Ez mutil ez neska sentitzen direnen aldarria, generorik gabe bizitzea

Hirugarren generoa aintzat hartzeko eskatu dio Obamari Sasha Fleischman-ek.

Hirugarren generoa aintzat hartzeko eskatu dio Obamari Sasha Fleischman-ek.

Sasha Fleischman nerabea lo geratu zen eskolara zihoan autobusean, eta bi gaztek su eman zioten. Arrazoia: gona eta gizonentzako alkandora eramatea soinean. Pertsona neutroa sentitzen dela adierazteko janzten da horrela Fleischmann, ez emakume eta ez gizon. Gertaeraren bigarren urteurrena izan da azaroaren 4a.

San Frantziskon gertatu zen, AEBetan, eta bigarren eta hirugarren mailako erredurak jasan arren, hiru aste eta erdiz ebakuntza ugari egin ostean onik atera zen Fleischman. Berriak hautsak harrotu zituen, ikasle eta irakasleak gona jantzita joan ziren bere ikastetxera, babesa erakusteko, eta sexu maskulinoarekin nahiz femeninoarekin bat egiten ez dutenen mugimenduaz argazki-erreportajea kaleratu zuten San Frantziskoko aldizkari batean: The Shadow Sex.

Sexuak ez dezala gure nortasuna definitu

Sexuak eta generoak baldintzatuko ez dituen jantziak, pentsamoldeak, enpleguak, sexu-harremanak… aldarrikatzen dituzte mugimenduko kideek, generoak markaturiko kortse sozial eta espektatibetatik aske bizitzea, mundua ez dadila “mutilentzat” eta “neskentzat” aukera bitarrean banandu, sexua ez dadila izan norbere burua eta nortasuna definitzeko arrazoia.

Auzitan jarri nahi dute gure gizartean zer esan nahi duen gizon edo emakume izateak. Hirugarren genero bat (genero neutroa) aintzat hartzeko ere eskatu zion Sasha Fleischmanek Barack Obama AEBetako presidenteari. Eskaerak 27.000 sinaduraren babesa lortu zuen.