MIKEL

Argirik distiratsuena, ahotsik ozenena, ukabilik indartsuena, bihotzik beroena, musurik gozoena, eskurik leunena joan egin zaigu. Baina utzi diguna oso sendoa da, eta utzi digun hori da, hain zuzen, gaur hemen gu guztiok bildu gaituena, gure orain arteko bizitzetan eragina izan duena eta gure etorkizuneko bizitzetan ere gidatuko gaituena. Haren falta sumatuko dugu izugarri, baina hemen egongo da betiko gutako  bakoitzarekin.

EHGAMera batu zen ia hasieran, oso gaztea zela, neurri batean Francisen erailketak behartuta edo; baina lehenagotik beste fronte batzuetan ere militatzen zuen. Haren indarrak, konbentzimenduak, dedikazioak, pozak eta maitasunak inspiratu gaitu bera ezagutzeko eta militantzia eta dibertsioa berarekin partekatzeko zortea izan dugun guztiok.

Ordutan hitz egin genezake Mikeli buruz, baina minutu batzuk baino ez ditugunez, Mikelen handitasunaren zati txiki bat islatzen duten bi alderdi nabarmendu nahiko genituzke.

Horietako bat da mundu  justuago baten aldeko borroka guztiak batu eta bakar batean biltzeko gaitasuna. Gaur egun intersekzionalitatea esaten zaion horri buruz eztabaidatzen genuen garai hartan. Orduan, esaten genuen sexu-askapena mundu bidezkoago batean bakarrik gerta zitekeela, non gainerako bidegabekeria guztiak gainditu ahal izango ziren, hala nola arrazismoa, matxismoa, pobrezia, etab.

Baina Mikelek egunero bizitzen zuen hori,  bizitzako egun guztietan egon baita borroka horietan, indar eta dedikazio berarekin, LGTB+ borroka beste askapen-eremu horietara eramanez, bai eta beste borroka horiek guregana ekarriz eta gu horien partaide bihurtuz ere.

Mikel edonon, ortzadar bandera eskuan. Hori da burutik inoiz joango ez zaigun irudia.

 

Bigarren alderdiaz hitz egin ahal izateko, esan behar dizuet, zuetako batzuek agian ez baitakizue, gaur egungo EHGAM, oraindik geratzen diren militante historiko batzuekin batera, indar eta adimen ikaragarriko gazte militante talde bikain batek osatzen duela. Horrek militante zaharrok oso harro sentiarazten gaitu, pentsarazten baitigu zerbait ona egin behar izan dugula jende horrek denbora proiektu zahar honekin jarraitzeko eman dezan, beste edozer egiten aritu beharrean. Mikel izugarri pozik eta harro zegoen haiekin guztiekin.

Bada, gazte horiek egin dituzten gauza harrigarrien arteko bat izan da Ehgameko barne lantalde bat sortzea. Kotoi Taldea izena jarri diote, gainerako guztiak zaintzen dituen taldea da-eta. Militanteez  arduratzen da banan banan, lagundu egiten die, eta maitasuna ematen diete.

Guk  ez geneukan Kotoi Talderik (beste garai batzuk ziren eta militantzia beste era batera egiten zen); baina Mikel bageneukan. Mikel beti arduratzen zen gutaz, beti zeukan gure berri, beti joan gintezkeen beregana, eta beti izaten zen talde, pertsona eta joera ezberdinen arteko lotura. Bera, pertsona bakar bat, bera izan da gure Kotoi Taldea 40 urtez.

Hau eta beste gauza asko izan zara guretzat, Mikel.

Beti arte, maitea.

Betirako dantzan gure lumatzan, Mikel!