Chrysallis EHk ikus-entzunezko material didaktikoa aurkeztuko du astearte honetan

DONOSTIAKO GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIAN

Cartel de la campaña de Chrysallis Euskal Herria.

 

Chrysallis Euskal Herria elkarteak “Zakila duten neskak, bulba  duten mutilak: aniztasunaren adierazpen bat” ikus-entzunezko material  didaktikoa lehenbiziko aldiz aurkeztuko du astearte honetan,  apirilaren 4an, Donostiako XV. Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan.

DONOSTIA. Elkarteak jakinarazi duenez, aurre estreinaldia “Transexualitatea  adin txikikoen artean” saioaren baitan egingo da, arratsaldeko  19:00etan, Victoria Eugenia antzokian, “Just a normal person” film  suediarraren proiekzioaren ostean. Jarraian, gaiaren inguruko  solasaldian izango dira Izaro Antxia Gehitu elkarteko transexualitate  arloko arduraduna eta Aingeru Mayor sexologo eta Chrysallis Euskal  Herria taldeko presidentea.

Chrysallis Euskal Herriak euskaraz eta gaztelaniaz egindako zortzi  minutuko ikus-entzunezko muntaia “nazioartean aitzindaria da, haurren  transexualitatea ikasgeletan lantzeko egin den lehendabiziko  ikus-entzunezko materiala baita”.

“Zakila duten neskak, bulba duten mutilak: aniztasunaren  adierazpen bat” auurki jarriko da eskuragarri Internet bidez,  dagoeneko zortzi hizkuntzatan dauden “Neskak eta mutilak, identitatea  eta gorputza” fitxa didaktikoekin egin zen bezala.

Ruben Ochandiano, Miren Aperribay eta MarionBerger, Zinegoak jaialdiaren epaimahai

Zinegoak Bilboko LGTB jaialdiak jakinarazi du aurten nortzuk  izango diren 14. edizioaren nazioarteko epaimahaia osatuko dutenak,  eta fikziozko film luzeen epaimahaiko kideak Ruben Ochandiano  aktorea, Miren Aperribay banatzailea eta Marion Berger  programatzailea izango dira. Gainer, aurtengo edizioan dokumentalek  indar berezia izango dutenez, epaimahai berezi bat sortuko da  dokumentalak saritzeko. Zinegoak otsailaren 20tik martxoaren 5era  ospatuko da.

Zinegoak 2017.

BILBO. Jaialdiaren arduradunek jakinarazi dutenez, Ruben Ochandiano  Madrilen jaiotakoa eta, besteak beste, “Silencio roto”, “Tapas”,  “Che”,”Biutiful” edo “Los abrazos rotos” filmetan parte hartu du.  Bere lehenengo film laburra ere zuzendu du, “El Paraiso”, eta hainbat  sari jaso ditu lan horregatik. Horrez gain, hainbat antzezlanetan  parte hartu du, aktore eta zuzendari moduan.

Miren Aperribay Atera Films ekoiztetxeko sortzaile eta zuzendaria  da, eta, besteak beste, honako lanetan ibili da banatzaile: “Loreak”;  “80 egunean”, “Kalebegiak”, “Amama”. Hemen Here elkarteko kide eta  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arte Kontseiluko kide ere bada. Azkenik,  Marion Berger Tarifako Zinema Afrikarreko Jaialdiko (FCAT)  programazio zuzendaria da.

Horrez gain, aurten Zinegoak jaialdiak dokumentalen presentzia  areagotuko du bere programazioan, eta, horren eraginez, dokumentalek  epaimahaikide berezitua izango dute. Besteak beste, epaimahaikideak  izango dira Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikus-entzunezkoen  irakasle Vanesa Fernandez eta Marc Serena dokumental egile eta  kazetari kataluniarra.

Halaber, Zinegoak jaialdiaren gainontzeko sarietako  epaimahaikideak eragile, elkarte eta erakundeetako ordezkariak izango  dira, talde hauek guztiak jaialdiaren parte bihurtuz.
Horrela, Off atalean (film labur eta luze esperimentalak),  esaterako, epaimahaikideak tokiko sortzaile eta artistak izango dira.  Aniztasun eta Giza Eskubideen Sariaren epaia hartzeko arduradunak  honakoak izango dira: alde batetik Bizkaiko Aldundiaren Berdintasun,  Lankidetza eta Aniztasun Zuzendaritza eta, bestetik, Estatu mailan  giza eskubideen alde lan egiten duten erakundetako ordezkariak.

Lesbianismo eta Generoaren Epaimahaia Bilboko hainbat talde  feministek eta emakume lesbianen taldeek osatuko dute. Euskal  Aktoreen Batasuneko saria emateko arduradunak Haizea Aguila, Javier  Liñera eta Jon Koldo Vazquez aktoreak izango dira.

Azkenik, ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari diren ikasleek  Sari Gaztea emateko ardura izango dute. Parte hartuko duten hezkuntza  zentroak IEPFSTartanga, EHUko LGTB Liga, Euskal Herriko Zinema Eskola  eta IMVAL dira.

Gay inperioa

RIKARDO. ARREGI

ELIZA katoliko erromakoaren jende batzuek harridura, haserrea edo barre algarak sortzeko duten trebetasuna amaigabea da, agintzen duten paradisua eta infernua bezala; milaka astakeria en-tzun badugu ere, beti egongo da norbait prest aurrerapauso berri bat emateko, torlojuari koska estuago bat egiteko. Orain dela egun gutxi Cañizares artzapezpikua eta kardinala izan da: haren ustez, familia kristaua arriskuan dago zenbait politikari familiaren kontra aritzen direlako gay inperioaren eta hainbat ideologia feministaren laguntzarekin (kontuz ibili feministok, badirudi Cañizaresentzat feminismo onak eta feminismo gaiztoak daudela). Gay inperioarena mundiala da. Niri berehala etorri zait burura Star Wars filmetan agertzen den inperioa. Ez dakit zergatik. Bizantzioko inperioa edo austrohungariar inperioa izan zitezkeen, baina ez, Star Warseko Inperio Galaktikoa izan da bururatu zaidan lehen inperioa, agian inperio guztien artetik txarrena, okerrena, krudelena eta maltzurrena delako, inperio benetan gaizkiñebat.

Cañizares jaunaren argazki batzuk ikusi ondoren, pentsatu dut beharbada berari benetan gustatuko litzaiokeena, gauza guztien gainean, balizko gay inperio horren enperadorea izatea dela: hierarkia katoliko erromakoaren agintari gehienek ez bezala, berak (janzkera arruntak nahikoak izango ez balira) “cappa magna” deiturikoa erabili du, hamabost metro luze duen kapa gorri zetazkoa, atzetik beste pertsona batek eutsi egin behar duena, zeinarekin, zalantzarik gabe, Yogurinha Borovak gauza zorragarriak egingo lituzkeen.

Jai dauka Yogurinhak, Cañizaresek ez dio kapa handirik utziko, eta jai dauka Cañizaresek, ez dago enperadore bat behar duen gay inperiorik. Dagoena da homofobiari aurre egin behar dion jendea, lanean, lagunartean eta familietan (oso kristauak askotan) zailtasunak dituen jendea, eskoletan jazarpena pairatzen duen jendea, irainak eta arbuioak jasan behar dituen jendea, egunero begirada etorkorrak agoantatu behar dituen jendea. Gay inperiorik? Bai, eta laser ezpatak.

Zinegoak jaialdiko film laburren aukeraketa bat izango da EHUko Leioako campusean

ASTEARTE HONETAN

Cartel del festival Zinegoak 2016.

Zinegoak 2016

BILBO. Zinegoak Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte  eszenikoen jaialdia Euskal Herriko Unibertsitatera (EHU) iritsiko da  asteartean, martxoaren 1ean, 16:00etatik aurrera Gizarte eta  Komunikazio Zientzien Fakultateko auditoriumean (Leioako campusa)  ikusgai izango den film laburren aukeraketa batekin. Besteak beste,  Uxue Egia Ikus-entzunezko ikasle ohiaren “Garelako” film laburra  ikusi ahal izango da.

EHUk gogoarazi duenez, Bilboko Hegoak elkarteak, beste erakunde  eta enpresa batzuren laguntzarekin, 13. aldiz antolatu du jaialdia,  ikus-entzunezko eskaintza kultural ezberdinen bitartez LGTBI  kolektiboa ikustarazteko.

Unibertsitatean lehen aldiz antolatu den erakusketa bereziki  Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleei zuzenduta dago. Ekimenaren  antolatzaileak, Pello Maudo Herrero Ikus-entzunezko hirugarren  mailako ikaslea eta Vanesa Fernández Guerra Ikus-entzunezko  Komunikazioko eta Publizitateko saileko irakaslea dira.

Azkuna Zentroak ‘Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan’ ikastaroa eskainiko du

Aurreko edizioan 300 matrikulazio baino gehiago izan zituen

alhhonfiga_20465_1

Urriaren 8tik urtarrilaren 10era “Why Not Judy Chicago?” erakusketa izango da ikusgai (Oskar Martínez)

Bilboko Azkuna Zentroak “Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan” izeneko ikastaroa eskainiko du urriaren 9an eta 10ean, Xabier Arakistain arte komisarioak eta  Lourdes Méndez Artearen Antropologiako katedradunak zuzendaritzapean.

BILBAO. Urriaren 8tik urtarrilaren 10era “Why Not Judy Chicago?” erakusketa  izango da ikusgai zentro bilbotarrean, eta, hori dela eta, aurtengo  ikastaroa arte feministaren aintzindariari eskainiko zaio. Judy  Chicago bera ikastaroan egongo da urriaren 9an.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, ikastaroaren bidez, laguntza  eman nahi da jendarte garaikideetan ekoizpen artistikoaren arloan  gertatzen denari buruzko jakintza kritikoak ezagutzera emateko,  ikuspegi feministetatik abiarazita.

“Jakintza kritiko guztiak bezala, XX. mende erdialdetik eraikitzen  ari den jakintza feminista deserosoa da, ekoizpen artistikoko arloen  mistifikazioa salatzen duelako, arlo horien egitura sexistak agerian  jartzen dituelako, sexuak, etnizitateak, arrazak eta jendarte mailak  haiengan duten eragina aztertzen duelako, artistak sexuko harreman  sozialen bilbean kokatu eta onarpen desberdinen arrazoiak ulertzeko  bidea argitzen duelako, arteari buruz androzentriko eta  etnozentrikoki lerratuak diren kontakizunak -irakaskuntzako maila  guztietan- bortxaz ezartzen direla salatzen duelako, eta ideatikoki  aratz eta garbiak diren ekoizpen artistikoko arlo batzuei buruzko  sinismen faltsuei aurre egiten dielako”, azaldu dute.

Ikastaroak, alde batetik, ikertzaile feministek sexista ez den  jakintza eraikitzen jarraitzeko aurre egin beharreko arazo  historikoak, teorikoak eta politikoak landuko ditu, eta, bestetik,  “arte instituzioaren” alde guztiak zalantzan jartzen dituzten  praktika artistikoak aztertuko ditu, desberdintasun sexualaren  irudikapen nagusien kritika nabarmenduta.

Aurreko edizioan 300 matrikulazio baino gehiago izan zituen  ikastaroa, Azkuna Zentroak kultura eta koproduzio arloan ezagutza  feminista zabaltzeko eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna  lortzeko helburuarekin egiten dituen jardueren artean dago. Izen  ematea egiteko posta elektronikoa bidali behar da  azkunazentroa@azkunazentroa.com helbidera. Sarrera librea izango da  edukiera bete arte.