«Botikengatik baino lehenago izango dira albisteak txertoagatik»

Iraupen luzeko lasterkarien jardunarekin parekatzen du zientzialarien lana, latza baita bidea, eta urruna helmuga; GIBaren aurka, ordea, gero eta ideia «irudimentsuagoak» badirela dio.

JOSE ALCAMI. GIB BIRUSAREN IKERTZAILEA

JOSE ALCAMI. GIB BIRUSAREN IKERTZAILEA

«Gure atzetik datorren ikertzaile belaunaldia aukerarik gabe geratzen ari da». Jose Alcami ikertzaileak (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1957) “Karlos III.a institutuko barne medikuntzako espezialista, izen garrantzitsua GIBaren arloan” atzo Donostian Seisida Espainiako erakundeak hiesaren gainean egiten ari diren kongresua baliatu zuen, krisiaren harira, zientziara bideratutako inbertsioak erruz murriztu direla salatzeko. «Ikaragarria da gertatzen ari dena». Azalpen eta argibiderik gehienak, hala ere, GIBaren inguruan harilkatu zituen, hura behin betiko desagerrarazteko bidean ikertzaileek beren laborategietan egiten dituzten ahaleginez; arrakastak izan zituen ahotan, eta bide erratuak. «Ordu asko sartzen ditugu, eta urriak dira arrakastak; baina lan ederra da, interesatzen zaizkigun galderen inguruan ari gara».

Ezin da hiesa sendatu oraindik. Zein ezaugarri ditu GIB birusak? Zerk zailtzen du sendabidea?

Izurri berri bat da. Orain dela gizaldi bat inguru heldu zen birusa gizakietara, txinpantzeetatik; sei bat hamarkada egin zituen birusak Afrikako hainbat eremutan, dagoeneko gizakien artean, baina ez zen ezagun egin 1981. urtera arte; hain zuzen ere, 1983an deskribatu zuten lehenengoz. Bide laburra da, berez; bai infekzioak gure espeziean egin duena, bai eta horren gainean dugun ezagutza zientifikoarena ere. Hala ere, hiesak izan zuen eraginagatik, egun ondoen ezagutzen dugun birusa da. Eta kontua da infektatzeko, organismoan irauteko eta gure immunitate erantzunari ihes egiteko mekanismo berriak dituela. Gripe bat dugunean, esate baterako, gure gorputzak aurki jartzen ditu martxan hainbat arma; antigorputzak dira, birusa suntsitzeko zelulak. Baina GIBak, eboluzionatu ahala, babeserako hainbat ezkutu garatu ditu, eta guk, misilak botata ere, ezin dugu jo.

Hermetikoa dela esan daiteke?

Bai, egitura hermetikoa du, eta gaitasuna du, gainera, zelulak infektatu eta ezkutatuta geratzeko; lo balego bezala geratzen da usu, latente, eta gure zelulek adinako “30, 40, 50 urteko” iraupena izan dezake organismoan.

Lortu da tratamendua duten eri askoren birusa ia atzemanezina egitea haien organismoetan, eta, era horretan, gainera, birusa ez transmititzea. Lorpen handia da. Zein aurrera urrats gehiago espero dira datozen urteetan?

Bi erronka daude: txertoa lortzea eta eritasuna sendatzea. Eta sendatu diodanean esan nahi dut, gaixoei, botikak lagata ere, ez litzaiekeela berriro esnatuko ezkutatua duten birus hori. Guztiz desagerraraztea lortzen ez bada ere, eraman nahi dugu maila oso-oso apal batera, neurri batera zeinean gure immunitate sistema gai izango litzatekeen aurre egiteko. Arazo zailei egin behar zaie aurre, baina bada jendea ideia berriak dakartzana, irudimentsuak.

Esate baterako?

Bada jendea onartzen duena oso zaila dela antigorputz onak sorraraziko dituen txerto bat lortzea. Orduan zer ari dira egiten? Bada, antigorputz horiek sortu, eta gaixoari jartzea proposatzen ari dira: babesteko. Tximuetan ari dira ikertzen, eta ikusten dute sei urterako babesa ematen dietela antigorputz horiek animaliei. Ez da txerto bat; ez da organismoa bera misilak sortzen dituena, baina misilak eman egiten zaizkio. Era horretako ideia irudimentsu asko ateratzen ari dira azkenaldian. Ideia arras bereziak dira, orain arte sekulan ere pentsatu gabeak, eta horietatik edozein unetan pitz daiteke txinpartaren bat.

2007an, leuzemia bat tratatzeko bizkarrezur muineko transplante bat izan eta gero, eta ezaugarri genetiko jakin bateko zelula amak jasota, osatu egin zen gizon bat; desagertu egin zitzaion GIBa. Berlinen izan zen, eta oihartzun handi samarra izan zuen. Kasu bakarra da munduan. Zer erakusten du?

Erakusten du, zenbait gene “birusak biderkatzeko behar dituen horiexek” zelulan blokeatzeko estrategia egokia izan daitekeela sendabidea lortzeko. Nolabait ere, jomuga da birusa sutarako egurrik gabe lagatzea, eta, ondorioz, biderkatzeko gaitasunik gabe uztea. Terapia genikoak usu iruditu zaizkigu zientzia fikzioa, baina jende asko ari da lanean alor horretan ere, ikuspegi berritzaileekin. Oraindik ere, laborategietako hodiekin; oraindik ere, animaliekin. Baina bi-hiru urtean ikerketak hasiko dira pertsonekin; ikusi beharko da zer dakarten.

Birusa guztiz desagerraraztea oso zaila dela aintzat hartuta, ahalik eta maila txikienera eramateko xedean zein ikerketa lerro ari dira gailentzen egun? Zertan ari zarete lanean?

Birusaren maila mila bider murriztea lortuko duen sendagai bat lortzea da asmoa, eta, era horretan, gaixoak bost urte batere botikarik hartu gabe egiten baditu ere, birusa ez agertzea. Bost urte pasatu eta berriro agertzen dela? Bada berriz tratatu beharko litzateke. Baina asko aldatuko luke horrek egoera. Nik ez dut gertu ikusten, baina ikertzaile ugari ari gara bide horretan lanean. Shock and kill (astindu eta hil) deituriko teknikaren bidez, adibidez, bilatzen da lokartuta ezkutuan dagoen birusa astindu eta esnaraztea, eraso egiteko. Lan handia egiten ari da alor horretan.

Medikuntzaren eta zientziaren beste hainbat alorretarako ere ikasbide izan dira, noski, GIBa ikertzen egindako lanak…

Bai, esaterako, lehen ez genekien immunitate sistemak zer-nolako gaitasuna duen birsortzeko. Zelulek dituzten zenbait defentsa mekanismo ere, orain arte ezezagunak zirenak, ezagutu ditugu GIB birusa ikertzean. Zientzia mugak apurtzen ari da: nik, esaterako, onkologoekin eta eritasun arraroekin lan egiten duen jendearekin elkarlanean dihardut. Lausoak dira gaur egun mugak, eta komunikazio maila inoizko handiena da: liluragarria.

Behin betiko botika edo txertoa. Zer dator aurrena?

Oso zaila da esaten. Gaur egun bi alorretan daude oso ideia berriak. Ikusi egin beharko da. Baina, tira, niri iruditzen zait, lehenago izango direla txertoagatik albisteak, botikengatik baino.