Transfobiaren mamua salatu dute herritarrek Iruñean

“Nafarroa, lur anitza. Transfobiarik ez!” zioen Iruñean larunbat arratsaldean egindako manifestazio alai eta jendetsuak.

http://www.argia.eus/albistea/transfobiaren-mamua-salatu-dute-herritarrek-irunean

Hotza zen arratsaldea eta euria ari zuen manifestazioaren lehen urratsetan. Berehala atertu zuen, ordea, eta ostadarra ere agertu zen zeruan, manifestazioan ziren kolore bereko banderak lagunduz. Transexualitatearen aldeko ikur handi batek ireki zuen Ekainak 28 plataformak deitutako manifestazioa. Hazte Oir muturreko elkarte katolikoa Iruñera etortzearen aurka agertu ziren bildutakoak eta sostengu osoa adierazi zioten Chrysallis elkarteari.

Ehunka lagun abiatu ziren Autobus Geltoki Zaharretik. Merindadeetako plazatik barrena, Karlos III. Etorbidea zeharkatu zuten eta Iruñeko Udaletxera abiatu ziren. Bidean jende ugari bildu zen manifestaziora eta amaierarako 1500-2000 lagun bildu ziren Udal plazan. Bertan egin zen ekitaldia, Udaletxeko ateak parez pare zabalik zirela.

LGTB mugimendua biltzen duen Kattalinguneko kide Erika Salvatierrak esan zuenez, gorrotoaren, transfobiaren eta arbuioaren mamua ez da Nafarroara pasatuko. Nafarroa anitza dela azpimarratu zuen, ezberdintasunak defendatzen dituela eta “gorrotoak ez duela lekurik lurralde honetan”. Gizarteak inongo arazorik gabe onartzen duela transexualitatea, hainbat lorpen eskuratu direla eta horietan ezin dela atzera egin.

Aznarez eta Asiron ere manifestazioan

Nafarroako Legebiltzarreko lehendakari Ainhoa Aznarez eta Iruñeko Alkate Joseba Asiron ere manifestazioan izan ziren. Antolatzaileek eskertu egin zuten Nafarroako erakunde nagusienetatik eskainitako babesa. Bertsolariak eta abeslariak ere izan ziren ekitaldiaren amaieran eta jendeak gogotik txalotu zituen. Gobernua sostengatzen duten lau alderdietako hainbat politikari ere ikusi ziren manifestazioan.

Poztasun sentipena zabala zen manifestazioaren amaieran, bai Iruñeko herritarrek  transexualitateari erakutsitako sostenguagatik, bai gorrotoaren autobusak Crysallisen kanpaina indartu besterik ez duelako egin eta bai halako eguraldi txarrarekin ere bildutako jendearengatik ere.