Izaro Antxia, areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen lehen jokalari transexuala

Izaro Antxia, Portugaleteko (Bizkaia) kirolaria, izango da areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen Espainiako Estatuko lehenbiziko jokalari transexuala –igande honetan–. Leioa Maia taldean aritzen da, emakumezko Lurralde Mailan.

Kirolean nahi duen lekuan aritzeko ametsa beteko du Antxiak

Kirolean nahi duen lekuan aritzeko ametsa beteko du Antxiak. (Juan Echevarría / Marca)

“Triste samarra da 2016an hau albiste izatea, bide luzea dago egiteke”, adierazi du Antxiak M80 irratiak egindako elkarrizketan. Pasa den denboraldira arte, mutilen talde batean jokatzen zuen, “beste aukerarik ez” zuelako. Pasa den martxoaren 30ean eskuratu zuen NAN berria. “Azkenean nire ametsa bete ahal izango dut: kirolean nahi dudan lekuan aritzea”.

20minutos agerkariak egindako beste elkarrizketa batean, Antxiak onartu du sekula ez duela aurkako jarrerarik sufritu, ez kirolean, ezta egunerokoan ere. Dena den, uste du gizartea ez dagoela prest pertsona transexual bat futbolean jokatzen ikusteko. “Futbolean, kanpoan den jendeak, afizioak, edozein arma baliatzen du eraso egiteko, eta badira erabiltzeko oso errazak diren armak. Ezin da orokortu, baina batzuetan entzuten duzuna entzuten duzu, min egiten dizuten irainak. Ni prest nago. Badakit zer gerta daitekeen. Baina gauza bera gerta dakizuke beste arrazoi batzuengatik. 100 kilo pisatuko banitu, ziur antzekoa jasango nukeela. Hemen, iraintzen denean inork ez duenez ezer egiten…”

Gaiaz gehiago:

Atleta transexualak Joko Olinpikoetan: Aitzindari izatearen ajeak.

Izaro Antxiari elkarrizketa Info7 irratian.

Prostitutak ez, haien bezeroak zigortzea erabaki du Frantziak

Bi urte eta erdiko eztabaidaren ondotik onartu du Prostituzio Sistemaren Kontrako Legea Frantziako Asanblea Nazionalak. 3.750 eurorainoko isunak ezarriko dizkiete bezeroei

Argazkia IAN LANGSDON

Argazkia: IAN LANGSDON / EFE

Eztabaida eta aldaketa anitzen ondotik, Parisek onartu du azkenean Prostituzio Sistemaren Kontra Borrokatzeko eta Prostituitutako Pertsonak Laguntzeko Legea. Lehendik ere legedi zigortzailea zuen Frantziak sexu lanaren inguruan —prostituzio etxeak debekatuta daude, adibidez—, eta ildo beretik jarraituko du lege berriarekin ere. Ez ditu zuzenean prostitutak zigortuko, ordea. Haien zerbitzuak erabiltzen dituzten bezeroak izanen ditu jomugan: 1.500 eurotik 3.750 eurorainoko isunak ezarriko dizkie «sexua erosteko» delitua egiten atzemanez gero. Orain arte prostitutei «bezero bila aritzea» debekatzen zien delitua kendu eginen dute, horren truke —Nicolas Sarkozyren gobernuak ezarri zuen, 2003an—.

Bi urte eta erdiko eztabaidaren ondotik eta Asanblea Nazionaletik Senatura behin eta berriro joan-etorrian ibili eta gero onartu zuten atzo behin betiko testua, Asanblea Nazionalean. Aldeko 64 boto eta aurkako hamabi izan zituen. 11 diputatu, berriz, abstenitu egin ziren. 577 diputatu ditu berez Asanblea Nazionalak, baina 87 soilik zeuden atzo testua bozkatu zuten mementoan.

Oro har, eskuineko parlamentariak legearen kontra aritu dira, eta ezkerrekoak, berriz, alde —ekologistak izan ezik—. Bezeroak zigortzeko asmoak eragin ditu eztabaidarik handienak. PS Alderdi Sozialistako diputatuen ustez, bezeroak zigortzearen helburua da ardura haiei ematea, prostitutei eman beharrean. Hala azaldu du Marisol Touraine Gizarte Gaietarako eta Osasuneko ministroak: «Gizonei ere badagokie hausnartzea zer egiten duten eta zein den beren jokamoldea». Maud Olivier diputatu sozialistaren erranetan, halaber, lege berriari «esker» prostitutak «biktima» gisa hartuko dituzte, eta ez «gaizkile» modura.

Prostituten eskubideen aldeko elkarte ugarik eta prostitutek berek gogor kritikatu dute neurria, ordea. Izan ere, salatu dutenez, bezeroak zigortuta sexu langileak ere jarriko dituzte arriskuan, eta are ezkutuagoa bilakatuko du beren lana. Jacques Toubon Frantziako Eskubideen Defendatzaileak ere gaitzetsi du bezeroak zigortzeko delitua legean sartu izana. Haren hitzetan, «proxenetismoaren eta emakumeen salerosketaren kontrako borroka» zailduko du neurriak, eta sexu langileak kalteberago eginen ditu sexu bidez kutsatzen diren eritasunekiko.

Baliabideak, zalantzan

Bertze hainbat neurri ere biltzen ditu legeak. Tartean, prostituzioa uzteko laguntza eman nahi die Parisek sexu langileei. Alta, zenbait diputatuk eta elkartek zalantzan jarri dute horretarako aski baliabide izanen ote den. Izan ere, kalkulu ofizialek diote Frantzian 30.000 eta 40.000 pertsona artean ari direla prostituzioan lanean —gehienak, emakumeak—. Horiei laguntzeko ezarri den 4,8 milioi euroko aurrekontua ez litzateke aski horientzat guzientzat.

«Sexua erosteko» delitua egiten duten bezeroak atzemateko baliabideak ere ez daude argi. Legeak ez du aurreikusten horretarako polizia gehiago ezartzea, adibidez.

Sexu berekoen ezkontza legeztatu dute Kolonbian

BOGOTA. Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalak sexu berekoen ezkontza legeztatu du; aldeko sei boto eta aurkako hiru izan ditu ebazpenak. Aurrerantzean epaileek ezingo diote uko egin sexu bereko pertsonak ezkontzeari. Orain bost hilabete sexu bereko bikoteek adoptatu ahal izatea onartu zuen auzitegi horrek.

Ezkontzen aldeko ekintza bat, iaz

Ezkontzen aldeko ekintza bat, iaz. EFE

Indarkeria homofoboaren biktimentzako protokolo bat eskatu dute Gasteizen

Horrez gain, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak zerbitzu sozialen eraldaketa sakona eskatu du.

Rueda de prensa ofrecida en Gasteiz

Homofobiaren aurkako protokoloa eskatu dute. (Argazkia: Arabako Alea)

Gaur goizean Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak pasa den azaroan 21 urteko gazte batek jasan zuen eraso homofoboa salatu du eta ildo horretan, indarkeria homofoboa, lesbofoboa eta transfoboa pairatzen duten biktimentzako protokolo bat eta zerbitzu sozialen eraldaketa sakona eskatu du.

Kolektiboak agerraldian azaldu duenez, iazko azaroan 21 urteko ikasle gazte bat bere etxetik bota zuten, “gay izateagatik”. Bere kasua erakunde ezberdinetan aurkeztu arren, momentu horretan behar zuen laguntza ez zuela jaso azaldu du plataformak.

Erakundez erakunde, laguntza eske

Gaztea “kale gorrian” geratu zen eta  auzokide baten laguntzarekin, erakunde desberdinetan eskatu zuen laguntza. Zerbitzu sozialetan hitzordua eskatu baina hilabete itxaron behar izan zuela salatu du plataformak. Gainera, lehenengo elkarrizketa horretan konponbiderik eskaini ez zitzaiola gaineratu du.

Abenduan, Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzura jo zuen erasoa pairatu zuen gazteak.  Zerbitzu honek aniztasun sexual eta generoko gaiak lantzen dituen arren, homofobia, lesbofoia eta transfobia kasuen aurrean “protokolorik ez dagoela” salatu du Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak. Ondoren, Larrialdi Sozialerako Udal Zerbitzutik pasa ondoren, berriro ere, bere gizarte langilera bideratu zuten. Gasteizko udaleko politika sozialaz arduratzen den zinegotziarekin kontaktuanere  jarri ziren. “Interesa aurkeztu arren, ez da ezer aldatu, eta gaztea bere bizitza aurrera eramateko baliabiderik gabe jarraitzen du, gay izateagatik jasandako eraso matxista baten ondorioz”, zehaztu du plataformak.

Zerbitzu sozialen “eraldaketa sakona”

Egoera honen aurrean, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak gazte honen kasuan inplikatzeko eta behar dituen baliabiadeak martxan jartzeko eskatu dio Gasteizko udalari. Horrez gain, “pasa den azaroaren 5ean onartu zuten deklarazio instituzionalean jasota dagoen bezala protokolo bat sortzeko” eskatu dio.

Azkenik, zerbitzu sozialen “eraldaketa sakona” egin behar dela azaldu dute. “Zerbitzu hauen funtzionamenduen aldaketa sakon bat eskatzen dugu, bere lehenbiziko funtzioa bete dezaten,  alegia, pertsonen integrazioa eta bertaratzen diren kolektibo desberdinei laguntza eskaintzea, pobreziaren kriminalizazioa alde batera utziz”.

Gasteizko giza mugimenduen plataforma, Kitzikan, 7menos20, Arabako Emakumeen asanblada, Bilgune Feminista eta Mugarik Gabe kolektiboek osatzen dute Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko plataforma.

Oharra: albiste hau Arabako Aleatik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.

«Homosexualitatea zurien kontua dela diote»

Afrikako hogei herrialdetan egindako zazpi hilabeteko bidaian, orientazio sexualagatik zigortu dituzten pertsonak ezagutu ditu Serenak; liburu batean kontatu ditu haien istorioak.

Marc Serena

Marc Serenak (Manresa, Herrialde Katalanak, 1983) ez du ulertzen nola zigortu daitekeen maitasuna: «Nola kondenatu daiteke norbait maitasunaren moduko gauza polit batengatik?». 2011. eta 2012. urteetan Afrikako hogei herrialdetan egon zen, eta han bildutako istorioekin ¡Esto no es africano! (Hau ez da afrikarra) liburua idatzi zuen. Bilbon izan da egunotan, Zinebi zinema festibalaren harira. Liburua aurkeztu du, eta baita liburuaren kapitulu batean oinarrituta dagoen dokumentala ere: Tchindas.

¡Esto no es africano! da liburuaren izenburua. Badauka bere esanahia, ezta?

Afrikako kontinentean gehien errepikatzen diren ideietako bati egiten dio erreferentzia, tamalez: izateko eta maitatzeko modu batzuk ez dira afrikartzat jotzen. Esaterako, esaten dute homosexualitatea ez dela Afrikako kontua, ez eta izaera modu batzuk ere. Zurien gauza direla uste dute, eta ez dituzte onartzen. Gezur hori behin eta berriz erabiliz, gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualei jazartzen zaizkie, eta zapaldu egiten dituzte.

Nork ezartzen ditu ideia horiek ?

Homofobia hori atzerriko interesek sustatzen dute. Homofobia, berez, ez da Afrikako arazoa. Amerikako Estatu Batuetako muturreko eskuindarrak euren elizak hedatzen dabiltza Afrikako kontinente osoan. Diru mordoa xahutzen dute euren ideiak inposatzeko. Bestalde, oraindik zenbait herrialdetan jatorri kolonialeko legeak daude indarrean, eta homosexualitatea kartzelarekin edo heriotzarekin zigortzen dute.

Zenbait herrialdetan uste dute homosexualitatea deabruak hartuta daudenen kontua dela.

Jende askok uste du homosexualitatea gaixotasun bat dela, deabrukeria. Mauritania eta Senegalen jendea aztiengana joaten da, sendatzeko asmoz. Halere, islamak eta katolizismo atzerakoiak ordezkatu dituzte Afrikako erlijio tradizionalak. Eta horien jarrera are bortitzagoa da. Errepresio handia dago: eskoletan, elizetan, epaileen artean, komunikabideetan… homofobiaren aurkako biolentzia justifikatu egiten da. Afrikak 54 herrialde ditu, eta horietatik 36tan homosexualitatea txarto ikusita dago, eta zigortu egiten da. Eta beste herrialde batzuetan, legerik egon ez arren, sekulako homofobia dago. Eta fobia hori elikatzeko, gezur mordoa esaten da.

Afrikako leku batzuetan, albinoei ere jazartzen zaizkie.

Albino gay bat ezagutu nuen, eta, hark zioenez, gay izatea txarragoa da albino izatea baino. Albinoa izateagatik Poliziak defenditu egingo zuela zioen, baina, aldiz, homosexuala izateagatik Poliziak atxilotu egingo zuela. Albinoa zarela begien bistakoa da; homosexuala zarela, aldiz, ez. Zure sexualitatea ezkutatuz gero, oharkabean pasa zaitezke.

Halere, hirietatik herrixketara aldea egongo da, ezta?

Bai, baita eremuen arabera ere. Tanzanian, adibidez, talde etniko batzuk daude non emakumeak elkarrekin ezkontzen diren. Are gehiago, emakume bat emakume batekin baino gehiagorekin ezkon daiteke, eta hiltzerakoan batera ehorzten dituzte. Modu tradizionalean egiten dute, betidanik.

Liburua idatzi ostean, Tchindas dokumentala egin duzu, Pablo Garcia Perez de Lararekin batera.

Dokumentala Cabo Verde herrialdeko San Vicente izeneko uharte txiki batean dago filmatua. Tchinda Andrade transexualaren istorioa kontatzen du. Herrialde horretan oso ezaguna eta maitatua da. Ez hori bakarrik, hango gay eta transexualei modu adiskidetsu eta maitakor batean Tchindasdeitzen zaie, haren omenez. Cabo Verdeko egoerak ez du zerikusirik Afrikako beste herrialde guztiekin. Oasi txiki bat da, homosexualitatearen aurrean tolerantzia handia dago.

Zinegoak jaialdiko film laburren aukeraketa bat izango da EHUko Leioako campusean

ASTEARTE HONETAN

Cartel del festival Zinegoak 2016.

Zinegoak 2016

BILBO. Zinegoak Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte  eszenikoen jaialdia Euskal Herriko Unibertsitatera (EHU) iritsiko da  asteartean, martxoaren 1ean, 16:00etatik aurrera Gizarte eta  Komunikazio Zientzien Fakultateko auditoriumean (Leioako campusa)  ikusgai izango den film laburren aukeraketa batekin. Besteak beste,  Uxue Egia Ikus-entzunezko ikasle ohiaren “Garelako” film laburra  ikusi ahal izango da.

EHUk gogoarazi duenez, Bilboko Hegoak elkarteak, beste erakunde  eta enpresa batzuren laguntzarekin, 13. aldiz antolatu du jaialdia,  ikus-entzunezko eskaintza kultural ezberdinen bitartez LGTBI  kolektiboa ikustarazteko.

Unibertsitatean lehen aldiz antolatu den erakusketa bereziki  Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleei zuzenduta dago. Ekimenaren  antolatzaileak, Pello Maudo Herrero Ikus-entzunezko hirugarren  mailako ikaslea eta Vanesa Fernández Guerra Ikus-entzunezko  Komunikazioko eta Publizitateko saileko irakaslea dira.

Lesbianismoa armairutik ateratzen lagundu duen zinegilea

Rose Troche zine zuzendari estatubatuarra omendu du aurten Zinegoak jaialdiak. “Lesbianak ikusle oso zailak dira. Haiei buruzko hain iruditeri murritza dugu, bakarrari heltzeko joera daukagula”, esan izan du Trochek. Berak, lesbianismoari zineman ematen zitzaion kutsu dramatikoa gainetik kendu eta Go fish(1994) egin zuen, kultuzko film bihurtua.

Rose Troche

The L World Kaliforniako lagun lesbiana batzuen bizitzari buruzko telesail arrakastatsua ere berak sortua da. Emakume lesbiana edozein emakumek izan ditzakeen eguneroko arazo eta istorioetan irudikatuz haize freskoa ekarri du Trochek ikus-entzunezkoan.

“Identifikatuta senti daitezkeen erreferenteak eman dizkie lesbiana askori”, adierazi du Pau Guillén Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans 13. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko zuzendariak.

Trochek berak Bilbora egindako bisitan azaldu duenez, Go fish filma lagungarria izan zen emakume ugarik euren sexu-joera publiko egiteko. “Neska batek kontatu zidan ama pelikula ikustera eraman zuela, eta ateratzerakoan, lesbiana zela aitortu ziola”.

“Garrantzitsua da konbentzioetatik ihes egiten duten istorioei balioa ematea”

Pelikulez gain, erakusketak eta eztabaidak ere antolatu ditu aurtengo edizioak, gizartera irekitzeko eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz.

“Gaur egun familia tradizionalarekiko ezberdinak diren bestelako familiak elkar bizi direla erakustea eta gure gizartea sentsibilizatzea” da helburua, Guillénen arabera. “Garrantzitsua da aniztasunaz mintzo diren eta arau eta konbentzioetatik ihes egiten duten istorioei balioa ematea, zinema hau kariñoz tratatzea eta ezagutzera ematea. Batzuk eta besteak ez garela hain ezberdinak erakutsi nahi du Zinegoak jaialdiak. Azken finean, arrotza zaiguna ezagutzea da hari beldurra galtzeko lehenengo urratsa”.

Te prometo anarquía garaile

Te prometo anarquía mexikar-alemaniarrak irabazi du fikziozko film luzerik onenaren saria. Pelikularen zuzendariak berriz, Julio Hernández Cordón-ek, zuzendari onenaren saria lortu du.

Istorio “lotsagabea eta ausarta” dela nabarmendu dute epaimahaikideek: Miguel eta Johnny lagunak eta maitaleak dira txikitatik, eta dirua irabazteko odola klandestinoki saltzea erabakiko dute.

Irrawady Mon Amour dokumental italiarra eta Tuva Jagell suediarraren eta Claudia Cantero txiletarraren antzezpenak ere saritu ditu jaialdiak, besteak beste. Guztira, 500 bat pelikula aurkeztu dira aurtengo edizioan.

Abel Azconak epaileari: “Prozesua errespetatzen dut, baina ‘performance’-aren jarraipena da”

“Kristauak iraindu” izana leporatuta deklaratu behar izan du artistak Fermin Otamendi epailearen aurrean. Iruñeko artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak jarri diote salaketa.

pederastia-abel azkona

Epailearen eta bere abokatuaren galderak erantzun ditu, baina uko egin dio akusazioaren galderak erantzuteari.  Azconak adierazi du “pederastiaren kritika” egin nahi izan zuela, erreakzioa eragingo zuelakoan. “Edukazio eta errespetu guztiarekin, baina prozesu juridikoa bera prozesu performatiboa izan da. Epailea eta prozesua errespetatzen ditut, bainaperformancearen jarraipena izan dira. Fundamentalismo erlijiosoa salatzen duen pieza bat egin dut, eta zer da, bada, 2.000 pertsona eraikinaren atearen aurrean errezatzen aritzea, edota nik deklaratzera joan behar izatea baino fundamentalismo argiagorik?”. Gaineratu duenez, ez du inor iraindu nahi izan, eta ziurtatu du adierazpen askatasuna defenditzen eta bere lana egiten jarraituko duela.

Jorge Morales Abel Azconaren abokatuak azaldu duenez, Iruñeko artzapezpikutza prozesutik kanporatzea eskatu dute, “epaiketan modu desegokian agertzeagatik”. Era berean, ziurtatu du kausa artxibatzeko eskatuko dutela; epaileak hori egin ezean, helegitea aurkeztuko dute. Epaileak bost eguneko epea utzi du helegiteak aurkezteko.

Bestalde, José Núñez Abokatu Kristauen Elkarteko abokatuaren arabera, auzia zabaltzea nahi du elkarteak, eta horretarako froga eta deklarazio gehiago eskatuko dituzte. Ez du argitu zabalpen horrekin Iruñeko Udala auzipetzea eskatuko duten ala ez.

Abel Azcona artista nafarrak Desenterrados bilduma jarri zuen ikusgai Iruñeko “Erorien Monumentuan”, oroimen historikoaren inguruan. Hainbat argazkitan ikus zitekeen Azcona ogi pusketa edo ostiekin “Pederastia” hitza idazten, eta obra hark polemika handia sortu zuen. Hainbat kristau taldek erakusketa bertan behera uzteko eskatu zuten, Iruñeko Udalaren aurrean mobilizazioak egin zituzten eta salaketa jarri zioten.

Azkonaren aldeko elkarretaratzea egingo dute etzi

ARTEA. Abel Azkonak Nafarroako Lurralde Auzitegian deklaratuko du ostegunean, epaileak tramiterako onartu baitu artistaren kontra Abokatu Kristauen Elkarteak jarritako kereila. Horren harira, elkarretaratzera deitu dute, Fundamentalismorik ez lelopean, epaitegian bertan.

Abel Azkona

‘L’ hitza filmatzea

Rose Troche zinemagile eta telesailgileari Ohorezko Saria emanez abiatu da Zinegoak gaylesbotrans zinema jaialdia, Bilbon

2016-02-22. Donostia. Rose Troche, zinemagilea. Zinegoak jaialdiko Ohorezko saria. 22-02-2016. San Sebasti√°n. Rose Troche, cineasta. Premio de honor del festival Zinegoak.

Rose Troche zinema zuzendari, gidoigile eta ekoizlea, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Rose Troche zara?», galdetu dio New Yorkeko metroan neska batek Rose Troche zinemagileari (Chicago, AEB, 1964), eta Rose Trochek, baietz. «Aurrekoan joan nintzen amarekin zure filma ikustera, eta, amaitutakoan, ni ere lesbiana nintzela esan nion. Mila eta mila esker». 1994an Go Fish filma egin ostean, maiz jaso zituen gisako erantzunak Trochek, eta harritu egin zen hasieran. «Ez nuen hori espero, baina halakoek erakusten dute zeinen garrantzitsua den istorioak kontatzea». Lesbianen eguneroko bizitza erakutsiko zuen pelikula bat egitea zen bere asmoa. Garai hartako lesbianei buruzko film dramatikoen beste muturrean. Aurrekonturik gabe. Promoziorik gabe. Pelikula egiteko gogo huts-hutsez. Oihartzun zabala jaso zuen filmak, ordea, eta, besteak beste, lan horregatik saritu nahi izan dute Troche Bilboko Zinegoak gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdikoek. Atzo jaso zuen Ohorezko Saria, irekiera ekitaldian. Trochek eman dio hasiera, beraz, gaurtik 29ra bitarte 101 zinema ekitaldi eskainiko dituen egitarauari.

Ez da film hori Trocheren meritu bakarra, ordea: ibilbide osoa saritu diote Zinegoak jaialdikoek; zuzendari, gidoigile eta ekoizle lan guztiak. Izan ere, Trochek bitan jaso du Berlinaleko Teddy Award saria, Go Fish lana zuzentzeagatik lehenengoz, eta 2013an bigarrenez, Concussion pelikulako ekoizle modura, baina, horrez gainera, telebistan ere aritu da, esaterako, The L Word telesaila sortzen. Baina ez da soilik ibilbidea; beste motibo bat ere badago Troche saritzeko, Pau Guillen jaialdiko zuzendariaren hitzetan. «Gizonezkoak nagusi diren munduan emakumezkoen lana ikusgarri egiteagatik ere saritu dugu».

Unibertsitatean hartu zuen zinemagile egiteko erabakia Trochek, eta identifikatua du momentu zehatza ere; Koyaanisqatsi: Life Out of Balance izeneko hitzik gabeko film esperimentala ikustean izan zen. «Hainbeste hunkitu ninduen pelikulak hitz bakar bat ere erabili gabe, orduantxe erabaki bainuen zinema egitea». Film esperimentalekin hasi, eta hortik jo zuen Go Fishidatzi, filmatu eta zuzentzera. «Orduan ez nekien zer zen zinemaren industria. Lan hori egitera bultzatu ninduen bakarra film hura egiteko gogoa izan zen». Emakumeek emakumeei buruz eta emakumeentzat egindako film bat egin nahi zuen. Kito. «Gure komunitatearentzat egin nuen, baina ezin da jakin zer gertatuko den. Eta, nolabait ere, garai horretan kulturalki film horren beharra zegoen».

Askatasun gosea

Beste bi film egin zituen Go Fish-en ostean, eta telebistara pasatu zen gero. «Nire langintza zorroztu nahi nuen, eta horregatik hasi nintzen telebistan, lan gehiago zuzentzeko aukera ematen zidalako». Eta orduan sortu zuen The L World, Kaliforniako lesbiana talde baten bizitza kontatzen duen telesaila. Eta Go Fish-ekin gertatutakoa gertatu zitzaion berriz ere. Telesaila LGTB komunitatea gogoan zuela sortu, baina audientzia zabala jaso, eta bost urtez izan zen antenan.

Trochek kontatzen duenez, ordea, ez zen trabarik gabeko bidea izan, etengabe aritu behar izaten baitzuten Showtime kateko arduradunekin negoziaziotan. «Neurri batean, kate haren jabe ziren gizonen menpe aritu behar genuen, eta haien kontrolpe horretan negoziatu beharra genuen. Haiek ematen zuten gure telesaila, eta haien legeen arabera jokatu beharra genuen. Asmatu egin behar da noraino eman dezakezun amore, eta noiz jokatu behar duzun irmo».

Baina akabo telebista. Urte batzuk egin, eta askatasun goseak eraman zuen berriz ere zinema independentera. «Telebistan eraginkorra izan behar duzu, eta asko ikasten da horrekin, baina ez zaituzte sortzaile izateko kontratatzen. Mundu hori utzi, beraz, eta Concussion filmaren ekoizle lanak egin nituen». Eta hor, berriz askatasuna. «Lan hura ez zegoen inoren kontrolaren menpe, oso diru gutxirekin egin genuen eta. Guk kontrolatzen genuen dena, ez baitzegoen kanpoko dirurik. Eta oso zaila da hori telebistan».

Irauli egin da orain giroa, Trocheren hitzetan. Industrian pentsatu gabe hasi zuen berak bere lehen filma, baina egun filma egiten hasterako pentsatzen dute sortzaileek industrian. «Irakasle eta tutore aritzen naiz zinemagile izan nahi duten ikasleekin orain, eta oso kontziente dira Facebook orri bat izan beharraz eta 5.000 jarraitzaile lortu beharraz, baita ezer egiten hasi baino lehen ere. Pelikula egiten hasterako arrakasta lortu beharraren ideia bertan dagoela dirudi. Apur bat etsigarria egiten zait hori, uste baitut gauzarik onenak zure baitako gune puru batetik sortzen direla. Eta horren bila nabil ni neu ere orain filmatuko dudan hurrengo lanarekin».