Jakin berri dugu EPOAk (European Pride Organisers Association) hurrengo bilera Bilbon egingo duela, 2019ko irailean. Bilbao Bizkaia Pride delakoa antolatzen dutenena izan da ekimena, Europride ospakizuna Bilbora ekartzeko asmoz.
Gauza jakina da Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak bultzatutako Pride ekitaldiak, Bizkaiko Ekainaren 28ko Koordinakundearen laguntzarik ez izateaz gain, haren iritzi eta gogoen kontra antolatzen direla. Ez da horren ezaguna, aldiz, Josu Bergarak, Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzako arduradun zelarik, Koordinakundeari eskaini ziola gerora Pride izango zena antolatzea, behar izango genituen baliabide guztiak ziurtatuta, eta Koordinakundeak ezezko borobila eman ziola, ez baikenuen parte hartu nahi mota horretako inongo asmotan.
Dena ez da erabat negatiboa delako Pride ospakizunetan; hori ere argi daukagu. Orain gutxi arte marjinala izan den giza multzo bati ikusgarritasuna ematen diote, eta, nolabait, berorren botere-adierazpena ere bada. Gainera, badago horri baino erantzuten ez dion jenderik. Aniztasunarekiko begirunea europar proiektu politikoaren ikur bilakatu da, eta Pride-a da errealitate horren ageriko adierazpena. Bere eragina munduan —Europan ere bai— ukaezina da.
Pride-ak duen balioaren aitortze horrekin batera, ezinbestekotzat jotzen dugu horren positiboak ez diren alderdiez ere hausnartzea, hala nola ondo pentsatzea gaur egun Bilbo ote den bilatzen duten errekonozimendua merezi izateko bezain friendly.
Pride-a gaytasunaren gorespen-erakustaldia da. Baina gaytasun oso zehatz baten goraipamena baino ez: gizon heldu (oraindik gazte), zuri, gay, zis eta Schengen hiritartasuna eta ongizate ekonomikoa dituenarena. Pride ospakizunetan parte hartzen duten gehienek betetzen dituzte baldintzok, edo bete nahiko lituzkete. Pride-k ez dio inolako kritikarik egiten kategoria horiek dakartenari; are txarragoa dena, bedeinkatu eta betikotu egiten ditu, kategoriotan sartzen ez direnak kanporatuz. Lagun horiek ikusezin bihurtu, zokoratu egiten ditu, eta babesik gabe utzi, gure gizartea ez baita gauza beste errealitate horiek ikusteko Pride-n distirak itsuturik. Norbait marikoia bada, baina baita ere txiroa, gaixoa, zaharra, etorkina… homo-les-transfobia jasan ez ezik, bere txirotasunean bizitzera zigortuta dago. Horregatik guztiagatik, Pride-kin kritiko garenok diogu ez dela egiatan askatzailea, geure eskubideen salerosketa baizik. Gizarte heteropatriarkalak buldak saltzen dizkigu bere pribilegioez gozatu ahal izan dezagun, erosteko diru nahikoa izanez gero, noski.
Eta Bilbon, nola gaude? Udalaren esanetan, gay-friendly gara. EPOAko Bilboko hautagaitzaren esanetan, «Bilbo lideratzen ari da elkartasun — eta ikusgarritasun— LGTB+ espazioa ardatz atlantikoan». Bilbok eta Bizkaiak milaka euro xahutu dituzte azken urteotako Pride-ak antolatzean eta Europan zeharko hainbat bileratan. Baina, badakizue zenbat gastatu duten azken urteotan LGTB+ adinekoei edo gaixoei artatzeko? Egoitzetan daudenen beharrak ezagutzeko eta bideratzen saiatzeko? LGTB+ etorkinen egoeraren berri izateko? Eta ijitoenaren berri? Homo-les-transfobiaren eragina emaitza akademikoetan zein den jakiteko? Eta txirotasunean? Gorroto-delituen kontra borrokatzeko? Erantzuna erraza da: 0 euro. Benetan, uste duzue esan litekeela Bilbo zerbait lideratzen ari dela lotsaz lehertu gabe?
Ezin ahaztu, gainera, 2010ean onartua izan zen eta indarrean dagoen Bilboko Udalaren espazio publikoaren arautegiko 16. artikuluak debekatzen dituela espazio publikoan izaera intimo eta pertsonaleko adierazpen afektiboak, eta, artikulu hori aplikatuta, udalak eragotzi zuela orain ez asko hainbat gunetan cruising-ean aritzea.
Euskal Herrian usu esan eta entzuten da jaia eta borroka uztartu behar direla. Ados. Betiere jaiak estaltzen ez badu aldarrikapena. Gure ustez, tamalez, oraindik asko dugu aldarrikatzeko gure herrian askatasun afektibo-sexualari dagokionez, eta Pride bezalakoetan, nahiz eta ekitaldi kultural franko egoten diren, ukaezina da jaiak indargabetzen duela aldarrikapen oro, entzunezin bihurtu arte. Antola dezatela, gura izanez gero, gay edo dena delako inauteri, jaialdi… nahi beste, eta jar diezaiotela Pride izena gustuko badute; baina utz dezatela bakean ekainaren 28a, hori erreibindikazio eguna baita.
Amaitzeko, ezkerreko erakundeen jokabideaz ere hausnarketa txikia: ez dute txintik esaten gaiaz. Edo pozarren daude Pride delakoarekin, planteamenduekin erabat ados. Edo beldur dira, kritikarik txikiena ere eginez gero, homofobotzat jo lezaketelako. Azken hori bada kasua, lasai egon daitezke, alde izango gaituzte eta.
Jaime Mendia eta Imanol Alvarez – Bizkaiko EHGAMeko kideak
2018ko irailak 18