Palestinako banderak harrotasunaren egunean?

Artikulu hau BERRIA egunkarian argitaratu da

SOZIOLOGOA, EHUKO IRAKASLEA

Obamari esker, 2010az geroztik AEBetako armadan sar daitezke homosexual gisa aurkezten direnak. Lekua lortu dute hiltzeko inoizko makinaririk ikaragarrienean. Ospatzekoa?

2012an Israelgo armadak argazki historikoa argitaratu zuen. Eskutik helduta bi soldadu gizonezko, azpian zera idatzita: «Harrotasunaren Hilabetea da, ba al zenekien armadak berdin tratatzen dituela soldadu guztiak?». Sodoma eta Gomorraren tesia besarkatzetik urruti, Israelgo eskuineko gobernuak hunkigarritzat jo zuen argazkiak eragindako erreakzio beroa (gobernukide zen Netanyahu). Izan ere, jendarte erabat militarizatuan soldaduak behar, eta Israelgo armadak 1993tik aurrera onartzen ditu homosexualak, armada bihurtzeraino gay-friendly espaziorik seguruena. Ospatzekoa?

Irudikatu Bilboko Autonomia kalea 15.000 manifestarirekin gainezka. Irudikatu orain guztiak direla ume sarraskituak. Sei hilabetetan egin du sionismoak basakeria erakustaldia. Ez dira horrenbeste haur hiltzen munduko gerra guztietan lau urtetan.

Marine Le Pen-ek aspaldi normalizatu gintuen, eta 2019an dagoeneko bera omen zen boto asmoan aukerarik gustukoena Frantziako LGTBI+ komunitatean. Eta sexu-disidente andana ibiliko da Chicagoko burtsan jakien espekulazioari emanda, munduko ahulenen sabelak husten, kapital metaketaren bermatzaile. Zenbat ote dira munduko oligarkia korporatiboan gainbalioaren izenean, etekinaren zerbitzari bizia hankapean. Ospatzeko zerbait?

Gurera etorrita, esan digute ospatzekoa dela: hiru milioi euro utziko ei ditu Bilbao Bizkaia Harro jaialdiak, Bilboko Udaleko Turismo Sailak diseinatua. Ez da oso originala Harrotasuna nahastea gay turista dirudunak seduzitzeko plan merkantilistekin, despolitizazioarekin, gay kulturaren kooptazio kapitalistarekin.

Ipurdia bistan, nahi izanez gero, baina bestela ulertu du emantzipazioa EHGAMek. Labur esanda: askapena ez da etorriko gay, lesbiana edo dena delako gisa plisti-plasta murgiltzetik kontsumoaren festa ultra-kapitalistan, ez eta palestinarren kontra misilak jaurtitzeko eskubidetik. Militatu nuen 90eko hamarraldi hartan, armadari intsumisioarekin erantzun genion, eta natural genituen zero pobrezia, Chiapas, euskara, langile sexualen eskubideak, autodeterminazioa, SOS arrazakeria, edota anti-globalizazioa.

Beraz, asko sinplifikatuz, LGTBI+ mugimenduan baditugu gutxienez askapena ulertzeko bi eredu. Batek ardatz bertikala du oinarri: «gora gay eta gaytarrak». Hau da, identitatea eta integrazioa. Helburua da gutxiengo baten bizitza normalizatzea, eskubideetan homologatzea: zuek bezalakoak gara eta baldintza berberak merezi ditugu. Finean, sexu eta genero disidentziak integra ditzagun daukagun gizartean.

Bestetik, emantzipazioaren ulerkera horizontala duzu. Zilborretik atera eta alboetara (horizontalki) begiratzeak erakutsiko dizu opresioen pluraltasuna. Kontua ez da soilik zeure kontrako dominazio espezifikoa, baizik eta dominazioa. Zure opresioa zubi da bestelakoekin konektatu (prekarioa, migrantea, emakumea, euskalduna…) eta aliantza afektiboak mamitzeko. Burbuila auto-erreferentzialaren lekuan, irekidura enpatiko-politikoa. Zilbor-politikaren ordez, osotasunaren politika bat.

Ardatz horizontaletik, kontua ez da gutxiengo bat integratzea daukagun jendarte (gaixo bezain suntsitzaile) honetan, baizik eta hankaz goratzea daukaguna. Batetik, esanez zis-heterosexualtasuna ere senda daitekeela, hau da, auzia da gizarte osoaren sexu emantzipazioa (ez gutxiengo batena). Bestetik, emendatuz osotasuna: kooptazio saiakeren aurrean, kapitalismoaren analisi kritikoa eta desira post-kapitalista. Finean, horizontalak dio sexu-disidentzia erabil daitekeela politika subertsiboa kontrabandoz sar dadin jendearen gorputzetan.

Gutako askok horizontala izan dugu inspirazio eta aspirazio. Amestu dugu subalternoen artikulazio antagonistarekin (gerora intersekzionalitatea deitu zaio). Amai ez dezagun gay jator gisa Starbucks-en ilaran, mugikorrari so, Amazonetik hurrengo zer erosiko. Sexu-disidentea eskubidez hornitzeak ekar ez dezan kriminal kopurua haztea: hamabost mila ume…

Adoptatu genuen eta gurasotasuna hain bizigarri zaidala, nola gutxietsi homologazio juridiko-soziala. Ez da hori. Kontua da mundua askoz arriskutsuagoa dela ardatz horizontal ahularekin, ugaritzen baitira kriminalak, merkatuak irentsitako bizitza neoliberalak, ultraeskuina bera. Gertatu da: osotasunaren politika makal, biderkatu da esplotazioa (giza lanarena zein naturarena), basakeria eta ziurtasun gabezia.

Maiatzean gazteek omenaldia prestatu ziguten EHGAMeko beteranooi. Bihotzez eskertzekoa. Ez zen beharrezkoa, ordea, egin baikenuen gure ustez egin behar zena. Hori bai, askapenaren ulerkera horizontalak, horrexek behar du aintzatespena eta jarraitutasun historikoa. Interes handia baitago egin dadin bere autopsia, hildako ametsa bailitzan. Funtsezkoa izango da, ordea, belaunaldi berrientzako erreminta-kutxa antifaxistan.

Esan dezadan honela: aurten, harrotasunaren egunean Palestinako banderak behar ditugu zientoka, zergatik ez hamabost mila. Gerraren eta genozidioaren aurka. Sexu-disidente kriminalen kontra.

(EHGAMeko Santi Vicente Madelon eta Mikel Martin Mikela ekintzaile horizontalak gogoan)

Ehgamek salatu du Bilbao Bizkaia Harrori 400 mila euro baino gehiago eman dizkiotela, erakunde publikoen kontratu txikien eta dirulaguntzen bidez

Haren esanetan, diru publikoa LGTBI+ kolektiboaren problematikak
merkantilizatzen saiatzen den ekitaldi batera transferitzea du helburu, eta
administrazioaren ‘pinkwashing’erako baino ez du balio
06.05.2024.
Ehgam Bilbo+ elkarteak salatu du Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak
eta Eusko Jaurlaritzak “diru publikoz ureztatu” dutela Bilbao Bizkaia Harro (lehen
BilboPride), azken urteetan ekainaren 28an LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenak eta
arazo historikoak merkantilizatzen dituen jailadia, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko
Eguna dela eta.
Kolektibo sexodisidentearen arabera, 400.000 euro baino gehiagoren
transferentzia horrek onuradun bakarra izan du: Ortzadar LGBT, EAJtik gertu dagoena.
Kolektiboak ziurtatzen du administrazio publikoek diru kopuru handiak txertatu
dituztela ospakizun horretan 2019tik 2023ra bitartean, kontratu txikien, elkarteentzako
laguntzen eta dirulaguntza izendunen bidez. Zehazki, 240.000 € izan ziren 2019an,
20.130 € 2020an, eta 74.644,83 € 2021ean, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru
Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. 2022an eta 2023an, 35.412,65 € eta
35.801,76 € izan ziren, hurrenez hurren, dirulaguntza izendunen, kontratu txikien eta
Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bakar baten artean.
Elkarteak adierazi duenez, programa Bilboko Udaleko Turismo Sailak diseinatu du, eta
Ortzadar LGBT elkarteak antolatu du, dirulaguntza publiko horien onuradun bakarra eta
EAJren gertukoa denak.
“Ospakizun hori erdi-goi mailako atzerriko turismo gay diruduna sustatzea bilatzen
duen plan merkantilista baten parte da, eta horren atzean LGTBI+ mugimenduak Bilbon
eta Bizkaian dituen behar, arazo eta errebindikazio errealekiko erabateko interes eza
ezkutatzen du, eta hori pinkwashinga da”, azaldu dute.
Era berean, adierazi dute horrelako ekitaldiak sustatzeko diru publikoa erabiltzearen helburua ez dela errealitate
sexodisidenteak ikusaraztea edo haietaz arduratzea, negozioa egitea baizik.
Talde sexodisidenteak gogorarazi du horrelako plan merkantilistak ez direla ezer berria,
eta alderdi politiko neoliberalek borroka aldarrikatzaileak eta emantzipatzaileak
asimilatzeko estrategia baten parte direla. Halako alderdien helburua da LGTBI+
mugimenduaren aldarrikapenerako grina murriztea eta Harrotasunaren Egunaren
espiritu kritikoa desagerraraztea, diru publikoz finantzatutako ekitaldi handien bidez.
Bestalde, Ehgamek jakinarazi nahi du Bilbao Bizkaia Harrok sustatzen duen jai-eredua
erabat gaitzesten duela, guztiz baztertzen dutela, eta harrotasuna baino,”
harropuzkeria erakusten dutela, bai Ortzadar LGBTk, bai instituzioek, Harrotasunaren
Nazioarteko Eguna kudeatu nahi izatean””, lan hori mundu osoan horrexetarako
antolatzen diren tokian tokiko E28 Koordinadoren esku utzi beharrean”.
Beraz, Euskal Herrian antolatutako lehendabiziko Harrotasun Nazioarteko Egunaren antolatzaile den
heinean, boikota eskatzen du Ehgamek instituzioek ospakizun hau
instrumentalizatzearen aurrean, eta mundu guztiari gonbita luzatzen dio Bilbao Bizkaia
Harro elkarteak antolatzen duen ezertan ez parte hartzera.
Bide batez, E28 Harrotasunaren Nazioaretko Egunaren gaia landu behar duten kazetariei adierazi nahi
die garbi izan dezatela Bilbao Bizkaia Harro programa ez dela LGTBI+ mugimenduaren
jarraipena eta ez daukala zerikusirik LGTBI+ mugimenduarekin, eta ez ditzatela bi
gauzak nahasi.