“Transexualitate legea arras abangoardista da Nafarroan, baina garatzeke dago”

Alizia Izal apaiza izandakoa (Atarrabia, 1959) munduan batetik bestera bizi izan da duela urte batzuk arte. Chiapastik bueltan, Lizarran finkatu zenean, betiko korapiloa askatzeari ekin zion: gizon gorputzean ezkutatzen zen emakumea azaleratzeari.

'Apaiza izateari utzi nion, eta orduantxe hil ala biziko premia sortu zitzaidan, nintzen bezala bizitzea'

“Apaiza izateari utzi nion, eta orduantxe hil ala biziko premia sortu zitzaidan: nintzen bezala bizitzea”.Koldo Azkune

Zer iritzi duzu transexualen eskubideak defendatzen dituen Nafarroako legeaz?

Kontu handiz eta egoera ongi ezagututa egindako legea da. Gure tratamenduak Osasunbidearen bitartez jarraitzea ahalbidetzen digu. Nafarroan Transexualitate eta Intersexuko Unitatea daukagu, beharrezkoa dugun laguntza psikologikoa eta endokrinologikoa errazten digu. Hormonatze botikak beraiek ematen dizkigute, eta ebakuntzak ere diruz laguntzen dizkigute, nahiz eta baginoplastia egiteko, adibidez, hiru urtez itxaron behar izaten dugun. Eta eskaera, gainera, 18 hilabeteko hormonatzea eta gero egin behar dugu. Laburbilduz, bost urtez zain egon behar dugu ebakuntza Malagan egiteko. Horregatik gutako batzuek medikuntza pribatura jotzen dute. Thailandian 8.000 euroren truke ebakuntza egiten dizute. Herrialde hori dugu ebakuntza mota horren paradisua, eta profesional onak dituzte. Diru munta hori, alta, bildu beharra dago. Bartzelonara ere joan zaitezke, klinika pribatura, eta 20.000 eurotik gora ordaindu. Lege horri esker izan ez balitz, nik ez nuen lortuko. Arras lege abangoardista da, baina oraindik garatzeke dago, onartu zenetik sei urte pasatu eta gero osasun-atala bakarrik jorratu baitute.

Nafarroan dagoen transexualen kopurua ezaguna al da?

Sekula ez da jakin ahal populazioaren zein portzentaje den transexuala. Gai tabua da, guztiz, oso ezkutua. Urtetan guk geuk benetako nortasunari uko egin diogu. Nik banekien zer zen gertatzen ari zitzaidana, baina ezin nuen onartu: zer esan behar zuten nire familian, nire inguruan? Komunikatzen ez den kontua da, erokeria, gizartearentzat arriskutsua den zerbait. Eta zure lanari eutsi nahi badiozu, zer esanik ez. Ni karrikaratu ninduten enpresako nagusiak ez zuelako nire transexualitatea onartzen. Transexualitate femeninoaz ari garela, mundu matxista honetan gizarteak ezin du onetsi gizona izatetik emakume izatera pasatu izana, alegia, “mailaz jaitsi” izana.

Zergatik ez zenuen erabakia lehenago hartu?

Oso nomada izan naiz. 20 urterekin Madrilera egin nuen, eta 23rekin Hego Amerikara. 1995ean Mexikoko poliziak eta militarrek atxilotu, desagerrarazi, eta handik kanporatu ninduten. Etxera itzuli eta, Chiapaskoa bor-bor zegoela, batetik bestera ibili nintzen. Handik denbora batera gelditzea erabaki nuen. Apaiza izateari utzi nion, eta orduantxe hil ala biziko premia sortu zitzaidan: nintzen bezala bizitzea. Amerikan esaten zuten urgenteak ez diola garrantzitsua denari tokirik uzten. Eta nomada nintzenean garrantzitsuena hurrengo minutua zen, ni eta inguruan nituenak bizirik jarraitzea.

Nola sortu zen emakumea izateko azken erabakia?

Ikaragarrizko indarrarekin, kaxa baten barruan sartuta dagoen malgukia bezala, kaxa zabaldu eta bat-batean jauzi eginez irteten den horietarikoa. Transexualitate Unitateko lehenetariko bezeroa izan nintzen. Eta dena kasualitatez izan zen. Tiroide arazo bat izan nuen, eta nire medikuak endokrinologoarengana joateko gomendatu zidan, eta bide batez, nire sexualitateaz nituen kezken berri emateko probestu nezala. Nik probidentzian sinesten dut, goiko indar batzuek bidean lagundu nautela. Tiroide arazoa azaldu behar, egoera horri aurre egin niezaion. Osterantzean, oinean mina hartu izan banu podologoarengana joko nuen… Prozesuari 2011n ekin nion, 2013an izena aldatu ahal izan nuen eta ofizialki emakume bezala agertu, eta horrela urratsak ematen jarraitu nuen.

Goizean esnatu eta ispiluaren aurrean emakume bat ikusten duzularik, zer sentitzen duzu?

Poza ematen dit, eta aurrera egiteko jarrera hobea. Nahiko pertsona alaia izan naiz beti, baina bazen zerbait nire barruan gezurrezkoa zena, eta banekien. Orain hori ez dago. Osoagoa naiz. Ispiluari begiratu eta nire buruari esaten diot: “Emakume izatea lortu dut!”. Zuk zer zaren jakin dezakezu, baina munduak zaren bezala onartzen ez bazaitu, ezin zara ongi bizi.

Apaiz izatea aukeratu zuen pertsona hartatik zer gelditu da?

Ez naiz gehiegi aldatu, eta nire ideiak ere ez. Espiritualitatea bizi dut, Eliza katolikoak gogaitu banau ere. Sinestuna naiz, baina ez praktikantea. Jaungoikoarekin dudan harremana axola zait, eta ez Elizarekin izan dezakedana.

Aita santuak zer pentsatuko du zutaz?

Berarekin hitz egitera joatea bururatu zait inoiz. Alabaina, pertsonak ataka konplikatuetan jartzea ez dut gogoko. Eta ez diot konplikatuegia duen aitasantutza gehiago zaildu nahi. Aukera izango banu honakoa esango nioke: Elizarentzat apaiza izaten jarraitzen dut, oraino ez didate dispentsarik eman. Gainera, emakumea naiz eta, are okerrago, nire bikotekidea ere emakumea da, lesbiana naiz beraz. Ea zein irtenbide ematen diogun honi!

Nola uste duzu hartuko zintuzketela Chiapasko chol indigenen komunitateetan?

Ez dut uste arazorik izango nukeenik. Ibili nintzen komunitateetan ‘homosexualak’ esaten zieten pertsonak bazeuden, edo ‘diferenteak’, baina ez zituzten mespretxatzen. Han, kasu, nesken taldetan ibiltzen zen gazte bat ezagutu nuen, eta han sexuen arteko banaketa oso nabarmena da eguneroko jardueretan. Bada, gazte hura emakumeekin hobe sentitzen zen, eta komunitateko zereginetan hobeki hartzen zuen parte. Onartzen zuten, ez zegoen inolako arazorik. Komunitateetara itzultzen banaiz, hasieran pixka bat kostatuko zaiela pentsatzen dut, baina onartuko naute. Ez dakit ‘ladinoekin’, indigenak ez direnekin, berdin gertatuko litzatekeen.

Azken nomada

Sabanillako (Chiapas, Mexiko) parrokian apaiz lanetan zebilen, chol indigenen lurraldean, ejertzitoak eta poliziak beste bi apaiz atzerritarrekin batera atxilotu eta Mexikotik kanporatu zutenean, afera politikoetan esku hartzea egotzita. Urte eta erdi lehenago, 1994ko urtarrilaren batean, komunikabideek Guatemalarekin muga egiten duen Mexikoko lurralde pobre horri erreparatu zioten, Ejertzito Zapatista hemen altxatua baitzen, Marcos komandante-ordea ikur ezagunena izan zuelarik.

Nafarroan berriz finkatu zelarik, Honduras eta El Salvadorren ere ibilitako apaiz nomada honen bizimodua egonkortuz joan zen, eta Elizarekin lotzen zuen soka hautsi, harik eta “ikaragarrizko indar batekin” bizitzan edukitako kontraesanik handienak eztanda egin zion arte: emakume zen gizonaren gorputzean. Orain, Nafarroako Transexualitatearen Legeari esker, burua eta gorputza uztartzea lortu du eta Lizarrako Café con letras kulturgune eta kafetegiaren kudeatzailea da. Alizia Izal du izena eta, goizero, ispilura begiratu eta zera esaten dio bere buruari: emakume izatea lortu dut!

Transfobia eta homofobia: hezitzaileon eginkizunaz

Demagun gure umea ez dela janzten bere generoarengatik askok espero duten bezala, demagun bere zaletasunak ere ez direla espero direnak, edo bere generoko norbaitek erakarria sentitzen dela… eta demagun hori guztia agerian dagoela, ez duela soilik bere logelako intimitatean adierazten (ume batzuei irakatsi baitiegu haien logelan edo etxean daukaten askatasuna kalean ez erakusten, zuhurtziaren izenean). Eta umea eskolara bidali behar dugula. Sentituko gara untxi bat txakalez betetako oihanera bidaliko bagenu bezala?

(Edo demagun gure alaba potoloa dela eta irakasleak jarritako heziketa fisikoko ariketak ez direla bere gorputzera egokitzen, edo hilekoa besteei baino lehenago etorri zaiola, edo gure ume betaurreko lodiak jarri dizkioten lehenengoa dela bere gelan, edo altuagoa edo baxuagoa dela bere adineko gehienekin konparatuta, edo sudur edo belarri handiak dituela, edo irakurketan edo matematikan beste batzuk baino mantsoago dabilela, edo, berriz, oso azkar…).

Oso zaila da gure umea horietako bat edo bat ez izatea, ezta? Untxiak oihanean dira gure umeak; baina txakalak ere bai. Eta ez gutxitan biak aldi berean, ilarako azkenak ez izateko lehia ezkutuan. Ez dago zuri edo beltzik.

Urtea bukatzear zegoela, Alan gazte transexual katalanak bere buruaz beste egin zuen, ikastetxean pairatutako jazarpenak saminduta eta aurrera jarraitu ezinik. Bere heriotzak hamaika sentimendu eta gogoeta sortzen dizkigu.

Aniztasunaren diskurtsoa denon ahotan dago; aniztasun hitza hezitzaileoi ez zaigu mingainetik joaten, hezkuntzaren egungo ikuspegiaren ezinbesteko parte delako. Zorionez, bestalde. Baina zer gertatzen da praktikan, benetako bizitzan?

Estandarra izateko beharra

Gure gizartearen ezaugarri bat horixe da: erdibidea zein den jakiteko sozializatzen gara, ingurune bakoitzeko estandarra zein den kalkulatzeko, batezbestea edo normala detektatzeko. Hortik ateratzen dena bestea kontsideratuko da, arrotza, eta marka negatibo horren arabera tratatua izan daiteke. Nabarmentzeak, estandarretik ateratzeak, zigor soziala ekartzen du. Izan ere,bullying-aren kontra adierazten diren batzuek oraindik ere aldarrikatzen dute besteari errespetua zor zaiola, eta ez dute zalantzan jartzen bestea/desberdina/bitxo arraroa etiketa. Baina, ikusi dugunez, guztiok gara besteak, edo beste modu batean esanda, inor ez litzateke bestea izan beharko. Bakoitza den bezalakoa izateko aukera ematen duten inguruneak eraiki beharko genituzke, ez arrarotxoak ere errespetatzen diren inguruneak.

Estandarra/bestea binomioa gure umeei ezartzen diegun bortizkeria sinbolikoa da. Jaio diren gizartean ikasten dute. Ez da bortizkeria fisikoa, baina bortizkeria da: inplizitua da, eta hezkuntzan inplikatutakook ere egiten dugu, konturatu gabe. Umeen eskura jartzen ditugun produktu kulturalek ere horrela jokatzen dute. Izan ere, hori da hezkuntzan daukagun erronka nagusienetako bat: nola eraiki ingurune benetan inklusiboak, nonestandarrak eta besteak ez dauden, non denak komunitatearen parte diren.

Neska/mutil binarismoa beste bortizkeria sinboliko bat da: jaio baino lehen bizitza desberdin bat diseinatu dugu txikientzat, hankartean daukaten organoaren sailkapenaren arabera (gelaren dekorazioa, arropa, zapatak, belarritakoak, orrazkera, konplementoak, jostailuak, komunikatzeko moduak, espektatibak, rolak…). Eta horrekin lotuta heteroaraua dator. Ume batzuk esleitu zaizkien ezaugarri eta funtzioetara egokitzen dira, goza zitzaketen beste aukerak kimatutakoan; beraz, hezitzaileon esku hartze bitarra ia ez da nabaritzen eta ez da zalantzan jartzen. Beste ume batzuk, baina, ez dira ondo egokitzen, eta besteakbihurtzeko arriskua pairatuko dute. Generoaren poliziak ez dira faltako, bidetik atera dena zakarki seinalatzeko.

Bi alderdi adigarri

Bat. Alan ezagutu duten heldu batzuk lasai egongo dira: «Ni ez naiz homofoboa ez transfoboa, nik ez diet hori transmititu hazten ari naizen umeei, ez daukat erantzukizunik». Nahikoa izango da ez egite hori? Eman diezaiogun buelta ideiari: homofoboa eta transfoboa den gizarte batean, zer egiten dut nik hori iraultzeko, ze lanketa egiten dut umeekin propio jende guztiarekin jarrera positiboak izan ditzaten? Eta ez naiz ari umeei diskurtso hanpatuak botatzeaz. Adibide grafiko bat jarriko dut. Posible da umeak eskolan hamar urte pasatzea eta ipuin bakar bat ez topatzea non genero bereko bikote bat agertzen den. Harrigarria, ezta? Bada, ez; esango nuke hori dela ume gehienen esperientzia gure gizartean.

Umeak ez du ipuin homofoborik irakurri, ados, baina homofobiak zipriztindutako gizarte batean hori ez da nahikoa jarrera homofoboak ez garatzeko. Familian antzera gertatzen bada, eta ikusten uzten diogun marrazki bizidunetan eta filmetan ere bai, nora zuzentzen ari gara umea hezitzaileok?

Bi. Gure txikien ongizateak kezka handia sortzen digu. Egia izango da zailago egiten zaigula haiek beste ume batzuk gaizki tratatu ahal dituztela imajinatzea? Egia izango da agian hori ez zaigula horren kezkagarria iruditzen? Denbora gehiago inbertitzen dugula alabari azaltzen zein arriskutsua den gauez bakarrik kaletik ibiltzea eta zein neurri har ditzakeen, semearekin neskak molestatzea eta gaizki tratatzea ez dela onargarria lantzen baino? Ahalegin gehiago egiten dugula semeak goiza zer moduz pasatu duen galdetzen eskolara azazkalak margotuta joan ondoren, alabak bere ikasgelan dagoen neska marjinatu batekin zein harreman daukan ikertzen baino?

Azkeneko galderak: nolakoa da gure eskola, leku segurua ume guztientzat, berdin haien ezaugarriak zeintzuk diren? Gure familia ere leku segurua ote da? Eta galdera nagusiena, noski: zer egiten ari gara gu ingurune seguru horiek eraikitzeko?

Gaur arratsaldean Donostian adingabe transexualei babesa erakutsiko diete

DONOSTIA. Chrysallis Euskal Herria elkarteak deituta elkarretaratze bat egingo da gaur arratsaldean Donostian, Alderdi Ederren, udaletxe parean. Elkarteak adingabe transexualen familiak batzen ditu, eta batuko dira Bartzelonan 17 urteko transexual bat —eskola jazarpenaren biktima— bere buruaz beste eginda hil dela salatzeko. Eraso klase guztiak gaitzetsi, eta sostengua erakutsi nahi diete haurrei. 17:00etan da.

Chrysallis Euskal Herriak elkarretaratze isilera deitzen du, bihar abenduaren 27an, Donostiako Alderdi Ederren 17:00etan, Alanen heriotza dela etako dolumina erakusteko

Alan, 17 urteko Bartzelonako nerabe transexualak, bere burua beste egin zuen iragan den ostegunean, eskolan jasandako erasoengatik

Homenaje de las familias de Chrysallis al joven Alan

Chrysallisek Alani

 

chrysallis alan elkarretaratzea

chrysallis-alan-concentraciones

Chrysallisen oharra: Alan nos ha dejado

ni ere alan naiz

alan

 

alan donostia 1 alan donostia 2alan donostia 3 alan concentra alan-burgos alan-madrid alan barna

BARCELONA 27 12 2015 Sociedad Concentracion por el suicidio de un transexual de 17 anos por acoso escolar FOTO de RICARD CUGAT

MEDIOETAKO BERRIA:

Transexualek dokumentazioa edukiko dute erregistroan aldaketa egin aurretik

BILBO. Hormonak hartzen hasten direnetik erregistroan dokumentuak aldatu arte, ia bi urteko tartea pasatu behar izaten dute transexualek. Bitarte horretarako, behin-behineko dokumentazioa emango die Jaurlaritzak. Hartara, ez dute esplikazioak ematen aritu beharko beren nortasun agiriagatik. «Pauso handitzat» jo dute erabakia.

Euskadiko transexualek beraien sexu-identitateari dagokion NANa izango dute

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenaren arabera, Euskadiko transexualek, prozesua hasten duten une beretik, beraien sexu-identitatearekin bat datorren dokumentiazio administratiboa erabili ahal izango dute

Sarai Montes, José Luis Madrazo y Ares Piñeiro, durante la rueda de prensa de ayer en Bilbao

Sarai Montes, José Luis Madrazo y Ares Piñeiro, durante la rueda de prensa de ayer en Bilbao

BERRIA MEDIOETAN:

 

 

Transexualitatea haurtzaroan

Ikoitzen arkatza

Aingeru Mayor sexologoa eta ‘Euskal Herriko Chrysallis‘ elkarteko presidentea da.Gorlizeko Guraso Elkarteak transexualitateaz eta haurtzaroaz antolatutako konferentzian hartu du parte Mayorrek eta bere hitzaldia jaso du Plentzia Telebistak (gaztelanieraz).

Ez mutil ez neska sentitzen direnen aldarria, generorik gabe bizitzea

Hirugarren generoa aintzat hartzeko eskatu dio Obamari Sasha Fleischman-ek.

Hirugarren generoa aintzat hartzeko eskatu dio Obamari Sasha Fleischman-ek.

Sasha Fleischman nerabea lo geratu zen eskolara zihoan autobusean, eta bi gaztek su eman zioten. Arrazoia: gona eta gizonentzako alkandora eramatea soinean. Pertsona neutroa sentitzen dela adierazteko janzten da horrela Fleischmann, ez emakume eta ez gizon. Gertaeraren bigarren urteurrena izan da azaroaren 4a.

San Frantziskon gertatu zen, AEBetan, eta bigarren eta hirugarren mailako erredurak jasan arren, hiru aste eta erdiz ebakuntza ugari egin ostean onik atera zen Fleischman. Berriak hautsak harrotu zituen, ikasle eta irakasleak gona jantzita joan ziren bere ikastetxera, babesa erakusteko, eta sexu maskulinoarekin nahiz femeninoarekin bat egiten ez dutenen mugimenduaz argazki-erreportajea kaleratu zuten San Frantziskoko aldizkari batean: The Shadow Sex.

Sexuak ez dezala gure nortasuna definitu

Sexuak eta generoak baldintzatuko ez dituen jantziak, pentsamoldeak, enpleguak, sexu-harremanak… aldarrikatzen dituzte mugimenduko kideek, generoak markaturiko kortse sozial eta espektatibetatik aske bizitzea, mundua ez dadila “mutilentzat” eta “neskentzat” aukera bitarrean banandu, sexua ez dadila izan norbere burua eta nortasuna definitzeko arrazoia.

Auzitan jarri nahi dute gure gizartean zer esan nahi duen gizon edo emakume izateak. Hirugarren genero bat (genero neutroa) aintzat hartzeko ere eskatu zion Sasha Fleischmanek Barack Obama AEBetako presidenteari. Eskaerak 27.000 sinaduraren babesa lortu zuen.

Osakidetzak jakinarazi duenez, azken bi urteetan 39 euskaldunek sexua aldatzeko ebakuntza egin dute

Gaur El correo egunkariak argitaratzen duen elkarrizketan, Errespetuz-eko kideek, Ares eta Sarai, azaltzen dute beraien sexua aldatzeko prozesua eta gaur egungo transexualitatearen egoera EAEn

Read more

EMAKUMEEK ERE BADUTE ZAKILA

Nafarroako Hitza

2015-10-23. Uharte. Ume transexualak. 23-10-2015Huarte. Niños transexuales. Ume transexualak Luis, Aita) Mertxe (Ama) eta Mikelekin elkarrizketa. Argazkian ahizpa gazteena Jone.

Edurne Elizondo / Uharte

Jone Grandek 9 urte ditu, eta esaldi bakar baten bidez azaldu du transexualitatea zer den: “Zakila duen ahizpa bat dut”. Mikele Grande genital maskulinoekin jaio zen, duela hamabost urte. Zakila duen emakumea da, eta halaxe aldarrikatu du, haurra zenetik. Familiaren babesa jaso du; lagunena eta eskolako kideena ere bai. Zorionekotzat jo du bere burua, jakin badakielako adingabe transexual anitzen prozesua anitzez ere mingarriagoa dela; oraindik ere, bazterketari aurre egin behar diotela. Erakunde publikoak ere oztopo bilakatzen dira, transexualitatea patologia bilakatzen dutenean. Karrikara atera ziren iruindarrak, larunbatean, patologizazio horren aurkako aldarria lau haizeetara zabaltzera.

Lugatibe Iruñeko Transmarikabibollera eta Queer Gazte Asanbladak antolatu zuen larunbateko protesta. Jardunaldiak egin dituzte azken asteotan, gainera, transexualitateari buruz. Chrysallis adingabe transexualak dituzten familien elkarteko kideak aritu ziren, bertzeak bertze. Horko kide da Mikele Granderen familia. “Zoragarria izan da gure bide bera egin duten bertze hainbat pertsonarekin bat egitea”, azaldu du Mikeleren aita Luis Grandek.

Bide horren azken urratsetan ezagutu zuten Luis Grandek eta Mikeleren ama Mertxe Olorizek elkartea. Alaba transexuala zutela konturatu zirenean “bakarrik” sentitu zirela nabarmendu dute. “Ez genekien zer egin, edo nora jo”, gogoratu du aitak. Elkartean “lan ona” egin dutela baieztatu ahal izan dute, hala ere. Babesa eman diote alabari; eta lagundu egin dute emakume dela azaleratzeko egin dituen urrats guztietan.

Bide hori aspaldi hasi zuen 15 urteko gazteak, haren amak azaldu duenez: “Ustez neskenak diren jostailuak eskatzen zizkigun, haur bat bertzerik ez zenean; panpinekin aritzen zen, eta ileorde luzeak jartzen zituen; sekulako negarrak botatzen zituen ilea mozten genionean. 3-4 urterekin printzesen soinekoak janztea maite zuen”. “Emakumeen inguruko estereotipo guztiak baliatzen zituen, nolabait, bera ere emakume dela erakusteko; bere burua aldarrikatzeko”, erantsi du Mikele Granderen aitak.

Errege magoei eskatu zien soineko bat du buruan gazteak, zehazki; Uharteko erraldoien konpartsako erreginarena, alegia. Izeba batek egin zion, eta erabat txiki gelditu zitzaion arte jantzi zuen. “Dena esajeratzen nuen, nolabait erranda. Orain kontent nago; eta lasaiago”. Kontent eta lasai dago aldarrikatzeko behar hori baretu egin zaiolako. Emakumea da, eta emakumetzat dute.

Etxean beti sentitu du bere sexu identitateaz hitz egiteko askatasuna. Konfiantza eman diote gurasoek. Horixe nabarmendu du. “10-11 urte bete zituen arte, homosexuala izanen zela pentsatzen genuen. Gure ezjakintasunarengatik. Ez baita gauza bera, inondik inora, sexu identitatea eta sexu joera”, erran du amak.

Alabak 10 urte inguru zituenean argi ikusi zuten horixe, semetzat zutena alaba zela. “Argi utzi zigun kontua ez zela neska izan nahi zuela, neska bazela baizik”, gogoratu du amak. “Nik lasaitua hartu nuen, orduan semetzat nuenari gertatzen zitzaionari izena jarri niolako, azkenean”. Olorizek erran du aitarentzat zailagoa izan zela egoerari aurre egitea. Eta aitak aitortu du halaxe izan zela: “Transexualitatea gauza txarrekin lotzen nuen; orduan ez genuen elkartearen babesa. Pertsona transexualak baztertzen dituztela ikusten nuen, eta adingabeen kasuan egoera are okerragoa izanen zela pentsatzen nuen”.

Alabak bezala, prozesu bat egin dute gurasoek ere, eta hasierako kezkei eta beldurrei buelta ematen asmatu du Luis Grandek. Alabaren askatasuna bertze edozer gauzaren gainetik defendatzen du. “Alaba zoriontsu izatea bertzerik ez dut nahi, edozein gurasok bezala”, laburbildu du.

Eskolatik institutura

“Nik inoiz ez dut sentitu hitz egiteko beldurra; ez dut sentitu bakarrik nintzela, edo isildu beharra nuela”. Familiaren babesa izan duela nabarmendu du Mikele Grandek. Gurasoena, bai eta gainerako senideena ere. Argi utzi du eskolan ere nor den azaltzeko askatasuna sentitu duela.

“Irakasleekin eta eskolako zuzendariarekin hitz egitera joan, eta jarrera ezin hobea erakutsi ziguten”, azaldu dute Granderen gurasoek. Uharteko ikastetxean aritu zen Lehen Hezkuntza amaitu arte; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari da orain, Atarrabiako institutuan. “Ez dut inolako arazorik izan. Eskolakide berrien babesa ere jaso dut”. Mikele Grandek gogoratu du institutuan hasi zenean inor sartu aurretik joaten zela nesken aldagelara. “Azkar aldatzen nuen arropa, ahalik eta azkarren ateratzeko; pentsatzen nuen bertze neskek ez zutela nahiko ni han egotea. Baina alderantziz gertatu zen. Han egon behar nuela erran zidaten”.

Horixe berretsi du amak, lagunen babesa hagitz garrantzitsua izan dela. “Haurrak zirenetik ezagutzen dute elkar lagun taldean direnek, eta urrats guztiak batera egin dituzte. Naturaltasun osoz bizi izan dute prozesua”.

Xehetasunek izan dezaketen garrantzia nabarmendu du amak. Eta bat egin du harekin alabak. “Osasun etxera joaten naizenean, adibidez, niretzat zoragarria da bozgorailuetatik deitzen nautenean Mikele erraten didatela entzutea”.

Bere nortasun agirian izena aldatu zioten; sexua, ordea, ez. “18 urte izan arte ezin da aldaketa hori egin; sexua aldatzeko momentuan, gainera, gutxienez bi urtez tratamendua jaso duela erakutsi behar du aldaketa egin nahi duen pertsonak”, azaldu du aitak. “Lehen, ebakuntza egin arte ez zuten sexua aldatzen nortasun agirian; aurrera egin dugu, baina ez da nahikoa”, salatu du. Halako neurriek transexualitatearen patologizazioa nabarmentzen dutela argi utzi du Luis Grandek. Eta horren kontra lan egiteko beharra nabarmendu du.

Hori dela eta, ontzat jo du ildo horretan Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpena. Parlamentuak despatologizazioaren alde egin du, hain zuzen ere, eta konpromisoa hartu du beharrezko lege aldaketak egiteko, transexualitatearen despatologizazio hori egia bilakatzeko. Nafarroa transfobiarik gabeko herrialdetzat jo du parlamentuak, gainera. Adierazpen horren alde egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak. UPN eta PPN, berriz, abstenitu egin dira. “Alderdi batek zergatik ez du halako adierazpen baten alde egiten?”, galdetu du Mikele Grandek.

Halako adierazpenek konpromisoak hartzera bultzatzen dituzte erakundeak, Luis Granderen hitzetan. “Eta konpromiso bat hartzen badute, bete dezatela exijitzen ahal diegu”. Aitak onartu du Mikeleren kasuan pertsona anitzek eman diotela babesa gazteari, haien borondatez. “Hori ongi dago, eta eskertzen dugu, baina ez dugu ahaztu behar pertsona transexualek eskubideak badituztela, eta horiek bete egin behar dira. Izena aldatzeko aukera ezin da epaile baten borondatearen menpe egon, adibidez”.

Hormonak

“Pentsatzen dut egunen batean genitalen ebakuntza eginen dudala. Baina oraingoz ez dut horrelakorik buruan. Hagitz ongi nago, eta kontent”. Mikele Grandek argi du ez duela ebakuntzarik egin behar emakume izateko, baina ez du aukera hori baztertu. Ez da orain hartu beharreko erabakia, haren ustez. “Norberak hartu beharreko erabaki bat da”, erantsi du haren aitak. “Ebakuntza egin edo ez, horrek ez du markatuko Mikele nor den. Zakila duten emakumeak badira, eta bulba duten gizonak ere bai”.

Mikele Grandek hormona tratamendua hasi zuen duela bi urte. “Horretan ere zortea izan genuen, adingabe transexual guztiei ez baitiete onartzen”, azaldu du haren aitak. Lehen etapan, blokeatzaileak hartu zituen. Horien helburua da garatu nahi ez diren ezaugarriak blokeatzea, hain zuzen ere. “Tratamendu hori nerabezaroaren hasieran hartzea garrantzitsua da”, azaldu du aitak. “Bigarren etapan, hormona tratamendu gurutzatua egiten da, garatu nahi diren ezaugarriak bultzatzeko, hain zuzen ere”.

Prozesu horretan aurrera jarraitzen du Mikele Grandek. Ez da bakarrik. Ikasi du, hala ere, bertze gazte transexual anitzek berak baino anitzez ere oztopo gehiago aurkitzen dutela bidean. Gurasoek ere argi dute hori. “Gurasoen babesa ere falta zaie adingabe anitzi; bere buruaz bertze egiten duenik ere bada. Hori hagitz gogorra da. Babesa eman behar diegu, eta lagundu”, erran du Mertxe Olorizek.

Adingabeen transexualitatea “ikusezina” dela erantsi du Luis Grandek. Eta horri aurre egin behar zaiola. “Naturaltasunez onartu beharko genuke”. Errealitatea aniztuna dela gaineratu du Olorizek, eta argi du aniztasun hori hagitz aberatsa dela. “Alaba transexuala izateak hobeak egin gaitu; aniztasuna onartzeko prestuago gara, esparru guztietan”. Mikele Grandek ere argi du: “Harro nago neure buruaz”.