ez dut gertu ikusten, baina ikertzaile ugari ari gara bide horretan lanean. Shock and kill (astindu eta hil) deituriko teknikaren bidez, adibidez, bilatzen da lokartuta ezkutuan dagoen birusa astindu eta esnaraztea, eraso egiteko. Lan handia egiten ari da alor horretan.

Medikuntzaren eta zientziaren beste hainbat alorretarako ere ikasbide izan dira, noski, GIBa ikertzen egindako lanak…

Bai, esaterako, lehen ez genekien immunitate sistemak zer-nolako gaitasuna duen birsortzeko. Zelulek dituzten zenbait defentsa mekanismo ere, orain arte ezezagunak zirenak, ezagutu ditugu GIB birusa ikertzean. Zientzia mugak apurtzen ari da: nik, esaterako, onkologoekin eta eritasun arraroekin lan egiten duen jendearekin elkarlanean dihardut. Lausoak dira gaur egun mugak, eta komunikazio maila inoizko handiena da: liluragarria.

Behin betiko botika edo txertoa. Zer dator aurrena?

Oso zaila da esaten. Gaur egun bi alorretan daude oso ideia berriak. Ikusi egin beharko da. Baina, tira, niri iruditzen zait, lehenago izango direla txertoagatik albisteak, botikengatik baino.

«Osasun publikoaren jarrera da okerrena: ez da sexualitateaz hitz egiten»

Sexualitate gaiekiko «isilkeria», eta sexu harremanak plazerarekin ez ezik zoriontasunarekin eta kontsumoarekin ere lotzeko joera: biak, tamalez, arras errotuta daudela uste du Lopezek: «Arriskutsuki».

FELIX LOPEZ. SEXOLOGIAREN PSIKOLOGIAN KATEDRADUNA

FELIX LOPEZ. SEXOLOGIAREN PSIKOLOGIAN KATEDRADUNA

«Institutu batetik hots egin zidaten berriki; kultur aste bat zutela azaldu zidaten, eta joateko hitzaldi bat ematera, gaztetxoei sexualitateaz mintzatzera. Galdetu nien zein hitzaldi gehiago izango ziren, eta esan zidaten alkoholismoari eta droga mendekotasunari buruzko mintzaldiak egingo zirela. Eta ezetz esan nien, konpainia horiekin ez nindoala. Zergatik ez dute jartzen sexualitateari buruzko hitzaldi bat, esaterako, ingurumen gaiekin batera?». Anekdota hori usu oroitarazi zuen, atzo, Donostian, Felix Lopez (1944, Salamanca, Espainia) sexologiaren psikologoak. Izan ere, sexualitatea debekuarekin eta lotsarekin lotuta erakusten jarraitzen den bitartean, ez die aterabide onik ikusten harekin lotura duten gaiei —eta eritasunei—. Salamancako Unibertsitateko katedraduna da; atzo hiesaz Donostian hasi zen kongresuko hizlari nagusietako bat izan zen.

Isilkeria salatu duzu, sexualitatea tapatzeko joera agerikoa…

Bai, ez da argi hitz egiten. Bikote barruan ere ez, usu. Andre batekin mintzatzen, lehengo batean, azaldu zidan 30 urte zeramatzala gustuko ez zuen praktika bat egiten senarrarekin. Eta hitz egiten ausartu ez! Baina hitz egin behar da. Sekretua izugarria da: lohikeriarekin, itsusia denarekin lotuta aurkezten da sarri sexualitatea.

Familia, eskola eta erakundeak. Denak oker ari direla diozu.

Familietan, oro har, ez da hitz egiten, eskolak desastre handi samarra izan dira gai honetan, eta medikuen jarrera da okerrena. Ez da gaiaz hitz egin ere egiten… Nerabeen pediatriari buruzko jardunaldi batzuetan egon naiz berriki, eta aitortzen zidaten oso gutxi hitz egiten dela sexualitateaz.

Alegia, sendagileen kontsultetan ez zaio erreparatzen gaiari?

Osasun publikoaren jarrera da okerrena: ez da sexualitateaz hitz egiten. Ez dago haurdunaldia saihesteko gaiekin zer egin den ikustea besterik: abortu gehienak erietxe pribatuetan egiten dira, eta biharamuneko pilula hartzeko botiketara bideratzen dira neska gazteak: «Doazela bakarrik». Aldiz, egokia litzateke medikuarenera joatea, eta une hori baliatzea sexu erlazioez mintzatzeko: lasai, era naturalean. Erakundeak ez dira ari ondo; kontserbadoreek ez dute ezer egiten, baina ezkerra ere ez da ari asmatzen. GIBa gai mediko bihurtu da, erietxetakoa, farmakologikoa…

Donostiara etorri zara, jendeak sexu harremanetan arrisku praktikak zergatik guztiz baztertu gabe segitzen duen azaltzen ahalegintzera. Zer dago atzean?

Inkoherenteak gara sarritan sexu harremanak izateko orduan, sexua oso erakargarria delako, zinetan desiragarria. Akaso etorkizunean izango den arrisku batengatik plazer horri uko egitea ez da batere erraza. Eta, tartean, alkohol eta droga kontsumoak badaude, oraindik ere zailagoa da. Gizakiak halakoxeak gara; askotan borondate ona dugu, baina gero… Eta sexuaren inguruko isilkeriak ez du laguntzen, jakina.

Deigarria da gizonekin izandako sexu harremanen bidez kutsatzen jarraitzen duten gizonen kopurua. Nola ulertu behar da? Harreman asko isilpekoak izateak eragina izango du, ezta?

Garai batean homosexualek kontzientzia handia hartu zuten, baina erlaxatu egin direla iruditzen zait. Noizean behineko harremanak ere, normalean, ohikoagoak izaten dira gizonen artean, eta, jakina, ez bada argi hitz egiten, kutsatzeko arriskua handiagoa da. Eta, gero, harreman isilpekoak izaten dituzte askotan, eta horrek ere ez du batere laguntzen. Kolektibo hau gizartean duen onespen faltaren ondorioak sufritzen ari da; atera kontuak, zenbait herrialdetan onartu ere ez dituzte egiten. Bikotekideak ezagutzeko-eta arazoak ere izaten dituzte sarritan, eta Internetera jotzen dute, horrek dituen arriskuekin. Horren atzean isilkeriaren eragina dago usu; ildo horretan, lagundu behar zaie bizitza sexual eta afektiboa normalizatzen.

Kritikoa zara, baita ere, sexualitatea kontsumismoaren lotzeko dagoen joera nabarmenarekin…

Bai, eta plazera eta zoriontasuna lotzera jotzen da sarritan. Eta, bai, sexu harremanak plazer iturria dira, zoragarria, baina ezin da hori zoriontasunarekin lotu; askoz ere gauza konplexuagoa da zoriontasuna, eta lortzen zailagoa. Etengabe jotzen da, baita ere, sexu harremanak osasungarriak direla esatera; eta, bai, halaxe da, osasungarriak dira, oso osasungarriak, baina horrek ez ditu derrigorrezko bihurtzen. Izugarrizko presioa dago jendearengan, sexu harremanak izan ditzan. Jendea aske izatea da kontua, eta arduraz jokatzea, deusetara behartu gabe. Baina egungo gizarteak bultzatzen gaitu lan egitera eta lan egiten ez dugunean, kontsumitzera; asko kezkatzen nau horrek. Izan ere, aisialdia modu ero batean bizitzea dakar horrek sarri askotan. Ohiko bihurtu da aste barruan bizimodu gogorra izan, eta asteburuetan muturrera garamatzaten erokeriak egitea. Eta era orekatuago batean bizi behar dugu, harmoniaren bila. Plazera, gozamena, ez dago eromenean; egiteko askatasunean dago.

Ama naturalak

Bazkaltiarretako bakoitzak smartphone-ko Whatsapp, Messenger, Twitter eta enparauei kasu egiteko besteenganako arreta eten dugun aldi ugari horietako batean, espantuka altxatu du burua jatorduan elkartu garen adiskideetako batek. Premiatsu erakutsi digu pantaila: «Begira, begira! Begira zer bidali didaten! Laukien zain dago emakume bat Alemanian… 65 urterekin!». Eskutik eskura ibili da telefonoa, eta denok leitu dugu bitxikerietan sailkatutako albistea, TF1en agerkari digitalean. Irakurri dugu Anegret Raugnik izena duela andreak, enplegutik erretiratzear den hizkuntza irakaslea dela, beste hamahiru alaba eta seme dituela aurretik, 7 biloba, eta jada 2005ean «albiste» izan zela ernalkuntza lagunduaren bidez izan zuelako haurra, 55 urterekin. Leitu dugu, halaber, ezustekoa izan dela badaezpada txertatutako lau obuluak ernaltzea, eta bere erabakia, lauekin aurrera egitea. Irakurri dugu, baita ere, Alemanian eta Frantzian asaldura sortu duela Raugniken erabakiak, jendartean oro har, eta medikuen artean, batik bat. Aho batez eman dute epaia: erokeria dela, 65 urte ez dela ama izateko adina, ez laukiena ez ume bakarrarena, haurrak kaltetzeko aukera biderkatu egiten dela, hasi hardunaldiko konplikazioetatik eta bullying-a jasateko arriskuraino: ama-amona izateagatik iseka zantarren ituan izango direla lauki txikiak.

Geu ere, bazkaritan bildutako adiskideok, boteprontoan, iritzi ildo berean lerratu gara; zera aldarrikatu dugu: zentzua zentzua dela. Eta aipatu dugu zer paradero izango duten lauki gaixo horiek urruti baino lehen amari indarrak xahutzen zaizkionean edota, okerrago, hiltzen denean. Hots, zentzuak agintzen duela amak gazte eta sasoiko behar duela —bai, sinbiosian, amentzako sasoiko izatea gazte izan gabe posible ez balitz bezala—. Eta jendeok erotuta gabiltzala zientziarekin eta bioteknologiekin. Hortan bukatu dira ama-amona eta haren laukiekikoak.

Baina gaueko pentsamendu eta ametsen arteko muga horretan berpiztu zait Raugnik, eta haserre bota dizkit zenbait galdera: adibidez, zergatik pozten garen hainbeste 80 urteko jendea maratoiak egiten ikusita, eta zergatik sortzen digun halako espantua 65 urterekin haurrak izateak. Eta ez al diren asko, eta gehinetan boteretsu, ilustre, intelektual eta izen onekoak aitondu eta gero aita egiten diren gizonak. Eta ez al daukan berak familia sare zabal-zabala indarrak urritzen zaizkionean edo hiltzen denean umetxoez arduratzeko, esaterako, 20 urteko askok baino askoz ere zaintza egitura sendoagoa. Eta zergatik iruditzen zaigun zilegi zientzia eta bioteknologia erotzeko muturretaraino eramatea hilezkortasunaren bila bada. Mutu laga nau, neure aurreiritzietan aztarrika.

Eta ezinbestean akordatu naiz giro ezkertiar, alternatibo eta, are, feminista batzuetan ernalkuntza lagunduaren kontra eratzen ari den mugimenduarekin, kapitalismoaren azken deabrukeria eta bizitza merkantilizatzea dela iritzita. Urrutira joan gabe, Emazteek Diote talde feministak gai hori izan du Martxoaren 8ko aztergai izar, eguneroko indarkeriak, prekarizazioak eta nor bere buruaren jabe izateko ezintasunak «amatasunaren desnaturalizazio» hori baino arazo txikiagoak balira bezala. Eta ahaztuta bioteknologiarik gabe ere bizitza aspalditik merkantilizatua duela kapitalismoak; are, horixe dela kapitalismoa: bizitzaren merkantilizazioa. Eta begi bistatik kenduta, obuluekin eta sabelekin ez ezik, gure gorputz osoarekin egiten duela negozioa: esku, burmuin zein kontzientzia; muinean gure denborarekin.

Eta gogoratu naiz, nola ez, Beatriz Preciado filosofoarekin: nola ohartarazi duen ezagutzaren zein bioteknologien bilakaerak hainbeste ahuldu duten sexu binarismoaren hezurdura epistemologikoaren —hots, gure sexu/genero sistemaren oinarriaren— irauteko azken aukera dela emakumea amatasunaren bidez, amatasunean, naturalizatu eta esentzializatzea.

Sekretuak argia ikus dezan

Badira urte asko, 17 edo… desberdin sentitzen nintzela, txoria kaiola baten sentitzen den antzera. Urte gehiegi dira nire gezurretan atrapaturik, eta inork ezin ninduen lagundu. Nik bakarrik eman behar nuen pausua, eta horretan ari naiz, ez da erreza aizue!

Berdedunari desberdin begiratzen nion,  larrosez jantzita zegoenari begirunez eta gorriduna nere amodio platonikoa omen zen, txikitan denok bait dugu horrelakoren bat, ez ezazu zure burua engainatu!. Dena desberdina zen nire inguruan: nire lagunek beste era batera begiratzen zuten bai bededunari eta larrosadunari. Gorriduna lagun ona zen, ez amodio platonikoa.

Urte gehiegi eman ditut hau ezkutatzen, eta orain pausua emateko unea iritsi da… Bai, Gaya naiz. Gorriduna, Mikel zen, larrosa kolorekoa Iban eta Berdez jantzitakoa Aitor… Ez nintzen gai izan maite nuela esateko, zer esango ote zuten. Baina orain berdin zait.

Egidazue beti egiten dituzuen galdera arruntak… Neska batekin probatu al duzu? Ez; Orduan zelan dakizu mutilak dituzula gustoko? Hori badakidalako; Baina ia, hori zelan jakiten da? Ba, jakiten; Ta zu nitaz…? ELKARRIZKETAREN AMAIERA!

Horrelako patetikoak izan daitezke elkarrizketak! Bai badakit ez dela sekretu bat, urte asko daramatzadala nire sexualitatearen askatasunagaitik borrokan, baina… Ikusten duzue zelako zaila izan daitekeen pausu hori ematea? Ez da erraza, inondik inora, baina ingurukoek laguntzarik ematen ez badute, askoz ere zailagoa da.

Zelakoa litzateke egoera aldrebes? Jolas bat proposatuko dizuet: egizkiozue galdera horiek zuen buruei. Apoostua egingo nuke ez zaretela gustura sentituko. Zergaitik? Ez al duzu inoiz gizon/emakume batekin probatu? Orduan zelan dakizu neska/mutilak gustuko dituzula? Baina hori zelan jakin daiteke? Ta zu nirekin… Izan gaitezen kontziente, gurasoekin ezin badugu sexuaz hitz egin, zelan egin ahal dizkiogu horrelako galderak lagun bati? Utzi galderak beste gauza batzuetarako eta bizi sexualitatea datorren eran! Askatzaileak izan gaitezen bizitza estutu honetan!

Erraztu dezagun mundu hau, kolorea eman diezaiogun. Beste egunean ikusi nuen irudi bat, eta asko erakarri ninduen, horrela zioen: “Burua parachute baten antzekoa da, ez du ezertarako balio zabaltzen ez bada”. Hori da gaurko aholkua, zabaldu ezazue burua, ez egin hainbeste galdera eta bizi! Sekretuak argia ikusi dezan, zure laguntzaz.