Abel Azconaren erakusketak aurrera jarraitzen du, bere obra batzuk “desagertu” ondoren

Iruñeko Udalak artistarekin adostu du erakusketa irekita mantentzea baina desagertutako obra berrezarri gabe.

pederastia-abel azkona

Azaroaren 20tik Iruñeko “Erorien Monumentuan” ikusgai dago Abel Azcona artista nafarrarenDesenterrados bilduma, oroimen historikoaren inguruan. Bertako obra batek baina sektore ultra-katolikoen erreakzioa ekarri du. Hainbat argazkitan ikus zitekeen Azcona ogi pusketa edo ostiekin “Pederastia” hitza idazten.

Sexu abusuen eta pederastiaren itzala Eliza Katolikoaren oso gainean egon da azken urteetan. 2014an Vatikanoak lehen aldiz azalpenak eman behar izan zituen publikoki Nazio Batuen Erakundean. Honekondorioztatu zuen Elizak ez duela nahikoa egin erakunde barruan adin txikikoen sexu-gehiegikeriekin amaitzeko.

Frankismoan Elizak haurren kontra izandako jazarpena azaltzen duten hainbat testigantza ere argitaratu da azkenaldian. Kataluniako TV3 telebista katean, esaterako, Els internats de la por  (Beldurraren barnetegiak) estreinatu zuten joan den maiatzean. Barnetegi horietan elizgizonek haurrei egiten zizkieten basakeriak agerian uzten ditu dokumentalak.

Erakusketaren kontrako erasoak

Azconaren obra Franco hil zela 40 urte bete direnean jarri dute, Emilio Mola eta José Sanjurjo militar golpistak lurperatuta dauden toki berean. Egileak berak azaldu duenez, ostia horiek elizkizunetan jauna hartzeko itxura eginez eskuratu omen zituen:

tweet abel azcona 1

Erakusketaren kontrako eraso fisikoak eta artistaren kontrako mezuak etengabeak izan dira egunotan. Hainbat elkarte erradikalek kereila jarri dute ostiak “profanatzeagatik”. Bestalde, pintaketak azaldu dira Iruñean barrena eta katolikoek bilkura eta errezo harrigarriak egin dituzte eraikin barruan; zenbaitentzat ez dago argi obrari loturiko “performancea” ote den hori guztia. Sare sozialetan ere oihartzun handia izan du gaiak:

tweet abel azcona 2 tweet abel azcona 3

tweet abel azcona 5 tweet abel azcona 6

Joseba Asiron Iruñeko alkateak asteartean esan zuen “adierazpen askatasunaren aldeko konpromiso ukaezina” duela baina hitzartutako erakusketan ez zela ageri pederastiarekin loturiko edukirik eta aitortu zuen “sentsibilitate batzuentzat iraingarri” izan zitekeela obra zehatz hori.

Asteartean ostien argazkiak zekartzan pieza “desagertu” egin zen. Udalak eta artistak erakusketarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, baina desagertutako pieza berrezarri gabe.

Prostitutak, «biktima ikusezinak»

Sexu indarkeriaren infernua gehien sufritzen duten sektoreetako bat prostitutena dela salatu du Askabide elkarteak ohar batean. Lanaren izaera «babesgabe eta arriskutsua» dela eta, prostitutak «bereziki kalteberak» direla nabarmendu du elkarteak: «Sozialki gaitzetsia dago prostituzioa, eta horri gehitu behar zaio irregulartasun administratiboa. Horrek guztiak azpikategoria batean kokatzen ditu prostitutak. Ikusezin bihurtzen ditu edozein erasoren aurrean».

Lesbianen ikusgarritasuna sustatzeko proiektua martxan da

Aldarte elkartetik sortutako talde baten ekimenez, emakume lesbianek gizartean duten ikusgarritasuna sustatzeko kanpaina abian dago. Helburu horri jarraituz, alderdi politikoen inplikazioa eskatu zuten hauteskundeei begira ahal duten neurrian pausoak eman ditzaten. Erantzun aktibo eta baikorra jaso dute EH Bildu, PSE, Ezker Anitza, EAJ eta Ahal Dugu-ren aldetik. PPren erantzunaren zain daude oraindik, nahiz eta lortu duten haiekin ere biltzea.

2014-06-28, Iruñea. LGBT Arrotasun eguneko manifestaldia. Argazkian, manifestaldiaren burua.  28-06-2014, Pamplona. Manifestación del Día del Orgullo LGBT. En la imagen, la cabecera de la manifestación.

2014-06-28, Iruñea. LGBT Arrotasun eguneko manifestaldia. Argazkian, manifestaldiaren burua.

Aldartek, gay, lesbiana eta transexualen arreta zentroak, lesbianek gizartean ikusgarritasun handiagoa izan dezaten proiektu bat garatu du hauteskundeei begira alderdi politikoek pausoak eman ditzaten. Elkartearen ustez, emakume horiek «ikusezinak» dira eta hori oztopo bat da «gizarte baliabideak besteen baldintza beretan baliatzeko orduan».

Ideia hori abiapuntu hartuz, “Lesbianak: ikusgai eta eskubidedun. Politikan eragiteko kanpaina” abiarazi dute. Honen helburu nagusia lesbianismoarekin eta jendartean ikusgarritasun handiagoa eskuratzearekin zerikusia duten gaietan emakume lesbianen parte-hartze aktiboa sustatzea da. Era berean, politikan eragiteko jarduerak iragarri dituzte, alderdi politikoak inplika daitezen. Bestalde, oinarrizko testu bat landu dute lesbianen ikusgarritasun urriarekin loturiko arazoen berri emateko eta horiek konpontzeko proposamenak egiteko.

Aldartek, gay, lesbiana eta transexualen arreta zentroak, lesbianek gizartean ikusgarritasun handiagoa izan dezaten proiektu bat garatu du hauteskundeei begira alderdi politikoek pausoak eman ditzaten. Elkartearen ustez, emakume horiek «ikusezinak» dira eta hori oztopo bat da «gizarte baliabideak besteen baldintza beretan baliatzeko orduan».

Ideia hori abiapuntu hartuz, “Lesbianak: ikusgai eta eskubidedun. Politikan eragiteko kanpaina” abiarazi dute. Honen helburu nagusia lesbianismoarekin eta jendartean ikusgarritasun handiagoa eskuratzearekin zerikusia duten gaietan emakume lesbianen parte-hartze aktiboa sustatzea da. Era berean, politikan eragiteko jarduerak iragarri dituzte, alderdi politikoak inplika daitezen. Bestalde, oinarrizko testu bat landu dute lesbianen ikusgarritasun urriarekin loturiko arazoen berri emateko eta horiek konpontzeko proposamenak egiteko.

Pasa den martxoan, Aldarteren ekimenez talde eragile bat sortu zen. Zenbait eztabaida saioren ostean, agiri bat idatzi zuten. Uztailean LGTB talde guztiei bidali zieten testua, eta bilera antolatu zuten haiekin, euren ekarpenak egin zitzaten.

Taldeek izenpetutako agiria alderdi politikoei bidali zieten, horiekin beste bilera bat izateko eta ze konpromiso maila duten jakiteko. Azkenean, alderdien erantzunak jaso zituzten dokumentu batean. «Oso jarrera ona eta irekia agertu dute hasieratik, eta kanpaina aurkeztu genuenetik alderdi guztiekin bildu gara», azaldu zuten. Hala, EH Bildu ekimenera atxiki zen; PSEk kanpainarekin bat egin zuen; Ezker Anitzak LGTB pertsonen giza eskubideen defentsa babestu zuen; EAJk bat datorrela esan zuen; Ahal Dugu proposamenetako batzuk lantzen hasia da; PPk oraindik ez die erantzunik eman.

Egindako proposamenak

Alderdiei egin dizkieten proposamenen artean hainbat lege aldatzeko konpromisoa hartzea dago. Aldatu nahi duten horietako bat da 3/2007 legea, izenaren erregistro aldaketarako eskatzen diren beharkizunak ezabatzeko, besteak beste, hormona tratamenduan bi urtez jarduteari eta «genero disforia» diagnostikoa izateari dagozkionak. Era berean, lege honek dio Erregistro Zibilean egin beharreko izapideetan, mediku forentsearen laguntza behar dela probak egiteko, eta Aldartek uste du horrek «pertsonen intimitateari eraso» egiten diola.

Horrez gain, 14/2006 legea aldatzeko eskatzen dute, lesbiana bikoteen adingabeak erregistratzeko zenbait eskakizun ezartzen dituelako. Eta horiek ezabatzea nahi dute.

Haurren izenei dagokienez, «sexua gizonezkoa ala emakumezkoa den zalantzan jartzen duten izenak» jartzeko debekua ezabatzea proposatzen dute.

Era berean, uste dute lagundutako ugalketari buruzko legeari 2013an egindako aldaketek murriztu egiten dituztela emakume ezkongabe eta lesbiana bikoteen aukerak teknika horiek erabiltzeko, eta hortaz, 18 urtetik gorako emakume guztiei zerbitzu horiek osasun publikoan erabiltzeko aukera bermatzea eskatzen dute, egoera zibil edo joera sexualari erreparatu gabe.

Eguneroko politikari dagokionez, lesbianismoa ikusgai izan dadin alderdiek ahaleginak egitea proposatzen dute. Bestalde, bullying lesbofoboa antzeman eta errotik eraginkortasunez erauzteko ikerketa sustatzea proposatu dute, neskatoei nola eragiten dien jakiteko.

Transexualitatea haurtzaroan

Ikoitzen arkatza

Aingeru Mayor sexologoa eta ‘Euskal Herriko Chrysallis‘ elkarteko presidentea da.Gorlizeko Guraso Elkarteak transexualitateaz eta haurtzaroaz antolatutako konferentzian hartu du parte Mayorrek eta bere hitzaldia jaso du Plentzia Telebistak (gaztelanieraz).

Ez mutil ez neska sentitzen direnen aldarria, generorik gabe bizitzea

Hirugarren generoa aintzat hartzeko eskatu dio Obamari Sasha Fleischman-ek.

Hirugarren generoa aintzat hartzeko eskatu dio Obamari Sasha Fleischman-ek.

Sasha Fleischman nerabea lo geratu zen eskolara zihoan autobusean, eta bi gaztek su eman zioten. Arrazoia: gona eta gizonentzako alkandora eramatea soinean. Pertsona neutroa sentitzen dela adierazteko janzten da horrela Fleischmann, ez emakume eta ez gizon. Gertaeraren bigarren urteurrena izan da azaroaren 4a.

San Frantziskon gertatu zen, AEBetan, eta bigarren eta hirugarren mailako erredurak jasan arren, hiru aste eta erdiz ebakuntza ugari egin ostean onik atera zen Fleischman. Berriak hautsak harrotu zituen, ikasle eta irakasleak gona jantzita joan ziren bere ikastetxera, babesa erakusteko, eta sexu maskulinoarekin nahiz femeninoarekin bat egiten ez dutenen mugimenduaz argazki-erreportajea kaleratu zuten San Frantziskoko aldizkari batean: The Shadow Sex.

Sexuak ez dezala gure nortasuna definitu

Sexuak eta generoak baldintzatuko ez dituen jantziak, pentsamoldeak, enpleguak, sexu-harremanak… aldarrikatzen dituzte mugimenduko kideek, generoak markaturiko kortse sozial eta espektatibetatik aske bizitzea, mundua ez dadila “mutilentzat” eta “neskentzat” aukera bitarrean banandu, sexua ez dadila izan norbere burua eta nortasuna definitzeko arrazoia.

Auzitan jarri nahi dute gure gizartean zer esan nahi duen gizon edo emakume izateak. Hirugarren genero bat (genero neutroa) aintzat hartzeko ere eskatu zion Sasha Fleischmanek Barack Obama AEBetako presidenteari. Eskaerak 27.000 sinaduraren babesa lortu zuen.

Sexua, basakeria, maitasuna eta heriotza Berlinen

Sexua, basakeria, maitasuna eta heriotza Berlinen

Azken boladan, beldurrezko istorioez osaturiko antologiak egitea, modan dagoen joera bat dirudi (V/H/S,  Tales of Halloween ala urrutira joan gabe,  EHaren ABDAak adibidez).  Kasu honetan “German Angst “(Beldur Alemana),  hiru istorio odoltsu, erotiko eta basatiz osaturiko lan bat. Normalean, mota honetako proiektuen akats nagusiena, guztien arteko adostasun falta izaten da. Hau da, filma osotasunean hartuz gero, irregulartasun sintomak ageri direla. Batzuk kalitate aldetik bereizten diren bitartean, besteak hondoratu egiten dira. Zorionez, ez da lan Alemaniar honen kasua izan. Egia esan, hiruren artean, normalean mota honetako lanetan faltatzen den oreka hori ikusi ahal izan dut, bai forman eta baita edukian. Istorio aldetik zeharo desberdinak diren arren, teknikoki behintzat, maila berean daudela iruditzen zaidalako.

Hasteko, “Final Girl”Jörg Buttgereit egina , besteak beste, NEKRomantik film mitikoaren zuzendaria. Hiruretatik ezohikoena beharbada, elementu gutxi erabiliaz eta eszenaratze xumeagoa erabiliaz.  Apartamendu zikin eta nazkagarri batean, bakarrik bizi den neska baten istorioa kontatzen digu. Logelan gizon bat aurkitzen da, lotua eta ahoa bozatua duela. Pertsonaia gutxi eta elkarrizketarik ez.Off ahots baten salbuespenarekin, nire ustez modu egokian erabilia gainera.  Bigarrena, “Make a Wish” , Michal Kosakowski zuzendariarena. Koadrila batengatik erasotuak izango diren bikote gor-mutu bat. Ikusteko “zailena” agian, begirada pantailatik kentzeko desira, behin baina gehiagotan pizten duen kontakizuna delako. Ez bakarrik ikusgai den basakeria horrengatik,  baizik eta guztia, tonu negatibo eta kaltegarri batek bustitzen duelako. Hirugarrena eta azkena, antologia honi amaiera ezin hobea ematen dion “Alraune”, Andreas Marschall-ek zuzendua. Mandragora landarearen bitartez eginiko droga bati esker, esperientzia sexual harrigarri bat bizi nahi duen tipo baten inguruko kontakizuna.  Nire ustez, onena ala behintzat biribilena. Estetikoko oso landua eta eduki erotiko-surrealistago batez hornitua.

Orokorrean beraz,  proiektu interesgarria eta orekatua. Berlingo zoko ilunei buruzko kontakizun sadikoa, eldarnio hutsa. Erabaki bikaina iruditu zait gainera, bideo analogikoak eskaintzen duen ehundura zikin hori eta gore ez digitalaren erabilpena, erabateko gai eta estetika esplizituz itsatsiz. Inor engainatzen ez duen filma azken finean, aurretik dakigulako zer topatuko dugun eta zentzu horretan behintzat, ez da batere iruzurgilea. Genero honen jarraitzaile eta zaleentzat ezinbestekoa.Gainerakoentzat, ordea, hobe ez gerturatzea.

Gizon homosexualen odola emateko debekua kentzen hasiko da Frantzia

Baldintza bat jarriko diete emaile izan nahi dutenei: urte batez sexu harremanik eduki ez izana

Gizonezko bat odola ematen, Baionan, ekainean

Gizonezko bat odola ematen, Baionan, ekainean. BOB EDME

«Etapaz etapa». Frantziako Gobernuak horrela amaituko du gizon homosexualek odola emateko zuten debekuaren araudia. Marisol Touraine Frantziako Osasun ministroak hala jakinarazi du Le Monde-n egindako iragarpen batean. Lehen etapa datorren urteko udaberrian hasiko da. Hortik aurrera, urte batez sexu harremanik izan ez duten gizonezko homosexualek eman ahal izango dute odola; halaber, plasma eman ahalko dute lau hilabetez «bikotekide egonkorra» izan dutenek eta sexu erlaziorik izan ez dutenek.

François Hollandek 2012ko hauteskunde kanpainan iragarri zuen araudi aldaketa, eta aurtengo maiatzean heldu zion Tourainek gaiari. Hiesaren aurka lan egiten duten elkarteekin bildu ondoren jakinarazi zuen Osasun ministroak erabakia. Are gehiago, erabaki hori beste batzuen atarikoa dela iragarri zuen. Hain zuzen ere, lehen odol eta plasma emateekin ikerketa lerro bat abiaraziko dute, «arriskuak» aztertzeko; arriskurik ez dagoela egiaztatuz gero, «arau orokorretara gerturatuz» joango dira gizonezko homosexualek bete beharreko baldintzak.

Odola eman aurretik bete beharreko galdetegietan gertatuko da aldaketa nagusia, legez zehaztutakoa. 1983. urtetik, sexu hautuari buruz galdetzen zaie emaile izan nahi dutenei, eta, hiesaz kutsatzeko «prebentzio neurri» gisa, «homosexual eta bisexualei» odola ematea ukatu zieten. 2002. urtean araudia aldatu zuten, eta sexu hautuari buruzko galdera zehatzagoa egin zuten; «gizonekin sexu harremanak dituzten gizonetara» mugatu zuten debekua. Alegia, lesbianak kanpoan geratu ziren. Aldaketa berriarekin, galdera hori bera aldatuko dute. Sexu hautuari buruz galdetu beharrean, «arrisku jokabideez» galdetuko diete emaileei, beste hainbat lekutan gertatzen den moduan; Hego Euskal Herrian, kasurako.

LGTBI komunitatearen eskubideen alde lan egiten dutenek askotariko erantzunak eman dizkiote Tourainek iragarritako aldaketari. Les Bascos elkarteak «pauso sinbolikotzat» jo du, baina zehaztutako baldintzek «eboluzionatu» beharko dutela gaineratu du.

SOS Homophobie elkarteak, «bazterketa sistematikoaren» amaiera dela txalotu arren, salatu du sexu hautuaren araberako diskriminazio «sendoari» eusten zaiola. Elkarte horrek eta Frantziako LGTB federazioak eskatu dute odola emateko irizpideak parekatzeko, helburua diskriminazioa desagerraraztea bada; hau da, denentzako baldintza gisa jartzea lau hilabetez odolik ez ematea arrisku jokabiderik izan bada.

Jean-Luc Romero hiesaren aurkako tokiko hautetsien elkarteko presidenteak ere aurrekoen ideia berretsi zuen: «Irrikaz espero dut gizon homosexualek odola emateko duten debekuaren amaiera, baina ez nator bat jarri dituzten baldintzekin».

Estrasburgok, iritzirik ez

Estrasburgora ere iritsi da auzia, Europako Giza Eskubideen Auzitegira, baina auzitegiak ez zuen gaiari buruzko erabakirik hartu. 2015eko apirilean argitaratutako idatzi batean, ordea, halako debekuak ezartzeko baldintza bat jarri zuen: «datu mediko, zientifiko eta epidemiologikoek» egiaztatu behar zuten «sexu jarrerak» gaixotasun larriekin infektatzeko arriskua handitzen duela. Halere, tokiko auzitegien esku utzi zuen justifikazio horri buruz ezer ebaztea.

EMAKUMEEK ERE BADUTE ZAKILA

Nafarroako Hitza

2015-10-23. Uharte. Ume transexualak. 23-10-2015Huarte. Niños transexuales. Ume transexualak Luis, Aita) Mertxe (Ama) eta Mikelekin elkarrizketa. Argazkian ahizpa gazteena Jone.

Edurne Elizondo / Uharte

Jone Grandek 9 urte ditu, eta esaldi bakar baten bidez azaldu du transexualitatea zer den: “Zakila duen ahizpa bat dut”. Mikele Grande genital maskulinoekin jaio zen, duela hamabost urte. Zakila duen emakumea da, eta halaxe aldarrikatu du, haurra zenetik. Familiaren babesa jaso du; lagunena eta eskolako kideena ere bai. Zorionekotzat jo du bere burua, jakin badakielako adingabe transexual anitzen prozesua anitzez ere mingarriagoa dela; oraindik ere, bazterketari aurre egin behar diotela. Erakunde publikoak ere oztopo bilakatzen dira, transexualitatea patologia bilakatzen dutenean. Karrikara atera ziren iruindarrak, larunbatean, patologizazio horren aurkako aldarria lau haizeetara zabaltzera.

Lugatibe Iruñeko Transmarikabibollera eta Queer Gazte Asanbladak antolatu zuen larunbateko protesta. Jardunaldiak egin dituzte azken asteotan, gainera, transexualitateari buruz. Chrysallis adingabe transexualak dituzten familien elkarteko kideak aritu ziren, bertzeak bertze. Horko kide da Mikele Granderen familia. “Zoragarria izan da gure bide bera egin duten bertze hainbat pertsonarekin bat egitea”, azaldu du Mikeleren aita Luis Grandek.

Bide horren azken urratsetan ezagutu zuten Luis Grandek eta Mikeleren ama Mertxe Olorizek elkartea. Alaba transexuala zutela konturatu zirenean “bakarrik” sentitu zirela nabarmendu dute. “Ez genekien zer egin, edo nora jo”, gogoratu du aitak. Elkartean “lan ona” egin dutela baieztatu ahal izan dute, hala ere. Babesa eman diote alabari; eta lagundu egin dute emakume dela azaleratzeko egin dituen urrats guztietan.

Bide hori aspaldi hasi zuen 15 urteko gazteak, haren amak azaldu duenez: “Ustez neskenak diren jostailuak eskatzen zizkigun, haur bat bertzerik ez zenean; panpinekin aritzen zen, eta ileorde luzeak jartzen zituen; sekulako negarrak botatzen zituen ilea mozten genionean. 3-4 urterekin printzesen soinekoak janztea maite zuen”. “Emakumeen inguruko estereotipo guztiak baliatzen zituen, nolabait, bera ere emakume dela erakusteko; bere burua aldarrikatzeko”, erantsi du Mikele Granderen aitak.

Errege magoei eskatu zien soineko bat du buruan gazteak, zehazki; Uharteko erraldoien konpartsako erreginarena, alegia. Izeba batek egin zion, eta erabat txiki gelditu zitzaion arte jantzi zuen. “Dena esajeratzen nuen, nolabait erranda. Orain kontent nago; eta lasaiago”. Kontent eta lasai dago aldarrikatzeko behar hori baretu egin zaiolako. Emakumea da, eta emakumetzat dute.

Etxean beti sentitu du bere sexu identitateaz hitz egiteko askatasuna. Konfiantza eman diote gurasoek. Horixe nabarmendu du. “10-11 urte bete zituen arte, homosexuala izanen zela pentsatzen genuen. Gure ezjakintasunarengatik. Ez baita gauza bera, inondik inora, sexu identitatea eta sexu joera”, erran du amak.

Alabak 10 urte inguru zituenean argi ikusi zuten horixe, semetzat zutena alaba zela. “Argi utzi zigun kontua ez zela neska izan nahi zuela, neska bazela baizik”, gogoratu du amak. “Nik lasaitua hartu nuen, orduan semetzat nuenari gertatzen zitzaionari izena jarri niolako, azkenean”. Olorizek erran du aitarentzat zailagoa izan zela egoerari aurre egitea. Eta aitak aitortu du halaxe izan zela: “Transexualitatea gauza txarrekin lotzen nuen; orduan ez genuen elkartearen babesa. Pertsona transexualak baztertzen dituztela ikusten nuen, eta adingabeen kasuan egoera are okerragoa izanen zela pentsatzen nuen”.

Alabak bezala, prozesu bat egin dute gurasoek ere, eta hasierako kezkei eta beldurrei buelta ematen asmatu du Luis Grandek. Alabaren askatasuna bertze edozer gauzaren gainetik defendatzen du. “Alaba zoriontsu izatea bertzerik ez dut nahi, edozein gurasok bezala”, laburbildu du.

Eskolatik institutura

“Nik inoiz ez dut sentitu hitz egiteko beldurra; ez dut sentitu bakarrik nintzela, edo isildu beharra nuela”. Familiaren babesa izan duela nabarmendu du Mikele Grandek. Gurasoena, bai eta gainerako senideena ere. Argi utzi du eskolan ere nor den azaltzeko askatasuna sentitu duela.

“Irakasleekin eta eskolako zuzendariarekin hitz egitera joan, eta jarrera ezin hobea erakutsi ziguten”, azaldu dute Granderen gurasoek. Uharteko ikastetxean aritu zen Lehen Hezkuntza amaitu arte; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari da orain, Atarrabiako institutuan. “Ez dut inolako arazorik izan. Eskolakide berrien babesa ere jaso dut”. Mikele Grandek gogoratu du institutuan hasi zenean inor sartu aurretik joaten zela nesken aldagelara. “Azkar aldatzen nuen arropa, ahalik eta azkarren ateratzeko; pentsatzen nuen bertze neskek ez zutela nahiko ni han egotea. Baina alderantziz gertatu zen. Han egon behar nuela erran zidaten”.

Horixe berretsi du amak, lagunen babesa hagitz garrantzitsua izan dela. “Haurrak zirenetik ezagutzen dute elkar lagun taldean direnek, eta urrats guztiak batera egin dituzte. Naturaltasun osoz bizi izan dute prozesua”.

Xehetasunek izan dezaketen garrantzia nabarmendu du amak. Eta bat egin du harekin alabak. “Osasun etxera joaten naizenean, adibidez, niretzat zoragarria da bozgorailuetatik deitzen nautenean Mikele erraten didatela entzutea”.

Bere nortasun agirian izena aldatu zioten; sexua, ordea, ez. “18 urte izan arte ezin da aldaketa hori egin; sexua aldatzeko momentuan, gainera, gutxienez bi urtez tratamendua jaso duela erakutsi behar du aldaketa egin nahi duen pertsonak”, azaldu du aitak. “Lehen, ebakuntza egin arte ez zuten sexua aldatzen nortasun agirian; aurrera egin dugu, baina ez da nahikoa”, salatu du. Halako neurriek transexualitatearen patologizazioa nabarmentzen dutela argi utzi du Luis Grandek. Eta horren kontra lan egiteko beharra nabarmendu du.

Hori dela eta, ontzat jo du ildo horretan Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpena. Parlamentuak despatologizazioaren alde egin du, hain zuzen ere, eta konpromisoa hartu du beharrezko lege aldaketak egiteko, transexualitatearen despatologizazio hori egia bilakatzeko. Nafarroa transfobiarik gabeko herrialdetzat jo du parlamentuak, gainera. Adierazpen horren alde egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak. UPN eta PPN, berriz, abstenitu egin dira. “Alderdi batek zergatik ez du halako adierazpen baten alde egiten?”, galdetu du Mikele Grandek.

Halako adierazpenek konpromisoak hartzera bultzatzen dituzte erakundeak, Luis Granderen hitzetan. “Eta konpromiso bat hartzen badute, bete dezatela exijitzen ahal diegu”. Aitak onartu du Mikeleren kasuan pertsona anitzek eman diotela babesa gazteari, haien borondatez. “Hori ongi dago, eta eskertzen dugu, baina ez dugu ahaztu behar pertsona transexualek eskubideak badituztela, eta horiek bete egin behar dira. Izena aldatzeko aukera ezin da epaile baten borondatearen menpe egon, adibidez”.

Hormonak

“Pentsatzen dut egunen batean genitalen ebakuntza eginen dudala. Baina oraingoz ez dut horrelakorik buruan. Hagitz ongi nago, eta kontent”. Mikele Grandek argi du ez duela ebakuntzarik egin behar emakume izateko, baina ez du aukera hori baztertu. Ez da orain hartu beharreko erabakia, haren ustez. “Norberak hartu beharreko erabaki bat da”, erantsi du haren aitak. “Ebakuntza egin edo ez, horrek ez du markatuko Mikele nor den. Zakila duten emakumeak badira, eta bulba duten gizonak ere bai”.

Mikele Grandek hormona tratamendua hasi zuen duela bi urte. “Horretan ere zortea izan genuen, adingabe transexual guztiei ez baitiete onartzen”, azaldu du haren aitak. Lehen etapan, blokeatzaileak hartu zituen. Horien helburua da garatu nahi ez diren ezaugarriak blokeatzea, hain zuzen ere. “Tratamendu hori nerabezaroaren hasieran hartzea garrantzitsua da”, azaldu du aitak. “Bigarren etapan, hormona tratamendu gurutzatua egiten da, garatu nahi diren ezaugarriak bultzatzeko, hain zuzen ere”.

Prozesu horretan aurrera jarraitzen du Mikele Grandek. Ez da bakarrik. Ikasi du, hala ere, bertze gazte transexual anitzek berak baino anitzez ere oztopo gehiago aurkitzen dutela bidean. Gurasoek ere argi dute hori. “Gurasoen babesa ere falta zaie adingabe anitzi; bere buruaz bertze egiten duenik ere bada. Hori hagitz gogorra da. Babesa eman behar diegu, eta lagundu”, erran du Mertxe Olorizek.

Adingabeen transexualitatea “ikusezina” dela erantsi du Luis Grandek. Eta horri aurre egin behar zaiola. “Naturaltasunez onartu beharko genuke”. Errealitatea aniztuna dela gaineratu du Olorizek, eta argi du aniztasun hori hagitz aberatsa dela. “Alaba transexuala izateak hobeak egin gaitu; aniztasuna onartzeko prestuago gara, esparru guztietan”. Mikele Grandek ere argi du: “Harro nago neure buruaz”.

Hiru emakume elkarrekin “ezkondu” dira Brasilen

poliamor

Argazkiko andregaiak Brasilgo telenobela batekoak dira. Argazkia: Avenida Brasil /TV Globo.

Notariotzara joan eta haien harremana erregistratu dute. Haurra izateko asmotan dira. Familia tradizionalaren eredua hankaz gora jarri dute.

Ez da ordea, Brasilen halakorik gertatzen den lehenengo aldia. 2012an bi emakume eta gizonezko bat “ezkondu” ziren notariotzan.

Notariotzan erregistratuta, familiatzat hartzen da hirukotea, ondasunen banaketa egin dute eta hiruretako batek beste biek izan ditzaketen osasun egoera berezietan erabakiak har ditzake. Bakoitzak bere testamentua egin du.

2016an hiruretako batek intseminazio artifizial bidez haurra izateko asmoa duela adierazi du hirukoteak, eta hiruren abizenak izatea nahi dute. Haurra izan nahi duenak honela hitz egin du O Globo egunkarian: “Familia gara. Maitasunaren fruitua da gure batasuna. Haurra eta gutako inor babesik gabe gera ez dadin legalizatu dugu gure harremana. Edonork dituen eskubideez gozatu nahi dugu, baita ama izateko aukeraz ere”.

Brasilgo auzitegietan ez dago jurisprudentziarik halako elkartzeen aldeko edo aurkako epaiak emateko. Beraz, kasuan kasuan interpretazioak egiten dira. Hirukotea “ezkondu” duen Fernanda de Freitas notarioak dio familiaren zutabea maitasuna dela eta hiru emakume horiek ezaugarri guztiak dituztela familia izateko: maitasuna, harreman egonkorra, haurra izateko gogoa…

Lege aldetik sortzen diren arazoen aurrean honela mintzatu da notarioa: “Bikote homosexualak ofizial egiten hasi nintzenean gauza bera gertatzen zen, ilegal ari nintzela esaten zidaten. Tradizioa gainditzen duten elkartze guztiek bidea irekitzen diete besteei”.

Aurkakoen ustez, batze horrek ez du inolako balio legalik, batura bakarra bi pertsonen artean egin baitaiteke, izan sexu desberdineko edo sexu bereko. Poligamia litzateke konstituzioaren begietara. Aldiz, Brasilen bezala mundu zabalean berria ez den kontzeptuak indarra hartu du, polimaitasunak. Bi pertsona baino gehiago maitasun eta sexu harreman egonkorrean murgiltzen direnean polimaitasuna deitzen zaio. Brasilen bertan, Río de Janeiron, polimaitaleek topaketak eta festak antolatzen dituzte sare sozialen bidez. Poliencontro izeneko bilkurak bi pertsona baino gehiagoren arteko maitasun harremanez gogoetatzen du.

Brasilgo Estatistika Institutuak ez ditu polimaitaleak jasotzen familia ereduaz egindako inkestetan, baina garbi azaltzen da familia eredu tradizionala (aita, ama eta umeak) ez dela gehiengoaren hautua. 2013an aita-ama eta haurren familiek ehuneko 43,9 biltzen zuten; %19,4 haurrik gabeko familiak ziren; etxeen %16,5ean ama ezkongabeak umeekin bizi ziren. Ondoren zetozen umeen ardura zuten aitak eta bikote homosexualak.

Polimaitasuna zer den bost minututan jakin nahi baduzue, umore bikainez azalduko dizue Alicia Murillok bideo honetan:

 

Pasolini berriz aurkitua

pier paolo pasolini

Genero beltzeko pieza gogoangarriren batzuk idatziko ziren 1975eko azaroko lehen egun haietan Pier Paolo Pasoliniren hilketaren berri emateko. Horikeriaz zipriztindutako kronika eskandalizatuak. Gertakariak, bere hartan, osagai aproposenak eskaintzen zituen hartarako: Erromako aldirietan, Ostia inguruan, hala moduzko eremu bat… Domu santu gaua… Hiltzailea, hamazazpi urteko mutiko bat, txaperoa, Pasolinik ordu batzuk lehenago topatua… Zuri-beltzeko argazkietan, Pasoliniren gorpu masakratua.

Hori gertatu baino lehen, bizpahiru pintzeladaz zirriborratua geneukan Pasoliniren erretratua: homosexuala zen; komunista, baina partidutik egotzia, eta film eskandalagarriak egiten zituen, inolako erreparorik gabe. Beti izaten da aztiagoren bat, eta Pasoliniren hilketatik bi urtera, pasarte hau irakur zitekeenZeruko Argia-n:

«Fenomeno psikologiko berezi bat gertatzen da askotan: pertsona edo gauza batekiko identifikazioa. Alegia, pertsona horrekin bat egiten dugu, sinbolo bihurtzen dugu eta berari buruz arras subjektiboak gara harrez gero. Sentimentaloi, gutxienik, sarri gertatzen zaigu. Nik behintzat, Pasolini ere sinbolotzat dudala aitortzen dut». (Pasolini, azaroan hil zuten, Joseba Sarrionandia, 1977-11-13).

Sarrionandia, beraz, Pasolini aldarrikatzen, bizpahiru pintzeladaz baino gehiagoz osatutako erretratuaren bukaeran.

San Telmo Museoan uda osoa eta aste pare bat gehiago ere egin ditu Pasolini Roma erakusketak. Bartzelonako Centre de Cultura Contemporània-k ekoitzia —Alemania, Frantzia eta Italiako beste kultur erakunde batzuekin elkarlanean—, hau bai zinez Pasoliniren bizitza eta figura poliedrikoaren deskubrimendua.

Hor dago Pasolini zinemagilea, bere musa Laura Bettirekin, bere aktore fetitxe Ninetto Davolirekin, Bertolucci bezalako lankide adiskideekin; ez galtzekoa bera eta Ana Magnaniren arteko elkarrizketa, Mamma Roma (1962) filmatu zuten garaian. Hor dago kontzientzia sozial eta politiko sakoneko gizon, artean gaztea, telebistarako elkarrizketa arrunt bat Erroman bizileku duen langile auzoaren deskripzio eta analisi bihurtzen duena.

Eta nolanahi ere, zinema Pasoliniren ertz bat besterik ez da; ezagunena bai, baina ez landu zuen bakarra. Adibidez, pintatu ere egiten zuen gizonak.

Idazteari dagokionez, berriz, beste deskubrimendu bat: friulerari egin zion ekarpena. Ama zuen Friulikoa, Susana Colusi, maistra. Friulik bere hizkuntza propioa du, baina Pasolini hartan idazten hasi zenean, batere prestigiorik gabeko dialektotzat zeukaten friulera —edo furlana— Italian.

«Zeren faszismoak —nire harridurarako- ez zuen ametitzen Italian tokiko berezitasunik eta burugogor traketsen hizkuntzarik egon zedin». (1943, Corriere del Ticino).

Hizkuntzari herri bat zegokion, herri zapaldu bat. Prejerapoeman (1944), herri horren alde egiten dio erregu Pasolinik Kristori: «Gure lurra kanpotarren esku egon da/ eta preso egin gaituzte beste lurralde batean./ Gazteak eta zaharrak jipoitu egin dituzte plazan,/ gure neskatxei ohorea kendu diete».

1945ean friuleraren akademia sortu zuen Pasolinik lagun batzuekin —Academiuta di lenga furlana—, eta haren ikurraren ondoan pasarte hau ezarri zuten: «Friulik, bere historia antzuarekin eta poesiarako irrikarekin, bat egiten du Proventzarekin, Kataluniarekin, Grisoiekin eta hizkuntza erromantzeko beste Aberri Txiki guztiekin».

Rittrato di Pasolini liburuan azaltzen ditu aurreko horiek Luigi Martinelli irakasleak, Pasoliniren biografia intelektual oparoa marraztuz. Eta hala ere, Pasolini hil zuteneko berrogeigarren urteurren honetan, oraindik haren hilketa argitu gabe dagoela konstatatzeaz aparte, bizpahiru pintzeladatako estereotipoa gailenduko da hedabideetan.