Bizkaiko E28 Koordinakundearen manifestua, Nazioarteko Sexu Askapenerako Egunaren inguruan
Gaur, ekainaren 28, kaleak hartu ditugu borrokan jarraitzeko asmoz. Borrokaz, militantziaz eta
biziraupenez betetako urte asko oroitzen ditugu. Bidea ireki ziguten pertsona miresgarriak
dakartzagu gogora, dagoeneko ez daudenak eta gure alboan borrokan dirautenak. Gaur,
gugatik eta gure etorkizunagatik, gure identitateengatik eta aske bizitzeko eskubidearengatik
egiten dugu borroka. Eta, noski, gaur sistema cisheteropatriarkal baten aurka egiten dugu
borroka, ezin baitugu ahaztu sistema horrek indarkeria sortzen duela botere ardatzen bitartez,
bai kolektiboan bertan eta baita honen kanpoan ere.
Aurten, beste urte batzuetan bezala, gorroto diskurtsoak eta indarkeria mota ezberdinak jasan
behar izan ditugu urruneko herrialdeetan eta baita gure kaleetan ere. LGTB askapenaren
eguna jasan ditugun eraso guztiak gogoratzeko eguna da, pertsona bat erasotzen dutenean
kolektibo osoa erasotzen dutela argi uzteko eguna, alegia.
Autobus transfoboak gure kaleak igaro nahian izan ditugu, trans pertsonek hormona hornidura
falta jasan behar izan dute, osasun sisteman dagoen informazio eta kontzientzia falta agerian
utziz. Jaso ditugun eraso LGTF+fobiko kopurua inoiz baina altuagoa da, eta gizarte inklusibo eta
indarkeria cisheternormatiborik gabeko baten alde borrokan jarraitzen dugu.
Gorroto diskurtsoen hazkundea kolektiboarenganako eta cisheteroarauaren
disidenteenganako eraso zuzen bezala bizi dugu. Benetan uste dugu diskurtso hauek
icebergaren punta direla, eta egitura cisexista, heterosexista eta binaristaren oinarri direla;
aurreiritzietan eta estereotipoetan oinarrituta arautik ateratzen garen guztiak baztertu eta
ikusezin egiten dituela. Diskurtso hauek dauzkaten ondorioen analisi kritiko bat egin nahi dugu,
irmo mantentzen baitugu diskurtso hauek direla orientazio sexual eta genero identitateen
aurkako gorroto delituen hitzaurre eta oinarri ideologiko. Horregatik mantentzen dugu
burujabetzak eta antolatzeak berebiziko garrantzia duela, bakarrik horrela ahal izango
dugulako gorrotoaren diskurtsoaren aurka erantzun. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela
eztabaida bat irekitzea LGTB+ Legedi Integral baten proiektuaren harira, bai Euskal Herrian eta
baita espainiar estatuan ere.
Gure ikuspuntua gure inguruan kokatzen dugun bitartean, militantzia internazionalista bat
egiteko beharra ere badugu. Hemendik gure energia eta amorrua bidali nahi dizkiegu munduan
ikusten ditugun injustizia guztiak jasaten dituztenei. Higuiren kasua gogora ekarri nahi dugu,
Chechenyan euren identitateagatik torturatuak eta erailak izaten ari diren gizon gay eta
bisexualak oroitu nahi ditugu, eta ezin ditugu ahaztu etengabe erailak diren emakume trans-
ak, bereziki razializatuak. LGTG+ etorkinen babes politikoaren eskakizunaren aurrean
konpromezurik erakusten ez duten gobernu europarrak ere aipatu behar ditugu, ezin baita
onartu, esate baterako, Erresuma Batuko kasua, non ez dagoen inolako akziorik zenbait
intersekziok zapaltzen dituzten pertsonak babesteko momentuan.
Hilketa eta eraso hauen atzean cisheteropatriarkatua dagoela azpimarratu nahi dugu, sistema
hau presente baitago gizarte eta kultura guztietan.
Momentu hau aprobetxatu nahi dugu autokritika egiteko. Zapalkuntza guztiak konektatuta
daude marko pertsonal eta politiko batean. Horregatik eskatu nahi dizuegu gurekin esfortzu
bat egin ezazuela: Hausnartu eta ikusi zer espazio okupatzen duzuen botere ardatz ezberdinen
artean. Etengabe ikusten dugu gure borrokak berak beste gutxiengo batzuk zapaltzen dituela.
Arrazismoa, kapazitismoa, serofobia, transmisoginia, transfobia, misoginia, bifobia, lumafobia
eta gorputzaren aniztasunaren errepresentazio falta oso presente daude gure eguneroko
diskurtsoan. Kontziente izan behar dugu zer nolako mina egiten dugun sistema horien barruan
gaudenean.
Ekainaren 28a borroka eguna da, bai. Baina ospakizun eguna ere bada, gure buruak ospatzeko
eguna, hain zuzen ere. Ospa dezagun harrotasunaren eguna gure existentzia, ikusgarritasuna
eta gure errealitateak aldarrikatzeko eguna bezala.
Merkantilizaziorik gabeko ospakizun bat nahi dugu, zeinetan aniztasuna goza dezakegun
inolako helburu kapitalistarik gabe. Neoliberalismoak marko kapitalistaren barruan egokia
denaren irudia indartzen du; moldatu eta sistema cisheteropatriarkalaren kategoria
normatiboetan banatzen gaitu. Normalizazioaren ikuspegi honek marko honetatik at dauden
pertsonen aurka egiten du; kolektiboaren parte bat onartu eta ikusgarri egiten du, beste bat
baztertzen eta ikusezin egiten duen bitartean.
LGTB+fobiarik gabeko Bilbo bat nahi dugu, eta horretarako ezin dugu zikinkeria guztia ortzadar
koloreko alfonbra baten azpian ezkutatu gure irudia garbitzeko eta mapan agertzeko. Ez dugu
Bilbao friendly baten beharrik, gure borroka eta eskubideekin konprometituko den Bilbo bat
behar dugu.
Borroka eta ospa dezagun gure aniztasuna eta elkartasunagatik, gure indibidualtasunagatik eta
gure kolektibitateagatik. Egin dezagun barre, egin dezagun dantza, egin dezagun oihu, egin
dezagun negar eta goza dezagun espazio honetaz, gure espazioaz, batak besteaz ikasteko eta
elkarrekin hazteko espazio seguru batez.
GURE ESKUBIDEAK ETA EXISTENTZIA DEFENDA DITZAGUN!
E28 KOORDINAKUNDEA.