Eraso matxista eta lesbofoboen aurkako elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, azkenaldian izandako eraso matxista eta lesbofoboak arbuiatzeko kontzentrazioa egin dute Bilbon.

2015-05-29,Bilbo. Bilboko Koordinadora Feministak elkarretaratzea egin du Deustun eta Deustuibarran emandako eraso lesbofobo eta matxistak salatzeko. Irudian, elkarretaratzearen unea.  29-05-2015, Bilbao. Bilboko Koordinadora Feminista se concentrará para denunciar los ataques lesbófobo y machista ocurridos en Deustu y Deustuibarra. En la imagen, un momento de la concentración.

Arriaga plazan egin dute elkarretaratzea. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Bilboko Arriaga plazan egin dute elkarretaratzea, «indarkeria sexistari aurre egin» lelopean.

Modu horretan salatu dute, Emakumeen Mundu Martxak deituta, azkenaldian eman diren erasoak.

Uriola.eus-ek gogoratu duenez, maiatzaren 11ko astean, Deustuko lesbiana bikote baten autoan hainbat zakil marraztu zituzten.

Horrez gain, maiatzaren 21an, 24 urteko emakumen bati eraso egin zioten Zorrotzaurren. Gizon bat ukituak egiten hasi zitzaion eta erasotzaileak bi labankada eman zizkion. Ertzaintza haren bila ari da oraindik.

«Haurrei ez dizkiegu ezta genitalen izenak ere irakasten»

ATZEKOZ AURRERA. Aingeru Mayor. Sexologoa. Sexualitatea, erotika, plazera eta halako kontzeptuak erabat ilunak direla salatu du Mayorrek, eta horrek norberaren gorputz eta plazerarekiko ezjakintasuna baino ez dakarrela.

Aingeru Mayor

Aingeru Mayor

Gurasoen eta haurren sexualitatea. Hori landu zuen Aingeru Mayor (Donostia, 1972) sexologoak Hondarribian (Gipuzkoa) larunbatean emandako tailerrean. Haren arabera, haurrei sexualitatea irakatsi behar zaie, gastronomia edota biologia irakasten zaien bezala. «Haurrei ez dizkiegu ezta genitalen izenak ere irakasten». Hala ere, sexualitateari dagokionez, ona da gurasoak haurren heziketaz arduratzea, baina gurasoek euren burua begiratzera animatzen ditu. Plazerarekin eta erotikarekin gustura biziz zoriontsuagoak izango baitira, eta hori haurrei transmitituko dietelako.

Maiz erabiltzen den hitza da sexualitatea. Ondo erabiltzen al da? Nola definituko zenuke?

Sexualitatea da bakoitzak bere sexua nola bizi duen. Hau da, bakoitzak nola bizi duen bere gizon edo emakume izate hori. Sexualitatea, niretzat, ez da ugalketaren sinonimoa, ez genitalena, ezta larrua jotzearena ere, komunikabideetan agertzen den bezala.

Ikastetxeetan nerabeei eskaintzen dizkiete sexualitate ikastaroak. Zer iruditzen zaizkizu?

Ikastetxeetan nerabeekin sexualitateaz jarduten denean, askotan antisorgailuei eta arriskuei buruz hitz egiten da. Hau da, ugalketa, genital eta larru jotzeari buruz aritzen dira. Nire ikastaroetako helburua da guraso eta hezitzaileekin hainbat ezagutza konpartitzea, gurasoak haurren bidelagun izan daitezen euren sexualizazio prozesuetan.

Haurrekin sexuaz hitz egiteko zailtasunak egoten dira, tabuek indar handia baitute.

Inork ez du hitz egiten gorputza, plazera eta erotikari buruz. Orduan haurrei hutsune bat uzten diegu. Gainera, zerbait esaten denean, sekretu kutsua du. Beraz, apurka-apurka haurrak barneratzen hasten dira ez dela gai horien inguruan hitz egin behar. Aztertu daiteke nola haurrek euren gorputza esploratzen duten txikiak direnean. Beste umeekin jolastean, esplorazioa konpartitzen dute. 5, 6 edo 7 urterekin, gizartean dagoen debeku kutsu hori barneratzen dute.

Zein ondorio ditu ezkutukeria horrek?

Sexualitatea eta erotikaren mundua ulertzeko zailtasunak dakartza. Beste zenbait gaitan, gastronomian edota biologian, oinarrizko ezagutzak eta alfabetoa ematen dizkiegu. Ordea, haurrei ez dizkiegu ezta genitalen izenak irakasten. Euskaraz esaten den bezala: izena duen guztia omen da, eta izenik ez duenik ez da existitzen. Beraz, sexu organoak ezkutatzen dira, eta jakintza hori hutsa geratzen da. Noski, huts hori betetzen saiatuko dira.

Nola beteko dute?

Askotan pornografiarekin. Gero, harrituko gara zer eragina duen pornografiak gazteengan. Baina, askotan, hori da nerabeek duten iturri bakarra. Nerabeak erakartze erotikoak sentitzen hasten direnean, euren gorputzarekin ezjakin hutsak dira. Gazteek dakiten bakarra filmetan ikusitakoa da: mutilek zakila sartu behar dutela nonbait, eta neskek zerbait sartu behar dietela. Hori bai, guk emandako antisorgailu pila batekin.

Haurren sexualitatea garatzeko zer garrantzi du gurasoen jarrerak?

Haurrentzat erreferentzia nagusia dira gurasoak. Baina umeek ez dute horrenbeste ikasten esaten diegunagatik, baizik eta egiten dugunagatik. Horregatik aipatzen diet gurasoei agian komeniko litzaiekeela euren buruaz arduratzea, haurren sexualitateagatik hainbeste kezkatu beharrean. Gu zoriontsu bizi bagara plazerean, eta gure erotika gustura bizi badugu, hori guztia haurrei transmitituko diegu.

Gai hauek lantzean zeintzuk dira aurkitu dituzun erresistentzia nagusiak?

Norberak bere gorputza nola bizi duen, horretan lan handia dago egiteko. Inposatutako irudi baten tiranian bizi gara, bereziki emakumeak. Irreala den prototipo bat saldu dute, eta horrek emakume asko eraman ditu euren gorputza ez onartzera. Bestalde, koitoa erotikarako eredu bakartzat ezarri dute. Maitaleek aurretik idatzitako gidoi bat antzezten dute. Horrek eragozten du nork bere maitatzeko moduak aurkitzea.

LGTBIen eskubideak bermatzeko lege bat aurkeztuko du EH Bilduk

Azaroan Katalunian onartutako arauan oinarrituko da koalizioaren lege proposamena. Urtea amaitu aurretik eraman nahi du Eusko Legebiltzarrera. Jokabide homofoboak zigortzea ekarriko luke

LGTBIen aurkako indarkeria saihesteko xedea du legeak

LGTBIen aurkako indarkeria saihesteko xedea du legeak. I. ZABALETA / ARGAZKI PRESS

LGTBI komunitatea legez babestu nahi du EH Bilduk. Lesbiana, gay, transgenero, bisexual eta intersexualen eskubideak bermatzeko, eta homofobia, bifobia eta transfobia desagerrarazteko, lege proposamen bat prestatzen ari da koalizioa, 2015eko amaieran Eusko Legebiltzarrean aurkezteko. Arauak berekin ekarriko luke LGTBI pertsonek osatutako kontseilu bat sortzea eta jokabide homofoboak zigortzea, besteak beste. Berdintasunerantz urratsak egiten segitzea izango du xede, Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkideak BERRIAri esan dionez: «Inposatu zaigun eredu heteropatriarkala deuseztean datza».

«Apustu estrategikoa» da legea Urrearentzat. Gogora ekarri du EH Bilduren hauteskunde programan jaso zutela egitasmoa, eta LGTBI komunitatearen «eskaera historikoa» dela. «Euskal Herrian dagoen aniztasun afektibo eta sexuala ikusgai egitea eta errespetatzea du xede legeak». Ez dira hutsetik abiatuko: Kataluniako Parlamentuak iazko azaroan onartutako legean izango du oinarria EH Bilduren lege proposamenak. «Mugimendu sozialak ere bat datoz: Europako abangoardia da arau hori. Eta adostasun handia lortu zuen: PPk izan ezik, alderdi guztiek onartu zuten».

Bizitzaren esparru guztietan gay, lesbiana, transgenero, bisexual eta intersexualek jasaten duten bazterketa eta indarkeria saihesteko moduak ezarri zituen Kataluniako legeak. Hau da, lan munduan, hezkuntzan, familia politiketan, aisialdian, hedabideetan, gizarte zerbitzuetan… nola jardun adierazten die instituzio publikoei ez ezik, bestelako erakundeei ere: sindikatuak, enpresak, segurtasun indarrak…

Politika horiek koordinatzeko organo bat sortuko litzateke Eusko Jaurlaritzaren barruan, legea onartzekotan. «LGTBI politiketarako berariazko aurrekontu sail bat egongo litzateke, orain arte ez bezala», erantsi du Urreak. LGTBIen Euskal Kontseilua sortzea ere proposatuko du koalizioak, parte hartzerako eta aholkularitzarako gune gisara.

Zigorrak

Legea betetzen ez dutenak zigortu ahal izatea aurreikusi zuten Katalunian; arauaren ezaugarri nagusietako bat izan zen, eta hori bera nabarmendu du Urreak, Euskal Autonomia Erkidegoko legeari begira: «EAEko Berdintasun Legearekin konparatuta, adibidez, hori du alde nagusia: zigortzeko ahalmen esanguratsua duela. Azken batean, zertarako onartuko dugu lege bat, hura urratzeak ondoriorik ez badakar?».

Sexu joeraren edo genero nortasunaren aurkako jardunak urraketatzat hartuko lirateke: irainak, jazarpena, eraso fisikoak, hedabide edo hitzaldietako adierazpenak —indarkeria sustatzen badute—, LGTBI pertsonei sarbidea ukatzea establezimendu, izapide edo zerbitzu publiko batean… Halakorik egiten dutenei isun ekonomikoak jartzea aurreikusten dute Katalunian, baita administrazio publikoarekin lan egiteko debekua ezartzea ere.

EH Bilduk urtea amaitu aurretik eraman nahi du lege proposamena Eusko Legebiltzarrera. Udazkenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako LGTBI elkarteekin partekatzeko asmoa dute: «Haien ekarpenak jaso nahi ditugu, mugimendu sozialetan ahalik eta adostasun handiena lortzeko».

Zilegitasuna eta esentziak

Baietzaren aldeko pintada bat, Dublinen

Baietzaren aldeko pintada bat, Dublinen. AIDAN CRAWLEY / EFE

Ondo bidean, irlandarrek baietz esan zioten atzo sexu bereko pertsonen ezkontzei. Uhartean ditudan adiskideek adore emateko mezuak zabaldu dituzte egunotan sare sozialetan, eta irribarretsu ageri ziren argazkiak jarri zituzten atzo. Baietzak alde handiz irabaziko duen seinale izatea espero dezagun. Sinn Fein-etik Fine Gael kontserbadorera, denek bat egin dute.
Alderdiek Parlamentuan zuzenean ebatz zezaketen auzi bat herritarrei pasa diete (badira Konstituzio-aldaketak halabeharrez erreferenduma behar zuela diotenak ere), eta masa-mobilizazio ederra ekarri du, gizarte osoa kolektibo baten eskubideen defentsan, eskubideak gizarte osoarenak direlako azken baten. Baietz bozkatzeko eskatu dute elizako zenbait kargudunek. Era berean, sektore atzerakoi beldurgarria ere agerian utzi du, katolikoak eta protestanteak muturreko ideietan batzeko gai.

Baina mobilizazioak bestelako eztabaida bat ere ekarri du: eta ezetzak irabaziko balu, zilegi ote da gutxiengoaren eskubideak ezabatzea gehiengoak hala eskatuta? Euskal Herrian ere izan da kezka hori. Gurean behin baino gehiagotan galdetu da, zaborrez, zikintzeaz edo hizkuntzaz ari garela, dena ote den bozkagarri. Bada independentzia ere galdetzerik ez dagoela dioenik. Bistan da galdera egiten duena ezetz erantzuten ari dela, badirela oinarrizko gauza batzuk berez dagozkigunak, herritarren artean uneren batean gehiengorik lortu ez arren. Bizitza-eskubidea, pertsonen berdintasuna… ez dirudi zilegi, esaterako, emakumeei, beltzei, euskaldunei, homosexualei, gura dugun kolektiboari boto-eskubiderik ken dakiekeenik, ezta? Hau da, horrelakorik planteatzea ez litzateke zilegi, ez eta herritarren erreferendum baten esku uztea ere (bidenabar, boto-eskubidea kentzea eskatzea inoiz ez litzateke zilegi izan behar. Euskararik ez dakitenei ere ez, inork halakorik planteatuko balu).

Batzuentzat oso argi dago: oinarrizko eskubideak ez dira bozkagarri. Beste batzuetan herritarrek beti behar dute hitza izan, elkarbizitza ere herritarren hitzarmenetik datorrenez gero. Badakit jarrera arriskutsua izan daitekeela, baina esentzietan goxo geratu ordez, herritarrengan konfiantza izan behar delakoan naiz. Parte-hartzea ahalbidetu. Eta horrek izan ditzakeen kontraesanez jabetuta ere, herritarren ahalbidetzea bermatu.

Sexu bereko pertsonen ezkontza legeztatzearen lehen ondorioa eskubide hori indartsu sartzea izango da, herritarren zilegitasun handiz. Kontraesana dagoela jakitun, baina hari itzuri gabe. Baietzak auzia konpontzen du. Txikia izan arren, ezetzaren arriskua ere badago, bistan da. Baina ez du auzia ixten, borroka atzeratu baizik. Auzia ezkontzak zein Eskoziako independentzia izan.

Irlandakoa baino askoz esanguratsuagoa zait Hego Afrikakoa: 1992ko martxoaren 17an konstituzio aldaketari buruz bozkatuko zuten erreferendumean. Funtsean, apartheid sistemaren amaiera zekarren aldaketa zen, baina horretarako, paradoxikoki, zuriek baino ez zuten bozkatzerik izan galdeketan. Hau da, teknikoki, zurien esku uzten zen pribilegioak galtzea etaapartheid-a gainditzea.

Ordurako Mandela kalean zen, Namibia independentea zen eta lurren jabetzea eta herritarrak arrazen arabera bereizten zituzten legeak abolituta zeuden. Baina tentsioa gora zihoan, Gobernuaren oposizioa (zuria) indartzen ari zen eta talde paramilitar arrazistek geroz eta indar handiagoa zuten kalean. Frederik De Klerkek, orduan, erreferenduma antolatu zuen ordura artekoari babesa eskatzeko, eta funtsean, zilegitasuna irabazteko.

ANC Afrikako Kongresu Nazionala, noski, kritiko agertu zen hasieran segregazioa gainditzeko zuriek baino bozkatzerik ez zuten erreferendum harekin. Baina laster jabetu ziren moralki zilegitasuna erraz uka zekiokeen galdeketa hark zeukan garrantziaz, eta zer nolako atea irekitzen zuen. Erantsi horri irabazteko aukera guztiak zituela baietzak: hedabideak, gobernua zein nazioartea. Eta baietzaren alde egin zuen kanpaina hasieran.

Hego Afrikako zurien %85ek parte hartu zuen erreferendumean. Ia bi milioik, boto emaileen %68k, baietz bozkatu zuten. Eta Frederik De Klerk-ek esan zuen: «Gaur apartheid-aren liburua itxi dugu». Nelson Mandelak «egiaz, oso pozik» zegoela esan zuen. Oraindik bi urte falta ziren ANCk hauteskundeak irabazteko eta Madiba lehendakari izateko. Baina asmatu zuten galdeketaren garrantzia ulertzen, legitimitaterik gabeko erreferendum bat izan arren abiapuntua.

Eskubidea irabazle

Irlandan boto-emaileen %62k onartu dute sexu bereko bikoteen ezkontzak legeztatzea. Munduko lehenbiziko herrialdea da erreferendum bidez onartzen

Herritarrak baietzaren garaipena ospatzen, atzo, Dublingo gazteluan

Herritarrak baietzaren garaipena ospatzen, atzo, Dublingo gazteluan. AIDAN CRAWLEY / EFE

Irlandako Errepublikan herritarrek erreferendum bidez erabaki dute sexu bereko bikoteei ezkontzeko eskubidea onartzea. Esperotakoa zen baietzak irabaztea, baina azken emaitzak eta erreferendumerako kanpainak Irlandako gizartea astindu dute, eta aurrez aurre paratu dute bere tradizio katoliko hertsiarekin: gobernua, alderdi nazional guztiak, hedabide handiak, sindikatuak eta patronala agertu ziren eskubidea onartzearen alde; aurka, berriz, Eliza katolikoaren kupula, abortuaren aurkako taldeak, muturreko elkarte kontserbadoreak eta zenbait diputatu. Enda Kenny lehen ministroaren ustez, eskubidea erreferendum bidez onartuta munduan «lidergo aitzindaria» erakutsi du Irlandak.

EB Europako Batasunean, Irlandak baino lehen Kroaziak eta Eslovakiak egin zituzten sexu berekoen ezkontza eskubidearen inguruko erreferendumak. Bi herrialdeek kritikak jasan zituzten eskubideak bozkagai paratzeagatik. Bi herrialdeetan muturreko talde kontserbadoreek erreferendumera deitzeko beharrezko sinadura kopurua lortu zutelako egin zuten. Kroazian, 2013ko abenduan: %37,9ko parte hartzearekin, %65ek ez zuten onartu sexu berekoak ezkondu ahal izatea. Eslovakian, berriz, aurtengo otsailean: eskubidea ez onartzearen aldekoek irabazi zuten, baina parte hartzea ez zenez %50era ailegatu —%21ekoa izan zen—, baliogabe gelditu zen. Eliza katolikoko Frantzisko aita santuak babesa eman zion ezkontzeko eskubidearen aurkako kanpainari.

Irlandan, ordea, bertzelakoak izan dira emaitzak, eta horregatik aurkeztu du Kennyk eredugarritzat. Hiru milioi herritarrek baino gehiagok zuten botoa emateko eskubidea: %60ko parte hartzearekin, %62 agertu ziren eskubidea onartzearen alde, eta %37 aurka. Sexu berekoen ezkontzak erreferendum bidez legeztatu dituen munduko lehenbiziko herrialdearen emaitzak. Kenny lehen ministroak oraindik behin betiko emaitzak jakin aitzinetik zoriondu zituen baietzaren alde botoa eman zutenak. Gazteak izan zituen gogoan, eta bereziki atzerritik espresuki botoa emateko bueltatu ziren milaka gazteak. «Uste dut gazteek, bereziki papertxo batean x bat paratzeko edonondik bidaiatu duten horiek erakutsi dutela gai honi zer-nolako balioa eman dioten, eta politikari, berriz, zer-nolako garrantzia».

Ingalaterra protestantearen zanpaketaren azpian garatu zuen Irlandak bere katolikotasun sakona. Uhartearen zati gehienak independentzia lortu ondoren (1922), katolizismoa bilakatu zen estatu berriaren identitatearen ikurretako bat. Horregatik, zenbait eskubideren aldarrikapenek talka egin izan dute erlijiotasun horrekin. Adibidez, errepublikak iaz arte ez zuen abortuaren legerik izan, eta, gainera, soilik amaren bizitza arriskuan dagoenean baimentzen du abortua; bortxaketa, intzestu edo fetuaren anormaltasun kasuetan, ez.

Baina sexu berekoen ezkontzaren auziarekin ez da hori gertatu. Kenny lehen ministroak berak onartu du gai horren inguruan denborarekin iritzia aldatu duela. Katoliko praktikatzailea da, eta Fine Gael alderdi demokristauko burua. Aitzineko gobernuak, Fianna Fail eskuineko bertze alderdi nagusiarenak, jada 2010ean onartu zuen sexu bereko bikoteek legezko estatusa izateko legea, baina ezkontza izan gabe. «Kanpaina ia iraultza sozial baten gisakoa izan da», adierazi zuen atzo Leo Varadkar Osasun ministroak. Gay dela jendaurrean adierazi duen lehenbiziko ministroa da Irlandan.

Zalantzak Eliza katolikoan

Diarmuid Martin Dublingo artzapezpikuak ere termino bera erabili du erreferendumaren emaitza azaltzeko: «iraultza soziala». Are gehiago, Eliza katolikoak Irlandan duen egoerarekin kezkatuta agertu da, eta erran du erakundeak «eztabaida sakon bat eta errealitatearen azterketa bat» hasi behar dituela. Eliza katolikoa hagitz boteretsua izan da beti Irlandan, baina, gehienbat Elizako kideek hamarkadatan haurrei egindako sexu abusuak argitaratzen hasi zirenetik, kalte handia jasan du haren prestigioak.

Ezetzaren alde lerratu diren sektore guztiek ez dute interpretazio berbera egin, ordea. «Gure ikuspuntutik, alderdi politiko batek ere ordezkatzen ez duen gizartearen sektore handiagoa ordezkatu dugu», adierazi du MFM Inporta Duten Gurasoak muturreko talde kontserbadoreak.

Gay eta lesbianen ezkontzen gaineko galdeketan baiezkoa nagusitu da Irlandan

Botoak kontatzen ari dira oraindik, baina RTE kate publikoak aurreratu du baiezkoa. Arratsaldean emango dituzte atzo egindako erreferendumeko behin betiko emaitzak

.RTE Irlandako kate publikoaren arabera, gay eta lesbianen ezkontzak legeztatzearen inguruan egindako galdeketan ez da ezustekorik izango. Baiezkoaren alde egin dute alderdi politiko nagusiek eta komunikabide handiek, eta baita herritarrek ere. Botoen lehen kontaketen arabera, baiezkoa nagusituko zaio ezezkoari. %60ren inguruan ibil daiteke erreferendumean baiezkoa eman dutenen kopurua.

Irlandako Konstituzioa aldatzeko, erreferendumera deitu behar dute lehenago, eta atzo zuten botoa emateko eguna herritarrek. Parte hartzea “aktibotzat” jo zuen atzo Irish Times egunkariak. 3 milioi irlandarrek eman zezaketen botoa, eta %55-%60 inguruko parte hartzea aurreikusten zuten.

Beste urrats bat

2010etik izatezko bikote izan daitezke gay eta lesbianek osatuak. Hala ere, 1993ra arte legez kanpokoa izan da sexu berekoen arteko harremana: Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzita legeztatu zuten. Dibortzio eskubidea ere duela gutxi, 1995ean aitortu zitzaien irlandarrei. Oraindik orain, abortua legez kanpokoa da.

Irlandarren %85 katolikoak dira, eta Elizak indar handia du bertan. Eliza da, hain zuzen, gay eta lesbianen ezkontzen aurka agertu den eragile nagusia. Dena dela, hanbait apaizek baiezkoaren aldeko botoa eskatu zuten.

MAIATZAK 17: Homofobiaren eta Transfobiaren aurka, lantokietan ere defenda dezagun aniztasun sexuala

Aurreiritziak, estigmatizazioa eta desberdintasuna oso present daude lantokietan. 10 LGTB pertsonetatik 7-k onartzen dute modu bateko edo besteko diskriminazioa jaso izana. Eta horri gehitu behar zaizkio lan munduan dauden nagusien autoritarismoa eta alde bakarreko boterea, lan baldintzen kaxkartzea, prekarietatea, …

m17

Itxura batean, legeek ez dituzte diskriminazioak onartzen sexu orientazioa eta nortasuna direla medio. Teorian inor ez litzateke inongo erasoren biktima izan beharko bere aukera sexuala adierazteagatik. Baina eguneroko bizitzan lesbianek, gayek, bisexualek eta transexualek (LGTB) beste errealitate bat erakusten digute. Ideologia heterosexuala jaun eta jabe da, eta ondorioz, homofobiak indarrez dirau kalean, eskoletan, familian,… Homofobiak mespretxatzen, zokoratzen eta jazartzen segitzen du.

Zenbat langilek adierazi ahal dute bere aukera sexuala, stressa eta antsietaterik gabe, lan ingurune erasokor batean? Zenbat enpresek onartzen dituzte, normaltasunez, sexua aldatzen duten pertsonak? Zenbat enpresek planak martxan jarri dituzte aniztasun sexualaren alde eta sexu diskriminazioen kontra? Zenbat enpresetan langileek adierazi ahal dute haien noratsun sexuala askatasunez?

Homofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko egunaren atarian, LAB sindikatuak jendartean eta lantokietan homofobia, lesbofobia, transfobia eta orohar, sexu orientazio zein genero identitate ezberdinen aurka ematen diren eraso eta diskriminazioekin amaitu eta desagertarazteko konpromisoan berretsiz, jendarte anitzaren aldeko apustua egiten du. Apustu honen atzean dago, heteropatriarkatuak bultzatzen dituen estereotipo, aurreritzi eta oztopoak gainditzeko aldarrikapena eta LGTB pertsonen zapalkuntza eta eskubide ukapenen aurkako borroka. Lan munduan ere, gora aniztasun sexuala!

Gazteen %35ek uste dute gurasoek beren homosexualtasuna onartuko luketela

Hogei urtez azpiko seiehundik gora gazte itaundu dituzte Ipar Euskal Herrian goi mailako lanbide heziketako bi ikaslek, homofobiaren indarra neurtzeko. Lege mailan aurrerapausoak izan direlako pozik agertu diren arren, sexu bereko pertsonak gustatzen zaizkienen aurkako erasoek etenik ez dutela gogorarazi du Bascos elkarteak. Horien erdiak interneten gertatzen direla diote gainera, eta bereziki, Twitter-en. Homofobiaren aurkako nazioarteko eguna da gaur.

A Baiona le 17-11-2012.Rassemblement d'environ 60 personnes devant la mairie pour un "Kissing" (s'embrasser-se donner un baiser) ˆ l'appel des "Bascos" pour appeller les deputes a voter la loi pour le droit au mariage pour les homosexuels,gays,lesbiennes.

A Baiona le 17-11-2012.Rassemblement d’environ 60 personnes devant la mairie pour un “Kissing” (s’embrasser-se donner un baiser) ˆ l’appel des “Bascos” pour appeller les deputes a voter la loi pour le droit au mariage pour les homosexuels,gays,lesbiennes.

Biarritzeko Atlantique goi mailako lanbide hezkuntzako bi ikaslek, Margaux Guillotek eta Anthony Terralek, Refuge elkartearen adar bat Lapurdin irekitzeko beharrik ba ote dagoen ikertu nahi izan dute. Euren sexu joera dela-eta bazterketa jasaten duten gazteak babesten ditu elkarte horrek.

Horretarako, galdeketa bat egin dute Ipar Euskal Herriko sei ikastetxetan. 600 bat ikasle itaundu dituzte denera, gehien-gehienak hogei urtetik beherakoak, eta erantzun horiek jasoz ondorio «pozgarriak eta kezkagarriak» atera dituzte.

Atentzioa eman dien lehena: galdekatutakoen %38k ez dute beren egunerokotasunean homosexuala den pertsonarik topatzen. «Kopuru altua» da hori, Guillot eta Terralen iritziz, sexu bereko pertsonak gustuko dituenen bat ezagutzen dutela aitortzen duten %62 horren aldean. Zer pentsatua eman beharko lukeena.

Euren ikastetxean aipu homofoborik entzuten duten galdetuta, berriz, «bai, baina ez sarri» erantzun dute ia erdiek. Zehazki, %45ek. Laurdenak, ordea, «ez da naturala, ez luke horrelakorik behar» edota «nork egiten du emakumearena» bezalako ateraldiak nahiz birao eta gaizki-esan homofoboak sarri entzuten dituela dio. Kopuru bera da sekula halakorik entzun ez dutenena.

Eredu klasikoa lagun

Harreman eredu tradizionala duten bikote homosexualak gehiago onartzen dituzte galdekatutakoek. Alde horretatik, ezkontza edota haurren adopzioa bezalako urratsek harreman horiek normaltzat jotzen laguntzen dute.

Norbaitek sexu bereko norbaitekin hasi dela, ezkonduko dela eta harekin haurren bat adoptatuko duela iragarriko balie itaunduek izango luketen erreakzioa aztertu dute horretarako. Harremanaren irudia zenbat eta bikote tradizionalera gehiago hurreratu, harreman hori orduan eta onargarriagoa egiten zaiela jabetu dira Guillot eta Terral.

Galderei erantzun dietenen erdiak baino gehiago lehenik «harritu» egingo lirateke lagun hurbilen batek sexu bereko norbaitekin hasi dela aitortuko balie, baina ez luke inongo eragozpenik izango. Oroz gaindi eta «baina»-rik gabe lagunarekiko poza sentituko luketenak laurdena dira. Zertxobait gutxiago, %19, berriak gaizkituko lituzketenak. Ondoez hori muturrera eramango luketenak, harekiko harremana etetera alegia, oso gutxi dira (%4).

Itzalik gabeko poz hori sentituko luketenak, ordea, %28 ez baizik eta %43, lagunak sexu bereko norbaitekin ezkontzera doala iragarriko balie. Horren ordez haurra adoptatzera doazela jakinaraziz gero, horixe opatzea eta babesa erakustea litzateke %65en jarrera. Jauzi esanguratsua. Hiru berri ezberdin horien aurrean ezadostasuna agertuko luketenen edo gaizki irudituko litzaiekeenen kopuruak bere horretan jarraitzen du, %16-24 artean hiru kasuetan.

Gurasoei homosexualak direla aitortu beharko baliete, haiek izango luketen jarreraz zein uste duten ere galdetu diete. Gehin-gehienek estutasunean ikusten dituzte munduratu zituztenak. Beren gurasoek berria ez luketela ez ulertuko ez onartuko irizten diote ia erdiek, gatazka iturri izango litzatekeela. Bostetik batek soilik ikusten ditu bere gurasoak albistea inolako arazorik gabe onartzen. Gainerako %35ek besteek usteko dutenarekin kezkatuta ikusten ditu gurasoak, nahiz eta ulertuko luketen.

Haiek arazorik ez

Lagunartean dabiltzala homosexualen bat ezagutuko balute heterosexualekin duten jarrera bera izango luketela dio galdekatutakoen gehiengo zabal-zabalak, ia hiru laurdenek. %22 dira ezeroso sentitu baina formak gordeko lituzketenak, eta %6, egoera horretatik lehenbailehen ihes egingo luketenak.

Sexu bereko norbaitekin harremanik izan duten galdetuta, %88k ezetz erantzun dute. %5ek diote noizbehinka badutela harreman homosexualen bat.

Udazkenerako harrera gune bat irekitzeko asmoa dago Baionan

Bascos LGBT elkarteak homofobiaren eta transfobiaren errealitatea ekarri nahi izan du gogora jarrera horien aurkako nazioarteko egunean. Hori dela eta, lagunarteko hizketaldi bat eta film laburren emanaldia antolatu zituzten ostiralean Baionan, Txalaparta lokalean. Lapurdiko hiriburuko Laffitte kalean dago elkartearen informatze eta sentsibilizatze gune hori.

Lan horretan beste urrats bat egin, eta Txalaparta atzean harrera gune bat eta nora joan izateko toki bat prestatzeko gogoetan murgilduta dabiltza Bascosekoak. Homofobiaren biktima direnei laguntza osoagoa eman nahi liekete horrela.

Pozik daude lege mailan emandako aurrerapausoekin, sexu bereko ezkontzak onartzearekin, esaterako; ez ordea batzuek homosexualtasunaren aurrean izaten duten jarrerarekin.

Erdeinua eta mespretxua hor direla salatu dute, tarteka eraso fisikoak ere bai. Bereziki kezkatuta daude Interneten eraso homofoboek daukaten maiztasunarekin. Salatutako erasoen erdiak, hain zuzen, sarean gertatua direla azpimarratu dute, eta bereziki, Twitter bidez egiten dela eraso.

Biarritz Atlantiqueko bi ikasleen ikerketak lanean jarraitzeko beharra bistaratzen duela argi dute. G. M. Z.

Homofobia badago

Orain ez asko, Argia aldizkarian kontatu nuen lehen aldiz 1995eko amaiera aldera gertaturiko anekdota bat. Estatuko talde gay-lesbiano guztiok Madrilen egin behar genuen manifestaziorako deialdiaren nondik norakoak erabakitzeko azken batzarra Bilboko EHGAMen egoitzan izan zen. Bertan, besteak beste, Pedro Zerolo (egun PSOEko Gizarte-Mugimendu eta GKEekiko Harremanetarako Idazkaria) egon zen, garai hartan elkarte bateko presidentea zen heinean.

Captura de pantalla 2015-05-18 a las 08.45.29_content

Bileran, EHGAMek proposatuta, agiriaren izenburua “Homofobiaren aurka” izan behar zela, eta lehen puntuan bikote-legearen ordez, ezkontzeko eskubidea exijitu behar genuela ebatzi zen. Zerolo ezaguna da, dituen karguengatik ez ezik, bere burua aurkezten duelako sexu berekoen ezkontzen aitzindari. Inor gutxik daki, ordea, bilkura hartan sutsu jo zuela ezkontza aldarrikatzearen kontra, hala nola “Homofobiaren aurka” leloaren beraren kontra ere, Espainian (sic) ez omen zegoelako homofobiarik. Errealitatea tematia da; eta suposatzen dut Zerolo jaunak egun aitortuko zuela berak esaniko hura falazia hutsa baino ez zela. Homofobia egon badagoelako Espainian, Euskal Herrian eta, zoritxarrez, nonahi. Horrexegatik da hain inportantea erne eta lanean jarraitzea.

Gaurko egoera gure taldea sortu zen garaikoarekin alderatuz gero, ukaezina da gauzak askotxo aldatu direla onerako sexu-askatasunari dagokionean. Hainbat lege desagertu edo aldatu egin dira, eta beste berri batzuk sortu; erakunde batzuek homofobiaren aurkako kanpainak egiten dituzte… Hori guztia ondo dago. Egin behar zen eta egin behar da. Baina, kontuz! Egiten dute/da/dugu benetan geureganatuta dutelako/dugulako sexualitatearen arloan ere askatasuna izan behar dela nagusi, edo politikoki zuzena omen delakoan ondo gelditzeko?

Joan den hilean, gure taldean urtetan ibilitako mutil bat erasotua izan zen Algortan. Horren kontra deituriko kontzentraziora udaleko alderdi guztietako ordezkariak joan ziren, PPkoak barne. Ongi deritzot horri: hor egon behar zuten eta hor egon ziren. Zalantza bat dut ordea. Nola da posible horiek beroriek (PPk aurkeztu eta PNVk alde), egun batzuen bueltan Bilboko udalbatzan inguruetako mendixka batean “cruising” delakoa (gizonek gizonekin ligatzea alegia, sexua egiteko asmoz) debekatzea. Gainera, PPren kasuan behintzat, ezaguna da zentzu guztietan eraman duen eta daraman ibilbide homofoboa, edo, hobeto esanda, sexofoboa. Horri inkoherentzia dei diezaiokegu, edo kontraesana; nire ustez, ordea, zerbait gehiago dago: batzuen kasuan hipokresia, eta besteen kasuan benetako eurenganatze-falta. Hausnarketa sakona behar dugu, ea egiazki zer pentsatzen dugun, zeren alde egin nahi dugun, zelako bitartekoak erabiltzeko prest gauden… Osterantzean, dena makilajean gera liteke.

Amaitzeko, Uriolako lagunek eman didaten aukera aprobetxatu nahi dut medioek egin ohi duten zentsura salatzeko ere, are larriagoa dena medio publikoen kasuan. Izan ere, Algortako erasoaren harira, hainbat taldetako ordezkariak izan ginen elkarrizketatuak. Nire kasuan, eta besteak beste, ETB2ko “Sin ir más lejos” programarako grabatu ninduten. Nik aurreko lerroetan aipatu dudan zentzugabekeriazko kontraesana ere salatu nahi izan nuen, eta espresuki eskatu nien kazetariei ez mozteko. Bada, imajinatzen duzue zer gertatu zen, ez da? Bai, asmatzea erraza: beste guztia emititu zuten, baina PNV ere agerian uzten zuen esaldia moztu egin zuten.

Imanol Alvarez Gartzia, Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua (EHGAM)

Sexua askatasunez bizitzeko mugimendu politikoa

Kitzikan gazte antolakundea urte hasieran sortu da. Sexualitatea eta ekintza politikoa bateratzen ditu. Heteropatriarkatuaren aurka, garai bateko jarrera politiko erradikala berreskuratu nahi dute. Eskualdeka hasi dira lanean, eta Hego Euskal Herri osoan zabaltzea dute helburu.

Gidaliburuak ikastetxeetan aniztasun sexuala lantzen lagundu nahi du.

Espainiako Estatuan, gorrotoarekin lotutako erasoek gora egin dute. Eraso arrazistak, xenofoboak, homofoboak, matxistak dira. Kitzikan antolakundeak ez ditu erasoak mailakatu nahi. Taldeko kide Ekaitz Herreroren ustez, ideologia bera dago erasoen atzean, “norberaren kolorea, jatorria, sexu praktikak, bestearenak baino zilegiago direla pentsatzeak Europan izen bat dauka: faxismoa. Faxismoa ez da eskuin muturreko nazi batek ezkerreko militante bati egindako erasoa soilik, magrebtar baten aurka egitea ere bada faxismoa. Argazkian, Algortako eraso homofoboaren aurka egindako manifestazioa. (Uribe Kostako Kitzikan)

Urtarrilaren 31n aurkeztu zuen bere burua Kitzikan gazte antolakundeak. Bergarako (Gipuzkoa) gaztetxean elkartu ziren hamarnaka lagun. Norbanakoen eta talde gonbidatuen artean ziren LAB sindikatua, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Medeak talde feminista eta Ernai. Gazte deitu diote beren buruari, baina ez diote adinari begiratuko, gazte espiritua da nabarmendu nahi dutena. Hego Euskal Herrian zabaldu nahiko lukete, oraingoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ari dira lanean. Eskualdeka antolatu dira eta Donostialdean, Gasteizen, Bilbon, Ezkerraldean eta Uribe-Kostan sortu dira taldeak, besteak beste. Eskualdeko batzarrek egitura orokorraz gaindi, autonomiaz jardungo dute.

1969 hura gogoan

Sexu askapenerako mugimenduaren hasierako erroak berreskuratu nahi dituztela diote. Hasiera 1969an kokatzen dute, New Yorken (AEB), Stonewall taberna ospetsuan izandako istiluetan. Sexu langileek, transexualek, trabestiek eta homosexualek poliziari aurre egin zioten, eta hainbat egun iraun zuen matxinadak.

Batzuen ustez ordea, eztanda hark ez zuen asko iraun. 1980ko urteetan, sexu askapenaren mugimenduan haustura egon zen, eta queer mugimendua piztu zen. Pentsaera hori LGBT ideologiaz harago doa, heterosexualitateaz, heteronormatibitateaz eta emakume-gizon binomioaz gaindiko gutxiengo sexualak hartzen ditu bere barnean. Queer diskurtsoaren iritziz, 1969ko espiritua galdu egin zen eta eredu heterosexuala hura irensten ari zen. Kitzikanek ez du bere burua queer mugimendutzat, ez du izendapenik hartu, baina aipatu mugimendutik oso gertu kokatzen da.

Ekaitz Herrero Kitzikaneko kidearen aburuz, azken urteetan kontuan hartu beharreko beste zenbait gertakari izan dira: “Krisi ekonomikoa hasi zen 2006an; sexu askapenerako mugimendua berriro kokatu nahian zebilen; eta tokian tokiko arazoak sortu dira, Ukrainan, Udaberri Arabiarraren ondorioz Turkian, eta abar”. Nazioartean azken urteotan sortutako mugimendua gainbegiratu du Herrerok: Errusiako eta Ukrainako Kaos GL, AEBetan arrazakeriaren ildotik queer mugimendua, Turkian queer intifada, Palestinan ere bai…

Giro horretan sortu da Kitzikan, sistema heteropatriarkalaren kontrako jarrera politiko erradikala berreskuratzeko asmoz.
Hutsunea betetzera
Euskal Herrian Kitzikanek nahiko lukeen moduko mugimendurik ba al dagoen galdetuta Herrerok honela erantzun du: “Euskal Herriko egoera soziopolitikoa, antolatzeko eta borrokatzeko modua, kontzientzia kritikoa kontuan hartuta, beste leku askotan baino mugimendu gehiago egon da, eta horietan, sexu askapenean ere bai, egiteko moldeak koherenteagoak izan dira. Hasiera hartan behintzat bai”. Euskal Herriko mugimendua erradikalagoa, politikoagoa, botere guneetatik ez hain gertu irudikatzen du Herrerok. EHGAM jarri du adibide. Hasierako aldarrikapen haietatik, oraindik ere, nahiko hurbil dabilela uste du. Hala ere, gorakadaren ondoren, bertan goxo egitea edo zahartzea datorrela uste du, eta indarrik eta aukerarik gabe geratzen direla mugimenduak haien nahiak betetzeko.

Homofobiaren Aurkako Eguna ospatu behar al da?

1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenetik atera zuen. Erabaki hori oinarri hartuta, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna prestatu zuten. Lehenengo aldiz 2005eko maiatzaren 17an egin zen. Herreroren ustez, ez dago zertan ospatu munduko erakundeek homosexualitatea buru gaixotasunen zerrendatik atera izana. Maiatzaren 17a antolatzen duten berberek transexualitatea zerrenda berean egotea ez dutela zalantzan  jarri dio Herrerok: “Transexualitateak heterosexualitatearen erregimena ezbaian jartzen du, jada ez daude gizonak eta emakumeak soilik, hirugarren pertsona bat aldarrikatzen da”. Izatekotan, borrokarako baliatuko dute Homofobiaren Aurkako Eguna, gogoratzeko oraindik badirela izate eta praktika ugari gaixotasuntzat hartzen direnak.

Ekainaren 28an bai

Sexu Askapenerako Eguntzat du ekainaren 28a LGBT (Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transgenero) mugimenduak. Kitzikaneko kidearen ustez, egun hori oso garrantzitsua da mugimenduarentzat: 1969ko ekainaren 28 hartan sistema heteropatriarkalaren aurrean, orduko hartan, poliziaren aurrean, ez makurtzea erabaki zuten. Herrerok gaineratu du zoritxarrez egun hori ere despolitizatzea lortu dela, eta tabernaz eta enpresaz betetako erakusleiho bihurtu dela. Ez ordea Euskal Herrian. Hemen borrokarako eta aldarrikapenerako eguna izaten segitzen du.