Transexualitateari arreta «integrala» emateko gida bat aurkeztu dute

Arantza Aurrekoetxea, Guillermo Viñegra eta Lide Amilibia, atzo, gidaren aurkezpenean

Arantza Aurrekoetxea, Guillermo Viñegra eta Lide Amilibia, atzo, gidaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Transexualitatea despatologizatzeko lehentasuna jarri du Eusko Jaurlaritzak, baina proba batzuk mantenduko ditu. Hezkuntzan, osasunean eta eremu sozialean baliatzeko aholkuak bildu dituzte

«Transexualitatea ez da desoreka bat, ez buruko gaixotasun bat, ezta soziopatia bat ere; aniztasun gertaera bat da». Hala jaso du Eusko Jaurlaritzak transexualitate egoeran dauden pertsonei arreta emateko gidako sarreran. Arreta hori modu «integralean» emateko irizpideak zehaztu dituzte bertan. Hezkuntza, eremu soziala eta osasun arreta hartzen ditu aintzat, eta hainbat jardunbide aholkatzen ditu transexualitatea ez patologizatzeko edo estigmatizatzeko.

Eusko Legebiltzarrak 2012an onartu zuen transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari buruzko legea. Bertan, osasun arretarako gida bat aurreikusi zuen, baina Eusko Jaurlaritzak beste esparru batzuetara ere zabaldu du. Hori dela eta, hiru sailetako ordezkariak egon ziren gidaren aurkezpenean atzo: Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea, Lide Amilibia Gizarte Politiketarako sailburuordea eta Guillermo Viñegra Osasun sailburuordea.

Osasun eremuari dagokionez, Viñegrak nabarmendu du transexualitatea «despatologizatzeko» lehentasuna: hau da, ez dadila tratatu gaixotasun moduan. Edonola ere, «eskubide oinarrizkoenak» baliatu ahal izateko behar dituzten osasun zerbitzuen beharra aitortzen du. Edonola ere, osasun zerbitzu horiek jaso ahal izateko, transexualitate egoera egiaztatzeko probak aurreikusi ditu Osasun Sailak.

Tratamenduak Gurutzetako erietxean bilduko dira (Barakaldo, Bizkaia), Genero Nortasunaren Nahasteetako Unitatean. Transexualitate egoeran dauden pertsonak hara bideratzeko aholkuak jasotzen ditu gidak, dela osasun arloaren eremuan, dela hezkuntzan. Halaber, unitatean abiarazi beharreko pausoak ere jasotzen ditu: lehen mailako arreta, harrera egiteko prozedurak, kasuak identifikatzea…

Irakasle prestakuntzarik ez

Hezkuntzan, «eskola inklusiboaren» ikuspuntutik heltzen dio gaiari gidak. Lan horretan ikastetxeen, familien eta komunitateko beste eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza nabarmendu du Aurrekoetxeak: egoerak antzemateko komunikazioa, erabakiak hartzea, ikastetxeko antolaketa neurriak, diskriminazioa saihesteko prozedurak… Elkarteek, baina, irakasleei prestakuntza falta zaiela jakinarazi dute.

Gizarte Politiketako Sailak Berdindu zerbitzu publikoaren balioa nabarmendu du. Edonola ere, hor ere kritika egin dute elkarteek: administrazioan ez dago zerbitzurik transexualitate egoeran daudenen familiei arreta emateko. Gaur egun hirugarren sektorea arduratzen da informazio hori emateaz, baina egiteko hori administrazioari dagokiola uste dute eragileek.

Transexualen Arretarako Batzordea sortu da

IRUÑEA. Transexualen Arretarako Batzordea sortu du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren baitan. Diskriminazioari aurre egitea izango da batzorde horren egiteko nagusia. Besteak beste, gizartean transexualitatea ikusgarri egiteko proiektuak sustatuko ditu. Gainera, Nafarroako Gobernuko sail guztiei eragingo dien plana ere osatu beharko du.

Katalina Erauso pastorala: libre izateko borrokatu zen emakumearen bizitza

Ekainaren 5ean, Baionan estreinatuko dute. Maite Iturbidek idatzi du Donostiako emakume-gizonaren abenturez osatutako pastorala.

Baionan eta Donostian aurkeztuko dute Katalina Erauso pastorala.

Baionan eta Donostian aurkeztuko dute Katalina Erauso pastorala.

Lehenengo aldia da emakume baten inguruko pastorala emakume batek idatzia dela eta hainbat emakumek zuzentzen dutela. Maite Iturbidek idatzitako lana Pantxika Urrutik eta Maitena Lapeyrek zuzendu dute.150 pertsonako lantaldea aritu da pastorala prestatzen. 80 arizale dira, musikariak, Azkoitiko eta Azpeitiko Sahatsa dantza taldekoak, eta jostunak.

Iturbide zuzendariak Katalina Erausoren berri 2005ean izan zuen eta han eta hemen pastorala idatziko zuen norbaiten bila ibili zen, helburua lortu ez bazuen ere. Azkenean, berak idaztea erabaki zuen. Donostiako pertsonaiak pastoralerako osagai guztiak zituela pentsatu zuen.

Info 7 irratiak elkarrizketa egin dio Iturbideri eta hango pasarte batzuk idatzira ekarri ditugu, pastoralaz eta Katalina Erausoz zehaztasun gehiago emate aldera.

Pastoral femeninotzat hartu dute askok, subjektua, idazlea eta errejentak emakumezkoak dira.

Bai, zergatik ez? Katalina Erauso ezagutu nuelarik, harriturik nintzen lehenik, eta ikusi nuen bazituela gai guztiak pastoral batentzat: emaztea, euskalduna, borroka anitz, armada, eliza, eta tragikomedia anitz ere bai. Ni ez nintzen pastoral idazle sentitzen, ate joka ibili nintzen, baietz… ezetz…, emazte baten gainean ez zuela gizon batek idazten ahal. Gogorrena lehen bertsoak idaztea izan zen, baina ikusi nuen gai nintzela, eta horrela segitu dut, baina aitzinaz izan da desafio bat niretzat.

2005ean ezagutu zenuen liburua, munduan eta nazioartean ezaguna zen emakume hori, baina hemen inork gutxik ezagutzen du.

Historia gordea da, erran nezake gure historia beltza dela, Katalina gure ardi beltza da.

Donostiarra, armadore familiakoa, laugarren alaba, hiru ahizpekin ezarri zuten dominikanoen komentuan, gaur egun Miramar Jauregia den horretan. Hamabost urtetan botoak eman aitzin, serorarengandik kolpe txar bat hartu zuen, ez onartu, oldartu zen, lortu zuen ihes egitea, bere biloak moztu zituen, bere serora arroparekin gizon arropa jantzi zuen. Horrela egonen da 24 urtez, harrapatu arte. Erregearen zaintzaile izan zen, Pasaiara joan zen eta itsasontzia hartu zuen joateko mundu berrira. Panamatik Txileraino korritu zuen Hego Amerika guztia. Pirata eta saltzaile izan zen, eta bere anaia aurkitu zuenean sartu zen armadan.

Pastoralean bizitzako zein pasarte azaltzen dira?

Pastoralean ez dugu dena kontatuko zeren 18 aldiz lortu zuen ihes egitea eta anitzetan nahi izan zuten ezkondu, militar eta saltzaile ona zen. Komentuan ikasia zen irakurtzen eta kontuak egiten eta anitz estimatua zen bere nagusiengandik. Ezinezko amodioa kontatu dugu. Holandesekin pirata nola izan zen kontatu dugu. Katalinari pena handia ekartzen dion gauza da nahigabe bere anaia hiltzen duela, gauez izan zen, ez zuen parte hartu nahi borroka horretan, baina hala gertatu zen eta bere anaia hil zuen. Utzi zuen armada, ihesi, beti ihesi, eta joan zen Andeetara. Basamortuan mila kilometro baino gehiago egin zituen, bere lagun guztiak hil ziren hotzarekin eta berak kausitzen du pasatzea eta norbaitek babesten du. Aipatzen dugu nola itzultzen den Erregearengana, 1625ean. Erromara joaten da eta aita santuak baimena ematen dio gizonez bizitzeko.

Emazteekin zuen harremanaz teoria bat baino gehiago dago. Ipar Amerikako lesbianek ikono gisa hartzen dute.

Ez gara sartu horretan, ez dakigulako zuzen. Niretzat komedia bazen, behar zuen bere burua salbatu. Ez gara urrunago joan gure historian.

Irailaren 4an Donostian eskainiko dute Iturbidek idatzitako Katalina Erauso pastorala.

%89

SEXUA ALDATZEKO EBAKUNTZEN ALDE DAUDEN GAZTEAK

Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Egunaren harira, Gazteriaren Euskal Behatokiak 2016ko Gazteriaren Txosteneko datu batzuk eman ditu: gazteen %89 sexu aldaketarako ebakuntzen alde daude; %83 ziren 2008an. Sexu bereko ezkontzen alde %91 daude.

Chrysallis elkarteak transexualitatea lantzeko material didaktikoa prestatu du

Haur transexualen gurasoek osatzen dute Chrysallis elkartea. Ikastetxeetan transexualitatea lantzeko proposamena da euren ekimenaren funtsa.

Transexualitatea lantzeko lehen material didaktikoa argitaratu du Chrysallis elkarteak. Haur transexualen gurasoek osatzen dute elkartea eta ikastetxeetan gaia lantzeko proposamena da euren ekimenaren xedea. Zakila duen neska, edo alua duen mutila. Baieztapen horiek lantzeko aukera mahai gainean jartzea da euren nahia, transexualitatea eskolan lantzeko modua.

Sei fitxa dira guztira. Haurrei hausnarketa egiteko baliatu nahi dituzte. Aingeru Mayor sexologo eta Mattin Martiarena ilustratzaileak diseinatu eta prestatu ditu material didaktikorako fitxa horiek.

Albiste hau Euskalerria Irratian argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

Izaro, emakumeen areto-futbol taldean jokatzen lehenengo transexuala

Leioa Maia areto-futboleko jokalaria da Izaro Antxia. Igandean bere lehenengo partidua jokatu zuen San Inazion bere taldeko beste emakumeekin batera. Espainian federatutako partidu ofizial bat jokatzen duen lehenengo pertsona transexuala da.

Izaro Antxiak bere antzeko egoeran daudenak animatu nahi ditu aurrera egin eta saiatzera

Izaro Antxiak bere antzeko egoeran daudenak animatu nahi ditu aurrera egin eta saiatzera (argazkia: Uriola.eus).

Zelaira irten baino apur bat arinago, San Inazioko kiroldegian zegoela, “urduritasuna” adierazi zuen elkarrizketatzera joan ziren kameren aurrean, nahiz eta partiduan bertan “erlaxatuago” sentitu.

Izaro, izatez Gorka izenarekin jaio zen. Igandean lehenengo partidu ofiziala jokatu ahal izan zuen pare bat aste aurretik jasotako NAN berriari eta bere taldearen laguntzaz aldatutako identitate femeninodun fitxari esker. Badira bi urte prozesu “luze eta gogorrarekin” hasi zela. Oraindik ez du guztiz bukatu emakume izateko prozesua. Aurrera jarraitzeko prest agertu da Izaro.

Informatikoa lanbidez eta Bizkaiko Portugaleteko herritarra, haren familiaren laguntza beti jaso izan duela adierazi du, baita futbol taldeko kideena ere. Bere antzeko egoeran bizi denari esan nahi dio “aurrera egin behar dela, saiatu behar dela. Zerbaiten zain geratzen baldin bazara ezer egin gabe, ez da betetzen”.

Albiste hau Uriola.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

Izaro Antxia, areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen lehen jokalari transexuala

Izaro Antxia, Portugaleteko (Bizkaia) kirolaria, izango da areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen Espainiako Estatuko lehenbiziko jokalari transexuala –igande honetan–. Leioa Maia taldean aritzen da, emakumezko Lurralde Mailan.

Kirolean nahi duen lekuan aritzeko ametsa beteko du Antxiak

Kirolean nahi duen lekuan aritzeko ametsa beteko du Antxiak. (Juan Echevarría / Marca)

“Triste samarra da 2016an hau albiste izatea, bide luzea dago egiteke”, adierazi du Antxiak M80 irratiak egindako elkarrizketan. Pasa den denboraldira arte, mutilen talde batean jokatzen zuen, “beste aukerarik ez” zuelako. Pasa den martxoaren 30ean eskuratu zuen NAN berria. “Azkenean nire ametsa bete ahal izango dut: kirolean nahi dudan lekuan aritzea”.

20minutos agerkariak egindako beste elkarrizketa batean, Antxiak onartu du sekula ez duela aurkako jarrerarik sufritu, ez kirolean, ezta egunerokoan ere. Dena den, uste du gizartea ez dagoela prest pertsona transexual bat futbolean jokatzen ikusteko. “Futbolean, kanpoan den jendeak, afizioak, edozein arma baliatzen du eraso egiteko, eta badira erabiltzeko oso errazak diren armak. Ezin da orokortu, baina batzuetan entzuten duzuna entzuten duzu, min egiten dizuten irainak. Ni prest nago. Badakit zer gerta daitekeen. Baina gauza bera gerta dakizuke beste arrazoi batzuengatik. 100 kilo pisatuko banitu, ziur antzekoa jasango nukeela. Hemen, iraintzen denean inork ez duenez ezer egiten…”

Gaiaz gehiago:

Atleta transexualak Joko Olinpikoetan: Aitzindari izatearen ajeak.

Izaro Antxiari elkarrizketa Info7 irratian.

Amelia Barquin Lopez: “Genero-identitatea askatasunez erabakitzen utzi behar zaie umeei”

Sendi Getxoko familietan euskara sustatzeko proiektuko kideek gonbidatuta, joan den martitzenean, otsailak 23, “Generoa eta hezkuntza” izenburuko berbaldia eskaini zuen Amelia Barquin Lopezek, Algortako Zabala ikastetxean. Aita-amei eta hezitzaileei begirako ekimena izan zen. Barquin gasteiztarra filosofian doktorea da, eta irakaslea, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean.

Amelia Barquin Lopez

Besteak beste, komunikabideek laguntzen dute generoaren gaineko mezu okerrak zabaltzen (argazkia: Hiruka.eus).

Zer da generoa? Zeinek eraikitzen du?

Feminismoak ekarri zuen oso emankorra izan den bereizketa hori; sexu-genero sistema batean bizi garela diote. Ezaugarri biologikoekin lotzen da sexua. Kontuak horrela, jaiotzen garenean medikuak esaten du, gure gorputzaren ezaugarriak ikusita, arrak edo emeak garen; nahiz eta batzuetan horren argi ez dagoen. Generoa da sexu horrekin lotuta dauden funtzioak eta ezaugarriak; ez dira biologikoak, baizik eta gizarteak aspalditik eraiki duen zerbait. Horren arabera, mutilak indartsuak izango dira, eta bizitza publikoa egokituko zaie; nesken lana, ordea, pribatuagoa izango da.

Neskak eta mutilak berdin hezten ditugu gaur egun familian?

Gurasook eta familiok kontzientzia gutxi daukagu gai horren inguruan. Esaterako, ohikoa izaten da ondokoa entzutea aita-amen ahoetan: “nik berdin tratatzen ditut, ez dut ulertzen alaba eta semea zelan atera zaizkidan horren ezberdinak. Mutila futbolzalea da, eta neska, oso pinpirina, baina nik berdin tratatzen ditut”.

Batzuetan, ez gara gai distantzia apurtxo bat hartu eta ikusteko jaio diren momentutik zein desberdin tratatu ditugun. Oraindik neska gutxi ateratzen da ospitaletik jaio berriak direla, belarrietako zulorik gabe; emakumeei jartzen diegun lehenengo marka da, inor ez dadin nahastu. Erosten dizkiegun arropak, gelaren dekorazioa… beste adibide batzuk dira. Horretaz gain, gizarteak ekoizten dituen produktu gehienek transmititzen dute mezu hori: bi genero ezberdin daudela, eta zakila daukanari bat, eta alua daukanari beste bat dagokiola, alegia.

Zelan jokatzen dugu eskolan?

Eskolari egokitu zaio hezkidetzaren enkargua. Nire ustez, aurrerapauso batzuk eman dira: neska eta mutilak elkarrekin daude geletan, hainbat jarduera egiten dituzte batera. Baina badaude erronka batzuk oraindik. Adibidez, esparruen banaketak oso binarista izaten jarraitzen du: patioak futbol-zelaiak izaten dira batzuetan; mutilek erabiltzen dute zati handiena.

Zeintzuk dira gure zalantzak, zailtasunak eta erronkak?

Batez ere, gure umeak bideetatik ateratzen direnean, kezkatzen gara gurasook; espero ez diren gauzak egiten dituztenean: “ni prest nago dena errespetatzeko, baina semeak esaten badit gonarekin joan nahi duela eskolara…”. Kezka sortzen da orduan; batetik, aita edo ama horrek binarismo horretatik ateratzea gaizki ikusten duelako; eta beste batzuetan, beldur garelako bere jokabidearen aurrean zelan erantzungo duten inguruko pertsonek.

Zelako harrera izatea espero duzue?

Lehenik eta behin konturatu beharko ginateke zelako genero-presioa egiten ari garen gure seme-alabengan, ilobengan, ikasleengan… Eskolan zein etxean, askatasunerako zirrikituak be­har dituzte umeek, generoari dagokionez, euren buruak eraiki ahal izateko. Bestalde, hezi behar ditugu haurrak besteak errespeta ditzaten.

[Elkarrizketa hau Kepa Ugarte Martiarenak egin du Uribe Kostako Hiruka.eus webgunerako eta CC-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu ARGIAn]

«Homosexualitatea zurien kontua dela diote»

Afrikako hogei herrialdetan egindako zazpi hilabeteko bidaian, orientazio sexualagatik zigortu dituzten pertsonak ezagutu ditu Serenak; liburu batean kontatu ditu haien istorioak.

Marc Serena

Marc Serenak (Manresa, Herrialde Katalanak, 1983) ez du ulertzen nola zigortu daitekeen maitasuna: «Nola kondenatu daiteke norbait maitasunaren moduko gauza polit batengatik?». 2011. eta 2012. urteetan Afrikako hogei herrialdetan egon zen, eta han bildutako istorioekin ¡Esto no es africano! (Hau ez da afrikarra) liburua idatzi zuen. Bilbon izan da egunotan, Zinebi zinema festibalaren harira. Liburua aurkeztu du, eta baita liburuaren kapitulu batean oinarrituta dagoen dokumentala ere: Tchindas.

¡Esto no es africano! da liburuaren izenburua. Badauka bere esanahia, ezta?

Afrikako kontinentean gehien errepikatzen diren ideietako bati egiten dio erreferentzia, tamalez: izateko eta maitatzeko modu batzuk ez dira afrikartzat jotzen. Esaterako, esaten dute homosexualitatea ez dela Afrikako kontua, ez eta izaera modu batzuk ere. Zurien gauza direla uste dute, eta ez dituzte onartzen. Gezur hori behin eta berriz erabiliz, gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualei jazartzen zaizkie, eta zapaldu egiten dituzte.

Nork ezartzen ditu ideia horiek ?

Homofobia hori atzerriko interesek sustatzen dute. Homofobia, berez, ez da Afrikako arazoa. Amerikako Estatu Batuetako muturreko eskuindarrak euren elizak hedatzen dabiltza Afrikako kontinente osoan. Diru mordoa xahutzen dute euren ideiak inposatzeko. Bestalde, oraindik zenbait herrialdetan jatorri kolonialeko legeak daude indarrean, eta homosexualitatea kartzelarekin edo heriotzarekin zigortzen dute.

Zenbait herrialdetan uste dute homosexualitatea deabruak hartuta daudenen kontua dela.

Jende askok uste du homosexualitatea gaixotasun bat dela, deabrukeria. Mauritania eta Senegalen jendea aztiengana joaten da, sendatzeko asmoz. Halere, islamak eta katolizismo atzerakoiak ordezkatu dituzte Afrikako erlijio tradizionalak. Eta horien jarrera are bortitzagoa da. Errepresio handia dago: eskoletan, elizetan, epaileen artean, komunikabideetan… homofobiaren aurkako biolentzia justifikatu egiten da. Afrikak 54 herrialde ditu, eta horietatik 36tan homosexualitatea txarto ikusita dago, eta zigortu egiten da. Eta beste herrialde batzuetan, legerik egon ez arren, sekulako homofobia dago. Eta fobia hori elikatzeko, gezur mordoa esaten da.

Afrikako leku batzuetan, albinoei ere jazartzen zaizkie.

Albino gay bat ezagutu nuen, eta, hark zioenez, gay izatea txarragoa da albino izatea baino. Albinoa izateagatik Poliziak defenditu egingo zuela zioen, baina, aldiz, homosexuala izateagatik Poliziak atxilotu egingo zuela. Albinoa zarela begien bistakoa da; homosexuala zarela, aldiz, ez. Zure sexualitatea ezkutatuz gero, oharkabean pasa zaitezke.

Halere, hirietatik herrixketara aldea egongo da, ezta?

Bai, baita eremuen arabera ere. Tanzanian, adibidez, talde etniko batzuk daude non emakumeak elkarrekin ezkontzen diren. Are gehiago, emakume bat emakume batekin baino gehiagorekin ezkon daiteke, eta hiltzerakoan batera ehorzten dituzte. Modu tradizionalean egiten dute, betidanik.

Liburua idatzi ostean, Tchindas dokumentala egin duzu, Pablo Garcia Perez de Lararekin batera.

Dokumentala Cabo Verde herrialdeko San Vicente izeneko uharte txiki batean dago filmatua. Tchinda Andrade transexualaren istorioa kontatzen du. Herrialde horretan oso ezaguna eta maitatua da. Ez hori bakarrik, hango gay eta transexualei modu adiskidetsu eta maitakor batean Tchindasdeitzen zaie, haren omenez. Cabo Verdeko egoerak ez du zerikusirik Afrikako beste herrialde guztiekin. Oasi txiki bat da, homosexualitatearen aurrean tolerantzia handia dago.