EHGAMen komunikatua, maiatzaren 17 egunean

 

Ahizpek zaintzen gaituzte, ez poliziak

LGTBIfobiaren aurkako eguneko manifestua

Joan den asteburuan eraso lesbofobo bat izan zen Getxon eta eraso homofobo bat Ortuellan,
hiru eraso LGTBIfobo salatu dira maiatzean Iruñean, eta azken hilabeteotan hainbat eta hainbat
eraso gehiagoren berri izan dugu Euskal Herriko luze-zabalean: Zarautzen, Bilbon, Tolosan,
Gernikan, Soraluzen, Baigorrin… Tantaka-tantaka izaten dugu erasoon berri: irainak, bultzakadak,
sudurra apurtzerainoko kolpeak jasan ditugu azken urtean genero-arauetara ez egokitzeagatik edo
gure desirak adierazteagatik. Ezagutzera eman diren erasoak izan dira horiek, baina badakigu
gehiago izan direla eta berriro gogorarazi behar dugu transmaribibolloon bizitzak ez daudela
gorrototik libre, kaleak eta gauak ez direla seguruak guretzat, zisheterosexismoaren neurrira eginda
daudela gure herri eta hiriak. LGTBIfobiak ez du mugarik ezagutzen, eta batzuetan bere alderik
makurrena eta biolentoena erakusten du. Gogoan izan nahi ditugu duela egun gutxi Argentinan hil
dituzten hiru bollerak. Erasook ikusgarriago egiten duten LGTBIfobia, dena den, bestelako forma
ugaritan ere bizi dugula gogorarazi nahi dugu: osasun etxeetako jarrera lesbofobo eta transfoboetan,
lantokietan, pertsona transen langabezia tasetan…
Gogor salatu behar dugu diskurtso eta jarrera faxista eta LGTBIfoboak irabazten ari diren
lekua eta legitimitatea. Ezin dugu onartu kaleetan, medioetan, sareetan inpunitatez zabaltzen diren
jarrera faxistak normalizatzea, eta haiei aurre egitera dei egiten dugu. Salatu nahi dugu, era berean,
miseriara eta baliabide materialen lehiara kondenatzen gaituen gizarte kapitalistak bidea libre uzten
diola, gero eta gehiago, jarrera faxistak zabaltzeari. Horregatik ere aldarrikatzen dugu sistema
kapitalistak ez digula aukerarik uzten sexu eta genero disidente bezala bizitza askeak izaten.
Aurpegi asko ditu LGTBIfobiak, eta transfobiarena da azken hilabete eta urteotan bere
gordintasunean agertzen ari zaiguna: kalean, hedabideetan, sare sozialetan, eta baita ingurune
militante zenbaitetan ere. Ozen salatu nahi dugu hurbileko espazio militanteetan ere ikusten
ditugula jarrera eta diskurtso transfoboak. Horrekin lotuta, zera gogorarazi behar dugu: gure sexu
askapen borroka feminista da, gure borroka klase-borroka da. Zuena, gorrotoa da, besterik ez. Ez
dugu espazio militanteetan transfobiarik onartuko. Ildo horretan, transfobiaren aurrean posizioa
hartzera gonbidatzen ditugu Euskal Herriko kolektibo politikoak.
Bestalde, salatu nahi dugu instituzioek euren burua zuritzeko erabiltzen dituztela Maiatzaren
17a eta LGTBIfobia, bai eta polizia eta sistema judiziala legitimatzeko ere. Badakigu bollera, trans,
bi, marika eta sexu-disidenteon aurkako erasoak ez dituela presentzia polizialak konponduko, eta ez
dugu onartzen gure borroka erabiltzea polizia eta bere jardun biolento arrazista, klasista eta matxista
legitimatzeko. Gorroto-delituen izenean zigorrak areagotzeak badakigu ez duela LGTBIfobia
amaituko. Gizarte patriarkal eta LGTBIfoboa errotik eraldatzea da behar duguna, ez biktima
babesgabe gisa tratatuko gaituen sistema polizial bat. Horregatik, dei egiten dugu auto-antolaketa
eta autodefentsa transmaribibollo eta transfeministara, geure arteko sareak eta aliantzak indartzera.
Ahizpek zaintzen gaituzte, ez poliziak. Eta borroka antiarrazistan, transfeministan, ekologistan,
euskararen aldeko borrokan, langile borrokan, etxebizitza mugimenduan eta beste hainbatetan
dabiltzanekin sareak eta aliantzak sortzera ere bai.
Horregatik guztiagatik, egunotan, maiatzaren 17aren harira, mugimendu, kolektibo eta
asanblea ugarik herri eta auzo askotan deitutako kontzentrazio, manifestazio eta bestelako
ekimenetara dei egin nahi diogu sexu-disidente orori, baina baita jendarte zabalari ere,
LGTBIfobiarik gabeko jendartea eraikitzea guztioi dagokigu-eta. Era berean, egunotan
Palestinarekiko elkartasunez deitutako manifestazio, kontzentrazio eta ekimenetan parte hartzeko
deia egin nahi dugu, Israelek bere genozidioa zuritzeko LGTBI eskubideen bandera ez dezala
erabili ozen salatzeko, eta sexu- eta genero-disidenteok Palestinaren erresistentziarekin gaudela
ozen aldarrikatzeko.

Hona hemen maiatzaren 17rako deituta dauden mobilizazioetako zenbait.

Bilbo: 18:30ean Arriagan, E28 Koordinadorak deituta
Durango: 19etan Andramarin, Kuir Eztandak deituta
Gasteiz: 18:15ean Andra Mari Zurian, Miaukatuz-ek deituta
Hernani: 19:30etan Plaza Berrian, Buruntzaldeko Transmaribibolloek deituta
Leioa: 19etan Pirulian, UKatu-k deituta
Iruñea: 19etan Ajos Plazan, E28 Plataformak deituta
Oiartzun: 19etan plazan, Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta
Orereta: 19etan Herriko plazan, Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak deituta
Orio: 19etan Herriko plazan, Urola Kostako Transmaribolloek deituta

 

2024ko maiatzaren 17an
Ehgam – Euskal Herriko sexu askapen mugimendua