«Aniztasuna kulturaren bidez lantzea da gure apustua»

Astelehenean hasiko da gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdia, Bilbon. Alor artistikoa eta alor soziala uztartzea da erronka, Pau Guillen zuzendariaren hitzetan.

PAU GUILLEN. ZINEGOAK JAIALDIKO ZUZENDARIA

PAU GUILLEN. ZINEGOAK JAIALDIKO ZUZENDARIA

Astelehenean hasiko da Zinegoak Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia, baina hasita balego bezala da. Otsailaren 22tik 29ra egingo da berez jaialdia, eta ehun film baino gehiago proiektatuko dituzte guztira, baina aurten hitzaldi, argazki erakusketa eta proiekzio sorta bat ere prestatu dute jaialdi aurreko egunetarako. Jaialdiaren alde zinematografikoa eta alde soziala inoiz baino estuago uztartzea da asmoa, Pau Guillen jaialdiko zuzendariak azaldu duenez (Alacant, Herrialde Katalanak, 1976).

Handitu egin nahi zenuten jaialdia, eta lortu duzue.

Zinemari dagokionez, oso ongi dago jaialdia; sentsibilizazioaren, ikusgarritasunaren eta naturalizazioaren alorrean nahi genuen handiagoa. Gure berri dutenek badakite pelikula onak jartzen ditugula. Horrek funtzionatzen duela bagenekien, antolatzaileok Hegoak elkarteko kide izateaz gainera zinemaren profesionalak ere bagarelako, eta mimo handiz aritzen garelako. Azken urteetan aurrekontua handitu ahal izan dugu, eta proposamen zinematografikoaz harago jotzeko aukera eman digu horrek. Jaialdiak sentsibilizazio egitasmo modura ere funtziona zezan nahi izan dugu, horiek baitira jaialdiaren bi zutabe nagusiak: zinema eta sentsibilizazioa.

Alde sozialaren eta alde artistikoaren arteko oreka bilatzea izango da beti gisa honetako jaialdien erronka, ezta?

Guk geuk oso barneratuak ditugu bi alor horiek. Oso argi dugu LGTBren sentsibilizazioan aritzen den elkarte batean ez lukeela zentzurik izango huts-hutsean zineman ardaztutako jaialdi batek. Asko zaintzen dugu oreka horregatik. Eta horregatik ditugu programan Veneziako Mostran pelikularik onenaren Urrezko Lehoia jaso zuen Desde allá filma eta aniztasun funtzionala duen jendearen sexualitatea lantzen duen Yes, We Fuck dokumentala.

Urtero saiatzen zarete nazioarteko jaialdietan ibilbidea egina duten eta sarituak izan diren lanak biltzen.

Gure marka hori dela esango nuke. Beti izaten dugu hain ezagun izan gabe ere nazioarteko sariren bat jaso duten lanak. Aurten Oscarretarako hautatu duten Sangailés Vasara lituaniarra dugu, adibidez, eta baita Berlinaleko sekzio ofizialean izan den Bizarreere. Beti saiatzen gara LGTBko zirkuituez harago jaialdien zirkuitu orokorretako filmak ere harrapatzen. Zinemazaleek izugarri gozatzen dute gure jaialdiarekin. Tira, zinemazaleek, eta baita publiko orokorrak ere, gure asmoa beti baita jaialdia zabal egitea. Ehun zinema ekitaldi baino gehiago ditugu, eta beti topatuko duzu intereseko zerbait, zinema edo aniztasuna edonola ulertzen duzula ere. Badaude pelikulak zinemazaleentzat, aniztasunaren alorreko militanteentzat, eta publiko orokorrarentzat ere bai. Programa begiratu behar da, eta hautatu. Horregatik banatzen ditugu doan 3.000 liburuxka baino gehiago hirian.

Zein da, orduan, LGTB zinema jaialdi on bat egiteko giltza?

Jendea entzun behar da, eta ulertu behar da mezu bera eman arren komunikazio bide ezberdinak erabili behar direla jende ezberdinarengana iristeko. Ergela litzateke umeentzako tailerrak antolatu eta bertan queer teoriak azaltzen hastea. Ulertu behar da badagoela jendea gaian murgilduago dagoena, eta jendea kanporago dagoena, eta asmatu behar da bakoitzari nola helarazi bere intereseko izan daitekeena.

Iaz galizierazko A esmorga filma programatu zenuten: aretoan, LGTB kolektiboko jendea eta galiziarrak.

Ikaragarri maite ditut uztarketa horiek. Bistakoa dena da zu gay bazara, edo lesbiana, edo trans, edo bisexuala, edo intersexuala…

…edo galiziarra…

edo galiziarra bazara, ba, gaiarekin identifikatuta sentitzen zarenetan errazago jotzen duzula zinemara. Eta horietariko bat ere ez bazara, pelikula on batez gozatzera joango zara aretora. Saio guztietan saiatzen gara sentsibilitate artistikoa eta sentsibilitate soziala uztartzen.

Rose Troche zinemagileak jasoko du aurtengo ohorezko saria. Zergatik hautatu duzue bera?

Zinema zuzendari emakumezko oso gutxi daude, eta Troche zuzendari, gidoigile eta ekoizle da. 1990eko hamarkadan lortu zuen sona, Go Fish filmarekin, ordura arte inori ez zitzaiolako bururatu ere egin emakumezko lesbianen bizitzaz modu erlaxatuan aritu zitekeenik ere. Eta hori egin zuen berak: melodramarik gabe, lesbiana batzuen bizitza kontatu zuen, eta hori ikustea liluragarria izan zen lesbiana askorentzat. Gero, global bilakatu zen The L Word telesaila sortu zuen, eta aritzen da ekoizle lanetan ere. Zaila da zineman hainbeste alor landu dituen eta lesbiana dela argi adierazten duen emakume militanterik topatzea. Ideia ona iruditu zitzaigun horregatik saria hari ematea; bere lanagatik, eta baita ikur gisa ere.

Kolektiboa ikusarazi eta ahalduntzea zen erronka hasieran.

Orain 13 urte, kolektiboa ikusgarri egiteko espazioak sortu behar ziren. Guk hori kulturaren bidez egitea erabaki genuen, ordurako bai baitzeuden ekintza zuzenean eta kontu legaletan aritzen ziren elkarteak. Oinarrizkoak dira lan horiek, horiek gabe ez dagoelako ezer, baina guk apustu egin genuen kulturaren bidezko ikusgarritasun hori lantzearen alde. Ahaldundu beharra zegoen orduan: «Ei, hau gure jaialdia da». Oraindik ere gure jaialdia da, baina mundu guztiari eskaintzen diogun tresna bat ere bada. Jaialdiak irauten duen bitartean aniztasunaren gaia erdigune bihurtu nahi dugu hirian eta hedabideetan. Aniztasun sexuala ez baita gizarte aniztasuna besterik.

Jaialdiko egitarau osoa ikusteko, bisitatu webgune hau:

zinegoak.com

Sexu askatasunaren aldeko Afrikako borroka irudikatzen duten erakusketa

Amnesty International Euskadi erakundeak eta Zinegoak jaialdiak antolatutako ekimenaren xedea «herritarrak sexu, afektu eta familia aniztasunaren aurrean sentsibilizatzea» da

zinegoak--575x323

Afrikako bost lurraldetan sexualitatea askatasunez bizitzeko borrokan dabiltza. Hau erakutsiko duen argazki erakusketa bat izango da ikusgai gaurtik Bilboko kaleetan, hain zuzen ere. Amnesty International Euskadi erakundeak eta Zinegoak jaialdiak antolatu dute erakusketa. Hauek, Bilbao Historiko Elkartearen eta Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Merkatarien Elkartearen laguntza ere izan dute.

Erakusketaren inaugurazioarekin hasiko dira Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinemaldiak antolatutako ekintzak. Jarduera horien asmoa da «herritarrak sexu, afektu eta familia aniztasunaren aurrean sentsibilizatzea», bere arduradunek adierazi dutenez.

Erakusketaren izenburua ‘Maitatzea ez da delitua’ da. Formatu handiko 27 irudiz osatuta dago, eta Alde Zaharreko eta San Frantziskoko 27 taberna, jatetxe eta saltokitan egongo dira ikusgai. «Lortu nahi dugun helburua da jendeak bere egunerokotasunean argazkiekin topo egin dezala eta argazkiok hausnarketarako deia izan daitezela; guztiok sexualitatea askatasun osoz bizitzeko dugun eskubidearen inguruko hausnarketa», azaldu du Aimar Rubio Amnesty International erakundeko aniztasun taldeko kideak.

Argazkiak Kenia, Hegoafrika, Kamerun, Zanbia eta Ugandan hartuak dira. Hauen bidez, aurpegia jarri nahi diete euren bizitza arriskuan jarriz, libre maitatzeko eskubidea defendatzeko borrokan dihardutenei. Gainera, omenaldi berezia da, «maitatzea ez dela delitua defendatzeagatik bizitza galdu duten Noxolo Nogwaza eta Jean-Claude Roger Mbedéri».

«Erakusketaren bitartez, errealitate gordinak ekarri nahi ditugu gogora, modu positiboan. Esaterako, homosexualitateak munduko 80 herrialdetan ilegala izaten jarraitzen duela, edo lau eta hamar urte arteko kartzela zigorra ekar dezakeela. Afganistan, Pakistan, Saudi Arabia edo Iranen, besteak beste, heriotza zigorra jasotzeko arriskua dute homosexualek», azaldu du.

Ikasle transexualen arreta hobetzeko protokolo bat egin du Eusko Jaurlaritzak

GASTEIZ. Ikasle transexualentzat eskola «espazio segurua» izan dadin, protokolo bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola guztietara igortzeko asmoa du. Irizpideak ematen dituzte bertan haur eta nerabe horiek jaso behar duten artaren inguruan. Atzo aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean. Osakidetzarako ere gida bat prestatzen ari direla esan zuen Gizarte Politiketarako sailburu Angel Toñak.

4 urteko transexual bati izena aldatzea baimendu diote, Gipuzkoan

Aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena.

Tolosako lehen auzialdiko eta instrukzioko 3. zenbakiko epaitegiak izena aldatzea baimendu dio Gipuzkoako lau urteko transexual bati. Hala, aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena, hain zuzen ere, Gasteizko epaitegi batek beste eskari bat onartu zuen 2013an.

Chyrsarlis Euskal Herria haur transexualen guraso elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, Tolosako epaitegiak izena aldatzea baimendu dio lau urteko haur bati, 2013an adin txikiko arabar bati izena aldatzea baimendu zion Arabako epaitegi baten ildoa jarraituz.

“Luciaren gurasoek gizon izena jarri zioten haren sexu organoei erreparatuta, baina hitz egiten hasi zen momentutik garbi utzi zuen emakumea dela”, azaldu du.

Iturri horiek gaineratu dutenez, 2015eko urriaren 28az geroztik Lucia izena ageri da haren dokumentazioan.

Elkartearen esanetan, “auzitegiek adin txikiko 30 transexual ingururi izena aldatzeko baimena eman diote estatu espainiarrean, baina ez dago irizpide bateraturik eta erabakia epaile bakoitzaren esku gelditzen da”.

ikusi berria

Zinegoak jaialdiak sail bat eskainiko dio Mexikoko transexualitateari

ZINEMA. Hilabete pasatxo falta da Bilbon egiten den Zinegoak zinema jaialdirako. Aurtengoak sail bat eskainiko dio Mexikoko transexualitateari. Lau filmek osatuko dute sail hori; bi fikziozkoak izango dira, eta beste bi, dokumentalak. Otsailaren 23tik 26ra bitartean proiektatuko dira, doan. Horietatik nabarmentzeko modukoa da Carmín Tropicalfilma, sari asko jasotakoa. Ventura Pons zuzendariak itxiko du jaialdia, El virus del miedo lanarekin.

Carmín Tropical filmeko irudi bat

Carmín Tropical filmeko irudi bat. Z / EZEZAGUNA

Zinegoak jaialdiak sail bat eskainiko dio Mexikoko transexualitateari


Bilboko Zinegoak jaialdiak Mexikoko transexualitateari eskainitako sail bat izango du. Zinegoak otsailaren 22tik 29ra ospatuko da, eta TransMex saila 23 eta 26a bitartean. Bertan lau film luze eta zazpi dokumental lehiatuko dira.

Zinegoak jaialdiko TransMex saila iragartzen duen kartela

Zinegoak jaialdiko TransMex saila iragartzen duen kartela. (Zinegoak)

Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak TransMex izeneko saila eskainiko dio Mexikoko transexualitateari. Roberto Caston jaialdiko programazio buruak azaldu duenez, «mexikar queer zine berriaren azpigenero ere dei diezaiokegunaren askotariko azken ekoizpenak» eskainiko dira sail horretan.

Zinegoak otsailaren 22tik 29ra bitartean ospatuko da, eta fikziozko 12 film luze eta zazpi dokumental lehiatuko dira. Guztira, TransMex sailak lau film luze ta zazpi dokumental lehiatuko dira. Guztira, TransMex sailak lau film luze eskainiko ditu BilbaoArten, otsailaren 23tik 26ra bitartean, doako sarrerarekin. Sari ugari jaso dituen Rigoberto Perezcanoren ‘Carmin Tropical’ nabarmendu du antolakuntzak. Protagonista muxe bat da, zapoteken kulturan kolonaurreko garaitik existitzen den figura da, eta emakume transgeneroei izena ematen die ofizialki.

Halaber, ‘Made in Bangkok’ dokumentala ere aipatu dute antolatzaileek. Gainera, dagoeneko ezagutzen dira jaialdiaren hasierako eta amaierako filmak. Hasierako galan, Stephen Dunn zuzendari gaztearen lehen lana den ‘Closer Monster’ film kanadarraren nazioarteko estreinaldia izango da. Kanadako Film Onenaren Saria jaso zuen Torontoko zinenaldiaren azken edizioan, eta LGTB urteko bost film onenetakoen artean sailkatu du ‘Vice’ aldizkariak. Bere herritik alde egiteko irrikan dagoen gaztearen istorioa kontatzen du; erabat isolatuta sentitzen da herrian, eta bitartean, berak sortutako fantasiazko munduan bizitzea erabakitzen du.

Azkenik, jaialdiaren amaiera galan, Ventura Pons bartzelonarraren azken filma proiektatuko da: ‘El virus de la por’ (Beldurraren Birusa). Josep María Miróren ‘Arkimedesen Printzipioa’ antzezlanean oinarritzen dena..

Abel Azkona artistak profanazio deliturik egin zuen ikertuko du Iruñeko epaitegiak

ARTEA. Abel Azkona artistak Iruñean egindako erakusketan deliturik egin ote zuen aztertuko du Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiak. Izan ere, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak egindakoa tramiterako onartu du epaitegiak, eta sortzaileak profanazio deliturik eta erlijio sentimenduen aurkako deliturik egin ote duen aztertuko dute orain. Ostia kontsakratuekin osatutako pieza batek hainbat elkarte katolikoren haserrea piztu zuen, eta hortik heldu da helegitea.

“Transexualitate legea arras abangoardista da Nafarroan, baina garatzeke dago”

Alizia Izal apaiza izandakoa (Atarrabia, 1959) munduan batetik bestera bizi izan da duela urte batzuk arte. Chiapastik bueltan, Lizarran finkatu zenean, betiko korapiloa askatzeari ekin zion: gizon gorputzean ezkutatzen zen emakumea azaleratzeari.

'Apaiza izateari utzi nion, eta orduantxe hil ala biziko premia sortu zitzaidan, nintzen bezala bizitzea'

“Apaiza izateari utzi nion, eta orduantxe hil ala biziko premia sortu zitzaidan: nintzen bezala bizitzea”.Koldo Azkune

Zer iritzi duzu transexualen eskubideak defendatzen dituen Nafarroako legeaz?

Kontu handiz eta egoera ongi ezagututa egindako legea da. Gure tratamenduak Osasunbidearen bitartez jarraitzea ahalbidetzen digu. Nafarroan Transexualitate eta Intersexuko Unitatea daukagu, beharrezkoa dugun laguntza psikologikoa eta endokrinologikoa errazten digu. Hormonatze botikak beraiek ematen dizkigute, eta ebakuntzak ere diruz laguntzen dizkigute, nahiz eta baginoplastia egiteko, adibidez, hiru urtez itxaron behar izaten dugun. Eta eskaera, gainera, 18 hilabeteko hormonatzea eta gero egin behar dugu. Laburbilduz, bost urtez zain egon behar dugu ebakuntza Malagan egiteko. Horregatik gutako batzuek medikuntza pribatura jotzen dute. Thailandian 8.000 euroren truke ebakuntza egiten dizute. Herrialde hori dugu ebakuntza mota horren paradisua, eta profesional onak dituzte. Diru munta hori, alta, bildu beharra dago. Bartzelonara ere joan zaitezke, klinika pribatura, eta 20.000 eurotik gora ordaindu. Lege horri esker izan ez balitz, nik ez nuen lortuko. Arras lege abangoardista da, baina oraindik garatzeke dago, onartu zenetik sei urte pasatu eta gero osasun-atala bakarrik jorratu baitute.

Nafarroan dagoen transexualen kopurua ezaguna al da?

Sekula ez da jakin ahal populazioaren zein portzentaje den transexuala. Gai tabua da, guztiz, oso ezkutua. Urtetan guk geuk benetako nortasunari uko egin diogu. Nik banekien zer zen gertatzen ari zitzaidana, baina ezin nuen onartu: zer esan behar zuten nire familian, nire inguruan? Komunikatzen ez den kontua da, erokeria, gizartearentzat arriskutsua den zerbait. Eta zure lanari eutsi nahi badiozu, zer esanik ez. Ni karrikaratu ninduten enpresako nagusiak ez zuelako nire transexualitatea onartzen. Transexualitate femeninoaz ari garela, mundu matxista honetan gizarteak ezin du onetsi gizona izatetik emakume izatera pasatu izana, alegia, “mailaz jaitsi” izana.

Zergatik ez zenuen erabakia lehenago hartu?

Oso nomada izan naiz. 20 urterekin Madrilera egin nuen, eta 23rekin Hego Amerikara. 1995ean Mexikoko poliziak eta militarrek atxilotu, desagerrarazi, eta handik kanporatu ninduten. Etxera itzuli eta, Chiapaskoa bor-bor zegoela, batetik bestera ibili nintzen. Handik denbora batera gelditzea erabaki nuen. Apaiza izateari utzi nion, eta orduantxe hil ala biziko premia sortu zitzaidan: nintzen bezala bizitzea. Amerikan esaten zuten urgenteak ez diola garrantzitsua denari tokirik uzten. Eta nomada nintzenean garrantzitsuena hurrengo minutua zen, ni eta inguruan nituenak bizirik jarraitzea.

Nola sortu zen emakumea izateko azken erabakia?

Ikaragarrizko indarrarekin, kaxa baten barruan sartuta dagoen malgukia bezala, kaxa zabaldu eta bat-batean jauzi eginez irteten den horietarikoa. Transexualitate Unitateko lehenetariko bezeroa izan nintzen. Eta dena kasualitatez izan zen. Tiroide arazo bat izan nuen, eta nire medikuak endokrinologoarengana joateko gomendatu zidan, eta bide batez, nire sexualitateaz nituen kezken berri emateko probestu nezala. Nik probidentzian sinesten dut, goiko indar batzuek bidean lagundu nautela. Tiroide arazoa azaldu behar, egoera horri aurre egin niezaion. Osterantzean, oinean mina hartu izan banu podologoarengana joko nuen… Prozesuari 2011n ekin nion, 2013an izena aldatu ahal izan nuen eta ofizialki emakume bezala agertu, eta horrela urratsak ematen jarraitu nuen.

Goizean esnatu eta ispiluaren aurrean emakume bat ikusten duzularik, zer sentitzen duzu?

Poza ematen dit, eta aurrera egiteko jarrera hobea. Nahiko pertsona alaia izan naiz beti, baina bazen zerbait nire barruan gezurrezkoa zena, eta banekien. Orain hori ez dago. Osoagoa naiz. Ispiluari begiratu eta nire buruari esaten diot: “Emakume izatea lortu dut!”. Zuk zer zaren jakin dezakezu, baina munduak zaren bezala onartzen ez bazaitu, ezin zara ongi bizi.

Apaiz izatea aukeratu zuen pertsona hartatik zer gelditu da?

Ez naiz gehiegi aldatu, eta nire ideiak ere ez. Espiritualitatea bizi dut, Eliza katolikoak gogaitu banau ere. Sinestuna naiz, baina ez praktikantea. Jaungoikoarekin dudan harremana axola zait, eta ez Elizarekin izan dezakedana.

Aita santuak zer pentsatuko du zutaz?

Berarekin hitz egitera joatea bururatu zait inoiz. Alabaina, pertsonak ataka konplikatuetan jartzea ez dut gogoko. Eta ez diot konplikatuegia duen aitasantutza gehiago zaildu nahi. Aukera izango banu honakoa esango nioke: Elizarentzat apaiza izaten jarraitzen dut, oraino ez didate dispentsarik eman. Gainera, emakumea naiz eta, are okerrago, nire bikotekidea ere emakumea da, lesbiana naiz beraz. Ea zein irtenbide ematen diogun honi!

Nola uste duzu hartuko zintuzketela Chiapasko chol indigenen komunitateetan?

Ez dut uste arazorik izango nukeenik. Ibili nintzen komunitateetan ‘homosexualak’ esaten zieten pertsonak bazeuden, edo ‘diferenteak’, baina ez zituzten mespretxatzen. Han, kasu, nesken taldetan ibiltzen zen gazte bat ezagutu nuen, eta han sexuen arteko banaketa oso nabarmena da eguneroko jardueretan. Bada, gazte hura emakumeekin hobe sentitzen zen, eta komunitateko zereginetan hobeki hartzen zuen parte. Onartzen zuten, ez zegoen inolako arazorik. Komunitateetara itzultzen banaiz, hasieran pixka bat kostatuko zaiela pentsatzen dut, baina onartuko naute. Ez dakit ‘ladinoekin’, indigenak ez direnekin, berdin gertatuko litzatekeen.

Azken nomada

Sabanillako (Chiapas, Mexiko) parrokian apaiz lanetan zebilen, chol indigenen lurraldean, ejertzitoak eta poliziak beste bi apaiz atzerritarrekin batera atxilotu eta Mexikotik kanporatu zutenean, afera politikoetan esku hartzea egotzita. Urte eta erdi lehenago, 1994ko urtarrilaren batean, komunikabideek Guatemalarekin muga egiten duen Mexikoko lurralde pobre horri erreparatu zioten, Ejertzito Zapatista hemen altxatua baitzen, Marcos komandante-ordea ikur ezagunena izan zuelarik.

Nafarroan berriz finkatu zelarik, Honduras eta El Salvadorren ere ibilitako apaiz nomada honen bizimodua egonkortuz joan zen, eta Elizarekin lotzen zuen soka hautsi, harik eta “ikaragarrizko indar batekin” bizitzan edukitako kontraesanik handienak eztanda egin zion arte: emakume zen gizonaren gorputzean. Orain, Nafarroako Transexualitatearen Legeari esker, burua eta gorputza uztartzea lortu du eta Lizarrako Café con letras kulturgune eta kafetegiaren kudeatzailea da. Alizia Izal du izena eta, goizero, ispilura begiratu eta zera esaten dio bere buruari: emakume izatea lortu dut!

LUIXA REIZABAL. PSIKOLOGIAN DOKTOREA: «Sexismoa transmititzen du hezkuntza sistemak»

Eskolak sexismoa transmititzeko dituen moduak aztertu ditu Reizabalek. Dioenez, hezitzaileek eduki eta balio «maskulinoak» lehenesten dituzte.

LUIXA REIZABAL. PSIKOLOGIAN DOKTOREA

LUIXA REIZABAL. PSIKOLOGIAN DOKTOREA Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Luixa Reizabal Arruabarrena (Donostia, 1964) Psikologiako doktorea eta EHUko Donostiako Psikologia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da. Iaz,Genero berdintasunean hezteko gida. Familia, irakasle eta bestelako hezitzaileentzat liburua argitaratu zuen. Emakundek eskolako sexismoaz antolaturiko jardunaldietan izan zen atzo.

Zer da hezkidetza?

Emakume eta gizonek eskubide, aukera, betebehar, lan… berdinak izan ditzaten lortzea helburu duen hezkuntza mota da. Matxismoa, sexismoa eta antzekoak baztertuta.

Egungo hezkuntza sistema matxista al da?

Androzentrikoa da. Hau da, gizonetan jartzen du arreta. Gizonezkoen eredua da ardatz nagusia, eta, gainera, sexismoa transmititzen du.

Zein modutan transmititzen da sexismo hori?

Eskoletan lantzen diren edukiak gizonezkoei eman ohi zaien ekoizpen rolarekin dute zerikusia. Eta beste eduki batzuk baztertu egiten dira; hain zuzen ere, emakumezkoei eman ohi zaizkien rolekin zerikusia dutenak: emozioekin, afektuarekin, bizikidetzarekin… Didaktika eta irakaskuntza metodologia boterean oinarrituta dago, eta ebaluaziorako probak askotan sexistak izaten dira. Lantzen eta transmititzen diren ereduak maskulinoak dira: lehia, irabaztea, mendekotasun harremanak… Eskoletako apaingarriak: arrosa neskentzat, urdina mutilentzat… Jolastokiak antolatzeko moduak: erdian, mutil kirolariak, eta neskak, bazterretan. Lanbide orientazioa: hezkuntzarekin eta zainketarekin zerikusia duten lanetara bideratzen dira neskak, eta mutilak, aldiz, bestelako zientzia batzuetara.

Hezitzaileek neskengan edo mutilengan jartzen dituzten itxaropen eta helburuak desberdinak dira?

Neska edo mutila izan, gauza bat edo beste bat espero da zutaz. Irakasleek ere onartzen dute hori. Hezkuntzan eta jendartean, oro har, neskengandik espero da txukunak, zintzoak, otzanak, mendekoak… izatea. Mutilengandik, berriz, indartsuak, independenteak, bizkorrak… izatea. Horrek eragina dauka haurrekiko dugun tratuan. Neskak modu batera hezten ditugu, eta mutilak, beste batera.

Zein da familien eginkizuna?

Familiek hezkuntza sistemaren pareko garrantzia edo handiagoa dute. Gurasoek generoaren ikusmolde sexista eta estereotipatua transmititzen badute, nahiz eta hezkuntza sisteman hezkidetza landu, ez du ezertarako balio. Izan ere, hezkidetzak prozesu integral bat izan behar du: familietan, eskoletan, komunikabideetan eta gizartean, oro har. Oraingoz ez da horrela, baina zorionez hezkuntza munduan hasi dira urratsak egiten.

Baina askotan inkontzienteki eta nahi gabe egiten ditugu horrelako bereizketak, ezta?

Oso barneratuak ditugu jokabide horiek, eta askotan zaila da konturatzea sexismo jarrera batzuez. Baina badago horretarako tresna erabilgarri bat: inbertsioaren edo itzulgarritasunaren araua. Demagun ume batekin gaudela eta neska dela. Pentsatu behar dugu ume hori mutila balitz gure tratua berdina izango litzatekeen edo ez. Erantzuna baiezkoa bada, ondo ari gara. Baina erantzuna ezezkoa bada, eta mutila balitz beste tratu bat emango bagenio, orduan ez gabiltza ondo: gure jokabidea sexista da.

Emakumezko erreferenteak falta dira eskola irakaspenetan?

Historia gizonek idatzi dute, eta gudan oinarrituta edo ekoizpen moduen arabera idatzi izan da beti. Ez da inoiz kontuan hartu jendarteek irauteko egin behar izan dutena: ez da jasotzen haurrak nola zaintzen zituzten, zer jaten zuten, nola antolatzen zituzten etxeak… Hori horrela, emakumeen lorpenak historiatik at geratu dira. Eredu maskulinoa errepikatu duten emakumeak bakarrik agertzen dira: boteretsuak, gerlariak… Historia oso modu lerratuan eta maskulinoan kontatzen da. Ikusmolde integral eta egokiagoa bultzatu behar da.

Haurtzaroan garatzen diren tratu desberdin horiek gerora zein neurritan markatzen dute pertsonaren izaera?

Neurri handi batean. Haurtzaroak eragin handia dauka gure izaeraren eraketan. Esaterako, harreman afektiboak eragina izango du gure etorkizuneko jokabidean. Adibidez, neskak ahulak eta babesgabeak omen diren ideiaren arabera tratatzen baditugu eta asko babesten baditugu, gero heldutasunean ere norbaiten babespean bizitzeko beharra sentituko dute, bestela ahul eta babesgabe sentituko direlako. Bestalde, ezarritako genero eredutik kanpo gelditzen direnek —homosexualak, transexualak…— baztertuak izateko arriskua daukate.

Ez musukatzeko exijitu dio emakume batek lesbiana bikote bati Iruñeko Billabesan

54119mensaje-amenazante

Ohar bat eman zion hiri garraioan zebilen emakume batek lesbiana bikote bati, gainontzeko bidaiariak “molestatzen” ari zirela esanez eta “errespetua” eskatu zien. Sare sozialetan salatu du nesketako batek gertatutakoa.

Urtarrilaren 7an pasa zen. Haren Twitter kontuaren bidez salatu zuen nesketako batek egoera: “Hara! Ikusi zer eman digun emakume batek billabesan muxu emateagatik neskari eta bioi. Zur eta lur”. Andreak emandako oharra txertatu zuen esaldiarekin batera. Jada  LGTBQI hainbat atari digitaletan arbuiatu dute jazarpen lesbofoboa.

“Norbera libre da bere sentimenduak adierazteko, baina inguruan dauden pertsona guztiak errespetatu behar ditu beti. Errespetua izan ezazue, neskak, zuen besukiadera-rekin egiten duzuen bakarra autobusean egoera deseroso bat sortzea baita. Nahiago nuke noizbait gehiengoarekiko begirunez jokatuko bagenu, umeak, helduak…”. Horra oharrean jasotakoa.

Oharra: Albiste hau Euskalerria Irratitik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.